Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Han belarra beti berde baita

 

Siderurgian errekonbertsioa nagusitu zenean, Zumarragako altzairutegia jabez aldatu ondoren Azpeitiko batean lortu zuen lana aitak. Eta hona etorri ginen bizitzera, Loiolako etorbidera, Olatz-ko Amaren ermitara iritsi aurretik Xoxoterako bidegurutzea hartu eta hutsik zegoen baserri alokatura. Erreformen ondorioz kale-etxearen antz gehiago zeukan baserriarena baino, nahiz eta betiko teilatua gorde. Lehengo ukuiluan logela bat eta ikasgela ateratzea proposatu zuen aitak.

      — Anaia edo arreba berria noizbait etorriko da-eta —esaten zidan jatorduetan.

      Aita berehala etxeratzen zen lanetik irtendakoan, soroko sasiak moztu eta ereiteko moduan prestatzen ematen zituen orduak. Jateko behar genituen barazkiak etxean landatzea zen bere ametsa. Amets hark ama ere ilusionatu zuen; aitaren kotxea urrutira bereizten zuenean, bere kasa margotzen hasia zen etxeko paretak utzi eta igitaia hartuta irteten zitzaion bidera. Leher egindako aurpegiz etxeratzen ziren, eskutik helduta baina; euren mundu propio eta egonkorra eraikitzen ari zirela sinestera heldu nintzen.

      Emakume garaia eta iharra zen nire ama, aita baino bi urte zaharragoa. Ile-adats ilun bezain luzekoa. Aurpegi angelutsuak behin ere eranzten ez zuen irriņo iraunkorra erakusten zuen. Baserri girotik urrun, mundua ikusiko zuen ustetan ezkondu zen aitarekin. Eta ezkonduz gero herriz herri bizi izan da. Denbora gehiena Zumarragan igaro genuen. Huraxe zen nahi zuen bizimodua, amestu zitekeenari buruz ezer jakin aurretik ere bai.

      Aita futbolzale amorratua izan da beti. Azpeitira aldatu ginen urtean Realeko bazkide egin zen eta berarekin eramaten ninduen partidak ikustera. Arrantzara ere joaten ginen elkarrekin. Artean ezer gutxi nekien arren, ibilera haiek eskarmentuz janzten ninduten beste mutilekin alderatuta. Neguan ilunpean itzultzen nintzen etxera bidezidorretatik. Martxoan goizeko hiruretan abiatzen ginen Lasao ingurura arrantzara. Astean zehar ez zuen beste kezkarik izaten aitak: soroko martxa zaindu eta larunbateroko arrantza-irteera. Ez zen inoiz lanaren nekeaz kexatzen. Etxe inguruko zelaietan aurkitutako zizareak eransten zizkion amuari, korronterik bizienak igarotzen ziren Urolako uharroila sakonenak irabiatzen genituen, eta ibairen hondoa haztatzeko zuen abileziari esker, maiz tamaina handiko amuarrainak harrapatzen zituen. Arrantza eta futbolaren inguruan sakontzen genituen gure arteko harremanak. Haurrek gehienetan aita ikusi ohi duten aginte eta gidaritzaren figuratik erabat urrun ezagutu nuen nirea.

      Azpeitira etorri eta sei hilabetera, altzairutegian 53 urtetik gorako langileak aurre-jubilazioa hartzera behartuko zituzten zurrumurrua zabaldu zen, eta sindikatuetan beldur ziren jende gehiago ez ote zuten kaleratuko.

      Igande arratsalde batez, Realak galdu ostean, inoiz baino goizago itzuli nahi izan zuen etxera.

      — Haritz, gaur goiz joango gara. Nekatuta nago, berandu da.

      Modu arraroan egin zuen barre. Nik ere modu arraroan egin nuen barre, “goiz joango gara, berandu da-eta” esatean zerbait ezkutatzen ari zitzaidalako. Zalantzan jarri nuen, gure nortasunarekin eta bizitzaren ikuskerarekin atontzen ari ginen mundu ziurra ez ote zihoan gainbeheran.

      — Mesede egingo diogu amari —esan eta, semaforoan belakiak eskuetan zeramatzatela autoaren kristalak garbitzeko prest hiru gazte hurbildu zirenean, isiltasuna egin zen gure artean.

      Amaratik abiatu ginen autopistan, leihoaz landako paisaian lekoratu nituen nire kezkak. Gure gainean hegazkin bat arrosa koloreko lerro bat marrazten ari zen egun osoan zehar nagusi izandako urdinak bere horretan iraun nahi zuen guneetan. Horizontean zerua orban berde eta gorriz zipriztindu zen. Autoaren bolante inguruko adierazleak eta geuk aurrera islatzen genuen faroen argi eremua salbu, erabateko iluntasuna egin zenean, aitak sakon hartu zuen arnasa. Begietara behatu nion nabarmen; erdi itxita zeramatzan. Buruan zerbait zebilkiela zirudien, autoa esku bakarraz gidatzen. Bakarrik gindoazen autopistatik, inor aurreratu gabe, inork guri aurrea hartu gabe.

      — Nolakoak diren gauzak! Behin zure amak esan zidan, ez zuela bihozminak jota inor hil zenik uste. Zu jaio aurretik izan zen, Zumarragan bizi ginela. Eztabaidan ari ginen, bat-batean bota zidanean: “Ez duk inor bihozminak jota hiltzen”.

      — Halaxe esan zizun?

      — Bai. Inor ez da bihozminak jota hil.

      Aitak sentitu behar zuen bakardadeaz ohartu nintzen. Gertu sentitu nahi ninduen, arrantzara edo futbolera elkarrekin joaten ginenean baino estuago.

      Autobidetik irtetean, Arroa Beheko baserrietako argiak horizontean hondoratu eta agerian gelditu ziren ilunpean.

      — Zerk kezkatzen zaitu, Haritz? —hasi zen aita, adar-joka ari ote zitzaidan antzematen utzi gabe— Neskek larritzen al zaituzte? Sexuak?

      — Oraingoz ez —deseroso erantzun nion hark entzun nahi zuena.

      Baina beste erantzun baten zain begiratu zidan.

      — Heriotzak beldurtzen nau —esan nion orduan, eta burua makurtu nuen.

      — Zaude lasai. Zure aurretik hiltzekoak gara gu! Lehenengo ni eta beranduago zure ama. Emakumeak gehiago bizitzen dira normalean... Zure lekuan egonez gero, gurasoak baino lehen hiltzeko beldur izango nintzateke ni.

      Hortzak estututa, bere buruarekiko konfiantza handiz jardun zuen, bolantea utzita.

      — Zure barru-barruko mundua errespetatu nahi dut —esan zuen gero, ezustean niretzat.

      Azpeitira iritsi ginenean, herriaren kanpoko gasolindegian gelditu zen depositua betetzera. Landetako bariantea zeharkatu genuen gauaren isiltasunean, lapurren gisa. Semaforo berdeek, denborarik galdu gabe, artean ezagutzen ez genuen zerbaiten enkontrura bultzatu gintuzten. Loiolako etorbidea hartu genuen, baina etxera jo ordez aurrera jarraitu zuen, Maxi Eroskiko bidegurutzeraino. Hipermerkatuaren neoitzarrek aparkalekua eta autoak garbitzeko txapitela desertuak urrutitik ikusteko moduan argitzen zituzten.

      — Une batez gelditu eta gaua entzun nahi dut. Zenbait hegazti motak gauez bakarrik bidaiatzen du —lagunik minenari bezala ari zitzaidan.

      Amarekin izan ezik ez zela inorekin afaltzera edo txikiteora joaten otu zitzaidan. Zumarragan behintzat ostiralero musean jokatzera biltzen zen lagun batzuekin.

      Autoa aparkatu zuen hipermerkatuaren aurrez aurre eta argiak itzali zituen. Leihatilak jaitsi eta belarriak adi-adi genituela eserlekuen bizkarraldeen aurka etzan ginen. Ibaiaren marmarioa iritsi zitzaigun Urolako trenbide zaharra igarotzen zen azpialdetik. Ez nuen besterik entzuten, gaztainondo biluzietan haizearen harrabotsa baizik. Hegaztien arrastorik ez. Ingurutik zihoazen autoen xuxurla kondarretara ohitu nintzen, nire aitaren arnas-hots zaratatsura. Gauez arrainak ibai hondoan bezain geldirik zerbait berezia itxaron nuen, bihotzeko taupadak isilarazita. Baserrietako argiak zenba nitzakeen, itsasontzienak bezalakoak ozeanoaren erdian.

      — Han! Entzuten ditut! —esan zuen ozen, burua leihatilatik aterata—. Altuera ikaragarrietara hegan egiten duten antzarak dira. Entzuten? —hatzarekin zerua seinalatuz han goian zebiltzala baieztatzeko begiratu ninduen, eta nik baiezkoa egin nion buruarekin.

 

 

Auto batek itxaroten gintuen etxeko atarian, juxtu aitak uzten zuen parean. Ilargi berria ikusi nuen autoaren atzeko pilotuetako kromatuetan. Bi ateko Opel bat zen. Etxeko ate gaineko farolatxoa piztuta zegoen, logelako eta korridoreko argiak ere bai. Txuri, nire zakurra, ganbaratik jalgi zitzaigun faroen muturreko argi-uhartearen ertzera.

      — Zer gertatzen da hemen? —galdetu zuen aitak.

      Presaz sartu zen etxean. Sukaldean hogeita hamar bat urteko gizonezko sendo bat zegoen irratiko orduoroko albistegia entzuten. Ile blondak zituen. Mahuka motzeko alkandora bakeroen gainetik aterata. Begi urdinek harridurarik erakutsi gabe begiratu ziguten.

      — Zer gertatzen da hemen? —aitak ukabilak potortuta zeramatzan.

      — Gabon —agurtu gintuen arrotzak mahaitik alboratuta.

      Ez genion ezer erantzun, eta ez dakit zergatik fijatu nintzen horrenbeste larruazal zurbil eta bilo gabeko bere beso gihartsuetan. Mahaian pattar hondarra geratzen zitzaion edalontzia zeukan.

      — Nor haiz hi? —galdetu zion aitak.

      — Javier —eztulaz eztarria garbitu zuen morroiak.

      Une batez beldurtu eta, erruki eske, sukaldetik ihes egiten saiatuko zela pentsatu nuen, baina hala ere bere etxean onartu bagintu bezala sentitu nintzen, arrotzak aita eta biok bagina bezala.

      — Javier... —errepikatu zuen aitak—, non zagok nire emaztea? Ez hintzen ba lapurretara sartuko, ezta?

      Gazteak irri egin zuen.

      — Ez. Andrea logelan zagok.

      Aita sukaldetik irten eta ate ondotik esan zidan:

      — Zaudete biok kanpoan ni itzuli arte. Segituan nator.

      Eta Javierri esan zion:

      — Hirea al duk kanpoko auto hori?

      — Bai.

      Eskailerak igotzen zituela entzun genuen, amak “Nor dabil hor?” galdetzen zuela, eta aitak “Ni naiz”.

      Javierrek adi-adi begiratu ninduen; ez zekien nola jokatu: ihes egin, itxaron, kanpoan geratu. Gure begiek elkar jo zutenean barre egin zidan muturren aurrean.

      — Kalera! —esan nion ahal izan nuen ahotsik oldartuenaz.

      Atariko farolatxoaren argipean gelditu ginen, bakoitza alde banatara begira, eskuak patriketan hark eta sabel gainean antxumaturik nik. Dar-dar egiten zuen; lasaitu egin ninduen ni bezala beldurra, mina, lotsa sentitzen zituela ohartu nintzenean: mina, beldurra eta... maitasuna.

      Nire ama leihotik begira genuela ikusi nuen; soineko urdin argia zeukan soinean. Javier ez zen konturatu. Eskuarekin agurtu nuen ama, nigatik lasai egoteko, ez nintzela beldur adierazi nahian; irribarre atsegin batez itzuli zidan agurra; baina leihotik zelatan egon zitzaigun unean Javier zuela gogoan igarri nion.

      Morroiak zigarreta izeki berria eusten zuen ezpainetan; kea sudurretik bota eta aire hotza arnastu zuen pospoloa lurzoruan zapaldu aurretik. Atzeraka orraztuta zeuzkan ileak, aldamenetan arras itsatsirik. Bizarra egiteko erabiltzen zuen lozioaren lurrin eztia sartu zitzaidan sudurretik. Bere oinetakoetan fijatu nintzen: galtza nasaien azpitik gailentzen ziren punta zorrotz eta dirdaitsuak, atez ate entziklopediak saltzetik mundua ikusiz bizi direnen oinetakoak. Gizon bikaina zen Javier hura, postetxeko ilaran ikustean liluratuta utzi ondoren inoiz gehiago oroitzen ez duzun edertasunaren jabe.

      — Gustatzen zaidak auzune hau —esaten ausartu zen—. Leku lasaia duk. Mundua laua izanez gero, hemen ez huke paisaiarik aldatuko... Asko edan diat baina ez nauk mozkortu...

      Zerbait irakatsi guraz hitz egin zidan, eskua gainbildurik zigarretaren garra babesten zuela.

      — Futbola gustatzen zaik, ezta?

      Amorrua eman zidan amak arrotz hari nitaz hitz egin izanak. Amari eta berari buruzko zerbait galdetu nahi nion. Baina haizea altxatu zen, eta etxearen atzealdean, urrutira, Txuri entzun nuen zaunka. Javierrek ez zekien nire munduaren berri. Amaren ahuldadez epaituak gintuen aita eta biok, oker zebilela erakutsi behar nion.

      Aitaren ahotsa iritsi zitzaigun: “Ederra kontua!”. Zerbait lurrera erori eta apurtu egin zen. Ondoren bortxaz ixten ziren kaxoiak entzun genituen. Atearen danbatekoa. Gero ezer ez.

      Javierrek gauaren armiarma sarea behatu zuen. Bostehun bat metrora dagoen basilikaren leinurua altxatzen zen horizontearen gainetik. Biok ikusi genuen berriro zerua zeharkatzen zuen hegazkinaren argi gorria. Eskuak patriketan jarraitzen zuen, zigarretari hortzen artean eutsiz. Nik ezagutzen ez nituen zenbat gauza jakingo ote zituen galdetu nion neure buruari; ez nire amari buruz —hartaz ez zekien ezer, ezin zezakeen—, baizik eta bizitzaz, han kanpoko gau parteko bizitzaren nondik norakoaz. Nongoa zen jakin gura nuen, eta horrek bere bizitza zentzu bereziz jantziko ote zuen. Kontuak okerrera eginez gero zertarako gai uste ninduen ezagutzeko kuriositate kontrolaezinak astindu ninduen. Nire anaia nagusia izan zitekeen.

      — Ba al dakik hire ama lehen beste gizon batekin ibiltzen zela?

      — Bai, noski.

      — Egun maizegi gertatzen duk. Bazirudik dibortziatzeko presaz ezkontzen direla.

      Zigarreta bota, zapata puntaz zapaldu eta keinu egin zidan, niri azaltzeko asmorik ez zeukan zerbait ezagutzen zuela adierazi nahian, neure buruarekin gaizki senti nendin beste helbururik gabe, ni ez nintzela Javier eta behin ere Javier izatera iritsiko ez nintzela esan nahiko balu bezala.

      Orduantxe irten zen aita, erabat zurbilduta. Eskaileretan eroriko zela pentsatu nuen, herrenka egiten baitzuen, zauritu baten moduan. Ama eskailera mailen gainean geratu zen tente, atariko argipean, leihora agertutakoan zeraman soineko urdin argiarekin. Berokia zekarren sorbalden gainetik eta eskuetan maleta bana.

      — Lanik baduk? —galdetu zion aitak Javierri, elkarren arnasa aurpegian sentitzeko tartera gerturatuta.

      — Garabien enpresa bateko kooperatibista nauk.

      Aita, eskuak berokiko sakelatan sartuta, are gehiago hurbildu zitzaion morroiari, gaztea probokatu nahian. Bularraz bultza egin zion, baina hark ez zuen aurka egiteko zirkinik ere egin. Amari begiratu nion. Geldirik zirauen, gertakariei begira. Begiratzen nionik ez zela konturatu egin zituen itxurak, baina bere pentsamenduetan nindukan, zainetan odola borborka.

      — Zer duk? —aitaren eskuak sakelatatik ateratzean berokia zabaldu eta ordura arte besapean gordetako karabinaren kanoi bien muturrek distira egin zuten ilargiaren argitan.

      Javierrek aurpegia altxatu zuen metalak kokospean ukitu zuenean, baina haren besoek saihetsetara geldirik jarraitu zuten.

      — Kontuak garbitu behar ditiagu! —esan zion aitak.

      Javierrek bere gogoz kontra zerbait egitera behartu nahi zuela begitandu zitzaidan, nire aitak aitzakia bat behar zuela Javierri aurre egiteko.

      —Aski da! Kito behingoz! —ama mintzatu zen azkenean, eszena hari amaiera emango ziolakoan; baina aitaren amorrua harrotzea besterik ez zuen lortu.

      — Zoro puta bat haiz, ezta? Nire emazteaz maitemindu al haiz? Esazak maite duala, nazkagarri horrek! Tira, esazak! Esazak eta horrela bi tiro emango ditiat!

      — Horrela ez duk ezer konponduko —esan zuen Javierrek.

      — Uztazu bakean! —amak.

      Laguntza eske begiratu zidan.

      Ez zuen uste aitak tiro egingo zuenik. Inork ez genuen uste, aitak berak izan ezik. Ezustean jiratu eta herraz behatu zion amari, karabina Javierren kokospera itsatsita. Aitak tiro egitea desiratu nuen orduan.

      — Alde nire bistatik! —oihu egin zion amari—. Alde!

      — Umeak eskolara joan behar du bihar —besterik ez zion esan amak, eta soroan barrena abiatu zen, niri agur egin gabe.

      Aitak zokora itzuli zuen burua, amaren atzetik korrika irteten nuen ikusteko. Egin behar zuena azkar egiteko desafioka so egin nion nik.

      — Hemendik onik irteteko ustetan hago, ezta?

—esan zion Javierri.

      — Bai.

      — Min egin nahi diat ordea. Hiri min handia egiten asmatu nahiko nikek, baina oraintxe ez nauk ezertarako gai sentitzen.

      Amak Opel-aren atea itxi zuela entzun genuen.

      — Ergel bat naizela uste al duk?

      Begiak kliskatu zituen aitak. Arnasa hartu zuen eta eternitatea bezainbeste luzatu zen lipar baten ondoren bota zuen airea. Ezagutzen ez nuen beste norbait nire aitaren gorputzera itzultzen ari zela iruditu zitzaidan. Gizon berri hark nire aitari falta zitzaion ausardia izatea erregutu nuen nire kabutan.

      — Hire aita bizi duk?

      Berriro karabina altxatu zuen Javier oin-puntetan zutitzera behartuz. Burua alderatu nuen, aita tiro egitera zihoala konbentzituta.

      — Bai —erantzun zion morroiari.

      — Tamalgarria! Mozkor puta bat izango duk. Ez ziok axola nolako sasikumea haizen. Ziur aspalditik ez haizela deus ere harentzat. Hark ere nahiago likek hilik bahengo! Baina beste norbaitek hil beharko hau! Nik ezin diat...

      Aitak karabina ilargirantz destatuz begiratu zuen burua makurtu aurretik. Javier zerbait esateko zorian egon zen, baina etxearen aitzinaldetik abiatu zen autorantz. Opel-aren motorra entzun nuen. Loiolako etorbidera irteteko atzera maniobratu zuen. Bi buru antzeman nituen barruan, faroen argi bikoitzaren aurretik. Errepidera iritsitakoan balaztatu egin zuen Javierrek, eta une batez euren artean hizketan ikusi nituen. Nire amak “Maite haut” esango zion, edo “Ez nian horrelakorik espero”, edo “Sentitzen diat gertatutakoa”. Eta Javierrek “Ez du axola” erantzungo zion, edo “Pozten naiz”, edo “Nik ere maite zaitut”.

      Etxeko atearen danbatekoaz itzuli nintzen errepide bazterreko hotzetara.

      Opel-aren argiak gauaren tapakietan galdu zirenean etxeratu nintzen. Txurik zaunka eta zaunka egiten zuen.

 

 

Goizean ez genuen elkar ikusi. Esnatu nintzenerako aita falta zen. Bide bazterretik eskolara nindoala, auzokoak kotxea geratu eta herrira jaitsi ninduen. Ez nion hitzik egin bide osoan. Beldur nintzen hurrengo egunetan ahotan izango gintuztelako. Bakarrik nengoen, eta ordura artean etxetzat neukan Xoxote magaleko auzuneak eta Azpeitiko enparantzak nire aurka apropos prestaturiko mortu habitaezinaren moduan eman zidaten ongi etorria Harzubiko zubitik Betharramitetarako bidean.

      Eskolako atsedenaldian psikologoa etorri zitzaidan, eguerdian amak enparantzan itxarongo ninduela esateko hots egin zuela jakinarazten.

      Astotegiko zuhaitz biluzien gainetik lainoek beheraino hartuta zeukaten Xoxote magala. Enparantzara bidean ama Javierrekin azalduko ote zen galdetu nion neure buruari. Inoiz Javierrekin kalean topatuz aitak gero nola erreakzionatuko zuen pentsatu nuen.

      Zain neukan ama. Ileak nahastu zizkidan agur gisa. Hitzik egin gabe jaitsi ginen Erdi Kaletik, txikiteoan zebiltzan gizonezko koadriletatik urrun. Pipiak menpe hartutako zurezko eskailerak zituen atarian sartu zen ama. Zalapartaka igo ginen bigarren solairura. Amak sarraila biratu zuenean telebistako ahotsak entzun nituen eta egongelara bidean gidatu. Irribarreka jarraitu ninduen amak, eta bere itxurak zirrara handia eragin zidan, bere aurpegierak berreskuratu zuen gaztetasunak. Bart gaueko zauriak tartean izanagatik elkarrekin ondo abenituko ginela sentitu nuen.

      Telebista amatatu zuen, ihesbidea ukatu nahi balit bezala.

      Egongela aztertu nuen nik: zaharra zen paretetako papera eta gehiegizko hezetasuna salatzen zuten sabaiko zetakek; lurrean zabalik zetzan bart etxetik alde egitean zeraman maletetako bat, komuneko ate ertirekiaren alboan.

      — Bakardadea zama astuna da. Ez dut batere ongi lo egin bart. Eta zuk?

      Javier non zegoen galdetu nahi nion, ni bezain garrantzitsua ote zen bere bizitzan. Bart gauean Javier hilik ikustea desiratu nuela gogoratu nuen. Atsegin nuen ordea eguerdi hartan amak zeukan gorpuzkera. Ezagutzen ez nion askatasunez higitzen zen, benetan zer nahi zuen hautatzeko gai, inposatuta zetorkiona onartzera mugatu beharrik izan gabe.

      — Badakizu? Batzuetan zu jaioberria zinela eta artean Zumarragan bizi gineneko pasadizoez pentsatzean, bizi ordez irakurri egin ditudan gertakariak direla iruditzen zait, bizitza eskolan irakurtzea agindutako eleberri bat balitz bezala.

      Eskuak magalean elkarlotuta, aurreko etxeak beste paisaiarik eskaintzen ez zuen leihorantz itzuli zuen burua.

      — Zaila da hau azaltzea. Sentitzen dut. Baina prest nago galdetu nahi didazun edozeri erantzuteko. Atsegin izan edo ez, egia erantzungo dizut. Ados? Gure artean konfiantza ez da ezinbestekoa. Biok ere helduak gara.

      Berehala irten zitzaidan:

      — Beste gizon batekin ibiltzen al zinen lehen?

      Bekozkoa zimurtu eta begiak uzkurtuta, betidanik ezagutzen nion itxura agertu zitzaion: hezur angelutsuak, ezpain itxi eta fermuak.

      — Ez —bizkorregi erantzun zuen—. Nork esan dizu hori? Ez da egia! Zure aita izan al da? Ankerra da.

      — Jakitea behar nuen. Burutik pasa zait, besterik ez.

      — Ibili banintz ere, zer? Batzuetan zure aita ez da bere buruaz ere errukitzen...

      — Ez dit aitak esan!

      Ez nuen Javier aipatu, ama bere alde ez jartzearren. Konfiantza ez zen ezinbesteko baldintza gure artean; helduak ginen.

      — Hori da jakin nahi duzun guztia? —haserre jarraitu zuen—. Ez dut horren bizitza etxekoia eraman nahi, hori da dena.

      Xerra pare bat frijitu eta hiruzpalau arrautzaz tortilla bat egin zuen. Eguraldiaz mintzatu ginen jan bitartean. Ur bila sukaldean sartu nintzenean, urtebetetzean amak aitari oparitutako diru-zorroa ikusi nuen hozkailu gainean. Orain bakar-bakarrik geunden munduan, inoren laguntzarik jasotzeko itxaropenik gabe, geure kabuz baliatzera behartuta.

      Eskolara lagunduko zidala esan zidan amak maletak atontzen hasi zenean.

      — Zure aitak ez dit etxera itzultzen uzten —esan zidan, kalera jaitsitakoan gure bideak han banatzen zirela erabakita.

      Muin eman zidan masail bietan. Autobus geltokira abiatu zen.

      — Lehen beldurtiagoa nintzen —eztiro egin zuen irribarre—. Eta hala ere halako korapilo bat egiten ari zait sabelean...

      Berriz eskolara nindoala, autobusa pasa zen aldamenetik, inork leiho albotik besoa altxatzen zidan ikusteko astirik emateke. Jarraian aitaren kotxea ezagutu nuen urrutian eta atari batean ezkutatu nintzen. Bereziki krudelak gara haurtzaroan inguratzen gaituztenekin. Eskolara ez joatea erabaki nuen semaforoetan. Igerilekura jo nuen. Bizpahiru liburu eskuetan zituela eskolara zihoan ume bat igerilekuko eskaileren aurka zokoratu eta, atsegina gorrotoarekin nahasten den keinadez, ostikoka hustu nion bihotz-barrena. Ez zuen jaiogabe baten ileak baino gehiago balio. Lurretik altxatu nuen, ez nion pisua antzematen. Konfiantza neukan neure buruan. Erabat ziur nintzen nire bizitzak hartu zuen bihurguneaz. Ez nuen nire bihotzeko hustasun hura besterik, baina behinik behin egiaren jabe nintzen. Nahi izatea besterik ez nuen behar dena bertan behera aldatzeko. Zer axola zitzaizkidan Javierren heriotza edo nire amaren maitasuna? Zer axola zitzaizkidan Jainkoa edo nire gurasoek hautatutako bizimodua?

      Bakardadea eramangarriagoa gerta zekidan, biharamunean eskolara joandakoan patioa hil eta bizi jolasten diren haurrez beteta aurkitu nahi nuen, gorrotoz betetako deitoreen artean agur nintzaten.