Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—2—

 

Melkiorreneko aterbe epelaren ate idekitik begiztatzen genituen manifestalditik etxeratzen ziren jende multzoak. Jeff, eki-arrasean, sekulan baino ederrago kausitzen nuen; haren soaren orlegitasunak nerea kurutzatzen zuenero, ximiko baten laban-pikoa jasaiten nuen bihotzaren zolan. Ximikoarekin batera, elkartzearen airostasun arinaren oihartzuna bazebilen airean. Heinbat zoriontsu nintzen, eta Jeffen ezpainetarik ixurten ziren ele guziak xoraturik edaten edo behintzat hurrupatzen nituen.

      Bizkitartean, murruan txintxetaturik zen «Euskaldunak eta Amerikak» saileko iragarkinari beha nindagon, amets batetan bezala: noiz bada, Jim Chee navajoar detektibearekilan ahalko nuen garagardoño bat partekatzen Arizonako zein Koloradoko ostatuetan? Galdeak galde zeuden, baina banekien, bestaldetik, nere keinka herrestan banuela halako barne-indar izigarria, ametsak egi bilakarazteko. Ez nintzen nehoiz etsitzen. Jeff mintzo zitzaidan aspertu ezinean, irri xehea hitzekilan artekatuz:

      — Ba dakizüa zer agitzen den heben gainti?

      — Nola jakinen düt nik?

      — Ba, Xiberoko espartingile handi batek, gisala, espartinak Asiatik jinarazten ditizü, eta kostalde hortan, nonbait, bere izena ezarten deiezü...

      — Erran nahi düzü Xardoi markako espartina famatüak ez direla Maulen ekoiztürik?

      — Ez etxit. Haboroxienak bai, bena...

      — Bena zer?

      — Bena merkatüaren asetzeko gaineratiko oskiak Bengladeshen josirik dütuzü.

      — Zonbat pare?

      — Hanitx. Zü detektibe beit zira, behar zünüke misterio hori argiztatü!

      — Nik? Aski lan badüt aharratzen diren senar-emazteen akamodarazten!

      — Egizü enegatik, otoi, enegatik baizik.

      — Gizunak, nolakoak zireen!

      — Burrat bat pakatüko deizüt.

      — Bai. Badakizü bihotza hunkitzen Jeff, biba zü.

      Jeffen eskaerari zer moldez plantatuko nintzen gogazkatzen nuen jadanik. Ordea, misterio baten zilatzeko bidea ez zen hain erraza. Kostalde hartara joaitea komeniko zitzaidakeen, eta asmoz bederen hiriarekilako juntak ez ninduen batere bozkariatzen. Norbait ezagutzen nuen aduanetan lanean ari zena, eskolako adiskide ohi bat, eta zerbaitetara hel nindaikeen haren urratsetik. Asteburuetan Arbotira erretiratzen zen, eta tipus-tapasean erabaki nuen larunbat honetan Mailuxen bisitatzea, Donapauleko ikastolaren aldeko kontzertura abiatu baino lehen. Anartean, Melkiorrenea mugimenduz burzoratzen zen, eta Jeffek bere proletar esperientziak kondatzen zizkidan:

      — Gazteago nintzalarik üzinan ari izan nüzü...

      — Zü langile? Zortzi oren egünean? Nausi baten peko?

      — Eta bai, oski-zola hurtzen.

      — Bengladesh hürrün züzün orduan!

      Irriz hasi nintzen. Jeffen begitarte tematsua ikustean, haatik, bortxaturik nintzen egia zenaren sinestera. Jeffen begi-izkinetako zimurrak kondatzean, lanaren higamenaren ondorioak irakurri nituen. Mauleko jende frangok bazituzten gorputzean itzatuak, «egunean zoitzi oren SMICean» zelakoaren minen seinaleak: zenbait mainguka zabiltzan, zenbaitek bizkarra makur zuten, zenbaitek oraino behatzak ments zituzten, mekanika gosetiek irentsi haragi puskak. Nagusien aberastasunaren emendatzen iragan zituzten mendeak eta, zauritzean, sekuritate sozialak purruskak emaiten zizkieten, jendetasun apurra gal ez zezatentzat. Jeffen sohakoa bapatean alaitu zen, eta ez zidan beldurtzeko astirik utzi.

      — Beste bat?

      — Bai. Jeff, zerbait aitortu behar deizüt.

      — A?

      Jeffek Pasteur karrikaren luzea behakoaz izartu zuen, kezkaz beterik, azalpen bitxi eta lanjerosaren haiduruan bailitzan. Ausartu nintzen:

      — Jeff, gogapena Amerikaz azten zitazüt...

      — Amerikaz azten?

      — Bai, hanko desertuetako errauts gorriz hanturik dütüt gaüak...

      — Holako amentsik egiten ez düan eüskaldünik ez düzü!

      Jeff so zegokidan tente, kaderan paralisiaturik bezala, eta nik gizona geroago hurbilago sentitzen nuen: amodio-deia bihurdikatuz Amerikak askatu zitzaizkidan, buru-muinetako zinegela zurbailak udalatuz.

      Eki-sartzea ederra zen, Mauleko arrabotean Gazteluaren itzala hedatzen zelarik. Apirilean, menturaz, Aberri Egunaren karietara, hiriko langileek —helburu ezberdinaz bistan dena!— ikurrina jarriko zioten gainean. Maite nuen goizetan jeikitzean leihotik hiru koloreetako oihal zatiaren mirestea, haize ugarien menpeko. Gutariko bederarengan ihardokitzeko kemena sortzen zuela ziruditan. Ikurrina eta Jeff. Aspaldiko partez Jeff neukan parean.

      — Non zinen azken denbora hotan?

      — Lanean oizü. Zerentako?

      — Ez zütüt ihon kürütxatü...

      — Lotsa zinen ala?

      — Ba, herri «jator, goxo eta puta» honetan zer nahi agitzen düzü.

      — Lanean nintzala!

      Jeffek alegeraki errepikatu zuena golkoan tematu zitzaidan. Erantzunak baketzen ninduen, baina oroitzen nintzen Jeffen gisako hainbat lagun-minetaz. Gorderik zirela, ihesean nonbait, eta arratsetako irratietako berrietan hara, edo erahilik edo preso edo Hendaiako zein Koliurreko fronteretan estraditatuak, herri honetan jakin gabean; jakin gabeaz damutzen gero. Jeffi begira geratu nintzaion: Corto Maltese itxuratzen nuen, XX. mendeko local-heroe baten antzera. Jabaldu nintzen osoki. Ekiak bere eguneko balaken hondarrak eskaintzen zizkigun, eta laster ilunari oparituko zizkion laztanik eztienak. Garagardo godaletak hustu genituen.

      Solas antzuak iruten ari ginen.

      — Zer plan düzü sarriko?

      — Ba, Donapaleurat banoazü Su ta Garren entzüterat. Jiten zirea eneki?

      — Ez, ni etxen egoiten nüzü haur-zain. Pentsa ezazü ene manüari!

      — Baietz, ez düdala ahatzeko!

      Melkiorrene aintzineko karrikaren kantoinean begi keinu batez agurtu ginen elkar, usaian bezala, noizbait nonbait berriz «topatuko» ginelako esperantzaz segur.

      Mauleko herriko etxearen sahetsetik pasatu nintzen, bakarrik again. Ekia desagertzen ez zenez, baratze-publikoko jargia baten lasaitasunean, Egunkaria irakurtzea erabakirik nuen, eta ttoko-ttoko hara bideratu nintzen.

      Gozo zitzaidan Egunkaria-ren euskaraz leitzea, herri aske batetako bizitzale arrunta nintzelako sentimenduak loditzen baitzidan itxaropena: lehenik eta behin horoskopa irensten nuen, gero zutabeak eta, finitzeko, gure lurrak emaiten bazekien informazio sail gottorra; adibidez: «Idigorasek korbata eta jaka jantzi zituen jauregiko atean bertan, eta berak kazetarien aurrean aitortu zuenez, 1970ean ezkondu zenean jantzi zuen azkenengo aldiz korbata». Horrelako berrien maitez nintzen egunkari euskaldunen irakurtzale amorratua.

      Euskarazko «izparringi» baten on-gaitzetaz pentsatzen ari nintzelarik, tratur burrunba elkor bat nabaritu nuen. Harriturik nindagon, hirietan bekan baizik ez baitziren tratur herotsak hautemaiten. Itzulikatu nintzen azantza zetorren gunera: girofara argitan zeukan Zetor herbaildu eztulkariak. Meriaren ondoan zutik nindagolarik, igitu ezinik, ohartu nintzen tratur xumea neri buruz heldu zela.

      Parean gelditu zitzaidan. Tratur-gidariak lauetan hogeita zenbait urte zituzkeen. Neri so zegoen ttattit eta mutu. Zangoak giduñaren gainetik zalhuki altxatuz errondan, emeki-emeki jautsi zen burdinazko monturatik. Zetorrak oraino putar batzu eskaini zituen arrats apalean autoen asotsek betetzen zuten aireari. Gizonak zaku-zapiz inguratu mato bat hartu zuen ttottogiaren azpitik. Adinekoa txainkuka, matoan bermatuz, hurbildu zitzaidan. Goibel zirudien.

      — Zer basarta!

      — Manifestazionea ba züzün arrestirian.

      — Beti bazter nahasten gazte horik! Amaia Ezpeldoi zirea?

      — Bai, hura ta bera, zure zerbützüko!

      — Lagüntü behar naüzü.

      —Atx!

      Gizonaren behakoa gogortu zen. Argi zegoen hitzak xekatzen zituela, bere «arazoa» ahal bezain laburki azaltzearren. Dudan zen, eta nik «atx!» ahoskatzean, gizon mainguaren trebezia ez nuen biziki berotu. Halarik ere, segitu zuen ele bederaren artean ixiltasuna zamalkatuz:

      — Ba dakizü, atzo bete dütüt lauetan hogeita bi bedats, eta orai bizitzea beno segurrago düt hiltzea.

      — Otoi!

      — Ütz nezazü mintzatzerat. Hogei urtetan izan nündüzün ezkontürik, eta ezkont-gaüan ezkapi zitazün andrea.

      — Ezkapi? Eman düzü denbora haren txerkaran hasteko!

      — Ez düzü deüs entelegatzen...

      — Zainetan urtzen ari zen gizona. Geldialdi astun batetarik landa, gizona atrebitu zen:

      — Ameztoi jauna nüzü. Amodiorik gabe ezkontzerat bortxatürik izan güntüzün.

      — Ez düzü badezpada amodio beharrik ezkontzeko!

      — Trüfa zite, trüfa, ikasiren düzü bai zük ere.

      — Zer da ene egitekoa beraz?

      — Emaztea atzaman indazüt.

      Ameztoiek nere irri zozoa zinez poxolu zuen. Begitaite tzarrez janzten ari zen, eta bihotzean urrikia bezalako zerbait piztu zitzaidan:

      — Parka jauna! Tzai burrat baten edaterat!

      Matoaren punta ahurraz tinkatuz, neke bulta baten ondotik, gizonak nere urratsaren izaria hartu zuen, Europa ostatuan kokatu arte.

      — Zer plazer zünüke?

      — Ardu inkaü bat.

      Godalet bana manatu nituen. Gizonaren besoak juntaturik ziren, eta haren esku maikatuer so egon nintzen. Behatz zainarten plegu bakoitzean bizitza baten penak sumatu nituzkeen. Bapatean Ameztoi elestan hasi zen:

      — Erran neiozün Maienari ez züala axolarik, nik indarñi bat eginen nüala, hark ere aski zükeala, alkar maitatzeko, ba dakizü, ez ginela bakarrak, gure üdüriko senar-emazte hanitx ba zela üngürünetan, bortxaz, bena...

      — Ezkont-gaüan joan zaizü. Ezkontürik ala ezkont-gabeak zineen?

      — Ezkontürik bai prefosta! Apairütik landa, orotan txerkatü nizün, ez nizün ihon kausitzen, ertzo baten gisa nündüzün, ene bürüaz beste egiteko plantan. Apeza ordüz jin zitazün harmaren elkitzeko, Erromalat letera igorriko züala, ezkontzaren hausteko, eta emazte bat... Bena nik, Maienaren maitatzeko xedea baizik ez nizün, geroztik gizon-bakotx nüzü, laborantxan, Sarrikota Pean, eta orai...

      — Orai?

      — Nahi nikezü jakin Maiena bizirik denez, non bizi izan den eta haurrik üken düanez, ene lurren eta etxauen hari üzteko, sos amiñi bat ere ba düt bazterturik...

      — Ejerki! Zure ustez norat joan zen Maiena?

      — Ba zizün küsüna bat manexean. Donapaleu kantüan.

      — Xuberakoa? Donapaleun?

      Eskualde hartakoa nintzen. Han Züberoari Xubera deitzen zioten eta ardura aurkitzen ziren xiberotarrak Amikuzen kolokatuak. Arratsean, gainera, hara bideratzeko lehia nuen, Su ta Garren konzertura, eta Ameztoiren lana «erraz» eraman nezakeen, aldi berean «etxean» izanez. Ameztoi galanta zen, eta urrikiaren ildotik sortu zitzaidan giza-gaizoaren laguntzeko tiria gorria.

      — Akort! Maiena atzamanen deizüt, bizirik edo...

      — ...hilik! Erradazu pürü non den ehortzirik.

      — Bai.

      — Pakatuko zütüt ausarki.

      — Eiki —ahoskatu nueneko, gizona matoaren gainean zutiturik, trinkili-trankalaka karrikan trebes abiatua zen.

      — Ba düzüa telefonarik? —gibeletik oihukatu nion.

      — Ez! Ez deitazüet ezarri nahi, herriko plazarik hürrünegi nizalakoz, karioxe dela, eta...

      — Bon, aste bat emadazü.

      — Agian.

      — Baietz gizon! Dagün neskenegünean! Ostatü honetan!

      Inguru-mingururik gabe joan zen Meriaren aintzineko geldi-tokian zegoen bere Zetor daldarakariaren aldera. Ostatuko eguteran besoak balantzan geratu nintzen, bi «aferetaz» arduratzeko gomendioarekin. Mundu hau tristea zen: zenbaitetan pilik ez nuen eta noiztenka lanez gainezka. Egitekoer uztartuko nintzen ahal bezain bertan. Jeffenganako adiskidantzaz eta Ameztoi zaharraren urrikiz.

      Zazpiak et’erdiak ziren. Ekia kukutua zen arras. Eginbeharrak zerrendatu nituen. Kontzertura joanen nintzen beraz, aspaldiko partez ez bainintzen musika gogorra entzunez deplauki horditu. Kontzertua gaueko hameketan iragarria zenez, behialako eskolako adiskide ohia, Mailux, bisita nezakeen, hark agian espartin trafikoaz argituren ninduelako. Bidenabar, gozalabatzat neukan Xenkiri oparitxo baten erosteko denborarik banuenez galdezka nindagon.

      Bai.