Zelai beltzak
Familia denaz bezainbatean, esan behar da Beroizen seme-alabetako inor ez zela ibili beste aldean, ezta kartzelan ere, baina bai horiek bezalako mordoxka bat, beti zegoen adiskideren bat edo adiskidearen ahaideren bat edo adiskidearen adiskideren bat tartean, gauza berezkoa zen, begira bestela Alderdik ematen zituen kontsignak, "Todos los abertzales, incluso los que están bajo dominio franquista, tienen el campo fundamental de la familia donde sin ningún riesgo pueden enseñar a conocer y amar Euzkadi. A la familia no llegan los esbirros del franquismo y en ella se puede realizar la labor de formación más importante", hori ikusi eta gero zertarako hasiko gara espantuka, kontua baita egin egiten zutela lan hori, eta gero, seme-alabek beren alea gehitzen zioten asuntoari, gurasoen irakaspena hartuz baina beren ukituak emanez, belaunaldien arteko gerra, badakizue, luze hitz egin eta idatzi izan da honetaz; Beroizen etxean ere kausaren aldeko proselitismoa bazegoen, berezkoa zen, izan ere, etxe hartan sartzean kanpokoa ez bezalako ofizialtasun berri batean sartzea bezalakoa omen zen; Beroizen seme-alabek, gehienek, onartu zioten aitari doktrina, baina beren ukituak emanez, haiek ere; esan nahi baita gero euskaldunduko zirela, edo alkoholizatuko, edo armairutik aterako, edo dibortziatuko, edo, orokorrean, oraingo jendeak egiten dituen gauzak egingo zituzten, beren garaiaren seme-alabak ziren, besterik gabe, abertzaleak bai, baina nahiko estandarrak, esan dezagun, izango da gaztetan Beroizek burdinazko eskuaz erabili zituelako, hau haietako baten batek esana da, eta sinesgarria da, nahikoa da ikustea zer bizkor dabilen Beroiz bere laurogeitapikotan, imajinatzeko zer izango zen berrogei urte zituenean, orduan ez zelarik usatzen orain usatzen den giro liberala, eta emakumearen berdintasunaren aldeko aldarria, eta abar, bon, Beroizen autoritarismoarengatik izan edo seme-alabek horretarako jaidurarik ez zekartelako izan, edo koldar hutsak zirelako izan, alegia, gauza da ez direla, beste asko ez bezala, ez kartzelatik ezta Iparraldetik ere pasatu, Beroizen lagun min baten semea, ordea, esaterako, bai, ez dut izenik emango, hor nonbait atera diren izenetako bat izango da, baina zertarako errepikatu, mutilak atzerrirako bidea hartu behar izan zuen, bere gurasoak eta Beroiztarrak, senar-emazteak, frankotan joaten zitzaizkion bisitan Baionara, janaria, jertseak, arropa, dirua, denetarik garraiatzen zuten, lagunaren semearentzat eta haren lagunentzat, sekula galdetu gabe zein erakundetakoak ziren edo zergatik zeuden zeuden tokian, oso berezkoa da, edo zen, bederen, kartzeletara ere jertseak bidaltzen espezialistak ziren, orain ere antzera da, baina diferente aldi berean, beste jende bat, beste giro bat delako, gauzak ere bestelakoak direlako. Beroizek dio horren kontura disgustu bat eduki zuela, adiskidearen semea Iparraldera joan zenean, esaten du Munichen beti Munich alderdiko jaun bat ezagutu zuela, izena ez dut ipiniko, errukiaz, errukiaz eta dagoeneko izen gehiegi ateratzen ari direlako, egiazkoak gehienak, bon, ba, gizon bat alderdikoa eta Donibane Lohizunen edo hor nonbait bizi zena, industria, denda edo zer edo zer eduki behar zuen hark, gerra garaiko iheslariaren semea omen zen, gipuzkoarra, oso sanoa, oso jatorra, elkarren begikoak izan omen ziren, ondo pasatu omen zuten Munichen, eta despedidan, ba, betikoa, inoiz ezer behar izanez gero, eta abar eta abar; Beroizek, adiskidearen semeak ihes egin zuenean, orduantxe ikusi zuen noizbait hori eta zerbait hori, eta gipuzkoarrarengana jo, adiskidearen semearen fabore egin zezan, eta besteak oso ondo hartu omen zuen, oso ondo... jakin zuen arte adiskidearen semea ez zela alderdikoa, alderdikoa bada nahi duzuna, baina alderdikoa ez bada ezer ere ez, ezebez, deusez, nasti, res de res, nothing, ezertxo ere ez, baina, garbi geratu al da?, nondik ikusten baita zenbait herrak eta zenbait liskarrek erro sakonak dituztela, intentsoak direla, pertsonak haatik humanoa deituak, bakarrik ematen ahal dion intentsitate horrekin, errukiaz ez dut miserablearen izena paratuko; eta hala ere, orduan hola jokatzea ez zen arrunta, behintzat baseko militanteen artean, aparateroen artean diferentea izango zen, aparateroen artean beti da diferente, ikus bestela Alderdiren hitzak, grafia errespetaturik hona aldatuak, "Begi aurrean dauzkagu oiuka euzko-abertzale aitortzen diran batzuek agertzen dituzten zabalkunde orriak. 'Abertzale' oientzat ba-dirudi Euzkadi'k ditun etsaiak, len-lenen zirtzillatu bear ditugun etsaiak kapitalistak, dirutzadunak, gure erriko lantegietako nagusiak dirala. Kapitalismo, neo-kapitalismo, estruktura, alienazio, erreboluzio eta marxismo-leninismo itzak an-da-emen, Mosku edo Pekin'en egiñak dirala dirudite", jende xeheak ez zion horri hainbeste begiratzen, jende xeheak Franco bota nahi zuen, eta kitto, eta horren alde ari zena ondo ari zen, orduan irabazi zuen ETAk bere kapital politiko gehiena, beren ondorengoak zarpailtzen eta alferrikaltzen tematzen diren horixe bera, azkar gainera, haatik borroka ideologikoa bazebilen, Alderdiko pasarte horrek argi adierazten eta beste honek berresten duenez, "gazte oiek eskeintzen diguten aldakuntza kapitalismoa edo neo-kapitalismoaren ordez marxismo-leninismo usaia dun sozialismo bat jartzea. Nunbait orrelako zerbait irakurria dugun arren, ezin degu sinetsi aldakuntza orrek, besterik gabe, Euzkadi'ren askatasuna ekarriko ligukenik", horixe zegoela borroka ideologikoa, sekulakoa, gainera, eta mundu mailan gertatzen ari zenaren isla garbia, Ekialdea-Mendebaldea ardatzaren arabera eta gerra hotza deitzen zenaren arabera polarizatua, egunen batean baten batek egin beharko du ikerketa ganorazko bat, ikertzeko, demagun, noraino eragotzi duen polarizazio horrek euskal alderdi sozialista abertzale baten, Europako herri guztietan dagoen bezalakoa, sozialdemokrata alegia, sorrera, saioak izan dira, askotxo gainera, baina bakar bat ere ez da indarrez sustraitu; tira, ez gaitezen desbideratu, ari ginen Beroizek alderdiko gizon haren laguntza eskatu zuela bere adiskide minaren semearentzat, eta honek ukatu egin zuela, Alderdik gaztigua emana zuen, "Ernai ba gazte! Abertzale zeranez ez zaite biurtu ur-naztuetan zear arrantzale izan nai dutenen jostallu. Jakin, maite dezun aberria'ri kalte ikaragarria egiten diotela abertzale narruz estalirik Euzkadirentzat egizko otso diran oiek...", artikulugilea bildotsoez ari zen, ikusten denez, oraingo begiekin ikusita normala ematen du, baina orduan bestelako giroa zegoen, 64, 65, 68 urteei buruz ari gara, Beroizek esan izan zidan berak behin baino gehiagotan eduki duela ETAko jendea bere etxean babestua, hemen ere ez dut izenik emango, baina jakin ahal dudanez, horietako bat, esaterako, aski pertsonaia ezaguna da oraingo euskal gauzetan, eta zera galdetu nion, nork eskatuta gorde zituen, pentsatuz bere seme-alabaren batek eskatuko ziola, horrelako saltsetan sartzea gustukoa zuen josulagunen batek, agian kasu ezagunak izan dira, guztiz aurkakoen kasu ezagunik izan den gisa berean, horrelako zerbait, eta bai zera, "alderdiaren egitura", izan zen erantzuna, "alderdiaren egitura", ez dut ezer asmatu, eta pixka bat gehiago zehazteko eskatu nionean, orduan esan zidan, "bueno, alderdiaren egiturako baten batek", eta hemen ere izenen bat utzi zuen erortzera bestela bezala, orduan alderdiaren doktrina eta praxia noraino zeuden eszinditurik, norberak bere ondorioak atera ditzala, orain ere ez da oso diferentea izaten, hauek kartako palo guztietara daude, handira eta txikira, kamaleoniko samarrak dira, horra hor, beharbada, euren arrakastaren giltza. Beroizen etxea beti izan da babeslekua, galde biezaiete 67ko Aberri Egunean bere pisuan, eta azpikoan, eta goikoan, eta aurrekoan, sartu zituen euskotar eta euskaldun guztiei, Carmen, Beroizen emaztea zena, hor ibili omen zen ajoarriero kazuelakadak eta salda mundu guztiarentzat prestatzen, Carmen, santu bat, bi aldiz santu ez duelako sekula ere trukean zipitzik ere eskatu, maitasun pixka bat alde batera utzita, dirudienez bertako militantziak konpromiso handia hartu zuen Aberri Egunaren ospakizunarekin, Beroizek ere bai, noski, Beroiz ere tartean, hordagoa beraiek bota omen baitzuten, "Aberri Eguna karlismoaren bihotzean" egiteko kontu horrekin, EBBko bilera batean hartu omen zen erabakia, Ajuriagerrak ez bide zuen nahi, arriskutsuegia iruditzen zitzaion, frakasoaren beldur omen zen, eta erronka bota omen zuen, hala izan bedi baldin eta hamar mila euskalduni ostatua emateko gauza bazarete, eta besteek jaso egin zuten goantea, eta dirudienez gehienak portatu ziren, kalea ere portatu zen, nazionalistek gero, beren artean, esaten zuten dena karlistek hartutako jarrerari esker izan zela, karlistak Francoz potrotaraino zeudela seinale, agian egun batzuk lehenago, edo egun berean, Goiena zafratu zutelako izango zen, Goiena, bolumen inportante bat, gizon puska, alegia, bazegoen ostikoa non eman, egon zirenek arrakastatsu gogoratzen dute, ez da ahaztu behar ordurako Alderdiak bazuela, zegoeneko, bere indarra gazteen artean ere, Eusko Bazterra hain famatua han zen, berrehun gazte baino gehiago biltzen omen zuen, panfletoen banaketa behintzat segurtatuta zegoen, "VASCONIA-EUSKALERRIA-EUZKADI (el nombre es lo de menos) ES TU PATRIA VASCA. Las fronteras deben desaparecer y desaparecerán, sin luchas fratricidas en esa EUROPA FEDERAL UNIDA a cuya realización debemos colaborar todos los pueblos cultos", Eusko Bazterrako partaide garrantzizko izandako Bergerandik, esaterako, garaiak gogoratzen zituenean jendearen boluntarismoa eta prestakuntza eskasa salatzen ditu, baina ilusioa ere bai, zernahi egiteko ilusioa gehiegi galdetu gabe noren izenean egiten zen, urte asko ziren diktadorearekin eta haiek ez zuten ezagutu gerraren ikara, bon, boluntarismoa eta guzti gazte antolaturik ere bazegoen, propagandarako, jendeari ostatu emateko, kalera ateratzeko, bata gehi bestea, gauza ondo atera omen zitzaien, Poliziak hirurogeita hamar bat lagun atxilotu zituen, egurra galanki partitu zuen, baina hor geratu ziren grabatutako irudiak Europak jakin zezan Francoren umorearen berri, "...incluso LOS TRES REYES, y esto dice mucho pues el año pasado en Vitoria en el CANCILLER AYALA, el similar, hicimos noche 132 personas (mitad del hotel vacío) y en LOS TRES REYES esa noche solamente metemos las 350 personas...", hau idatzi zuenak bazekien zertaz ari zen, Los Tres Reyesko gerentea baitzen, eta Manuel Irujori jakinarazten zion, gutunaz, arrakasta itzela, hortaz; hala ere hor hasi omen zen inbaditzaile euskaldunaren kontu famatua, eta ez, interesatu batzuek jakinarazi nahi duten bezala, Askatasunaren Ibilaldia deitu zen hartan, han hasi zen, hainbeste bider errepikatua eta argudio nagusiaren mailara igoa, ezaguna denez, gaur arte iristen eta baliatzen den argudioa izateraino, nork bere ardurak har ditzala, edo bestela inork ezta bat ere.
Lur azpiko borroka ideologikoa hain gogorra izateagatik, baseak sekula baino uztartuago zeuden, EGIkoak eta ETAkoak elkarrekin ibiltzen ziren maiz, txikiteoan eta parrandan, eta zenbait ekitalditan ere hor ibiliko ziren, elkar hartuta ez bada, elkarren ondoko, eta borroka ideologiko hori egoteak, eta aldi berean jende xehearen arteko harremanak hain estuak izateak irakasbide garrantzizkoa ematen dute, politikari buruzkoa, alegia, eta irakasbidea da, nire uste apalez, hainbestetan gutxiesten dugun borroka ideologiko hori dela benetan funtsezkoa dena, herri soilaren nahikari eta ilusioen gainetik; esan dut borroka ideologikoa gutxietsi, baina agian egokiagoa zen esatea borroka ideologiko horren aztarna idatziak gutxietsi, hemen oso tipikoa izan da beti panfleto bat irakurtzen hasi eta hiru lerro irakurrita aspertu eta mendira jo duen jendea, ez dakit beste inon hala izanen den, baina hori esango nuke euskaldunen marka dela, eta ez dut uste topiko merkea denik, agian formulazioa eskasa eta pobrea bada ere, bada halako joera bat, panfletoa, elaborazio teoriko idatzia, alegia, zakarrontzira bota, halako erdeinuzko keinu batez, halako mespretxuzko hitz batzuk esanez, eta ekintzan hasteko behar gorria, eta horretan datza gure bertuteetako bat eta gure ahulezia nabarmenetako bat, zer egingo diogu, bakoitza den bezalakoa da, ni orain ez naiz hasiko masen pedagogiaz eta horrelako kontuez, beranduegi da horretarako; ekintzak bihurtzen zituen anaiak, edo anai-arrebak, eta horretan erakutsi zuten adorea eta imajinazioa ez zen makala izan, 67ko Aberri Egunaren bezpera-egunetan ikurrina Bi aizpe deituriko pasartean jarri zutenean bezala, hau EGIkoek ezarri zuten; gauza nolakoa zen konturatzeko, mendi arteko pasartea ezagutzea komeni. Aralar mendikatearen azken adarra da, ekialdetik, mendi-lerroa bat-batean hautsi egiten da eta metro askotako bi pareta bertikal geratzen dira aurrez aurre, kareharrizkoak, euren artean hogeita hamar bat metro zabal izango den pasarte estua geratzen da, bertatik ibaia sartzen da, are, pentsatzekoa da ibaiaren lana izango zela pasabidea ireki zuena, mendi-lerroa hautsi zuena, gure garai modernoetan ibaia ez ezik autobidea ere pasatzen da, eta lehen errepidea, eta hori baino lehen bidea, bide inportantea gure mendebaldetiko probintziekin bat egiteko dagoen bide nagusia baita; bon, gauza da bi haitz horien artean zirga bat pasatu zutela, eta bertatik ikurrina eskegi, oso gauza efektu handikoa izan behar zen, egunero bezala ohera joan, eta hurrengo goizean hain paraje berezian ikurrin bat ikustea, seguru horrek jende dexente abertzaletu zuela, ausardiaren miresmen hutsez; ni, nire aldetik, operazioaren alderdi teknikoaren nolakoak interesatzen nau, hiru edo lau eskalatzaile on ibili beharko ziren, gehi laguntzaileren bat agian, txoferra eta hola, gauez egin beharko zuten, eskalada-bidea zailegi ez izanagatik, paretak, behe aldean, apur bat etzanago, apur bat tripaduna izanagatik, ilunak zailduko zuen dena, gainera, zailegia ez delakoa ere oso diskutigarria da, orain, neska-mutilak armiarmak lez edonondik igotzen diren garaian ez dirudi zailegia, 67an deabrukeria emango zuen, askok jakin ere ez zuen jakingo jendeak harrizko hormetatik gora egiten zuela kirola praktikatzeagatik, ez dakit nola moldatuko ziren, logikoena da pentsatzea soka-luze bat, pare bat agian, egingo zituztela, bakar bat soka hogeita hamar edo berrogei metrokoa bazen, pare bat hogeikoa bazen, nik ezin jakin xehetasun hori, auskalo soka espartzuzkoa ez ote zen izango, nik ezagutu ditudanak bestelakoak ziren, baina hamar-hamabi urte geroagokoak dira nik ezagutu ditudanak, eta gauza jakina da gauza hauetan teknikak zenbat eta zein azkar egiten duen aurrera, bon, berdin da, paretan sartuko ziren eta gora egingo zuten zirga bat motxila barruan zeramatela, zirgak haitzen arteko zabalera osoa hartzeko bestekoa beharko zuen, pisatuko zuen, uste izatekoa da pareta-bidea aldez aurretik prestatuta edukiko zutela, aseguruetarako klabijak aldez aurretik, beste egun batez, sartu, eta bertan utziko zituztela, bizkorrago ibiltzeko; pareta-bidea ongi ezagutuko zuten, bestalde, alegia, hainbat aldiz eginda edukiko zutela gero gauez ere egin ahal izateko, gero gau argia aukeratuko zuten, astebeteko epea-edo edukiko zuten gaurik onena zein zen aukeratzeko. Bon, demagun soka-luze bat eginda, lagunak behean aseguratzen diharduela, eskalatzailea iritsi dela puntura; handik, aldez aurretik horretarako prestaturiko klabija batean mosketoia sartu, eta hantxe lotuko zuten zirgaren mutur bat, bestea lurrera erortzen utziko zuten; eskalatzaileak behera egingo zuen rapelik ere egin behar izan gabe, hau da, beheko lagunak, aseguratzen ziharduenak, soka emanda, zeinak esan nahi baitu sokak agian berrogei metro edukiko zituela eta eskalatzaileak hogei metrotan egingo zuela operazioa, hogei metro, nahikoa eta sobra ikusgarri izateko eta inguruko herrietako eltzetzu guztiak ikaratzeko; eskalatzailea behera iristerakoan soka gorputzetik libratu eta tira egingo zuen, soka, osorik, berreskuratzeko; gero zirgaren muturra hartuko zuten eta errepidea zeharkatuko zuten, zirga errepide gainean ez uzteko elektrikako kableen gainetik botako zuten, gero ibaia zeharkatuko zuten zirgarekin, hau izango zen, seguru asko, ekintzaren unerik arriskutsuena, une horretantxe norbait agertuz gero, asunto txarra; beste haitzaren beheko aldera iritsiko ziren, han beste eskalatzaile pare bat egongo ziren zain, prest ekiteko, bigarren pare honek gora egingo zuen ikurrina eduki behar zuen zirgaren bigarren muturra gerrian lotuta zuela, eta beste hogei bat metro gora egitean, klabija bat paretan sartu, soka tenkatu eta bertan lotuko zuen. Dena ondo joatera, eta bi eskalatzaile-pare egotera, errepidea eta ibaia, zirgarekin, zeharkatzeko operazioa hamar minutu edo ordu laurdenean egingo zuten, hau da, azkar; ez dut pentsatu nahi, ordea, bikote bat bakarrik egon balitz, orduan dexente gehiago beharko zuten, eskalatzeko soka soinetik libratu, beste aldera pasa, berriz soka jarri soinean, korapiloa egin, hasi gora, enfin, gero zirga sasian edo trabatzen bazen, edo ibaiko harriren batean gakotzen bazen, libratzeko lanak; bon haitzen arteko zintzurra zeharkatu eta gero, behin zirga bi haitzen artean paratuta, ahalik eta gehien tenkatuagatik, pisuak berak erdi aldetik konkortuko zuen zirga. Orduantxe izango zen ikurrina ateratzeko unea; ikurrinari pisurik jarriko zioten beheko aldetik, eta gero, goitik, bi mosketoien bidez, zirgan paratuko zuten. Behean ipinitako pisuak eta zirga pixka bat zorurantz konkortuta egoteak, sabel moduko bat edukitzeak, alegia, eragingo zuen ikurrina zirgan behera joatea, bi haitzen erdian geratzeraino, denen ikusgarri. Nik honelaxe imajinatzen nuen, gutxi gorabehera, operazio guztia, eta gero jakin ahal izan dudanez, gauza hemen kontatu denaren antzera izan zen, izan ere, nahiz eta zenbait gorabeheratan gauzak ez izan nik hemen esan bezalakoak, esaterako ez ziren izan bi eskalatzaile-talde, bakar bat baizik, eta ez zuten ekintza egin gau bakar batean, elkarren segidako bi gautan baizik, lehenean zirga paratzeko, eta bigarrena ikurrina paratzeko, zirgatik zirrist egin zezan lortzeko, zeina, bide batez esanda, ez baitzen, omen, batere erraz suertatu, mosketoiak zirgatik beherantz joan zitezen ahaleginak egiten zituzten, eta mosketoiak labain egin ez, nahiko akrobatikoa gertatu bide zen. Hor konpon, kontuak kontu, gauza ongi atera zitzaien, eta ikurrinak luze iraun zuen hor goian, inor ez zelako jaistera joaten ausartzen, kendu zuten moduaz, ez dago erabateko adostasunik, batzuek diote guardia zibilek sokari tiro eginda bota zutela, beste batzuek diote guardiek Iruñeko eskalatzaile batzuei deitu zietela kentzeko, hauek aitzakiaren bat emanez, ezetz, ez zutela kenduko, eta orduan Jakatik propio etorritako benemeritako espezialista batzuek kendu zutela. Esaten ere dute ezen, kentzeko eskatu zieten Iruñeko eskalatzaileak zirela... ikurrina jarri zuten berberak! Litekeena da biak gertatzea, baita ere, hau da, lehen hurbileko kasernakoak tiroka saiatu, eta gero espezialistak etorri, tiroarena egia bide da, Beroizi galdetu nionean esan zidan baietz, eta anekdota bitxia kontatu zidan, zera, kanpotik etorritako saltzaile batekin egon zela eta hark esan ziola gauza harrigarria ikusi zuela, "txapelokerrak ikusi zituela mendi baten ondoan, Ingalaterrako bandera bat bota nahian, tiroka", eta bai, kanpoko saltzaileak bakarrik ez, bertako batek baino gehiagok ere horixe usteko zuen, Ingalaterrako bandera zela, edo are eta gauza xelebreagorik, halaxe zeuden gauzak. Bon, modu batera izan edo bestera izan, ezin uka ekintza arrakastatsua, ikusgarria eta oso komentatua izan zela.
Akzio hori egin zutenak Eusko Bazterrekoak ziren, hainbestetan aipatu da izena ze, honezkero, zerbait gehitu beharko da, EAJk asmatutako talde edo klub moduko bat zen, sekulako arrakasta eduki zuena, beharbada bere sustatzaileek ere uste ez zuten bezalakoa, haiek koadrila txiki bat esperoko zuten, eta hilabete gutxitara berrehun eta berrogeita hamar bat bazkide omen zituen, hori orduan ehun mila lagun ozta-ozta edukiko zituen hiri batean, kanpotik etorritako makinatxo bat ere barne, eta errepresio handiko baldintzetan, zerbait bada. Hainbeste arrakasta ez zuten espero eta ezkutuko sustatzaileak izutu ziren, atzera egin zuten, Poliziak interesa hartua zuen elkarteari buruz, sustatzaileek horixe gutxien nahi zutena izan, desegin egin zuten elkartea bi urte doi-doi eginda zituenean, gauza eskuetatik ihes egiten ari zitzaiela iruditu zitzaien, esan beharrik ez dago agintekeriaz desagerrarazteak bere zauriak utzi zituela hor ibili zirenen artean, orain jada historia da, eta hitz bat esan behar da haien alde, ekimen hartan egin zutenen alde, eta haien merituek gaur den egunean ere dituzte oihartzunak, nahiz ez garen konturatzen, nahiz ez dirudien edo oharkabean pasatzen diren, eta esaten dudanaren lekuko, adibide aski xumea ipiniko dut, nahi bada, nahiko folklorikoa, beste askok esango lukeen moduan: afera da egun, hemen, inauteriak egin eta gure sustraietako euskal inauteriak agertzen badira, dantza-saio bat egin eta euskal dantzak egiten badira, afera da egun kalea hartu eta euskal kutsuko zerbait agertzen bada, aitzindari haien lanari esker dela, haiek orduan mugitu ez balira, orain hemen inauteria Brasilgoa imitatuz egingo zen, eta dantza-saio tipikoak Andaluziakoak edo izango lirateke, ematen du tontakeria dela baina bere garrantzia badu; izan ere, bere adierazpen ludiko eta errepresentagarriak galdu dituen herria jada ez da herria, ez du izen hori merezi, eta gaur uste dut ikusten dela hori sekula baino garbiago, herri ukatua ez ezik, desagerrarazi beharrekoa garen honetan, horrelako adierazpenak lantzeak eta gordetzeak kontzientzia eta lan bat eskatzen dute, hemen inork ez du deus oparitzen, kulturek ere ez, kulturen harreman, tratu eta merkatuan ere elkar jaten dute; zer esanik ez ditxosozko globalizazioaren garai hauetan, zer esanik ez hau bezalako toki batean, non kapitalismoaren elitezko koadroak sortzeko multinazional batek egoitza baitu, Opusez ari naiz, jakina, ez da harritzeko Eusko Bazterrekoek Opus hainbeste gorrotatzea, une hartan proiektu antagonikoak ordezkatzen zituzten; baina honek mahai gainean jartzen du, berriz ere, nazionalismo historikoaren, eskuinekoaren kontraesan bortitzaren beste adierazle bat, haiek baitziren Opusen proiektuaren aurkakoak baina, aldi berean, zeharka bada ere, haiek ireki zioten hemen finkatzeko atea; esango nuke, gainera, hura hasiera baizik ez zela izan, denbora aurrera ahala, jada ez dakit hain antagonikoak diren, interesen nahasketek, gainjartzeek eta solapatzeek mataza lodia osatu dute, hemen eta Bilbon eta Donostian, mataza lodia eta kontraesankorra, eta zoritxarrez, kontraesanak, gehien-gehienetan, mirakulurik gertatzen ez bada, alegia, diruak, iparrorratz seguru horrek, markatzen duen aldera erabakitzen dira; baina, tira, Eusko Bazterra desegin zela esaten ari ginen, nork daki "gauzak eskuetatik ihes egin ziezaien beldur zirela" esaten dugunean kontraesanak agerian geratuko zirelako beldur zirela esaten ari ote garen, gure hitzen egiazko esanahiaz jakinaren gainean egonda, edo ezjakinaren gainean egonda, tira, elkarteari azkena eman zioten, eta, bertan izan zirenek esaten dutenez, Eusko Bazterra desagertzea, neurri batean, traumatikoa izanagatik onuragarria ere izan zen, orduan banatu baitziren berrehun eta piko lagun horiek, baina ez etxera joateko, auzoz auzo eta herriz herri beren lanarekin segitzeko baizik, eta, alde horretatik, hazi emankorra gertatu zen euskal industrien zabalkunderako, han ere gerora beste bide politiko guztiz diferenteak hartuko zituzten elementuak izan baziren ere, bat, esaterako presidente ohi auzipetu baten konfiantzazko aholkularia izatera iritsitakoa, goian bego, snif.
Horrenbestez, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendirena baizik ez zitzaigun geratuko, Artajo eta Asurmendi, hor nonbait ere esan den bezala, Ultzaman hilik, lehergailu batek zartatuak, hauek ere Eusko Bazterrakoak, eta EGIkoak, garbi gera bedi; Artajo eta Asurmendirena hegan bezala egon da orri hauetan zehar, gauzatzen ez den baina dena blaitzen duen itzal itzel baten moduan, eta nik badakit, jakin, horixe zela nire lehengusuak ukitu nahi zuen gaietako bat, ukitu gabe bezala ukitu nahi izanik ere, mila bider hitz egin genuen horretaz, berak ere ez zuen sinesten gauzak bere nobelan iradokitzen duen bezala gertatu zirenik, baina tematzen zen hori gutxienekoa zela, inportantea zena zela adieraztea, jakinaraztea, aldarrikatzea, gauzak hala gerta zitezkeela, ez dela ero baten ameskeria, baizik eta beste askoren arteko posibilitate gertagarri eta sinesgarri bat, horixe esaten zuen berak, hitz hori erabiltzen zuen, sinesgarritasuna, sinesgarritasuna, gakoa da nik kontatzen dudana sinesgarria dela, egia, egia historikoa ez bada ere. Gakoa da, esaten zuen, baita ere, nazioarteko puzzle handi bateko pieza txikia baizik ez garela izan, eta horixe, gure pieza-izaera, gure txikitasuna, gure nazioartekotasuna adieraztea. Nire lehengusuari ez zitzaion egia historikoa asko axola, baina niri bai, eta alde horretatik, gaur den egunean gertaerak xehetasun, guztiekin ez dut esango, baina bai nahiko handiekin ezagutzen ditugu, Jose Luis Diaz Monreal izeneko historialari batek berrosatu du historia haren nondik norakoa, lehengusua eta biok hasi ginen gaia jorratzen eta jaun honekin egin genuen topo, berak zeukan eginda guk egin nahi genuen lana, berak utzi zizkigun bere materialak, hortaz nik hemen paratuko dudana bere lanaren laburpen bat baizik ez da izango. Nafarroatik bi gazte joan ziren Donibane Lohizuneko txalet batean egin behar zen ikastarora, bat Asurmendi zen, Asurmendi ez baina bestea bizirik dago, Joseba Rezolak eman omen zuen ikastaroa hasi baino lehenagoko hitzaldia, "Zuen arabera eta ikasten duzuenaren arabera izango da Euzkadiren etorkizuna", esan omen zien han bildutakoei, berriro hitz solemneak, berriro hitzak, gizakiak asmatu duen engainagarririk handiena; ikastaroa atzerrian bizi zen euskaldun batek eman omen zuen, pertsonaia ilun bat, arrasto gutxi utzi zuena, badakigu Rotschild gazteluan, Paris ondoan, amerikarrek 1944 edo 45 urtean ehun eta piko euskalduni eman zieten ikastaroan arte martzialak, arma labur eta luzeak, kamuflaje teknikak, lehergailu plastikoak ikasle izan zela, askoz gehiagorik ez, bon, bai, berean trebea zela ere badakigu, "competente", horixe da ikastaro horretatik pasa eta bizirik dagoenak erabili zuen hitza, "competente" plastiko eta arma kontuetan, gazteluan, amerikarrekin, asko ikasiko zuen, eta ongi, motibazioa ez zitzaion faltako, ez noski, Agirreren hitz hauek entzun bazituen, hitzak garai haietakoak dira, "Amerikaren arima ezagutzean, ezagutu nuen, baita ere, zein handia den Amerikaren eginbeharra; zeren, Amerikaren eginbeharra, jaun-andreok, une hauetan, Humanitate osoaren askatasuna salbatzea baita, ez gehiago eta ez gutxiago ere", amerikarrena izugarria da, beti dabiltza askatasuna salbatzen, beti, toki guztietan, egunen batean kontuak eskatu beharko zaizkie, salbatzaile kaxkarrak dira, behin salbatu izan balute, baina hura fundamentuz, nahikoa izango zen, eta hildako-meta bat uzten dute salbazio-ekimen bakoitzean, ai ama; Rotschilden amerikarrek euskaldunei eman zieten entrenamendua elitezko komandoena izan omen zen, bertan egondako Deunoro Totorikaguenak dio Epaltzatar batek, betiko Epaltzatarren leinuko batek lagundu ziola Agirreri operazioa antolatzen, amerikarrak oso pozik omen zeuden giza-materialarekin: euskaldunak, fisikoki oso fuerte, psikologikoki motibatuak eta ideologikoki zuzenak omen ziren, hala uste omen zuten irakasleek, Okay komandantea ere barne, egiazko graziaz Warner komandantea, Plastic kapitaina ere barne; euskaldunak hain zeuden motibatuta ze aldizkaritxo bat ere atera baitzuten, gaztelania hutsez, Okay izenarekin bataiatu zutena, komandantearen ohorez, zeinean honelakoak irakur baitaitezke, "Plastic kapitaina, gure aldizkaritxoa gaur ateratzen bada zuen herri handiari agur egiteagatik baizik ez da, eta zuri zein gainerako irakasleei dizuegun begirunea berresteko...". Indartsuak eta ideologikoki zuzenak. Aldizkarian horren frogak ere utzi zituzten: "Errusiarrak basatiak dira, afrikarrak baino okerragoak. Errusiarren zibilizazioa honelakoa da: sudurra hatzez garbitzen dute, bai nekazariek eta bai langileek ere, hala profesionalek nola ikasleek. Ezin dira sekula etxean bakarka geratu, zorriak bizi baitira haiekin, argia badute, baina ez dute garbitzeko urik". Ideologikoki zuzenak. Bon, hortik pasatakoa zen Donibane Lohizuneko irakaslea, ez dakigu ideologikoki zuzenenetakoa edo okerrenetako izango zen, baina ni, zuhurtzia hutsez, ez nintzateke gauza handirik fidatuko; ikastaroa pasatakoan ekin zioten, atentatu batzuk izan ziren han eta hemen, Asurmendi edozertarakoa omen zen, hala famatu dute bederen, are gehiago, gehiegizko ekintzailea ez ote zen ere esaten dute, niri aski barregarria iruditzen zait, garai haietan, eta horrelako saltsetan sartzeko prest egonik, zer nahi zuten, fraide bat edo teoriko bat ez zen izango, ez horixe, bizia jartzen zuen mahai gainean horretarako prest oso gutxi zegoen garaian, bon, lau atentatu batera egitea pentsatu zuten, lau lehergailu, helburuak eta, ekintzakideak aukeratu zituzten, horietako lehena Jokin Artajo, ikastaro hartan egon ez bazen ere Asurmendiren lagun mina, isila eta zuhurra, diotenez, eta, nik dakita zergatik, ordurako jada ETAtik hurbil omen zegoena, puntu honetaz ez dut jakiterik izan, baina mundu guztiak esaten du hala zela, inork zergatia ematen ez duen arren, bon, kasurako berdin da. Haiekin joatekoak ziren bederatzi lagunen izenak ezagunak dira, eta dagoeneko badago jakitea zer gertatu zen 1969ko apirilaren 6ko goizean. Sei lagun geratuak ziren Marcelianon Artajo eta Asurmendirekin, beste hirurak Belate aldeko borda batean zeuden zain, Artajok eta Asurmendik lehergailuak prestatu behar zituzten, fulminanteak jarri edo, ikusi zuen batek gogoan duenez lehergailuak xaboi-zatien antza omen zuen, materiala Iparraldetik omen zetorren, esaten dute materiala beti ez zetorrela oso baldintza onetan, Urbasako lehergailua jarri zutenean bidali zietenaz fio ez, eta harrobi batean lapurtu omen zuten materiala, hango horrek fideo-pasta itxura omen zuen, xaboi-zatiak, fideo-pasta a zer produktu egunerokoak eta arruntak batere arrunta ez zen produktu baterako; badoaz Artajo eta Asurmendi lehergailuak prestatzera, besteak zain utzirik, kotxe bat hartuta. Alkilerrean bi kotxe hartu omen zituzten, adi datuari, bi, bata burdin-korapilo bat eginda geratu zen Mini bat, NA-54562, bestea ez dakit, baina adi, bi auto ziren; goiza joan zen pasatzen eta bikotea ez agertzen, Marcelianon zain zeudenak gero eta urduriago, baina, gauzak nola ziren orduan, gaur egungo ikuspegitik ez da ulertzen, eguerdi aldera denak etxera bazkaltzera joan ziren, urduri, bai, baina etxera bazkaltzera, susmatu gabe, nonbait, Artajo eta Asurmendi ez zirela sekula gehiago azalduko, hilik zeudela burdina birrindutako meta baten azpian, jendeak esaten du Artajo zela lehergailua manipulatzen ari zena, harrituta esan ere, Asurmendi baitzen espezialista, agian esango zion aurretik tori, gaur zuk egingo duzu, nik esango dizut eragiketa nola egin behar den, berdin da, ez gara xehetasun makabroetan sartuko; nahikoa izan bedi esatea, inozentziazko koadro hura osatzeko, Marcelianon zain zeudenak nola harrapatu zituzten, sinesgaitza da, benetan, borroka armatuan zebiltzan hasierako horien mentalitatea erakusten du, harrapatu zituzten, inozokeria gorenaren erakusgarri, bigarren alkilerreko autoaren giltzak itzuli egin zituztelako hurrengo egunean, jada zer gertatu zen bazekitenean; ederki pagatu zuten, beren kartzelako urte luzeekin, eta Belaten zeudenak baizik ez ziren kartzelatik libratu, haiek hanka egin baitzuten beste aldera. Gero etorri ziren erreakzioak, hilketak eta atxiloketak izotz-horma baten moduan erori ziren jende haien bizkarren gainean, EGIk omenaldi beroa egin zien Gudari aldizkarian, baina EAJk ohar txiki bat baizik ez zuen atera bere Alderdin, borroka armaturik batere nahi ez zutenen tesiak nagusitu ziren, izan omen ziren hitz gordinak, akusazio zehatz eta latzak, "gazteria hiltegira eramaten ari zarete", Beroizek dio berak nahiko izan zuela bere semea, egiazkoa, onbideratzen, edo bide txarretik babesten, ikusi egin beharko zen zer erreakzio edukiko zuen beroan, asunto honetan garbi geratzen den bakarra da ezen, jakina denez, edozertarako dagoela aitzakia, galtzeko izan ezik. Urte batzuk geroago, auzi horregatik kartzelan zegoen batek idatzi zituen, hala uste dut behintzat, hitz hauek: "Jokin Artajo eta Alberto Asurmendiren biografia politikoak eta militanteak aipatu beharreko adar batzuk ditu, bi hitz merezi dutenak, egunen batean egia guztia argitara ateratzen den artean. EAJk borroka armatuaren justifikaziorik onartzen ez duen honetan, bere jarrera beti 'baketsua' izan dela dioen honetan, garrantzizkoa da gogoraraztea ez zela hori bere jarrera 1968-69 urteetan. Asurmendi eta Artajo azken honek ordurako zeuzkan diferentziak alde batera utzita, EAJk entrenatu, finantzatu eta zuzendu zuen komando bateko kide zirela hil ziren (...) Dirudienez, Jokin eta Alberto hil eta gero, EAJk alde batera utzi zuen borroka armatuaren bidea, dakigularik, inoiz ez duela egin autokritika publikoa, ez borroka modu horri hasiera emateari buruzkoa, ezta alde batera uzteari buruzkoa ere. Baina aurrekaria, esanahiduna eta garrantzikoa, hor dago, erabat argituko den egunaren zain".
Eta, etortzen zait niri burura, pentsatzen hasi eta bere burua autokritikatu duen politikaririk ezagutzen ez den espezie da, ez ezker eta ez eskuin.