Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

26

 

Santxo isildu egin zen. Sabaia lehortu zitzaion. Azkorriak ekarri euri ezkelaren herotsak baizik ez ziren aditzen. Kafea hozten zihoan kikaretan. Mahaiaren inguruan ginenak oro karroindurik ginen. Gizona hitz gabetu zitekeen edo egin zuenaren argiki agertzeko ele egokiak bilatzen zituen. Ahoa ireki zuen. Ez zen ordea hotsik atera. Nolwenek zizareak sudurretik idoki zizkion behialako galdera errepikatuz:

        — Egin zenuen edo ez zenuen egin?

        — Ez nuen egin. Ezin nuen. Zailegia zen borroka-haurridea horrela hotzean erailtzea. Janaren otoitzek beraztu egin ninduten. Ez zuen konprenitzen zuzendaritzaren epaia. Hobengabea zela orro egiten zidan. Nik bihotzean min nuen. Hatza durduzatzen zitzaidan pistolaren mihian... eta ez nuen hil. Ez nuela hil!

        — Bizirik da orduan?

        Nire oldarrak esnatu zuen Santxo. Oroitzapenen zama dorpetik askatu zen, sasi artetik jauzika zetorren urtxintxa bailitzan. Ezpainak mugitu zituen eta Ilseri begira kontatzen hasi zen:

        — Hondarrean antzerkia muntatu genuen Janak eta biok. Ez genekien sinetsiko zutenetz, baina kutx ala pilean jostatu ginela aitortu dezaket orain. Alegia egin genuen.

        — Bizirik da orduan?

        — Bizirik da, bai. Ez dakit nola deitzen eta non bizi den haatik. Libre utzi nuenean erran zidan, amerikar pasaporte bat zeukala, faltsua bistan dena, eta hemengo zekenek arras ahantzi zezaten, Kaliforniara abian zela. Menturaz han dago oraindik. Hollywood Boulevarden korrika eta zinema munduko langile. Hori baitzen bere ametsa. Iraultza-zerga ekarle gisa ari izan zenean dirua baztertu baldin bazuen, ametsaren egiaztatzeko baino ez zen. Nork daki zer bilakatu den!

        — Erabat desagertu zen bederen...

        — Ongi obratu zuela iruditzen zait. Zuzendaritzakoek zerbait ikasi bazuten, xahu ginen biak. Nire bizitzak ez zeukan pisu anitzik haien begietan, pentsa, manuak traditu nituela jakin bazuten! Ez nituen ehun metro eginen, tiroz lardaskatua izan gabe... Ez ginen barkatzeko sortuak!

        Frantxis Murdutegik pistola bekaitza meneko utzi zionetik Janaren itzala Lubarriko haritzetan uhertzen joan zenerainoko gertakariak lerrokatu zizkigun Santxok, kafe beroa bigarren aldiz zerbitzatuz.

        — Hau guztia bego gure artean. Mesfidatzen naiz tregoa iraunkorra den arren. Erakundearen bake iragarpena aintzat hartuko dut zinez Gernikako Arbolaren oinetan borrokako armak metan azalduko zaizkigunean.

        — Urtea badu ez dela atentaturik. Sobera eskatzen duzu. Denbora behar da. Bildukoek istorioa norabide ezberdinera bultzatuko dute.

        — Agian bai. Edo zinikoa naiz. Gisakoegiak dira idazleak eta komentario egileak ETAko gudariek buru-hausteak zituztela azaltzen digutenean, Herriak antzeko piztiak munduratu zituelakoa mendratu edo menostu nahi bailuten. Funtsean ez zuten duda izpirik. Ez zeukaten kontzientzia zalantzarik. Hiltzen zutenean lepo zainak trenka hurran geunden deboila humanoarekiko mutu. Ohoratzen genituen hiltzen zituztenean. Biktimizatzen genituen. Logika horri uko egin nion Janaren ez exekutatzea erabakitzean. Lazoa banintzen, lazoa nintzen bururaino.

        Desbideratu zen. Etsipenez josi gorrotoa isuri zen manta karratu zuri-gorriekiko mahaiaren zabalera. Mintzatzera uzten genuen. Euskaldun bakoitzak alabaina bazuen erakundearekiko anbiguitatez azpatu dotrina bat. Euskal Herriaz herio urrina zerion far-westa tipia osatu zuten gudarienganako sentimenduak indiferentziatik pasio morbidora zihoazen. Zena zelakoa, borrokaren gaiak gure muinak paralizatu zituen egundainokoan, aipatzea bera kritikatzea bihurtua zelarik.

        Nolwenen soa gurutzatu nuen, Ilseren irria ustiatu eta Santxoren ahots apala hauteman:

        — Nahi nuen erara moldatzea aholkatu zidan Murdutegik. Nonbaitetik zelatatuko ninduela segur nintzen. Halaz, Lubarriko haritzaren intimitatean hobia zulatu genuen. Arrastirian negar, oihu eta intziri hutsal baino ez zen Jana, elkarrekin bien bizitzak salbatzeko komediaren antolatzea erabakiz gero bipildu zitzaidan. Zangoekiko argazki makina nirekin neukan. Froga bila hertsatuko ziren. Exekuzioa gatibatu nuen. Jana belauniko, begiak tapaturik. Ni pistolarekin kopeta minari geinatzen. Flashak izutu gintuen. Amaren doteko mihiserik ederrenean zerratu nituen hogei bat kiloko lauzpabost harri. Etxeparek seinalatu lekuan aurkitu dituzuenak.

        — Apeza ez zen deusez ohartu?

        Aharrausi kezkatuaz iratzartu zen Zoko. Ordulariari begiratu zion. Arrangura zirudien. Deborah-k ahurra sorbaldan pasatu eta berehala jabaldu zen. Scully lobiroan anartean loriatzen zihoan Urkiako zakur mehearekin batera.

        — Nola konturatuko zen? Ilunak bastatzen zituen bazterrak eta behitegiko lanetarako egokia zen petroliozko argigailuetarik bat generaman. Janaren hilotza zirudien bitxikeria prestuki apailatua neukala ebatzi nuenean, Etxeparerengana jo nuen lasterka. Gurutzearen seinaleaz agurtu ninduen eta hitzik trukatu gabe hilobia zegoen tokira lehiatu ginen. Jeeparen atzealdean alegiazko hilotza kargatu genuen. Apezak oihal brodatuz gerizatu zama zurbila begimendu zuen, pistolaren mutur epela ukitu eta zuloaren sakontasunaren neurria baimendu. Betekizuna konplitu nuen sasi-arazoak ekidinez eta behingoz nire gizon-balioaz harro.

        — Ehortz meza bertan marmaratu zuen?

        — Zer uste duzu, andere Ezpeldoi! «Gerlan gerlan bezala» zioen Frantziaren aldeko hiru mobilizazio orokorretarik bizirik ilki gure aitatxi Pierranok. Kantarik ez zen. Jende gehiegik ezagutzen eta estimatzen zuen Jana. Zernaitzeko eliza txikiegia zatekeen. Lubarrikoa bezain. Berdin Baionakoa. Erakundeak berak garbiarazi batentzat ez zen ehortzeta ofizialik imajinatzen ahal ere, sekretuak sekretuan lurperatzekoak ziren. Etxeparek Gure Aita marmaratzeari ekin zionean, jadanik urrun zegoen Jana. Apezak zikintzeko gutiziarik ez eta zuloaren tapatzeko bakarrik abandonatu ninduen. Argazki makinako pelikula jaso zuen, pistola eta Janaren urrezko eraztuna. Besta biharamun batez Txatxok oparitu omen ziona.

        Aste euritsutik lekora, eguzkiz hordi zirudien Pazko goizak. Zortzi eta erdiak irian amets izugarritik bellitu zen Santxo. Armairutik txokolatez emendatu eta chantilly kremaz ihalozkatu bizkotxoa jalgi. Kanpoan, zakurrak, txitak, piuñak, oiloak, urdeak, aratxeak, denak gosez harramantzan zebiltzan.

        — Ezin ase madarikatuak! Barau egin balezate Pazko egunez gutxienez! Bazkatuko ditut beranduago. Gauza batek zutointzen nau. Amaia Ezpeldoi: nola lortu duzu zuk niganaino heltzea? Daniel Elgebeltzek kontratatu detektibeak eta, barkatu Nolwen, hedexuriak beti Santizpiritu zubiaren puntan huts geratzen ziren, hortik hara nebulosetako hondo beltza hedatzen zitzaiela. Banekien ordea noizbait norbait etorriko zitzaidala kontuak eskatzera.

        — Munduaren laurdena jorratu dugu. Janaren desagertzea Adam VanVries serial-killerraren bortxaketen garaikoa zenez, hastapenean afera horretako jakileak solastatzen saiatu gara Alemaniako Wiesbadeneraino bidaiatuz. 1985eko Baionako Bestetan Reduit plazan zeudenek Santizpiritu zubiaren meridianoan itzal bat uhertzen zekusaten. Gambetta enparantzan zirenek, aldiz, lau mamu maskaratu zenbatu eta abere antzeko garrasi zakarra aditu zuten. Ilseren trebeziari esker Julietaren memoria ikaratu da eta Txatxoren izena oparitu digu.

        — Txatxo 1984 eta 1996 bitartean giltzarria zen Iparraldeko euskal mugimenduan. GALen atentatuen garaian Otsalar komandoak irun sareko etxeetan gordez salbatu zen. 1987ko urriaren 3ko raflean atxilotu eta laster askatu zuten, Hegoaldeko hainbat haurride espultsatzen zituztela. Hondarrean, Daniel Elgebeltzen egoitzan arrastatua izan zen 1996ko martxoaren 23ko polizia-operazioan. Libre dago Frantziako kartzeletan eta Espainiakoetan gaztigua beterik, ohiko urte gehigarriekin. Donostian bizi da. Berarekin hitz egin duzu, Amaia?

        — Noski. Eta balarik ez duen pistola honekin mintzarazi dut. Bilatzen genuen 400.000 frankoko altxorra ikerlarien nahasteko apeu gisa erabiltzen zuela aitortu zidan. Pista faltsua guretzat. Eta badakizu Darth Vaderrez mozorrotu zezen zainartek zafratu nindutela Wiesbadendik etxerakoan?

        — Bekainean duzun ospela ez da zure senarrak eman tuinako baten ondorioa beraz?

        Irriz lehertu zen Santxo, Nolwen artoski aztertuz. Gure harremanaren jakinean zitekeen. Sardexkarekin xahatu zuen txokolatezko bizkotxo nasaiak sudurpean itsatsi azukre eta chantilly krema lumatxoa.

        — Dirutza hori ebasteaz akusatzen zuten Jana. 1985eko uztailaren 14an Louvreko banku bateko atrakoaren emaitza zen. Erakundean gureek egin zutelako zurrumurrua hedatu zen. Poliziaren arabera Marseillako gaizkile saldoak erreusitu zuen kolpea. Txatxok kudeatu Otsalar komandokoek Janaren inguruan, haren autoan, anaiaren etxean, lagunen egoitzetan sosaldea xerkatzen zuten. Denborarekin frogatu da diruaren aitzakia baliatu zela kideekiko kontrolaren gogortzeko: denak sospetxosoak ginen, denek bagenuen aitor ezinezko bekatu bat, denak ttattit eta mutu geunden ezpata noiz erori zain.

        — Janak Ameriketara zihoala agertu zizun izen eta paper faltsuekin. Bizirik dago eta aurkituko dugu, itsasoaren haraindian baldin bada ere. Oroitzen zara ihesean erabiliko zuen deituraz?

        — Biak salbatzeko tratua finkatu genuenean bideak zedarritu genituen. Lehenik isiltzea. Gaur arte egin dudana. Gero sekula ez elkartzea. Mugimendutik urruntzea. Uste zuen egiazki hilko nuela. Bazekien kuraia eskasekoa nintzela, baina buruzagitzari nire balioaren erakusteko balentria egingo nuen. Bere azken ordua hurbil zekusan. Ohartu zenean ez nuela hiltzen ahalko, gaina hartu zidan. Negarrak lehortu eta antzerkia asmatzera bulkatu ninduen.

        — Izena zein zen?

        — Anitz gustatzen zitzaion idazle baten nobelako pertsonaia batena hautatu zuen. Eleberriaz, idazleaz eta abizenaz ez naiz gogoratzen. Daniel edo Julieta zirikatzeko aukera duzu, Amaia.

        Ekiak Anzibarreko hegiak gozatzen zituen Santxoren sukaldetik beterik jalgi ginenean. Pozik geunden Jana bizirik zela ikasi genuelako. Ameriketan zitekeen. Lokalizatuko genuen eta utziko genituen Daniel, Marieta, Julieta eta Marti harekiko hariaren irutera. Santxo besarkatu genuen aldizka, bikaina baitzen.

        Motorra berotzen zihoakion kamionetara nindoala belarrira xuxurlatu zidan:

        — Salataria funtsean Murdutegi zen. Suizidatu zen emazteak dibortzioa erdietsi zuelako estakuruaz. Erran dizuet istorio luze bezain tristea zela. Hargatik lazo, herabe eta koldar gisako nire orduko ausartziaz harro nago. Eta zoriontsu.