Henriren irudia
Henriren irudia
2000, nobela
160 orrialde
84-86766-11-7
azala: Garbiñe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Henriren irudia
2000, nobela
160 orrialde
84-86766-11-7
aurkibidea
 

 

Enpresa

 

Pabiloi txikiz inguratutako eraikuntza zahar eta handi bat zen, hormetan bentiladore erraldoiak zituena, uralita beltz koskaduna gainean; hari erantsita, brikez eginiko bloke berriago bat zegoen, gainean lore-potoz apainduriko terraza bat zuena. Bloke hartan zegoen enpresako sarrera: ate sinple bat, gainean: Olabe, burdinazko letrez.

      Korridore luzean, emakume gazte bat lurra garbitzen ari zen. Handia, ile-beltza, birristi-barrasta, brioz, apur bat lardaskan lan egiten zuen. Xanen atzean atea itxi zelarik, Xan une batez hantxe, lur fregatu berria zapaldu nahi gabe, aterkia non utzi, nora jo ez zekiela gelditu baitzen, emakumeak begiratu egin zion eta, esku-seinale bat eginik: “Pasa, pasa”, esan zion.

      Kontuz-kontuz, ertzetik korridorea aldez alde ibili, fondoan, goranzko eskailera bat eta edari-makina baten aurrean, kristalezko kabina ez oso txiki bat zegoen; barruan gizon fin, bata urdinez jantziriko bat telefonoz ari zen; hark eskuaz itxoitekoa egin eta, kableko solasa amaitu zuelarik, atea ireki egin zuen eta: “Kaixo”, esan zion; “lanagatik al zatoz?”; ja eskailera seinalatzen ari zitzaion. “Gariren bila nator”, esan zuen Xanek. “Gari?”, harritu zen atezaina; “hemen ez dago Garirik”. “Hemen lan egiten duela esan didate ba... mutil txiki bat...”. “A, Garijo izango da, mantenimendukoa. Pasa, pasa... hotza sartu gabe”; atzean atea itxi eta; “abisua pasatuko diot; nola zara zu?”. “Ez”, esan zuen Xanek, “berak ez nau ezagutzen”. Atezainak telefonoz hitz egin zuen; gero: “Ahal baduzu itxoin... Oraintxe ezin dela etorri”, esan zion Xani; “nahi baduzu eseri”; Xan aulki batean jarri zen; berriz ere telefonora: “bai...? Sí, espera que te paso”; aparatuan tekla batzuk sakatu, gero eskegi eta, metalezko mahaian zabalduta zeukan egunkariaren orrialde bat pasatu zuen; berehala beste bat, arin-arin, halako umore kritikoz oro pasatu zituen; amaitutakoan: “nahi?”, eskaini zion Xani; Xanek hartu zuen; berriz ere telefonora, hark: “bai... Oui... Oui... Non, c’est pas ici... Non, appelez l’autre numéro... oui, voilà”. Orain, eskegitakoan, Xani zerbait esateko bezala itzuli zen; ordea une hartan, eskaileratik jaitsita, traje eta korbataz jantziriko gizon bi agertu ziren; atezaina paper batzuen gainean aplikatu zen, oso lanpetuta egoteko itxurapenak eginez. Gizon haiek, edari-makinatik kafe bana ateraz, kontu kontari, irri egiten zuten. Xanek egunkariko lehenengo orrialdeari behako bat eman zion. Titular handiak, euskaraz, bonbardatze batzuen berri ematen zuen; zehaztu ere egiten zuen bonbak non jausi ziren; ordea, leku-izen hura ez zuen Xanek behin ere aditu; fonetika, hala ere, ezaguna zitzaion. Osterantzean, notizia haren azpian, hizki txikiagoetan, beste titular batek honela zioen: “Poliziak beste arma-biltegi bat atzeman du”; eta, haren azpian: “Gobernuak arma guztien ematea exigitzen du”. “Gobernuak”, zioen informazioak, parrafo batean, “albistea pozarren hartu badu ere, erakundearekin edozertaz mintzatzen hasi aitzin, aurre-kondizio ezinbesteko gisa, behin-betiko su-etena eta arma guztien ematea exigitzen ditu”. Atezainak eten egin zion: “Sartzeko, esan du”, esan zuen; “bulegoan itxoiteko”. “Aterkia...?”, esan zuen Xanek. “Utzi nahi baduzu hortxe”, esan zuen atezainak; “ez dut uste gaur ahaztuko zaizunik”. “Ez... Hemendik al da?”. “Bai; segi ezazu fletxa”.

      Bulegoko sarreran, Xan zalantzakor gelditu zen. Hainbat bulegari, zein bere mahaian, bere ordenadorean, zein bere zereginari itsatsita zeuden. Batek edo bestek begiak apur bat jaso zituen, Xani begiratu distraituak, agian jakinmin pixka batekoak emanez. Neska bat etorri zitzaion: panpina aurpegia zuena, ile tente batzuk, zango luze bi gona laburretatik behera. “Aber, eseri hortxe”, esan zion, eztabaidarik onartzen ez zuen doinu halaz ere arruntaz; Xanek kasu egiten ziola, bera berriz, bulegotik irten egin zen. Han-hemen beste zenbait ate-joko izan zen. Xan paretari begira gelditu zen. Laster neska etorri zen, mahaiaz beste aldean, bere aurrean jarri, inprimaki batean zerbait izkribaturik: “Zure izen-abizenak?”, galdetu zion. Xanek harrituta begiratu zion. Agian formalitate bat zen, enpresan sartzen ziren orok bete beharrekoa. Agian enpresa hartan, Etxezurian bezala, edozein galdekizunek, bai berea bezalako xinple, ez-ofizialenak ere, bide jakin, bide luze bati jarraitu behar zion. Zena zela ere Xanek haiek esan, neskak akats bat, gero beste bat egin zuenez, Xanek zuzenarazi zion. “Helbidea?”, galdetu zion neskak. “Oraingoz ez dut”, esan zuen Xanek. Neska zen orain harrituta zegoena. “Telefonoren bat?”. “Ez, ez”, esan zuen Xanek. Neskak paperean marra bi egin zituen. Gero: “Zein da zure espezialitatea?”, galdetu zion. Xanek barrendu egin zuen: noski neskak ere pentsatu zuen lan bila joana zela hara, hargatik galdezka ari zitzaion. Edozertara ere, lan bat eskainiz gero, berak ez zuen ezetzik esango. Lana behar zuen, sosik gabe zenez, hirian ustez puska baterako gelditzekoa zenez. Hortakoz, keinu anbiguo bat eginez: “Ez daukat”, esan zuen, “halako espezialitaterik”. Neska, harritu baino, erantzun hark pixka bat dibertitu egiten zuela zirudien. Argi-ta-garbi: “Zu zertara etorri zara?”, galdetu zion. “Lagun bat ikustera etorri naiz”, aitortu zuen Xanek; “...hala ere”, erantsi zuen, “hemen nagoela, zerbait izanez gero...”. Noski, desorduko gogokeriak ziren: zein lan egin zezakeen berak, zein izan zitekeen bere funtzioa han, enpresaren jardunbidea zein zen ere ez zekien-eta?; hala ere neskak: “Lana nahi duzu”, galdetu zion; baldin bazegoen, adierazi zuen Xanek; “eta, zer dakizu egiten edo...?”. “Ez dakit... Edozer egingo nuke”. Neskak zerbait izkribatu zuen. “Bale”, esan zuen. “Orduan...”, esan zuen Xanek, “agian...?”. Neskak irribarre samur egin zuen. “Zure lana”, esan zuen, “(lan bat izatera, garbi hitz eginda, inprobablea dena), seguru aski, mezuak eramatea izango litzateke”. “Mezuak?”, galdetu zuen Xanek. “Hortik hasi dira asko”, esan zuen neskak; hain inprezisoa zen, hain ezin-halakoa; eta hala ere, satisfazio txiki bat zen bere izena paper hartan ikustea: gero batere lanik izango ez baldin bazuen ere.

      Gizon gazte, txiki, musu gorri, sudur zapaleko bat inguratu zitzaien; zigarroa eskuan zuela: “Barkatu”, esan zuen, “zu izango zara nire bila dabilena?”. “Gari?”. “Bai”; Xan zutitu egin zen; “barkatu pixka bat itxoinarazi badizut”, esan zuen Garik, “sabaian itaxur batzuk atera dira-ta... Eta, zer nahi zenuen edo...?”. Xanek, diskretuki: “Xan naiz”, esan zuen; eta, izen hark Gari erreakzionarazten ez zuenez: “Henriren laguna...”. Garik, zigarrotik errez, duda-mudan begiratu zion. Belarri batean zintzilikario bat zeukan. Xan saiatu zen gogoratzen; ez zitzaion, ordea, adin ezin zehaztuzko aurpegi haren atzean, aurpegi gazteago bat gomutara etorri. Une bateko isila hautsiz: “Goazemak”, esan zuen Garik, “toki lasaiago batera”.

      Bulegoa zeharkatu, eskailera kiribilkatsu batzuetatik barrena, pabiloi handi batera iritsi ziren; zementuzko zorua, forma eta tamaina guztietako kaja eta paketeak apaletan lerrokatuta, edo lurrean, elkarren gainean jarrita zeuden. Zenbait gizonek fardel boluminoso batzuk garraiatzen zituzten; urrunkara motor baten azantza adi zitekeen. Fenwich baten atzean, txoko gorde samar batean gelditu ziren. “Orduan”, esan zuen Garik, zigarroari azken zupako bat eman eta lurraren kontra zapalduz, “Henri ezagutzen duk?”. “Aldi batez... harekin ibili ninduan”, esan zuen Xanek; pausalditxo bat egin zuen eta: “gero ni atzeman egin ninditean eta... orain atera nauk”. Datu hark apur bat lasaitu zuen Gari; emeki-emeki zalantzatik errekonozimendura igaro zen haren espresioa. Kaja baten gainean jarri zen, eskuarekin Xani beste batean jartzeko adieraziz: “Hi... noiz atzeman hinduten, ba?”. “Kasernan, gogoan izango duk, bonba bat jarri zitean ba...”. “A bai”, esan zuen Garik; “su-etena hautsi zuena... Henrik geroxeago aldegin zian; hik Pitita, ezagutuko duk”. Xanek ezpainak tinkatu zituen. “Izen horrekin...”. Berari zorrozki begira, beste zerbait gogoratu nahiz bezala gelditu zen Gari. Apur batean isilik egon ziren. Bazuketen zerbait elkarrekiko, bazekiteken zerbait, nekez aipa zezaketena. Ez zen Henri bakarrik. Beren historia ere bazen. Historia bat, hain segur, isildu behar zena. “Eta, orain atera haiz e?”. Xanek barre samur, enigmatiko bat egin zuen. “Egun bi zeramaat hemen”, esan zuen; “bart Etxartenean izan ninduan... Esan zidatean Henri eta biok han izan zinetela...”. Garik ezpainak ertirekita entzuten zion; begiak dizdizka, kontu zahar haiek gogoratzen ariko balitz legez. “Bai”, esan zuen, “behin edo bitan hara lagundu nioan”. Beste xehetasunik ematen ez zuenez: “Gero...?”, galdetu zion Xanek. “Gero? Bai; aldi batez ikusten segitu nian. Orduan lana ere utzi egin zian baina, auzoko etxe batean gordeta egon zuan”. “Hik ba al dakik”, galdetu zuen Xanek, “Henrik Etxarten utzi zuen pakete baten berri?”. “Pakete bat?”, esan zuen Garik, kokotsa luzatuz; “ideiarik ez”; gozo-gozo buruari eraginez, apenasko irribarre batez: “nik gauza horietaz ezer ez jakitea nahiago nian. Nik Henri, bera lana zela-ta auzora etorri eta, bertatik ezagutzen nian. Gero, auzoko mobida batzuetan ibili gintuan... Bestela zer zebilen nik ez nekian ezer; zerbait ote zebilen... baina nondik-nora, ez jakitea hobe... Bera gainera gauza horietarako oso reserbatua zuan. Baina bai, gorde eta gero ere ikusi izan nian; beti etxean, hori bai; ez zian handik irten nahi izaten; eta hala ere, etxean ere bijilatuta zegoela susmoa zian. Behin leihotik begira-begira gelditu zuan eta: Ez al duk ikusi?, esan zidaan. Zein?, galdetu nioan. Ile txuriko hori..., esan zidaan. Neuk begiratu eta... inor ez zegoan!”. Garik besoei kartsuki eraginez, adorez hitz egiten zuen; “ez zuan askoz geroago izan”, segitu zuen, “kontzejal hura pinu-kaja batean eraman baitzuten. Orduan badakik: kaleak bete egin zituan kontra zegoen jendez. Auzoan gure jendea potortuta zegoan. Nora gindoazen? Inork ez zekian. Goian batzuek jakingo zitean... guk ez behintzat”; ilunki gogoratzen zituen Xanek gertakizun haiek; Garik beste zigarro bat piztu zuen; “hura izan eta handik egun gutxira Henrirekin eztabaida izan nian. Berak esaten zian, egurra ematen segitu behar zela, eta aldi berean gure aldera indarrak bildu. Nik kristoren kontradikzioa ikusten nian horretan”. Xan izu-larri zegoen. “Arestian gertatuak uste nituen gauza batzuk”, esan zuen, “nonbait oso aspaldi gertatu zituan”. Garik txundituta begiratu zion. “Batzuetan”, onartu zuen, “lehenean gehiago pentsatu, eta gehiago nahasten dituk gauzak”. Pausa bat izan zen. “Orduan hik”, saiatu zen Xan, “Henri azkenekoz noiz ikusi huen?”. “Ostiral batean hona deitu zidaan”, esan zuen Garik: “igandean mendira zihoala-ta, aber posible nuen berarekin joatea. Zerbait bazela konprenitu nian. Muga ondoko borda bateraino lagundu nian. Elurra ari zian, dena zuri-zuri zegoan. Han lagun bat zian zain: Pitita, nik lehenbizikoz eta azkenekoz orduan ikusi nian. Elkarrekin egin genian hamaiketakoa, gero ni jaitsi, haiek arratsaldean segitzekotan han gelditu zituan... Harrezkeroztik... esamesa franko: Henri hemen, Henri han, Henri ez zakiat non... Aspaldi ez dela, lagun batek seguru esan zidaan, auzoan ikusi zuela; zitekeena, noski. Ihesi dabilela: horixe gauza seguru bakarra. Orain hik, beharra baduk, hura atzematea behintzat, gatxa ikusten diat... Anaiarekin hitz eginda, igual... Haren helbidea emango diat... Ez zagok hemendik urruti”.

      Gari isildu egin zen. Tipo potolo, bizar-gorri bat pasatu zen. Elkar saludatu zuten. Garik erre zuen. “Henrik hemen lan egiten zian”, esan zuen. “Hemen?”, galdetu zuen Xanek. “Paketeak ekarri eta eraman; hori egiten zian. Askotan kanpoan, hemen ez zuan askotan ikusten”. “Ez zen ba... mezularia izango?”, galdetu zuen Xanek. “Ez. Bera garraiozalea zuan, furgonetarekin ibiltzen zuan. Mezulariak motoarekin ibiltzen dituk. Beste kategoria bat duk. Zer ba?”. “Ez-eta, atenditu nauen neska horrek esan zidak balitekeela enpresan mezulari gisa lana izatea niretzat”. “Mezulari gisa?”, harritu zen Gari; “ahal baduk, beste zerbait bila ezak”. “Zer ba?”. “Penagarri pagatua duk. Kontraturik gabe ari dituk gainera”. “Eta... ez al dute protestatzen?”. Garik irri meharra egin zuen; noski drole zitzaion Xanen ezjakina; ulerkor hala ere: “Gauzak asko kanbiatu dituk. Orain, esan ezak zerbait; kalea hor duk, esango diate”. Xan pentsakor gelditu zen; gero: “Hori al da legea?”, galdetu zuen. “Legea, dagoena duk”, esan zuen Garik. Xan zurpaila zegoen. “Ezer ez bagina bezala duk”, esan zuen. “Ezer ez gaituk”, esan zuen Garik; intrigaturik begiratzen zion Xani; agian lagundu nahi zion; bere mundua, ordea, hain aparte zegoen. “Beldurra ematen zidak”, esan zuen Xanek. “Beldurra?”; Garik ez zuen ulertzen. “Izan nahi dudana ezin izateko... izan nahi ez dudana izateko beldurra. Beldurra... ez izateko”. Garik stupefakto begiratu zion. “Hemen denborarekin”, esan zuen, “nork bere txokoa bilatzen dik; nork bere taldea. Taldeak babestu egiten dik”. Xanek irribarre goibel bat egin zuen. “Hi ere”, esan zuen, “bahaiz, beraz, talde batekoa”. “Noski”, esan zuen Garik; “zein taldetakoa, ordea, inork ez zakik”; zigarrokina lurrera bota zuelarik, Xan pixka batean hura zelan kontsumitzen zen begira egon zen; pi-pi-pi bat aditu zen; Garik gerrian zuen mobila zen; nonbaitetik erreklamatzen zutela-ta, jaiki eta: “etorri”, esan zion Xani; ironia aire batez: “Bonifazio ezagutuko duk”.

      Zenbait langile makina handi baten inguruan, beste zenbait hor eta han lanean ari ziren tailer ilun batera ailegatu ziren. Baziren makina-hotsak, baziren boz etenak. Trajedun gizon burusoil batekin elkartu ziren. “Non sartu zarete?”, galdetu zien hark. Bera aintzat hartzeak apur bat harritu, apur bat harrotu zuen Xan; hala ere, Gari eta burusoila kalapitan hasi zirenez, Xan han ziren langileei begira gelditu zen. Bi gizon sabaiko zulo batetik kable batzuk ateratzen ari ziren. Makina handian ari zirenek berriz, ernerik, ardura handiz lan egiten zuten. Makina berria zatekeen, langileek eurek zorrozki, harriduraz begiratu, kontuz ukitzen zuten-eta. Langile zahar bat, makinapean kukubilduta, hipaka ari zen. Agian mozkortuta zegoen; hori zen seguru aski besteek pentsatzen zutena, horrexegatik mespretxatzen zuten, ederki ikusiagatik inor ez zen-eta hartaz axolatzen. Guztiarekin, probableagoa zen negarrez ari zedin. Xanek, ez urruti zegoen-eta, hitzen bat esango zion; hark berriz, ustekabeko konplikazioetara eraman zezakeen; eutsi egin behar zion hala ere bere balizko posizioari, bestalde hain dudagarria zena. Gaineratikoan, hiru-lau mutil zebiltzan tailerrean uxkurka: zeregin fijo bat gabe, morroi-lanak edo behintzat, ez hain lan inpreszindibleak eginez; beharbada berak mutil haiek bezala bukatuko zuen; bazitekeen hura izatea bere sinoa; eta, hala bazen, isilik onartuko zuen. Handia zen bere diru-beharra; handia, baita, bere bakardadea. Eta hala ere, bere lanak hain azpikoa izan behar bazuen, bere zereginak horren ezereza, asmatuko zuen, asmatuko zuenez, ihesbide bat: besterik ez bada eskailerape hartan, edo biltegiko pakete-lerro, kajatzar haien atzean, tarte-bitarteka ezkutatzen, Etxezurian usaia zuen bezala, eta bestalde, bertan beste langile batzuek, batzuk han, besteak hemen, disimulo handiz, egiten zutela iruditu zitzaionez.

      Komunera joateko premiaz, seinale bat egin zion Gariri. Garik begia kinatu zion: misteriosoa zena edo, behintzat, era batera baino gehiagotara interpreta zitekeena. Pareta higatua, matxuratua zuen korridore ilun batean ibili zen. Komunean, kanpoan, hiru lagun zeuden, erretzen; barruan berriz, emakume garbitzailea, lehen ezagutu zuena, bere fregonarekin, eta beste tipo bat, lababo bateko xukabidea askatu eta garbitzen ari bide zena. Xan, txiza egiten ari zela, une batez gizon haren zapo-aurpegiari begira egon zen. Gero, ja bragetako botoiak lotzen, itzuli zelarik, emakume garbitzailea bazterretik, errezeloz txizontziari begira zegoela ikusi zuen. Xani, linterneroari begira zegoela, txiza xorta bat ixuri egin baitzitzaion txizontzitik kanpo. Diskulpazko hitz batzuk esango zizkion emakumeari; hala ere, gizon hura han zenez, lotsakizunez, saiatu zen besterik gabe joaten. Alabaina, emakume garbitzaileak: “Hori da kuxidadea”, marmarkatu zuen, zorrozki. “Barkatu”, esan zuen Xanek, “ezin izan dut...”. “Ezin?”, esan zen emakumeak; “oker al duzu ba?”. Xan tieso gelditu zen. Emakumea korridorera irten zelarik, linterneroak, Xani zeharka begira: zer egingo diogu!, esan nahizko aurpegia paratu zion. Xanek, eskuak garbitu eta aurpegia freskatu beharrez, keinu batez hari, beste lababoa erabiltzea ote zuen galdetu zion. “Bai bai”, esan zuen linterneroak; ura, ordea, zikina zetorren; “auzo guztian da”, esan zuen linterneroak; “ura: atzo ezkeroz auzo guztian heldu da zikina”. Xanek hala ere xapa-xapa busti zuen aurpegia. “Ez da edatekoa izango”, galdetu zuen. “Ez dakit edatekoa den”, esan zuen linterneroak; “guk botila horietakoak erosten ditugu”. Paperezko toailen ontzia bere aldean zuenez, haietako bat luzatu zion Xani. Xanek aurpegia lehortu, irten egin zen. Istant hartan bazetorren Gari korridorean; erreminta-kaja zeramala, larritxo zirudien. “Ba al hator?”, esan zion; “joder, ez diat nire jefea aurkitzen...”; gero, korridorean zebiltzala: “teilatutik ura sartzen ari duk”, esan zuen. Beste korridore bat, eskailera estu batzuetatik gora jo zuten. Eskailera haien buruan lore-poto batzuk zeuden, eta ate bi parez pare: bat zurezkoa, erdian eguzki-lore bat zuena, bestea metalezkoa, bastoa. Garik gako batekin bigarren ate hura zabaldu, azoteara irten ziren biak. Euria gogotik ari zuela, matxura ikusi zuten: haizeak uralita bat altxa, uralitak teila batzuk lekuz mugitu zituen. Gari eskailera-zulora sartu, zurezko ateko txirrina jo zuen. Handik pixka batera emakume batek ireki zion: emakume heldu samar bat, txandaleko galtzak, jertse batekin jantzia. Garik situazioa azaldu, eskailera luze bat eskatu zion.

      Azotean Xanek eskailerari eutsi, Gari igo, zenbait minutuz han aritu zen, giltza ingelesarekin uralita tinkatzen. Xan egurra txukun-txukun pilatuta zegoen estalpe txiki batetik begira zegoen. Gero, nonbait mobiletik beste dei bat izan zuen eta, teilatutik zalu-zalu jaitsi zen Gari. “Hi, behera joan behar diat”, esan zuen, “biltegian ura sartzen ari duk-eta; hik jarriko al dituk teilak...?”. “Nire kontu”. Gari bazihoala, Xan teilatura igo, teilak nola-hala paratzen hasi zen. Teila zaharrak, zanpatutakoan bat apurtu zuen. Izkina batean teila berri meta txiki bat ikusiz, harantza zihoala, irrist egin zuen; oso gutxi egin zuen, ez baitzen amilka karrikaraino jausi. Euria bestalde, biziago ari zuen. Xanek alde guztietara ura besterik ez zuen ikusten; kalea, handik antzeman zitekeenez, aintzira bat zen. Tximista bat izan zen, oso segidan trumoi bat, Xanek dardar egin zuen.

      Eskailera ematekotan, bere atera deitu eta, emakumeak, ikusi zuelarik: “O la la!”, esklamatu zuen; Xan, ura goian-behean xurrupitan, zurrun eta zozotuta zegoen; “utzi hortxe”, esan zion emakumeak; “nora zoaz?; sartu, sartu, pixka bat lehortuko zara”; azentu arraroa zuen, frantsesa zen agian. Xanek ez zuen etxea busti nahi, emakumeak ordea, insistitu egin zuen. Komunera lagundu zion, besoan zauri bat zuela ikusi zion. Noski hura garbitu behar zuen... Aurrena baina, lehortu behar zuen, ezin zen arropa haiekin egon...

      Komunetik kamiseta eta galtza garbi, lasa samarrekin, etxeko zapatillak jantzita irten zenean, salan, aulki batean jarrita, zain zeukan emakumea. “Sutondoan zabaldu dizkizut arropak”, esan zuen; “berehala lehortuko dira; jarri, jarri; tori”; kafe antosin bat eskuratu zion; Xan sofan jarri zelarik, emakumeak lanpara bat piztu zuen; giro gozoa zegoen; leiho zabalaz hara berriz, euria txurrustaka ari zuen; emakumeak diskretuki begiratu zion; “uste dut”, esan zuen, “ez zintudala inoiz ikusi”. “Probableena da”. “Nola duzu izena?”. “Xan”; ez zen bera galdetzera ausartu; alabaina, hark: “Ni Raissa naiz”; bat-batean besoko zauria gogoratu zitzaion, ikusi nahi zuen; marruskatze bat zen, aski zabala, ez ordea batere sakona; odol-ttantta batzuk ageri ziren; “mina emango dizu”. “Pixka bat... ez da ezer”, esan zuen Xanek, serbilleta batekin odol-ttanttak xukatuz; Raissak ez zuen insistitu; Xanek, kanpora begira: “urak bazterrak hartuko ditu”, esan zuen. “Hartuko ditu”, esan zuen Raissak; “hona behinik-behin, ez ahal da sartuko; iaz teilatu berria paratu genuen”. “Ohartu naiz, bai, alde hau berrituta zegoela”. Xanek zurrut ttiki bat egin zuen, antosina mahai gainean uztean, bertan zen burdinazko dortoka bat ukitu zuen; hark segurtasun pixka bat eman zion, nahiz berehala zalantza pittin bat eragin. “Zer zaude, tailerrean?”, galdetu zion Raissak. Xanek barreazala egin zuen. “Oraindik ez dakit... lana izango dudan ere”; Raissak jakinminez begiratu zion; Xan aise mintzatu zen orain: “nire lagun batek lan egiten zuen hemen... Zuk agian ezagutuko zenuen... Henri”. “Henri?”, esan zuen Raissak; “bai, noski. Aspaldi joan zen. Esan zuten... ihes egin zuela. Laguna zenuen?”; Xanek baiezkoa egin zuen; Raissaren begirada kristaletatik hara, euritan galdu zen; “mutil guapoa zen”, esan zuen; “haren neska ere oso guapa zen”; haren ezpainetan irriño bat zen; ezaxola irudiz: “oso... lagunak zineten?”. “Baginen... lagunak”, esan zuen Xanek, isildu egin zen; Raissak gehiago jakin nahi zukeen, Xanek ordea ez zuen besterik esan; kanpora begira, sor-sor gelditu zen; samurtu egiten zuen euriaren hotsak; salako koloreek, Raissak ere samurtu egiten zuen; bere begiak hezetu ziren; Raissak agian nabaritu zuen, hasperen egin zuen; bera ere samurtuxe zegoen, eta hori agian beragatik zen, Xan apur bat aztoratu egiten zuena; halako kuraiaz: “etxe ederra duzu”, esan zuen. “Nire bizitza dut hemen”, esan zuen Raissak; isilaldi baten ondoren, oroiminez: “sofa horretan hil zen gure aitatxi”. “Hemen?”. “Bai; hor hil zen”; Xan, artega, sofan remobitu zen; “noski”, esan zuen Raissak, oroitzapen tristea burutik uxatuz, “nire seme-alabak ere badira; nagusia ja lanean hasi da, bestea txikitxoa da oraindik...”. Raissak neskatila xalo, zimurtu samar bat ematen zuen. Xanek alboan zuen kojina ferekatu zuen.

      Ate baten ireki-itxi hotsa, pasiloan neskato baten boz alaia aditu zen: “Ama, ama!”. Raissa jaiki, salako atean besarkatu zuen. “O la la!”, esan zuen, “nola zatozen...!”: urez blai-blai eginda zetorren. Raissak berokia erantzi, besoetan hartu, musu eman zion. Gizon zahar bat agertu zen atean. “Eskerrak botak genituen”, esan zuen hark, “sartzeko komediak ibili ditugunak!”; Xan ikusi zuelarik: “Fabrikako teilatua konpontzen aritu da”, esan zion Raissak. Xan pixka bat jaiki, agian beharrezkoa ez zena, zaharrari eskua xokatu zion. “Errekak gain egin du”, esan zuen zaharrak, eta Xani: “uholde izugarria zatorrek!”. Raissak neskatila Xanen ondoan jarrarazi, botak erantzi, bera atera zelarik, hala neskatila, lotsagabe, nola zaharra, disimulo gehiagoz, Xani begira gelditu ziren. Zaharra betosko zegoen; noski Xanek jantzita zeuzkan arropak ikusi zituen, harrituta zegoen. Raissak, heldu zelarik: “Kendu bota horiek”, esan zion zaharrari, “dena bustitzen ari zara-ta”; alabatxoari galtzerdi lehorrak, gero zapatillak, janzten ari zela, eskolari buruzko galdera batzuk egin zizkion. Alabak labur-labur arrapostu; zapatillak jantzi bezain fite, lasterka joan zen salatik hara; segituan bueltan zen, zurezko zalditxo batekin. Alfonbran jarri, harekin jolas egiten zuela, tarteka Xani begiratzen zion, jolas haren funtsa zein zen konprenitzen ote zuen. Xanek, isilka, konprenitu egiten zuela adierazi zion. Neskatila moko-meharra, ile beltza, haren belarriak, fijatu zen Xan, parpailarik gabekoak ziren: Raissarenak ez bezalakoak, fijatu zen; bereak, Xanenak bezalakoak, bestalde. Raissa etorri, Xanen aldamenean jartzera zihoala, alabatxoak: “Ura”, eskatu zuen. Raissa berriz ere atera, baso erdi-betea ekarri zion, orain bai Xanen aldamenean jarri zen. Alabatxoak esku biez basoari eutsiz, zurru-zurru edan zuen; ura, arintxo edan zuen eta, aho ertzetatik isuri, kokotsetik behera ttanttaka zihoan; nahita egin zuen noski: basoa musutik apartatuz, Xani so, barre egiten zuen. “Etorri zikin hori”, esan zion amak; musua painuelo batekin garbitu zion, alaba magalean hartzeko hankak zabaltzearekin, bere izterraz Xanen izterra tinki ukitu zuen. Ama-alabek elkarri zenbait mimo egin zizkioten; gero neskatilak, eskua luzatuz, Xani besoko zauria ukitu zion; Xanek eskua hartu ziolarik, neskatila, harroturik, enborra okertu eta, jolasguran, bere gainean luzatu zen; hatz bihurri batez petxua korritu zion. “Sorgina”, esan zion amak, “sorgina zara-ta...”. Orain besoa ere besoaren kontra jarrita zeuden.

      Pasiloan zaharra kantu kantari zetorrela adituz, Xanek mugimendu txiki bat egin zuen Raissagandik bereizteko; Raissak ordea, bere alabatxoari buruan laztan eginez, naturaltasunez, apur bat gehixeago hurreratu zitzaion. Zaharra, dagoeneko atean, betiere kantari, beraiei begira, harrituta zegoen; ez sobera ere, kantatzeari pixkanaka utziz irribarre amultsu, eta hala ere oker samar bat egiten zienez. “Hau ez da igual bazkaltzera etorriko”, esan zuen, azkenean; Raissak ez zuen berehalaxe erantzun; alabatxoari kasu egiten zion, bidenabar, beharbada, Xani; zaharrak, egonarriz: “eltzea jartzeko sutan”, esan zuen. “Badago denbora”, esan zuen Raissak, axolagabe. Zaharra beraiei begira, Xan larritxo zegoen; pixka bat titubeatu eta gero: “Ze kanta zen?”, galdetu zion. “E?”, esan zuen zaharrak. “Kanta...”, esan zuen Xanek. “A... ba!”, esan zuen zaharrak. Raissak barre egin zuen. Zaharrari buru soila pixka bat gorritu zitzaion. Agian lotsa, agian haserre; seguru aski ozpinduta zegoen, Xanek hain denbora gutxian, etxean halako posizioa hartu zuelako; eta Raissari, galde-keinu bat eginez, hala nola: hau nondik atera duzu? esan nahiz bezala. Baiki, keinu hura Xanentzat ofentsiboa zitekeen; Xanek ordea apal hartu zuen. Dudagabe zaharrak bere etxean permititzea zeukan horrelako desaireak. Alabatxoa, Xanen magalean, bakar-kontuak esaten ari zela, Raissak: “Idorra zara”, esan zion zaharrari. “Ba!”, esan zuen zaharrak; besterik gabe joan zen pasilotik hara. “Haserre dago?”, galdetu zuen Xanek. “O! Pasako zaio”, esan zuen Raissak eta, alabatxoaren atzetik, honek ikusi gabe, Xani zerbait kentzeko bezala, masailean laztan txiki bat egin zion. Bat-batean jaiki, atera egin zen. Xan, neskatila gainean zuela, konfuso zegoen. Neskatilak zurezko zalditxoaren isatsa erakutsi zion, zerda gogorrez egina; bere besoen artean katutxo bat bezalakoxea zen, soil-soilik ron-ron egitea falta zitzaion. Laster Raissa etorri zen atzera. Azal koloretua zeukan; aztoratuxe agian: “Zoaz, maitea”, esan zion alabari; “eskuak garbitu, laster bazkaldu behar dugu-ta”; neskatilak obeditu zuen; orduan Raissak, Xanen aurrean zutik, begiak distiratsu zeuzkala, bere esku bat hartuz, hatz muturrak estutu zizkion; Xanek begiak haren begietan atxikita zeuzkan; Raissak, pixka bat aldenduz: “ez”, esan zuen, “ridikuloa da”. “Ez!”, esan zuen Xanek, haren gerria besarkatuz; hura zatekeen Raissak espero zuen hitza, desio zuen tendresiazko laztana; une hartan, hain bolublea zirudien; Xan sukartuta zegoen; “Raissa...”, xuxurlatu zuen; baina ja Raissa apur bat urrundu zen, ja bereizi zen, ja bazihoan bere besoen artetik. “Ez”, esan zuen Raissak, irribarre maxkal bat eginez; ja suak utzi zuen, ja baretu zen; aldi berean triste eta alegera zegoen; “ezin dut”, esan zuen. “Zergatik...?”, esan zuen Xanek, desesperazioz. Raissak irribarre mikaitz bat egin zuen. Pasilotik alabatxoa zetorren. Raissak, Xani eskuan azken laztantxo bat eginez: “Orain joan egin behar duzu”, esan zuen.

      Xanek, bere arropa oraindik ere hezeak kamiseta gainean jantzita, dagoeneko pasiloan, bertako leihotik kanpora, eztikiago ari zuen euriari begira zegoen zaharrari, albotik pasatzean, sorbalda pixka bat ukituz: “Gero arte”, esan zion. Hitz haiek zaharra pixka bat hunkitu zuten. Jiratu zen, bere begietatik lanbroak pixka bat airatu ziren, Xani beso bietatik heldu, goitik behera begiratu zion. “Gero arte, bai”. Eskrutagaitzak ziren haren pentsamenduak. Amaren besoetan, neskatilak esku potoloaz agur egin zion, Xan eskailerako zuloan ezkutatu zen arte.

      Eskailera ilun zegoen, elektrizitateak joan behar izan zuen. Erdiko pisuan, korridorean, emakume garbitzailea lurra fregatzen ari zela, Xanek, ohartu gabe, zoru bustia zapaldu zuen. Emakumeak bizkar ematen ziola, ez zuelarik beraz ikusi, eta susmatuta noski, ikusiz gero nekez zuela berriz ere barkatuko, Xan zenbait segundoz kortina lodi baten atzean egon zen. Ordea, bi tipo behetik heldu eta une batez korridorearen erdian gelditu zirela, eta emakumeak, ikusiagatik, ez baitzien haiei erremuskarik egin, eta bestalde, bera gordean atzemanez gero askoz ere okerrago, edo behintzat oso trago txarra izango zela pentsatuz, Xan kortina atzetik atera zen. Emakumeak ikusi egin zuen; ez zen, izan ere, oraingoan haserretu, baina ezta harritu ere, Xan han zelako. Zeren, nahiz eta egiten ari zen lanerako Xan, eta beste bi tipo haiek, oztopo ez baziren, ernegagarriak bederen izan, bazuten, onartzen zuen isilik, beren eskubidea edo arrazoia ere, bertan ibili, bertan egoteko. Eta gainera: bi sujeto haiek, katiuskak jantzita, bulego handira sartu zirelarik, lurra dezente basitu zuten. Horregatik: “Segi, segi”, esan zion emakumeak Xani; eta Xan, hala ere, hanka puntetan zihoala: “lasai”, esan zuen emakumeak, “arrasto bat gorabehera”. Esan zuen bezala, situazioa behean, ura zela-ta, larria behar zuela ulertu zuen Xanek. Eta halaz eta guztiz, Xan pasa eta gero ere, emakumeak fregonarekin bere aztarnak ezabatu zituen.

      Bulego handian jende asko zegoen: leihoaren ondoan, kanpora begira edo talde txikitan, solas animatuan. Estoldek, aditu zuen Xanek, gain egin zuten, poligono guztia urpetuta zegoen. Bertako biltegian urak metro bateko altura hartu zuen eta bonberoei hots egin zieten. Xan leiho batera arrimatu zen. Berarekin hiru-lau bulegari zeuden: espektakulu festibo batean legez, zuhaitz-adarrak eta era guztietako zaborrak zeramatzan uholde azkarrari begira. Kaleaz bestaldean, mendikume batean, lagun talde bat zegoen. Beste lagun batzuek enpresa txiki batetik makina bat ateratzeko ahaleginak egiten zituzten. Gizon bat, kaleko pobre bat akaso, galtza motzetan, makila batekin ur-lohiari eragiten zion, zerbait ere bila. Leihotik berriz, bulegariek tipo hartaz, edozertaz barre egiten zuten. Bazen hondamenarekiko halako kezka-eza, halako distantzia. Zenbait lagun hala ere: agerrituenak, edo espreski misio hura zutenak, bazihoazen enpresa barrenera, katiuskak jantzita, braboki. Haiek balizko soluzioak aportatzen zituzten, komentario ausarditsuak egiten. Xanek kontsideratu zuen, ez ote zen hura bere egitekoa ere izango. Erabat ez zen saiatuko noski: momentuz bere interesak enpresan hain txikiak izanik; segurki hala ere jefeek, ikusiz gero beharrean, bere enpeinua kontuan hartuko zuten, gerora begira. Alta, inork ez zituen ustezko operazio haiek dirijitzen, eta bera zen aldean inork ez zuen halako grinarik azaltzen.

      Bonberoak heldu zirenean, leihoetatik emakume arraituek eupaka hartu zituzten. Xanen ondoan, aulki banatan jarrita bi langile, euren artean gailegoz ari eta, bera bertan zenez zahatoa eskaini zioten, Xanek, ez hartu arren, estimatu ziena. Orain bulegora atezaina sartu zen: alda-maldaka, belaunetaraino bustita, izerdi zuritan, koadro handi bat ekarki: bibote zuri luzeko gizon ahaltsu, aspaldiko baten erretratua zen. Kontuz-kontuz hura paretaren kontra laga eta, arnas-estuka: “Behera joateko”, esan zuen; “Bonifaziok esan du”. Engoiti bulegoan zirenak, banaka edo talde txikitan, erdi etsian, erdi dibertiturik, hasi ziren erreskadan bulegotik irteten. Xan ere bazihoala, ba, eskailera-buruan, botak lokaztuta baina arropak lehorrik zituela Gari ikusi zuen. Garik besotik atxiki eta: “Nora hoa?”, galdetu zion. “Behera...”. Garik ordea, keinu batez isilarazi, izan ere lepo-zuri bat beren aldamenetik igaro zen, gero: “Behera? Laga itzak”, esan zuen; “hiri zer dik horrek? Ez duk hire afera”; Xan zalantzan gelditu zen; egia zen, hura bere afera ez zela; hala ere, bere balizko inserzioari begira, zerbait egin zezan lagungarria zitekeen. Hori ordea ez zuen Garik ikusten; hark dudagabe problema garratzagoak zituen; izan ere: “situazioa”, xuxurlatu zuen, “oso gaiztotuta zagok”; prezisatu zuenez: “lepoa moztuko zigutek”; Xanek perplejitatez begiratu ziola, Garik, beti boz-apalki: “mantenimendukoak responsabilizatu nahi gaitiztek orain, gertatu denaz; eta Leo, gure jefea, ez zakiat non deabru sartu den... Hi berriz, arropak ez dituk oso bustiak, nora sartu haiz?”. “Goian bizi den emakume horren etxean, hain zuzen arropak pixka bat lehortu bitartean...”. “Raissaren etxean?”, harritu zen Gari; “harekin egon haiz...? Badakik nor den ezta?”; Xanek ez zekiela eta: “Bonifazioren emaztea duk... Lehen tailerrean aritu naizen trajedun burusoil harro hori... Enkargatua duk bera”. Garik burua kordokatu zuen; agian grazia egiten zion Xan han egon izana; agian, bere lehengo kezketara itzuli zen. Han ziren behintzat biak, estai beretik zein goikotik beherantza zihoazenei begira, haiek ere eurak ikus zitzaketela. Guztiaz ere, beren egotemodu hura ez zitzaion Xani egokia iruditzen: zer esan behar zuten besteek, eurak hantxe geldirik, txutxumutxuka ari zirela ikusita? Gari belarrian ari zitzaion: hain gertutik, kasik inpudikoa zen. “Ez al gara joango?”, galdetu zuen Xanek. “Horren perrakeriak entzuteko?”, esan zuen Garik; “ni ez noak; hik nahi duana egin ezak”; baina, Xanek inorakorik egiten ez zuenez, berriz ere besotik atxikiz, pieza handi batera eraman zuen; “hemen egongo gaituk”, esan zuen, “erauntsia pasatu bitartean”.

      Pieza iluna oso, hala ere mahai luze batzuk suma zitezkeen, zenbait makina, egur handi batzuk. Gari mahai haietako baten ondoan, lurrean jarri eta, zigarro bat piztu zuen. Xanek berriz, apenas jartzea egin zuen eta, piezara tipo batzuk sartu zirela aditu zuen. Garik zigarroa lurrean itzali zuen, biek arnasari eutsi; zeuden hartatik ez zitzaketen sartu zirenak ikusi. Nonbait piezaren fondorantza joan, aulki batzuk lekuz aldatu zituzten. “Lababoa ataskatuta zegoen...”, esan zuen boz kejati batek. “Ostias, Leo”, xuxurlatu zuen Garik. “Potrojorran zegoan”, esan zuen beste boz, boz erlats batek. “Eta ez haiz noski ezertaz enteratu”, esan zuen hirugarren bozak. “Bonifazio”, xuxurlatu zion Garik Xani, besoan kolpetxo bat jo, ate alderantza irristatzen hasi zen; hain isilik, hain azkar, narrasti bat bezalaxe zihoan. Xan ez zen istantean deziditu; gero, ikusiz-eta Gari ateaz hara zela, bera ere etzan, emeki-emeki herrestaka hasi zen... “Hireak egin dik”, esaten ari zitzaion Bonifazio Leori. “Baina ni...”, kejatu zen Leo. “Urrutira joan beharrik ez daukak”, esan zuen Bonifaziok, “aski duk hona berriz ez azaltzea”. “Eta nora joango naiz?”, esan zuen Leok. “Orain ez haiz negarrez hasiko”, esan zuen boz erlatsak. Krak bat aditu zen. Xan zen. Laster zuen bere gainean tipo hura: korbata luzea, foka aurpegi bat. “Hik zer egiten duk hor?”, galdetu zion; saihetsean ostiko-puntako bat jo, jaikiarazi zuen; Xani hankak huts egin zion, erori zen, berriz ere jaiki; “honek ere ez dik bere larrua berton utzi nahi izango”, esan zuen. Bonifaziok, ikusi zuelarik: “Hago”, esan zuen; “hi ez al haiz lehenago Garijorekin zebilena?”; Xan akongojatuta zegoen; bitartean Leok mukiak zurrupatu zituen; bistan da biktima bakarra ez izateak kontsolatu egiten zuela; “okupa hadi horretaz”, esan zion Bonifaziok bere lagunari, eta Xani: “hi etorri nirekin”.

      Bulego batera eraman zuen. Bera jarri, Xan zutik zegoela: “Nola duk izena?”, galdetu zion; buru soil hanpatu eta misformea, bibote mehea, begirada ankerra zuen. “Ez”, esan zuen Xanek, “ni ez naiz... berez ni... ez naiz lanean ari”. “Baina hik lehenago ez al duk izena eman...?”. “Bai, neska batek galdetu dit...”, esan zuen Xanek. “Hori ba”, esan zuen Bonifaziok; bere perspikaziaz harro, irribarre egin zuen, hortz zuri-zuriak erakutsiz; Xani begira, esku bateko hatzekin bibotexkak lixatzen zituela, pentsakor gelditu zen; haren kopetan zimur batzuk agertu ziren; sudurretatik hats-aldi bat botaz, interpretatzen gaitza zena: “nik hi... lehendik ezagutzen haut, ezta?”, galdetu zion; Xanek lepoa apur bat luzatu, sorbaldak apur bat kixkurtu zituen; “hi ez al hintzen hemen aritu... denbora batean?”, galdetu zion; Xanek ezezkoa egin zuen; Bonifazio purutxo bat piztuz entretenitu zen; haren eskuan eraztun batek diz-diz egin zuen; Xani Raissa gogoratu zitzaion; ez ote zuen hura zela-ta Bonifaziok hara eraman; inondik inora jakin ote zuen, bere etxean izan zela?; ez zen probablea; eta, Bonifazio hori jakin gabe zegoela, Xan lasaiago zegoen: nahiz hura enpresako buruzagietarik izan, eta nahiz bera orain, era batera, haren menekoa zen, haren emaztea... nolabait, une batez, berea izan zuen; “eta”, esan zuen Bonifaziok, “hire lehenbiziko egunaz zer balantze egiten duk?”. Xanek, ustez-eta aukera bat zuela: “Nik... ba, honekin... Bo, ez dut ezer askorik egin”, esan zuen; ez zuen Gari, ez zuen teilatuko matxura ere aipatu nahi izan. Bonifaziok, Xani tinki begira, bere nahasiarekin gozatu egiten zuela zirudien. Trataera behintzat, batez ere Xanen errugabetasuna kontuan izanda, ez zen begirune handikoa. “Noski”, esan zuen Bonifaziok, “ez duk berebiziko balantzea”; nahigabezko hasperen bat egin eta: “ez hintzen”, esan zuen, “behar zen garaian, behar zen tokian”. “Niri”, saiatu zen Xan, “inork ez dit esan... nik... toki jakinik ez nuen...”; argudio haiek ordea, hain ziren ahulak, hain ziren lekuz kanpokoak, Xanen boza motelduz joan baitzen, azken hitzak berak ere apenas entzun ahal izateraino. Ez zuen behinik-behin Bonifazio komentzitu. “Agian alferra izango haiz”, esan zuen hark, “edo agian babua; kezkatu egiten naik”, erantsi zuen, “hire nortasunaren alderdi horrek”. Xanen begi ertzean malko bat ageri zen: samin handikoa, suminezkoa ere bai. “Zuk”, ekin zion, “zer dakizu nitaz?”. Bonifaziok ostera, jaramonik egiteke: “Puntu bat galdu duk”, esan zuen; horrek Xan inpresionatu zuen; dardar egin zuen; puntu batto... zenbatetarik?; bazituen, hala ere, puntu batzuk oraindik?; “dena dela”, esan zuen Bonifaziok, “puntu hori dezisiboa zuan. Printzipio kuestio bat duk”; berak, Xanek, ez baitzuen, bistan da, printzipiorik; “eta orain, hoa hemendik!”, bota zion Bonifaziok.