Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Suziriak

 

Txabola txukun edukitzen zenuen, depresioak jota alkoholetan itotzen zinenean izan ezik. Han eta hemen barreiatuta zenituen garagardo latak ikusi zituenean alde egin ala ez hausnartzen egon zen Iņigo. Lursailaren atzealdean txabolatik tarte batera lagata zenuen kamioneta: behiak bazkan ari ziren zelaitik banantzen zuen txarrantxazko esparrua ukitzear zuela muturra eta gidariaren atea zabalik. Autoa abiadura bizian zelaian sartu zenuela begitandu zitzaion. Arrimatu eta atea itxi zuen, eta enkontrura joan zitzaizun.

      Berehala igarri zenuen Iņigok egunean ozta-ozta hartzen zuela zerbait irensteko beta: hezurretan zituen mustupilak eta saihetsak nabaritzen zitzaizkion jakaren gainetik ere.

      Diuretikoek pisu handia zuten bere dietan; beraz: arrakasta zuen lanean.

      — Ez zagok hire bezeroarentzako diru gehiago irabazteko beste modurik! —irakatsi zenion.

      Ikasle izan zenuen masterreko azken lauhilekoan eta, jarraian, lan egiten zenuen auditoria eta kontsultorako nazioarteko bazkide zinen aldetik, lana eskaini zenion. Lau urte eman zituen zure aginduetara. Aurki ohartu zinen lanpostu hura txiki geratzen ari zitzaiola, zeu edanean hasitako tenore bertsuan. Burtsan interes tipo eta dibisen aukera eta gerokoekin operatzeari ekin zion beste bi kiderekin batera. Enpresa esportatzaileak zituzten bezero nagusiak, baina tartean mugimendu espekulatzaileak egiten zituzten euren kontura, batik bat lehengo bloke komunistako herrialdeen dibisekin. Zuk erakutsi zenion munta gutxiko kopuruak erabat ziurrak ziren balioetan inbertituz jokaldi txikiak egiten, merkatuko gainontzeko brokerrek ezer susma ez zezaten; eta ondoren, bazkalostean, gainerako jokalarientzat egunak bere onenak emanak zituenean, dibisa bat erosten hasten ziren, eskaria hanpatuz, beste inork ez zeukan igurikapenen bat balute bezala. Jokabide espekulatibo hutsa zen; espedientea irekiko zietela mehatxatu zituzten burtsako arduradunek, eta egingo zuketen, baldin eta zuk haien aurrean beharrezko azalpenak ematen asmatu izan ez bazenu.

      Orain, dirua erruz galtzen atera den bakoitzean, zure sorbaldan kontsolatu eta hurrengo egunean borrokan jarraitzeko eran indarberritu izan duzu Iņigo; zu botila hutsez inguraturik, eta bera zuri aurrez aurre begiratzeko lotsaz.

      Iņigok ostikoz ireki zuen txabolako atea, salbatzera baletorkizu bezala. Sarreran garagardo zaharminduaren usaina nabaritu zuen. Zu zangalatraba zeunden Maika boxer-emearen gainean, botika maitasun handiz irentsarazten. Lepoan igurtzika lagundu zenion likido berdea edaten, eta ondoren apur bat gehiago jariatu zenion eztarriko zulora.

      Irratian entzuten ari zinen abestiko leloa errepikatu zenuen Iņigo txabolan ikustean.

      — “Ez naiz uste duzuen gizona... Nik hegan egin dezaket...”

      Maikaren hatsanditzeek eten zizuten kantua. Lepoaren atzealdea igurtzi zenion ile izurrak dantzaraziz eta sabela ferekatuz. Mesfidati begiratu zenion, begitartean beldurra irakurrita. Eskuak bizkarreratuta arindu zenuen bat-batean asaldatu zintuen espasmo hura; gogo biziz hartu zuen arnasa eta hasperenez bota.

      — Zakur zintzoa!

      Egurrezko habe batetik esekita zegoen ardo koloreko larruzko zakura hurbildu zen Iņigo. Erpuruak itxi, eskuetako galpartzua estutu eta amorrazioari ezin eutsirik kolpe motzen zaparrada bat jaurti zion zaku bizigabearen sabelari. Gero gerriaz izkin egin, makurtu, zakua itzuri, zutitu eta ezker gakoaz alimaleko kolpe-segida paratu zuen zakuaren kokots, lepo eta matrailean. Zurea izan zen bulegoan zaku bat ipintzeko ideia; kirol ezberdinetan arrakasta lortutako jokalariak ekarri ohi zenituen motibazioari, lehiakortasunari eta talde-lanari buruzko hitzaldiak ematera.

      — Zergatik hasi zara berriro zurrutean?

      — Eta hi zertara etorri haiz?

      Maika ohe estura altxa zenuen aldaka artritikoetatik gora aupaka. Bost izarreko hotel batean lapurtutako txabusinaz estali zenuen, burua agerian utzita. Ongi zaindutako hatz luzeekin emekiro muturrari heldu eta musu ematera makurtu zinen. Maikak begi triste eta esker onekoez itzuli zizun soa, zerbait esan nahiko balizu bezala.

      Ohe azpitik litro erdiko hiru garagardo botila atera zenituen eta edaten segitu.

      — Hamar egun zaramatzat eta dagoeneko ez nauk mozkortzen.

      — Baina ez zara zutitzeko gauza!

      — Ez diat premiarik ere. Hemen ez zagok nire sinadurarik gabe beste negoziorik erosi edo saldu duen enpresarik; kapitala gehitzeko edo likidatzeko, ordainketen etena edo urteko kontuen kontsolidazioak zein fusioak edo salmentak zuzendu izan ditiat. Etziko egunkarietan agertuko diren berriak erabakitzen dituzten enpresari eta gisa horretako txorimalo guztien eskuak estutu ditiat; bazkaltzera eraman naitek, elkarrekin mozkortu gaituk... ez zaukaat zertan zutiturik neure buruaz arduratzeko!

      — Unibertsitate publikoan lizentziatutako lehen nazioarteko bazkidea... Hura utzi zenuenean eguneko prentsa ekonomikoak editorialak eskaini zizkizun. Bertoko enpresen antolakuntzan eta jardueran aro berri bat ixten zenuela zioten...

      — Hori esaten zitean?

      — Sun Tzu-ren Gerraren Antzea negozioen mundura moldatu zuen aholku-emailea. Autoen industria nazionala XXI. mendera egokitu zuen enpresa antolaketaren maisu eta aitzindaria... Hiru bilioi pezeta aurreztu zituen Gizarte Segurantzak aholkulari gisa kontratatu zintuzten legealdian.

      Barre egin zenuen. Atzerriko auto ekoizleek urteak zeramatzaten pieza bakoitzeko hornitzaile bakarra erabiltzen zu ideia aplikatzen hasterako. Diru mordo bat aurreztu zenuen itxi zituzten tailerretako langileen soldata eta aseguruetan. Zuk aipatu zenuen, afari pribatu batean, Gizarte Segurantzak Caritasen antza zuela; zuk aholkatu zenuen eutanasiaren inguruko legeria leundu egin behar zela, aukera eman baliabideak itxaropenik gabe xahutzen zituzten hilurranekoei.

      — Gauzak txarto doazkit azken aldian. Ez dut asmatzen behar bezala merkatuak zer nahi duen irakurtzen. Egia esan, ixteko zorian nago: multinazional bat baino gehiago dabil gurea erosi nahirik, eta dirua lehenbailehen eta erruz lortzen ez badut, gureak egin du. Hogeita hamabost urte dauzkat oraindik! Zuk erakutsi bezala jarduten dut, baina inork ez du nik botatako amua irensten. Saiatu naiz lehiakideei arrasto faltsuak ematen, eta hala ere beti nire aurretik iristen dira.

      — Ez duk horrenbesterako izango. Dagoeneko bizitzan xahutu daitekeena baino gehiago daukak inbertituta!

      Iņigok nazka disimulatu ezinik begiratu zien logelako hormei. Burua makurtu zuen, kontuak berak uste baino okerrago zeudela adierazi nahian.

      — Mugikor berri horietako bat daukak, ez? —hordi irria atera zitzaizun—. Zer eguraldi egin behar duen esaten dik?, bulegora iristeko biderik laburrena?, Bilbon ataskoak non diren? Eta tentsioa, azido urikoa eta kolesterola neurtzen ditik?

      — Aski da. Ez nuen hona etorri behar. Oso lanpetuta nabil. Denbora galtzea izan da. Poztu naiz zu ikusi izanaz...

      — Tira, tira. Esan ezak esan beharrekoa.

      — Atzerritik deitu didate... Finantza erakunde garrantzitsu batek Internet bidez ariko den bankua jarri nahi du martxan. Ez etxekoandreei %5eko utb eskaintzen duen maritxukeria horietako bat, baizik eta inportazio-esportazio eta bereziki industria-konglomeratu handienen ordainketak eta kobrantzak erraztu nahiko lituzkeen mega-bankua. Nire negozioa suspertzeko azken aukera da, eta ez ditut kontuak argi ikusten...

      — Menperatzen ez duan jarduera baterako nahi haute.

      — Negozio igurikapenak ez dira onak. Ia ziurtzat jotzen dugu lehen bost urteetan izugarrizko galerak egingo ditugula. Burtsan enpresaren kapitalizazioa biderkatzea da itxaropen bakarra... banku erraldoien inbertsio-fondoen arreta piztea, lehenengo urtebetea nola edo hala igaro eta gero, arian-arian lepoa tentetzen hasteko...

      — Ez zaidak batere gustatzen. Itxaropen bakarra? Hik ez daukak itxaropenik! Enpresetako administrazio kontseiluko buruek, lehen ministroek, politikari profesionalek, jende horrek hik esandakotik jaten dik. Koskorrak ukitzen hasteko garaia dela esaten baldin badiek, koskorrak estutzen hasten dituk. Turismotik dibisa gehiago erakartzeko hirietako kultur eskaintza hobetu behar dela esaten badiek, milaka milioi xahutzen ditiztek museo eta erakusketa jauregiak egiten. Itxaropena? Hori poetek asmatutako hitza duk, urtean milaka pezeta batzuk irabazten dituzten gizajoentzat... Hik garbitu dituk ia denak... Norengana hator orain itxaropen eske?

      Ohe azpitik garagardo pare bat atera zenuen Iņigo gonbidatzeko. Ohera itzulian, Maikaren alboan etzan aurretik hustu zenuen zuk. Iņigok pote hotza esku batetik bestera pasatzen zuelarik esan zizun:

      — Dirudienez merkatua ez da nitaz fio.

      — Jakina! Eta hobe duk horrela dela sinestea, bestela han eta hemen ustez garrantzirik gabeko xehetasunak ahazten hasiko haiz, eta laster burutik behera kaka egingo ditek! Hire indarretan daukaan konfiantza irentsaraziko ditek! Urte hauetan burtsan bizitako erosotasuna galduko duk. Egin kontu orain arte Miserikordiako agure batzuen aurka lehiatu haizela. Gabonetan oparitutako zerritxoa hautsita ihes egindako duroekin burtsan bingoan bezala jolastera etorritako babazorroekin! Prest ez bahago, jo ezak edozein bankutako atea eta hasi hadi Gizarte Segurantzaren pentsioari esker bizi diren alargunei bonoetan edo Altxor Publikoan inbertitzeko aholkatzen. Lasaiago biziko haiz.

      — Lehengo anbizioa daukat. Onenetakoa naiz oraindik!

      — Ez hik uste bezain ona! Esadak: noiz atera zuan Internet bidezko azken bankua?, nor izan zuan aitabitxia? Nori berotu diok burua proiektu honetan inbertitzeko? Nori saldu nahi diok?

      — Azkena izango da! Ez dut gehiago besteren diruarekin jokatuko. Azken kolpea jo eta hondartzaz hondartza urte osoan gozatzera, akabatu arte! Lisatu egingo ditut gainerako brokerrak. Lisatu egingo ditut botere mediatikoetako aholkulariak, benetako dirua egiteko tentsioa jasan ezinik egoten diren agure nardagarri guztiak! Ez dute nire potroen berri. Jaio izanaz damutuko dira! Frontoietako artekariak baino inozoagoak direla aitortu beharko dute. Parketera jaitsi eta esango diet: “Otoitz egiozue Gizarte Segurantzari, ume puta nazkagarriak; zuenak egin dik!”. Odolkiak aterako dizkiet!

      — Tira, ez niri adarrik. Dirua parrastan xahutzeko beldurrik ez dutenei aurre egiteko gai izango haiz?

      — Edonori aurre egiteko gai naiz.

      — Ziur?

      — Edonori!

      — Ni nagok mozkortuta edo hik edan egin duk...

      Ohetik jaiki zinen, ukabilak potortuta, balantzaka.

      — Jo nazak potrorik baduk! Erakuts iezadak ez duala galdu heure buruarekiko begirunea! —esan zenion burlaizean Iņigori, zorabiatzear zeundela.

      Masailak zurbilduta eta begiak galduta sartu zinen komunean. Oka egiten saiatu zinen. Ez zeneukan botatzeko ezer. Begi malkoak besterik ez zitzaizkizun atera. Itzuli eta beste garagardo bat edan zenuen hurrup bakarrean. Estu-estu besarkatu zenuen zeure burua dardarizo betean. Ohean etzan zinen, Maikaren beroaren bila tapakiaren azpian.

      — Lehen aldiz ikusi zintudanean, atzealdea kristalezkoa zuen ikasgela hartan ari zinen enpresa administrazio eta zuzendaritzako 3. mailakoei egunen batean zu zinen gizon arrakastatsua izatera iristeko udako praktikak zeinen garrantzitsuak ziren azaltzen. Tipo xelebrea izango zinela pentsatu nuen. Halako konbentzimenduz mintzo zinen, hain ziur agertzen zinen, porrota zer zen ez zenekiela iruditu baitzitzaidan. Mundua zabaldu zenidan begien aurrean. Eta orain maite dut ekonomiaren globalizazioa; maite ditut estrategiak eta amarruak, tentsioa eta diziplina. Maite dut bizimodu hau. Ohore handia da kabroi horiek zapuzteagatik kobratzea!

      Ez zenuen Iņigoren hitz-aspertuari erantzuteko kemenik. Jaioberriak bezain leuna zuen azala, ile kiribilak buru biribilean, bikain perfilatutako sudurra. Lepoko gihar eta trapezio arras garatuak miratu zenizkion, sorbalda zabalak, bular tinkoa eta laua, kulturisten pektoral hanpaturik gabea. Luzeak zituen besoak, zain urdinez zeharkatutako bizepsak. Dirua egiteko helburuarekin bere bizitza eta gorputza sakrifikatutako gizonaren itxura zeukan... Eta orduantxe galdu zenuen konortea.

      Iņigok ezin sinets zezakeen finantzetako mito ohi baten aurrean zegoela. Oilar harroxkoak bezala begiratu zizun, lepatente eta zirika. Bere buruarekiko hantustea puztu zion zu konorterik gabe ikusteak, eta ahal zuen ozenen garrasi egin zizun:

      — Edonor eraisteko gai nauk!

      Olanazko poltsa txiki bat bete zuen muda garbiaz, galtza pare batez eta hortz-eskuilaz. Belarri ondoan laztanduz atera zuen zakurra ohetik. Garagardo poteak bildu eta harraskan hustu zituen. Ireki gabe zeneuzkan beste bostak eta olanazko poltsa bere autoaren atzeko eserlekura bota zituen. Besoetan hartuta sartu zintuen autoan. Leihatilak irekita jarri zuen martxan.

      — E! Zer gertatzen duk? —zeure onera etorri zinen.

      — Ospitalera goaz. Bost garagardo dauzkazu hor atzean. Hobe bizkor husten badituzu. Hamar minutu barru iritsiko gara.

      — Maika gaixoa, hil egingo zaidak! Ezin diat beste zakur bat lurperatu orain, orain ez!

      Iņigok higuinez alderatu zuen atzerako ispilua zure bisaia islatuko ez zion angelu batera. Eta irratia piztu zuen. Negu nuklearraren gisako argi zenitala hedatu zuten hodeien arteko eguzki printzek. Irratia kantari ari zen: “Zeinen bakarrik sentitzen naizen espazio sideraletan”.

 

 

Betiko itxura ezin dotoreagoarekin agertu zen Iņigo, Maika eraikinaren hegaletik gidatzen zuela zure leihopera. Uhala askatu eta zakurrari hezur bat urrutira jaurtitzeko keinua egin zuen. Desintoxikazio pabiloiko egongelan aurkitu zintuen sagar-ura edaten. Maika ikusteak oroitarazi zizkizun sentipen atseginak lausotu zitzaizkizun Iņigo agertutakoan. Logelara itzuli nahi izan zenuen, ohe gainean etzan.

      — Egina dago. Atzo hasi zen burtsan kotizatzen. Atzoko jardunaldian bakarrik %45 gainbaloratu da. Orain New Yorken atera behar dugu. Oraintxe jaso dut faxa... Putzua zeharkatu eta entrenatzen lagundu behar didazu!

      — Ezin diat Maika New Yorkera eraman; berrogeialdian sartuko ditek!

      — Ezin nauzu orain utzi. Nire laguntzaileek ez dute piperrik balio.

      Beti soinean eramaten zenuen Teogeneren eskulturaren argazkira eraman zenuen eskua. Gladiadoreen artean handiena izana zen Teogene. Aristokrata anker baten zerbitzura igaro zuen bizitza osoa, Sokrates, Platon eta Aristotele jaio baino mende batzuk lehenago. Homero, inoiz ezagutu den poetarik laudatuenaren garaikidea zen. Orduan ere, egun bezala, biolentzia eta sufrimendua gertakari arruntak ziren.

      Horrenbeste urteren buruan oraindik Iņigo bere kabuz erabakitzeko gauza ez izateak amorratu egiten zintuen.

      — Zertan dituk ezberdin estatubatuarren eta europarren pentsamoldeak? —galdetu zenion Iņigori.

      — Iparramerikarrek sentsibilitate handiagoa dute goi-mailako teknologiekiko. Eta agresibitatea eta lehiakortasuna saritzen dute edozeren gainetik. Berdin-berdin portatuko gara geu ere. Hara joan eta autobusez zenbat ordutara gauden erakutsiko diegu hantuste zikin horiei! Zer sentitzen den irakatsiko diegu! Muturrera esango diet: “Hor daukazue! Gustatzen?”.

      — Hori duk txoro haizea! Kakazaharra! Esadak: gai izango haiz burua galdu gabe lehiatzeko?

      — Noski! Onenen pareko naiz. Merkatua hankaz gora utziko dut, lehiakideak txiki-txiki eginda. Zapalduta. Birrinduta. Ikusiko duzu.

      — Ondo zagok —eten zenion kalamatrika—. Badakik nola jokatu; beraz: ez nauk behar!

      Zalantzazko mozorroa bilakatu zen Iņigoren aurpegia.

      — Psikologikoki prestatzeko behar zaitut, maisu!

      — Utikan! Etzan beharra zaukaat...

      Teogeneren garaiko boxeo araudiak ez zuen antzik haurtzaindegiko umeentzat ezin aproposagoa zirudien Queensberryko markesak proposatutakoarekin. Bi aurkariek ez zuten ringaren askatasunaz baliatzerik. Larruzko uhalekin harri batzuetara lotzen zituzten. Seinalea entzutean hasten ziren elkar joka. Bietako baten heriotzarekin amaitzen zen borroka. Laurehun eta hogeita bost aldiz lotu zuten Teogene eta laurehun eta hogeita bost aldietan izan zen garaile.

      — Igo pertsianak, arren. Maika bero izango duk hor kanpoan.

      — Maika ondo dago.

      Historia liburuek harri baten gainean eserita erakusten dute Teogene, besaurreak izter gainean, borrokarako prestatzen. Burua alde batera itzulita dauka, berriki zerbait esan baliote bezala. Xehetasun horrek bihurtzen du harrizko irudia arte obra ezin hobea. Borrokara deitu zuten? Ez zenion beldur izpirik antzematen aurpegian. Bazirudien ukabilak astintzeko unea itxaroten zuela, ikusleen begiradak saihesten zituen, inor gogaitu nahi ez balu bezala, inolaz gogaitu nahi ez bazintu bezala, bizia jokatu aurretik. Gorputzaren jarrerak etsipen filosofikoa islatzen zizun.

      Ahots hipnotizatzailez hitz egin zenion:

      — New Yorken aho bete lur utziko dituk, Iņigo. Inork uste baino hobeto prestatuta hago. Giza-bular orok gorrotoa, amorrua, bekaizkeria, herra eta malezia gordetzen ditik, pozoia sugearen haginetan bezala pilatuta, jaregiteko lehen aukeraren zain, ernegua eta suntsipena zabaltzeko. Ordua iritsi zaik hiri ere! Hori duk itsasoaz bestaldera hankapean jarriko zaizkian artekari guztiei bidaliko diean opari dotorea. Asmo horrekin agertuko haiz parketera.

      — Min egin nahi diet!

      — Hori duk! Mesfidatienen saltzeko eskaintza-oi­huek konfiantza emango ditek. Iparramerikarrak ume mukizu batzuk bihurtzen ari dituk. Aspaldian utzi ziotek egunean hamalau orduz lan egiteari. Mezu polit bat eta telebista iragarkiz betetzearekin sinetsi ditek dirua bere kabuz etortzen dela kutxetara. Marketina aski balitz bezala. Jendearen beharrak asez merkatuan parekorik ez duen produktua sorrarazi dela sinetsarazi zigutek. Ez zaudek ohituta hi eta ni bezala buztinez zakua bete diru sortzen duten pieza bateko gizonetara. Bizpahiru amarru zakizkitek, eta ohiko emaitzarik ematen ez dietela ikustean... etsi egingo ditek! Hi bezalakoak lehiatzearen plazerragatik igotzen baitituk parketera! Ez zagok hori gainditzerik! Aurrekoak beroketa hutsa izan zituan. Baina orain benetan borrokatzeko prest hago. Euren marrazki bizidunetako mundutik aterako dituk. Han eta eurekin geratzera gonbidatuko haute. Gutxi dituk lortu dutenak. Gizakume arruntek adorea deitzen dutena baino zerbait gehiago daukaala ohatuko dituk!

      — Dena ondo aterako da —esan zizun ilusioz gainezka.

      — Ekin erasoari saioa hasi bezain laster. Baina arrakasta lortutakoan, ez hadi bigarren mailako telebistetan elkarrizketak eskaintzen hasi; ez hadi handikeriatan ibili zerbaiten jabe bahintz bezala. Ezkutatu mihia zuloan! Utikan adierazpen sentiberak! Ez ditiat marikoi irriņoak hire ezpainetan ikusi nahi. Gorde aurpegia espresiorik gabe. Behako hitsa! Hire lehiakideek eta hire hurrengo bezero potentzialek “Kabroi hau ez duk amaren semea!” pentsatu behar ditek. Hotzikarak izango ditiztek hi ikusi orduko... planeta arrotz eta basati batean bizi direla bat-ba­tean konturatzen diren erbikume txepelen antzera!

      — Eta gero, neure irudia esplotatzetik biziko naiz.

      — Bai, herri-heroia izatetik Historiaren orri distiratsuenak idazteko bidean hoa. Kontuz ordea, oso gogorra duk jolas hori. Hor goian indartsuak zanpatu egiten dik ahula. Hik aurrera egingo duk beti, eta gailurrera iritsitakoan... eutsiok! Ez presarik eduki politikan sartzeko. Ez zagok munduan onenak emandako politikari bat baino ezer ezdeusagorik!

      Esateko besterik ez zenuela iruditu zitzaion Iņigori eta joan egin zen zure Maikarekin. Ospitaleko aparkalekura sartzeko zelaia zeharkatzera zihoanean, zure ahots zolia iritsi zitzaion logelako leihotik deika. Zuregana jiratu eta Ameriketan lortu behar zuen garaipena aldez aurretik ospatu zuen besoak altxata.

      Jerikoko turuten antzera oihu egin zenion Iņigori:

      — Dena ondo aterako duk!

      Urrunegi zegoen. Ez zizun aditu. Eta Maikak zaunka egin zuen.