Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera, boleibolean jolasean hautsitako hatzaren berreziketarako ospitalean ingresatu ninduten egun hartan ezagutu ninan Dimitri.

        Furgoitxoan etorri ginen guztien artean bera eta biok ginen ospitalera gelditzera gentozen bakarrak. Hartara, iritsi ahala kontsulta soila zutenengandik bereizi eta elkarrekin sartu gintuzten itxaronziega batean. Urtebete lehenago Aulkira-Iltzatuak bere elbarritzearen berri eman zidan berbera zela iruditu zitzaidan, ordukoan horman idatzi eta identifikatzeko lagun ziezadakeen idazkuna pintura eskualdi berri baten azpian desagertuta zegoen arren.

        Gazte ihar eta urduri bat zen Dimitri. Itxaronziegan atzera eta aurrera zebilen, ezin geldirik egon, begiak distiratsu, ile bel-beltzak nahas-mahas.

        Nire presentziaz orduantxe ohartu balitz bezala zigarreta bat eskatu zidan.

        Garretzi bat baduzu? Roulé bat? Zigarreta bat? —zer eskatzen zidan ondo uler nezan, aldirietako hizkeran ez ezik frantses arruntean ere galdetuz, galderen artean arnasa hartzeko beta hartu gabe.

        Dorre Bikiak bota zituzten urtean erretzeari utzi niola esan nionean, galtzetako eskuineko poltsikoan bilatu zuen eta bildutako bat atera zuen kontu handiz. Erretzen ez nuenez partekatu beharko ez zuelako pozik zegoela aitortu zidan irribarre bihurriz.

        — Hau gerorako neukan, baina ezin diot eutsi erre gabe!

        Ura eskatu zidan hurrena. Ukorako aukerarik uzten ez dakitenen trebetasunez.

        — Badakizu, subutexa hartzen dut; baina lasai botilaren ezpainak ukitu gabe edango dut.

        Botilatxoa oparitu nion. Pozik hartu zidan. Nirekin pagotxa zuela-eta zer gehiago eskuratu asmatzen ibiliko zen horrezkero.

        — Dimitri naiz —aurkeztu zuen bere burua—. Nahigabeko hilketa batengatik nago kartzelan. Burdin ziri batzuk ditut hemen —eskuineko hanka erakutsi zidan—, eta horiek kentzera ekarri naute hona.

        Nire burua aurkeztu nuen:

        — Mikel naiz, euskal preso politikoa.

        Metrailadorea zuen ahoan Dimitrik, hitzei arnasa hartzen utzi gabe mintzo zitzaidan, gelatxoan atzera eta aurrera gelditu gabe ibiltzen jarraitzen zuen bitartean.

        — Hobe nuke kaskoa buruan jantzita dudala ibiliko banintz. Erori eta buruan kolpe txikiena hartuta konortea galtzen dut, eta esnatzen naizenean ez dakit nor naizen, eta ordura arteko guztiak ahantziak ditut. Haur jaio berri bat bihurtzen naiz, dena irakatsi behar izaten didate, ahora jaten eman behar izaten didate, ipurdia garbitu... Erretzeko grina ez zait kentzen, ordea! Eta zainetako azkura ere ez!

        Hamaika urte zituenerako bost hizkuntza omen zekizkien. Gurasoek munduan barrena eraman zuten, piano kontzertuak emanez eta matematika kalkulu konplexuen erakustaldiak eskainiz.

        Behin, mundu osoko haur gaindohatuen lehiaketa antolatu zuen telebista kate ezagun batek. Platoan elkartu zituzten bera, Frantzia ordezkatzen, eta Errusiako, Italiako, Argentinako eta Ingalaterrako haur bana. Aurrena bakoitzaren jatorrizko hizkuntzak txandaka erabiliz elkarren artean hitz egin behar izan zuten, gero pianoa jo eta, azkenik, logaritmo konplexudun eragiketak nork lehenago askatu lehian aritu ziren.

        Garai zoriontsua izan zen. Bizikletaz zebilen batean, Dimitrik erorikoa izan eta espaloia buruaz jo zuen egunean amaitu zena. Hilabete luzeak eman zituen konorte gabe ohean. Eta esnatu zenean oheburuan beilan zegoen ama ez zuen ezagutu, ez zuen gogoan bera nor zen ere. Orduan izan zuten gurasoek beren haurraren dohainen ifrentzuaren berri. Ehunera doan auto bat segundo baten buruan gelditzearen gisakoa izan zen Dimitriri gertatu zitzaiona. Hartara, lehen urteetako poza eta zoriona, arrangura eta etsipen bilakatu zen. Hamaika urte eta erdiko Dimitri, ordura arteko haur fenomenoa, haur jaioberri bilakatua zen.

        — Konturatzen al haiz benetan zer den hori? Berriro ere jaio banintz bezalakoa zuan! Ez nekian ezer! Ez eta hitz egiten ere. Dena ikasi behar izan nian hasieratik. Eta gurasoek uste zutenaren kontra, ez nian lortu lehen nuen jakinduria bera. Itxuraz, kolpeak garuna ondo matxuratu zidaan, eta jakintzaren errepidea betirako itxita gelditu zitzaidaan. Zast! Kolpe batez! A, a, a! Ez al da ona? Kolpe batez! Orain frantsesez idaztean ere akats ortografiko piloa egiten diat. Baina ziur nagok istripua izan ez banu, dagoeneko euskara ere ikasia izango nuela edo ez nukeela ikasteko batere zailtasunik izango.

        Subutexaren eraginez handituak zituen begi niniak nireetan iltzatu zituen.

        — Zenbat urte ditudala uste duk?

        — Hogeita sei inguru.

        Miresmenez begiratu zidan.

        — Bai, bai... hogeita sei! Asmatu duk! Ona haiz benetan! Txalo! Beno, bada hogeita sei urte izan arren, hamabost urteko nerabe baten adin mentala besterik ez diat.

        Elkarrekin egon ginen denboran adin mentalari zegokionean bederen gezurrik ez zidala esan egiaztatu nuen tarteka. Goitik ez ote zuen jo. Emakumeen bularrekiko obsesio gaizbera agertzen zuen. Ospitalean artatuko zuten emakumezko erizainen paparrak aipatzen zituen behin eta berriz. Zaindari emeen edertasuna goresten zuen, goizetan ziega zabaltzerakoan emakumezkoa egokitzeak eragiten zion plazera azpimarratuz. Presozain eme batek gorputz osoko miaketa egin ziezaion zuen sexu-amets goren.

        Psikiatrikoan egonaldi luzeak eginak zituen. Azken aldian borondatez joan zela esan zidan. Psikiatrikoa ala kartzela jarri ziotela aukeran eta psikiatrikoa hautatu zuela.

        — Nahiz eta han sartuz gero, nireak egina zuela banekian: dortoka abiadura eta barraskilo mukia.

        Pilulen eraginpeko buru-gaixoen ibilera antzeztu zidan, esku-besoak gorputzaren alde banatan luze-luze, indarge, oinak arrastaka, begi-zuriak agerian, ahoa oker, lerdea zeriola:

        — Dodtogka abiazdura eta badaskidlo mugkiak —errepikatu zuen mihia aho barruan lodituz.

        Irribarrez begira egon nintzaion, antzerkitxoa eskaintzen zidan bitartean, eta hasieran gazte zoro horrekin gela berean itxita egoteagatik sentitu nuen beldurra uxatu nuen.

        Euli bati ere kalte egingo ez ziokeen gaztea zela pentsatzen hasia nengoenean zehaztu zidan bere kartzelatzearen arrazoia.

        Bere arreba Veroniquegatik alde egin zuen psikiatrikotik Dimitrik. Eta aldi honetan poliziak atzipetu zuenean ez zioten hauturik utzi, ezkonanaiaren hilketaz akusatuta kartzelatu zuten.

        Berriro ere ikaratu nintzen, nahigabeko hilketa aipatu zidanean beste zerbait izango zela pentsatu bainuen, auto istripuren bat-edo.

        Nahiz eta itxaronziega horretan ez zuen ni erasotzeko modurik, bere esku hutsez ez bazen —eta halako eraso bati aurre egiteko adina sentitzen nuen neure burua—, zitekeena zen baita ere arropen artean metal zati zorrotzen bat gordeta ekartzea. Izan ere, metalak detektatzeko atakatik pasatzerakoan, ateari txistu eginarazi ziena bere hanketako burdin ziriak zirela esanez lor zezakeen labana modukoren bat aldean eramatea. Atea txistuka jartzen dutenei presozainek arropa gainetik eskuez egindako miaketa hain da eraginkortasun gutxikoa, segurtasunaren izenean burutzen duten neurri horren helburu nagusia presoa umiliatzea delakoan bainago.

        Hala eta guztiz ere, bere bizitzaren berri ematen jarraitu ahala atzendu zitzaidan hasierako izua. Dimitri aukerako kontalaria zen, eta, hartara, lilurak hartu zion gaina ikarari.

        — Arrebak beti izan dik ikaragarrizko abilidadea gizon-lagunik aproposenak hautatzerakoan. Txiki-txikitatik hasi zuan mutil alprojenekin maitemintzen. Zorionez, garai hartan, ni beti alboan edo inguruan nenbilkioan. Nik zanpatzen nitian eltxoak, uxatzen mandeuliak. Arrebatxo, arrebatxo... esaten nioan. Arrebatxo, arrebatxo... Ez zunan hiretzako modukoa. Ikusi al dun zein azkar egin duen alde? Gero, besarkatu egiten nian eta kontsolatzen bere maite-mina, eta negar egiten zuenean, musuzapia mingain puntaz bustiz malko arrastoak garbitzen nizkioan, amatxori ikasi bezala.

        Bion arteko harreman estua zela-eta, auzoko haurrek eta eskolakideek iseka egiten zieten. Dimitriri Aingeru Guardakoa deitzen zioten.

        Arreba edertu ahala, Dimitriren babes eginahalak ez ziren aski izan. Dimitrik bekaizti begiratzen zien bere arrebagana asmo lizunez hurbiltzen zirenei. Dimitrirentzat arrebagana hurbiltzen ziren guztiak zerri hutsak ziren eta zerrien antzera jokatu beste asmorik ez zuten.

        — Zakilburu haiek arreba musukatu, haren bularrak eta hankartea maiseatu eta ondorengo beste guztia egin nahi zitean.

        Arrebaganako zuten sexu-grinaren oztopo zen neurrian, arreba eta bere arteko maitasun garbiaren esanahia zikintzen hasi ziren: pédé deitzen hasi zitzaizkion, eta, kontraesankorra zen arren, arrebarekin larrutan egiten zuela hedatu zuten eskolan, ahoz aho eta komunetako ate-hormetako graffitien bidez. Bien izenak ezkontzen zituzten idazkun eta marrazkiekin. Zakila Dimitrirena eta ahoa Veroniquerena zirela argitzen zuten gezi banaren laguntzaz.

        — Arreba maite diat noski! Baina ez zerri horiek iradoki moduan.

        Emakumeekin inoiz arrakastarik izan gabekoa zen Dimitri. Edo beldurtzen zituen edo beldurtzen zuten. Arrebarenganako maitasun goxo eta garbian babestu zen amaierarik ez zuen nerabezaroan trabatuta jarraitzen zuen artean.

        Veroniquek arazoak erakartzen zituen, Dimitriren ustez. Bikote harremanetan iskanbila sortuko zuen kidearekin elkartzeko joera omen zuen. Eta Dimitrik arreba babestu, defendatu eta arazoetatik libratzeko ardura eman zion bere buruari, aita lehendabizi eta ama ondoren hil eta umezurtz geratu zirenean.

        — Alboan izan nuen artean arazoak ekiditeko gai izan ninduan —esan zidan harro.

        Baina Dimitri ez zegoen beti etxean Veronique zaintzeko. Bere buru gaixotasunak eraginda ospitale psikiatrikoan egonaldi laburrak egin behar izaten baitzituen.

        Haietako egonaldi batetik astebururako baimenarekin ateratzen utzi zioten batean hasi zen Dimitriren gainbehera. Euria ari zuen eta haize erauntsiek aldiriko etorbide zabala garbitzen zuten. Harritu egin zen arreba ospitaleko atarian zain ez zuela ikustean. Berandutu zitzaiolakoan, zain egon zen luzaroan, arropak eta garbitzeko beharrezkoekin betetako saltegi handi bateko poltsa besoen artean estutuz, autobus geltokiaren aterpean nola hala babestuz. Ez zen Veronique azaldu ordea. Etsi zuenean, blai, ospitalekoek emandako diruarekin ordaindu zuen etxerainoko taxia.

        Bigarren ustekabea giltza sarrailan sartzen saiatzerakoan izan zuen. Sarraila aldatuta zegoen. Zer egin jakin gabe egon zen ateari begira minutu luzez, txirrina jotzera deliberatu zen arte. Ezezagun batek ireki zion atea. Etxez erratu zela pentsatuko zukeen, sarrerako gelatxoan, gizaseme haren gorputz tzarrak erdi ezkutatuta, ohiko altzari eta koadroak ikusi izan ez balitu.

        Arazo Jauna zen, arreba ezkonberriaren senarra.

        — Ez dakit zerk mindu ninduen gehien, arreba artaburu harekin ezkonduta aurkitu izanak edo ospitalera egindako ikustaldietan deus aipatu ez izanak.

        Ordura arte Dimitri izan zen Veroniqueren konfidentea eta aholkularia. Segituan asmatzen zuen berak noiz zegoen arreba maiteminduta. Eta halakoetan, norekin zegoen txora-txora eginda aitortu bitartean ez zion bakerik emango. Gero, bion artean aztertuko zuten ezkongaia, eta, gehienetan, Dimitriren argudioak gailentzen zitzaizkion Veroniqueren bihotzari. Hautagairen batek Dimitriren hasierako galbahea gainditzen bazuen, familiako aurkezpen bazkaria baino urrunago ez zen joango bikote harremana. Anaia ezagutu eta gero ez zen gehiago agertuko ez Jacques-ik edo Raymond-ik haienera. Bazekien Dimitrik nola jokatu horretarako. Bazkari gogoangarriak eskaintzen zizkien. Ez zuen inork Dimitri bezalako ezkonanai baten zama bizkarrean hartu nahi izaten. Arreba kontsolatuz amaitzen zuen Dimitrik afera.

        Arazo Jaunak partida irabazi zion ordea. Bere absentzia baliatuz, hori bai. Eta arrebak traizio egin ziolako ere, sekula ulertu ez zituen arrazoiengatik.

        Denbora galdu gabe jakinarazi zion Arazo Jaunak etxe hartan bere desioen arau bizi zirela. Dimitriren gela apopilo-gela bihurtua zuten.

        Afalorduan, aho ertzeko koipe arrastoa esku gainaz garbitu ostean, etxean zenbat denboraz gelditzeko asmoa zuen galdegin zion ezkonanaiak. Arrebari begiratu zion Dimitrik, laguntza eske. Irribarre egin zion atsekabez arrebak; ez zuen hitzik egin bera defendatzeko. Altxatzeko keinua egin zuen Veroniquek.

        — Bai, hori da, hoa sukaldera eta ekarri egidan garagardo fresko-freskoa —agindu zion Arazo Jaunak.

        — Niri beste bat, mesedez —eskatu zion Dimitrik.

        — Ez. Xoro honentzat alkoholik gabeko freskagarria ekarri, ez dinat-eta arazorik izan nahi!

        Umiliatuta zegoen, gurasoen etxean bertan, beren etxean, arrotz batek umiliatua.

        Ez zuen ireki arrebak ekarritako freskagarria. Arazo Jaunak garagardo lata ireki eta ia hurrupa batez hustu zuen. Korrok egin, ezpainetako aparra garbitu eta galdegin zion:

        — Eta?

        — Zer?

        — Zenbat denborarako haugun apopilo. Ez al duk entzun galdera edo ez duk frantsesa konprenitzen? Zer dituk belarriak ezkoz beterik, edo oraingoan garuna denbora gehiegiz eduki ditek garbigailuan sartuta?

        Barre egin zuen ozen ezkonanaiak bere ateraldia apaintzeko. Veroniquek ahoa irekitzeko keinua egin zuen.

        — Isilik, hi!

        — Ez hitz egin horrela arrebari! —sutu zen Dimitri.

        — Nahi dudan bezala hitz egiten zioat nire emazteari, azostoa! Eta hik, erantzun behingoan, noiz arte izango haugu traban?

        Ireki gabe gelditu zen freskagarri-lata. Altxa, apopilo-gelara joan, bere gauzarik maiteenak eta beharrezko izan zitzakeenak nahas-mahas motxila batean sartu eta alde egin zuen Dimitrik.

        — Zakur makilatua bezala joaten utzi zidaan arrebak.

        Ez zen astelehenean, baimena amaitutakoan, ospitale psikiatrikora itzuli. Harrezkeroztik alderrai ibili zen, noiz oinez ibilaldi luzeak eginez eta noiz auto-stopez, ez zenean trenez, txartela ordaindu gabe. Non gertatu, han ostatu, Xabierrek esango zukeen moduan.

        Noizean behin, oso egoera txarrean zegoenean, larrialditakoek ospitalera eramaten zuten. Ospitalean egonaldiak egiten zituen alkoholaren eta heroinaren atzaparkadetatik askatzen saiatzeko. Pilulez galkatzen zuten eta ondo antzean ikusten zutenean berriro askatzen.

        — «Adiorik ez, hurren arte baizik». Bazekitean laster gabe bezero izango nindutela, larruzko uhaldun ohera lotuta edukitzeko denboralditxo batez, gau eta egun.

        Tarte horretan guztian, behin ere ez zuen arrebaren berri izan. Ospitalean ingresatzen zutenean, SDFtzat jotzen zuen bere burua, Arazo Jaunak okupatutako bere etxeko helbidea emateko harroegi. Hartara, denbora tarte horretan ez zuen behin ere arrebaren bisitarik jaso ahal izan.

        Dimitrik ere ez zuen arrebaren eta Arazo Jaunaren berri zuzenik izaten. Ez zen haatik denbora luzez haienetik urruntzen. Bere bidaldiak gero eta laburragoak bihurtu ziren, iman batek jaiotetxera lotuko balu bezala. Bidaiaren batek, oharkabean jaioterritik nahi baino gehiago urrutiratzen bazuen, azkar itzultzeko modua aurkituko zuen. Gero eta gustukoago zuen auzoan ibiltzea, arreba ustekabean gurutzatuko zuen esperantzaz, baina etxera gehiegi hurbiltzeko beldurrez, Arazo Jaunak bera ikusiz gero nolako erreakzioa izango zukeen sumatuta.

        Azkenerako, arreba berriro ikusteko sentitzen zuen beharra garagardo edale urde hari zion beldurrari gailendu zitzaion. Hura arrisku gabe ikusteko egitasmo bat lantzeari ekin zion orduan.

        Lehen urratsa, aurrerantzean bizileku izango zuen kanpalekua haien etxetik hurbil zegoen saltegi handian kokatzea izan zen. Oso leku aproposa zen bere asmoetarako. Bizirauteko beharrezko elikagaiez dohainik hornitzen zen bertan; eta arrebak erosketak han egiteko ohitura zuenez, arriskurik gabe zelatatu zezakeen. Ordutik aurrera, arreba ikusteaz gain, haren bizimoduari buruzko informazio ugari eskuratzen hasi zen.

        Lander ibilitako denbora luzearen ondoren eta ondorioz zeukan zarpail itxura zuen zelatari lanerako mozorrorik egokiena. Nahiz eta ez zuen guztiz uxatu arrebak bera zela sumatuko ote zuen kezka: bien arteko lotura psikologiko indartsua zela medio, adabakiz jositako arropak eta ile-mataza eta bizar luze eta zikinak ez ote ziren aski mozorro izango.

        Hurrena, arrebak erosketak zein egun eta ordutan egiteko ohitura zuen ikasi zuen. Ohartu zen bakarrik egiten zituela. Arazo Jaunarekin agertu zen aldi bakanetan ere ez zituen harekin egin. Urde zikina auto barruan gelditzen zen erretzen. Arreba gurditxoa mukuru beteta iristen zenean ere ez zen ateratzen hari laguntzera. Atzeko atea irekitzeko botoiari sakatzen zion eta Veroniquek sartzen zituen erosketak autora. Etxera iristean eszena errepikatzen zela irudikatzen zuen Dimitrik: alegia, Veroniquek garraiatuko zituela autotik etxe barrura erosketa-poltsa zamatsuak, Arazo Jauna, hozkailutik garagardo bat hartu ondoren, kanapean etzanda teleagintearekin emankizun ergelena topatzen saiatzen zen artean.

        Arrebaren erosketa-gurditxoaren edukiari begiratuta ere asko ikasten zuen. Bazekien noiz zuten janari berezia edo gonbidaturik etxean. Izoztutako jakien kopuruagatik bazekien mikrouhin labeak egiten zuela batez ere sukalde lana, arreba ez zen-eta sekula cordon-bleua izan. Txokolate kopuru eta mota anitzek ematen zioten arrebaren gogo beheraldien berri. Hunkitu ere egin zen Dimitri bere gutizia maitatuenak erosten jarraitzen zuela ohartu zen egunean.

        Astazakil hark zaborra bezala etxetik bota zuenean hatz tipia ere mugitu ez bazuen ere, ñabardura horiek adierazten zioten oraindik bihotzean gordetzen zuela arrebak. Orduan, harekiko amorrua baretzen zitzaion, barkatzen zion eta egunen batean, lehenago bezala bere laguntza behar izango zuenean, hurbil egongo zela pentsatuz kontsolatzen zen.

        Eskekoaren mozorroak gero eta ausartago jokatzera eraman zuen Dimitri. Arrebarekin batera saltegian sartzen hasi zen. Ez zen harengana hurbiltzen ordea, eta denbora gutxiren buruan antxintxika alde egiten zuen, lapurtzat har zezaten arriskuari muzin eginda. Veronique hurbilean sentitzeak dardaraz jartzen zuen.

        — Eskuak dardarka eta bihotza taupaka jartzen zizkidaan, arnasestuka ateratzen ninduan.

        Arrebak alde egin arte ez zen Dimitri bere elikaduraz arduratzen hasten. Erosketa-otorduak bertan egiten zituen. Har eta jan. Jogurtak edan, gazta-urdaiazpiko bokatak irentsi... Hainbatetan harrapatu izan zuten zaintzaileek eta zabarki kanporatu, urdailean barruratutakoa kobratu ezinik.

        Azken bezeroak lekutu, saltegia itxi eta langileek bazterrak husten zituztenean iristen zen bere atsedenlekua antolatzeko ordua. Kartoizko kutxa handiak erabiliz eraikitzen zuen gauerako aterpea eta ohantzea.

        Bizimodu horretara ohituta luzaro jarrai zezakeen arreba zelatatzen. Edozein hiritar arrunten ordutegi finkoen antzekoaren arabera bizi zen, ohikeria goxoan. Dimitriren presentzia iraunkorra saltegiaren bizitzako osagai bilakatu zen hein berean txertatu zen egunerokotasun aldagaitz hori beragan.

        Denboraldi zoriontsua izan zen, modu horretan bere buruari egindako zina betetzen zuela uste baitzuen: arreba zaintzea, kosta ahala kosta. Bi gertakizunek anaia ohilduaren ohikeria goxo hura hautsi zuten arte.

        Udazkeneko egun hits batean izan zen. Aspaldian begien aurrean zuena ikusi zuen azkenerako. Ikusi nahi ez dena beti begi aurrean, esango luke Xabierrek. Arreba astean bizpahirutan ikustearekin bere aingeru-guardakotza betetzen zuelakoan, ez zuen jakin izan ikusterrean zuena behar bezala ulertzen.

        — Zozoa ni! Ez al nituen bada Arazo Jauna eta bere kastakoak aspaldian ezagutzen? Ez al ziren bada, hain zuzen ere, bera bezalakoxeak arrebak bereziki erakartzen zituen arrak? Ez al nuen haiengandik babestu txikitatik? Zer uste nuen gertatzen zela arrebarenean Arazo Jaunak hozkailuko garagardo guztiak hustean, zeharo hordituta gehiagoren eske hasiko zenetan, edota besterik gabe garagardoa bere gusturako epela aurkitzen zuenetan? Zer inportako zitzaion hari gauerdian saltegi guztiak itxita egotea edota garagardoak izozkailuan sartuta ere hozteko denbora behar izateak? Lepoko zainak puztuta, gorrotoa azal zulo guztietatik zeriola, nork ordaintzen zuen haren txepelkeria, arreba maiteak ez bazen?

        Arreba supermerkatura erosketak egitera sartu zenean betaurreko beltzak jantzita zeramatzala ohartu zen Dimitri. Udazken egun euritsu hartan, eguraldi zakarra egiten zuen arren.

        Arrebak ordaintzen zituen harenak. Jo egiten zuen, noski. Kolpatu, ukabilkadaz, dinbi-danba, ostikoz joko zuen, iletatik tiraka hormaren kontra botako zuen, irainduz altzarien kontra bultzatuko zuen, konorte gabe utzi arte batzuetan, negar malkotan eta intzirika beti, odoletan ez bazen ubelduekin, begi bat more, negarrez, ziur.

        Atsekabetuta eta bere buruarekin haserre zegoen Dimitri harrezkero, begien aurrean eduki zuen tragedia ikusi ez zuelako, bera «detektibe jolas txatxuekin» zebilen artean. Arratsetan, arreba ikusi izanagatik kartoizko lastairan pozik etzaten zen bitartean, gizatxarrak Veronique torturatzen ziharduen. Orain, begietako lausoa jausi ostean argi ikusten zuen, etxera iristean afaria prest ez zegoelako, alkohol gaindosia komun-zuloan hustu aurretik, zaplazteko parea emango zion; eta txahalaren arrastoak aho ertzetik garbitu gabe oraindik amaituko zuen zeregina. Alferrik zukeen Veroniquek atea kisketaz itxiz logelan babestea.

        — Ireki ezan, urdanga zikina, atea botatzen badut okerrago izango dun-eta, zintzurra egingo dinat, alutik gora sartuko dinat ganibeta —esango zion.

        Afaria prest egoteak ez zuen salbatuko. Bazukeen beti aitzakiarik ukabilez eta ostikoz Veroniqueren gorputza astintzeko: afaria hotz zegoelako, ez zelako bere gustuko jakia eta ondo zekielako, ea nahita egiten ote zuen. Jan-edan kontuak ez baziren, etxeak txerrikorta zirudiela-eta platerak txikituko zituen zorura eta hormen kontra botata, matrailekoak ematen hasi aurretik.

        — Zertan ematen dun egun santu osoa, alferrontzi halakoak? Bazakinat nik, bai: hire laguntxo kaskarinekin txutxu-mutxuan. Hobe dun hori izatea, bai, ez dezadala inoiz jakin amorante baten besoetan egoten haizela. Halakoren batean harrapatzen bahaut, haren zakila irentsiko dun, bai, hari moztu ostean ahoan sartuko dinadanean!

        Zabaldu zituen begi biak azkenerako! Ikusi zuen etxean gertatzen ari zen tragedia. Hor zihoan arreba, gurditxoa erosketez mukuru aparkalekuan barrena. Herren zebilela iruditu zitzaion. Eta ibilera hori lehenago ere antzeman ziola gogoratu zitzaion. Eta ondoren ohartu zen udan mahuka edota lepo luzedun atorrekin ikusterakoan harritu izan zela.

        Zelatan ibilitako denboran ikusi zituenak oroitzen saiatu zen, froga bila. Baina behar al zuen halakorik. Zer froga gehiago behar zuen? Ez al zegoen argi baino argiago urde horrek arreba xehatzen ziharduela egunez egun? Amaitu ziren amets garaiak, ameskeriak, behingoagatik gizon portatu behar zuela erabaki zuen Dimitrik.

        Zer egin? Joan zitekeen etxera. Aukera bat zen.

        — Hator, arrebatxo, nik zainduko haut. Goazeman hemendik urrun. Guyanara edo Tahitira. Goazeman biok, elkarrekin, txikitan bezala.

        Veroniquek zer erantzun ziezaiokeen ere aise irudika zezakeen.

        — Utz nazak. Zer habil? Urrunera? Nora baina? Eta nola! Ba al daukak dirurik, Dimitri? Begiratu al diok hire buruari? Ni ondo nagok, anaia, ondo nagok. Zer diok, jo? Zertaz ari haiz? Ez diat harengandik banandu nahi. Utzidak bakean bizitzen.

        Etxera joan aurretik ere bazekien Arazo Jaunaren adinakoa ez zela.

        — Gainera, emakume jipoituek ez ditek tratu txarrak ematen dizkietenengandik aldendu nahi izaten, Mikel, badakik. Maite dituztela uste ditek. Barkatu egiten zietek. Beren errua dela uste izaten ditek.

        Bururatu zitzaion baita ere arreba etxetik ateratzea ez lortzekotan, agian errazagoa izango zitzaiola alderantziz egitea, alegia, Arazo Jauna aldenarazten saiatzea. Segituan ezinezkotzat jo eta baztertu zuen ideia ordea.

        — Bi gertakari aipatu ditiat —esan zidan Dimitrik bere jardunaren doinua aldatuz.

        — Bai.

        — Bigarren gertakariak lehenarekin hartu nuen erabakia sendotu zian, eta premia ez ezik kontuak presa ere bazuela erakutsi zidaan.

        Veronique erosketak gurditxotik ateratzen ari zenean ohartu zen poltsak gurditxotik atera eta autoaren atzeko kutxara lekualdatzerakoan gorputza kontuz makurtzen zuela, bizkarreko minez balego bezala. Eta horixe pentsatu zuen aurrena, sasikumeak kolpe txar bat eman ziola bizkarraldean. Ez zituen ohiko mugimendu axolagabez hartzen poltsak; guztietan arrautzak baleude bezala ari zen.

        Zutitu zenean zorrotzago begiratu zion. Eta orduan ikusi zuen Veroniqueren sabelaldea.

        — Ergela! Itsua! Ergel itsua! Neurekoia! Baboa!

        Isildu egin zen, niri tinko begiratuz.

        Badaezpada ere ez nuen ahoa ireki, nahiago nuen berak esatea esan beharrekoa.

        — Ez al duk ulertzen? Urdeak haurdun utzia zian!

        Sutan zegoen Dimitri, esku-besoekin imintzioak eginez itxaronziegan atzera eta aurrera zebilen, biraoka, bakarrizketari lotua zitzaion, niri kasurik egin gabe.

        Orduantxe zabaldu zen atea. Kartzelazainak ospitaleko sarrera-fitxa betetzera deitu gintuen, lehenik ni eta gero Dimitri, hurrenez hurren.

        Izapideak bete nituen, preso-zenbaki berria eman zidaten, telebista alokatu nahi nuen galdetu zidaten (8,38 ¤ astea, ospitalean ez dago alokairu beherapenik); baietz erantzun nien, neramatzan puskak miatu ondoren kartoizko kutxa batean sartu zituzten eta arropa-dendetan egoten diren aldagelen antzeko batean sartzeko agindu zidaten, burutik oinetaraino biluzarazi eta gero arropak miatzeko.

        Itxaronziegan gelditu zen Dimitri, ni, kartoizko kutxa besoetan neramala, kartzelazainari jarraitu nintzaion artean, hilabetez nire bizileku izango zen gelaraino. Kartzelan maiz gertatzen den bezala, Dimitri agurtzerakoan ez nekien berriro ere ikusiko ote nuen, nahiz eta kartzela-ospitalean ingresatuko gintuztenez etxarte-orduan elkar ikusteko aukerarik izango genuela espero.

        Bere bizitzaren berri ematen hasi zitzaidan une beretik bururatu zitzaidan ipuin edo kontakizun baterako pertsonaia aproposa zela. Eta kontakizunean aurrera egin ahala, kontatzen ari zitzaidana asmatua edo benetakoa ote zen arduratu gabe, esandakoa ahalik eta leialen transkribatzearekin aski izango zela pentsatu nuen. Horretarako, etxartean berarekin elkartzekotan, haria eten zuen lekuan berrartu eta kontakizuna amai zezan lortzea besterik ez nuen.

        Ez nekien oraindik gau ilunean ezantzaz betetako pertzaren ondoan erlabioak erakartzeko pizten den eskuargiaren antzekoa izango zela Dimitri niretzat. Eta ni ezantzan harrapatuta geldituko zen erlabioa.