Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera hasi zitzaizkidanan etortzen gela egitera. Dutxen gela hartuta ez badago Fredek garbitzera eramaten nain, Veroniquek gela egiten duen bitartean. Dutxetan beste eri batzuk baldin badaude, gelan egoten naun Veronique lanean ari dela.

        Fredek besoetan hartu eta ohetik gurpil-aulkira eramaten nau, Veroniquek ezer baino lehen ohea egin diezadan. Nahita ere ezingo nioke lagundu orain. Ohea eginda dagoenean berriro besoetan hartu eta oheratzen nau Fredek. Beste zereginetara alde egiten du gero, Veronique eta biok bakarrik utzita.

        Ez dugu hitz egiteko ohiturarik. Nik ez diot galderarik egiten eta berak ez du niri buruzko interes berezirik azaltzen.

        Lehengoan ordea, niri bizkarra emanda zorua garbitzen ari zela hizketan hasi zitzaidan.

        — C'est moi qui ai tué mon mari. Ce n'était pas mon frère.

        Hasieran ez nintzen konturatu zertaz ari zen. Erratzaren igurtziekin batera aterako zitzaion purrustadaren bat izan ote zen iruditu zitzaidan.

        — Zer?

        — Nik hil nuela senarra. Ez zela anaia izan —errepikatu zidan beti ere bizkarra emanda eta ahots doinu leun-leunez mintzo.

        Lanean jarraitzen zuen bitartean hasi zitzaidan etxean bizi izandako tragediaren berri ematen, hainbesteko irrikaz itxarondako kontakizunaren amaieraren berri ematen. Ohituraz ziztu bizian burutzen zuen zeregina poliki-poliki egin zuen egun hartan. Zapiarekin ez zeuden hautsak kentzen apaletatik; inoiz garbitzen ez zituen behe-oholak garbitzeko belauniko jarrita; harraskan orban ikusezinak belakiarekin behin eta berriro igurzten. Ispilua garbitu zuenean bakarrik begiratu genion unetxo batez elkarri. Irribarre tristea egin zidan Veroniquek beste aldera begiratu aurretik. Pentsatu nuen ez zitzaiola batere erraza izan behar aitorpen horrekin barrua hustea.

        Ezkondu eta senarrak anaia lekutu zuenez geroztik Veroniqueren bizimodua egonkortu egin zen. Garbiketa-teknikari ikasketei esker kartzela-ospitalean lana lortu zuenetik senarraren zabarkeria jasatea errazagoa zitzaion. Zernahi gerta ere, iheserako atearen giltzatzat zuen lanbidea, askatasunerako bide, gauzak gehiago okertzera. Eta haurdun gelditu zenez geroztik haurra jaio ahala, edo lehenago, alde egiteko aukerarekin gero eta maizago egiten zuen amets.

        Senarraren zabarkeriak aspaldi igaroa zuen hitzen bidezko erasoen marra. Hasierako irainak noizean behineko bultzadekin laguntzen hasi zen, ustekabean emandako zaplaztekoekin. Kolpe gogorren bat ere bildu zuen senarrarengandik mozkor arraila itzultzen zenetan. Beragatik jasan zuena haurragatik ez zuela jasango argi zuen Veroniquek.

        Artean ez zekien mutikoa edo neskatoa izango zen, baina bazekien ez zuela gizon horren eraginpean hazi nahi umea. Bere ustez, neskatoa izatekotan bera jipoitzen zuen bezala jipoituko zuelako, eta mutikoa izatekotan handitzean aitagandik ikasitakoak errepikatuko zituelako, hark bezala jipoituz emakumeak. Laneko atseden unetan erizain eta presozainekin kafea hartzen zuen bitartean entzunak zituen antzekoak. Presozainek asko zekiten horretaz: aitak jipoitu eta tratu txarrak ematen zituelako bihurtu zela halakoa bortxatzaile, edo bestea prostituta eta drogen mendeko.

        — Anaia ustekabean agertu zen gurera. Atea ireki nuenean ia ez nuen ezagutu, bere irudia ezaguna egin zitzaidan arren: zarpail zetorren, adats eta bizar luze. Masailetan negar ildo lehor eta zikinak zituen. Nabarmen zuen ez zegoela bere onean. Horrelakoetan beti beldurtu izan nau. Senarra iraintzen hasi zen, hor al zegoen galdezka. Bertatik bota behar genuela esan zidan lehendabizi. Gero, berehala alde egin behar genuela bertatik. Iritziz aldatzen zuen segituan. Bitartean zin egiten zidan zoriontsu izango ginela hirurok elkarrekin, bera izango zela haurrak behar zuen moduko aita, bion artean heziko genuela. Erreguka hasi zitzaidan, «goazen!», eta gero, «bion artean botako dugu!».

        Veronique saiatu zen anaia zentzatzen, zeukan itxurarekin ez zutela nora joan ulertarazten. Senarra une batetik bestera iristekoa zela esan zion, eta han aurkitzen bazuen zernahi gerta zitekeela. Hobe zuela alde egitea, pixka bat txukuntzea eta berriro etortzea, ordurako gauzak lasaitasunez pentsatuta erabakiko zutela zer egin.

        — Erosketak egin ohi nituen saltegian jarri zidan hitzordua, astelehenean. Asteburuan prestatuko zuela dena, azaltzeko hara beharrezko puskekin betetako maletatxo batekin, uzteko gainerakoa bere kontu. Masailean musu luzea ematen zidan bitartean sentitu nuen zerion kiratsa, zorriak zituen, zornatutako zauriak lepoaldean, hortzak belztuak. Eskua sabelean jarri zidan, goxo, «lasai txiki» esaten zion artean barrukoari. Mutila izatekotan bere izena jarriko ote nion galdetu zidan. Hori ere ez nekiela esan nion, jaio aurretik haurrei izena jartzeak zorte txarra ematen duela esan nionean etsi zuen. Lasaituta joan zen, gaixoa. Baina ordurako banekien hurrengo astelehenean ez nintzela jarritako hitzordura azalduko.

        Veroniquek ez zuen senarragandik libratu eta anaiaren besoetan erori nahi. Aske nahi zuen. Aski zuen. Astelehenean hitzorduaren ordua iritsi bitartean urduri egon zen, bazekien anaiari traizio egiten ari zitzaiola, berriro. Ilunduta jo zuen etxeko atean. Dardarka ireki zion, buruz ondo ikasita zituen hark ulertzeko moduan esan behar zizkionak. Ez zuen ezagutu, alegia, ez zen aurrekoan azaldu zitzaion clochard-a. Baina atarian zuenaren irudia oso ezaguna egin zitzaion: zinez itxuraldatu zen anaia asteburuan. Bere neurrikoak ez ziren arren, batzuk zabal eta besteak estu, arropa berriak zeramatzan soinean, bizarra txukun antzean eginda zuen —zauritxoz josia zuen aurpegia—, eta ilea ere moztuta, ile-apaintzaile ez oso trebe baten lana izan zela ezagun zuen arren. Veroniqueren harridurarako ez zion kargu hartu hitzordura ez agertzeagatik.

        — «Begira», esan zidan ardo botila garesti bat erakutsiz. «Gure bidaiari hasiera ona emateko». Estu besarkatu ninduen, hain estu haurdun nengoela eta kontu egiteko oroitarazi behar izan niola. Sarrarazi nuen eta egongelako besaulkian esertzeko eskatu nion. Poliki-poliki hitz egin nion. Esan nion senarra laster iritsiko zela, ez nuela berarekin alde egiteko asmorik, haurra jaio bitartean ez nuela etxetik alde egiteko asmorik. Muturtu egin zitzaidan. Segituan aldatu zuen aldartea ordea, haurra jaio eta gero alde egingo genuela esanez alaitu zen berriro. Ezetz esan nion, gero ere ezetz. Esan nion haurra jaio ahala alde egiteko asmoa neukala, haurra bakarrik haziko nuela. Asko maite nuela ere esan nion, baina haurraz arduratzea oso nekeza izango zela eta ezin izango nintzela beraz ere arduratu. Ez ninduela entzun uste dut, oso eder nengoela errepikatzen zidan ahots dardaratiz. Hurbiltzeko eskatu zidan, haurra sentitu nahi zuela. Hurbildu nintzaion eta belarria sabelean jarrita haurrari hizketan hasi zitzaion.

        Bat-batean zutitu eta besoetatik heldu zuen anaiak. «Goazen!» esan zion, «goazen, urde zikina etorri aurretik». Ezetz erantzun zion Veroniquek, ez zuela berarekin inora joateko asmorik errepikatu zion, ez orduan eta ezta gero ere. Haurra jaio eta beste nonbait egokituko zenean gonbidatuko zuela etxera, etxea beti egongo zela zabalik berarentzat, baina alde egiteko ordua zuela jada. Paper bat eman zion laneko telefono eta ordutegiekin. Nahi bazuen hara deitzeko edota egoteko zain lanetik ateratzen zenean, arriskurik gabeko lekua zela, senarra ez baitzitzaion inoiz lanera bila joaten. «Badakik», esan zion, «ez ditik kartzela inguruak maite».

        — Ez genuen kanpoko atea irekitzen entzun. Besarkatuta harrapatu gintuen. Hasieran amorante bat zela usteko zuen, sutan hurbildu baitzitzaigun, baina gero anaia zela ikusi zuenean barrezka hasi zen, hari trufa eginez: «Bota al haute zirkutik, pailazo halakoa!». Ez nuen sekula anaia horrela ikusi. Lehoi batek bezala egin zuen harengana, ukabilka, harramazka, ostikoka hartu zuen. Hasieran ustekabean harrapatu zuen erasoak, baina senarra anaia baino askoz ere indartsuagoa nuen, hordituta zegoen bezala egonda ere, eta segituan hartu zuen mendean. Haiek kolpeak ematen zizkionak eta haiek min oihuak anaiarenak. Txorimalo batek bezala astintzen zituen besoak. Hilko zuen utzi izan banio.

        Veroniquek anaiak ekarritako ardo botila hartu eta garondoan eman zion kolpea senarrari. Senarrak lurrera bidean burua mahaiaren ertzarekin jo zuen eta ziplo gelditu zen, borrokaldiaren anabasaren artean, ardo eta odol putzuaren erdian, konorte gabe itxuraz, hilda benetan.

        — «Nik hil dut» esan zidan anaiak bere onera etorri zenean. Ezetz esan nion, ez zela bera izan. Baina bera baiezkoan tematu zen. «Nahigabe izan da, nire buruaren defentsan hil dut Jean-Noel». Ez zuen besterik esaten. Nik, negarrez, ezetz, ni izan nintzela. Argituko geniola dena Poliziari. Baina berak ezetz, biok sartuko gintuztela kartzelara, eta nik haurra zaindu behar nuela.

        Veronique bere senar zenduaren gorpuaren ondoan eserita, negarrez gelditu zen bitartean anaiak alde egin zuen.

        Auzokoak ohituta zeudenez zalaparta entzutera, Veroniquek berak deitu arte ez zen Polizia agertu. Galdeketetan anaiak asmatutako bertsio lausoa eman zien, xok egoeran zegoela aitzakia, xehetasun handirik gabe. Garde-à-vue-aren ondoren epaileak aske utzi zuen, bere aurkako froga zuzen eta sendoegirik ez egoteaz gain haurdun zegoelako.

        Anaiak hilabete luzeak eman zituen bidez bide, Poliziari ihes. Azkenean, nekatuta, bere burua eman zuen arte. Zigorra arintzeko esperantzaz arrebarekin adostutako bertsioa berretsi zien poliziei, txarrenean nahigabeko hilketaz akusatuko zutela espero zuen, eta denbora gutxiren buruan askatuko zutela.

        — Hara! Orain badakizu Dimitriren istorioaren bukaera —esan zidan Veroniquek, garbiketa-tresnak bilduta kanpora zihoala.

        — Eta haurra? Zer da neska ala mutila?

        — Hilda jaio zen.

        Eta joan egin zen. Ezin nintekeen bere atzetik abiatu. Oihu egin niezaiokeen, «Veronique!», etortzeko. Agian, kontsolatu ordez, Dimitri bertatik ateratzeko asmoa ote zuen jakin-mina ase besterik ez nuen nahi, nahiz eta hala izatekotan banekien jadanik ez nintzela abentura horretako bidaide izango.