Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

23

 

Preziosek, emazterik indartsuena baitzen, mazoa deblauki hartu eta nik axis mundi bailitzan netxikan burdin barra jotzen zuen arraiki. Etxeparek seinalatu lekuan egiazki zerbait bazegoenez segurtatu behar genuen zulatzen zinpurtu aitzin. Ez ginen debalde unatzeko prest. Euriak kamionetaren hegatsean zegizkien kloska ozenei gehitzen zitzaizkien arotzen zoriona emendatzen zuten tresnen oiharrak. Ilse, Zoko, Deborah eta Nolwen begi luzeekin so zeuden. Scully aldiz jauzi eta txanpaz zebilen, barbari bau bau mamuaren balizko etorreraz guri abisatzeko bezala. Burdinak zerbait ukitu zuen. Lagunak bukaerarik gabeko oooooa ahoskatuz gibeleratu ziren. Hilkutxaren tapakia edo haritzaren erroa zen? Apezak eeeeeka zerraikan:

        — Hor da! Zuzen ari zarete!

        — Bakea emaguzu, arren.

        Klera zuriz markatu nuen kutxaren eremua. Belar tustoak iradoki genituen lehenik. Landa bustia zen, baina hotzik ez. Aitzurra altxatu eta apaldu aritzen ginela berotzen ginen nolabait. Ilsek ukaldi ederra zuelakoaz konturatu nintzen. Irudi zuen bizitza osoan ez zuela besterik egin. Nolwenek hasieran ez zukeen zikintzeko gogorik, baina txapla lerratu zen zipoetan, ez zuen halaz saka-saka ekiteaz beste aukerarik. Bere djellaba eta buruko plastikozko beloarekin nekezago ari zen Zoko. Prezios! Champion! Bota aztal zorroztunak oinetan, Deborah karratuaren hegian zegoen, maiasturuen metro horia erakutsiz. Bazter batean eseri nintzen kideen laneko jaidurak aztertzeko. Nolwen hurbildu zitzaidan. Lur heze gustua zuen musuz gatibatu zizkidan ezpainak:

        — Etxepare askatzen ahal zenuke!

        — On du, bai, mina zer den ikastea...

        — Normalean ez zarela hain gaiztoa pariatuko nuke!

        — Irabazia!

        — Zerk zaitu horrela erotzen?

        — Kontzientzia hoberenarekin krimenik likitsenak bete daitezkeela ondorioztatu berri dut. Eta horrek sutan jartzen nau. Krimen diodalarik, krimen errealez eta krimen metaforikoez mintzo naiz. Zenbat jende ez da euskal mundutik urrundu Etxepare apezaren antzekoek epaitu, baztertu eta kanporatu zituztelako? Badakizu zuk?

        Ez zekien. Alabaina, funtsean zertarako balio zuen jakiteak ere? Bretainiarrek, bistakoa zenez, nortasun arazoa ezberdin irakurtzen zuten. Nolwen besoetaratu nuen nire ertzo bulta barkatuko zidalakoan.

        Anartean zuloa handitzen zihoan. Ilsek aitzurra Deborah-ri pasatu zion. Fideliok bezain maisuki zerabilten pala zaharkitua Zokok eta Preziosek. Lur metak ketan punpuilatzen ziren karratuaren aldamenean. Hilkutxa metro bateko barnetasunean baldin bazen, langintzak iraunen zuen, eta agian gu ginen bukatu baino lehen akituko. Aita zenaren burdin barraren arabera bederen, laurogeita hamar zentimetrotan zetzan.

        Aitzur pikotxarekin ebakitzen nituen zango sagarreraino heltzen zitzaizkigun zuloaren hegiak. Urrun ginen oraino. Saka-saka ari nintzen, auhen lakarrak artekatu eta oldarra aski goratik emanez. Haur denboran ikasi keinuak zetozkidan berriz memoriaren harrotzera, orainaldi ito hau eta iragan lehor hura olde berean ezkontzen bailiran Jana Elgebeltzen gorpuaren harrapatzeko. Daniel anaiaren tristezia dorpea irudikatzen nuen zegoeneko, Julieta adiskidearena eta Janaz maitemindurik zegoen Marti Izoztarena. Lubarriko pentze galduan are kalipu gehiagorekin irekitzen nuen behialako katastrofearen ildotxoa. Aitzurra, pikotxa, pala eta pertzak. Aldizka ari ginen elkar ez trabatzeko. Laborantza lanetan ez usatuak, laster kolpatzen ahal ginen.

        Ozenak ziren Etxepareren intziriak:

        — Libra nazazue! Libra nazazue!

        Ez ginen bihozkatzen. Txandak kanbiatzen genituen. Briu-brau. Jada belaunetaraino kabitzen ginen zuloan. Ez zen ezer ageri. Espero nuen hilkutxa genuela zinez aurkituko, ez eta milurteko haritzaren alimaleko erroetarik bat. Apezaren benedikazioa erdietsia genuen. Segurtatu zigun ez zuela nehoiz gezurrik ahoskatzen, baizik eta egiak ez osoan azaltzen. Konfiantza egin behar zen une latzetan. Apurturik zen Zoko:

        — Pausatxoa zilegi dugu?

        — Uste duzu badugula denbora?

        — Kafea ekarri dut.

        — Ahah... Gaitezen jendeki bizi, beraz.

        Jario beltzez arradatu plastikozko kikarak buhari, zuloaren inguruan plantatu ginen behialako kantonier gutxietsien posizioan: kokotsa puñalaren gainean eta ahurra lanabesaren giderrean bermaturik. Historia likitsaren hariko hezurrak bilatuagatik eta Kamasutrak zerrendatzen ez zuen arren, aitortzekoa dut egoteko erarik lizunena iruditu zitzaigula. Ahoetarik kea ihesi zihoakigun hurrupaldi bakoitzean.

        Etxepare marmaraz ari zen:

        — Eta niretako kaferik ez duzue ala?

        — Ez duzu merezi.

        Kafe kontuetan trebetasun handia zuen Zokoren ebazpena zen. Deborah-k kamionetako entzungailuan Madonnaren arrakasta bultzatu zuen: Give me all your Luvin'. Tornuari lotu gintzaizkion musikaren neurrian. Wittig Bar-eko ezagun guztiak deitu beharko genituen. Ziuntaz aitzinatuko ginela orduan! Baiki. Seion artean hargatik ez ginen hain gaizki konpontzen. Aitzurrarekin eta pikotxarekin ari zirenak gerriraino sartzen ziren lurrean. Palariek beso aldeak mugitzen zituzten buztina kanporatzeko eta mokor astunak lekutzeko ibilbidea zabalduz.

        Hirugarren orduaren buruan garrasi bat bota zuen Preziosek:

        — Hor dago.

        Zuloaren bihotzera apaldu ziren soak oro. Ez zegoen hiro urrinik. Zossima baino sainduago zena Jana? Isiltasun bitxia hedatu zen Lubarriko bordaren kantoietan. Arbolari zintzilikaturiko apezaren zintzur-karrankak aditzen ziren. Prezios erizainak lehen diagnostikoa oparitu zigun:

        — Oinazpian dudana egurra da.

        — Erroa izan daiteke?

        — Bai, baina, zaude kuzkurtu nadin. Erroa baino leunagoa du azala. Taula landua dirudi.

        — Askatu beharko genuke, ez?

        — Amaia, emadazu zure burdin barra.

        — Kasu egizu! Ez andeatu, otoi.

        Prezios zen zuloan lehertzen. Argizaiolarekiko kaskoaren kolore jauzikaritik jarraitzen genuen. Ahaha garratzak entzuten genituen. Herioaz bestaldeko boza iritsi zitzaigun:

        — Pertzak igorri iezazkidazue soberakin hauen kentzeko. Agudo!

        — Oizu... Zer dago zure oinetan?

        — Kutxa bat. Agian ez ditugu sokak ahantzi?

        — Bere sexu-joko masokistetakoak ekarri ditu Ilsek.

        Irriz zalapartatu ginen zuloaren ertzean juntatuak. Haserre zen Etxepare:

        — Ez duzue hilen errespeturik ere? Non bizi naiz? Kauensos! Emazteak elkarri musurika bargoen antzera eta hobiaren ezpondetan karkaraz, dantzaz eta arraileriaz.

        — Gizon baten eta korda honen premia ukanen dugu. Libratuko zaitut. Gure bestatxoan parte har dezakezu. Ez zaitez balia haatik eskapatzeko! Den mendreneko keinua marrazten baldin baduzu kalituko zaitut. Pistolarekin erdi mentsa naizela badakizu...

        — Ohartua naiz, bai. Axuria bezain prestu egonen naiz. Hitza hitz...

        — Edo apeza bihits.

        Helburuari hurbiltzen gintzaizkion. Ilse, meheagoa, zulora jaitsi zen eta makilatxoz txirikordatu gurutzea jalgi zuen. Janaren hilobia aurkitu genuen. Zorte on pitta bat ukan genuela ezin uka.

        Arazo tekniko askori buru egitekoak ginen oraino. Nola pasatu soka kutxaren azpitik? Zelan eraman lurraren sabeletik belardiraino? Deus galdatu gabe nire duda-mudak argitu zituen Etxeparek:

        — Kutxa itzulika ezazue eta soka beheretik iragan. Hortik aitzina denen artean airera ekarriko dugu bai arauz? Nahi baduzue sokaren jartzeko sakrifikatuko naiz...

        — Txanda aldaketa! Ilse!

        — Banoa, banoa.

        Zipli-zapla genbiltzan. Lerratzear. Meategietako langileen moduan beltz genituen begitarteak. Aterkiak zeharkatzen zituen euri etengabeak. Ordulariari behakoa bota nion. Gaueko hamaikak eta erdiak ziren. Biharamunean Pazkoa zen, igandea, eta Lubarriko herri deusezean geunden gu, lokatzean ihalozka, hogeita bost urte lehenago desagertu neska gazte baten hilkutxa barnetik mirazkatzearen zain. Likitsaren ardoa ahastaraino edatekoa genuen engoitik.

        Etxepareren zanpak ametsetarik iratzarrarazi ninduen:

        — Hara! Sokak prest dira! Hiru kideekiko talde bi molda itzazue sokaren punta bederetan. Hemendik haiatuko zaituztet!

        — OK...

        — Eta gauza bat! Alde berera tiratuko duzue denek. Bestela ez gara sekula helduko.

        Apezaren aldia zen karkaza gordinaren askatzeko. Indarka sumatzen genuen. Zinez ari zen. Astuna zirudien gora zetorren kaxak. Agertu zitzaigunean harritu egin ginen. Soka abantzu laxatu genuen. Petik hatsanka zebilen bultzatzailea izutu eta bristan jalgi zen ireki genuen sarraski zizkolatsutik. Lohiz emokatua. Akitua. Begi bistan geneukan zera. Gau ainarak eta harpe txoriak mututu ziren. Euria gelditu zen. Urruneko zakur zaunka baten oihartzunak kamionetako aitzineko jargietan lotan zegoen Scully esnatu zuen. Deborah-ren altzora hupatu zen. Hilkutxaren inguruan nehor ez zen urrats baten egitera atrebitzen. Apeza ere hormatu zitzaigun.

        — Duela mende laurdena ukitu nuen zera hau. Hementxe dago Santxo Etxeberri gizagaixoak trentzatu gurutzea. Ez litezke sekula santan goroztegi zatarrak inarrosi behar.

        — Anaiari zor diozu.

        Lanean mailegatu erratzarekin xahutu nuen mutxituriko kutxa. Etxepare belaunikatu egin zen besoak zabalik. Lubarri alta ez zen Golgota! Deborah eta Zokok berdin egin zuten. Ilse haritzaren maldan kuzkurtu zen. Nolwen keinuka ari zitzaidan:

        — Eta orain zer?

        — Irekiko dugu. Ez dugu beste egitekorik, ez?

        — Zure esku! —desafiatu ninduen andraideak, burdin barra aurtikiz.

        Izuzko uhinak nabaritzen nituen nigan igotzen. Kemena eskastuko ote zitzaidan? Astebete Janaren hatzetarik genbiltzala eta T tenorean zalantzaz malgortzen ari nintzen. Ez nuen nire burua ezagutzen. Ausartagoa nintzen normalean. Herioaren aurrean normalitatea zer zen galdatu nuen nirekiko.

        Burdin barrarekin lau kantoietako iltzeak jauzarazi nituen. Erdikoak bigarren oldean. Kutxaren tapakia mugitu zen eta zizkek ausiki mihise tartaila zirtzildu zitzaigun.