Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Zubiak

 

Atertu zuen ordurako. Haizea altxatu zuenean, hortzetan krask egin zigun adreilu hautsak. Berlinen sarri gertatzen da. Ekialdera gindoazen batzar batera.

      — Anima hadi —esan zuen irriz Hansik—. Benetan, ez dun hain larria.

      Dohainik handiena zuen irribarre hura: bat-batekoa, egiazalea. Arerio oldartuenak desarmatzen zituen eta, aldi berean, haurren xalotasunaren antzera ezkutuko malurek modelatutakoa zen. Serioski pentsatzea eragozten zidan.

      — Denborarekin gaindituko dinagu.

      20ko eta 30eko hamarkadetako film mutuez maitemindutako mimoa zen Hansi. Filologia alemaniarrari buruzko tesia idaztera etorria nintzen ni sei hilabete lehenago. Baina tesi akademikoak ez ziren beste zerbait idatzi gura nuen: antzerki soziala, Bertolt Brechten moduan. Elkarrizketak eta bakarrizketak idazten nituen tarteka, zutik edo etzanda, Hansiren alboan.

      Batik bat haurrek begiratzen zioten Charloten moduan mozorrotutako mimoari, jakinminez, ikusminez eta barreminez. Pertsonaiaren ohiko imintzio eta keinuez erantzuten zien Hansik. Hansiren xarmak, ordea, haurren irriņoa baino ordainsari garestiagoa zuen helburu: limosna oparoak biltzen zituen egunaren amaierarako. Aktore ona izaki, ezin ziurta nezakeen non amaitzen zen zinismoa eta noiz hasten Hansi.

 

 

Reichstag aurretik igaro ginen. Adi-adi Hansiri begiratu zion haur batengan jarri nuen arreta eta ez nintzen ohartu goiz hartan bandera gorria falta zela Brandenburgoko atean.

      Autobusak bortxaz balaztatu zuen. Sutan zeuden bi kioskok erdirik erdi oztopatzen zuten errepidea. Kearekin nahastutako propaganda erreak maluta beltzetan erortzen ziren zerutik. Jende saldoak ikusi genituen ihesi, antidisturbio tankeak bidegurutzeak kontrolatzen. Kaleko zirrikituetatik aurpegia bufandaz estalitako gazteek harriz erasotzen zituzten tankeak. Poliziek tiro egindako pilotazko gomek estaltzen zizkidaten belarriak.

      Tankeek ez ziguten utzi Ekialderako muga zeharkatzen.

      Betertzez, gurasoen aurpegierak galdu gabe, haurrekin jolasean jarraitzen zuen Hansirengan itzuli nintzenean, ez zirudien inolaz ere biok gauza bera ikusi genuenik... edo bioi gauza bera axola zitzaigunik.

      Mugaren luzeran posizioak hartu eta lubakitu egin ziren soldaduak.

      Harriak jaurtitzen zizkieten gazteak zeuden bestaldean.

      Harriak tankeen aurka.

      Eszena bat idatz nezakeen jaurtitzaileen jarrerez... edo, harriek tankeen metalaren aurka eragiten zituzten hotsak deskribatu bitartean, idatz nezakeen botereaz eta inpotentziaz... edo prestatutako iraultzaz eta prestatu gabekoez... edo iraultzaren porrotaz, errugabeen esplotazioaz, soldata-igoerak justifikatzeko beharrezkoa den ekoizpen igoeraz... edo idatz nezakeen hitzen handinahiaz eta ekintzen apaltasunaz... edo harriei eta tankeei eta giza-bihotzei buruz... edo geografia ideologikoez eta bihotzaren geografiaz... idatz nezakeen gazteria politizatuaz eta burges txikien proiektu ustelak izateko hezitako idiei buruzko eszena panfletario bat, eguerdiko albistegiek ekialdean jazotako ikasleen altxamendu berria itxuragabetuko zuten manifestaldi hura aitzakiatzat hartuta.

      Gau hartan baten batzuek manifestaldi hartakoak ospatzera irten eta bizitza galduko zuten errepidean, mozkor-mozkor eginda. Hileroko kontua zen, aspaldidanik.

      Ekialdean hildakoak fusilatuak izanak ziren, urkatuak edo exekutatuak, kartzeletan nahikoa lekurik ez eta. Mendebaldean espetxe gehiago eraikitzeko aurrekontuek ez zuten trabarik, kontsumoak ez baitu askatasunaz ulertzen. Mendebaldean hildakoak ez ziren hain nabarmen hiltzen, zuela ia berrogeita hamar urtetik.

      Ezer esateko harriak besterik ez zituzten ikasleak ikusi genituen goiz hartan Hansik eta biok, harriekin gauza ugari esan baitzitezkeen; adibidez: Charloten galtza zarpailek bere begi ilun eta tristeek adina adierazten zutela... edo Charlotek ez zuela bere gisakoen aurka jarduten, ustez gainetik zeudenen aurka baino.

      Hansik adarra jotzen zien eskean jardutera metro edo tranbiara igotzen ziren eskaleei. Enparantza eta kale jendetsuetan baserri giroko emakume edadetuen atzetik joan ohi zen, bastoiarekin gonak altxatuz eta keinuka iseka eginez. Eta jendeak, abokatuen emazteek eta ingeniariek barre egiten zuten Hansiren adar jotzeen kontura... eta bere zuhurtzia ordaintzen zioten txanpon batzuk emanez.

      Jakin banekien, ikasleen alde egonda ere, behin ere ez nintzela tankeei harriak jaurtitzen zizkien eskulangile kontzientziaduna bihurtuko; beste antzerki obretatik irakurritakoak idatziko nituen berriro, lekuz eta garaiz aldatu ondoren.

 

 

Autobusak atzera egin zuen.

      — Jaitsi egin nahi dut —esan nion Hansiri.

      Noraezean ibili ginen. Batzuetan Hansi kale kantoi batean geratu eta mimoarenak egiten hasten zen, eta ingurutik pasatzen zen jendeak estatua bat bezain geldirik zegoela uste arren, nik banekien betileekin izanda ere, hitz egiten zidala. Eta ez nuen entzun nahi. Ku’dammn, denda eta banketxe eta bulego eraikinengatik mendebaldeko Berlingo kalerik entzutetsueneko terraza batera hurbildu ginen eguerdian, lanera itzuli aurretik kafea hartzera bildutako exekutiboei jarraika. Diruaren atzetik.

      Etxerako metroa hartu genuen. Banhoff Zoo, ha­mar-ha­mabost urte lehenago, umeak ginela, kanta batean ezagututako geltokian aldatu genuen trenez.

      — Oroitzen? —galdetu zidan Hansik.

      Oroituko ez nintzen ba! Nork ez du ba Uteren berri? Belaunaldi oso baten ikur, gaztetan Dylan entzuten zuen, nola ez ba, eta musikak inguruko botere zapaltzaile guztiei ihes egiten laguntzen zion, nik behin ere lortu ez dudan zerbait. Ezer larriegirik ez, eskuarte ezberdinetatik igarotako porro bat edo beste; baino nork ez du lantzean behin kanuto bat erretzen? Neuk ere behar nuen, egunero, bazkaldu ondoren balkoira irten eta txiki bat erre, oinak lurrean nituela antzemateko. Utek ordea ez zuen nahikoa bere lehiak baretzeko, mugak hautsi nahi zituen, hegan egiten ikasi, lurrera egiteko bada ere, droga fuerteagoak dastatu egonezak basatiagoak bihurtu ahala. Eta konturatzerako orratzari heldu eta zainetan zaldia sartzen zuen. Eta hurrena gerrikoarekin estututa ispilu aurrean lepoko zaina aurkitzen ari zen gorputzak eskatzen zion dosia hartu ahal izateko. Aitortu beharra dago. Gobernuak gazteria iraultzailearen grinak faltsuturiko heroinaren bidez zapaltzen ahalegindu zeneko sinboloa. Nork ez du inongo geltokiko komunetan etzanda aurkitu, gaindosiaz hila...

      Galdera ugari geratzen ziren erantzun barik garai nahasi haietatik. Esate baterako: segurtasun goreneko pabiloian, ustez Baader eta Raspek euren buruez beste egiteko erabili zituzten armak eta munizioak... nola sartu ziren?; esaterako: nola urkatu zuen Gudrum Ensslin-ek bere burua bozgorailuko kable batekin?

      — Oroitzen? —galdetu zidan Hansik.

      Une bakoitzean gu geunden lekuak gure harremanetan zeukan garrantzia oroitarazten hasi zitzaidan Hansi. Baina nire oroitzapenetan ez nuen neure burua kafetegi edo antzerki haietan kokatzea lortzen.

      Ihes egin nion eta jolas-parke baten pareko geltokian jaitsi nintzen. Hansiri ihes egiten ahalegindu nintzen.

      Kalearen muturrean zazpi-zortzi urteko hiru mutiko blondek jo eta su ari ziren baloiaren atzetik. Ez ziren nire semeak eta arreta alboratu nuen. Hosto ihartuak zeuden edonon, baita erreka bazterretan ere. Zuhaixketatik erortzen ziren, eta zenbait lekutan zakarrontzien altueraraino iritsi ere bai. Gorpuzkera txikiena zuen mutiko blondak hostoekin estropezu egin gabe nekez egiten zuela korrika begitandu zitzaidan. Beste biek erraz bultzatzen zuten ukondoez baloia oinetan hartzen zuen apurretan. “Bizitzak ostiko gehiago emango dizkik” adierazi nion neure kautan. Espaloiak behintzat garbi mantendu beharko lituzkete, horrela edonork hanka bat hauts zezakeelako erorikoaz. “Norbaitek eskuarea hartu eta orbel horiek behar bezala bildu beharko lituzke” pentsatu nuen.

      Hansirengana itzuli eta lehor bota nion:

      — Utzi egin behar haut. Alde egitera noak!

      — Ez hadi tuntuna izan. Pentsatu al dun nola aldatuko den hire bizitza? —erantzun zidan amoroski; dohainik handiena zuen irribarreaz: arerio oldartuenak desarmatzen zituen eta, aldi berean, haurren xalotasunaren antzera modelatutakoa zen.

 

 

Serioski pentsatzea eragozten zidan.

      Sorbaldatik heldu eta terraza bateko mahaira gidatu ninduen. Nik ibiltzeko premia nuen. Ez nekien besoak non ezkutatu, magalean gurutzatzen nituen, hurrena berriz eserlekuaren bizkarrera eramaten.

      — Etxera itzuli nahi diat!

      Inguruetako mahaietako jendeak seinalatu egin gintuen. Baina Hansik zutitzeko keinua egiten zuen bakoitzean, ezer gertatu izan ez balitz bezala eskuartean zituzten kontuetara itzultzen ziren.

      Jende ugari zebilen harresiaren inguruan pasaeran, graffitiei begira. Artean ez genekien arren, astebeteko bizitza geratzen zitzaion. Laster albistegiek mundu guztira zabalduko zituzten murru puskak etxeratuko zituzten jendeen irudiak. Beharbada, orduantxe, Historiako liburuetan agertuko zen argazki bat ateratzen ari zitzaion norbait eta, urrutira, gu azalduko ginen... murruaren ertz batean.

      Trabant baten hondakinak aurkitu genituen, inoiz murruaren aurka talka egindako itxurarekin. “Alle Wege nach Berlin” irakur zitekeen albo batean. “Bide guztiak Berlinera” pentsatu nuen. Garaia zen neure historia partikularra bizitzen hasteko.

      — Ondo, pentsa hirekin jarraitzea erabakitzen dudala. Eta orduan zer?

      Zerura so egin eta inoiz ikusitako ilargirik zuriena agertu zitzaidan begien aurrean iluntzeko ortzitik eskegita. Bitxia zen oso. Lotsa ematen zidan halakorik Hansiri aipatzeak.

      Begiekin kalea gurutzatu eta jendetzaren artean jo nuen aurrera, kafetegiz, jatetxez eta zinemez betetako kale estuetan. Musika banda baten oihartzunak zetozen alemanaren silaba trinko eta barre algarekin batera. Kale barreneko enparantza txiki batean jende multzoak figura bat inguratzen zuen farolaren argipean: izugarrizko gizon erraldoia, gorputz sendo eta gihartsua praka motzetan, sandaliak oinetan. Zutik zegoen indartsua, lasai, sorbaldak erorita. Aldamenean gizon moztaka eta gizen batek erraldoiaren argazkia erakusten zuen kartel batean.

      “Azti bat” pentsatu nuen.

      Urrutira egon arren, ikusleen artean egin zen isiltasunagatik ohartu nintzen beharrari ekin ziola indartsuak. Zama astunak altxatu zituen erakustaldi gisa. Bularra bihurrituta gihar zurbilak hanpatu zitzaizkion izerdiaren dirdiretan. Amaitu zuenean, gizon moztaka eta burusoilak kapela pasa zuen jendearen artean. Baina ikusleek, beste zerbaiten esperoan, muzin egin zioten. Indartsua farolaren aurka bermatu zen; neure bularrean sentitu nuen bere arnasestua, abandonaturik zirudien farolak osatutako argi-zirkuluan denek deitoratua. Eta hala ere, publikoak disimulurik gabe jaurtitzen zizkion burlaizezko txilioei ez zien jaramonik egiten.

      Sakon hurrupatu zuen arnasa indartsuak, piztitzarra kaiolan bezain harro. Baina halako batean, ikusleen artean zeuden bi gizonezkok sare batez lotu zuten erraldoia. Ezin zuen ez esku ez hankarik mugitu. Geldi-geldi egon zen une batez. Begiak itxi zituen... tiraka hasi zen lokarrien aurka indarrean. Izerdiak bekokia ildokatzen zion; lepoko zain lodiak urdindu eta puztu egin zitzaizkion. Eta etsi egingo zuela zirudienean, ez zuela lortuko ematen zuenean... sorbaldak kizkurtuz eta zabalduz naretu zituen lokarriak. Gizonak enborra okertu eta beso bat askatu zuen! Jendeak txalo egin zion!

      Moztakak kapela pasa zuen berriro, lagunak gainontzeko lokarrietatik bere burua jaregin bitartean.

      Hurrena... katez lotu zuten estu-estu, lehengoak ez beste bi gizonek kateen sendotasuna begiztatzen zuten bitartean. Indartsua gorputzeko gihar guztiekin tiraka hasi zenean, labaindu eta lurrera erori zen! Urrutitik entzun nuen kolpearen oihartzuna eta oinaze garrasia. Jendartetik gazte batzuek hurbiltzera egin zutenean ordea, atzera bidali zituen.

      Hansik eskutik heldu zidan.

      — Utikan! —aldaratu nuen.

      Ostikoak sentitu nituen sabelean erraldoiak kateetatik askatzeko egin zuen saio bakoitzean. Ahuspez, jira eta buelta, sugearen gisa narrastu zen lurrean. Odoletan zeuzkan ezpainak. Begietan kontzentrazio haserretuaren erluzeak antzeman nizkion.

      — Ikusi nahi ez baduk, alde egin ezak.

      Arreta handiz jarraitu nituen indartsuaren ahaleginak, itxaropen ezkutu bat irekiko balidate bezala. Neure burua irudikatu nuen erraldoiaren lekuan, lotzen ninduten kate guztietatik askatzeko ahaleginetan. Ostikoak sentitu nituen sabelean, bortitzago ponpatu zidan bihotzak. Gizonak beso bat askatu zuen lehenik eta gero, oso astiro, bestea. Zutitzen hasi zen; belauniko jarrita hanka maztailduak tolestu zituen oreka galtzeko zorian; aieneka eraso zion eta eskua sabelera eraman behar izan nuen minak plegatuta ez makurtzeko. Botalarria sentitu nuen. Erraldoia zutitu zenean bakarrik baretu nuen arnasa.

      Moztakak kapela pasatzen zuen bitartean, indartsua espaloian eseri eta zango biak luzatu zituen, ikusleekiko aiher.

      Hansi gizagaixoak ezin zezakeen ulertu.

      — Bukatu dun —esan zuen.

      “Iritsiko da harriak tankeen aurka gailenduko diren eguna” marmar egin nuen hortz artean.

      Zubi batetik igaro ginen etxerakoan. Ibaiaren emaria eta indarra sentitu nituen nire sabelean irabiatzen ari zen umearen bizitza berriarekin batera.