Hodei berdeak
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
aurkibidea
 

 

—2—

 

Behin Mikelek ikusi zuen txakur bat nola hiltzen zen, bere kateak berak itota, eta hasieran nazka eta gero tristura sentitu zuen; begiak betzuloetatik ateratzear, mihi more luzea dingilizka. Negu txar batean zen, elurra izan zen ausarki, ibaiak gainez egin zuen eta Errotxapea eta Magdalenako baratzeak estali zituen. Txakur dohakabea bere zurezko etxetxoari loturik zen, urak biak eraman zituen aurrera, bai txakurra eta bai etxetxoa ere. Ikusi zutenek zioten txakurrak, puska batean, ur-azalean eutsi ziola, zorte txarraren lana ere izan zela, katea adar batean trabatu baitzen, eta etxetxoa ongi ahokatuta gelditu aurreragoko zuhaitz baten bi adarren arteko urkila moduko batean, halako moldez non txakurrak korrontearen aurka eginda bere indar guztiarekin, ez baitzuen lortzen korrontea gainditzea, eta, nekatu zelarik, uraren indarra bera joan baitzen lepokoak lepo bueltan eragiten zuen sakada hilgarri bihurtzen. Gizon batzuk joan zitzaizkion laguntza emateko asmoz, txalupa batean, baina ur handi zen, ez zen erraza arraun hutsez txalupa gidatzea, eta txakurra zegoen tokira iristea; beste batzuk lehorretik saiatu ziren, baina sasi eta sastraka ugari zen, lehorretik ekin ziotenetako bat uretara jausi zen, kasik txakurrak baino lan handiagoa eman zuen hura handik ateratzeak. Honengatik izan, bestearengatik izan, denbora aurrera eta txakurra tranpatik atera ez, eta denbora aurrera ahala txakurraren begiak gero eta irtenago, eta mihia gero eta moreago; gero eta gutxiago egiten zion kontra urari. Gizonak iritsi orduko txakurra azken hatsa emanik zen. Mikel Beroizi, ertzetik ikusle egon zen orduan nerabeari, lehen nazka eman zion txakurraren borrokak, eta gero tristura, tristura handia. Txakurra salbatu ezin izan zuten gizonek begi-bistako egiak esan zituzten, arropak sikatu eta mokadu bat jan edo ardo tragoa egiten zuten bitartean, zorte txarra, etxetxoa adar artean trabatu izan ez balitzaio, pernandoren egiak, katean lotuta izan ez balitz ez zen itoko, eta zahatoa elkarri pasatzen zioten. Eta gero, urte batzuk geroago, txakur haren larritasun bera ikusi zuen lasterka, herio suhar, zihoan gazte baten begi-mihietan.

        Hori, baina, guztiaren jatorri urruna baizik ez da.

        Kalera baino lehen, amari musu eman diolarik, honek ez dio begiratu ere egin nahi izan. Ama, Carmen, harriaren gainean apur bat konkortuta dago, gosariko kikarak garbitzen ari da. Idoia, hamazazpi urteko arreba, ohean da oraindik, eta Luisek, hamabosteko anaiak diskoa paratu du. Hilabete da egunean hiru edo lau aldiz jartzen duela: "Love, love me do. You know I love you. I'll always be true. So please...". Ingalaterrako tximaluze batzuek kantatzen dute. Aitak, Miguelek, ezin du eraman, eta batzuetan damutzen da pick-upa erosi izanaz, edozein etxetan halakorik ez dagoela jakiteak nolabaiteko harrotasun txiki-sekretua ematen dion arren; Mikeli, ordea, berdin zaio, bestelako kezkak dauzka buruan; estonatzen da apur bat anaiak ingeles hizkuntzaren doinuak nola imitatzen dituen ikustean, baina denborarekin pasako zaiola uste du. Aita, Luisen kalparrari artaziak erakusteko amorratzen, une egokiaren zain dago. Momentuz Miguel Beroiz gelatik atera da, diskoa kentzeko agindu du, dudarako zirrikiturik uzten ez duen oihu larderiatsu batez, eta mendirako jantziaz sartu da sukaldean. Igandea da. Ordura arte itxoin du Mikelek etxetik lekutzeko, aitak burdinazko armazoia duen motxila griseko goiko aldeko kalamuzko soka argi ikus dezan. Mikelek koadro gorri eta beltzezko atorra darama, praka urdin ilunak, eta mendiko botak. Artilezko galtzerdi txuriak prakaren beheko aldearen gainetik ageri dira. Mikel atezuan dago, aitak deus esanez gero aurre egiteko pronto. Beroiz zaharrari ez zaio gustatzen semea eskalatzen ibiltzea. Semeak jada ez dio lagun egiten Mandoegi, Irumugarrieta edo Baigurara. Baina etsi du, alfer-alferrik dela baitaki.

        —Kontuz ibili —eta ez dio begiratu ere egin.

        Carmenek, ordea, senarrari begiratu dio, errieta isila eginez, eta Miguelek bizkarrak harrotu ditu. Luis sukaldera sartu da "Love, love me do..." baxutik kantatzen. Berak ordaindu du:

        —Artaburua!

        Orduantxe egin du hanka Mikelek.

        Kalean dela, Mikeli bukatu zaizkio harrokeriak eta erronkarako gogoak oro, tximeletak dabilzkio sabelean eta aho-sabaia sikatzen ari zaiola nabaritu du. Eskalatzen duenean ahoa siku-siku geratzen zaio, biziraupenerako senak bereganatzen du, gorputz eta arima, halako moldez non ekinaldiak dirauen bitartean, lurretik metro asko gora kasik txori baten moduan hegaldatzen denean, zorabiozko amets batean bezala baitago, jarduerak eta berarekin lotutako guztiak —soka, haitza, laguna— zurrupatzen diotela buru barneko gaitasun kontzientea oso-osorik. Eskalatzen duenean, hipererreala izateagatik irreala begitantzen zaion egoera batean sartzen da, katarsi bat bezalakoa da, baina berak ez du horretaz kontzientzia apurrik hartzen, harik eta rapela bukaturik, Etxauriko hauts beroa oin azpian, berriro, eguzkia sentitzen duen arte, bere izerdia berea dela jabetzen den arte, jardunaldian bizirik egon baita animalia bat bizirik dagoen gisa berean, sen betean, instintoz; eta lurra berriz ukitzen duen arte ez die erreparatzen inguruko ezpelei, hegan ari diren saiei eta inguratzen duten usainei: haitzetako te-landarearenari, kasu, edo kalamuzko soka haitzaren kontra marruskatzen denean ateratzen den urrin gardostu eta berezi horri. Lurra berriz ukitzen duen arte ez du lehen aldiz sentitzen, halaber, sokak rapel egitean lepo gainean eragin dion errea, edo hanka-besoetan, edo eskuetan egin dituen urratuak. Eskalatzen duenean giza kondizioaren miseriak oro desagertzen dira, eta bizipena guztizkoa da, esperientzia totala da, beste ezertarako tokirik uzten ez duena, pentsa litekeen intentsitate maximokoa. Eta lurra oin puntarekin berriro ukitzen duenean, makurtu eta hauts gainean pa egiteko gogoa etortzen zaio.

        —Zuri gertatzen zaizuna da akojonatuta zaudela —erantzun ohi dio soka-lagunak, Andresek, bere bizipenen intentsitatea adierazten saiatzen denean.

        —Ni akojonatuta!? —harrotzen da Mikel orduan, bestearen esana bere gizontasunari egindako laidoa delakoan.

        Andres Mikel baino pixka bat zaharragoa da, bost bat urte edo. Askoz eskalatzailea hobea da, sokak hobeki erabiltzen ditu, korapiloak egiten trebeagoa da, esperientzia handiagoa dauka, eta horrenbestez, badaki eskalatzaile guztiek daukatela beldurra, beldur pixka bat bederen, hala esaterik badago.

        Azken denboretan euskal ikurrina ikusi ahal izan da, harro, aske, zabal, toki esanguratsu eta ustekabekoenetan, nola baita San Miguel parrokiako goiko aldean, edo eraikitzen ari diren orube bateko garabi gainean, Bi aizpe deituriko parajeko bi haitzen artean. Kanpandorreak, mendi puntak eta, orokorrean hitz eginez, leku irisgaitzak euskaldunen sinbologiaren haztoki ezin hobeak direla egiaztatzen ari da.

        Mikelek ez du uste Andresek horretaz guztiaz ezer jakingo ez duenik, baina ez du lortu soka-lagunak gaiaz fitsik ere aitortzea, ez eta eskalada zailenen ondorengo atseden unean, birikek nahi beste aire hartzeko edukiera duten horretan. Seigarren gradukorik Andresen aurretik inoiz pasatu izan balu... Baina Mikel ez da oraindik ausartzen, eta Andres izaten da beti pauso zailenetan sokaren aurreko muturrean.

        Batzuetan aitakeriaz tratatzen duela begitantzen zaio, eta horrek azkura bezalako zerbait sentiarazten dio. Batzuetan irudi du, ezen, Andresentzat, eskalatzeko pareta beste mundurik ez dagoela, artesi, diedro eta tximinietan nagusi dena nagusi dela kalean ere. Mikelek, ordea, badaki hori ez dela horrela, mundua ez dela haitzetako paretetan bukatzen, alegia.

        Zuri gertatzen zaizuna da akojonatuta zaudela, Andresen ahotsa entzuten ari balitz bezala da, nahiz bera ez dagoen inguruan, nahiz ez doan eskalatzera.

        Eta, hala eta guztiz, Mikelek ahoa siku dauka, eskalatzera doanean bezala. Baina orain, etxetik kalamuzko soka motxila gainean duela atera bada ere, ez doa eskalatzera. Zita bat dauka.

 

 

Munduari ohiko bizitokia zuen arranoen habiatik jaisteko ohorea egin zion batean, Andresek Julen eta Roberto aurkeztu zizkion.

        —Mutil jatorra dirudi. Ea zerbait egiten ahal duzuen berarekin —zirika-hitzak ziren Andresenak, ez afektu gabeak.

        Kronologia gutxieneko bat sartu behar denez, esan behar da hori txakur itoaren larritasun berarekin lasterka ikusi zuen gaztea ezagutu eta gero gertatu zela, bere garrantzia baitauka kontatzen ari den istorio honetarako.

        —Ea nik zerbait egiten ahal dudan haiekin, esan nahiko duzu —Mikel ez zegoen bere burua gutxiesteko.

        Jatorrak iruditu zitzaizkion. Roberto apur bat fanfarroia, asanblia, bere gusturako; Julen isilagoa eta bizkorragoa. Biak, Andres bera bezala, San Jose plazako elkarte berri samar horretan, Eusko Bazterran, ibiltzen omen ziren. Mikel inoiz egona zen, baina ez sarritan.

        Mikelek folklorekeria deritzo, eta ez du folklorekeriarik maite. Euskarazko eskolak, txistu eta dantza ikastaroak, horrelako txorakeriatan galtzen dute denbora. Mutilak txapel handi bana buruan ibiltzen dira, norberaren borondatearen adinakoak, nonbait, horrek ezer konpondu beharko bailuen. Santa Ageda bezperan kantu elizkoiak kantatzen dituzte. Inoiz hitzaldiren bat edo beste ematen dute; bat interesgarria izan zen, ezkertiar batek emanda, eta Opus gora eta Opus behera ibili ziren, oilategian bezala. Entzun zituenetako batzuk gustatu zitzaizkion, batez ere ustezko ezkertiarrak esandakoak. Hala ere, ez zuela ezertarako ere aintzat hartzen euskaldunen borroka iruditu zitzaion, eta hori ez zitzaion hainbeste gustatu. Gainontzekoan, hitzaldiak aski txepelak iruditu zaizkio Mikeli: historia, ohiturak, etnografia... Berak informazioa nahi izanez gero, Cheren obra irakurriko luke, gerrilla iraultzailearen eskuliburuak, Marx, Lenin. Gutxi dago eskura, baina. Aitari eskatzea, ezta pentsatu ere; inoiz ekartzen du beste aldetik zer edo zer, baina horiexek ere, gehiena folklorekeriak, Michel Labeguerieren diskoak eta holako. Mikelek euskaraz gutxi daki, baina disko horretakoa euskara ote den ere, zalantzak ditu. Behin galdetu zion folklorezale horietako bati:

        ¿Y qué es eso de "ez baita libro Euskadi"?

        Que Euskadi no es un libro, zer bestela —erantzun, eta irri egin zioten.

        —Horixe diot nik, ba.

        Mikelek, Unibertsitatea utzi behar izan duenetik, aitarekin lanean ari denetik, utzi behar izan ditu alde batera unibertsitatean egiten ari zen lagun berriak; eskola garaiko adiskide batzuekin ongi moldatzen da oraindik, eta, alde horretatik, ez zaio hainbeste inporta, baina neskak... Unibertsitatean neskak baitzeuden. Eusko Bazterran ere bai, mutilak bezainbeste ia. Berari Garbiñe izeneko bat gustatzen zaio, zer edo zer ibiltzen dira elkarrekin; baina gauzak ez dira beti errazak, fandangoan ez zekiela atzeman eta neska dantzan irakasten saiatu zen hartan bezala. Atzerarazi zuen, bultzaka, bortxaz, ia. Garbiñek berari fandangoan irakatsi nahi izateak Arrueren erromeria bateko partaide sentiarazten zuen, kolore bizietakoa izanagatik, irudi hits eta hila; horregatik uxatu zuen neska, bizi, sumin, akuilu batek zirikatuta bezala.

        —Nik ez dut iraganeko mamua izan nahi —saiatu zen azalpena ematen, baina konturatu zen desenkusarako nahi zituen hitzak are iraingarriagoak zirela.

        Garbiñek muzin egin eta aldendu zitzaion puska batez. Eta Mikelek sufritzen zuen horregatik, xamur izan nahi zuelako, baina gero keinuak, ingrestiak, esanak, denak zakar ateratzen zitzaizkiolako. Ez zekien maitasun hura eta benetan inportanteak ziren gauzak bat nola etorrarazi. Batzuetan xamur jokatzen zuen, eta beste batzuetan gogor. Bere baitako zalantzaren eta eskarmentu faltaren ondorio baizik ez ziren aldarte-aldaketa ustekabeko haiek koloka mingarrian biziarazten zuten Garbiñe, kasik hasi baizik egin ez zen harreman hura bukatutzat jotzera emana.

        Roberto eta Julen, eta beste batzuk, Arrueren margoetakoa bezalako giro horretatik pixka bat aparte dabiltza.

        —Eskalatzaile abila omen haiz —esan diote.

        —Tira; abila, abila... —Mikel ez da fio, gauza zer den ikusi nahi du.

        —Gu ere zer edo zer ibiltzen gara...

        —Eskalatzen? Ez zaituztet Etxaurin egundo ikusi.

        —Ez, ez, motel, eskalatzen ez... —eta biek irri egin dute, Robertok ozenago.

        —Zertan orduan, txikiteoan?

        —Tira, horretan ere bai.

        Hori lehen egunean izan zen. Geroztik basoerdi batzuk hartu zituzten elkarrekin. Julenekin ongi moldatzen da. Robertorekin ez hainbeste.

        —Zuek ere zortearen lana dela uste duzue?

        —Ez, guk ez dugu horrelakorik uste.

        Mikelek, ordurako, txakur itoarena bezalako begi eta mihiarekin lasterka bizian zebilen mutila ezagutu du, eta jada hainbatetan atera da etxetik kalamuzko soka motxila gainean duela, eskalatzaile plantan. Izan zen orain oso urruti ikusten duen lehen aldi bat, nahiz eta bi edo agian hiru urte baizik ez diren pasatu ordudanik.

        Estreinako hartan hiria ezin ilun eta tristeago iruditu zitzaion, aro horretan ohikoa ez zen hego haize bortitz batek ekarri zituen hodei pisu eta berunkarak zirela kausa. Mikel kikilduta zebilen, kasik hanka puntetan, hiria iratzartzeko beldurrez bezala. Bistan zen euria ekarriko zuela, lehenago edo geroago. Euria ari duenean eskalatzeko ez da giro, eta Miguel Beroizek, aitak, horrenbeste bazekien; baina, lehen egun hartan, igandez, garrantzizkoena etxetik ateratzea zen. Kalera irtenez gero, gainerakoak ez zuen inporta. Zerbait asmatuko zuen: hamarretakoa hartzera joan zirela, edo, eskalatu ezinik, Sarbileko puntara igo zirela.

        Estreinako zita hura San Lorenzo eliza ondoan izan zen. Ez zebilen apenas inor kalean; hamar minutuan behin autoren bat pasatzen zen; oinezkorik ez zebilen, ia, mezetara zihoazen edo mezetatik zetozen atso eta agure batzuk baizik ez, iraganeko itzalak, Mikelen ustez; mendizaleak Aralar aldera zeramatzan autobus bat, baten batek agur egin zion bertatik.

        Aita ez zen handik pasako, igande hartan Auritz aldera joatekoa baitzen. Berak esan zion, Mikelek ez zela joango gaztigatu zionean, harriduraz:

        —Orduan ez al zatoz? Lauriñak aldera joateko geldituak ginen, ez al zara gogoratzen?

        Mikel indarge sentitzen zen, flotatzen bezala zihoan, eta urdailaren erdian herstura-gune bat nabaritzen zuen, tximeletak bailituen, eta horixe da bizirik dagoela gogorarazten dion bakarra. Aspaldi eten zitzaion listu-jarioa, ezpainak elkarrekin itsatsita zituen. Takonera begiztatu zuen. Adar biluzien firin-faranak bazuen mehatxagarria zen zerbait. Urrutian, parkean, zamarra berdexka zeraman irudi bat ikusi zuen: urduriak guardia zibilak ote ziren pentsarazi zion, baina parkeko zaindari bat, japi bat baizik ez zen. Mikelen lehen aldia zen, nerbioak kontrolatu behar zituen, ongi gogoan dauka, egun ere, igande hura.

        Esandako ordua baino bost minutu lehenago iritsi zen, eta San Lorenzo ondoko kioskoan erosi zuen Diario, urduritasuna orri zabalen atzean ezkutatzeko itxoinaldiak zirauen bitartean. Bi letra eta zenbaki bat errepikatzen zituen etengabe, klabe sekretu bat bailiran: BI-54423, BI-54423... Horixe baizik ez zion esan behin Iratxe izenburua zuten orriak banatzen ikusi zuen mutil argal eta bizkorrak.

        Mikel ez zen ongi gogoratzen kontu guztia maiatzaren lehen batean gertatu zen, edo agian ikasleen manifestazio batean. Gogoan zuena zen bera San Miguel karrikak Kale Nagusiarekin bat egiten duen kantoian zegoela, begirale, begirale huts, oihuak, lasterka-hotsak eta eztandak entzun zituenean. Istilu nagusia Jarauta partean gertatzen ari zela ematen zuen; berak, bat-batean, zama bat besapean arnasestuka eta lasterka zetorren mutil bat ikusi zuen, San Miguel karrikatik zetorren. Atzetik, ehun bat metrora, bi sozial ari ziren korrika, altoka eta oihuka; batek jaka barrutik zerbait ateratzeko imintzioak egin zituen.

        Mikeli, segituan, bere uhalaren bueltak harrapatutako txakurraren heriotza etorri zitzaion burura (zorte txarra, loturik egon izan ez balitz, bere etxetxoa zuhaitzaren adar artean trabatu ez balitz); nola hil zen begiak bere zuloetatik irtenda, gero eta moreagoa zen mihi luzea zintzilik. Korrika zetorren mutilak txakur hura ekarri zion gogora. Lehen nazka, gero pena eta gero amorrua, berebiziko amorrua sentitu zuen.

        Korrika zetorren mutila bere ondora iritsi zeneko, erabakia hartuta zegoen. Bihozkada bat izan zen, ez zuen batere pentsatu behar izan. Mutila ondora iritsi zitzaionean, bere begiek islatzen zuten izua ikusi ahal izan zuen, matrailezurra bere tokitik aterea bezala zirudien, adur-pinportatxoak ikusten zitzaizkion ezpainen ertzean. Amorruak eta elkartasunezko bultzadak zuhurtziak oro ezabatu zituen; bere sentitu zuen izu hura, bere egin zuen bestearen larria, lasterka zetorren mutila bailitzan hasi zen jokatzen. Inork ez zuen merezi txakur hura bezala hiltzerik. Ez txakurrak, ez mutil hark, eta ez berak. Eta, hortaz, keinu bat egin zion mutilari, segi ziezaion. Eta, hantxe, kale kantoi horren ondo-ondoan zeukan pisuan sartu zuen, sartu ziren.

        Pisua ez zen berea, amona zenarena baizik, baina giltzak Mikelek zituen.

        Esan daiteke orduantxe izenpetu zuela bere patua, itotako txakurra bezala hilko ez zela erabaki zuen unean.

        Ez zuen sekula lasterka etorri zitzaion mutil argalaren egiazko izena jakiterik izan. Galdetu ere ez zion egin. Bon, eman dezagun Kepa naizela, esan zion lasterkariak. Jator portatu zara nirekin. Prest al zaude zerbait egiteko? Beno... hori bistan dago, dagoeneko zerbait egin duzu-eta. Prest al zaude zerbait gehiago egiteko? Banatzen ari zen orrietako bat utzi zion Kepak, eta lasai egoteko, hurrengoan berak bilatuko zuela gaineratu.

        Prest al zaude zerbait egiteko? Bere soilean, nolabaiteko formula magikoa osatzen zuten hitz horiek. Berriketa gutxiko garai hartan, hitzok oihartzun berezia biltzen zuten.

        Aste batzuk pasatu ziren Kepa berriz agertu zen arte. Paper, panfleto eta argitalpen batzuk utzi zizkion. Handik aurrera Mikelek, kasualitatez, behin edo beste ikusi zuen mutil argala, eta berari buruzko berriren bat ikasi zuen, Eskolapioetako ikaslea izana zela, eta beste. Entzundako guztia ezabatu zuen bere oroimenetik. Argitalpenei zegokienez, denbora luze pasatu baino lehen hain bereganatuak zituen ze berak idatziak balira legez baitzeuzkan.

        Halako batean Kepak erabaki zuen beste zerbait egiteko garaia iritsia zela. Prest al zaude zerbait egiteko? Ba, oraintxe da unea. Hurrengo igandean. Halako orduan eta halako tokian. Baina ez etorri gero meza entzun eta bermuta hartzera joateko bezala jantzirik.

        Igande hartan Chantrea-Eibar jokatzen zen Txantrea auzoan. "El partido más interesante de toda la temporada" iragartzen zuen egunkariak. "Última hora: ¿Se negará a jugar el Chantrea a las cinco de la tarde?". Partida hil edo bizikoa zen. Azken jardunaldia zen, Eibar lehen postuan, puntu bateko aldea zeukan Real Unionekin, Bigarren Dibisiora igoko zen lehen postuan bukatuz gero. "Se calculan en 2.000 los aficionados eibarreses que siguen al equipo en esta ocasión". Konturatzen?, esan zion Kepak, hainbeste jenderekin, inork ez gaitu sentituko. Eta baten batek lagundu egingo digu.

        Izan ere, ez omen zen nahiko sarrerarik, eta Eibartik etorritako asko futbol zelaiko hormetatik gora saiatzen ziren, kanpoko aldetik, barruan zer gertatzen zen ikusten.

        Chantrea taldeak ez zuen ezer jokoan.

        Gauza gaizki hasi zen Eibarrentzat, Unzuk gola sartu eta Chantrea aurretik jarri baitzuen. Ordurako, bihotza ahotik eskapatuko zitzaion beldur zen Mikelek lehen GORA dardartia pintatua zuen zelaiaren ondoan hasi eta Antsoaineraino ailegatzen zen etxe-multzoen arteko kaleetako hormaren batean, eibartarrekin etorritako bat lagun zuela, eta ezagutzen ez zituen beste bi laguntzaile hormaren izkinetan zelatari jarririk. Eibartarra euskaraz egiten tematzen zitzaion, eta horrek Mikelen urduria areagotzen zuen, ez baitzekien Polizia zetorrela, edo azkarrago ibiltzeko, edo zer arraio esaten zion.

        Partida bukatzeko bost minutu baizik ez zirela falta, etorri zen Eibarkoentzako aukera; Izeta, ezker hegal bizkor eta trebeak ihes egin zien markatzaileei, erdi aldeko marra pasa eta, tiro bat bezala, zuzen joan zen aterantz, arean sartu eta... bukaerako TUTAri azken ukituak ematen ari zitzaionean, zelai barruko orroak bihotza zartarazi zion, ia, Mikel gaixoari, bat-batean publiko guztia berari so jarri zela iruditu baitzitzaion. Baina ez zen horrelakorik, kontua zen atezainaren aurrean bakarrik iritsitako Izetari zangoa atzetik trabatu eta arbitroak penaltia pitatu zuela. Bigarren zatiko berrogeigarren minutua zen.

        Ospa hemendik! erabaki zuen eibartarrak, keinuak eginez. Mikelek galipotezko potoa zelatari baten eskuetan utzi eta ziztuan desagertzeko presatu zen. Baina eibartarrak zerbait esaten zion, euskaraz, berak konprenitzen ez zuen zerbait. Zer, zer gertatzen da, galdetu zuen, ihesa eragotziko zion edozer di-da konpontzeko asmoz. Eibartarrak amore eman zuen:

        AZKATUTA se escribe con S, hostia!

        Zelai barruan Sarobek, Chantreako atezainak, jaurtiketa gelditu zuen, eta Eibarrek, partida bat eta huts galdurik, Hirugarren Dibisioko IV. Multzoko txapeldun titulua ere galdu zuen. Baina Mikelek pozik bai pozik egin zuen lo gau hartan.

        Kepa konforme agertu zen egindako lanaz. Ez zuen, ordea, puska batean gehiago ikusiko. Leherketa bat izan zen Monumento a los Caídos deitzen den horretan, atxiloketak izan ziren, zaurituren bat ere bai. Kepa ez zen inondik agertzen, eta Mikelek galdu zuen bere aztarna, ezezagun zitzaion neska batek eskuz idatzitako ohar bat pasatu zion egunera arte. Ni orain sasian nago, zioen oharrak, baina laster jarriko dut zita bat. Oharrak zitarako xehetasun guztiak hartzen zituen kontuan. Etxetik ateratzean eskalatzera zihoalako plantan alde egitea Mikelen beraren ideia izan zen.

        Eta horrelaxe izan ziren gauzak BI-54423 matrikula zuen kotxedunarekiko zita-eguna, San Lorenzo elizaren ondoan, heldu zen arte.

        Aipatu matrikula zuen Gordiniaren jabea Mikelek baina hamar bat urte gehiago edukiko zituen bibotedun luze eta meharra zen, Kepak bere oharrean esaten zuenez Andoni, irri erraz egiten zuena. Errazegi, Mikelen gusturako: biek elkarren itxurari begiratu ziotenean, bibotedunak karkaila luzeak egin zituen. Arrotzaren irriak efektu siniestroa eragin zuen Mikel bihotz izuaren baitan; ulergaitz zitzaion norbaitek, hori bezalako kinka batean, birika betean irri egitea. Irriak, gainera, arlote bat bezala sentiarazi zuen. Bere alkandora koadroduna, bere motxila, bere mendiko botak irrigarriak ziren etorri berriaren kaleko janzkera konbentzionalaren ondoan. Arrotzak, gorbatarik ez, baina alkandora eta jaka zeramatzan. Mikelek, bera bezala mendirako prestaturiko norbait espero zuen. Hasierako izua eta ondorengo irrigarri izatearen sentipena joan eta haserrea piztu zitzaion, haserre bizia. Ez zuen hitzik esan, eta autoko ate ondoan geratu zen, zutik, kanpotarrak sartzeko gonbita egin zion arte: Barrura, mutil, barrura, inork deus galdetzen badu lehengusuak garela esango diogu, mendira eraman behar zaitudala, zu zure lagunekin elkartzeko. Tira —segitu zuen bibotedunak, Mikeli oharkabean pasatu ez zitzaion ukitua besape ondoan eginez—, agian ez zaigu gaizki etorriko bueltatxoa ematea mendian barna.

        Autodunak hainbat galdera egin zuen, eta Mikelek erantzun. Hizketaldi laburraren ondoren, Etxauri aldera hartu zuen. Mendiko janzkerak ezizena ekarriko zion, Mendizalea, baina Mikelek orduan ez zekien. Bibotedunak irri egin zuen.

        —Hauek al dira herria askatzeko piurak!

        —Etxaurin eskalatzen hasi zirenak ere harginak ziren, eta ez mendizaleak —defenditu zen.

        Mikelen ateraldiaren seriotasunak zer pentsatua eman omen zion kanpotarrari.

        —Ea, azal ezazu kontu hori zertan izan zen.

        —Mende hasieran, 1902an, bi harginek egin zuten apustu, haiek gauza zirela Etxauriko haitz handi bat igotzeko. Egin egin zuten, eta, harrezkero, haitzak El Cantero du izena. Ondoko haitzari Kiriako jarri zioten, nik ez dakit zergatik; bien arteko tximiniatik igo ziren, bi haitzen pareten kontra enbor-ziriak jarriz eta azkenean zurubi bat erabiliz.

        —Hasiera guztiak zailak dira.

        —Eta onena da... iritsi zirenean, burdinazko gurutze bat aurkitu zutela gainean! Gurutzeak beste fetxa bat zeukan ezarrita: 1746, oker ez banago.

        —Eta ordukoak nola igo ziren, ba?

        —Inork ez daki, ez nortzuk ziren, ez zergatik igo ziren, ezta nola ere. Baina balentria egin zuten. Eskalatzaile jendeak susmoa du haitzak gerora amildu eta igoera erraztuko duen beste haitz puska bat edukiko ote zuen, ondoan, edo agian zuhaixka eta abar ugari egongo ote zen...

        —Ondorioa: egiten duguna egiten dugula, beti dago gure aurretik abiatu zenik.

        Euria ekarriko zuela bistakoa zen, eta bazegoen argi berezi bat; gari-zelai ernatu berrien kolore minak berdez tindatzen zuen airearen hezetasuna, aireak gardentasun berde bat atxikitzen zuen, hodei gris-ilunek berunkarago, eta areago.

        Beti dago itxaropenezko hodei berderik, pentsatu zuen Mikelek, eta etsipenezko zelai beltzik.

        Iragartzen zen zaparrada ez zen hiru ordu gerora arte hasi, eta ordurako Mikelen txistorra tortilla irentsita, gazta pixka bat erdibanatzen ari ziren, zahatoari sakada bat edo beste eginez.

        Hori bezalako zita bat baino gehiago eduki zuten, eta denborarekin konfiantza hartzen joan ziren.

        —Aizu, Andoni, zurekin zita egiteko mezuarekin etorri zen neska hura...

        —Elena? —galderak ustekabean harrapatu du.

        —...Bai, horixe, Elena; esan nahi dut... —ez dakiela galdera, edo eskea, edo dena delakoa nola bideratu nabarmena da.

        —Elena neska jatorra da... —Andoni irriz lehertu da, bestearen aztoramendu nabarmena ikusita—. Joder, Mikel, eta zure neska, zer?

        Mikeli, zita gehiago eta Andoni deituaren konpainiara eginago, irria jada ez zitzaion siniestroa iruditzen; aitzitik, ordurako lasaigarri irizten zion, gogo bulartsu baten berezko adierazpena, boteretsua. Andoniren baitako konfiantza enpatikoa Mikelen bihotz izuraino hedatu zen, kutsatu egin zuen, eta gaztea beste modu batez hasi zitzaion begiratzen, elkarren artean ernatzen ari zen bestelako tratubidearen ondorioz; Mikel hasi da konturatzen Andoni bestelako soka-lagun bat bezalakoa dela, eta inoiz suerta litekeela norberaren segurtasuna eta are bizia bere eskuetan ipini behar izatea, soka-lagunarekin gertatzen den bezala. Eta, horrelakoetan, egundoko garrantzia du soka-lagunaz fio izatea, soka-lagunak konfiantza merezi izatea. Funtsean, horixe zuen ona Andresekin eskalatzeak, fidagarria zela, alegia. Andoni hori ere, bere esku handiekin, bere irri sanoarekin, gero eta fidagarriagoa iruditzen ari zitzaion; ordu pare bat lehenago, apenas, Arteta gaineko harizti sarri eta bakartian galdu ziren; Beroiz gaztea asaldatu zen lehen danbada entzutean. Ehiztariak garela usteko dute, baretu zuen Andonik. Kanpotik etorritako armadunak ez zuen punteria txarra, eta Mikelek gehiago miretsi zuen dohain hori bi aldiz tiro egiten utzi zionetik aurrera. Ez da ematen duen bezain erraza, esan zuen. Ez, onartu zuen Andonik, baina ezta hain zaila ere. Ohitura kontua da, dena bezala. Pistola zaharra trabatu eta saioa bukatutzat eman zuten. Munizioaz ere ez gabiltza hain luze, esan zuen Andonik.

        Bi egun geroago, Andoni jada ez zegoenean, topo egin zuen Roberto eta Julenekin. Halako aire misteriotsu batez begiratu zioten, eta gero asteburuan zer egin zuen galdetu.

        —Igandean Etxaurin izan nintzen, eskalatzen.

        —Arraioa! —Roberto, maltzur eta ironiko—. Bitxia da, Etxauri hain txikia izanik, inork ez omen zintuen ikusi.

        Ale bakan batzuk baizik ez ziren Etxaurin ibiltzen zirenak, eta Andres izaten zen horietako bat, fijoenetakoa, asko izaten baitzen eskalada-laguntzat nahi zuena. Hark esango zien.

        Disimuluaren bidetik egitea iruditu zitzaion, zeuzkan aukeren artetik, onena.

        —Egia esan, iritsi gineneko euria hasia zen eta hamarretako egitera joan ginen.

        —Etxaurira?

        —Ez, Lizarra aldera egin genuen, igande pasa.

        Roberto hura mesfidati eta ekina zen, gero.

        Julenek, bitartean, biak behatzen zituen. Mikeli iruditu zitzaion kidetasun-brintxe bat ikusi zuela bere begietan.