MAHAI GAINEAN
Barkatu:
gutunak ireki dizkizut berriz ere
zure baimenik gabe.
Gutunak eta erraiak.
Behin erran nizun
zure isilune bakoitzeko
poema bat egin izan banu...
zure hutsune bakoitzeko.
Eta orain diotsut:
poeta izatearena, legarrezko letrak isurtzearena,
ez dela zure errua;
jatorrizko bekatuarekin munduratu nintzen.
Barkatu:
zauri zaharrak gatz-ozpinetan
paratu dizkizut berriz ere
zure baimenik gabe.
Eta gero joan egin naiz.
Barkamen hau sukaldeko mahai gainean utzi gabe.