Pentsioa
Xan, trenean, lau lagunentzako konpartimentu batean jarri zen, bakarrik. Bertatik bagoiaren parte handi bat ikusi zezakeen. Jende gutxi zegoen, guztiak isilik. Ondoko, pasiloaz bestaldeko konpartimentuan gizon-andre zahar bi zeuden, luze-mehatxa gizona, sendo-bulartsua emakumea. Parekoan berriz, gizon txiki-lodi bat jarri zen; berehala egunkaria leitzeari ekin zion hark.
Hurrengo geralekuan igota, Xanen aldamenean emakume gazte bat: argala, zurbila, soineko beltz zimurtu batez jantzia, magalean haurtxo bat zuela jarri zen. Beroki gorri marrazkiekiko batez jantzita, haurra makila arrunt bat zupatzen, murtxikatzen ari zen. Bere begi kuriosoez Xani begira zegoela, Xanek moflete potoloan atximurka txiki bat egin, eskutxoa heldu zion; bide batez eta zenbait segundoz, bere umetxoari ama-harrotasunez begiratzen zion emakume argalari soinekoa, bularren aldean, pixka bat ukituz. Ez zen detaile hartaz agian emakume argala ohartu, alabaina pasiloaz bestaldetik emakume sendoa berari, edo haurrari, bederen eszenari begira zegoen; txeraz, baiki, errezelo pixka batekin ere bai, menturaz, ordea. Xanek eskua erretiratu, kanpora begiratu zuen. Fabrika zahar baten ondotik ari ziren igarotzen; haren kanpo-horma luzeetan pintada koloretsuak zeuden: letra ulergaitzak, su bat, zenbait aurpegi misforme. Trena, orain, oso poliki zihoan. Halako batean, kirrinka luze bat egin eta, erabat gelditu zen. Argiak itzali ziren. Ez zen, ordea, apeaderorik hantxe. Euren parean, bietatik hara, lan-kabina prefabrikatu baten ondoan, bi langile, borra bana erabiliz, iltze antzeko burdina erraldoi bat lurrean sartzen ari ziren.
“Zer da hau?”, galdetu zuen emakume gazteak. “Ez dakit”, esan zuen Xanek, “bia muerta bat dirudi”. “Huelga izango da”, esan zuen pasiloaz bestaldetik emakume sendoak. “Huelga?”, esan zuen emakume gazteak; “ez dut ezer aditu”. Xanek, haraxeago zeozer ikusten ote zuen, musua kristalaren kontra paratu zuelarik: “Zerbait ikusten al da?”, galdetu zuen emakume sendoak. “Ez”, esan zuen Xanek. Bizkitartean gizon txiki-lodia plataformara joan zen, atea zabaldu eta, borradun langileekin solas pixka bat egin zuen. Laster berria ahoz aho hedatu zen bagoian: bonba abisu bat izan zen, zibilak trenbidea miatzen ari ziren. Hala ere, ez zirudien inor hartaz oso arranguratu zenik. Marmar batzuk aditu ziren; ahoak zabaldu, jarrerak lasatu ziren. Minutu batzuk igaro ziren. Komuneko atea blokatuta zegoela-ta, tipo batek protesta egin zuen. Amaren magalean begiak itxi zituen haurrak. Lo ote zegoen? Alta, hatzen eta zapataxken puntak mugitu egiten zituen. Haur hark, sudurra, begiak eta ahoa aurpegiaren erdi-erdian, mofleteen artean ezkutatuxe zituena, ez oso polita inondik ere, aurki emakume sendoa xoratu egiten zuen. “Ikusten duzu?”, esaten zion berarekin zen gizon mehatxari, miresmenez; “potolo-potoloa da-ta”; gero, bere poltsatik karamelo batzuk ateraz, ama gazteari eta Xani eskaini zien; eta, bere eskuturreko erlojuari begira: “berandu iritsiko gara”, esan zuen. Gizon mehatxak begiak itxi zituen. Xani ere betazalak ixten ari zitzaizkion. Ez ote zuen lo-kuluxka bat egin. Trenak klan-klan egin zuenean begiak ireki zituen. Borrako langileak tren azpietara begira zeuden. Han ote zen bonba? asaldatu zen Xan. Ez noski, bidai-lagunak trankil asko zeuden. Trenak pixka batez gibelera jo zuen, nonbait bia ona hartu, aurreraka egin zuen, estreina poliki, gero arinago.
Bi geltoki haratago jaitsi zen Xan. Zerua oso goibel, gozo-gozo ari zuen euria. Xanek Elik laga zion aterkia zabaldu eta, trenbideak zeharkatu zituen. Hormigoizko trabiesa batzuk ebitatu zituen. Torloju larri batzuk lurrean barreiatuta zeuden. Tren-makina zahar bat geldituta zegoen.
Xanek aurrean ezaguna zuen bide bat, ezagunak zituen etxe batzuk ikusi zituen. Hala ere, etxe haiek beren tokian ez zirela, lekuz aldatu zituztela zirudien. Haien atzean autobia bat zegoen. Eta beste autobia bat ezkerrean, eta beste bat egiten ari zirela, zirudien, haraxeago. Puxka batean industria pabiloien artean ibili zen. Hankan min pixka bat zuen.
Alde Zaharra toki malkartsuan, hiru-lau mendixken gainean eraikita zegoen; sigi-sagakoak ziren harako karrikak; mendixka batetik bestera joateko berriz, hainbat zubi, hainbat tunel, hainbat eskailera elkargainka ipinita zeuden. Egitura, bide haietako batzuk Xanek ezagutzen zituenak ziren, bere baitan atxiki zituenak, ezabatuxe, deformatuxe baldin bada ere. Beste batzuk aldiz, azken denboretan eginak izango ziren. Xanek kale zahar, luze bati ekin zion gora. Gazteluko bidea izan behar zuen hark. Pentsioa auzo hartan, aski goian zegoela esan zion Elik.
Ja kale hari ekindakoan ikusi zuen bere atzetik treneko gizon txiki-lodi hura zebilela: buruan egunkaria zuela, blai-blai jartzen ari zen. Xan, jaramonik egiteke hari, buru-makur, espaloira begira zihoan. Alta, kalexka batean eskuin, gero ezker berriz ere gora egindakoan, gizon ņarroak bere atzetik segitzen zuela ikusiz, Xanek pausoa mantsotu zuen. Ņarroa baina, apur bat inguratu bazitzaion ere, ez zen behinik-behin aurreratzera iritsi. Osterantzean, Xanek pausoa atzera bizitu zuenean, hark ere bizitu egin zuen, bien artean beti tarte bertsua zela. Horrenbestez, Xan ernegatzen hasita zegoen. Puxka batean halaxe jarraitu zuten. Gero bat-batean Xan gelditu egin zen: etxe-barru batera begira, han zeozer, han nonor ikusi izan balu bezala. Ņarroa berriz, bera ere gelditu zen. Xanek disimulorik gabe begiratu zion. Ņarroak egunkaria bota egin zuen eta, begiak erreskinaturik, oinaze espresio batekin euritara begira zegoen. Agian, isilka, Xani laguntza eskatzen ari zitzaion. Hartara Xanek: “Gora al zoaz?”, galdetu zion. Ņarroak esku-seinale bat egin zuen: Xani, gora al zihoan, galdetuz bezala. “Zatoz, zatoz”, esan zion Xanek.
Elkarrekin, isilik jarraitu zuten: kalean gora, laster gizon ņarroa arnas-estuka, Xan berriz, apur bat herrenka, biak pausoa bateratu ezinik, erabat elkarrengana gabe, eta haren ondorioz buruak apur bat okerka. Etxeetako leihoetan argiak pizten hasi ziren. Euria gogotik ari zuen: hark batzen zituen, haren hotsarekin entretenituta zihoazen. Halako batean, ņarroak Xani ukondotik heldu eta: “Hemendik”, esan zuen; kale estu batean sarrarazi nahi zuen. Xan gelditu egin zen; agian ņarroak bere etxera eraman nahi zuen; agian, hala ere, inspektore bat zen; zena zela ere: “Bueno”, esan zuen, “ni hemendik noa”. Ņarroak duda pixka bat egin zuen; gero-berehala: “Hortik? Bale”, esan zuen.
Hainbesterekin garbi zegoen jarraitu egiten ziola; edo, atertu bitartean, aterkiaren babesean segitu nahi zuen. Xan apuratuta zegoen; jakin zuen, baiki, une batez ņarroari kontra egiten; ez zekien, ordea, orain nola harengandik aldendu. Bat-batean, airoski: “Goian bizi zara?”, galdetu zion. “Harago, harago”, esan zuen ņarroak. Eroxka al zen? Nora joan, berdin zitzaion? Bere ezkerrean eskailera batzuk ikusiz: “Bien”, esan zuen Xanek, “ailegatu egin naiz”. Euria bestalde, gutxixeago ari zuen orain. Gizonak konprenitu zuen. “Bien, bien”, esan zuen. Xan eskaileretan gora zihoala bera han, kale erdian gelditu zen.
Eskailera luze eta pikoak ziren. Xan, aski nekez, goraino heldu zelarik, bueltatu eta, ņarroa ere gorantza hasi zela ikusi zuen. Arin-arin pasabide estu batean sartu zen; kale-kantoian emakume bat lurrera ia-ia bota zuen. Jende pixka bat zebilen kale adokinatu batera iritsi zen. Korri-korri gora egin eta, parke batean sartuta, bere burua zuhaixka batzuen atzean gorde zuen. Handik pixka batera, kale adokinatu hartan ņarroa eta beste gizon bat ikusi zituen; rubioa, zurpaila, perilla txiki bat zuena zen beste gizon hura. Beraz, bai; jarraitu egiten zioten. Pare hartan elkarrekin hizketa pixka bat egin, gero biek kalean aurrera egin zuten, poliki-poliki. Haiek bistatik galdu bezain pronto, Xanek salto egin, etxe bateko patioan ezkutatu zen. Bazen patio hartan txabola bat, haren atzean aterpe txiki bat, bertan zen harri mokor batean eseri zen Xan. Ilun-iluna zegoen. Begi zorrotzekin gaueko itzalak miatzen ari zela, kaleaz beste aldean, etxe handi bateko ate gainean: Etxart, irakurri zuen.
Emakume argal, ez oso gazte, ez oso zahar batek ireki zion atea. Ile beltz motza, orrazkera zaindua, beso-hezur handiak, esku luzeak zituen. Apenas saludatzekoak egin eta: “Ba al duzue gelarik?”, galdetu zuen Xanek. “Gelarik? Ai”, esan zuen etxekoandreak, esku-txalo bat eginez, “sentitzen dut, denak beteta daude”; Xanek mihiarekin txask! eginez bere kontrariedadea, bere desolazioa azaldu zuenez: “sasoi honetan”, esplikatu zuen etxekoandreak, “kanpoko jende asko izaten da”; bazirudien berak ere deploratu egiten zuela; Xanek, larrixko, begirada bazterkatu zuelarik: “zenbat denborako behar zenuen?”, galdetu zuen etxekoandreak. “Gau baterako zen”. “A, gau baterako?”, esan zuen etxekoandreak; “hemen behean badugu gela txiki bat...”. Xani galdezka bezala begira gelditu zitzaiolarik: “Txikia...?”, esan zuen Xanek. “Zatoz”, esan zuen etxekoandreak. Korridorean, pareta-argi motel baten azpian, gizon heldu tripati bat, mahonezko galtzak, mahuka-hutsik, lurrean lanen bat egiten ari zen.
Gela txiki, txukun bat zen, ohea beste mueblerik ez zuena; ohe-buru gainean berriz, kristal lodiko, lore-formako lanparatxo dekadente bat. Etxekoandrea, bazter batean, Xani begira, nonbait bere onespenaren zain gelditu zen. “Ondo dago”, esan zuen Xanek. “Ondo dago?”, esan zuen etxekoandreak; leihora joan, leihatilak ireki zituen; “nire alabaren ustez, etxeko gelarik onena da hauxe: beroa da, tximinia paretaz bestaldean duenez... eta eguzkitsua ere”. “Eguzkia”, esan zuen Xanek, leihora gehiegi arrimatu gabe, “handik aterako da”. “Ez, handik ateratzen da”: besoarekin beste norabide batera seinalatuz; “hura (Xanek adierazitako hura) hegoaldea da”; etxekoandreak leihoa ixtearekin, Xan fijatu zen gelako zorua nahikoa okertuta zegoela; ohol batzuk oso deterioratuta, kra-kra egiten zutela zeuden; “oraintxe esango diot alabari ohea egiteko; nahi izanez gero, silla bat ekarriko dizugu”. “Ez da beharrezkoa”, esan zuen Xanek. “Gero, nahi baduzu afaldu...”, ja zango bat korridorean zuen etxekoandreak. “Zerbait jango nuke, aukera bada”. “Horixe; lo único, komedorea beteta dagoenez, sukaldean gurekin egin beharko duzu”. “Ez dago problemarik”. “Ederki”; hura bazihoala, Xanek atzetik: “Beste gauza bat”, esan zuen; etxekoandreak eskua ahora eraman, izutuxe begiratu zion: Xanek ez-beharkeriaren bat esan beharko balio bezala; “dutxa bat hartuko nuke”. “Dutxa bat? Bai noski”; ate bat erakutsi zion: “hori duzu dutxa. Zaude, toaila bat ekarriko dizut”. Xan ate alboan zela, korridorean beharrean ari zen gizon tripatiak: “Pst!”, egin zion; “eutsiok mesedez zintari hortxe”; korridorea neurtzen ari zela, metro-zintari eusteko eskatzen zion; “aber... hortxe... bale”. Zinta bildu, ez zion eskerrik esan. Zer ari ote zen-edo, hitzen bat esango zion Xanek. Gizonak, ordea, berari bizkar emanda makurtu zen eta, galtzak apur bat bajatuta zeuzkala, ipurdiko erretena erakutsi zion. Etxekoandrea itzuli eta, Xani toaila emanik: “Gero nahi duzunean...”, esan zuen, Xanen gelaren ondoko atea zabalduz, “hemen da sukaldea”; bera hara sartu zen. Korridorearen fondoan, neska bat oihal batzuk zeramatzala gela batetik irten, beste gela batera sartu zen.
Dutxatik irtenda, korridorearen puntan hiru-lau gizon ikusiz, eta bere gelatik berriz, atea pixka bat irekita zegoela, kantari ari zen ahots eme bat zetorrela adituz (dudagabe, etxekoandrearen alaba bere ohea egiten ari zen), zuzenean sukaldera sartu zen Xan.
Sukalde handi, ilun samarra zen. Bertan, ezkerrean, beheko sua, sofa bat; fondoan, fogoien aldean, sodiozko lanpara bat sabaian; handik eskumara, erdi-erdian kristal opako bat zuela, ate zarratu bat. Eskuman ere, ate hura baino bere alderaxeago, beheko suaz beste aldean, mahai sendo, luze bat zegoen; haren izkina batean, paretaren kontra, emakume zahar bat eserita zegoen; Xani begira baina, Xanek: “Gabon”, esan zionean, hark ez zuen enteratu zen seinalerik eman. Fogoien aldean, etxekoandrea eltzekoari eragiten ari zitzaiola, beste emakume bat: emakume sendo bat, Xanek bizkarrez baizik ez zezakeena ikusi, entsalada bat atontzen ari zen. Sofan berriz, Xanek sartzean ez baitzituen bete-betean ikusi, bi mutil jarrita zeuden, haietako batek hanken gainean kuaderno bat zuela. Haiek berriz, xalo antzean, zain bide zeuden, Xanek begira ziezaien, egiteko kasu; begiratzean burua laņoki makurtu zuten, irribarre sinpatikoak eginez. Berehala beren kuadernora bildu, siuska-miuska mintzatzen hasi zirenez, Xanek egokitzat jo zuen haiengandik ez urruti zegoen aulki batean jartzea. Bista sutan pausatu zuen.
Pentsio diskretu bat zen, alde guztiz Henrirentzat egokia, bere semi-klandestinitateko aldi hartan behinik-behin. Geroztik han izan ote zen, esan zion Elik; noski, orain ez zen izango baina, emakume haiek, dudagabe gogoratuko ziren...
Halako batean, haranzko atea ireki (komedorekoa behar zuen ate hark; hain zuzen, kubiertoen zarata, boz batzuk aditu ziren), neska bi sartu ziren sukaldean. Batek entsalada fuentekada bi zeramatzalarik hara, beste neska, gazteagoa zena, ile gaztain kolorekoa, gaixto aurpegia zuena, etxekoandreari kontu batzuk esanda, suaren aurrean ziren bi mutilengana heldu, sofako besoan jarri, haien kuadernoan zer zen ikusi nahian bezala barrezka hasi zen. Xan pixka bat harritu zen, bi mutilek euskaraz egin zutelako: lehen, ikusi batera, atzerrikoak zirela begitandu zitzaion; ez zielako ondo aditzen, alde batetik, eta baita, beren izaera nolabait diferente, lotsakoiagatik, eta beren ile oso rubioak ikusirik ere. Mutilak enbarazatuta zeuden: ezkutatzen zioten neskari kuadernoa, defenditzen ziren; halako kuxkuxeroa, halako burlatia. Etxekoandreak hari: “Lagundu zure ahizpari”, agindu zion; eta, neska biek komedorea atenditzen zutela, bera plater txorkon batekin emakume zaharraren ondoan jarri, hari koilaratxo batekin jana ematen hasi zitzaion. Ama-alabak behar zuten, nahiz fisikoan antz handirik ez izan: emakume zaharra, bibotea eta sudurrean garatxo handi bat izateaz aparte, buru-karratu eta begi-txirtxila zen, etxekoandrea berriz musu-mehar eta begi-irtena. Ama espantakoia, alaba kartsua. Eta hala ere, suma zitekeenez, ama ez zen beti halakoxea izan: halako kikildua, halako resignatua; eta oraindik ere, bere inpotentzian, bere paralisi partzialean, saiatzen zen ez erabat amiltzen, eta hala zion alabari behatzen: buruzut; bere ziztrintze hura aldi batekoa eta oso funtzio konkretuei mugatua balitz bezala. Zenbat denbora egin zuen bertan Henrik, zein izan zen haren harremana emakume haiekin? Fidatzekoak al ziren? Seguru aski bai, seguru aski estalkirik gabe hitz egiteko modukoak izango ziren.
Etxekoandreak bere ama zaharrari jaten ematen bukatu zuenean, berak plater txorkona sukaldera zeramala, alaba burlatiak amona jaikiarazi, korridorera ematen zuen atetik hara, salatik ateratzen lagundu zion. “Esan osabari etortzeko”, esan zuen etxekoandreak. Geroxeago beste neskak: morenoa, langidoa, erikara, serioxka, eltzea mahaira zekarrela: “Bele, Lupo!”, deitu zuen. Lupo eta Bele salto batean jaiki, mahaiaren erdian, parez pare jarri ziren. Neskak Xani eskuaz, leialki, non jarri behar zuen adierazi zion: amona izan zen aldean ez, ezpada bestean, bi mutilen ondoan, bakantxo hala ere. Hirurak zopa hartzen ari zirela, amona nonon lagata itzuli zen neska burlatia aurrena, gero etxekoandrea, azkenik neska morenoa, amak June deitu zuena ere eseri ziren; handik aurrera beste emakumeak, emakume sendoak, familiakoa izan behar ez zuenak egin zituen komedoreko beharrak.
Ama-alabak beren mahai izkinan, hitz eten eta iheskorrak erabiliz, solasean ari zirela, mutilek berriz, isil-antza jaten zuten, eta elkarri esaten zizkioten hitz bakanak, beragandik gertu izan arren, ahoa ertitxian eta erdibetean esaten zituztenez, Xanek ez zituen ulertzen. Azentuagatik hala ere, baina bai zuten jateko era basa samarragatik ere, mendiko mutilak zirela atera zuen; segurrenik, eguzkiaren aldeko erreka haietako batekoak. Lupo, Xanen ondoan, paretaren kontra zena, luzea zen, bizar motza zeukan eta, betazalak ia arras itxita zeuzkala, noiznahi lo jausi behar zuela zirudien. Bele berriz, suspertuago zegoen; bera izan zen, esate baterako, Xani, behar izan zuelarik, eskatu gabe ogi zati bat eskaini ziona. Bazuen Bele hark buru apepinatuaren tontorrean ile-muilo bihurri bat, eta aldian aldian, itxurazko motiborik ez zela, irri egiten zuen: ustez irri gaixto bat, beti azio txarren bat barrundatzen ariko balitz bezala; zeinerako, bestalde, guztiz inkapablea zirudien. Biak ere herri koskorra atzean utzi duten mutilen legean, garbi, sinple, galtza bakeroez, koadroekiko alkandorez jantzita zeuden. Handia zen bien arteko konplizitatea, erraza tratua etxeko emakumeekiko. “Gatza falta zaio”, erremarkatu zuen Belek, haurride baten atsekabe-doinuaz. Eta etxekoandreak: “Beti ari zara kejaka”, errieta egin zion, laztantsuki, familiaritatez. Gero Belek berak, albotik saihetsak kitzikatzen ari zitzaizkion alaba burlatiari: “Zaude, ziraun hori!”, egotzi zion. Guztiek egin zuten barre, Junek ezik, barre-irudi egin zuena. Bazirudien bi mutilek June halako begirunez, edo lotsaz, behinik-behin halako distantziaz zerabilkitela; bazirudien Junek, apika bere gaixoberaz, bere melankolikotasunaz, bi mutilak apaldu, apur bat kuxkurtu egiten zituela. Detaile hark pentsarazi zion Xani ez zirela etxekoak izango; baita, inoiz bizkarrak zelan tentetu, begiak zelan alboratzen zituzten, halaber eta guztiz gain, elkarri ahapeka zeukaten hitz egiteko moduak, horrek guzti horrek behintzat erakusten zuen beren eremu propioa, beren interes partikularrak zituztela, emakume-saldotik aparte. Gaineratikoan, familiakoak zirela pentsa zitekeen: postura haiek, konfiantza hura, janzkera bera ere: Belek, Xanek lehenago ikusi ahal izan zuenez, bragetako botoiak aske, Lupo berriz, etxeko zapatillekin; dudagabe bazeramaten pentsioan denbora puxka bat, nahiz egonaldi luzeak ez zituen arraski zabartu. Bestenaz, etxekoandreak naturalki, halako samurtasunez ere erabiltzen zituen; bigarren plateretik, sukaldetik berak ekarri baitzuen, beraiei eskaini zizkien xingar puxkarik onenak. Gero, afal ostean berriz, Xani yogur bat eskaintzean, gainerakoek ez baitzuten halakorik nahi, etxekoandreak nork-zer gura zuen: kafea, kolakaoa... Beleri, bere gibelean zela, bere esku luzeaz laztandu egin zion buru apepinatua; orduan Lupok atsekabetsu begiratu zion: noski berak ere nahi zuen etxekoandreak burua fereka ziezaion. Handik laster, etxekoandreak esne-kazo handia ekarri zuelarik, Belek bere atzaparrak bertan sano-sano sartu eta, esne-gaina jasoz, halako gurmandisaz zupatu zituen. Alaba burlatiak barre-algaraka hartu zuen egintzak Juneren aldetik irribarre soil bat merezi izan zuen; halako sotila, halako ernea... hari egingo zion Henriren galde Xanek. Etxekoandreak beretik, hura zela-ta erreprotxezko hitz batzuk izan zituen Belerentzat: egin zuen haserre figura, esan zuen hitz xakarren bat; ez ziren, alegia, haiek jende aurrean erabiltzeko manerak. Bele, ez baitzuen halakorik espero, alaba burlatiaren barreek, etxekoandrearen hitzek, baina, batez ere agian, Juneren begirada lausoak, pixka bat aztoratu zuten, pixka bat gorritu zen, eta Xani istant batez, zeharka, lotsamenez begiratu zion.
Hartan ari zirela, korridoreko behargina sartu zen sukaldera: beso-hutsik, lan arropak aldatu gabe. Bera zen, beraz, osaba. Denentzat edo, zehazkiago, inorentzat ez zen saludo bat marmarkatu eta, mahaiaren buruan jarri bezain laster, Junek zopa platera ekarri zion. Bera zatekeen etxekojauna, edo behinik-behin etxeko gizona; kondizio hura berehalaxe erakutsi zuen, baso ardoa kolpe batez hustu eta, hatz potoloaren keinu batekin, Juneri gehiago zerbitzeko adierazi zionean. Uzkur jaten zuen, ezker besoa bere bularra eta plateraren artean mahaian apoiatua, lepoa oker, zurezko koilara bastoki erabiliz, bere legea eginez. Ez zen, handik aurrera, etxekoandrea eta alaba bien eta mutil bien artean detaile intimo gehiagorik izan; bazen, hala ere, moral suerte bat etxean.
Etxekoandreak eta Junek komedorea jaso (bazen han oraindik afaltiarren bat, adi zitekeenez), emakume sendoa berriz baxerakoak egiten hasi zen. Ama-alabek elkarri hitz praktiko batzuk esan zizkioten; urrun hala ere, lehenagoko laztan-girotik. Oro bat-batean zenbait urtez zahartu balira bezala zen; hain juxtu oraintxe, Xanen begi-bistan zahartzen ariko balira bezala. Bi mutilek ere beste atitude bat hartu zuten: biak ere serioago, Lupok zigarro bat piztu zuen, Belek berriz, bere irria moderatuz, gizon portatzen ahalegindu zen; ez zuen hura, hala ere, bere berezko modua; ez zegoen oso eroso. Bederen-bederen, giroan tentsio punta bat zegoen. Etxekoandrea sukaldean gelditu zen: ordena berrian hura izanik bere tokia, inondik ere. Alaba gaztea beretik, orain hegabera, tximiniaren aldean, sofan jarri zen, liburu bat zabalduz, haatik hari begiratu gabe, hankak laxoki zabalduak, pose erromantiko, meditatibo bat hartuta. Junek, osabak zopa bukatu zuen ber, zenbait jaki, zenbait gaziki zerbitu zion; osabak guztiak deboratzen zituen apetitu onarekin. Lupok, molde onean, zerbait aipatu ziolarik, osabak: “Bistan da”, esan zuen, eta ahoa bete jaki zuela esplikazio nahasi bat eman zuen, Belek eta Lupok hala ere, arreta handiz aditu zutena; lan kontuak ziratekeen, kontu tekniko samarrak, ezin konprenituzkoak Xanentzat.
Junek kopa bat ekarri ziolarik, okasioa profitatuz, neska sotilki geldiarazi zuen. “Zaude”, xuxurlatu zion, “gauza bat galdetu nahi dizut”; Junek, apur bat makurtuz, pixka bat izuturik begiratu zion; “zuk Henri ezagutuko duzu”; Juneren begietan distira bat izan zen; bai, ezaguna zukeen; ez zuen hala ere baiezkorik esan; aurpegia luzatuz, zuhurki, suspizione apur batez begiratu zion; “haren laguna naiz”, esan zuen Xanek; Junek ahoa pixka bat ireki zuen; ez zuen hala ere deus esan; oharturik-eta osabak eta bi mutilek ez ziotela aditzen: “Motatik heldu berri naiz”, erantsi zuen Xanek. Junek dardar txiki bat egin zuen. “Motatik?”, esan zuen, ezinegonez, susmo txarra erabat kendu gabe. Xanek patrikatik paper bat atera zuen: bestalde, aldean zeukan dokumentu bakarra. Ez zen hartan bere fotorik; hartan bazen, aldiz, bere izena, letra larriz idatzia. Junek arretaz irakurri zuen. “Paper hau ez duzu Motakoa”, esan zuen. Xanek hotzikara bat sumatu zuen. “Ez”, esan zuen, “papera... ospitalekoa da”; alabaina Junek orain halako uste-onez, halako errukiz begiratzen zion; “badakit hemen izan zela”, esan zuen Xanek; “inportantea da”; June jarri egin zen; hala ere, hanka ipurdipean zuela, jarrera prekario samarrean; estututa zegoen; “soil-soilik, orain non den ote dakizun, galdetu nahi nizun”; Junek bekainak oso goititu zituen: hura jakin ezina zela, garbi adieraziz; “hemen azkenekoz, noiz izan zen?”, saiatu zen Xan. “Hmm”, esan zuen Junek, “aspaldi da oso”. “Bolada bat egin zuen hemen”, lagundu zion Xanek. “Hiru bat aste egin zuen”, esan zuen Junek, “gero aldegin zuen”. “Bakarrik egon al zen?”, galdetu zuen Xanek. “Orduan bai; lehenago, pare bat alditan, beste mutil batekin etorri izan zen. Henri... gure aitaren laguna zen-eta”. “Aita... ez da etxean?”, galdetu zuen Xanek. “Hil zen”. “Sentitzen dut”. June lepotik eskegita zeukan zilarrezko gurutzetxoa ferekatzen ari zen; Kristo txiki-txiki bat zegoen bertan iltzatua. “Gogoratzen naiz behin”, esan zuen Junek, “nik Henri orduan ezagutu bainuen, berak eta beste mutil hark aitarekin mahai honetan bazkaldu zutela”; orain lasai, sekretu gabe ari zen, hartara bere hitzak, osabak ez noski baina, Lupok eta Belek hain segur adi zitzaketela; ez ote zeuden hain zuzen ere adiketan orduantxe; eta, Xanek begiratu zielarik, ez adituarena egin ote zuten. Lupok zerbait esan zion Beleri; edo, mintzatzen ariko bailitzango aho-keinu batzuk egin zituen, haren bozaren hotsa ez baitzen bederen Xanengana heldu. Beharbada harrituta zeuden Xan, etorri berritan, beraientzat apika hain heltzen gaitza zen Junerekin hala-hala ari zela ikusiz. “Mutil hura”, esan zuen Xanek, “hitz egidazu beste mutil hartaz”. “Hura?”, esan zuen Junek; “Henri baino gazteagoa, ustez berarekin lan egiten zuena zen: mutil txiki bat... Gari; Gari esaten zioten”. “Zertaz aritu ziren?”, galdetu zuen Xanek. “Zertaz?”; Junek zalantzaz begiratu zion; “...igual ez da esatekoa izango”; Xanek zintzo begiratu zion; “ustez”, esan zuen Junek, “gizon bati: enpresarioa, gure aitaren ezaguna zena, haiek diru kopuru bat eskatu zioten eta, hartaz aritu ote ziren”. “Gero zer egin zuten?”. “Afalondoan, ba, haiek joan egin ziren. Gero beste behin mutil harekin berarekin etorri zen. Komedorean, eztabaidan aritu ziren; ematen zuen zerbait zela-ta ez zeudela ados. Nik ez nuen ulertzen. Ni orduan neskatila bat nintzen”. Xanek irribarre mikaitz bat egin zuen; Juneren betertz eta ezpain-xokoetan zenbait zimur ikusi zituen.
Bitartean osaba, afarikoa eginda jaiki, tximiniara bi egur ale bota, suari burdin-makoarekin eragiten ari zitzaion. Bele eta Lupo ere altxatu ziren: agian konbertsazio hartatik baztertuta sentitu, eta hala ere beren autonomia erakutsiz, ate aldera zihoazela, Belek Xani begi-ņika bat egin ote zion; agian Henriren izena aditu, berek ere ezagutu zuten; agian baina, bi neskekin gelditzen zelako zen: zuntzunkeria bat.
Alaba burlatiak sutondoa utzi zuen; berriz ere mahaira heldu, haren gainean liburua zabaldu, ikasi-itxura egin zuen; zinez noski, June eta kanpotar hura zertaz ari ziren, jakinminez arrimatu zitzaien. Alabaina Xanek: “Zuk ba al zenekien hura zertan ari zen?”, galdetu zion Juneri. “Orduan ez nekien”, esan zuen Junek; “etxean gauza horiek ez ziren aitatzen. Noski zerbait nabari duzu baina... Joan zenean enteratu nintzen ihesi zebilela. Gero, atentatu bat izaten zen bakoitzean, ni harekin gogoratzen nintzen. Azkenean, armak isildu zirenean, haren izena entzun nuen irratian”. “Zer zela-ta?”, galdetu zuen Xanek. “Oraindik hirian zela esaten zuten”. “Eta”, esan zuen Xanek, “hemen egin zituen azken egun haietan, zer egiten zuen?”. “Bueno, normal... Denbora gehiena bere gelan ematen zuen”. “Kalera ez al zen ateratzen?”. “Ez; gero aitak esan zuen, Henrik bazuela susmoa, jarraitu egiten ziotela eta... horregatik joan zela”. “Joan zen egunaz... gogoratzen al zara?”, galdetu zuen Xanek. “Goizean goiz izan zen; gizon bat bere bila etorri zen; nik leihotik ikusi nituen; kotxean joan ziren”. “Gizon hura lehenago ikusita al zeunden?”. “Ez... Tipo fuerte bat, bibotea zuena... Ez nuke ezagutuko oraintxe”.
Ahizpa, burua eskuan apoiatuta zeukala, beraiei begira zegoen: erdi dibertiturik, erdi zapuztuta, bolalumarekin paper batean garabatoak eginez. “Gero”, esan zuen Junek, “haren gutun bat hartu genuen. Ez zigun noski non zen esaten. Gutun hori hor nonbait egongo da; nahi baduzu... Agur, osaba”. Izan ere osaba, eskuan zabor-poltsa handi bat zeramala, irten egin zen sukaldetik. “Ez, utzi”, esan zuen Xanek; “nahikoa esan didazu”.
Artean etxekoandreak leka mordo bat ekarri zuen mahaira, alaba gaztea eta biak haiei hariak labanarekin kentzen hasita zeuden. June ezti-eztia jaiki, fregaderaraino joan, han zeozer egin, gero amaren ondoan jarri zen, lekak zatikatzeari ekinez. Etxekoandreak ez zuen oso kara onik egiten; alde batera, aurpegia zimeldu eta ilundu zitzaion: petraldurik, abereturik, oraintxe bere ama zaharra bezalaxe zurrunduta zegoen; beste alde batera berriz, Xanekin muturtuta, etsaituta zegoela zirudien: ez zion, hitzez edo begiradaz bederen, jaramon izpirik egiten. Agian oker juzgatu zuen Junerekin hitz egin izana; agian zertaz aritu ziren sumatu zuen eta beldur zen, handik konplikazioren bat etor zitekeela. Alta, Junek eta bere ahizpak ere ez zioten Xani begiratzen. Xanek zerbait esango zuen; ez zioten, ordea, aukerarik eman; bestalde, sobran ziren seguru aski esplikazioak. “Bueno”, esan zuen, zutitu zen. Baina, hartan ere, etxekoandreak ez zion irribarreņo bat eskaini, ez zion begiratu ere egin. Junek berriz, begi garbiez begiratu zion, halako mirespenez agian, nahiz halako beldurrez ere, sinpatia poxi batekin bederen. Haren ahizpak ere begiratu zion; unetxo batez, ordea, bera ere beldurrez; berak ere helduagoa zirudien oraintxe. Guztiaz ere, inork ez zion esan: “Ba al zoaz?”. Hori ere ez zioten esan. Espero zuten agian, Xanek hitz jator batzuk esango zituela. Xanek berriz ere dezepzionatu zituen. Laxotasunez, zorigabez: “Gabon”, esan zuen. “Gabon”, marmarkatu zuen etxekoandreak. “Ondo lo egin”, esan zion Junek: mindu egiten zuen Xanen nahigabeak, bere zauria arindu nahi zion; begiradarekin ateraino lagundu zion; Xanek irribarre sotil batez eskertu zion.
Xanek bere gelako argitxoa piztu zuenean, bere ohean Bele eta Lupo zeudela ikusi zuen. Biak ahoz gora, Lupo lo, Bele lotsaz, berari begira. Gelaz konfunditu zelakoan, atzera egitera zihoala, Belek berriz, eskuarekin sartzeko, atea ixteko adierazi zion; eta bera altxa, hankak lurrean ipini zituen. Xanek keinu batekin zer gertatzen ari zen galdetu zion. Belek, apuratuxe, eta hala ere laņoki: “Atea irekita zegoen”, esan zuen; Xanek, harrituta, ateari begiratu zion, bertan bi mutilak bere gelan sartu izanaren arrazoia atzematen ote zuen; gero Lupogana hurreratu zen, gaixorik ote zegoen, zerbait ote zuen; “lo gelditu da”, esan zuen Belek. “Lo?”, esan zuen Xanek, berak ere isilka: nahigabean ere, lo zegoenaren begirunez; “oraintxe sukaldean zineten-eta”. “Ikaragarria da”, konfirmatu zuen Belek, “ezin da sinetsi”; Xanek leihoko kristala zabaldu, leihatilak zuen ziloxka batetik kanpora begiratu zuen; hega-biraka zebilen saguzar bat antzematea iruditu zitzaion; bestalde gela barruan, lehenago ez bezala, mesanotxe bat zegoen; haren gainean, tarrotxo batean, lore-erramilleta bat zegoen; lore horiak, arantza zorrotzak, Xanek hatzarekin ukitu zuen haietako bat; “otea”, esan zuen Belek. Xanek harri eta zur begiratu zion. Beleri kara emanez: “Zer egiten duzue hemen?”, galdetu zion. Belek Lupori begiratu zion: beldur nonbait, hitz altuxko haiek ez ote zuten esnatuko laguna. Izan ere Lupok begiak pixka bat ireki zituen. Ez zirudien biziki estonatua Xan han zelako; buelta erdia egin, lo segitu zuen. Belek hitz batzuk xuxurlatu zizkion belarrira: kontu intimoak, bederen Xanek ez entzutekoak. Xan betosko zegoen. Dudagabe betoskeria hura Belek ere sumatu zuen, orain txepelduta zegoen. “Barka zure gelan hola sartu izana”, esan zuen apalki. Haren buru apepinatuaren erdian, bi begiņo beltzek diz-diz egiten zuten; alta, ez zen mintzatzera deziditzen. Xanek pauso batzuk eman zituen gelan. Gero, bat-batean geldituz: “Hemen zarete”, esan zuen, eta bere boza, ez oso ozena, bazen aski bigorosoa; “hemen, nire ohean, lasai asko zarete. Zer pasatzen ari da?”; Belek burua makurtu zuen; agian zerbait esatera zihoan; hala ere, Xanek: “ez dut zuek bezala jokatuko”, segitu zuen, “ez dut nahi dudana egingo, ez zaituztet di-da bidaliko hemendik; hala ere... hi, kendu zangoak ohetik!”. Hori esanik, Lupori bultza egin, eseri egin zen bera ere ohean. Lupo kiribildu zen, agian hotzak, pilotatxo bat eginda gelditu zen izkinan. Bele ere kikilduta zegoen. Guztiarekin, ez zuen Xanek erabat izutu nahi, azken batean, seinale handirik ez eman arren, bistan baitzen mutilak zerbait esan gura zuela; izan ere, azkenean, urdurixko: “Zu... zerbaiten bila etorri zara, ala?”, galdetu zion Belek. “Zerbait?”, galdetu zuen Xanek; ez zuen badaezpada erabat ukatu nahi. “Ez al zara... gauza baten bila etorri?”, galdetu zuen Belek; Xanek galde-aurpegia jarri zuen; “barkatu”, esan zuen Belek; “noski gaizki-aditze bat izan da. Kontua da gu... oraintxe, sukaldean Junerekin ari zinela, ba... ez ginen entzuten ari baina, aditzea iruditu zaigu... gure ezagun bat aipatu duzula”; Xan isilik zegoen, Belek zer besterik esango; “Henri”, esan zuen Belek, eta Xani so gelditu zen. “Bai”, onartu zuen Xanek, “Henriz aritu gara”. “Noski zuk...”, esan zuen Belek, “baduzu harremana harekin”. “Orain ez”, esan zuen Xanek. “Behintzat zu... haren laguna zara”. “Mmm”, erantzun zuen Xanek; komentario laburra, ez oso klaroa, eta halaz ere Bele, antza denez, pixka bat lasaitu zuena; bestalde, Belek norabait heldu gura zuela ikusiz: “denbora franko du”, esan zuen, “ez dudala ikusi. Atzo heldu nintzen hirira. Bart bere auzoan, hemen izan zitekeela esan zidaten”. “Hemen?”, harritu zen Bele; “aspaldi da ordea, hemendik aldegin baitzuen”. “Aspaldi?”, galdetu zuen Xanek. “Aspaldi”, esan zuen Belek; “gu hirira heldu eta handik denbora gutxira; guk ere ezagutu genuen”; ez zen, beraz, hain aspaldi izango; edo agian bi mutilak euren bakuntasunagatik zirudiena baino zaharragoak ziren; “bestalde...”, esan zuen Belek, “hauxe zen Henriren gela”. “Hauxe?”, asaldatu zen Xan. Bele pozik zen, informazio hark Xanengan izan zuen efektuagatik. “Egun haietan”, esan zuen Belek, “harekin tratu pixka bat izan genuen. Hemen, egunero elkarrekin otorduak eta, gauez sukaldean gelditzen baginen edo... pixka bat lagun egin ginen. Gau batean gure gelan izan zen: zigarro batzuk erre-ta, ron pixka bat edan-eta... Gu ere erdi familiakoak eta, aise lotu ginen. Gainerako pentsiolariekin ez zuen ezer jakin nahi. Baina, etxekoekin ongi moldatzen zen. Batez ere aitarekin. June eta Goretirekin ere, lagun ona zen. Hau (Lupogatik) pixka bat zeloso zegoen...”; irribarreti begiratu zion lagunari; hura berriz, lo-korrokan zen; haren ezpain meheetatik barna hortz txiki, belzkara, xorroxkak ageri ziren; “June bere nobia baita”, esan zuen Belek apalxko; “hala ere”, segitu zuen, “Henri oso kontuz zebilen. Bere posizioa ez baitzen... ebidentea, esaten baita. Baina hori guk jakin, azkeneko egunean jakin genuen. Gu harrituta geunden, inoiz ez zelako hemendik ateratzen; Goretiri egiten zizkion kaleko mandatuak, egun batean tabakoa ekartzea zela, beste batean gutun bat eramatea zela... baina guk ez genuen susmatu ere egiten... hala zebilenik. Beharrik ere ez, noski. Berak guri esan zigun: halako enpresan lanean ari zela, gero egia zela jakin baikenuen, eta negozio inportante baten zain zegoela. Eta, telefonoz sarritan hitz egiten zuen. Gu hemen ginela behinik-behin, afalondoan hortxe, beti dei bat edo bi izaten zituen; beti kanpotik hots egiten zioten. Bistan da, norekin eta zertaz ari zen guk ez genekien fitsik”; Belek Xani begiratu, gero bista jaitsi, begiak bere eskuetan tinkatu zituen; Xanek zerbait esatea espero zukeen; Xan berriz, oraindik Belek nora heldu nahi zuen ez zekiela zegoen; hartaz, Belek, burua jaso eta: “orduan, Henri ikusiko duzu?”, galdetu zion. “Hori espero dut”, esan zuen Xanek. “Bien. Dena dela... bada gauza bat...”; ezpainak listuaz hezetu eta jarraitu zuen: “hemen egin zuen azkeneko gauean, hau da, joateko bezperan, Henrik hona, bere gelara ekarri gintuen. Orduan esan zigun: joatekotan zela eta... erakutsi zigun”; hori esan eta, Bele jaiki, gibeleko patrikatik nabala bat eta burdinazko palanka bat ateraz, lurrean belauniko jarri, nabalarekin bi oholen arteko juntan arraspatzen hasi zen; Xan isilik, Lupo lo, Bele enpeinu handiz, mihia kanpoan zuela aritu zen hantxe; azkenean, kontuz-kontuz ohol bat altxatu zuen; barrura begiratu zuen; hobeto ikustearren etzan egin zen; besoa zuloan sartuta, bazterrak haztakatu zituen; “ostias”, esan zuen; jaiki egin zen, Lupogana joan, astindu egin zuen; “hi”, esan zuen; aurpegia arrunt txurituta zeukan. “Zer??”, galdetu zuen Lupok, lomoker. “Ez zagok”, esan zuen Belek larri-larri. “Nola ez dagoela?”. Lupori, ohean buelta erdia egin zuela, altzoan zuen laranja bat lurrera erori zitzaion. Laranja, pirika-pirika, Xanen zangoen artetik igaro eta gelaren beste alderaino joan zen. “Oholaren juntan zur-hauts pixka bat zegoan”, esan zuen Belek; “norbaitek hartu dik”. Lurrean zabar eseri zen. Dudagabe inpresio handi bat hartu zuten biek. Lupo, ohean jarrita, zigarro bat piztu, begi gorrituak zabal-zabal eginda zegoen. Haatik, ez zutenez misterio hura argitzen: “Zer zegoen ba?”, galdetu zuen Xanek. “Holakoxe pakete bat”, esan zuen Belek; “gaileta-kaja bat, agian; paper zakarrarekin estalia, listarekin itxia”. “Eta”, esan zuen Xanek, “zer zen ba barruan?”. “Hori guk ez dakigu”, esan zuen Belek; “baina, ateratzeko garaian, kontu handiz ibiltzeko esan zigun. Esan baitzigun: lagun bat etorriko da bila. Gu pixka bat larritu ginen; gu ez baikinen... gu ez baikara erakundekoak, noski”. “Bera ere bazela... edo bazitekeela, orduan enteratu ginen”, esan zuen Lupok. “Eta”, esan zuen Xanek, “denbora honetan, ez al duzue behin ere begiratu...?”. “Ez; zain geunden”, esan zuen Belek, “lagun hori noiz etorriko; eta, orain sukaldean Junerekin hartaz ari zinela, ba, seguru pentsatu dugu: bera izango da... M’kabuen...! Nork hartuko zuen? Guk ez baitiogu deus esan inori...”. “Berak hartuko zuen”, esan zuen Xanek. “Guri esan gabe?”, esan zuen Belek: bazitekeela, are probableena ere bazela, baina bazela, gutxienez, harritzekoa. “Handik hona”, esan zuen Lupok, “beste tipo batzuk izan dira gelan, baina haiek... haiek ez ziren izango”. “Labana saltzaile hura...?”, galdetu zuen Belek. “Zera!”. “Txiki makal hura, nola zen...?”. “Ahmed? Zera, zera!”. “Eta etxekoak? Osabak?”, galdetu zuen Xanek. “Etxekoek ez zekiten. Berak esan zigun”; pentsakor gelditu ziren; handik pixka batera: “denbora nahasiak izan dira”, segitu zuen Belek; “berak aldegin eta gero borroka handiak izan ziren: alde batean eta bestean hildakoak, egunero eztandak... gu geure larruan kabitzen ez ginela geunden. Gero, azken honetan, jaleo gutxiago zela-ta, lasaixeago geunden. Orain berriz ere zalantza dago, berriz ere kezkatzen hasita gaude; lehengoan horretaz aritu ginen: baten batek salatuta edo ezbeharren batengatik paketea aurkitzen badute, kulpak etxekoentzat izango dira; haiek deus ez dakitela gainera”. “Alferrik duk”, esan zuen Lupok; “orain tapa ezak hori”. Bele ohola bere tokian jartzen ari zela, Lupo jaiki, hautsontzirik ez zela-ta, zigarrokina mesanotxe gainean tentexko paratu zuen. “Zuek”, esan zuen Xanek, “Henri hemendik joan zenez geroztik ez duzue beraz haren beste berririk izan?”. “Ezta kutsurik ere”, esan zuen Belek; burua ari zenetik jasoz: “dena dela”, esan zuen, “gu ez gara hemen izan”. “Noski”, esan zuen Xanek, “ez zarete izan”; Bele jaiki zela, ikusiz-eta bi lagunak joatekoak zirela: “Enpresa bat aipatu duzue”, esan zuen Xanek. “Olabe”, esan zuen Lupok. “Olabe”, esan zuen Xanek; bere baitako bezala: “Garik han segitzen ote du...”. “Gari?”, esan zuen Belek; Lupori begiratu eta: “guk ez dugu hori ezagutu”. “Urruti al dago?”. “Joan nahi al duzu hara?”, galdetu zion Belek; “bihar alde hartara joan beharrak gara. Kamionetan eramango zaitugu, nahi izanez gero”.
...Kamionetan, Lupo bolantean zela, hura eta Beleren artean jarri zen Xan. Belek kaset bat jarri zuen. Rock musika zen, Xanek ez zuen hitzik ere aditzen. Isilik joan ziren, autobian sartu ziren arte. Orduan Belek: “Ikusten etxe haiek?”, galdetu zion Xani; “iaz ez zeuden”; zeharka begiratzen zion, Xanen estonamenduaz amusaturik; “orain etxeak di-da egiten dituzte”; euria ari zuela, errepidean ur-balsak bazeuden ere, Lupok belozidade handian gidatzen zuen, Xan apur bat ikaratuta zihoan; “gu hor eta hor aritu izan gara”, esaten zuen Belek; “txatarrak biltzen, hori da gurea. Hirian burdina zahar asko dago. Ez dugu, alajaina, lan faltarik oraingoz”; Xani bere kuadernoa erakutsi zion; hura zifrez beteta zegoen; antza, horrek erakusten zuen negozio prosperoa zutela; gero Belek obra batzuk erakutsi zizkion: “hor nire lehengusuak lan egiten du”; harroxko zegoen. “Gogoratzen al haiz”, galdetu zion bere lagunari Lupok, “Henrik zer esan zigun? Denek lana izateko, guk gurean ordu gutxiago sartu behar genuela”. “Bai”, esan zuen Belek, “hori nik lehendabizikoz berari aditu nion. Ordu gutxiago? Guk barre egin genion. Ez zitzaigun buruan sartu ere egiten. Guri esate baterako erakutsi digute: lan eta lan! Guk ez dakigu besterik. Kasu egin, kontrola zagok”; hori aditzean, Xan makurtu, Beleren hanken artean kukurrukatu zen; geroxeago: “lasai, istripu bat da”, esan zion Belek. Xan atzera jarri, bide ertzean buelta emanda, zeharo matxakatuta zegoen auto bat ikusi zuen, haren inguruan pertsona batzuk kusketan. Autobian kilometro batzuk egin eta gero, bertatik irtenda, autoz beteriko bide makurgunetsu batean sartu ziren. Mendiaren beste aldean ziren ja. Errebueltetan Xan Beleren gainean, edo Bele Xanen gainean, eta hau Luporen gainean baskulatzen ziren. Xan alditxartzen ari zen. Eta, rock musika hura; eta kanpoan, ezer ikusten ez zuela; une hartan, bere nahikeria bakarra Olabera lehenbailehen iristea zuen. Ernegatuta zegoen, ikusten baitzuen bidea luzatu egiten zela. Momentu batean, arestian izandako toki berean zirela iruditu zitzaion; bueltaka ote zebiltzan; eta hala ere Lupo, bideak ederki ezagutuko balitu bezala, abailan zihoan. Xan oso zorabiatuta zegoen, ez zuen deus esateko kemenik. Hori ordea, bera gaizki egon zitekeela, ez zitzaien bi mutilei gogoratzen. Bele kaseteko kanta marmarkatzen ari zen. Lupok berriz, erretzeko eskaini zion; Xanek eskuaz errefusatu zuen. “Nik ere utzi egin beharko nioke”, esan zuen Lupok. “Txarra da tabakoa”, esan zuen Belek. “Rubioa txarragoa da”, esan zuen Lupok, ke-bafada batez betez kamionetako kabina. Eta, bero egiten zuen. Xanek zeuzkan indar apurrak bilduta lortu egin zuen txamarraren eraztea. Larri-larri zegoen. Bide-gurutzeetako paneletan izen ezezagunak ikusten zituen. Hasperen handi bat egin zuen. Lupok begiratu zion. “Gaizki al zaude?”; leihatila ireki zuen eta: “Bertan dago, bertan”, animatu zuen. Xan ordea, geroz eta okerrago zihoan. “Hemen nonbait da...”, esan zuen Lupok, enborra aurrera, bolanteari esku biez helduta, hartara bide egokia errazago antzeman ahal izango balu bezala. Auzo estrainio batean ziren. Auto gutxi, faroletik farolera ikurrina txikiak, kuadrila batzuk, gaupasa egindakoak bezala. Jai nagusiren bat izan behar zuen; Xanek ordea hilak zenbat zituen, zein jai zitekeen ideiarik ez zuen; negua zen, noski; aurkixeago udaberria etorriko zen. “Segi, segi”, esaten zuen Belek, kuadernoaz Xani haize pixka bat emanez; bat-batean: “hi, hi!”, esan zuen; plaza batean ziren, etxe bat goitik beheraino plastiko berdeez, aldamioz inguratuta zegoen; etxearen aurrean, zakarren artean tuberia zaharrak, egitura metalikoak pilatuta zeuden; “aparka ezak hor”, esan zuen Belek, eta Xani: “segundo bat da. Zer den ikusi eta bagoaz”. Biak kamionetatik jaitsi, burdina pila hartan begiraketan ibili ziren. Tutu luze batzuk zekartzatela itzuli, berriz ere abiatu ziren. Xan ere jaitsi zen, aterkiaren babesean, koska batean jarri zen, apur bat bere onera etorriz. Gero berriz, Belek obretako hesia azpitik igaro, obra barrenetik kable batzuk atera zituen. Orobat egin zuen Lupok, kapazo batean lan-erreminta batzuk ekarri, kamionetan kargatu zituen: erreja batzuk, grifo andana bat, zenbait aulki txiki... Azkar lan egiten zuten: dudagabe komeni ez zenen bat etortzeko beldur; eta hartara, Xan ere kezkatan, alde batera eta bestera begira. Paseo-emaile batzuk begira gelditu ziren. Xanek, inguratu zen mutil zirtzil, gaupasazale bati, hots egin zion, ez zezan Belek ekarritako foko bat hartu. Situazioa hala ere, gazte zirtzil haren lagun batzuk, kamiseta zikinekin, kuriosidade ez sanoarekin hurbildu zirenez, laster Xanentzat oso inkomodoa izan zen.
“Horrela zabiltzate”, esan zuen Xanek, kamionetaren atzea plen-plen eginda abiatu zirela. Mutilek ukatu egin zuten hura lapurreta zenik. “Inor ez zen-eta”, esan zuen Belek. Orain bazirudien Lupo orientatu egiten zela; bistan da, obra haren bila ibili ziren.