Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

19

 

Euskaldunen plazara jauzi egin nuen larunbat goizean. Baionako karrika komertzianteko dendak ez ziren zabalduak. Bost Kantoietan zebiltzan, ordea, saltzeko ontasunez mukurutu kamioiak, goloski kontsumitzekoak presaka deskargatzen. Eskale bizardunek jada amoina galdatzen zuten, eskua luzaturik, txapela lurrean hedaturik edo plastikozko godaleta makilatxo baten puntan estekatu hariari loturik: merkatua izanez, egun aberatsa zuketen, jende anitz pasatuko baitzen sosak biltzeko aukerak biderkatuz. Silence izena zeraman gizon mutua ageri zen Orberen izkinan. Zentimorik atera gabe postara heltzean oroitu nintzen Wiesbadenen ez nuela pikarraiturik ikusi. Ala ez zen herrestarik Hesse eskualdean? Eta Alemanian non zetxizkaten bada zenbatzen ziren hamabi milioi jende pobreak? Frankfurteko geltokitik zihoan Kaiser Wilhelm etorbidearen espaloietan baziren irudiz ekialdetik zetozen otoizlari kolpatu andanak, matoarekin ere doi-doia zutik zeuden belaunetik ebakiak, enbaldituak eta gaineratiko jarriak: ein euro bitte...

        Ez nuen debaldeko pentsamenduetan denborarik gastatzeko. Donostiara beharra nintzen Txatxoren elerrateko. Argitasun apur bat ekarriko zidakeen. Ikerketa nahiko neketsu neraman. Adiskideak aspertzen hasiak ziren, salbu Nolwen, bistakoa zenez; baina hark maite ninduen ezbai barik. Aitzakia polita zen alabaina. Andraidea ohean abandonatu nuen. Bitxi egiten zidan Nolwenengandik urrun ekiteak. Harekiko urratsetara moldatua nintzen astean zehar. Bere irriak jendetzen ninduen eta noranahi akuila nintzakeen Armorikako itsasoaren kolorea zuten begi berdeek.

        Bidean nengoen. Donostiakoan hain zuzen, autopistara bihurtzen ari zen Lurraldebus konpainiarekin. Sakelan neukan azal beltz malguarekiko karneta hartu nuen eta ordura arte ikasiak oro arrapasatu nituen Euskadi Gaztearen uhinetan kulunkatuz. Coldplayren kanta berria aurkeztu zuen ahots fresko airosak eta publizitatetik landa Bide Ertzean taldeko toxic twins bikien elkarrizketa garatu zen. Pausuko muga zeharkatzen ari ginen ordukoz. This is America xuxurlatu nuen.

        Kopeta keinuz apaldu nituen betazalak. Jauzira apailatzen zen kirolariaren moduan kontzentratu nintzen. Ez nuen ezerezaren arrokatan hausteko gutiziarik, are gutxiago erori eta urrin likitseko urmael zokiletan itotzekorik. Edozein gisaz, salbamen zinta gerrian segurtatzekoa nuen. Donostiako sarreran Jackson kartzelako herioaren hodian txerto letalaren aiduru lau orenez amildu zen Troy Davis beltzaren antzera sentitu nintzela aitor dut: edozer gerta zitekeen, zentzea barne. Ideia beltzak baztertu nituen eta Parte Zaharrera lehiatu nintzen, haizearekin Kontxatik zirurikan zetozen euri ttantta gaziek begitartea mailukatzen zidatela. Hinki-hanka nenbilen bezperako Wittig Bar-koa izugarria izan baitzen. Distira bat netxikan buru zokoan sigi-saga lasterka Bulebarra trabeskatzean, autoen artetik, txirrindulariak trabatuz, su gorria eta berdea nahasten nituelako bereziki. Daltonikoa nintzena?

        Oinezkoen kaleetakoa lasaiagoa izan zen. Paper puska batean Izarraitz liburu-dendaren zuzenbidea idatzia nuen. Ezker eskatu, eskuin galdatu, hondarrean ateak ireki berri zituen dendaren parean suertatu nintzen. Nehor ez zen ageri. Auzoko ostatuan kafea irenstea erabaki nuen. Maite nituen Hegoaldeko kafe azkarrak, erraietako itxindu ahula berriz pizten zuten, bake zerbait ekartzen eta aldi berean borrokara balekebale haiatzen. Kontraerranaren funtsaz hausnarrean zinpurtzen nintzen, berinaz haraindian, gizon baten itzala sumatu nuenean. Txatxo zena? Mende erdiak lehertua zirudien. Klandestinitate eta kartzela urteak herronkatu zitzaizkion, gose greba garratzak eraman zituen, torturatu ere zutela behin baino gehiagotan. Antzeko egunerokotasunak edozein gizon toles zezakeen noski. Bere bizi-xendra zehazki hautatu zuen Txatxoren biografia irakurri eta ez nintzen negarrez hasiko. Aski hozki errana geratzen zitzaidan perpausa, baina erakunde armatuak zuela hamabi hilabete iragarri tregoa iraunkorraz balia nintekeen kolkoan nuenaren errateko. Kafearekin batera bakeak horretarako ere balio zuela erantsi nuen nirekiko.

        Txatxo atera zen. Besoak gerrian pausatu eta inguruetako denda eta tabernetako mugimenduei beha zutundu zen, ameslari. Kalatxori auhenkariak ortzi grisa zirrimarratu zuen. Lanera itzuli zenean ausartu nintzen. Dudaz urgoitu aurpegia eman zidan. Bazekien, naski, zertara nentorren. Agurrak, labur eta on:

        — Amaia Ezpeldoi? Zure zain nengoen.

        — Baia?

        — Dena jakiten da. Ez zatoz Uxue Apaolazaren azken nobelaren bila.

        — Mea culparik ez orduan?

        — Mintza gaitezen klarki: zer nahi duzu?

        — Jana Elgebeltz anderearen desagertzearen misterioa ikertzen nabil. Marti Izoztaren talde argazkian agertzen zara. Nire kriseiluaren argitzeko zer kontatzen ahal didazu 1985eko Baionako Besten hondar gauaz?

        — Brauki ari zara.

        — Egia duzu. Salbaia izateko sortu nintzen.

        Ederra zen Txatxo. Sorbaldan behera elurra bezain zuri jaisten zitzaizkion ile kizkurrak. 1968ko intelektualen moldean bezti zebilen, txinatar lepokoarekiko atorra eta kotoi lodizko galtzekin. Orduko pentsa-maisuekiko abegikortasunez menturaz. Liburuzainari begira izartu nuen zein neurritaraino aldatu ziren denborak: nora buhatu behar genuen manatzen zigun oilarrik ez zegoen, berriak oro publizitate subliminalak ziren eta balizko saldo lanik ez zen gehiago, guztiek aharra partida hilkorretan atomizaturik bukatzen genuelako. Bizkitartean elkartasunez eta maitasunez baizik ez genegien amets. Lehiaketaz eta handinahikeriez aseak ginen. Kontradikzioz ele-huts genbiltzan. Pantaila lauen otalakoetan iltzaturik atxikitzen gintuzten hurrengo ziber mezu zaborraren peskizan: you have a message...

        Txatxok, aldiz, urte urrun haien aire zerbait kontserbatua zuen. Bermatzeko manerako segurtasuna, demagun. Bai eta kaskoan nonbait iltzatua zeukan ideia bat: iraultzak bururaino eramateko kalipua behar da, haurrideak halaz instrumentalizatu daitezke derrigorrezko helburuaren zerbitzuko jarriz, galderarik ez egin, erantzunik ez bila, lepo zainak tinka eta finka. Etsaiaren kalitzea iraultzaren saihets damu domaien zerrendetan sartzeak kontzientziak lasaitzen ditu. Txatxok horrela zuen hersturetan zehar bizirautea lortu. Ez bestela. Zenbatek Txatxo bezala gure lurrean bertan!

        Janaren desagertzearen aferak agian muinak astinduko zizkion. Durduza keinurik, alta, ez zuen erakusten. Zizeron bezain estoiko zegoen. Pataska hasiko zen:

        — Jana erabili eta erailtzea leporatzen dizut.

        — Eroa zara ala? Baiki, Janarekiko tratuak nituela; baina hiltzea, mesedez, zertan zabiltza?

        — Zer nolako tratuak zenituzten?

        — Marrazkia behar duzu? Haragizkoak lehenik eta borrokaren jarraipenari zegozkienak gero. Neska asko ezagutzen nuen bazter orotan. Jana berezia zen, ausarta eta lotsagabea. Are adrenalina gehiago nahi zuen beti. Erraza zen harekin konpontzea. Iparraldean laguntzaile suharrak genituen eta haien buru neukan Jana. Eta hilko nuen?

        — Preseski: bide zuzenetik urrundu zelakoan.

        — Nondik daukazu hori zuk?

        — 1985eko uztailaren 14an banku bat ebatsi zenuten Parisen. Atrakoaren emaitza: lau ehun mila franko, ez baita gutxi. Norbaitek eraman zuen.

        Karkazail hatsankaz azpildu zen Txatxo. Liburu meta desorekatu zitzaion. Slavoj Zizeken Munduaren bukaeran bizi deituriko saioak zirela ohartu nintzen. Ufako ironikoaz askatzear nengoen Izarraitzen bikote plazenta sartu zenean.

        — Marie Darrieussecq-en Clèves eleberria irakurtzekoa dugu. Frantsesez. Idazle miresgarria da. Baionan sortua gainera...

        — Eskatuko dut. Zortzi egun barru eskuratu ahalko duzue.

        — Maitea —emaztea zitzaion senar ttattardunari mintzo—, datorren astelehenean Iparraldera joaterik badugu, ezta?

        — Uste dut baietz.

        — Baina Pazko astelehenez dendak itxita egongo dira han.

        Bezeroak so geratu zitzaizkidan Nullius Terrae ukatu eta ikazturik jazarriko nintzaiela ustez. Harritzeko arrazoi osoa zuten, normaren arabera aborigen beltz bat bezain itsusia nintzelako, batez ere Wittig Bar zoragarrian gaua malaskaturik.

        Neska hozki ari zitzaion Txatxori:

        — Ba orduan eskatu...

        — Bueltan ordainduko dugu.

        — Badakit ez duzuela ahaztuko.

        Izarraitz liburu-dendako bortako ezkilatxoaren azantz arinak belarriak kilikatu zizkidan. Lerroan azaltzen ziren erosleak. Bakoitzarekiko beta hartzen zuen Txatxok, aholkuak eta liburuaren aukeratzeko arrazoiak zerrendatuz. Behialako solasaren segitzeko zirrikiturik ez nuen. Espres egina irudi zuen. Norbait sartzean, ezintasunez goratzen zituen sorbaldak gizonak, nik ongi ikusteko eran.

        Ama-alabak zerbitzaturik, hurbildu egin zitzaidan:

        — Ordu bata arte uholdea izango da. Ez dut astirik zuretzat. Elkarrizketa interesgarria hasia genuen.

        — Hemen egongo naiz bukatzen duzuneraino. Pazientzia daukat. Tortuga da nire abere totema. Segundoak astiroegi bihikatzen zaizkidala nabaritzen dudanean, sakelan daramadan ikurra balakatzen dut hatz puntaz. Konfuziok zioen: urritasunaz ez beldurtu, behin betiko gelditzeaz baizik.

        — Nahi duzun moduan. Ez nazazula trabatu. Lanean ari naiz. Utzi itzazu istorio zahar zitalok! Nork bilatzen du Jana hainbeste urteren buruan?

        — Daniel bere anaiak.

        — Garaia zuen ba!

        Baiona-Miarritze derbitik landa Daniel Elgebeltz gurutzatzean ohar berdina bastatu nuen nirekiko: garaia zuen ba! Ez ote genuen denok garaia laurogeiko hamarkadako berunezko mendeaz hausnartzeko? Exilioaren zergatiaz? Adiskidantza tresnatuen oinarriaz? Jana barne, desagertuen destinoaz? Kartzeletan mutxitzen zirenez? Borroka lautadetan debalde suntsitutako bizitzez? Penelope ugariren antzera, gerraren estakuruz desertatu ama, alargun, emazte eta haurrez? Bai eta kalitu etsaien ama, alargun, emazte eta haurrez? Maskaraturik eta Pazko igande oroz zabaltzen zen prediku hormatuen gerizarik gabe, geure aurka asaldatzeko ahalmenaz? Ez zena barkamena ekarriko eta distantzia jarriko zuen herri fikzio bakarrean, aldekoak eta kontrakoak biltzeko tenorea? Lurralde ukigarri honetan nork bere sinesteen araberako eremu irekiak lantzeko erronka ez ote zitzaigun hurbiltzen ari? Baratze propioaren ukaitekoa, auzo ezberdinen baratzeen aldamenean: tortugaren ametsa zitekeen.

        Txatxo segitu nuen. Liburuak ahurrean mugitzen zen deus ez bailitzan. Egiaren garaia bazetorkigula erantsi nuen.