Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Beso zabalik

 

Labarrera bidean zihoazela, eskuinez gidatzen zuen agureak eta ezkerrarekin zigarretari eusten zion leihotik at. Tabako eta ardo usaina zegoen autoan. Eztul egiten zuen etengabe, haren ahotsak eztularen bariante bat zirudien.

      — Filtrobako camelak erretzen nitian lehen —esan zion gazteari.

      Lur zanpatuzko kamioan barrena, autoa punpatu egiten zen gurdi marketan.

      — Camelek ez zidatean uzten nire emaztearen bazkariak egoki dastatzen. Haragiak, entsaladek, pastelek... den-denak zapore bera zeukaan. Orain nikotina gutxiagokoak erretzen ditiat. Hik, gazte, ez duk erretzen, ezta?

      — Ez.

      — Espero diat ez haizela bizio horretan eroriko. Egin behar duana egiteko garbi gorde behar duk gorputza.

      — Zuk ez duzu ba horrela mantendu.

      — Nik ez zaukaat zer mantendu! Gizon garbia izandakoa nauk ni. Eta lehen esan diadan bezala, inor ez duk bi bider garbia izaten, behin bakarrik baino —esan zion haserre.

      Pinu meheek hauskorrak ziruditen, baina ez zuten zabu egiten autoa pasatzean. Gazteak pentsatu zuen olatuak haitzen aurka nola lehertzen ziren entzungo zutela laster.

      — Oraindik asko falta al da?

      — Hago lasai motel! Ehun aldiz esan diat honezkero: diziplina handiz jokatu behar duk hau egiteko, zoro haizeak alde batera utzita. Zazpiki baten antzera ipintzen haiz, eta horrela...

      — Bai, bai, badakit... nahikoa da!

      Autoak konpontzen dituzten tailerretan langileek eraman ohi duten bisera zeraman gazteak. Eta jakanarru bat.

      — Asko falta ote den besterik ez nuen jakin nahi.

      — Andregairik baduk? —agurea kezkatuta zegoen—. Neskaren batekin ibiltzen haiz?

      — Ez —gogoz kontra erantzun zion gazteak.

      — Ba, andratan hasteko adinean hago.

      — Baten atzetik ibili izan nintzen, baina...—gazteak burua itzuli zuen—. Ez al da itsasoa urrutian ikusten den hori?

      — Hor daukak, bai, nahi adina. Batzuetan neure semea bahintz bezala ezagutzen haudala iruditzen zaidak eta besteetan, aldiz, ezin diat antzeman zer gordetzen duan kasko horretan. Ez nikek horrelako arriskurik hartu behar. Agian zerbait ezkutatzen didak. Oraintxe duk aitortzeko unea. Nire aztikeriak ez dik balio izango zerbait ezkutatzen ari bahaiz.

      — Ondo joango da dena —lasaitu nahi izan zuen gazteak, zuhaitz artean erdikusten zuen itsasoaren lerro urdinari beha—. Zaude lasai.

      — Fedea, itxaropena, karitatea eta maitasuna —errezitatu zuen agureak—, nire aztikeriekin batuta... horiek osatzen ditek sekretua. Noiz edo noiz zuzentasunaren bidetik okertu izan naizela onartzen diat —maleziatsu irri egin zuen agureak—, baina ez ditiat aztikeriak sekula ahaztu. Ahaztu izanez gero, akabo! —lepo ingurutik igaro zuen erakuslea.

      — Nik ere ez ditut sekula ahaztuko.

      — Hobe duk niri adarra jotzen ez saiatzea. Lapurtu, emagalduekin oheratu... Dena dela, berehala jakingo diat egia.

      Autoa gune lau batean baztertu zuen. Kontaktua giltzaz amatatu eta ardo botilaren bila hasi zen eserleku azpian. Berriro kortxoa ipini zionean, lurrin sarkorra bafatu zuen gaztearengana.

      — Nerbioetarako —zuritu zuen bere burua—. Ez diat egunero edaten.

      — Jadanik ez duzu zeure aztikerietan sinesten ala?

      — Egia esan, ez dituk aztikeriak —asaldatu zen—, neu nauk; neuk asmatu nitian. Hi bezalako mukizu bat, haietan ez sinesteagatik, haitzen kontra lehertzen ikus dezakedala pentsatze hutsarekin ikaraz dardaraka hasten nauk.

      — Ez arduratu nigatik.

      Biak batera jaitsi ziren autotik. Agureak atzeko eserlekurantz luzatu zuen eskua soka bilgua hartzeko.

      — Ez dut horren beharrik! —kexatu zen gaztea— Ez dut lokarririk behar!

      — Gazte, nik esan bezala egingo diagu edo ez diagu egingo, entzun?

      Gazteak zapatak erantzi zituen. Hanka hutsik pinu orriak eta harri koskorrak zapalduz hasi zen malkar ertzera hurbiltzen. Urdin maraztuko bakeroak eta agurearen ardo botilaz zikindutako lanerako alkandora koadrozkoa zeramatzan soinean. Kotxetik irten aurretik erantzi zuen jakanarrua, baina biserak buruan jarraitzen zuen, belarrietaraino sartuta.

      Egun batzuk lehenago sasiak erretzeko suari emandako zelaia zeharkatu zuten labarraren ertzera iritsi aurretik.

      — Begira hango kaio haiek. Ehun inguru izango dituk talde txikietan banatuta —ahotsak eztul eta dardara egiten zion.

      — Badakit kaioak nolakoak diren —oihuka mintzatzen zitzaion gaztea, bere ahotsa tiraniaren gainetik entzunarazteko—. Ez da ikusten ditudan lehen aldia.

      — Azkarra haizela pentsatuko duk, ezta? —atorrako patrikatik zigarreta atera eta pizgailuaz izeki zuen—. Ondo zagok, kokoteraino nagok aldi oro zer egin behar duan esateaz, jakintsu handi hori! Badakik: niri kasurik egiten ez badidak bertan hilko haiz —agureak haitzen kontra harro lehertzen ziren olatutzarrak seinalatu zizkion—. Erantzi ezak alkandora eta marraztu biribil bat harean.

      — Zerez? —galdetu zuen mutilak ingurura begira.

      — Oinaz, motel!

      — Hemen ez dago hondarrik.

      — Hik egizak nik esandakoa.

      Mutilak zangoa luzatu eta zirkulu bat marraztu zuen bere inguruan. Ezin ikus zitekeen, baina hark bazekien han zegoela.

      — Orain begiraiok horizonteari eta esan hona etorri aurretik ikasitako ahapaldiak.

      Ahapeka bete zuen agurearen agindua.

      — Orain hartzak soka hau mutur honetatik —agureak hortz artean birao bat jaurti bitartean eman zion—. Batzuetan, egia esan, ez zakiat... —ardo botilari beste zurrutada bat kentzeko makurtu zen—. Argi al daukak zer egin behar duan?

      — Bai.

      Mutila urduri zegoen, lasai itxurak egiten saiatu arren.

      — Beldur bahaiz hau duk atzera egiteko azken aukera!

      Ezezkoa erantzun zion buruaz gazteak.

      — Norbait ikusten al duk behean?

      — Ez.

      — Zerbait galdetu nahi al didak?

      — Besoak zabaldu behar ditut derrigorrez?

      — Nire ama zenaren herrian zabaldu egiten zitiztean —erantzun zion pentsakor agureak, ezjakin harrapatu balute bezala—. Umetan, asto gainean beso zabalik jaitsi ohi gintuan azokara. Zerria hil aurretik ere, gainean eseri eta beso zabalik gidatzen genian azkeneko aldiz lokatzetara. Hala ere, nahi ez baduk, ez daukak besoak zabaldu beharrik.

      — Ados...

      — Prest?

      — Bai.

      — Jauzi egik!

      Gazteak oin muturrekin haztatu zuen labarraren ertza. Jauzi egin... eta indar ezezagun batek juxtu olatuen gainetik altxatzen zuela sentitu zuen, gorputza itsasoaren gainazalarekiko paraleloan.

      Haitzetara hurbiltzea otu zitzaion.

      Eta, ondoren, bat-batean biratu eta gorantz zuzendu zen berriro.

      Eta horrela, bururatu zitzaizkion jauzi guztiak marraztu zituen airean.

      Hasieran sokari oratzen zion; baina laster agurea bera ere neurri hura alferrikakoa zela ohartu eta jaso egin zuen. Bakeroak eta bisera soinean, altuera irabazten joan zen mutila, tximistaren antzera agurearen gainetik igaroz itsasoaren azken marra horizontearekin bat egiten zuen punturaino abiatu aurretik.

      Oihu egiten zuen gazteak pozaren pozez.

      Agurea makurtu egin zen botila muturreratzeko, ospakizun gisa behingoan.

      — Eguzkia! —oihukatu zion gazteari labarraren ertzetik, nerabe bati hegan egiten irakasteak betirako bizitzaren ateak zabalduko balizkio bezala—. Itsasoa! Lurra! —barrez hasi zen eztula desagertuta—. Hori duk eta mutil! Zerua! —garrasi egin zuen azkenik.

      Mutilak goranzko zirkulu handiak marraztuz egin zuen hegan. Airean birak eman, lurrerantz amildu, mugimendu zakar batez igo eta berriro jaisten zen, haizeak edonora gida zezan utziz.

      Begiak itsasoaren urdinaz liluratuta zeuzkan eta, agureari bezala, kresalaren usaina iristen zitzaion.

      Artean oso gaztea zen, eta esker ona gordetzen zion agureari aztikeriak erakutsi zizkiolako. Beti eramango zuen bihotzean. Baina hura guztia —labarrak, itsasoa, zeru urdina eta ardo gorria— beharbada egokia zen agurearentzat, baina ez beretzat.

      Hegan zebilen bitartean ideia berriak bururatzen zitzaizkion tai gabe.

      Bizitzako bigarren hamarkadaren erdia igaro ez duten gazteentzat egun argitan, eguzki betean hegan egitea ez da erraza gertatzen oraindik. Ezta Euskal Herrian bertan ere.

      Gaztearen ametsa bestelakoa zen: altuera baxuan hegaldatzea, farolen artean... edo hirian, abiadura handiz, zirkuluak deskribatuz, ikasi berria zuen bezala, eraikuntzen inguruan... gau betean!, neskek patioetan arropak eskegi eta airera zizpuru luzeak jaurtitzen dituzten orduan.

      Han goitik irribarre zabal bat eskaini zion, hegan egitearen helburu lizunak aspaldian ahaztuta besoekin agur egiten zion agureari.