Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

MARIPOSA - KALIFORNIA (urria)

Inperioaren jabeak

 

Jainkoak nahi izan du ni hona, Mariposa izenekora, bigarrenez etor nadin. Oraingoan Yosemite ezagutu nahi duen beste hiru lagun eta laurok etorri gara.

        Abiatzean Joek argi esan dit:

        — Azkenetako egunak izango dozuez. Laster edurrak jatozak.

        Nevada eta Kalifornia aldeok bere sorterria den Bizkaiko Arbatzegikoak eta hango inguruetakoak bezain ondo ezagutzen ditu eta, jaramon egin behar zaio. Eguraldiaren gorabeherek ez dute sekreturik mendietan artzain, Renon igeltsero, basoetan aizkolari, ibaietan arrantzale eta beste hamaikatxo lekutan beste hainbat zereginetan hemen berrogei urte eman dituen gizonarentzat. Oraingoz, ostera, udako giroa dago Mariposa konderrian.

        Gaueko bederatzietan jakuzia eta igerilekua ditugu, biak aire zabalean, biak zerupean, biak gure gozamenerako. Kalifornia.

        Hemen jainkoa, esan barik doa, dirua da, horrelaxe ageri baita haren izena —God!— dolarreko billeteetan. In God we trust, jainkoa sinesten dugu, halaxe diote jatekoak, edatekoak eta gorputzaren gozamenarakoak diren besteak dirutan pagatzekoak diren dolarrek.

        Bada, jainkoaren kuttunak diren dolar eskas batzuk hartuta, hemengo bar batean sartu gara, jakuziak eta gauez igeri egiteak, biek eragin diguten azal-igurtziari beste igurtzi batzuk gehitzera. Kaliforniako bar honetan sartu izana eskertu egingo lukete horko Europako antropologo, soziologo eta enparauek. Hona hemen Amerika, bere amerikatasun jatorrenean. Jesarri eta ardoa eskatu dugu, Kaliforniakoa. Gaueko bederatzietan kanpoan bainatzeko moduko eguraldia den lekuan ezin da mahats txarrik izan. Jainko eraila den aspaldiko Bako haren odola itxaroten dugun artean, musika talde elektrikoak tresnak doitzen dihardu. Herriko bekatu-zuloan gaude.

        Zuzeneko musika hasi denean inguru hauetan hirurogeikoak zer izan ziren antzematen hasi gara. Hogei urte hiru bider eginak diren emakumeak, hanka bat herrenka daroan gizon beti gaztea, neska galai gazteagoak, agure gaztetu berriak, denek ekin diote dantzari. Stand by me jotzen dihardute. Ronald Reaganen kuttuna ei zen eta —iraganean, hemengo presidente ohiak Alzheimer gaitzak jo duela entzun dudanez gero—, edozein faxistak ere musika onaz gozatzeko eskubidea duela ezin ukatu. Hori hasierakoa izan da. Gero, berton sortu zen rock musika azidoaren eta beste esperimentu batzuen aireak ekarri dituzte. Horien hegaletan jendeak dantza egiten, eta edaten. Ez besterik.

        Tarteka-tarteka, musika taldeak atseden egiten du. Orduan, dantzari gehienak eta zerbitzarietako batzuk ere kanpora doaz. Pentsa liteke, bada, negozioren bat badutela hor kanpoan. Halako batean emakumezko polizia bat ere etorri da, Fargo filmeko protagonista baino argaltxoagoa, baina bera eta bat bestela. Barruan diren bezeroetako batzuekin berba parea egin, irribarre batzuk banandu eta alde egin du. Hemen barruan ez dago negoziorik, ez. Negozioa, zein ere den, kanpoan dago.

        Ez pentsa kanpoan dabilen negozioa zein den neke barik igarri dugunik, gero. Kostatu zaigu hemengo barrukoen hainbeste joan-etorri zertarako diren antzematea. Zigarroa erretzera irteten dira ataurrera. Galazota dago hemen barruan erretzea.

        Mundua ganora gabekoa dela eta, beste botila bat eskatu dugu, eta gero beste bat. Nork galazo behar digu bekatu egitea, Jainkoa aipatzen duten billeteak gureak izanik horiexekin ordaintzen dugunez gero? Erre behintzat ez dugu egiten, ez gaituzte horregatik atxilotuko. Eta antropologorik zoriontsuenak baino pozago segitzen dugu, sudurra hemengo indigenen artean sartuta, ea zer ikusten eta zer ikasten dugun, inperioaren jabeak hemengo hauek direnik sinetsi ezinik.