Herrialde baten ahuspez eta Euskal Herriko lur peza ixil urrunaren gorasarrez idaztea ez da errez, non ez den amodio piliska bat orrialdez-orrialde ixurten, balizko geroaren esperantzaren zurkaitz. Galtzen ari eta ber denboran berreskuratzen den mintzaira xoilaz, nolabait herriak moldatzen duen leinu edo familia ideki bati eskerrak bihurtzea zilegi bekit. Idaztea sekulan baino gehiago ihardokitzea da.
Liburu hau, lehen hostailetako eskaintza zabalaz gain, biharra euskaraz apaintzen lagunduko dutenei opariturik bezala, Donapaleuko, Miarritzeko edo Mauleko ikastolako haurrei besteak beste.
Zertan dabil duda-mudaz bide ilunetan ama-hizkuntza, ama galduz geroztik? Nola eta noraino iraun dezake? Bakardadea aditzik gabe gelditu zaigulako, orrialde hauek omenaldi amoltsu gisa bihoaz.