Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna. Ahotsean kloroformoa balute bezala hitz egiten diten. Irudipena izaten dinat piztia hiltegira daramatenek ez ote duten ahots doinu goxo bertsua erabiliko.
Nork maite du ospitalean sartu ahala sudur-zuloak erasotzen dituen eta aldi berean gaixotasunaren mozorro eta salatari den medikamentu usain sarkor hori? Inork ez. Segituan buelta eman eta etorri bidetik alde egin nahi genuke. Alabaina gaixoari bisita egitera etorriak gara. Guk jango ditugun bonboiak oparitzera, usaindu ezin dituen loreak eskaintzera, irakurriko ez dituen edo irakurri ezin dituen aldizkari eta liburuak ekartzera. Ospitalera etortzeak sortzen digun ikara gaindituta etorriak gara, maite dugun pertsona ikustera edo, behartu antzean, konplitzeko.
— Zer moduz zaude?
Hark, oxigeno maskara kenduta:
— Ondo, ondo —ahul batez erantzuten digu.
Nola egongo da ba? Bizirik. Eta ez da gutxi.
Nola egongo da ba ondo? Bertatik alde egiteko gogoz, hori bai. Baina, ondo? Ez, ez, sekula ez. Ezinezkoa baita ospitale batean ondo egotea.
Erizain, mediku eta Osasun Laguntzaile Teknikoen lan baldintza eskasei buruz zerbait esaten hasten nintzenean, Xabierrek hitza kentzen zidan umore txarrez galdetzeko ea zein sindikatutako bazkide nintzen. Ospitaleko langile orori bere atsotitz maiteenetakoa zen gustuko aldapan, izorra hadi zakar bat eskainiz amaitutzat ematen zuen hizketaldia.
Iruditzen zait harira ez zetozenean ere erabiltzen zituela Xabierrek atsotitzak. Nahierara eraldatuz gainera. Ez dakit memoria arazoengatik ala nahita egiten zuen. Edonola ere, naufragoaren buiak ziren beretzat. Elkarrizketaren ibaian ez itotzeko erabiltzen zituen heldulekuak. Iragan galdu batekin lotuta mantentzen zuen zilbor-heste ahula osatzen zuten Xabierrek oroitzen zituen esaera zahar horiek, perla gehienak galdutako iduneko higatua.
Eta nik Xabier bera izan dut ospitaleko naufragio honetan buia. Kartzelan ezagututako gremlin, pirata eta bestelako piztien pasadizoak noizean behin kaier batean biltzen nituen bezala hasi nintzen Xabierrek esaten zizkidanak idazten.
Gutxira ohartu nintzen, Xabierrengandik beste inorengandik jaso ez nezakeena jasoko nuela. Eta, horrela, kaier berezi batean hasi nintzen idazten Xabierrekikoak.
Kaier hura hornitzen hasi ahala nabarmen egin zitzaidan Xabierrek kontatzen zizkidanak sailkatu behar nituela, ulergaitz zitzaizkidan kontu zaharrekin batera bere haurtzaroko pasadizoen berri ematen baitzidan batzuetan, eta gerra garaian bizitakoak beste batzuetan, denak nahas-mahas.
Hartara, hasieran kaier bakar zena, Xabierren Kaiera, alegia, biderkatu egin zen: Xabierren Gerrako pasadizoak, Xabierren Atsotitzak, Xabierren Haurtzarokoak, Xabierren Kontu ilunak...
Ez dut uste konturatu zenik zenbaterainoko garrantzia izan zuen nire ospitaleko bizitza bakartian. Oraindik ere, gure artetik desagertu den arren, berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du Xabierrek niretzat. Beragatik ez balitz aspaldi egingo zukeen-eta nireak. Erkide baten laguntasunaz gain, Xabierrek ospitale honetako arriskuen berri ematen baitzidan. Maiz ohartaraziz zeri eta nori egin behar nion kontu, noiz egin behar nuen gaubeila ustekabeko ustezko eraso baten zain. Erne egoteko esaten zidan. Ez zuen asko asmatzen, baina berari esker kartzelaren zamapean lokartzea ekidin nuen. Erne mantentzen irakatsi zidan.
— Kartzela frontea da, Mikel! Kartzela ere frontea da! Ez lokartu! Hemen ere batailak irabazten dira! Hemen ere batailak galtzen dira!
Ez zegoen ados beste presoekin nuen harreman motarekin. Bere ustez euskaldunok euskaldunokin baino ez genuen izan behar harremana.
— Gu ez gaituk hauek bezalakoak —esaten zidan, arruntak deitzen zituenak irainduz.
Errieta egiten zidan arruntekin tratu gehiegi nuelakoan, eskuzabalegia nintzelakoan. Lapur, gezurti, salatari, bortxatzaile eta hiltzaile hustzat zituen denak.
Ospitale honetan gauzkaten presoei buruz hizketan hasten nintzaionetan zakar erantzuten zidan:
— Ero txarrenak ez daude giltzapean.
Zaindariei buruz ari ote zen? Erizain eta medikuei buruz? Kanpoko munduan libre bizi diren gaizkileei buruz? Galdetu arren ez zidan zehaztu nahi izaten.
— Non daude ba horiek, Xabier?
— Giltzapean ez behintzat!
Kaierak bete ahala ohartu nintzen, erabakitako sailkapena mantentzea gero eta zailagoa zitzaidala. Izan ere, eta errazena zirudienetik hasita, atsotitzak bere horretan transkribatzea ez zen aski, atsotitza zein testuingurutan atera zuen ere aipatzea beharrezkotzat jo bainuen.
Atsotitzen Kaierean atsotitza hizki larriz apuntatzen nuen eta hizki txikiagoz ematen nuen testuinguruaren berri. Kontua da, atsotitza bota zueneko kontakizuna, atsotitz eta guzti, beste kaier batean, adibidez Gerrako pasadizoak izenekoan idatzi behar nuela gero. Lan bikoitza.
Buruhauste handia izaten nuen Xabierrek atsotitzez apaindutako gerrako pasadizo baten kontakizunaren erdian bere haurtzaroko gertaera bat oroitzen zuelako, edota «kontu ilun» deitzen nion horietako bat ateratzen zuelako, nire ustez kontatzen ari zitzaidanaren harira ez zetorrena.
Banatutako kaierek, menditik jaisten diren errekastoak ibai berera bezala egiten zuten, guztiek bakar batean berriro bil nitzan eskatuz.
Batzuetan Xabierrek bere gelako isilean kontatutakoa bostetan banatzen nuen eta gero Kaier Nagusia deiturikoan idazten nuen kontakizun osoa. Alderantziz egiten ez nuenean, osotasuna lehendabizi eta gero sailkapena.
Kontua da, arlo bateko kaierean kontakizun osoaren atala idazten hasten nintzenean ez nuela jakiten non moztu behar nuen, nola eta noiz banandu haurtzaroko oroitzapen horren kontakizuna eta gerrako oroitzapenaren artekoa.
Gaua kaieretan idazten pasatu eta gero, biharamunean Xabierrekin berretsi nahi izaten nuen berak kontatutakoa leialki idatzia nuela. Eta orduan izaten zen akabua.
Bezperan berak kontatutakoaren transkripzioa irakurtzen nionean, txalo egiten zidan, edo irribarre zabal eta horzgabea eskaintzen zidan, pozarren.
— Mikel! Hi haiz hi! Hik daukak hik irudimena! Nola egiten duk halako ipuin politak asmatzeko!
— Xabier... —hasten nintzaion protestan, alferrik.
— Horren segida idatzi behar didak biharko.
Eta gelara itzulita, bezperan berak kontatu zidanari segida asmatzen nion. Gauaren erdia idazten pasatzen nuen, goizean irakurtzen nionean bere gustukoa izango zen ziurtasun osoz idazteak ematen duen plazera aringarri nuela.
Xabier desagertu zen biharamunean, aingeru guardakoaren babesa galdu izan banu bezala, bizitza «zilborraren altueratik» ikustera kondenatu nauen Istripu Handia izan nuen. Eta bera ezagutu aurreko bakardadera itzultzeaz gain, egunez ospitaleko korridoreetan nabilenetan edota gauetan loak ezin hartu sabaira begira nagoenetan, oraindik ere nire egoerak okerrera egin dezakeen irudipena izaten dut, nire bizitza dela ospitale honetan arriskuan dagoena.
Ez dut jada arriskuez ohartaraziko nauen inor, eta Xabierri esker mantendutako lehengo ernetasun hori galtzen ari naizela ohartua nago. Hau borroka frontea dela behin eta berriro oroitaraziko didan inor ez dut, ezpada ispiluan ikusten dudan neure burua.
Bere kaierak begiratzen ditut, lan amaigabe bat bezala, inoiz amaitu ezingo dudan lan bat bezala. Hutsunez betetako iragan galdu bat bezala.