—13—
Ixtunen gora banindoan 4L zaharkituak karreatzen ninduela, Uhanetik Zelaira, amoltsuki gogoratuz goizean behi marraken erdian irratiak Lau teilatu kanta «klasikoaren» murmurioa ekarri zidala. Abestiak «ta berriz izango gara zoriontsu edozein herriko jaixetan» errepikatzen zuen oihu samin baten moldean, eta kantu haren edukina Baionako geltokiko altzairu mingaitzer uztartu nuen entzunaldi maitekor behintzat lasaituan.
Ixtune zolan buldozerrak ari ziren etxe-erori baten hondar harrien barreiatzen, memorietarik betikotzat kentzen bezala. Laster, lurras zegoen etxelarrak dantzan jasan zituen aterbearen lekua. Etxe-erorien destinua gu guziena zen funtsean: sortzean eta eraikitzean uste genuen eternitatearen jabe ginela, baina gure zinezko destinua desgerpena zen, Pattarreneko hautinaren gisa.
Kasu horretan, adibidez, ttipitik usaturik ginen Pattarreneko mahastiaren sahetsetik iragaiten, negu-minean hautin laia basak zilinpurdika miresten eta usaintzen, udaberrian mimen iranja-kolorekoen ebakitzen, xirmindu idorrak metatzen, udan mahats-molko gordin ilunak mitrioleztuak estimatzen eta larrazkenean... lehen ardoaren gozatzen. Zoanak eta barrikak loroietan urez hantzen, brentsak kliski-klaska monotonoetan ezkaratzak betetzen... sofre urtu urrina... eta lehen ardoa... zoanatik xirrixtan... bizitzaren edaria... mahats-molko zangopilatuen zauriaren ixuria... odolaren parekoa.
Larrazkena urrun zen eta bizkitartean zerua gris. Oragarreko plazatik pasatzean, egarria pairatzen nuen, gazte zenbaitek eratxeki Korrika 8.aren iragarkinak begiztatu nituelarik. Amamaren erranetaz oroitu nintzen:
— Korrika? Ze uzie hoi? Zien errogazionetako proosonia ala?
— Aantxu ba...
— Paano derriak! Nik ardika manatzian etzizte hain zalu ez!
— Ze nahuzu amama.
— Ardika etzie iitu nahi e, etzizte deusendako hun!
— Otoi...
Xaharrek, bada, nola konprenituko zuten alabaina, etxeko ardoz erdi-mozkorrik, larruzko paltoak soinean, zertara gindoazen autoak mukuru, Mehaineko bide-juntara Korrikaren bila? Haiek mugitzen zirenean, gehienetan, lanerako zen: hazindaka, merkatura edo mezara. Doidoia irauteko oinarrizko indarretan higatzen ziren, eta gure jendartearen egoera ekonomikoa hobetu zitekeen, arra-haurrak «euskara» zen debaldezko hornituraren alde mobitzen zirelako, guti edo aski.
Oragarreko hilerriaren parean gelditu nintzen, zigarreta baten biltzeko. Gaxu neukan buru-zokoan ihardespenik ez zuten galdeen hari. Hilerriari so egoiten nintzaiolarik —nere etzidamuko aixolbea!— zerbait ments sentitzen nuen: harrien arteko zipre-ondoetarik bat bederen moztua izan zen aspaldi zuela, eta ilargia harrapatzen zuen zuhaitzaren erro ageriek memoria kilikatzen zidaten. Tratur animaleko baten puntan zabilan herritar bat agurtu nuen, bihotzeko ziloa ahantziz. 4L-an sartu nintzen Arrutako arrabotean Gaxurekilako hitza neukalako, bederatzietan xuxen.
Inguruak irakurtzen nituen. Oraino ere pentze berriak udalatuak izan ziren, belarrez ereinak, edo arto-zango ustelduz estaliak. Larreolaz zikindu pezak dagoeneko bekan ziren, eta han beherean nabarmentzen zen artoen urestatzeko presondegiratu Laskuetako errakattoak busti aintzirañoa. Aintziratik Itoiz-era joan zitzaidan pentsamendua eta «eguzkirik gabeko goiz tentel honetan...» aireak ildozkatu zidan golkoa. Nere —gure araiz!— herrialde buluziaren bizkarrezurraren eta gaztaroko besta hunkigarrien nostalgiaz nindagon. «E... zein goxoak diren hire bideak...» marmazikatu nuen, barnea ximikaturik. Kitarra eletrikoa itxuratu nukeen errege-bidearen ipularreko ote-lilien epaile.
Lantzurda hasi zen, Arrutako kurutzunera heldu nintzelarik. Plazarainoko malda-apalean Lau Teilatu-ren hiru lehen soinu-akordeak biderkatu zizkidan iragan-minak eta autoa hil nuenean «edozein herriko jaixetan» ahoskatu nuen, herrialde buluziaren ahuspez.
4L-tik jautsi nintzen. Euri kokinak trenpatzen ninduela, goizeko eztakit-zenbagarren zigarreta meharra plegatu nuen, Gaxuren haiduru. Tabako paper xehea erhi gainetan lotzen zitzaidan. Tematzen nintzen. Gogotik piztu nuen gero enbor mehakoila eta ezpainetaratzean oroitu, Gaxuren goaitan baino, Maiena Ameztoiren gibeletik banindoala. Gaxu tenorean jinen zelako segurtamena nuen, ordea Maiena Ameztoiek kilometra parrasta bat eginarazten zidan, beharbada, esperantza hutsean. Hala ere helduko nintzen eta Maiena Ameztoi ez zen neretako misterio geratuko.
Arrutako plaza arraberritua lantzurda xotilak hezten zuelarik, bapatean, Xaxi Errekondo xaharraren aurpegiak trebeskatu ninduen. Goizean goizik kurutzatzen nuen Mauleko karriketan Basabürüko emaztea barrandan, urrats agudoan, iraganaren ondotik zotukatzen bezala. Nakienaren arabera, Xaxi berant ezkondu zen, eta senarrak besoak eman ahala zanpatzen zuen. Ez nuen sekulan Xaxiren senarra ikusi, eta laurogei urtetan berdinki, ertzo-bultak bazetozkion noizetik noizera.
— Ta? —brauki galdetu nion—. Ez zünüen haurrik üken?
— Beharre ez! Erran zitazün senarrak, haurrik balin bagünüan, ene kontre altxatüko zütüala! Badakizü, han, soldadogoan, eritarzün bat atzaman zizün, partidetan, ta nik ere ez nizün haurrik ükeiten ahal... Fibronatik operatürik izan nüzü.
Irri eztiarekin bururatzen zuen solasa orduan Xaxik. Eta adin handira heldu emaztearekilako amodio erraldoiak kateastatzen ninduen. Amodioz baino, ihardok-indar ikaragarriaz iraun zuen Xaxi Errekondok, herri honetako emazte frangoren maneran.
Behi esnadun saldo baten marrakek agortu zidaten pentsamendua. Ordulariari behatu nion, eta bederatziak et’erdiak zirela ohartu nintzen. Gaxu ez zen jiten. Plazaren ertzetik laboraria zetorren, akulua sorbaldan, huxtuka behien atzetik. Hogei betruin zenbatu nituen, errapeak lurrean herrestan. Gizona, anaiarekin eta auzoko gazteekin, esnekariaren kamiona trabatzen imajinatu nuen, elb plantatu ekintzetan. Baina behiek errapeak pizuegiak zituzten eta laborariak zintzoegia zirudien. Azalezko jujamenduen egitea itsusi zela niolarik, Gaxuren zain egoitea debalde zitekeela erantsi nuen.
Autoan sartu nintzen, amiñi bat kexu, eta irratia piztean Hertzainak aditu nuen: haserre ginenean gazteiztarren musika, eta anpletzean motrikuarrena. Horrela partekatuak ziren gure denborak. Arrutako plaza, behiek utzi usainaz gozatzen abandonatu nuen, Martxutaraino bideratzeko.
Donapaleutik Bidaxunerateko errebide nagusia kitatzen nuenean, Martxutan gaindi abiatzean, zinezko Behe-Nafarroan galtzen nintzela iduritzen zitzaidan. Gaxu nere ondoan nahiko nuen, nigan bizi zen nafartasunaren berri emaiteko. Gaxuren faltaren aldeko mila estakuru asmatzen ari nintzen, eta balizko aitzakia bakoitzak bakardade sentimendu larrutua sortzen zidan. Barkatzeko prest nintzen hain ziren buluziak zeharkatzen nituen lurrak, non herrak edo gorrotoak ez zuen hazteko tokirik. Arto-zango hirotuak, laborariek jasan aitzinamendu ekonomikoaren gerla-zelaietako lekuko ahulak ziren. Artoaren ekoizpenak, Mississippi aldeko esklabo beltzen kide moldatzen gintuen, udaran, kukuletan artzen ginelarik adibidez, blues zaharrak nola —too long in exile...— kantore berriak, lerroen luzada laburtzeko asmoz, orroaz abesten genituelarik. Guk, Mississippiaren ordez, Erreitia ibaia geneukan, Ahüzki-petik Aturriraino zoana, watching the river flow deiadarkatzen genuen bitartean, arto hosto labainek lepoak, besoak, papoak, zangosagarrak lardeskatzen zizkigutelarik.
Bidegaineko ordokiño batetan kiwi peza bat hedatu zen ortzaizean: hara, pentsatu nuen, once again, slavery, under the rain... murmuratzen nuen. Gaztaroa, heldutaroa, zahartzaroa, lurrak bortxaz eskaini frutuen biltzen higatzekoak genituen. Gaxu ments nuen. Bizkaiko kurutzuneko haritz zaurituak minartu ninduen, eta arrunt Labetzeko arrabotean aurkitu nintzen. Labetzeko hilerrian ziren kurutze-borrobilak miresteko tentazioneari ez nion uko egin. Hilerriko garailetan murgiltzen ziren nere hatzak, herioaren eremu metaforikoan, eta Gaxuren presentzia derrigorrezkotik urrun, orlegitasun umea mehatxugarri zitzaidan.
Ahal bezain laster utzi nuen leherrunea, eta Erreitiako zubitik lehentze pasatu nintzen. Harri gune gora batetan behera tilingo ziren huntz-hostoak eta haien punta urgulutsuak, buztin errautsez lohitu uretan mainatzen ziren. Erreitiak, Amikuze eta Ostibarre osoaren sabel-minak zeramazkien itsasora, ahanzmenaren itsasora agian. Mare Nostrum desiratuaren ezpondetaz ametsetan urtu nintzen, eta konturatu Ilarreraino oraino bi kilometra bazirela kurritzeko.
Ortzaizean, ke zutabe bat altxatzen zen; deika eta deika ari ziren jendeak beti, indioen gisa. Ilarreratzean, plazako etxe batetan gelditu nintzen, herri hartan Petteko izeneko gizonik bazenez jakiteko. Herri xumearen ixiltasunak jo ninduen, eta txorien xixturik ez entzutearen lotsak harrapa-zorian nindagon. Ateko xilintxa mugiarazi nuen. Ezkaratzeko bortatik begi-ukaldi bat bota nuen: ezkaratz erdian berogailua zegoen zurrungan, hormetan dilingo idi-uztarriak eta bazterretan armairu zaharrak nixtan. Andere bat jin zen nere gana. Beldur hotza gainditu nuen.
— Barkatu, badea Petteko deitu laborariik Ilarren?
— Baaa, bauzu ba, Lou-Harditeneko nausia, nausi gaztia! —irri trufakor bat gorde zuen andereak taulierraitzinekoa murtzikatuz.
— Lou-Harditenia? —segitu nuen—. Nun da?
— Juiten zira xuin-xuina ta han zu ezkerretaat...
— Mertzi biziki.
— Zee? Hatzeman dakozie aita ala?
Karkazail galantaz hustu zen anderea. Xehetasunak ardietsi orduko hastiro nuen egoitza sano hartako etxekandere moko-fina. Autoan kokatzean errepikatu nuen nerener:
— Astaña, derrien astaña. Hik oro plano bitiztun!
Deliberaturik, Ilarre zeharkatuz «xuin-xuina» abiatu nintzen, urrunago Lou-Harditenerateko xendra lohitsuaren hartzeko. Lohi-zipoetan nekatzen zen nere 4L-a adindua. Eta artoz mukuru bete kriben artean, ahateek eta antzera umeek —gitek eta piuñek orobat...—, zilatu urmael ilunak zenbatzen nituen. Etxera hurbiltzen ari nintzen. Abere xeheek larrutu elgeek setiatzen zuten Lou-Harditenea. Munho apal baten kaskoan nindagola ohartu nintzen, eta Erreitia erreka zabala zolan nagi, auher, geldo, urez hanturik nakusan.
ignko kartaren aztertzeko beharra nabaritu nuen: Xubiko pareta izena zuen munhoak eta lekuaren izendatzeak eman zidan pozaz, arratsaldean Gaxuri telefonatzea erabaki nuen. Jakiteko. Xoilik jakiteko.
Kribak eta ensilaje metak baziren etxe-ondoan, baina Lou-Harditeneko loiroa zimentatua eta muntto-munttoa zegoen. Hangar baten itzaletik jiten zitzaizkidan gita ttipien txio-txioek beharria zihikatu zidaten, eta xakurra xanpaka hurrandu zitzaidan. Urdendegi urrin bortitzak trabatu zidan usaimena. Lou-Harditeneko bortan nintzen. Gizon luze eta fin batek ideki zuen atea.
— Bun dia, eun hun, noait xekatzen uzu?
— Ba...
Zintzurra koropilaturik neukan, eta begiak beherean, debaldetan, lurradarretan zintzilikatzen zen Erreitiaren ibarrari josi nituen.
— Kin te ba? —ausartu nintzen.
— Pla, herre herre pla, ze nahuzu?
— Ba, Petteko delako batekin mintzatu...
— Ni niz. Ze karietarat?
— Ba...
— Sar zite, aitzina.
Ezkaratzeko argi-eskasak soa irentsi zidan. Esplikatu nion nor nintzen, zer bilatzen nuen eta noren kontu nindabilan. Harridurarik gabe behatu ninduen Pettekok, nere haiduru izan balitz bezala, eta sukaldean aterbetu baino lehen, amodioak troxatu ahotsez aitortu zuen:
— Ama maite izit hale...
— Bai, dudaikezin...
Sukaldetik, andere botz galdekari inkieta aditu nuen:
— Ke ei?
Salatze moduan, Pettekok azaldu zidan:
— Maztia Bastia Biarnoko izit.
— Biarnesa beaz?
Petteko sukaldeko mahain handian jarri zen, eta aulki baten hartzera gomitatu ninduen. Emazteak bi baso eta pinta bat ardo jalgi zituen armairutik, bakoitzaren godaletak arradan betetzeko.
— Akeste baskurrail...
— Ke’t aprei la Marie! —zuzendu zion Pettekok, eta emaztea, supazterrean ttottotu zen, doidoia ulertzen nuen hizkuntza batean marmarikan.
Agaramontesen lurralde ohiak laupabost mende zuela euskaradunak ziren, eta euskararen mugak uhertzen ari zirenez gero biarnes gehiago bazen etxeetan. Estado zapaltzaleek, gure bereizteko, bi ethnien artean herra sorrarazi zuten, eta elkarri mehatxuz zein mendekuz begiratzen genion. Kontaktu gune horretan, bearnesendako euskaldunak urguluntziak ziren, eta alderantziz euskaldunentzat bearnesak elexuridun faltsuak. Olueko ibaiaren eta Erreitiaren haranen bizkarretan hedatzen zen bi herrialdeen amets debekatuen erresuma. Bizkitartean Lou-Harditenean nintzen, bakar-bakarrik, emaztea murmuzikan bearnesez eta gizona euskaraz ari zirelarik. Pettekok baso ardoa erditaratu zuen.
— Donapauleko apez-nausiak hatzeman zakozun gizungei galanta, ta ddio, hunaat jin gintzun bizitzeat.
— Ba, hoi baakizit.
— ...gerlatik landa behar zizien ezkundu, bena aitaizuna gerlan hil zun, ta...
— Ta?
— Ama etzun bate akoomatzen belemerraikin, semia Alemañian zendu zakolaik, kanpo ezarri zin, ta ni heen atxiki, baakizu, ondoko bezala... Ni plantatu artian, hola bizi izan gitzu, etzit deusen eskasik ukan, sekulan, amak aldiz...
— Noat juan zen?
— Ba, Biaxuneko meiku baten etxen sehi plazatu zizien...
— Nok?
— Ba, delako Donapauleko apez-nausi hak... ta amak etzin ene ikusteko dretxoik.
— Ordian, etzu nihoiz zure ama arra-ikusi?
— Ez... Salbu behin, Peiroareko merkatian amamaizunaikin nintzalaik.
— Elgarri so eon gintzun urrunetik, ttipia nintzun ba, ta nik amainganat eskapatzeko enbeia nintzin, errabia bat terriblia, gauaz ta beti, errabia. Soldadogua Algerian in nintzin, ta hantik hunaakuan ama hil zitzaala erran zatazien...
— Uste uzia hala dela?
— Haaa, ezpitakit, ddio ezkundu nintzun.
— Haurrik bauzieia?
— Bi, seme-alaba; bena sortu ta zortzi eun barne gorputz zitzun, ahultxe...
Ixiltasunak tinkatu zuen Lou-Harditeneko sukaldea. Airearen uhargitasunak hormako ordulariaren joaldiak biderkatzen zituen, buruko arroilak mailukatuz. Hegatz-pean, itaxuraren behera, euri ttanttak lerratzen ziren, aspaldian ehortzi minak iratzarrarazi nahian bezala. Teilatuan, amodio galdez, urxoak ruku-ruku aizinant-ka zabiltzan, jende xoilen penen axolarik ez bailuten. Mututasuna ebakiz eskatu nuen:
— Biaxuneko meiku haan izena behar nikezi.
— Darrieu, Larrieu, edo zeit holako...
— Juain nizu hain bisitatzeat, balinba...
Irri xeheaz alegeratu zen Pettekoren begitartea. Urruneko haranean, mendiaz bestaldean funtsean, Ilarreko —edo Bizkaikoa zen...— zeinuak eguerdi ospatu zuen hamabi kolpe ozenzuz.
Ipar haizea zen.