Sun Valley Express
Gaitz sendaezina gurea. Txikitan ikusitako filmen eraginarena. Halaxe, Sun Valley Express izenekoa ikustean Poney Express etorri zait behingoan gogora. Hura, zaldien bidezko posta zerbitzua zen; oraingoa furgonetaz egiten den posta eta bidaiari zerbitzua da. Biak ere biak ingurumen berean, ehun urteko aldeaz. Far West izan zen honetan, Idahon.
Sun Valley Express izenekoak Boiseko Aireportuan du abiaburua eta helmuga. Bada, horraxe ekarri naute, goizean goiz, 2005eko Basko Jaialdiaren azkenaurreko eguna den honetan, uztailak 29 dituela. Bidaia honetan ekarri dudan helburua ez baita horretan egotea. Hala izan balitz, ostera, damuturik nengoke hona etorri izanaz. Ustezko baserri-giro idealeko trikitixak eta kirolak, txorizoak eta taloak, halakoak eta bestelakoak, niretzat mamirik gabeko oskolak. Haatik, New Yorken jaioa eta hazia den Michellek beste ikuspuntu bat du honetaz guztiaz. Haren ustez hemengoek beharrezkoa dute hau dena, nahiz eta ni bezalakoek horren sakoneko zergatia ulertu ez. Zabaltasunez hartu behar dugu elkarrena, bai.
Boisen nago, nolanahi ere, Idahon, eta hemen nagoela-eta, baskoak hain maite ei zituen Ernest Hemingwayren hezurrak dautzan hilobia bisitatu nahi nuke, bidaian abiatzeko motiboetako bat horixe izan bainuen. Jaialdia amaitzekotan da, ostera, eta orain arte ezin izan dut hilobia bisitatzeko plana biribildu. Bill, email bidezko laguna, gaur iluntzean da Sun Valleyra itzultzekoa.
Billekin harremana Nevadako basko baten bidez egin nuen. Antza, euskal artzainen ospakizunen batean ezagutu zuten elkar lagun baskoak eta Billek, izen osoz William L. Smallwood, artzainon artean Egurtxiki izenaz ezagutua ei dena. Datu hori bere horretan geratuko zatekeen nire basko lagunaren oroimenean, halako batean nire lagunari Billek berak Hemingway ezagutu zuela eta Idaho Hemingway liburuan parte hartu zuela esan ez balio. Laguna nitaz gogoratu, emaila eskatu, niri bidali eta hona orain ni Boiseko Aireportuan, Sun Valleyra Hemingwayren laguna eta hilobia ezagutzera joateko orduaren zain.
Diodan moduan, posta bidezko harremana egin genuen Bill Egurtxikik eta biok. Emailez. Hemingwayren harira idatzi nion, elkarri liburuak igorri genizkion eta, halaxe gonbita egin hark niri; egunen batean ahalko banu zalantzarik gabe etortzeko bere etxeetako edozeinetara, hala Arizonara neguan nola Idahokora udan, urtea halaxe banatzen duela eta. Hala bada, esan egin niolarik udan hona etortzekoa nintzela etxeko telefonoa eman zidan. Egunotan hortxe jardun dut deika eta deika, eta hartu ez gizonak. Halako batean mail zaharretan begiratu dut eta, ene! Nire ohiko despisteak. Ez zidan ba esan astean zehar kanpoan izango zela, baina gaur iluntzerako etxean?
Mezua berreskuratu bitartean hortxe izan naiz, zalantza betean, Sun Valleyra goizean abiatu eta gauerako itzulita egon nintekeen ala ez. Galdetu, eta ezetz. Denbora eta lekuaren kalkuluak okerretara egin ditut. Ameriketako Estatu Batuetako mapak begiratzean ez gara hemengo neurrien benetako tamainaz jabetzen. Sun Valley Express furgonetak goizean hona etorri eta eguerdi ostean hara itzuli egiten du. Bigarren hori 14:50ean. Horrexetan abiatzea eta bihar itzultzeko arriskua hartzea erabaki dut. Arriskua, ez baitakit ni hara iristean Bill etxera itzulia izango ote den. Eta ez daukat bestela non lo egin aginduta. Nolanahi ere Expressek hiru orduko ibilbidea duenez, seietan Sun Valleyn egongo naiz, diot nire artean. Ez litzateke lar berandu ostaturen bat bilatzeko.
Aireportuan bertan erosi dut bidaia txartela, izenduna dena. Ordutegia galdetu ostean, jakina. Eta denbora eman alde liburu-dendara jo dut.
Hortxe ikusi dut Bruce Springsteen adoratuaren irudia aldizkari bateko azalean. «The Boss, urteetan eman duen elkarrizketa bakarrean». Alabari opari eroateko erosi dut aldizkaria, beronen izenari begiratu barik. Beste bat ikusi dut, Antonio Banderas azalean dakarrena; hori ere erosi dut, oparitzako baita. Eta Idahoko historiaz liburu mardula ere, hau neuretzat. Denak zakutoan sartuta irteerara noa.
Sun Valley Express, letra handietan du idatzirik izena furgoneta beltzak. Horixe da. Aspaldiko diligentzien ondorengo peto-petoa. Kendu haiei zaldiak, gehitu motorra, jantzi kanpoaldea metalez, eta hortxe emaria. Diligentzia modernoa. Ilaran jarri naiz.
Nire burutazioak topikoak direla uste izan badut ere, are topikoagoa da txoferra. Kasik ezin sinesterainokoa. Ez ditu ba aldarri ozen batean denon izenak banan-banan esan, eta baita gutariko bakoitza nondik datorren erantsi?
Berak izen bat esan eta izen horri hemen barruan garenetako nork erantzuten dion adi geratu naiz. Esan bezain fite ahaztu zaizkit izenak. Bidaiari asko ez bagara ere.
Sarreran bere irribarrea eman didan neska blonda, hogeita hamar bat urte jo dizkiodana bera, eskuinaldean jesarri da.
Eskuinaldean baita ere, eta neska blondaren atzean, mutiko blonda, hamar-hamaika urtekoa, aingerua ematen duena.
How are you doing, zer moduz? galdetu dit, halako aingeru ahotsaz.
Fine, ederto erantzun diot.
Horren ostean mutikoak lo egotearen itxurak egin ditu. Tarte labur batez. Minutu bat igaro, eta sakelako telefonoa atera du. Hizketan tarte batez jardun ostean lo itxurak berriro. Ez dakit ez ote dion amari deitu; lehenago express honetan sartzen lagundu dion gizona aita duelakoan lotu naiz.
Ezkerraldean, balizko elbarrituren batentzat egokituriko lekuaren eta nire jesarlekuaren artean, beste neska bat dago; horri ere hogeita hamar urte jo dizkiot. Besteari alderatu diot. Ez hain liraina. Normala, ze besteak zinez ematen du miss lehiaketaren batetik etorria. Kaliforniatik dator hori behintzat gorde dut gogoan, surf aldizkaria irakurtzen.
Azkenik neu nago. Mutikoaren parean, baina ezkerraldean. Txoferrak nire izena esan duelarik galdera erantsi du:
Mister Jimenez, from Mexico or from Spain?
From Basque Country esan dut, ozen, lotsa gaindituz.
OK, hona hemen basko horietako bat! txoferrak hala esatean egin duen keinua adierazgarria izan da; badaki zerbait baskooz.
Beste aulkiak, guztira hamar jesarleku eta elbarrituentzako tokia dira, hutsik daude. Ez dakit irteteko beste inoren begira gauden. Leihoak zabalik diren arren, bero sapa dago barruan. Boisen gaur dagoena, gehi eguzkitan geldi egotearen egoteaz diligentziari erantsi zaiona.
Ez gara inoren zain egon. Erlojuak agintzen du, horra, ze hirurak izateko hamar minuturen faltan txoferrak ateak itxi eta aldarri batean esan du: «Welcome to the wonderful Sun Valley Express!», western haietan ohi zuten modu berberean, horren ostean bideak dituen miliak aipatu ditu 156,5 dira eta azkenik diligentziako zaldiak xaxatzen bezala hitz egin dio ibilgailuari. Yeah!
Abiatu bezain laster aire girotuaren eragina nabaritu dut. Eta berriz ere aldats goran joatearen sentipena. Bill etxean ote den ez ote den zalantzaren harrari zirrikiturik ez uztearren ahaleginean paisaiari begiratzeari ekin diot. Halaxe, aireportuaren inguruak atzean utzi bezain laster aingeruak Bruce The Boss horren elkarrizketa dakarren aldizkaria eskatu dit. Itzuli didanean konturatu naiz. Nire buru eskasa!, aldizkariaren izena ikusi dut; Squire.
Squire! Ernest Hemingwayk hortxe idatzi ohi zuela gogoratu zait. Txori bi tiro bakarraz. Taxua hartu behar diot, azkenean ere, idazlearen sos-iturri gogokoenetakoa zen aldizkariari. Bruce Springsteen zertan dabilen irakurriz, gainera. Tarteka, ostera, Idahoren historiaren liburuari begiratzen diot. Halaxe dakit Idahok territory estatusa 1863an izan zuela eta, 1890ean, populazioa 88.548 lagunekoa zelarik, Batuetako 43. Estatua bilakatu zela. Uztailaren 3an, hain zuzen. Ondo.
Geldialdia egin dugu. Jatetxe arrunt ohiko horietako batean. Fast food. Zerbitzariak mexikarrak dira. Aditz bitxiak erabiltzen dituzte. Hala nola, parquear. Interesgarriena, Big Brother delakoaren garaiotan, zaintza-kamerak direla eta kutxaren aldean dagoen oharra: SMILE you're on CAMERA. Ea irribarre hori, mesedez, kameraren begian hago eta!
Expressera itzuli naizenean horra geldialdiaren zergatia. Adinez hogeita hamarretik behera urte behar duen neska elbarritua autoan sartzen dihardute txoferrak eta gaixoaren laguntzaileak, biek, ahalegin betean baina alai. Hauei irribarrea ez zaie ezergatik ere zimeltzen. Diligentziako pasaiari amerikarren artean lagun-giroa dago.
Berriro abiatu garenerako hamar minutu falta dira laurak izateko. Neska blondak nire aztoramena igarririk, The wind, haizea, esan dit. Nahikoa atzeraturik goazen sentsazioa daukat.
Sentsazioa areagotu besterik ez da egingo bidean aurrera egin ahala. Pasaiariek igarri egiten didatelakoan nago, halako batean neska blondak hitz egiten baitit, nora noan, eta ea inor badudan itxaroten, eta nik esan ba helbidea eta telefono zenbakia baditudala, eta orduan neskak bere telefono aparailua eskaini Billi deitzeko. Operazioa behin eta berriro errepikatu behar izan dugu, hari birtualaren beste aldean ez baitu inork hartzen izan. Eta hona eragozpena, txoferrak nora noan galdetu dit, eta nik azaldu gutxi gorabehera, eta berak jakin ez nik diodan helbidea zehatz-mehatz non den. Beraz, kosta ahala kosta jakin behar dugu nora eramango nauen, ze iristen ari gara, eta hemengo lekuak, lagun, begira elkarren zein antzekoak diren denak.
Nire artean hotelen bat bilatu beharko dudala diot. Haatik, nire aztoramena hain bide da nabarmentzekoa ze, neska blondak txoferrari ematen dio telefonoa, ea horrek markatzeko lana hobeto egiten duen edo, ze arraio, informazio guneren batera ere deitzen dutelakoan nago, eta halako batean geldialdia; mutikoaren etxearen aurrean gara. Halaxe funtzionatzen du Sun Valley Express honek; express modura, bidazti bakoitza bere etxeraino eramaten du, espres-espres ate-ateraino.
Mutikoaren bila irten dira, eta hark agurra egin digu, eta etxean sartu da. Dibortziatuen semea. Diligentziaren barruan geratu garenok irribarre egin dugu eta, zera, berriz ere nire helbidea zein den galdetu, eta ea oraingoan Bill telefonoz harrapatzen dugun, eta ez, ezetz, ez duela erantzuten, eta honetan elbarritua ere bere etxe aurrera eraman dugu, eta hantxe utzi; Sun Valley omen da hau, baina zein handia, zein zabala, eta etxe aurreetako argiak zein horiak! Gaua dator.
Neska beltzarana ere utzi dugu halako batean etxe bateko atarian, eta Sun Valley Expressek neska blonda eroan behar du norabait, eta horren ostean ni. Nora, ez dakigu. Kanpoan gaua azul kolorean datorrela dirudi. Astiro. Landareei erreparatzen diet; sagebrush-a? Kaktusak? Zer dira? Eta gero berriz ere urbanizazioak. Gaitz egiten da antzematen idazleak ezagutu zuen harako Sun Valley bakarti hura oraingo hau berau denik. Ez nago zapuzturik, ostera. Horretarako aztoratuegi nago. Okei. Aztoramena arindu aldera buruz dakidana gogoratzeari ekin diot.
Hemen sortu zuten Estatu Batuetako lehenengo eski-leku handia, 1936an, munduan lehena izan zen teleferiko sistema eta guzti. Sortzailea Union Pacific Railroad izan zen. Enpresak, lekuari izena emateko, izarrak gonbidatzen zituen, etor zitezen hona, munduari dirdira eta hemendik egin ziezaioten. Hemingway, ordurako izarrik handienetakoa medioetan, 1940an gonbidatu zuten. Halaxe hasi izen etortzen, lagun eta guzti. Lagunon artean, Robert Capa eta Juan Duñabeitia Sinsky Bilboko kapitaina. Robert Capak idazlearen argazki ezagunenetakoak egin zituen, hala Madrilen 1937-38an, nola gero hemen. Hemengoetako batzuetan Sinsky ageri da.
Neska blondak eta txoferrak txandaka segitu dute Billen etxera deika. Erantzunik ez. Neskaren etxea hurbil dugula igartzen dut-eta, akabo. Hurrengoa ni neu. Eta txoferrak non utzi behar nauen ez dakienez, berari galdetu behar izango diot hotelaz. Nori bestela. Baina ez. Halako batean Billek erantzun egin du. Helbide zehatza eman die. Eureka.
Neska bere etxearen aurrera eroan dugu, pluralean, honezkero txoferra eta biok pozak egiten baikaitu talde. Neskaren etxea egundokoa da. Maletak ere ugari eta dotoreak dakartza berak. Aberatsa da, hain ziur. Haatik, hain zabal, jentil, lagunkoirik, gutxitan ezagutu dut. Elkarri beste irribarre bana eman diogu, adiorako.
Gaua azul dator, bai. Izarrek laster ñir-ñir. Ziur. Txoferrak Billen etxea bilatzen du. Hortxe da. Eskerrak deitu egin dugun, bestela ez ei zuen sekula santan topatuko. Horixe dio txoferrak. Ulergarria, zeren eta hemengoa mundu txiki bat bada ere, mundua den aldetik oso konplikatua baita. Mendi malda guztietan dira etxe ilarak eta kale labirintoak, eta ilarok eta labirintook hain dira elkarren antzekoak ze, zoramena litzakete hemen etxe zehatz bat helbide abstraktu bat ez den beste argibiderik jakin gabe topatzea.
Bill, hortxe da Bill! Etxe aurrean. Ez handia eta ez txikia, egunetako bizar hazia, koadrodun alkandorak ematen dion gazte itxurak ezin dit zahartxoa dela ahantzarazi. Elkarri bostekoa.
Bihar berton zazpietan! esan digu txoferrak.
Ondo den galdetu dit Billek. Kontuak atera ditut. Edo biharko ordu horrexetan hartu edo bestela etzi arte itxaron. Eta etzi hegaldia. Ez. Bihar derrigorrez.
Bai, bihar arte.