Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Uruguai bizi da

 

 

—1—

 

Mariano eta biok mendian gora abiatzen ginen jende arrunta eguzkitara etzaten zenean.

      Lisboako auzuneetan mezulari lanak egiten nituen. Ozta iristen nintzen bizikletaren eskulekuetara. Aurreko saskian ez zitzaizkidan gutun eta pakete guztiak sartzen eta bizkarrean motxila beterik joaten nintzen maiz. Mariano postariak barre egiten zidan prakak kakaztuta abiatzen ikusten ninduen bakoitzean.

      — A ze itxura, Nico!

      Cascaisera iritsitakoan buelta erdia eginda itzultzen ginen beti, baina arratsalde batez Marianok aurrera jarraitu zuen ezer esan gabe. Ordainsaririk gabe lanetik egotziko zuten zurrumurruak entzunak nituen. Eta errepidea amaitu zenean ere aurrera jarraitu zuen, hautsak harrotuz. Bere gurpilen arrastoei segitu nien nik. Ekia gandutzen zihoan atzean utziak genituen tontorren ostean, bat-batean Marianok esan zidanean:

      — Maldan behera dituan beldurrak kendu behar ditiat.

      Giltza ingelesaz bizikletaren balaztak askatu eta eskura eman zizkidan.

      — Indartsuena izateak baino meritu handiagoa dik bizirik irauteak.

      Eta aldapan behera hasi zen. Beldurtu egin nintzen bistaz galdu nuenean. Urruneko lautadetan ez ziren geratzen eguzkiaren laranja koloretik arrasto urri batzuk besterik. Balaztak aurreko saskira bota eta maldan behera abiatu nintzen neu ere. Hirugarren bihurgunean, ordea, saskian neramatzan frenoak estutzen hasi nintzen izututa. Marianok bihurgune bakoitzaren aurretik gorputzarekin moteltzen zuen abantea, atzera berehala zelaren gainean zutitu eta pedalei eragiteko. Postari zaharrak gozatu egiten zuen askatasun sentimendu batez. Egundoko inbidia eragiten zidan. Batzuetan neuk ere balaztak estutu gabe bihurgunea ausart hartu arren, oihu egiten nuen kamio ondoko malkarretik behera begiratzean, beldurrez akabatu beharrean! “Lepoa apurtuko ahal du agureak Raleigh zaharretik amildegian behera jausita!” esaten nuen nire artean izua zuritzeko.

      Egun hartatik aurrera apustuak egin genituen, behera nor lehenago iritsi. Marianok ukondoak erabiltzen zituen; ni haserretu egiten nintzen. Nire bizitza nondik eta nola gidatu erakusten ari zitzaidan, aita banu bezala. Aita, ordea, gutxitan izaten da semearen lagunik minena, eta lagunik minenak ezin ordezka dezake aita. Marianok bi rolak betetzen zituen.

      Postari zaharrarekin ikasi nuen maldan behera jaisten.

 

 

—2—

 

Itzultzeko asmorik gabe atea danbatekoz itxi nuenerako urteak ziren nire kabuz bizi nintzela. Baina Nicori egotzi zioten errua. Elkarrekin irteten hasi ginen gau berean aitortu zidan bederatzietarako oheratu behar zuela, txirrindulari txapeldunak iluntzeko bederatzietarako oheratu ohi zirelako. Atsegin nuen bere xalotasuna. Nire gurasoek drogak saltzen zituela susmatzen zuten. (Ihes egin nuela uste dute oraindik. Ez da Nicoren errua Lisboako kale kantoi batean bizi ez banaiz. Bi haurren ama. Bizkarreko minak jota baina, hala ere, arratsaldeetan arropa denda batean saltzaile gisa lanean, nire senarrak adarrak ipintzen ez dizkiodala kontrola dezan).

      Itsasoarekin bat egiten zuen horizonteko mugari behatu genion alde egin genuenean. Antxeta saldoa zebilen ontziaren gainetik hegan, uhinak ebakitzen zituzten arrainetarik bat harrapatzeko tartean-tartean. Bi haurrekin eta euren askaria eskuetan neramala adioka ari ziren antxeta saldoak iruditu zitzaizkidan, ihes eginda ere askatasuna ez nuela aurkituko ohartarazten zidatenak. Hondartza aldera itzuliko ziren unearen zain geratu nintzen, alferrik, egoskor segitu baitzuten beti guri erasoan.

      — Noiz nekatuko dira? —garrasi egin nuen.

      — Lasai, Claudia, joango dira.

      Nico ameslaria, ontziaren mastarik garaienera igota, kaioak uxatu nahian ibili zen ukabilekin. Hunkitu egin ninduen.

      Malkoak xukatu ondoren musukatu nuenean, ezpain bustiak nireen aurka zartatu ziren, itsaso hondoa bezain ezezagun. Bere aho-barruan ninduen, mundutik ezkutatuta, hondamenak zerbait ahantzarazi izan balu bezalaxe. Bere mihiak behera eta behera jo zuen. Nire eskuek bere atzaparrak aurkitu zituzten eta gogor eutsi, hezur eta gihar, zurda hauskorrak. Antxetak oldarrean ari zitzaizkigula ohartzen ez ginen itxurak egin genituen Pasaiara bitartean.

 

 

—3—

 

Sean Kelly, hura bai gizon zaildua! Profesionaletara igaro nintzen urtean erretiratu zen. Entzun duzue inoiz Sean Kellyri Espainiako Vueltan gertatutakoa? Forunkulo bat zeukan: ipurdian barrurantz hazten den grano bat da, zirujau batek kentzen dizu eta ondoren aste batzuetan ahuspez egin behar da lo, hain da minbera! Sean Kelly aurrenekoetan zihoan sailkapen nagusian orduan. Zirujau bati deitu zion, grano hura kentzeko erreguka. Biharamunean irteera hartu zuen, azalorea baino freskoago. Ez zuen irabazi, baina azken helmugara iritsi zen Sean Kelly.

 

 

—4—

 

Nicok Miramongo ospitale batean aurkitu zuen lana, gauzain. Ez zuen ezer egiten: ordurako fitxatu eta irtendakoan bizikletan ibili. Afizionatuekin korritzen zuen, profesionaletara ohitzeko. Nik etxean bakar-bakarrik igarotzen nituen egunak, eta neure duintasun apurra ez galtzeko lan egitea behar nuela aitortu nion Nicori. Nicok ekipoko batzuei aipatu zien nire arazoa, eta gutxira Eli eta Kere ezagutu genituen; Kerek fundizio batean egiten zuen lan; baina Elik bazuen taberna bat Irunen. Hasieran edari eta kanbioekin nahastu egiten nintzen, baina tira, erreza zen kontua. Eli nire ahizpa nagusia bilakatu zen, eta Nico lasterketa batera joaten zenean haren etxean egiten nuen lo.

      San Martzialen ostean, asteburu batean taberna ixtea erabaki zuen Elik. Bi bikoteak elkarrekin afaltzera irtetea erabaki genuen. Nico txirrindularien bizimoduaz hitz egiten ari zitzaien Kereri eta Eliri, eta prentsaurreko bateko kontua atera zuen, non kazetari batek aurreko urteko Tourrean bigarren amaitu zuen suitzar gazte bati galdetu baitzion larrutan zer maiztasunez egiten zuen.

      — Nik antzarak ferratzera bidaliko nukeen, baina suitzarrak sotil-sotil erantzun zion: “Hamabi urte nituela aitak abandonatu ostean, bizikleta gainean sufrituz hartu dut bizitzaren eskarmentua”. Eta jarraitu zuen: “Klasiko baten aurretik astebetez barau egiten dut, eta itzuli handi baten aurretik hilabetez”. Eta orduan kazetarien artetik ahots batek esan zuen: “Hire emazteak birjina behar dik orduan!”.

      Kerek eta Elik behako esanguratsuak jaurti zizkidaten.

      — Ezagutzen ditudan gizonezko gehienek exajeratu egingo lituzkete oheko kontuak —esan nuen larrialditik ateratzeko.

      Etxean arras sentibera nintzela erantzun zidan Nicok:

      — Niretzat pasadizo xelebre bat besterik ez da.

 

 

—5—

 

Beldur naiz gaur iritsiko ez naizen. Leher eginda noa. Atzo Pirinioak ikusi nituen urrutira, eta honezkero ezin ditut burutik kendu. Nekearen nekez lo hartu ezinik nago. Pirinioen ondoren Alpeak datoz. Ekipoko sendagileak emango dit hau jasateko zerbait. Mundu krudela da. Lehen txirrindulari guztiek eramaten zuten gozokiz betetako flasko bat maillotean. “Hartu al duk hau? Beste hori lor diezadakek?”, galdera arruntak ziren. Zerbait hartu beharra zeneukan aurrekoei jarraitzeko. Guretzat eramangarriagoa zen: kazetariek mito berriak sor zitzaketen, jendea erruz esertzen zen telebistaren aurrean, eta nire gisako gizajo gehiago bizi zitezkeen txirrindularitzaren kontura. Lehen, txirrindulariak egun-pasa mendira irtendako ehiztarien gisa inguratzen ziren ardo freskoa dastatu eta lukainka-mutur bana jatera balihoaz bezala. Hiru ordutan desagertzen zen anfetaminen eragina. Errepidea zilarrezko paper pusketez betetzen zen eta, jarraian, erritmoa biziagotzen zen, irribarreka begiratzen zitzaion aldamenekoari eta fiuuu! denak iristen ziren helmugara. Egun pelotoian entzuten diren barre-algara bakarrak telebista-kamerak hurbiltzen direnean akaso entzundako faltsuak dira. Maillota erakutsi behar da ogia irabazteko. Orain talde-buruak beso bat altxatzen digu laguntza eske bere gurpilari itsatsita ez goazenean, eta edatekoa eskatu edo mandatu bat bidaltzen digu: “Emadak hire gurpila!” edo “Bizkortu lasterketa!”. Ezinean noa prologoko erlojupekotik. Lautadaren amaiera bereizten ez dudala, inoiz ikusi ditudan mendaterik altuenen magalean, izorratuta eta ikaratuta nago, baina ez diot inori aitortuko. Hortzak estutu eta nire irudimenean, itzulika, ohe gainean irauliz, Claudiaren sorbalda ukituko dut; ezustean nigana jiratu eta eskuez masail biak ferekatuko dizkit, freskatuz.

      Ez ninduen espero, baina beti gerturatzen natzaio ezinean noanean.

 

 

—6—

 

Horia salbu gainontzeko maillot guztiak berdinak dira telebistaz. Lasterketa hasi zenetik, ez dut Nico ikusi. Batzuetan, bere gorpuzkera berdina duen norbait ikustea iruditzen zait, baina telebistara arrimatzen naizenean, errealizadoreak irudia mozten du helikopterotik hartutako plano bat eskaintzeko; orduan, kolore anitzeko sugeak txaloka hartzen dituzten zaleak irensten ditu. Ez dit deitu ere egin. Egunkarietan irakurrita dakizkit igo behar dituen mendateen batez besteko portzentaiak eta luzerak; 152. doa irten ziren 198 txirrindularietatik.

      Nicok etengabe gogorarazten dit zeinen gogorra den txirrindulari profesionalaren bizimodua. Gogorra egiten zitzaidan egunetik egunera bizi ahal izateko konpetitzen jardutea, konpetitu behar izatea maitatzeko. Eliren eta Kereren arteko harremanak idealizatzera jo nuen ezagutu nituenetik. Nicok hainbeste denbora ematen zuen etxetik kanpo eta nik hainbeste idealizatzen nuen Kereren eta Eliren arteko harremanaren naturaltasuna, ezen etsipenez Eli izan nahi bainuen, eta Nico Kere bihurtu. Horregatik utzi egin behar izan nituen, minegiak nituelako. Edonora ihes egiten nuela ere, itolarri bera sentituko nuela pentsatzen hasi nintzen. Hatz batek seinalatzen ninduela etengabe. Eta aurre egin nion.

      Hendaiako diskoteka batean aurkitu nuen lana hurren, Copacabanan. Sekulan ez nintzen jendearen aurrean biluztu; lotsa ere ematen zidan. Laster ikasi nituen amarruak. Argia nintzen eta nortasun beroa agertzen nuen estutzen nindutenean. Neska batzuk estreinako asteburuaren ondoren ezer esan gabe etxeratu eta ez ziren gehiago itzultzen, ez zuten telefono deirik erantzuten edo atea irekitzen. Desertzio haiek benetan mintzen zuten Xebe, diskotekako nagusia, neskak fedea galdu zuten kristau berriak balira bezala. Baina beti zeuden neska gehiago aurrekoak ordezkatzeko. Hilero bi iragarki agertzen ziren egunkarietan, ikuskarien munduan etorkizun oparoa aurkitu nahi zuten nesken bila: “Egizu dantza gurekin astelehenetik igandera eta... dirua irabazi!”. Zazpi egun lanean eta hamahiru emanaldi denera, iragarkiak ez zuen halakorik jartzen.

      Nico oheratzen denean sartzen naiz ni diskotekan lanera. Bizikleta gainean ibiltzea izaera kontua dela esaten dit, lerdea darien ehun gizonen aurrean dantzatzea poesia irakurtzea izango balitz bezala. Eta Xebek ondoren esan ohi du, ez dituela nortasunik gabeko neskak kontratatzen. “Nortasunik gabeko neskek ez diten etekinik ematen”. Xebe ere gurpil gainean mugitzen da Nico bezala, baina gurpil-aulki batean, diabeteak jota, ezer egiteko gauza ez da-eta. Gutako bakoitza nortasun bereziaren jabe dela defendatzen du.

      Edonor izan liteke txirrindularia. Ez ditu laurogeita hamar zentimetroko bularraldea eta soina proportzioan eduki behar, ez zaio gutxienez 1’70 metroko garaiera eskatzen. Diskoteka barruan, aldiz, debekatuta ditugu alkohola eta sexua, ezin gara gizendu, agindutakoan hartuko ditugu oporrak... latinamerikarrok aparteko morboa pizten dugu!

      Copacabanaren aurrealdea bi solairuko edozein tabernaren antzekoa da. Behekoan barra luze bat dago, neskek dantzan egiten dugun plataformaren bestaldean. Barra eta plataformaren artean: dantzalekua. Tabernak itxitakoan tropelean etortzen dira diskotekara. Etxeko berezitasuna diren litro erdiko edari exotikoak eskatzen dituzte. Inoiz jendeak dantzan egiten du. Baina badakizu, emakume gutxi etortzen da hona, eta gizonezkoak begira egoten dira, gure ikuskizunari begira. Batzuetan norbaitek edalontziaz buruan jotzen du beste bat. Egunkarietan agertu izan da diskoteka kanpoan inor lepoa ebakita aurkitu dutela. Nik ez dut Xebek bastoia heltzen duenean kontrola ezin dezakeen ezer ikusi. Norbait bere onetik ateratzen denean, Xebek buruko azkurak kentzen dizkio.

 

—7—

 

Urrian etxeratzen naiz denboraldia amaituta. Euria erruz erortzen hasi aurretik hego haizeak astintzen ditu bazterrok, usoak jabetzen dira zeruaz eta tiro hotsak belarriez. Zer egin ote dute hegazti gaixoek? Gehiegi ez gizentzea beste zereginik ez dudan egun horietan nekez egiten dut lo. Gauez iratzarri eta leihoko kristalari behatzen diot. Pertsianak konpontzeaz behin ere arduratu ez garenez, kaletik igarotzen diren autoen argiek edo ilargiaren islak itzal mugikorrak irudikatzen dituzte kristalean, haizearen karietara itxuraz aldatzen diren mamuak. Zirrikituetatik kanpora begira, ezer txarrik gertatzen ari ez dela jakin arren, kezka handiak izaten ditut.

      Marianok Bigarren Mundu Gerra aurreko txirrindulari uruguaiar bat famatzen zuen beti. Izenak ezer gutxi esango lizuke gutakoa ez bazina. Frantziako Tourreko azken etapan galdu egin omen zuen. Ahanzturak deboilatu egiten ditu bigarrenak. Kementsua zen txirrindularia; zeukan guztia ematen ez zuenean, ura debekatzen omen zion bere buruari. Zahartzaroak helmugaren aurretik harrapatu zuen bakarrik eta iheslari hainbeste garaipen lortu zituena. Egun batean lagun batzuek etxe-atzean aurkitu omen zuten lubaki bat zulatzen. Lur ematen ari zitzaion bizikletari.

      — Zertan ari haiz? —galdetu zioten.

      — Bereak egin dik —erantzun omen ziela kontatzen zidan Marianok.

 

 

—8—

 

Ihes egin nuen maitasunak eta ideologiak ezartzen zizkidatenengandik. Orain Xebek babesten nau dirua banketxeko kontu batean ipiniz eta asmo lizunez datozkidan gizonengandik. Ihesi segitzen dut. Hezi zaituen eta hautatzen duzun familiaren arteko ezberdintasuna da.

      Maite dut Nico. Baina badira bakarka zeharkatu beharreko helmugak. Etxean dagoenean, oheko bere zokoan, maindireen mugimendu irregularrak jagoten ditut. Hona etorri ginenetik ez naiz bere ametsak igartzeko gai. Agian, hurbildu eta lepoa estaltzen dioten izaren punta plegatuak ukitu beharko nituzke, baina ez dut ziorik aurkitzen. Nire lankide batek dioenez, beti dago tapakiren bat, atzazaletako margoa besterik ez bada ere. Jendaurrean erakusten dugunetik bestelakoa da gure bizitza pribatuko mixeria.

 

 

—9—

 

Claudiak baleki denboraldi-aurreko kontzentrazio luzeetan zer-nolako aldizkariak interesatzen zitzaizkidan, onartzeak lotsatuko ninduke, baina gure artean nola izendatu ez nekien zerbait amaitu zela jakin nuen. Taldeko txirrindularirik beteranoenarekin konpartitzen nuen logela. Pasadizo ugari kontatzen zizkidan. Behinola, txirrindulari batek antidopinga iragan behar zuen etapa amaieran; berez ustekabean egin beharko litzateke, baina normalean etapa hasi aurretik jakiten zen nori egingo zioten kontrola; horrela ba, kikildu da jakin duenean, azken boladan xiringak hegan ibili baitira hotelean; karrera hasi aurretik andregaiari telefonatu eta halako basoan itxaroteko eskatu dio; pelotoia une batez laga du eta basotik agertu zaio andregaia, eta aurrera!; etapa amaitu bezain laster, barregurari ezin eutsita, egin beharrekoak kontrolean egin eta txistu joka itzuli da logelara; biharamunean sendagileek berriro hots egin diote!; andregaiak marihuana erretzen ote duen edo minbizia ote daukan kezkatzen du; serio asko azaldu diote: “Zorionak! Garbi hago... baina haurdun geratu haiz”.

 

 

—10—

 

Tourraren bezperatan, larunbat gau batez, parrandan zebilen koadrila bat sartu zen Copacabanara. Zerbitzatu nizkien edariak, eta itzuli nintzenean haietako bat izterrak ferekatzen hasi zitzaidan. Zertan ari zen galdetuz bezala begiratu nion. Xebe mahaien artean zebilen gurpil-aulkian; ikusi gintuenean hurbiltzera egin zuen. Hogeita hiru urte inguruko mukizu bat baino ez zen izango, baina lotsarik gabe mototsa usaindu zidan eta eskua izterrean gora igo zuen. Bultza egin behar nukeen, baina ez nintzen gauza izan. Ederki laztandu ninduen, ezin dut ukatu; lepoa musukatu zidanean usaindu nuen bere izerdi gozoa. Xebek jaregin ninduen eta barrara bidali edalontziak garbitzera.

      Ixteko ordua iritsi zen; ohikoak azken tragoak amaitzen ari ziren. Lehengo mutila lagun batekin barrarantz hurbiltzen ikusi nuen.

      — Aupa, Xebe —agurtu zuten.

      — Gaurkoan zer izan duk, Jurgi?

      — Oier etzi Suediara zoak sei hilabeterako. Agurra egin zioagu.

      Oierren begiak arropa barrenetan sentitu nituen. Eta galdetu zidan mutilak:

      — Hire maitalea al dun Xebe? Hire jabea?

      Ez-entzunarena egin nuen. Barre egin zuen Jurgik. Baina Xeberi ez zion graziarik batere egin.

      — Ixtera goaz —esan zion Xebek.

      — Hator nirekin! —esan zidan Oierrek.

      Patrikatik kartera atera eta esku-zarta batzuk eman zizkion, pisua zuela ikus genezan.

      — Hoa popatik hartzera! —esan nion.

      — Puta hori!

      Xebek makila atera zuen. Urre koloreko kirtenarekin burua txikituko ziola pentsatu nuen, baina koadrilako bi lagunen artean atera zuten Oier. Aparkalekutik oihuka jarraitzen zuen mutilak:

      — Alferrik ezkutatuko haiz! Harrapatuko haut! Paralitiko zikin hori!

      Musika isildu zuten behean. Hozkailuak botilez bete nituen. Xebek etxera eramango ninduela eskaini zidan. Autobusean itzul nintekeen, betiko moduan, baina eskertu nion gonbita. Ezinduentzat apropos prestatutako autoa zeukan, eserleku eta palanka sistema berezikoa.

      — Kartera barruan zenbat diru ote zegoen jakin nahiko nikek —esan nion Xeberi etxerako bidean—. Benetan, behar dut diru hori!

      Bidasoaren ondotik gindoazen autoa geratu zuenean.

      — Lehen hona etortzen nindunan arrantzara —elbarritu aurretik esan nahi zuen—. Atzean zauzkanat oraindik kanabera eta amuak.

      Behe-lainoak estaltzen zuen ibai-zuloa. Farolek nekez argitutako errepide bazterrean jendeak botatako tresna elektrikoen puskak ikusi nituen.

      — Fida hadi Ezdeusen Ugazabaz —esan zidan—. Ezdeusen Ugazabak behin ere ez din nahikoa!

      Eroaren irriaz egin zuen barre. Gogoz kontra hartu ninduen arren, aulkian esertzen lagundu nion. Zurda indar guztiekin oratzen zuen ur-bazterreko pendiz hareatsuen hondora beha. Aulkia iluntasunera bultzatu eta ni konturatzerako behe-lainoan galdu zen. Uraren jario isila baino ez nuen entzuten. Bakarrik nengoen. Nico neukan gogoan. Pendizean behera aurrera egin eta Xeberen aulkia hutsik zegoela iruditu zitzaidan laino artean. “Zotz! Horrenak egin dik!”, pentsatu nuen.

      Oihu batzuk entzun. Hara gidatu nituen urratsak. Ahuspez zetzan, bi eskuez kanaberari tinko eusten ziola.

      — Lagundu! Kristorena harrapatu dinat! Azkar!

      Makurtu eta Xeberen oinetatik tira egin nuen. Kexu zen bera:

      — Nahikoa, nahikoa! Hoa arrainaren bila! Hain gertu edukita utzi egin beharko ote dinat ba!

      — Hi ez hago burutik ondo...

      Zurdari jarraituz sartu nintzen uretan. Belaunetatik gora estali ninduen berehala. Harri artean eta ilunpetan Xeberen harrapakinarekin trebukatu nintzen. Ilea begitandu zitzaidan zerbait ukitu nuen. Gizon bat izan zitekeen? Ur azpikoa haztatu nuen: hankak, saihetsak, lepoa, burua, muturra... Zakur bat zen! Beraz, motzondoan trabatutako zakurrari tiraka aulkitik eroria zen Xebe.

      — Zer dun? —esan zuen—. Ez, ez esan, neure begiz ikusi nahi dinat! Ekartzan!

      Zakurra libratu, ur azalera igo eta arra betera gerturatu nion.

      — Zakurkume bat duk, Xebe. Hildako zakurkume bat harrapatu duk.

      Lur jota geratu zen, harea hezetan eserita.

      — Bizitzan inoiz ez dinat itxurazko ezer harrapatu. Eta orain nire esku puta hauekin zakurkume hil bat arrantzatu dinat! Mundu guztiak kaka egiten zidan burutik behera.

 

 

—11—

 

Alpe d’Huez bezalako mendiek larrutu egiten dutela esan ohi da txirrindularien artean. Punta-puntako txirrindulari batek sekulako beldurra zion, eta behin, opor egun batzuetan, entrenatzailearekin eta prestatzaile fisikoarekin hogei aldiz baino gehiagotan igo zuen. Begirunea galdu zion. Eta hala ere, hurrengo urteko Tourrean ez zitzaion mendigaina errukitu: oxigenoa botilatik emanez atera zuten helikopteroz.

—12—

 

Nico lo zegoen etxeratu nintzenean. Arropak eranzten ari nintzela esnatu zen, asaldatuta.

      — Ostia! Honezkero entrenatzen behar ninan! —esan zuela entzun nuen.

      Biluzik sartu nintzen logelan, arduratuta. Hitz egin nahi nion, nire begiak aurkitu bereetan. Ez zidan begiratu ere egin. Ez banengo bezala, maillota jantzi eta ospa egin zuen, itxi ondoren diskotekan geratutako garagardoen azken hondarrak gutxiesten diren moduan.

      Ezagutzen al duzu sentipen hori? Antxetak ekarri ohi dizkit burura. Ez ziren beren hondartzetara itzultzeko jiratu ere egin. Ozeano guztia zeharkatu zuten gure atzetik.

 

 

—13—

 

Erratz-autoa deitzen dute: maldak bezain bihozgabea, errepideak garbitzea du helburu. Goiko erratz-ma­kilak borondatea ebasten dizu, errepidean atzendutako txirrindulariak tai gabe biltzen. Gaur azken 45 kilometroetan lur jotzeko zorian egon naiz. Negar egin dut, gorputzeko gihar guztiak txikituta. Eserleku leunak irudikatzen saiatu naiz, eta oinazerik eza, Marianorekin frenorik gabe aldapan behera abiatzen nintzenean bezalako barne-bakea. Eta erratza errepidea ekortzen gupidarik gabe. Borondatea ebasten.

      — Altxa oinak... —esaten zidan—, eta etxera eramango haut! Inork ez dik amaitzen La Grand Boucle estreinako urtean. Kunplitu duk motel! Hator nirekin!

      Azken batean bi txirrindulari mota bakarrik daude: batzuek helmugara ahalbait lehen iristeko korritzen dute, bakar batek irabazten duen arren txapeldunak dira, aurreko postuetan amaitzeko korritzen dute; besteok bizikleta hartu eta inondik ihesi abiatzen gara, norabide finkorik gabe, iristea helburu.

      — Talde-buruak honezkero ez hau behar! Hator, hemen askorentzako lekua zaukaagu!

      Ekortu eta ekortu. Lehen, antzeko egoeran, Claudiari elkarren modukoak ginela esaten nion, biok mundu guztiaren aurka borrokatu arren garaile atera gintezkeela.

      Marianoz oroituta esan diot gaur:

      — Indartsuena izateak baino meritu handiagoa din bizirik irauteak.

      Nire itxaropen ezkutuenak behera erortzen ikusten ditudan hauek dira eguneko unerik zoriontsuenak.

      Begira mendate horiei; zeure buruaz biluztu eta hotzez dardaran uzten zaituzte.