Erditzea
Gauerdian, aitak, haur batez erditzera zihoan ijito bati laguntzera joateko deitu ziotela esanez iratzarri ninduenean, biziki haserretu nintzen, bere jokabidearekin azaltzen baitzuen nire hamaika urte bete berriekin gauez ni etxean bakarrik uzteak kezkatu egiten zuela.
— Ez naiz titi-kumea —esan nion.
Erditzearekin lotuta irudikatzen nituen oinazea eta sufrimendua naturaren aurkako zerbait ziren orduan niretzat.
Aitak, hitzik egin gabe, armairutik nire arropak hartu eta ohe gainera bota zizkidan. Leihotik gurdia ikusi nuen etxearen aurrean geratuta, eta ijito bi egonezinean, urduri, batera eta bestera ibilian. Bietan zaharrenak, bizkarra gurdiaren albo batean bermaturik, pipa bat atera zuen eta erretzen hasi zen, gazteenak etxera begira jarraitzen zuen bitartean, hortz artean marmarrean, eskuak patriketan sartuta, hartxintxarrei ostikoka, ibiltzeari utzi gabe. Artean lo-errean jarraitzen nuelako, denbora batez egon nintzen ijito gazteenari so, harik eta berak, behingoz prestatzen ari ote ginen jakiteko, argia zegoen sukaldeko leihora begiratu ordez nire logelako leihora behatu eta ikusi ninduen arte. Asaldatu egin nintzen bere bisaiaren larritasunaz; lehenik, espiatzen ari nintzaiola ohartu zelako, baina batik bat, hura ez zelako ijito bat sendagile batengana etortzen zenean hartzen zuen jokabidea. Bailarako sendagileek, nire aitak izan ezik, ez zuten ijitoen kanpamentura joan nahi izaten hango gaixoengana, ezta ohikoa baino askoz diru gehiago eskaintzen zietenean ere. Eta honek guztiak eskolan arazoak sortzen zizkidan maiz, aitarekin bakarrik bizi nintzenez, nire aitak ijitoen emakumeekin oheratu nahi izaten zuelako sendatzen zituela aurpegiratzen baitzidaten mutilek.
Aita logelara sartu zen berriro, agian sukaldetik ijito gaztearen aurpegieran zerbait arraroa antzeman zuelako nire leihorantz begiratzen zuen bitartean. Aparailuak eramaten zituen larruzko maletatxoa zekarren eskuan, eta bekozkoa zimurtuz behatu ninduenean, burua ahal nuen bezain tente irten nintzen bere aurretik. Pasillotik igarotzean, etxeko ate irekitik zetorren freskura antzeman nuen ohe epeletik atera berriak nituen esku eta hanketan; zerbait ezezagunera joan behar banu bezala sentitu nintzen.
Gu gurdira igo bezain laster keinatu zituzten zaldiak ijito biek, kanpamentua muntatuta zeukaten muinorantz abiatzeko. Iluntasunean zeharkatu genuen errebaleko behe-lainoa, bizpahiru gizonezkorekin besterik gurutzatu gabe, berorien artean Benito, herriko mutilzahar mozkorra, gurdiaren gidariak ijitoak zirela konturatu zenean, lagun zuen alkohol hodeitik irten eta botila jaurtitzeko itxurak eginez herritik alde egiteko oihuka eraso ziena. Orduan iratzarri nintzen guztiz. Zigor klaskak entzun nituen zaldi laukotearen bizkarren kontra erortzen. Ijito gazteak zehatzen zituen kolpe bizkor eta bortitzez maldan gora arinago korri zezaten. Leherraraziko zituela otu zitzaidan. Etzanda nindoan, aitaren besoaz inguratuta, haize hotzetik babestu nahiko banindu bezala; eta hori, garai hartan ustez banuen heldutasun sentipenaren aurka bazihoan ere, ez nion ezer esan, ijito gaztearen aurpegiaren espresioaz oroitzen bainintzen, leihotik bera zelatatzen harrapatu ninduenekoa.
— Zer gertatzen da? —galdetu nion aitari, jakingo ez banu bezala, giroan arnasten nuen eta sabelean gora zetorkidan larritasun etsi hura nire barnetik iraizteko asmoz.
— Erditu ezinik zagok emakume bat.
Pagadia zeharkatu genuen eta, bat-batean, gurdiak zakarki jaitsi zuen abiadura, ezkerretarantz ia ezinezko bihurgune bat marrazteko. Tripak eztarriraino igo zitzaizkidan, botaka hasiko nintzela pentsatu nuen lipar batez, berriro gurdian etzan nintzen begiak itxita. Iluntasunak erabatekoa izaten jarraitzen zuen ireki nituenean, gurdiaren karrankak baino ez nituen aditzen. Guk arrapaladan aurrera eginagatik oraindik tarte berberean jarraitzen zuela iruditzen zitzaidan izar batean pausatu nuen soakoa, horrela zorabiatuko ez nintzela pentsatuta. Hurrena berriro soina altxatu eta eserita jarri nintzen, ijito gazteak (farola bat eskuin eskuan eta ezkerrekoan sokak) ihintzaz blai egindako belazetik zaldiak nola gidatzen zituen ikustearren. Kilometro erdi inguru zidorrean gora egin ondoren, porlanezko bide batean moteldu zen gurdiaren abiadura. Ilargiaren argitan estalpe bat ikusi nuen ehun bat metrora. Ijito gazteak gurdia gelditu eta farola amatatu zuen bortxaz putz eginez. Zaldiak askatu eta kortan utzitakoan porlanezko bidean behera abiatu ginen laurok. Zakur bat jalgi zitzaigun bidera, zaunka bizian. Berrehun bat metrora ijitoen txabolek gertu behar zutela erakusten zituzten suak ageri ziren. Zakur gehiago atera zitzaizkigun bidera kanpamentura hurbildu ahala. Txaboletara itzularazi zituen ijito gazteak, besoak astinduz eta txistu bereziak eginez. Zaharrenak pipa ezpainetan jarraitzen zuen, eta apurka-apurka gugandik geroz eta atzerago geratzen zela iruditu zitzaidan, arreta osoa erretzen ari zen pipak xurgatuko balio bezala, gure urratsei jarraitzeko indarrik geratuko ez balitzaio bezala.
Herrixkaren sarrerako lehen txabola-ilaretako batean, supazterretik ateratzen ziren txingarrak ikus nitzakeen ateaz kanpo ere; eta atarian amona zahar bat, farola bat eskuan, gure zain. Adinak zigortutako bere begiek hirukotearen aurrean gentozen aita eta biok ezagutzea zail egiten ziotelako edo, amorruzko imintzio bat sumatu nion bere urteei zegokien pazientzia eta bihotz ona agertu behar zituen bisaia ximelean. Orduan damutu nintzen estreinakoz gure etxean geratzeko aukerarik ez izanaz. Aitari begiratu nion babes bila. Ez nuen nahi nire begiek bihotzak sentitzen zuen haserrea agertzerik, aitzitik, zer egin behar nuen galdetuz bezala begiratu nion, berarekin batera txabola hartan sartu edo dena amaitu arte kanpoan itxaron. Baina aitak ez zituen nire kezkak ulertzen, eta txabolaren ate aurrean une batez zalantzatan gelditu nintzenean, eskua sorbaldan ipiniz bultzatu ninduen aurrera.
Txabola barruan hogeita gutxi urteko andere bat zegoen egurrezko litera batean etzanda.
— Bi egun daramatza erditu nahian —azaldu zion amonak aitari.
Kanpamentuko adineko emakume guztiak laguntzen saiatu ziren arren, ez zuten ezer onik atera urteen eta gizaldien buruan pilatutako jakinduriatik. Gizonezkoak kanpamentutik ahal zuten bezain urrutien mantentzen ahalegindu omen ziren, haserrekor, inor jelatzeko moduko emakumearen kexu saminak entzun ez zitzaten. Burua itzuli nuen herriaren kanpo aldera; gurekin batera gurdian etorritako agureaz oroitu nintzen, larrialdi une haietan hark ustez gordetzen zuen egonarriaz; eta gaua argitzen zuten puntu ņimiņo batzuk erreparatu nituen urrutian, bai gu etorritako zidorrean bai kanpamentua zeharkatu ondoren aurkako norabidean jarraitzen zuen bidexkan, zigarro piztuei zegozkien puntu ņimiņoak; eta begirada sugar haietan apur batez pausatuta, ke zutabeak bereizten nituela iruditu zitzaidan; ziklo osoa nola errepikatzen zen begira egon nintzen, alegia, nola laranja koloreko argitxoak sabel ingurutik ezpainetaraino igotzen ziren eta, ondoren, segundo eskas batzuen buruan, nola ezpainetan kolore laranjek berehalakoan irabazten zuten garraren dirdira, lehen sabel inguruan galdutakoa.
Bat-batean txabolako atea itxi zuen ijito gazteak. Emakumearen oinaze beteko oihuak neure erraietatik aterako balira bezala entzun nituen. Beheko literan zetzan. Goikoa bere senarrak hartu zuen, ijito gazteak.
— Orain bost egun —azaldu zion amonak aitari— oinean sekulako ebakia egin zuen basora egur bila irtendakoan. Orkatilako zauria ukendu batez garbitu genion, baina orbaindu arte ohetik jaiki gabe egon behar zuenez...
Aitak ur pixka bat irakiten ipin zezaten agindu zuen. Maleta ireki eta tresnak atera bitartean esan zidan:
— Haur batez erditu behar dik!
Hain begi bistakoa zena ahots tonu harekin esanda, txantxetako antzezlan baten erdian nengoela sentiarazi zidan.
— Ez da egia izango —erantzun nion, barrearekin konfundi zitezkeen nire giharren kontortsio moduko baten ahaleginak ezkutatzen saiatzen nintzen bitartean, inkontzienteki pentsatu banu bezala gorputz guztiarekin barre eginez gero leku hartatik berehala irtengo nintzela.
— Hik ez duk horrelako egiarik ezagutzen! —erreferatu zidan aitak—. Barruan daraman umeak kanpora irten nahi dik, baina bere amak ezin dik jaurti; eta zin egiten diat beste guraririk ez lukeela eskatuko mundu honetako urre guztiak aukeran ipiniz gero ere.
Emakumeak garrazki egiten zuen deiadar.
— Ezin al diozu ezer eman mina kentzeko?
— Bere alarauak ez dituk garrantzitsuena. Ez ditiat entzuten... benetan garrantzirik ez dutelako, ulertzen?
Bekainak uztartu egin zitzaizkion bekozkoa ilunduz, eta begietatik tximisten antzeko txinpartak jalgi zitzaizkion. Ez dakit zergatik otu zitzaidan nire aitak Jainkoarena egitera jolasten zela.
Goiko literan, senarra paretari begira jartzeraino jiratu zen. Mugimendu harekin norbaitek gela hartan gertatzen ari zenari ihes egiten ziola ikusteak baretu egin ninduen nolabait.
Ura berotzen ipinitako ontzia aitari hurbildu zion amona zaharrak. Aitak eltzetzarra heldu eta likidoaren erdia azpil batera isuri zuen, eta musuzapi batean bilduta zeramatzan tresnak eltzean geratzen zen uretan murgildu zituen.
— Jarri hau egosten!
Alkandorako mahukak askatu eta ukalondoetan gora altxatu zituen. Eskuak garbitu zituen azpilean. Arreta handiz behatu nuen eskuak nolako tentuz marruskatzen zituen elkarren aurka kanpamentura ekarri zuen xaboi pusketarekin.
— Estreina haurraren buruak irten beharko likek —argitu zidan lehendik ere banekiena—, baina batzuetan ez duk horrela gertatzen. Orduan izaten dituk arazoak. Emakume honi ebakuntza bat egin beharko zioagu.
Behin matxarda guztiak zorrotz aztertuta, lanerako prestatu zen. Arnasa sakon hartzen zuen, bere gorputzeko itolarri guztia txabolaren lau hormen artean barreiatu nahian.
— Kendu gaineko estalkia, Josu —agindu zidan—. Nik ezin diat ukitu esku garbitu berriekin.
Ebakuntzari ekitear zegoenean, hiru emakumezkoren artean eskuturretatik eta lepotik eutsi zioten ama izatekoari. Baina halako batean, txabolaz jabetutako isiltasunaren zama gehiago ezin jasanik, lasaitu egin zuten presioa eta... andereak besoan hozka egin zion aitari.
—Ijito alua! —oihu egin zuen.
Orduan ohartu nintzen aita oso estu zebilela, ez zela hura beste gaixoekiko gordetzen zuen begirunea, ezta ohikoan ijitoei zuzentzen zitzaien modua, bere zerbitzuak eskaintzen zizkien bailara guztiko sendagile bakarra bera izaki.
Nik azpilari eusten nion aitaren aldamenean, soakoa beregandik behin ere baztertu gabe, eta hark tarteka-marteka purrustaka altxatzen zuen burua hortz-artean zerbait esateko. Ebakuntzaren nondik norakoaz eta bere eskuak eragiten ari ziren emaitza odoltsuaz hobeto jabetzea ahalbidetzen zidan. Baina nire kabutan, deseroso uzten ninduen galdera bat nerabilen bueltaka: “Zergatik jolasten zara Jainkoa izatera?”.
Azkenean, haurra amaren erraietatik askatu, arnasa hartzen has zedin eta mutua zenentz egiaztatzeko zaplada bigun bat bizkartxoan eman, eta ura berotzeaz arduratu zenaren besoetan laga zuen. Haurraren negar lantuek gelako tentsioa birrindu zuten.
— Begira, Josu, mutil bat duk. Zer iruditzen zaik?
Ebakuntza ongi ateratzeaz gain, bere atsegin itsu haren iturburuan zerbait gehiago ere bazela pentsarazi zidan, zer izan ote zitekeen galdetzera behartzen ninduena, gauerdian nire borondatearen aurka ohetik atera ninduenean bezala. Gure begien aurrean hedatutako odol putzua bezain gorria zeukan aurpegia. Burua itzuli nuen bestaldera, nazkatuta, aitak zer egiten zuen ez ikusteko. Aitak barre egin zidan, desilusioa adierazten zuen irriņoaz, azpilean zerbait gehiago botatzen zuen bitartean. Eta horregatik uste dut beste inor ez zela konturatu gu bion artean gertatu zenaz, ezen begiratu ninduen moduagatik, neure buruarekin gaizki sentiarazi baininduen. Aitaren keinuak jada ez ziren hasieran bezain zurrunak; bekokiko zaina guztiz hanpatuta zeukan kezka eta kontzentrazioaren karietara.
— Orain puntada batzuen bidez zauria ixtera noak —haserrearen antzeko zerbait azaldu zidan—. Egik nahi duana. Begiratu nahi baduk, begira ezak, eta bestela hor konpon. Ebaki hori josi behar diat.
Beharbada bere borondatea ez nintzela betetzen ari jakinarazten bazidan, haria eta jostorratza eusten zuten bere eskuak emakumearen sabelera nola jaisten ziren behatzeari nire arreta guztia berriro ipiniko niola pentsatuz mintzatu zitzaidan modu horretan. Baina nik ez nituen jarraitu ebakuntzaren azken urratsak. Ezin nuen.
Amaitu zuenean, oraindik garbitu ez zituen eskuak gerrira eraman eta atzera bota zituen txingurritutako sorbaldak. Nekatuta zegoen, baina pozik ebakuntzaren emaitzarekin. Amari oratu zioten hiru emakumezkoak ere tentetu egin ziren. Sukaldea zirudien aretora eraman nuen azpila. Itzuli nintzenerako, aita bere beso haginkatua aztertzen ari zen, eta amonak barre egiten zion, bere bilobak erdi-hurrenean koska egin zionekoa oroitzen. Bere maletatik ontzi bat atera eta ukendu zuri bat zabaldu zuen haragi gorria agertzen zuen zaurian. Erditu berriaren altzora makurtu zen gero. Konortea galdurik zetzan, ordura arte gorputzetik jalgi behar zitzaizkiola ziruditen zain eta zurda guztiak erabat erlaxaturik. Begi itxiek bakea ematen zioten bisaiari.
— Bihar goizean itzuliko naiz —azaldu zien ijitoei, tresnak gordetzen hasita.
Berriketan egiteko gogoa zeukan.
— Josu —deitu ninduen—, batek baino gehiagok publikatuko likek gaur ikusi duan hau zientzia aldizkarietan. Pentsazak! Zesarea bat egin zioat laban batekin eta ondoren adabakiak eransteko ere balioko ez zukeen hariarekin josi zizkioat zauriak!
Ez dakit nire buruan habia egin zuen galdera irakurri ote zidan: “Zergatik jolasten zara Jainkoa izatera?”.
— Tira, non dago aita berria? —berriro distira berezia sortu zitzaion begietan, “Jainko baten boterea” baino islatzen ez zuena—. Askotan aitak izaten dira tragedia ttipi hauetan gehien sufritzen dutenak. Eta hala ere, uste nuen baino enbarazu gutxiago egin digula aitortu behar dut.
Baina ijitoaren burua estaltzen zuen tapakia kentzean, higuina eta harridura elkarren artean nahasten ziren keinu batez alderatu zituen eskuak, maindirepean paretaren kontra erortzen zela ohartuta. Beheko litera ertzera igo eta goikora behatu zuen farolaren laguntzaz. Belarritik belarrirainoko ebaki batek zeharkatzen zion lepoa. Odolak putzu bat osatzen zuen gorpuaren eraginez hondoratuta zegoen ohantzearen alderdian. Labana bular gainean zeukan odolez eginda.
— Josu, hoa kanpora!
Beranduegi ordea, literan zetzan hilotza jada ikusia bainuen sukalde ondotik, aitak ijitoaren burua atzerantz bota zuenean.
Egunsentiaren lehen eguzki printzek epelera ekarri ninduten muinoan behera etxera gindoazela.
— Ez hindudan ekarri behar. Izugarria izan duk. Inolaz ere ez hik ikusteko modukoa.
— Horrenbeste sufritzen al dute emakumeek erditzera doazenero?
— Ez. Gaurkoa ezohikoa izan duk.
— Eta zergatik egin du bere buruaz beste haurraren aitak?
Luzaro egon zen erantzun gabe. Baina ni hara eramaterakoan agertu zuen borondate berak nire galdera guztiak erantzutera behartzen zuten.
— Ez zakiat. Beharbada ezingo zian gehiago jasan ikusten ari zena... Agian gu gaituk norbait mundu honetara etortzean zer jazotzen ari den ulertzen ez dugunak...
— Gizon asko suizidatzen dira horrelakoetan? —galdetu nion, inolako zentzurik ez bazuen ere; nire saria jasotzen ari nintzen.
— Ez diat horrelakorik sekula ikusi.
— Eta emakumeak? —jarraitu nuen, min egin niezaiokeen puntu batera iristen ari nintzela konturatuta.
— Ez diat sekula entzun erditzera doan emakume bat suizidatu egin dela!
— Emakumeek ez al dute behin ere bere buruaz beste egiten? Orokorrean esan nahi dut.
Ipini zuen aurpegiagatik ez zidala erantzungo jakin nuen.
— Aita... —segitu nuen ostera.
— Zer?
—Asko sufritzen al da hiltzeko orduan?
Nekez irentsi zuen listua eztarrian behera. Urteak zeramatzan bera edo nire antzeko gizon bilakatuko ziren haurrei mundu honen argia lehendabiziko aldiz ikusten laguntzen. Tartean ere izan zen erraietan zeraman haurra inoiz munduratu ez zedila eskatu zion andererik, eta, egoera batean zein bestean, ez zion laguntzarik ukatu bere kontzientziaren harilkoa aztoratuko ez zion inori. Baina orain nire galderari egin behar zion aurre.
— Asko sufritzen al da hiltzeko orduan?
— Ez diat uste... hiltzeko moduaren arabera, gehixeago edo gutxixeago...
Eguzkia muinoaren gainetik altxatu zen ordurako. Txantxangorri batek zuhaitzetik zuhaitzera jauzi egin zuen hegan bainoago. Eskuak eraman nituen aurpegira. Neure buruarekin bakarka egon nahi nuela salatu nahi nion, aitaren mugimenduez elkarrizketa harekin ez zuela jarraitu nahi ulertzean. Baina ez nion garaipen izpirik eman nahi.
— Aita... —setatsu ekin nion berriro, ordura artean inoiz sumatzera ere iritsi ez nintzen egia baten aurrean izateko ustean, edo behintzat nire bizitzan ordura artekoaren eta handik aurrerakoaren mugak ezarriko zituen gertaera bat bizitzen ari nintzelakoan—. Zer bururatzen zaizu gauean oheratzen zarenean? Ez dakit zergatik, baina garrantzitsua da hori niretzat.
Ez zuen erantzuna gehiegi pentsatu behar izan, aldez aurretik ezagutzen zuelako ziurrenik, edo agian noizbait nire amak berarekiko izan zituen sentipenetan oinarriren bat aurkitzen ote zen aztertu nahi izan zuelako, edo inoiz, ezer bitarteko ez zela, besterik gabe bere buruari galdera bera jaurti ziolako. Une hartan ordea, ez nekien ordu batzuk lehenago gertatutakoak edo berak bakarrik hezi behar zuen semearen aurrean egoteak erantzuna zenbateraino baldintzatuko zuten.
— Egun bat gehiago igaro dela nire bizitzan —erantzun zidan—. Besterik ez zaidak etortzen oheratzen naizenean. Atzean utzi dugun egun bat igaro dela.
— Eta galera baten modukoa da, ezta?
— Izan daitekek.
— Baina, dena den, ez da hain txarra, ezta? Oheratzen zaren bakoitzean, konturatu gabe ere hurrengo eguna itxaroten duzu.
Nigan pausatu zuen arreta osoa, ordu batzuk lehenago emakume erdi-hurrenarengan ipini zuen moduan.
— Ez dakigu horrek guztiak nora garamatzan, ezta? —esan nion, eta eskuetan gogor estutzeko ezer ez edukitzeak atsekabetu egin ninduen.
— Ez —erantzun zidan, ziur, boteretsu, Jainko bat bezain urduri.
Nik hori jakiteak berez abantailarik edo kalterik ez zekarrela konturatu nintzen, ez hemen ez eta beste inon ere. Eta orduan, bizitza honetan den-dena galtzera nola irits gaitezkeen ulertzen hasi nintzen. Modu batera edo bestera, batek daki zergatik, egun batean erabakiek beste arrazoibide batzuetatik jotzen dute eta zure ingurunearekiko zeneukan aginte apurra galtzen duzu. Eta goiz batean iratzarri eta sekulan horrela aurkituko ez zinela zin egin zenuen egoeran amilduta aurkituko zara, eta orduan ez duzu jakingo bizitza honetan zer den garrantzitsua zuretzat eta zer ez. Eta horren ondoren, dena amaitu da. Nik ez nuen niri horrelakorik gertatzerik nahi; gerta zitekeenik ere ez nuen nire burutik pasatzerik nahi. Maitasunaren esanahia ezagutzen nuela uste nuen. Maitasunaren sekretua arazoak ez sortzean zetzan, zeure burua inori arazoak sortzeko moduan ez jartzean. Eta ez zen inolaz ere besteekiko aparte eta bakarrik bizitzea, edo besteren menpeko. Hori behin ere ez.
Gurdiaren atzealdean eserita, aitak haserrezko keinu batez gai hartaz ez zuela mintzatu nahi adierazten zidan bitartean, behin ere ez nintzela hilko ziostan barne-ahots bat entzun nuen.