Aurkibidea
Haize zirimola azkarrek inarrosten dute
Amets egitea debekatua zaionean
Noiztenka bere oinak iturrira zuzentzen dira
Gure erroez, gure eleez, gure jendeez
Mendian gora abiatzean herriak, bideak eta jendeak
Altzairateko bide juntan noizbehinka
Aturri hegitik Miñoren ezpondetaraino
Erreka tematsua izan zen, salbaia eta moldakaitza
Burdin herdoilduaren eta gaur egungo
Zurzuri egurrezko axis mundi zardaia dago erdian
Egia baldin bada hil arte bizi behar dugula
Bele beltz ausartak nagi jostatzen dira
Arrotz herrestatzat baldin bagaituzte ere
Jagoitik basamortu horailak ditut desiratzen
Oihan biluzietako argi gune ixiletan...
Ibiakoitz arratsalde eurizu baten...
Behialako sukaldearen ilunbe maiteminduak...
Gauaren oihal ahula urratuz...
Apirila amoltsuki hurbildu zen...
Ohaide abandonatuaren ohoretan...
Hogeita bost mila jende ginen...
Noizean behin zapaltzen gintuztenak...
Geure golkoak noizbait ordea...
Argi leinururantz abiatu ginen...
ITSASOAREN BIHOTZERAINO
Aurkibidea
Haize zirimola azkarrek inarrosten dute
Amets egitea debekatua zaionean
Noiztenka bere oinak iturrira zuzentzen dira
Gure erroez, gure eleez, gure jendeez
Mendian gora abiatzean herriak, bideak eta jendeak
Altzairateko bide juntan noizbehinka
Aturri hegitik Miñoren ezpondetaraino
Erreka tematsua izan zen, salbaia eta moldakaitza
Burdin herdoilduaren eta gaur egungo
Zurzuri egurrezko axis mundi zardaia dago erdian
Egia baldin bada hil arte bizi behar dugula
Bele beltz ausartak nagi jostatzen dira
Arrotz herrestatzat baldin bagaituzte ere
Jagoitik basamortu horailak ditut desiratzen
Oihan biluzietako argi gune ixiletan...
Ibiakoitz arratsalde eurizu baten...
Behialako sukaldearen ilunbe maiteminduak...
Gauaren oihal ahula urratuz...
Apirila amoltsuki hurbildu zen...
Ohaide abandonatuaren ohoretan...
Hogeita bost mila jende ginen...
Noizean behin zapaltzen gintuztenak...
Geure golkoak noizbait ordea...
Argi leinururantz abiatu ginen...
ITSASOAREN BIHOTZERAINO
ELKARREKIN EGIN BIDAIA
Eskuetan duzun liburuak, irakurle, inarrosiko zaitu. Hemen den hitza, sofrikarioz, bakardadez eta etsipenaren zilo beltzeko negarren artetik xutiarazten zaituen biziaren gutiziaz egina baita. Hemen den hitza, eskulangileak moztu, zizelkatu, osatu eta ele arruntez betez duen hitza da.
Liburua hiru zatitan agertzen zaigu: Ahüzkiko Argi-Kantak, Deep Northern Way eta Itsasoaren Bihotzeraino. Ohar gaitezke, gaurkotik iraganera doala bidea, anamnesiaren norabidea segituz: lehenik 1995etik 1997ra artean idatzi poemak, tartean 1994koa, azkenik 1993koa.
Bizkitartean, liburuaren oreka-pundua erdian finkatzen da, 1994an idatzi Deep Northern Wayn. Erran genezake, lehen eta azken poema espiralaren inguruko mugimenduan direla, beti erdira buruz bilduak, beti erdiari esker irekidurari irekiak; edo beste irudi bat erabiliz, triptikoaren bi saihetsetako ateek erdikoa dutela zaintzen.
Liburuaren atarian sartu aitzin, Etxamendi eta Chus Patoren neurtitzak hor ditugu aiduru; bidez bide dabilen, exiliatua den kurritzailearen dinamikaren emaile: «estranxeira na miña propia historia».
Ahüzkiko Argi-Kantakekin junta egiten duen Gurea da poematik hegaldatzen dira heriotza-xoriak eta «hontzak eta kahakak / alanbreetan kulunkatzen / diren tenorean, / gau-pasaren ondotik». Poetak abisatzen gaituelarik, aitzin-aitzinetik bidaia bakarra izanik ere, estuki besteei lotua dela, beste bidaia-lagunen kurritzeari, «askatasun nerearen arduraren zati handia / zurea da eta vice-versa. // urruneko elurren ardura / gurea da».
MAULE-TEXAS
Ahüzkiko Argi-Kantak Zuberoako izadi, Zuberoako hizkuntzaren musikari eskainiak ditugu; hala du erakusten lehen zatiaren aurrean den kantu herrikoiak: «Goizetan eder dizü ekiak leinürü».
Baina bidaiariak mugak ez ditu maite, erroak ere ez, ez sobera; bidaiaria badoa, beti kurri, biziaren gertaldi-bideak hartuz: «For the first time he wish to be far away / lost in a deep, vast country / where nobody knew him». Poetak Wim Wendersen Paris-Texas filma gogoan dauka, eta ere prest bizkarreko zakua Zuberoako mendi berdeetarik Texasko ordoki zabaletara joateko.
Ahüzkiko Argi-Kantak heriotzaren amildegitik jalgiak dira, izadia laberintu bihurtua den mundu batetik: «azken bihurgunetik landa, ordoki zelaira heltzean / ametsa, gurutzune zabalean hedatzen da»; «Altzairateko bide juntan noizbehinka / gelditzen delarik dudatzen du».
Poetaren muinetan dena muturkatzen baita, «karrika izkinetako kabina telefonikoa», «katerpillar horail erraldoi», «erreka tematsu», «desertu idor», «sai bakartien hegal», «hezetasun orlegi», «itsasertz biluzi», «karrika huts»ak...
Poeta bere saudadeaz, errabiaz eta idaztearen zailtasunaz ari zaigu: «odolusten doan bizitza mineraleko / une zaratatsuen gatibatzea»; «ardura dorpea baita idaztea».
Denboraren kurritzea deusek ez dezake geldiaraz, haurraren baitan den heriotza ere, deusek ez dezake ken: «urtetik urtera / munduaren higamena».
Baina poetaren barne-geografietan denbora eta momentuak ez daitezke linealak izan, eta bakardadeak ez du amodioa baztertzen, ez desesperantzak eta menpekotasunak biziaren alegrantzia eta libertatearen gutizia: «ezer ez has, ez pentsa, ez erabaki / ez mintza amodioaren aitortzeko ez bada».
Argi-kantak jalgi dira Manuel Maria poeta gailego adiskidearen Terra Chà bakartitik. Euskalduna gailegoaren izenean izan da Francis Jammesen hobian «arrosa xoilaren» uzten. Literatura eta hitzen bidez zinezko zerbitzu materiala egiazta bailiteke, norberaren gauza, gauza kolektiboa ere baita.
HITZAREN DISTIRAZ
Hirugarren poema, Itsasoaren Bihotzeraino, kantore xaharren oihartzunez beterik den itzal-argizko Gaueko urratsak poemak ataritzen du. Poeta badoa Mauleko karriketan barna, «izotza ezpainetan» baina mamuak gainditurik.
Itsasoaren bihotzean gaindi doan itsasgizona, Frantziako presondegi batean hiesak jota hil zen Peio Mariñelarena da.
Itsasora buruz, marinelarengana, poetak egiten duen bidaia «itsasoa laño dago (...) nik zuk zaitut maiteago» lelo xaharrek laguntzen dute, eta ere Delirium Tremensen kantuak: «kresala azalean / haizea aurpegian / noizean behin gorrotoa diozu / baina zure barnean maite duzu / boga boga».
Bazterrak garratzak dira, marra zorrotz eta ilunez tindatuak: «barda arratsean marinelaren bihotza arta eskasez / itsasontzi krudelak bahitu duen burdinaren bahian». Bide guztiak itsasertz krudelean behaztopatzen baitira, autobide guztiek «itsasorantz zilatzen baitituzte ordokiak», erremediorik gabe.
Hala liteke segur, «hitzaren distira»rik ez balitz...
Poetak, marinel mututuaren ele puskatua bildu eta zabalarazten du, botere ezabatzaileari, poesiaren bidez, uko egiten ahal zaiola erakutsiz: «hitza ebasten ez diguteno biziko baikara».
Liburuko azken hitzek bidaia egitura ireki batean kokatzen dute, eta ez dea, preseski, azkeneko utzi behar espiralaren begia, triptikoaren erdiko atea, Deep Northern Way?
Junta egiten duen Elezurtzak hamalaudunak neguan eta ausentzian sarrarazten gaitu bortizki. Negua eta ausentzia hainbat zorrotzago non igande goizeko ekiak dirdiratzen duen bakea dirudien indiferentzia osoan.
Bake hau «izotzaren bakea» baita, deusen goxotasunik ez dakarren bakea.
Poetarentzat, bakarrik hil-bideko sofrikarioa, deusik ez jabal dezakeen zauri goria... Halere 'elezurtz' gelditu den poeta aitzina doalarik.
Eta hainbat hobe, azkenean, ekiak dirdiratzen badu: «irauteko zer beste duzu egun behar?».
DEEP NORTH
Navaho indiarren ahots urruna entzuten da bidaia luze eta minbera honetan. Poetak, Ameriketako ordoki horail gorri zabal eta navahoarren hitz zuhurrak bere baitan daramatzala, iparralde sakonari (Deep North) buruz doan lau herroketako autobidea hartzen du.
Berrogei prosazko poema dira eta berrogei sofrikariozko gelditze, dolu-bide luze honetan.
Amaren heriotza ezinezkoa baita. Amaren heriotzak izartegi itsuaren pean biluzirik uzten baitu. Baina ez da horrelako bidaia urrats berdinez egiten, badira patarrak, malda luzeak, pausa-leku zorrotzak, mendi-lepoak, jaisteak...
Oihan huts, ganbara itsu, lohi-putzu, lantzurda eta «uhuluen arteko hutsune»en artean, Deep Northera buruz doa lau herroketako autobidea.
Autobidean bost atsedenaldi har ditzakegu, 1, 10, 20, 30 eta 40garren testuetan. Aldi bakoitzak mugimendu eta dinamika ezberdinak badakartza, ez bakarrik uzten den munduaren arabera, baizik eta hartuko denaren arabera ere.
Poetak maitearen bila dabilelarik hartzen du bidea (1), maitasunak bakarrik baitezake egin zerbait min ikaragarriaren jasateko: «hire haserrea, hire berantetsia, hire oldarra bilatzen nian minak itsutu aurpegietan» (10).
Eta barneko bakardadetik maitasunezko eleak gero eta ozenago jalgitzen dira: «bakardadearen zamaren eramaitea latza dela errepikatzen diat. Aurkituko haudan arte ibiliko nauk hargatik» (20).
Ilunpea sakonago eta maitearenganako sua gartsuago. Bizirik irauteko gutizia; baina bizirik irauteko Deep Northera behar da heldu: «abiatu nindukan, xendra lohizuen buztin urak mirail nitialarik, hire kemena, hire oldarra, hire iraun nahia bilatzeko xedearekin» (30).
Berrogeigarren testuarekin autobidean dugun azken pausaldi honekin, iragan dugu ja Deep North: «Lau herroketako autobideek urratu diate Deep North honen bihotz uhargia» (40).
Hemen ni ja gu bihurtu da, baina maitaleen elkartasun hori besteei zabaltzen denetarik da, ja hesirik, oztoporik ez duen eta gerorantz doan lau herroketako autobidean; batek bere izate sakonena aurkitzen duelarik, libertateaz ere zerbait ikasten baitu: «Azken hatserainoko denborak, libre izaiten ikasten eta irakasten higatuko ditiagu» (40).
Ez da, ordea, testu honen konplexitatea lehen egitura honetan mugatzen. Iparralderantz doan autobide zabalaren lastertasunak gordetzen du ere beste neurri bat, geldiagoa, errepuski, oinez, urratsez urrats, batzuetan muturkatuz, egiten dena. Amaren heriotza ezinezkoan bidaiatuz poetak bere barnerantz gero eta sakonago doan bide ilunean darama urrats nekea.
Seigarren testuan hautemaiten da garrasia, laster amazurtz geldituko diren haurren garrasia: «ama! ama! / deiadarkatzen genuen» (6).
Baina heriotza-seinaleak nonahi hauteman zitezkeen, hastapenetik:
Oihanean: «Oihan biluzietako argi gune ixiletan, itzalak ikusi genituen binaka heriotzaren urratsa dantzatzen» (2).
Jauzteia ustelduan: «haurtzaroko egurrezko pasagia euriak usteldu zuela ohartu nintzen. Jauzteiak orain inora ez zeraman» (8).
Ibai bazterrean: «Aturri ibai urrunaren azaletik altxatzen ziren laino-mihien miliken menean, iragana gero mardoago ari zen» (9). «Mantalin eta kapelet beltzek amirunaren» (11) usainean...
Baina bidea egin ahala latzago bilakatzen da, patarra gaixtoago. Laborari etxea, alorrak, pentze, oihan eta errepettitten kantuetarik urrun, klinika zurbilean dago ama: «Eterrez urrineztatu kliniketako ganbara beilegietako ohe hertsian etzanaren begiek, hiltzearen beldurrarekin batera, hiltzearen onarpena erraiten ziguten» (21).
Eta xaharregiak diren xaharrei alegiazko eztitasun melekaz mintzatzen zaizkie infirmiertsak. Mututu eta baztertu dituzte, c'est fini! Bota zabortegira. «Just Do It idatzirik zeramaten kirol-jantziz apaindu xaharrak, debaldeko espantuetan higatzen ziren etxekandere oihak, boborimo elkorrez adostasuna erakusten zieten izaki totelduak, aulkietarik sekula gehiago zutituko ez ziren behialako ardi-haiatzale zainartak» (21).
Oihan biluzia, oihan setiatu bihurtua da. Heriotzari ezin ihes egin: «eta otoitz egiten nizun ez nindezazun nihaur utz herioaren korroka elkorraren herotsen jasaitera» (28).
Amaren heriotza «otsaileko goiz batez, Barbari Bau Bau ixilka» hurbildu delarik...
Ez, maitasun handienak, hitz xamurrenek, ez baitezakete geldiaraz halabeharraren martxa: «maitia nun xira, nik etxitut ikusten, ez berririk jakiten...» (33); «intxuten gitxia ama? / eta erizainak erran zuen: / ez gitizü entzüten...» (34).
Eta Barbari Bau Bauk badarama ama... Justu poeta «oihanaren hegiraino» bideratzen denean (31); justu izatearen aditza pertsona guztietan konjuga dezakeelarik, ozenki eta deblauki, heriotza mota guztien aitzinean, heriotza partikularrari josten zaizkiolarik mututze, ixiltze, estaltze guztiak «Historiaren ahanztokietan abandonatuak» direnen mututzeak «estatistiken hondarkinak» (32).
Amaren itzaltzearekin poetaren bidaiak urrats berri bat hartzen du; urradura ikaragarria da baina hilak hilekin utzi behar, «Hautsak hauts». Poetak medicine-man indiarraren bidaia jarraikiz, senda-bidea atzeman du.
Oihana berriz aterbe leku bihurtzen ari da, amaren erreinu. Hilak libro dira. Errepettitta, miru, bele, kalatxori, sai lasaien hegaden artean ibil daitezke. Libro.
Eta kurloek negua bazter dezakete. Orain.
Requiem. Ama bakean dago, alaba aitzina doa eta idazteari esker, «Hiltzearen beldurra erran. Baina idatzi» (22).
Senda-bide luzean poetak ahanzturaren kontra, heriotza desegilearen kontra idatzi du, baina ere elkartasun esperantzagarriaren alde: «Oroitza hain zuzen, Ni Gu Naiz molde bitxian harilkatzen hasi zen. Gu gabe deus ez naiz» (34), Barbari Bau Bauk betiko mututuak, betiko umiliatu eta baztertuak bere zorroan gorde ez ditzan.
Poesiaren bidez, exilio guztiak, ixildu guztiak mintza daitezen.
Baina liburu honetan duzun hitza, hitz honen indarra, irakurle, ez da aise ixilarazten denetarik.
Aurelia Arkotxa
Hendaia, 1998-V-17