Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Someday, my princess will come

 

Bob Ieregik ez zituen gauza asko oroitzen, gero eta gutxiago, egia esatera, amapola zelaiak hektareaka, etengabe hedatzen baitziren bere garunean barna, ahanzturaren arrasto gozoa utziz bere bidean. Ahaztea, suizidio txiki hori. Europako pentsio guztietan bonbillak sabaitik zintzilik egoten zirela oroitzen zuen bakarrik. Oinez ibiltzean pendularki mugitzen zirela. Askotan erori ere egiten zirela. Gustuko zuen ordea Ieregik bonbilla baten hotsa lurraren aurka apurtzen. Ez zekien ziur zergatik, kristal mehearen apurtzeak suizidioaren suzedaneotik zuen hura, akaso. Ahanztura, beti gogoan.

        Bob Ieregik ez zeuzkan buruan Europako jira bedeinkatu hartan kontzertuak eman zituzten herri guztien izenak. Gogoan har zitzakeen konstelazioen izenak eta zigarro marka ezberdinen izenak, nahi adina, baina ez herrien izenak. Gauza da, Europako jira bukatzear zegoela, Parisen ekipaia guztia eta ordura arte irabazitako dirua lurrundu, desagertu egin zirela Marguerite pentsiotik. Hiru astetako lanaren fruitua ibaiaren hondora botea, amuarrainen bazka. Pentsio sarrerako emakume kaktus itxurako eta adinean sartuxeak ordainketa atzeratzea posible zela esan zien, hurrengo astean ordain zezaketela une hartan diru askirik ez bazuten. Zer eta, hurrengo astean ordain zezaketela esan, kaktus itxurako atsoak, begiak berripaper letra ttipidunen trenbide anitzetatik altxatu ere egin gabe. Jendarmeriako buruak ez zuen gaiaz ezer jakin nahi izan. Enbaxadako idazkariordeak ostera, sentitzen zuela benetan, nahi izanez gero Estatu Batuetara dei zezaketela enbaxadatik, bost franko baino ez zizkiela kobratuko, «konfiantza dagoen lekuan, badakizue», enbaxadako idazkariordearen eskuzabala, sabai diplomatikotik bonbilla bat erortzen zenetan behintzat, ez zuten han arazorik izango, bonbillak ez zuen lurrik joko, ez, idazkariordearen esku zabal beti irekietara joango zen zuzenean bonbilla, erortzen zen lekuan erortzen zela ere, zabalaren zabala, hain zabal beti eskua, «bost franko baino ez, konfiantza dagoen lekuan, badakizue». Bonbilla kiskaltzen bazegoen hobe, otu zitzaion Bobi, enbaxadako leihotik argi izpi gorrizta bat sartzen zenarekin batera. Nikolasek, haserre bizian, errusieraz arrapostu zion zerbait paperkume hari (Bobek ez zuen sekula Nikolas errusieraz hitz egiten entzun, honek bere izen artistikoa Nikholai Holoborodko mantentzen bazuen ere) eta enbaxadako lanariak begi gaiztoez so egin zien biei, «falta zitzaidana, beltz bat eta gorri bat, koadro kubista baterako ere, aukeran» esanez bezala bere kabutarako. Komunista eta disidente izateagatik biak auziperatu aurretik, Nikolas zintzurretik heldu eta kanpora aterarazi zuen Bobek.

        Zerua goian eta lurra behean, eta tartean ezer ere ez, ez ezti, ez ezko. Erabat lur jota geratu ziren. Parisko Latin Auzoko kontzertu hura maldan beheraren jarraipena izango zen, itxura guztien arabera. Baina hara non, batere erritmo eta jam-ik gabeko kontzertuaren atsedenaldian, Bob eta Nikolasen kamerinoan kaxk, norbaitek jo zuen atea.

        Bera zen.

        Ispiluan ikusi zuen Bobek, boneta gorria eta soineko estu hura jantzita zituela. Jiratu eta aurrez aurre ikusi beharrean, ispiluan begiratu zion luzaro, ispilu hark ere marihuana erre balu bezala, ispilu ero hark ozeanoaren bestaldeko irudiak ekartzeko ahalmena nola izan zezakeen ba, bestela.

        — Kaixo Bob.

        — Klara Miao! Fundi nadila! Baina zer egiten duzu zuk hemen?

        Ordea, galdera hark ez zuen erantzunik eskatzen, ez berehalakorik behintzat. Besarkada batean batu ziren biak. Luzaro egongo ziren besarkaturik, ezen Bobek begiak ireki zituenerako Nikolas kamerinotik desagertua baitzen, katagorri isil bat bailitzan bere zuhaitzaren enborreko barrenutsean galtzen.

        — Akabo, Bob, ezin nuen gehiago. Senarra tximeletak ferratzera bidali dut, doala igelak mingainarekin lehortzera. Ez dakit non eduki dudan orain arte burua. Nik beti maite izan zaitut, Bob. Bob Ieregi, nirea zara orain. Eta betirako. Nireak dira zure jabetza kredentzialak.

        Parisen kobratutakoarekin hogei gramo marihuana eta hiru tren txartel erosi zituzten. Trena hartu eta, agentearen argibideei jarraiki, bederatzi orduko bidaiaren ostean heldu ziren heldu behar zuten erlauntzera: Rotterdam. Han, Bolivia izeneko auzo bat bilatu behar zuten, lau pisutik gora luzatzen ez ziren etxaldeek basituriko kale estuek osatzen zuten auzoa, eta Boliviara iritsirik, itsasaldera begira zegoen lokal bat zuten jomuga. Beirate zabalak ei zituen lokalak eta hiria eta itsasoa ikusten ziren barrualdetik: Beluna Moon izena zuen. Behin hura aurkituz gero, Sonny Piqueras delako bategatik galdetu behar zuten. Piquerasen lokalean kontzertu bakar batzuk emanda aise berreskuratuko omen zuten galdutako dirua. Hala esan zien behintzat agenteak:

        — Piqueras honek xanpain frantsesarekin garbitzen ditik eskuak. Mafia kontutan sartuta zabilek, bai, baina nondik ateratzea nahi duk bestela dirua? Zuek zaretelako bidaltzen zaituztet hara, ez pentsa. Dexter Gordon izan zuan hara bidali nuen azkenekoa, eta badira hartaz urte batzuk. Aholku bat bakarrik emango dizuet arazorik izan ez dezazuen: ezta okurritu ere Piquerasen baratzean sartzerik. Ulertzen?

        Benetan lokal zoragarria zen hura. Ate birakor batetik sartzen zen. Egurrezko oholtza zabala zen oso, eta musikarientzat lekua arras erosoa zen haiek ohituta zeudenerako. Barra luzea eta billar mahaia zeuzkan, eszenatokiaren bestaldean. Sonny Piqueras zen han jaun eta jabe. Bere sikarioek eta lokaleko langile guztiek Doktorea izenez ezagutzen zuten, zuriz janzten zelako-edo, apika. Bazituen, dena den, bestelako ezizenak ere: Lepogabea esaten zioten zenbaitek, ez baitzuen trantsizio gunerik enborraren eta buruaren artean. Oskolaz babesturiko dortoka baten antza ere bazuen, mahaian eserita.

        — Barkatu, Doktore. Bi musikari daude kanpoan, zurekin hitz egin nahi dute. Parisko ez dakit nork bidali omen ditu.

        — Sarraraz itzak.

        Berrogei bat urte izango zituen Sonnyk, atzeraka orrazten zuen beti ile beltz gomina aniztuna. Jendeak kontatzen zuenez, billarreko bola bat irentsarazi zion behin bere neska zirikatu zuen bizkartzain bati. Doktoreak jotzen ikusi nahi zituen musikariak. Perkusiorik gabe egin zitekeen gauzarik txukunena egiten saiatu ziren. Lepogabeak baiezko keinu bat egin eta mahaira hurbiltzeko imintzio bat egin zien musikariei. Eskua estutu zioten Doktoreari. Agenteak gezurra esan zien, labanda usaina baitzuten Sonny Piquerasen eskuek. Bizkarraldean min ematen zuten egurrezko aulkietara bihurtu zirenerako, bi orri zeuden mahaiaren gainean, orri bat aulki bakoitzaren parean, tarte bakarrean mekanografiaturik, biek ala biek beheko aldean, ezkerraldean, Sonnyren sinadura zutela. Eskuinaldean, haien sinadurak botako zituzten zuriunearen gainean, bien izen-deiturak, haien harridurarako, mekanografiaturik hauek ere. Ez zen Doktorea denbora galdu zalea. Ez zien kontratuak irakurtzeko astirik ere eman.

        — Dolarretara itzulita bost mila dira asteko, eta astelehenetan jai. Zergarik gabe noski, hori esan beharrik ere ez dago. Nice Katilun har dezakezue ostatu, auzoaren bestaldean dago. Ez da Sheraton hotela, baina tira, ez duzue leku hobeago batetik etortzeko itxurarik. Bihar bertan hasiko zarete.

        Hurrengo gauean, beren estreinaldian, Beluna Moonera heltzean, klubera sartzeko ate birakorrean barneratu zirenean, ateak errebolber baten danborrak legez biratu ahala, beraien itzalak ikusi ahal izan zituzten ateko kristaletan. Sartu ahala, haien aurpegiak baino askozaz ere betizuagoak zituzten bi gizaseme atera ziren kalera. Haietako batek, bere aurreko bizitzan zaldi herren izanaren traza guztia zeukan, eta Bobek bezala, tronpeta-zorroa zeraman aldean.

        Batzuei lekua egiteko, beste batzuek alde egin behar, halabeharrez.