Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Jam in the jam

 

Europako herri txikiren batean izan zen. Nikolas partiturak Bobek zituelakoan zegoen, eta Bob berriz, ziurregi ez zegoen arren, Nikolasi laga zizkiolakoan.

        Kluba ez zegoen gaizki. Sabaian bi oihal luze krema kolorekok irazten zuten argia, eta haizea sartzen zenean mugitu egiten ziren emeki-emeki, lokalari nolabaiteko ekialdeko kutsua emanez, sabaiko argi ttipiek oihalen tolesturak nabarmentzen zituztela. Lokalaren erdian, dekoratzaileek saihesterik izan ez zuten zutabe bat, salmoi koloreko larruzko plaka batzuez estalia. Atea bikoitza zen, egur ilunekoa, eta mahaiak biribilak, gutxi batzuk baino ez. Lokala txiki samarra zen lehen begi kolpera. Eskuin horman, aireplano bat izan zitekeen eskultura abstraktua zegoen zintzilik, eta ezker aldean, hondoan, barra luzea, Bobek tele-aurkezle baten traza hartzen zion zerbitzari blonda batek zaindua. Nikholai & Ieregi band izenez aurkezten zituen kartel batek, argazki eta guzti, baina itxuraz, eta Bob klubera tronpeta-zorro zurruna eskuetan zeramala heldu zen arren, zerbitzariak ez zituen berehalakoan ezagutu.

        Itxuraz behean jo behar zuten, aspaldi hartan erabili ez zuten soto hautsez betean. Nikolasek pianoa non ote zen galdetu zuen eta emakume blondak errezelen atzeko zokoa seinalatu zion, gogo handirik gabe. Han zegoela trastea. Gustatu zitzaion pianoa, eta hori bazen zerbait, Nikolas oso ongi ohituta baitzegoen piano kontutan. Emanaldi bakarrerako kontrataturiko bateriajolea eta kontrabaxujolea arratsaldeko seiak arte etortzekoak ez zirenez, kanpora atera ziren, gau hartako hura, trantsiziozko saio hutsa baino zerbait gehiago izan zitekeela susmatu gabe (kontzertu bat gauero, hiru mila dolar hilero; hura guztia, bere begietako trenari ihes egiten uztearen truke, Klararen azal leun, dinastikoa, ahaztearen truke).

        Portuan bazkaldu zuten, urri, eta garagardo zenbait —dezente— hartzera zuzendu ziren gero hiriko erdigunera. Hamargarren errondara heldu zirenean, Nikolas serioak katagorri begiak jarri eta lokalera abiatu ziren zigarro bana ezpain artean hartuta, norbere garuneko tabako landaketak elikatuz. Zain zeuden dagoeneko musikariak. Hauen puntualitateak eta seriotasunak harriturik utzi zituen Bob eta bere laguna. Ez zen batere ohikoa gau bakar baterako kontratatu musikariengan halako fundamenturik. Bizkarrezurraren zuzenari behatuz gero bere aurreko bizitzan pertxero izana behar zuen kontrabaxujolea zutik zegoen, eta bateriajolea berriz, eserita. Bien bozeramaile papera bereganatua zuen itxuraz baxujoleak, bera izan baitzen hitz egiten lehena. Droga merkantziaren baten zain dagoen kontaktuaren hoztasunaz mugitzen zituen pertxero hark ezpainak.

        — Partiturak? Non daude partiturak?

        Bobek Nikolasi begiratu zion eta Nikolasek Ieregiri. Ez zegoen partiturarik, ahaztu egin zitzaizkien, pentsioan, maleta barruan, libururen baten tartean, auskalo non. Erle bat pasa zen Boben begien aurretik —aire katastrofe bat gogorarazi zion— eta katagorri begiak inoiz baino nabarmenago ikusi zituen Bobek Nikolasen aurpegian. Horrelakoetan, Bobi zegokion gauzak bere lekuan jartzea.

        — C'est bonne! Ez daukagu partiturarik!

        Bateriajole ihar zuria frantsesa zela berehala antzeman zuen Bobek, eta haren hizkuntzan zerbait esateak bikoteen arteko izeber eskerga haren punta hondoratuko zuelakoan zegoen. Boben lasaitasuna ez zuen, ordea, hirukoak batere ondo hartu. Ekitaldia zazpi eta erdietan hastekoa zen. Ez zeuden txantxetarako. «Europar presakume hauek», otu zitzaion Bobi, «New Yorken hamabiak arte ez dituk hasten». New Yorken, gutxienez, denbora izango zuketen pentsioraino inguratu eta partiturak bilatzeko, edo besterik ezean pieza berriren bat asmatzeko pentsioko errezepzionistaren baten omenez. Inork ez zuen ezer gehiago esan, bateriajoleak gabardina jantzi eta alde egitekoa egin zuen arte.

        — C'est bonne! Ez daukagu partiturarik, eta? A zer nolako zuringo koadrila! Partiturak, emakumeak... nork behar ditu? Nik ez dut partiturarik behar musika jotzeko...

        — Emakumerik ere ez duk beharko, noski, larrua jotzeko, ala?

        Pertxeroa zen berriz ere kapelua bururatuz hain zorrozki mintzo zena. Bobek hasiera batean uste izan zuenaren kontra, kontrabaxujolea ez zen frantziarra, iparraldekoagoa zatekeen, holandarra, edo agian danimarkarra, eta jakina zen: zenbat eta iparralderago, orduan eta handiagoak ziren izeberrak. Azkenean, ordea, whisky edalontzietakoa izan zen hango izotz guztia, eta botila pare bat husterako, Bobek emakumeen beharra onartzea lortu zuten, ez, ordea, partiturena. Lau Castro Scotch Whisky botila hustu zituzten ordu erdian. Nikolasek ez zuen whiskyrik edaten. Berak garagardoa bakarrik. Ahal bazen Heineken. Ez zen entsegu handiren premiarik izan.

        Seiak eta erdietan leporaino beterik zegoen lokala. Baina bateriajolea zen orain inondik inora ere ageri ez zena. Zazpiak hogei gutxitan azaldu zen, arnasestuka, larruzko zorrotxo bat eskuetan zekarrela.

        — Non arraio sartu haiz? Kezkatzen hasita geundean.

        — Motel, jakingo bahu... Hondarrik gabe geratu nauk eta hondartzara inguratu behar izan diat.

        — Hondar bila? Erratzmokoa! Zer moduz hurrengoan mingainarekin igelak lehortzera bidaltzen bahaugu? Tira, has gaitezen lehenbailehen artaldea erretxindu baino lehen —gortina xehea eskuaz ireki eta eszenatokian sartzera gonbidatu zituen Bobek.

        Txalo gutxi batzuk.

        Bateriajoleak larruzko zorroa askatu eta hondar eskutada bat isuri zuen danborraren gainera. Kea zegoen erruz lokalean eta Bobi nekeak gogorarazi behar izan zizkion lorik egin gabe zeramatzan lau egunak. Nikolasen piano beltzaren gainean lauki bat osatuz zeuden lau Heineken botila berdeetako bakoitzeko egun bana zeraman lorik egin gabe, bere buruko amapola landaketei amore eman gabe. Oholtzari jo eta jo ari ziren beti arotzak. Jasanezina egiten zitzaion mailuaren hotsa. Bizi izan zen apartamentu guztietan, bisitatu izan zituen pentsio guztietan, beti egokitu izan zitzaion paretak zulatu edo lurra mailukatzen zuen auzokideren bat. Ihes egin nahi zion zaratari eta hartarako bateriajoleak bere danborretan hondarra behar zuen bezainbat behar zuen Bobek bere tronpeta. Ke guztia bere begiek bereganatuko balute bezala zen, lokomotora baten ke guztia bere begietan. Ordea, ez zen bere begietan inongo trenbideren arrastorik. Mina sentitu zuen Bobek begietan. Hasteko garaia zen.

        Eskuilei eragiten hasi zen bateriajolea, danbor gainera isuri zituen hondar aleak batera eta bestera labaintzen, euria ari zueneko inpresioa sortuz. Boben txanda ere heldu zen, eta lehen soloak ez zuen gau txarrik iragarri. Jo eta su aritu ziren gau hartan, kantu bat bestearen atzetik joz, geratu gabe, jendearen txalo gero eta sutuagoak piztuz. Ohartzerako, goizeko ordu biak ziren. Nikolasek sei aldiz egin zion Bob Ieregiri bukatzeko keinua, baina bere barruan bazen zerbait jarraitzera behartzen zuena, gau hura errepika ezina zelako, ezingo zuelako segur aski inoiz gehiago hain erraztasun izugarriz labaindu, in the train through your eyes, bere begiak zeharkatzen zituen trenean barrena. In the train through your ice. Klararen begi urrunak estaltzen zituen izotzaren ametsean. Trenbideko marrazek gau hartan ez zioten ebakirik egiten ezpainetan, tronpetaren ahokoa bete-betean egokitzen zitzaion mingainera, arazorik gabe inprobisa zezakeen perkusioak markatutako edozein estandarren gainean. Ihes egiten zien bere lagunei, galdu gabe halere, kontrabaxuak lotzen baitzituen tronpetaren doinuak gainerakoekin, espazio askean dabilen astronauta soka batez ontzira loturik dagoen eran. Baikortasunez beterik «C'est bonne! Ez daukagu partiturarik!» esan zuenean ere, ez zuen inolaz Bobek hain gau biribila espero. Bista lausotzen joan zitzaion, toffee kolorea hartzen zuen aireak, toffee zaporea aulkiek eta ikusleek, erdizka irekitzen zen ateak ere toffee zaporea. Begiak itxi zituen Bobek Body & Soul kantuaren azken bihurgunea hartzeko, eta ireki zituenean, lokala hegazti tisikoz eta anakondaz beterik zegoela ikusi zuen. Denak zutiturik, txalo eta oihuka.

        Argi eskasak toffee koloreko egiten zituen Nikolasen esku iletsuak ere: tarantula bi pianoko eskaileretan gora eta behera, eskailera maila batzuk garbituak eta beste batzuk berriz hautsez beltz. Bolivia auzuneko bizilagunek ez zuten alboko atekoei zegokien eskaileraren aldeko zatirik erratzez pasako. Bi tarantula berriro pianoko eskaileretan. Katagorri ez ezik, armiarma ere izana zen Nikolas aurreko bizitzaren batean, otu zitzaion Bobi.

        Bateriako danborrean hondarrak dunak osatzen zituen. Basamortu bukaezin baten tolestura kurbatuetan zaldi bat zihoan trostan. Zaldiak tronpeta urreztatu bat zeraman lepoan zintzilik. Zaldunaren arrastorik ez zen. Agorafobia ote zuen zaldun hark?

        Zaldunaren arrastorik ez zen inon.

        Izerdi patsetan zegoen Bob, dena emanda, ezin bere gizentasunean alkandora loturik eutsiz. Eta kontrabaxuaren harietan lau haizetara lehortzen jarritako alkandora eta emakumearen barneko-arropak ikusi uste izan zituen arte ohartu ez zen arren, erabat joanda zegoen bere baitatik, bafada bakarrean botila bat CSW hustu balu moduan, erle bat balebil bezala bere zainetan barrena, in the train through your eyes.

        Atentzioa jarriz gero, edonor ohar zitekeen Nikolasen piano gainean lauki bat osatuz zeuden lau Heineken botila hutsek ring baten antza eduki zezaketela, lokaleko argi tolestuek soka ziruditen itzalak dibujatzen zituztela pianoaren erdi-erdian, eta ring huts hartan eroritako garagardo tantak zirela haien artean borroka egiten zutenak, ring-etik atera, pianoaren ertzera heldu eta bertatik bere burua aurrena nork botako; suizidioa den salbazio gozoa nork lehenbizi erdietsiko. Shakespeare izeneko saxojole haren hitzak.

        Lehertuta heldu ziren pentsiora. Hamabietatik aurrera moztu egiten zuten argindarra, eta gasik ez zegoenez, ura izoztuta ateratzen zen iturritik. Bobi bere maiteari deitzea besterik ez zitzaion otu, baina mesanotxean zegoen telefonotik deiak jasotzea haizu zen arren, ezinezkoa zen zenbakirik markatu eta norbaiti bertatik hots egitea; telefonoa egurrezko kutxa antzeko baten barruan giltzaperaturik zegoen, halako moldez non giderra eseki eta zintzilika baitzitekeen, baina inolaz ere ez zenbaki bat markatu. Telefono kaiolatua. Bob biziki haserretu zen, baina berehala ohartu zen alferrikako lana zatekeela kutxa hura txikitzea, Ameriketara deitzeko aurrezenbakia zein zen ez baitzuen gogoan. Estropezu egin eta komuneko iluntasunean urez bete zuen konketa, aurpegia freskatzeko asmoz. Urak soinu lehorra egiten zuen, bere bidean kartoiaren aurka talka egingo balu bezala. Ez zuen komunetik atera eta gelara sartzeko indarrik izan. Iturria hersten ahitu zitzaion gau hartako metxa. Dutxako errezela tapakitzat hartu eta lo geratu zen bainuontzira sartu orduko, konketaren ondoan eskegirik zegoen xukadera zuria burko gisara hartzeko paradarik izan gabe.

        Hurrengo goizean, tinta eta ur arrasto urdin bat zihoan konketako urbegian behera, eta urak erdi ezabaturik, konketaren hondoan topatu zituen Nikolasek, besteak beste, Tijuana gift shop, Flamingo, Night in Tunisia, Girl called Iceland eta Lullaby of Birdland kantuentzat egin zituzten moldaketen partiturak.

        Bob berriz bainuontzian zegoen, lo seko, dutxako telefono herdoildua belarri ondoan zuela, amets gozoren batean amildurik. Isil-isilik, dutxako ura zabaldu zuen Nikolasek. Bob bat-batean esnatu zen, ura belarritik sartzen zitzaiola.

        — Alua, garbituko haut!

        Ezin esan, ordea, Bob haserre zegoenik. Erdi barrezka ari zen esnatu berria, vodka lehortuaren itsaskortasuna zuen ur lodi hura alkandoratik xukatu nahian. Ordu laurden baten buruan, ispilu puskatuaren aurrean bizarra egin, (Gillette marrazak ebaki bikoitza egin zion masailean: trenbide gorri bat zirudien zauriak, in the train through your eyes...) alkandora berri bat jantzi eta pentsioko leiho bakarrera zuzendu zen lur kraskakorra pauso neketsuz zeharkatuz. Leihoa bakarra bai, baina ezin esan ikusmira makala zenik. Hiri guztia ikusten zen handik, langarraren eta behelainoaren pean, itsas zabala barne.

        — Polita duk benetan hiri hau, Nikolas. Ez zakiat, oso neure sentitzen diat, horko portu industriala eta guzti, nola esan, aurreko bizitzaren batean hemen egona banintz bezala.

        — Bai, zoragarria duk. Berunezko saxoen antza zeukatek garabiek ere.

        — Egia, aixkide, egia. Berunezko saxoak!

        — Dena den, hobe duk lehenbailehen jantzi, Bob, ez zeukaagu denbora askorik, Sint Clarako estazioan egon behar diagu ordu erdi barru.

        — Sint... Clara esan al duk?

        — Sentitzen diat, ez neukaan gogoan.

        — Ez dik axola, hermano. Nirea Klara zuan, Klara, besterik gabe —zizpuru luze bat egin zuen Bobek; behelainoa, ezarian-ezarian, gelan barneratzen ari zela zirudien, bien arteko ikusmira lausotuz, gelako altzarien ertzak baporez difuminatu eta kamustuz—. Behin honetaz gero, nire izena ezkongai suizidatuko direnen zerrendan dagoela esango nikek.

        — Tira, Bob, ez hadi horrela jarri. Baldarra nauk gero. Nahi al duk kaferik?

        Nikolas Holoborodko pentsioaren egongelako ertz batean kokaturiko sukaldetxora inguratu, eta sutan berotzen jarri zuen kafetera. Sua piztu orduko, su-lama urdin bizietara lerratu zituen begiak Bobek. Urdin kolore elektriko hark gaztaroko auzoak ekarri zizkion gogora, eta, bide batez, Gauloises paketearen urdina ere ekarri zion akordura. Non demontre galdu ote zituen zigarroak? Paketearen bila, eskuekin poltsiko hutsei alferrik tapaka egiten zien bitartean, goibel sentitu zen Bob Ieregi, norberarena ez den amets batean esnatzen denaren sentipenak etsiturik.