Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

 

VII

 

Afalondoan betiko legez azaltzen saiatu da, baina ezohizko zerbait igerri dio Jexuxak. Egunerokotasunaren babesean ibili nahi hura... Axun izena duen abokatuarekin izandako harremana aipu txiki batean geratzea, besterik gabe, ez zaio oso normala iruditzen. Seme zaharrenak ere airean zerbait arraroa dagoela usnatu eta arduratu egin da giroa alaitzeko tailerreko pasadizo barregarriak-eta kontatuz. Bigarrena, ikaslea, oporretan da. Kalera irten da ia egunero bezala. Zaharrenak mutikoa hartu eta telebista dagoen gelara eraman du. Pelikula ona botatzen badute, ikusi, eta bestela punttuan edo eskoban jokatuko dutela esan die gurasoei.

      Senar-emazteak eseri egin dira ontziak garbitu eta lehortu ondoren. Kafe kikara ketsu bana daukate mahai gainean. Emaztea gizonari begira dago. Hau kafeari putz egiten ari da, burumakur. Jexuxak ezin du isiltasuna gehiago jasan.

      — Eta?

      — Eta zer?

      — Ez al didazu kontatu behar zer moduz Donostia alde horretan? Hogeita hamar egun soldatarik gabe ez da txantxetakoa...

      — Tira... paper guztiak-eta moldatu, egoera berriak zer kalte ekar liezadakeen aztertu eta... —Pedrok ez du nahi emaztea gehiegi kezka dakion, eta bihar goizean telefonoz hots egin ordez Donostiara joatea erabaki duenez, egia osoa handik itzuli ondoren kontatzea hobe dela deritzo—. Abokatu ona ematen du...

      Pedrok Axunek telefonoz hartutako azken deia kontatxi eta presaka nola irten beharra izan duen azaldu dio. Hurrengo egunerako telefonoz, huts egin gabe, dei egin diezaion enkargua eman diola azpimarratuz. Presako zerbait eta larri xamarra dirudienez.

 

 

Pedro isil-isilik jaiki eta sukalderatu egin da tila berotzera. Ezin du loak hartu. Tila ateratzen ari denean emaztea azaldu zaio.

      — Atera niri beste bat.

      Emazteak ea zer duen lorik ez hartzeko, galdetu dio, bueltaka eta jiraka sumatu duela-eta. Senarrak lasaitzeko, ez dela ezer.

      — Eta abokatuak, Axun horrek, zertarako esan ote dizu, ba, bihar hamarretan deitzeko?

      — Ez dakit. Baina zuk ondo dakizu ez zaidala gustatzen telefonoz hitz egitea eta deitu ordez Donostiara joango naiz. Lasaiago geratuko naiz.

 

 

Axun gaztearen etxera hurbiltzen ari den heinean bere garaiko Axunen begitartea datorkio. Bilbora bixita egin eta hilabetera ezkondu zen. Etxekoetatik Pedroren gurasoak bakarrik izan ziren ezteietara gonbidatuak. Harez gero galdu egin zuen Axunen arrastoa. Santander aldera joan omen ziren bizitzera eta Txistu-Txikineko Gabrielen familia ez zen gehiago Zumaian azaldu. Non eta nola bizi ote da orain Axun?

      Axun gazteak ez du betarik izan edo ez du kontatu nahi izan bere amaren lehengusin maiteari buruzko ezer. Esan diona baino askoz gehiago dakiela susmatzen du. Eta ezbeharren bat gertatu izan balitzaio? Tira, Axunengana doa, eta gaur ez bada epaiketa egunean edo beste batean galdetuko dio. Zerbait jakingo du. Bai. Hurrengoan elkarrekin egoten direnean Axun abokatuaren txanda izango da eta gorderik dauzkan sekretutxoak kontatuko dizkio.

      Senarra eta haurrekin egongo denez, Donostiara etorri beharra izan duela eta bidebatez ea atzo despatxoan ahaztuta utzi zuen paperaren kopiaren bat badaukan galdetuko dio. Eta barkatzeko molestia. Baina astelehenean lantegiko enpresa-komiteari erakutsi behar diola papera eta...

      Lasaitu motel! Dena ondo aterako zaik-eta!, dio bere artean.

      Inguruari buelta bat eman eta Axunen ezkaratze aurreko bestaldeko espaloira iritsi da. Ez daki, ez daki... Handik hiru mutilgazte ezkaratze inguruan dabiltzala dakusa: erlojuari begira, ondoko erakusleihoari so. Txakur usain apartekoa usnatzen hasi da Pedro. Ezin da geldirik egon! Arnasa sakon hartu eta bere etxera bailihoan zuzen-zuzenean doa ezkaratzera. Ondotik pasatzerakoan so iluna bota diote hiru mutilek. Zakur begirada nabarmena! «Aurrera motel! Orain ezin duk atzera egin. Ez diote ezer esan. Harrigarria! Igogailuan ez sartzea erabaki du. Eskailerak igotzen hasi baino lehen, ezkerretara betertzez bota du soa. Axunen buzoia txikituta dago!

      Pedro egun batetik besterako memoria galtzen hasia dago, baina iraganerako oso ona du. Xabin Legorburu... «Beginabar!». Kale erdian atxilotu ondoren erahil zutena! Baina garai hartan Axun oraindik nerabezaroan egongo zen...

      ¿A dónde va usted?

      — A mi casa. No estamos en democracia ¿O qué? —esaten ausartu da.

      — ¡Déjese de bobadas! ¿Vive en el cuarto?

      — No. Voy al ultimo piso —asmatu du azkar.

      — ¿Y por qué no ha cogido el...? ¡Venga! ¡Venga! ¡Rápido! ¡Rápido! ¡Arriba sin parar! Estos viejos... —bere lagunari.

      Laugarrengo ezkerreko atea begiztatu duen une berean atea ireki eta Axun eskuak atzera loturik hiru zakur artean ateratzen ari direla dakusa. Lipar txiki bat besterik ez da izan, baina euren begiek elkar aurkitu dutenean inoiz baino lotura handiagoz elkartuta sentitu dira. Etsaiez inguraturiko porlan eta burdinazko leku hotz hartan biak bakarrik dira bizidunak. Biak hunkiturik daude. Berehala begiratu dute behera, poliziek ez dezaten ezer igerri.

      — ¿Quién es usted y qué hace aquí? —haserre bizian buruzagia ematen duenak.

      — Voy arriba, a mi cas...

      — ¡Bermúdez! ¿Quién es el imbécil que deja a la gente subir y bajar? ¿Es que no he hablado claro o no entendéis el español? ¡Váyase! ¡Váyase de aquí! ¡Cagando leches! —Pedrori.

      Bostgarrenetik gora ganbarara daramaten eskailerak daude. Zakurrak Axunekin igogailura sartu direla dantzu. Non ote dira senarra eta haurrak? Ezin du zutik egon. Eskaileretan esertzean belaunak dardaraz dauzkala ohartu da. «Goizeko hiruretan atxilotu ninduten egun hartan bezalaxe!». Behin eta berriro Axun errepikatzen du. Elbarritua baino ezinduago aurkitzen du bere burua eta ezintasun hau amorru eta gorroto bihurtzen ari zaio astiro-astiro. Begiak itxi egin ditu arnasa luze hartuz sosegatu nahirik. Halaxe egon da denbora luzean. Begiak hertsita. Axunen irudiak datozkio irudimenera: hondartzan, despatxoan, zinean, musika plazan, egongelan zukua eskaintzen, gorririk modeloen eran jiraerdia ematen, despatxoan, ezpainak ferekatzen, ekaitza dastatzen, egongelan Txistuka dago trena kantatzen, nikia behetik gora kendu eta bular tenteen ikuskizuna eskaintzen, despatxoan...

      Zertxobait hobeto dago. Ezkaratzera sartu eta gora igotzea oso ondo egin duela deritzo. Bai. Ondo daki elkarri bota dioten begiratu hura oso baliagarria izango zaiola Axuni komisaldegian. Bakardade gogor, anker, bortxatu hartan helduleku txikienak ere izugarrizko balioa duela ondo baino hobeto baitaki. Zoritxarrez.

      Deblauki, isiltasun nabarmen batek denbora eta tokitik kanpoko espazioan bailegoen sentiarazi dio. Non nago? Beldurrez ireki ditu begiak. Isiltasuna. Bere arnas hotsa eta odolaren taupadak adegietan kolpatzen eta buru osoan oihartzun egiten dantzu. Mantso zutitu da, aguretuta balego bezala. Kalera behar du. Igogailuan sartzean eskaileretara irten diren auzoko guztien ahotsak datozkio belarrira:

      — ¿Qué ha pasado?

      — Bai, dirudienez poliziak eraman du.

      — Con lo maja que parecía.

      — Eta senarra eta haurrak?

      — ¡Fíate de la mosquita muerta!

      — Si quien mal anda...

      — Orain ere onena eraman dute...

      Kafetegian garagardoa eskatu du, beltza. Higikera mekanikoez paketea patrikatik atera eta txesterra piztu du. Zigarro bakarra geratzen zaio asteartean erositako paketetik. Komunera doa. Barneak lasaitu ondoren ispiluan so dagio bere buruari. Oso zurbil dago. Ur hotzez kopeta, begiak eta masailak freskatu, ondo lehortu eta matrailak atximurtu egin ditu kolorea etor dakion. Berriro eseri da. Inguruko jendea zurrumurruka hitz egiten ari dela iruditzen zaio. Aurreko ispilutik jendeari eta kalerako ateari begirada laburrak botatzen ari denean, aurpegi ezagun batean gelditu zaio soa.

      Kalean da berriro. Ez du uste txibatoak ikusi duenik, baina badaezpada ere hobe aldegitea. Handik urrutiratzen ari da, bizkor baina gehiegi nabarmendu gabe. Ez du burua atzealdera jiratu nahi, baina norbait jarraitzen ari ote zaion susmoa hartu du. Ezkerrera. Hura ere bai. Aurrera, azkar. Hura ere bai. Bidea gurutzatu. Hark ere bai. Ez du zalantzarik. Zakurren bat jarraitzen ari zaio. Badaki zer egin. Erakusleiho baten aurrean unetxo batean gelditu, zerbait ahaztu izan balitzaio bezalako itxura egin, jiratu eta berarekin aurrez aurre gurutzatuko da. Ea zer egiten duen.

      Han aurreraxeago dauka erakusleiho bat. Pentsatu duena egin du, jiratu eta... Mirari! Emakumearen keinuari jaramon eginez, biak erakusleihoari so gelditu dira une batean. Mirarik xuxurlatu dio:

      — Jarrai iezadazu gibeletik. Agudo!

      Oraingo honetan Pedro da jarraitzailea. Etxe bateko lehenbiziko solairura igo dira. Sukaldean eman dizkio argibide beharrezkoenak Mirarik. Militante bat zintzilik geratu eta atzo zalapartan Axunek jaso behar izan zuela bere etxera eramanez.

      — Gauez, ordea, nire etxea seguruago izango zelakoan etxez aldatu eta orain logelan ezkutatuta daukat.

      Baina etxe hura ere ez dela oso segurua.

      — Badakizu nire senarra non dagoen, eta neu ere kontrolpean egon naitekeelako arriskua dago.

      Atzo sortu zen ezusteko arazoa konpondu dela eta mutila handik ahal den lasterren atera behar dutela.

      Nora eraman behar duen eta kontrazeinua buruz ikasi ditu Pedrok. Kotxe bila joan eta behean ezkaratze aurrean geldituko dela instant batean.

      — Auto barruan adi egon. Ezin dugu denborarik galdu! —Mirarik.

      — Eta Axunen haurrak?

      — Haren aldameneko amona eskaini da laguntzeko. Dagoeneko senarraren gurasoen etxean egongo dira. Senarraren berririk ez dakigu.

      Ezkaratze aurrean gelditu bezain fite mutilgazte kaskamotz begibeltz bizi-bizia irten da. Anorak urdinaz jantzia. Eskerrak eguraldi iluna dagoen! Pedrok atzeko eserlekuan daukan gabardina dotorea jantzi dezala diotso. Hobe du horrela. Zizpan irten dira Donostiatik!

 

 

Axunen irria, begi kilikagarriak, barrealgara, tristezia, malkoa, arnasa, usaina, berotasuna, zalantza, hasperena, xarma, laztana, ukipena, ahots epel goxoa, soin zirraragarria, arrazointzeko argitasuna, maitatzeko ahalmena, sentiberatasun aparta, berezko dotoretasuna ikusten ditu, sentitzen ari da eta entzuten ditu irudimenean Pedrok. Gau beltzean marinel untziari babesa, aterbea eta norabidea ematen dion paoleko argia bailitzan, Axuni barnetik sorturiko amodioak distira lagungarri berdina aterarazten dio begietatik.

      — Ondo al hoa, gazte?

      — Bai, bai. Lasai.

      Euria hasi du. Lehenbiziko tantak autoaren aurreko kristalaren kontra kolpatzean, abuztuko arratsalde ekaiztsu miresgarrian galdu da Pedro.