Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Zelata

 

Hurrengo ilunabarrean Nora andrearen deia errepikatu zen. Bata zuria besterik soinean ez zuela hartu zuen oraingoan ere. Ohatilaratu ondoren zigarro bat piztu zuen, Bob Ieregiri beste bat eskainiz. Ez zen Gauloises, baina tira, eskertuko zioten ke pixka bat bere garuneko tabako landaketek ideiak argitzeko. Nora eta bere arteko ke gortina batek aurrez aurre elkarri begiratzea galarazten zien unea baliatu zuen Ieregik hitz egiten hasteko.

        — Zer pentsatuko luke Doktoreak honetaz?

        — Doktoreak... —lur axedrezatura begira zegoen, kosta egiten zitzaion hitzak kateatzea, buruko makinaria goroldioak hartu balio bezala—. Doktorea... lurrundu egin da, desagertu... Ez didazu esango ezer ez zenekienik, ezta Bob? Ziur zuk eta errusiarrak ere eduki duzuela zerikusirik. Mafiako taldeen arteko kontu garbiketa bat, hori diote batzuek, baina auskalo. Ez dut uste bere gorpua sekula agertuko denik. Baina hilik dago, ziur dakit hori.

        Noraren amorruak malkoei aurpegiratzeko lekurik ez uzteak harritu zuen Bob.

        — Badakizu zer dioten hirian? Badakizu? Nahi duzu esatea zer esaten duten hirian? Billarreko bola bat irentsarazi ondoren itsasora bota zutela bere gorpua. Entzuten al duzu, Bob? Billarreko bola bat irentsarazi eta itsasora! Nazkagarri alaenak!

        Ieregi zur eta lur geratu zen. Ez zuen halakorik espero. Gutxiago espero zuen, ordea, Nora andreak, despatxuko eskrituarrera inguratu eta, oraindik biluzik, entseatua zirudien keinu bat eginez kaxoitik kartazal hori bat aterako zuenik, erizainaren begietako amorrua maltzurkeria ankerrean antzaldatuz.

        — Ondotxo dakit errusiarraren eta zure neska horren kontua dela hau guztia. Sonnyri egin diozuena. Baina hau ez da horrela geratuko. Ikusi bestela kartazala, Bob maitea.

        Bob Ieregik ez zuen ezer ulertzen, baina mendekua plater hotza zen. Batez ere Alaskan. Plater hotza edo plazer hotza, nondik begiratzen zen. Kartazal horia zabaldu eta zuri-beltzezko argazkiak atera zituen bertatik. Bezperan, ilunabarrean ateratakoak ziren: Bob bera ageri zen argazkietan Nora andrearekin larrutan. Kartazalean, Klararen izen abizenak eta Bolivia auzuneko helbidea zeuden idatzirik.

        — Urdanga nazkagarria. Zerrama zaborjale bat baino ez zara.

        — Zerrama marrubijalea, esango nuke nik —eskrituar gaineko arkatz gorri bat eskuratu eta ezpain artera eraman zuen, arkatza ezpain artean kiribildu ahala, mendekutik lizunkeriatik baino gertuago zegoen begirada mespretxati bat botaz—. Eta orain alde egizu nire betazalen aurretik.

        Burumakur itzuli zen Bob bere gelara. Gramolan Cedarren bluesa jarri eta dena ahazten saiatu zen. Amapola, lindísima amapola. Pasilloan, kanpoaldeko sarrera zaindu ohi zuen zaindariarekin egin zuen topo; maltzurki begiratu zion honek. Bob ziur zegoen: hark atera zituen ezkutuan argazkiak. Ez ote zerien oraindik magnesio usaina haren zerri atzaparrei?

        Kartazalarena alferrikakoa izango zen. Klarak hiria utzia izanen zuen honezkero. Edo beharbada ez? Bobek ez zuen beste erantzunik aurkitzen Alaskan Klararen bisitarik ez jaso izana azaltzeko. Sobera minduko zuen Boben jokamoldeak eta itzuli egingo zen ziurrenik New Yorkera. Begiak itxi zituen bere indar guztiekin. Baldinbaitere erle gosetirik egongo al zen, kartazal hura botako zuten buzoian.