Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Tigreak ehizatzeko argibideak

 

— Tronpeta jotzen duzunean, eszenatokiaren gainean, zera, fokuen argipean tronpetak urretan bustitako fusila dirudi, mila tximista jaurtikitzen dituen arma bat, fisikoki inofentsiboa, bai, baina hemen goian, hemen goian, buruan, eta hemen beheraxeago, Bob, hemen alkandoraren poltsiko parean zart egiten duen arma bat... Begira, ikusi zintudan lehen aldian... Pistoiei eragin ahala, zure gorputza makurtu eta indar betean mugitu ahala, zeru puskak harilkatzeko faktoria industrial bat martxan jartzen duzula dirudi, makinaria musikal perfektu bat... Tronpeta jotzen duzunean tigreak-edo ehizatzen ari zarela ematen du, tigreen arimak, esan nahi dut. Zoragarria zara, Bob.

        — Tira, ezin ekidin dezaket, horrelakoa naiz, muntatuta ekarri ninduten fabrikatik.

        — Ez naiz txantxetan ari, Bob.

        — Ni ere ez... Esan gauza bat, Klara: berdin maitatuko al nindukezu musikari ez banintz?

        — Zu ez zinateke Bob Ieregi zure musika tresnarik gabe. Zure jotzeko era, zure grabaketak, hor geratuko dira, Bob, betirako... Ez zara horretaz jabetzen?

        — Begira, ni ez naiz beste munduko ezer... Ez gaizki ulertu, harro nago naizenaz, badakit tronpeta jotzen ona naizela, onenetakoa, konturatzen naiz, baina anbizio gutxikoa iruditzen zait bere obra unibertsal edota inmortal ustekoa izango delakoan bere burua estimulatu eta aurrera jarraitzeko indarrak hortik ateratzen dituena. Arras ingenuoak iruditzen zaizkit artista, aktore edo musikari edo dena delako horiek, inmortal izango direla-eta gustura hiltzen direnak, gingiletik gingilerako irribarre batekin... Inmortal izatea betirako balitz sikiera... Baina hemendik hamabost mila urtera ez da gure munduaren aztarna txikienik ere geratuko. Ez dit konpentsatzen ehun, bostehun, bi mila edo hamabost mila urtetan zehar nitaz —demagun interes minimoki arkeologiko batez— akordatuko direla pentsatzeak. Betikotasuna horren gainetik dago, jauzi egin behar da horren gainetik, sonbreirua galtzeko beldurrik ez izan haizearen aurrean eta kondenatuarena baino latzagoa den sortzailearen trosta horri amorerik ez eman sekula. Zuk diozun bezala, hemen goian, hemen goian dago betikotasuna, edota beheraxeago, Gauloises paketea gordetzen dudan alkandorako poltsiko horren azpian. Baina inork ez luke gogoratua izatea merezi behar, ahanztura baino gauza gozoagorik ez dago.

        — Baina adibidez Shakespeare...

        — Shakespeare? Kristoren saxoa, hark jotzen zinan hark, to be or not to bop, that's the infection...

        — Ez dut ulertzen. Ez dakit, Bob, ez dakit. Oraintxe bertan, zuk hala nahi izanez gero, New Yorkeko estudiorik onenean zeundeke grabatzen...

        — Nik bai, Klara, nik ulertzen dut. Tipo korriente bat besterik ez naiz, zigarroak erre eta poteko tomatean ogia bustitzea gustatzen zaiona eta noiz edo noiz eskutitzen bat bidaltzen duena, ia beti, alferrik. Eskutitzei buruz ari garela, badaukat galdera bat, zera, beti galdetzeko eta sekula...

        — Miao eta Ieregi! Azkar demonio gosaltzera ez bazatozte, tigreei botako dizkiet zuen ogi-zerrak!

        — Bagoaz, Nikolas, bagoaz!

        — Kafea hoztuko zaizue lehenbailehen ez bazatozte, eta Siberian esango luketen eran, sei milioi judutar akabatzearekin batera, dagoen humanitatearen aurkako krimen handiena da kafe hotza hartzea.

        Siberian beti izan dira exajeratu samarrak.