Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

 

VI

 

«Gau nekagarri hura iragan ondoren, biharamunean eta hurrengo egunetan joan egin zitzaizkidan etorkizunaren laino beltzak, eta ez dakit zergatik. Oso baikor, umore onez, asmakor eta barre eragile ibili nintzen. Banekien hala jardutea Axunek eskertzen zidala, bera ere pozez gainezka ibili baitzen. Erabakior bihur zitekeen gau hartaz ahaztu eta pentsatu nuen oraina, unea, dastatzea zela egokien. Bestalde, erabakiren bat inork hartzekotan Axuni zegokiola uste nuen, uste izanik, ez dakit ondo ala gaizki, egokien zatekeela neu ahal nuen jatorren eta atseginen portatu eta etorkizuna Axunek xeda zezala. Beharbada jarrera erosoena zen nirea. Baina arazoa bere kabuz kanporatzen ez bazuen, nik ez nuen aipatuko. Plazaratzen lagun niezaiokeen, agian, baina inola ere ez, hala uste nuen behintzat, behartu eta epai gogor baten aurrean jarri. Hau da, zirt edo zart, batera ala bestera egin beharraren aitzinean bortxaz jarri.

      Gauetan ohean bakarrik nentzanean, aldian behin pentsatzen nuen, aldian behin bakarrik, gehiegi kezkatzeak arazoa konpondu ordez larritu zezakeelako, bi aukera edo irtenbide besterik ez zituela egoera hark: Axunek senargaia laga eta nirekin has zedila, ala, gurea maitasuna ez, lilura besterik izan ez zela aitortu eta senargaiarekin aurrera egin zezala. Baina diotsudan bezala, egunargiz ez nuen gai hori pentsatu ere egin nahi izaten.

      Beste bizpahiru aste ezti eta polit iragan ondoren, jadanik irailaren erdialdea hurbildu zitzaigun eta...->.

      Berriro telefono txirrina! Pedro Axuni so geratu da, isilik. Emakumea serio jarri da eta «Barkatu» esanez badoa telefonora. Pedro harriturik dago. Arraioa! Abokatu ofizioa berak uste baino eragozkarriagoa da. Etxean ere ezin trankil egon! Bera behintzat lantegitik irten eta berriro hara itzuli arte bere buruaren jabe da. Tira, jabe-edo... Itzuli da Axun. Kezkaren bat duela iruditu zaio Pedrori. Baina ez, berriro alaitu zaio aurpegia emakume ederrari.

      — Jarraitu, jarraitu Pedro. Adi-adi naukazu.

      «Ba, hori, esaten ari nintzaizun bezala, aste onak iragan ondoren irailaren erdialdea hurbildu zitzaigun eta, hain zuzen, nahiko garrantzia izan zuen ezusteko gertaera bat jazo zitzaigun. Ez natzaizu gehiegi luzatuko asper ez zaitezen eta oinarrira joango naiz zuzenean.

      Hilabete horretan nire urtebetetzea izaten da eta ospatzea erabaki genuen. Hondartzatik zertxobait goizago etxeratu, afalostean kafetegi batera joan, postrea txanpainez lagunduta hartu, kafea, kopa, zigarroak... Edariez txolinduta iritsi ginen musika plazara. Dantzasaio grinatsua egin ondoren atsedena hartzen ari ginenean, Axunen lehengo koadrilarekin ibiltzen zen mutil batek berekin dantza egin zezan eskatu zion. Neskak baietz. Baina galdu egin nuen nire hasierako lasaitasuna. Ez nituen ikusten plazan. Zigarroa erre... Bigarren zigarrokina ahoan nuelarik, inozoarena egiten ari nintzelako ziurtasuna izan nuen. Bikotea desagertu egin zen plaza eta inguruetatik!

      Bakarrik iritsi nintzen etxera, nire onetik aterata, gorrotoz beterik. Eta jeloskor guztiek bezala neure buruaz bakarrik gomutatuz, biharamunerako mendekuaz pentsatu nuen. Orain garbi esan dezaket Axunek askatasun osoa zuela nahi zuen legez jokatzeko, baina... Axuni jaramonik ez egitea erabaki nuen. Ezta aurpegira begiratu ere! Zer koño! Pentsatu eta egin.

      Hurrengo egunean nire kabuz ibili nintzen. Etxean Axunenganako betilun eta besteenganako alai. Arratsaldean inoiz baino goizago irten nintzen kalera. Bakarrik. Gaua iritsi zenean, jada etxean, afalostean nire ama sukaldetik egongelara hurbildu zitzaidan eta inguruko inork entzun ez ziezaion:

      — Axun negarrez ari duk. Bakarrik zagok sukaldean. Kasu egiok, pailazoa! —xuxurlatu zidan belarrira.

      Amaren aholkuari jaramonik egin gabe, zertxobait irakurtzen jarraitu eta berehala lotaratu nintzen. Ohean, gela ilun txikiko ezkerreko horman eta sabaian leihotik sartzen ziren portuko argiek eginiko itzalak islatzen ikustean, haurtzaroko eskolako urte ilunetako egonezinaz inguratuta banengo bezala, itzal haiek eragiten zidaten izu antzeko zerbait bersentitu nuen, ikaragarrizko larridura nabarituz urdailean eta sabelean. Egun guztian gogorrarena egiten jardutea alferrikakoa izan zitzaidan. Ezin nuen gehiago jasan Axun gabe!

      Atea apropos zirrikituan irekita utzi nuen, Axun oherakoan handik pasatzerakoan hots egin niezaion. Etxeko denak lotaratzen sumatu nituen. Eta Axun...? Non ote da? Bakarrik ote dago, niri itxoiten? Jaikiko ote naiz? galdetzen nion nire buruari. Halako batean, oso isilik, ate aurretik igarotzen ari zela erdikusi nuen.

      — Axun! —deitu nion emeki.

      Axun ate parean geldi, egun berezi hartan bezala, zalantzaren dindanean zebilela nekusan.

      — Zatoz.

      Deia entzun zuenean barrura sartu eta ohe ertzean eseri zitzaidan hitzik gabe. Sorbaldetatik bi eskuez heldu eta, beharbada nitasuna minduta nuelako, edo norberak bere burua den baino hobea ikusten duelako, edo ez dakit zergatik, baina:

      — Gaiztoa zara —esan nion.

      — Eta zu zer? —erantzun zidan nahigabetuta eta erdi zotinka—. Egun guztian piztia banintz baino okerrago tratatu nauzu. Nor zara zu horrela jokatzeko?

      — Xiii! Isil gaitezen —erantzun nion nire eskua bere ezpainetan jarriz—. Arrazoi osoa duzu.

      Bai. Eta benetan ari nintzaion. Dena garbi ikusi nuen supituki. Ona ala gaiztoa izatea oso subjetiboa zen. Era batera ala bestera jokatzeko norberaren arrazoiak bestearen oso desberdinak izanda ere, zein zitekeen nor jokaera bat epaitzeko?

      Mutu, niregana erakarri eta besarkatu egin ginen. Axun orduan nire gainean leun etzan zen. Une haiek... Nire bizitzako goxoenak izan direla uste dut. Biok hunkituta, pozaren pozez negar egiteko zorian... Ez daukat hitzik eztitasun xarmant hura kontatu ahal izateko. Elkarri min eman izanaren damuarekin batera, berreskuratutako paradisu galduan baikeunden, zorionez lehertzear. Eta bateginda egote hark hitz debekatuak esatera animatu ninduen, osatzen genuen triangeluari aurre egitera alegia. Agian, haragiak agintzen zidanari amore eman banio... Baina ezagutzen nuen bide bakarra aukeratu nuen. Adorez bete eta galdetu nion:

      — Axun. Eta orain zer egingo dugu? Zuk, nik eta...

      — Xi! Ez hitz egin —erantzun zidan niri besarkatzen jarraituz.

      Baina une hartan isiltzea koldarkeria iruditu zitzaidan. Zerbait esaten hasi nintzaion, baina Axun itzulian zetorren:

      — Begira Pedro —esan zidan—, etzi datorkit senargaia. Hiru edo lau egunetan berarekin ibiliko naiz eta azken eguna iristerako arazoa konponduta egongo delakoan nago. Ez nazazu estutu. —Eta isilune labur baten ondoren:— Zergatik ez dugu gure adiskidetzea bihar ospatzen?

      Baietz erantzun nion. Baina zalantzaz beterik nengoen. Berriketa gehiegi eta garaiz kanpo egin ote nuelako ezbaiak hartu ninduen. Adiskidetzeak ematen duen irekitasuna eta berotasuna gutxietsiz, pasioz beterikoa izan zitekeen gau maitagarria berriro lanbrotu eta bisustu ote nuen? Taosa artean galduta dabilen arrantzalea sentitu nintzen. Ai babua! Nobioaren gaia beste une baterako utzi banu!

      Axun ohetik jaiki eta ondo lo egin nezala opatu zidan. Niri bizkarra emanda aterantz zihoala, soinean ematen zion moilako argi motelak paretean islarazten zion itzala ikustean, beste dimentsio bateko irudi iheskorra bailitzan azalduz, halako korapiloa eta egonezina sorrarazi zidan barnean, non ziurtasun osoa izan bainuen Axunek, ate ireki ondoko itzal hark bezala, nire bizitzatik ihes egingo zidala. Desagertu egingo zitzaidala! Sukarrak eldarniatuta bainengoen, larrimin urdurigarriak meneratu ninduen «Axun!!» ozen eta kezkatua eztarritik ateraraziz.

      — Baina Pedro, zer duzu? —itaundu zidan atetik.

      — Ez zaitez joan! Egon gaitezen elkarrekin! Beti elkarrekin!

      Hurbildu zitzaidan eta ama batek bezala muxu labur bat emanez sosega nendin erregutu zidan. Edo ez zuen nire larritasuna antzeman edo ez zion garrantzirik eman... Dena den, amatasunez beteriko laztanak lehen baino okerrago laga ninduen. Joan egingo zaidak! Joan egingo zaidak! errepikatuz hartu ninduen loak».

      Pedrok kontakizuna etenik gabe jarraituko duela agindu arren, ezin du segi. Iraganeko zarrasta itogarria bezpiztu egin zaio. Itzuli laurdena emanez gora begira geratu da. Mutu. Axun gazteak, kezkati, ia jolasa bezala eta jakingogoan oinarriturik hasi duen harreman hura ezusteko bideetatik barrena doakiola dakusa. Aurrera doan heinean kontakizunaren barruan sakoneratuta aurkitu da, eta, areago, bere iragana indarrez pizten ari zaiola sentitzen du. Begi urdin horiek... Eta hala ere zerbait egin nahiko luke gizon sentibera hura alai dadin.

      — Trankil Pedro. Begira nazazu. Hemen gaude. Zurekin nago. Axun.

      Pedrok burua jiratu eta irribarre ilunbetsu batez ondoan daukan ama ederrari diotso oso polita dagoela begi ireki haiekin, zer entzungo, haur baten antzo. Segituan amaituko duela.

      Axun gaztearen aurpegiak eta soak kemendu egin du.

      «Egun biribila izan zen biharamunekoa. Donostiara joatea erabaki genuen. Zazpi t’erdietako zinera joan aurretik Kontxan bainatu, eguzkia hartu, paseatu, etengabeko berriketan jardun, oso pozik biok. Eta zinea ikusi ondoren ordu hartan trenik ez zegoenez, taxian itzuli ginen. Taberna koxkor batean afaldu. Paol muturrean etzanda izar ezagunak zenbatu...

      Baina hurrengo hiruzpalau egunak luzeak eta trumoitsuak agitu zitzaizkidan. Axun senargai ofizialarekin zebilen eta ni... nire lagunengana itzuli nintzen.

      Hamaika adarjotze jasan behar izan nuen. Batez ere aspergarri plasta batengandik. Hitzetik hortzera, eta Jesukristoren itxurak eginez, esaten baitzidan: «Zorionekoak vikingoak, gezurrezko adarrak baitaramatzatek Laguna izan ez banu txikituko niokeen aurpegia! Axun, aitzitik, bazirudien nirekin topo egiteko beldur zela, etxean ez nuen-eta ikusi ere egiten eta kalean behin bakarrik eta urrutitik. Honela, ba, iritsi zen azken eguna.

      Etxean betiko lekuan nengoela, Axun ilunabarra baino zertxobait lehenago etxeratu zen esanez senargaia apopilo zegoen ostatura joan zela, Bilbora itzuli aurretik maleta jasotzera eta berari gauza bera egin zezala eskatu ziola. Une hartan jakin nuen Axunek ez zuela senargaiari ezer esateko adorerik izan. Koldarra!, pentsatu nuen. Baina begietara so egitean ikaragarrizko larrialdian zebilela igerri nion.

      — Eta? —galdetu nion.

      — Ez dakit. Ez dakit! —esanez bere burua logelan ezkutatu zuen.

      «Hau joan duk pikutara!» hortzartetik botaz, artega, odolestu irten nintzen balkoira. Txester bat iziotu eta, grinati, trakada bat bestearen atzetik ari nintzelalarik, kaletik zehar automobil bat zetorrela ikusi nuen. Balkoipean gelditu eta hiru bozinakada jo zituen. Lehiakidea zen. Atzera egin nuen ikus ez nintzan. Denbora labur baten ondoren Axun gelatik irten eta eskaileretatik behera zihoala antzeman nuen.

      Ez nuen behera behatzeko kemenik izan, ezta balkoian geratzeko indarrik ere, ziurtasun orok aldeginda «urak dakarrena urak zeramak» nire buruari esan nionean.

      Barrura sartu eta zumezko siloian eseri nintzen. Zigarrokina ezpainetan. Kea sar ez zekidan begiak erdi itxirik. Kalean, zenbait haur kukuka ezik, ez nuen ezer gehiago aditu. Udazken usaineko arrastiria... Burmuina totelduta, geldotuta bezala neukan. Ia pentsatzeko ahalmenik gabe. Amesgaizto baten erdian bainenbilen, ezin nuen gertatzen ari zitzaidana sinetsi. Beheko autoa martxan jarri eta aldegite hotsa aditu nuen... Beste zigarro bat piztean txiskeroa dardaraz neukan. Erraietatik gora ukabil antzeko zerbaitek buruan jo eta ikaragarrizko mina sortu zidan. Axun senargaiarekin joan ote zen beldurrak ezinduta nindukan.

      Derrepente, eta ezustean harrapatuz, kaleko atea aditu nuen, eta hurreratzen ari zitzaizkidan urrats hotsak. Nor...? «Itzuli egin naiz» esanez egongelako atean azaldu zitzaidan Axun, irribarre goxo bat zuela lagun. Axun... Axun! Ez nion besterik esaten nire buruari. Erdi zutzunduta jaiki nintzen. Bi eskuez aurpegia heldu eta:

      — Esan al diozu? —galdetu nion.

      — Ez —erantzun labur bezain beldurtiak ingudea eta mailuaren arteko burdina bezain laututa utzi ninduen.

      Eta haserre biziz, nire onetik aterata, odola irakiten sentituz:

      — Baina zer arraio ari zara egiten!? Jolasean zabiltza ala zer demontre pasatzen ari da hemen! —garrasi egin nion.

      — Lasai zaitez, dena konponduko da-eta.

      Senargai gizagajo hari kolpetik egia esatea oso gogorra egin zitzaiola, ahulegia zela horrelako zartakoak jasateko! Udazkena eta negu osoa zuela piskanaka-piskanaka azalduz senargaia egiaren jabe egiteko. Gainera, pena ematen ziola eta...

      Nik blausta moztu nion esanez errukian oinarrituriko maitasuna ez zela urrutiegi joango. Horrelakorik ez egiteko! Hobeto pentsatzeko zertan ari zen. Axunek nare nendin errepikatzen zidan. Udaberrian dena konponduta egongo zela... Eta gero, oztoporik gabeko etorkizuna aitzinean genuelarik, gutun bat igorriko zidala zenbait egun pasatzera Bilbora gonbidatuz.

      — Itxoin nazazu udaberrira arte, Pedro!

      Baina azken hitz hauek txoke egin zuten jadanik bion artean sortua zegoen zalantzaren aurka. Gure maitasunaren untzi dotore eta xahuak udaberria baino lehen haitzadia jo eta erabat hondoratuko zela argi aurrezagutu nuen. Eta orduan... orduan urguritasun eta fintasun guztiak nire kontzientziatik at jaurtikiz, zintzotasun guztiak ahantziz, etsipenak menderatzen ninduela eta kaiolaturiko piztia baino ernegatuago eta urduriago bilakaturik, Axun gogor estutu nuen beso artean, ezpainak ezpainen kontra indarrez josiz! Axunek, aztoratu samar baina oreka galdu gabe, ahizpa txikia eta nebak laster azalduko zirela eta bere logelara jarrai niezaiola esan zidan.

      — Baretu zaitez, arren!

      Zer baretu eta zer baretuondo gero! Logelako atea barrutik itxi eta, uhin haserrea bainintz, alkandora bortitz urratu nion atzapar baldarrez. Nire onetik aterata, bularretakoak ere atzealdetik puskatu edo ez dakit zer egin nion. Aurrean azaldu zitzaizkidan bular mardul tente zoragarrien titiburu zirats arroxa kolorekoek horditu egin ninduten eta, pasio grinatsuaren amildegitik oldartzear nenbilela.

      Axuni begira geratu nintzaion unea probetxatu zuen itxaron nezan erregutzeko.

      — Neronek kenduko ditut arropak...

      Egitera nindoan zabarkeriaz jabetuarazi zidan Axunen erabaki hark. Axunek pittinka-pittinka alkandora irekia, gonak, kuleroak kendu zituen. Amaitu zuenean ohe ertzean lotsati, uzkur, behera begira eseri zen. Hura gorputz eder leuna! Txundigarria! Aurpegira so egin nionean bi malko lodi masailetatik behera zihoazkiola ikusi nuen. Ai inozoa! Kirtena! Zerri madarikatua! Baina zer egin behar huen! Zer egin duk!, errepikatzen nion neure buruari. Aitzinean belaunikatu nintzaion, eskuak bere belaun gainetan ipini eta:

      — Barka nazazu. Banoa, Axun. Barkatu arren. Jantzi zaitez —esan nion.

      Baina zer nolakoa izango zen nire harridura, irtetzear, ateko krisketa eskuan nuela gibeletik besarkatuz «Ez zaitez joan. Ez oraindik» esan zidanean! Buelta erdia eman eta gorputz maite biluztua besarkatu nuen. Ai... besarkada berezia izan zen hura. Axunek ez aldegiteko eran hartu ninduen irekitasun osoz. Hitzez esan ez zidana, edo ausartu ez zena, bazirudien ekintza maitade eta uxter haren bitartez adierazi nahi zidala. Ahoa ene belarri ondoan zeukan eta halako xamur errepikatu zuen «Pedro!» birritan, ezen ziurtasun osoa izan bainuen hautaketa jada egina zuela. Bai, benetan maite ninduen!

      Ziur naiz, une hartan parada izan bagenu maitasuna xamurkiro, ekuru, egingo genukeela. Baina Axunek ama adi zeukala, ez zela tuntuna eta laster azalduko zitzaiola xuxurlatu zidan belarrira. Banekien bion arteko azken agurra zela hura, biharamun goizean familia osoa Bilbora zihoan-eta. Pixka bat apartatu eta esan zidan:

      — Begira nazazu.

      Lauzpabost urrats eman zituen atzeraka eta modeloek egin ohi duten antzera jirabira alai eta guztiz dotorea eskaini zidan bere soin ederra mirets nezan. Berriro sualdiak heldu ninduen, baina oraingoan zirrara beratz handi batez nahasirik.

      — Zoaz amak harrapa ez gaitzan —ahoskatu zidan, eta nigana hurbilduz bere mailubizko ezpain mamitsuez ferekatu zituen nireak.

      Sakon hartu nuen arnasa.

      Une hartako usain bereziaren antzekorik ustekabean etorri izan zaidanean, oraindik halako dartada egiten dit, non nire burua ezkutatu egin behar izaten baitut inork ikus ez nazan hain nirea den iraganeko negarzotinen mugako sentikizunetan galduta...

      — Bihar arte, ondo lo egin. Idatziko dizut Bilbotik —esanez emeki bultza ninduen gelatik kanpo.

      Burutik oinetara hunkiturik, zirraren arranpak zorabiatzear, berotasunak harrapatuta, pasilotik sukalderantz itzelezko aitzurra bainuen dinbili-danbalaka harraskara ailegatu eta ur hotzez busti nituen aurpegia, burua, lepoa eta eskumuturrak.

      — Zer duk motel, surik gabe odola irakiten ala? —adarjotzaile aitak.

      — Utziozu bakean —amak—, nahikoa badu-eta berekin.

      Eseri eta egunkari atzean ezkutatu nuen neure burua. Gurasoek bakean utzi ninduten. Afalondoren irakurtzen ari nintzen nobela hartu, nire logela txikian sartu, ez nintzaten zirikatu atea ondo itxi eta ohean etzan nintzen. Udatiarren gora eta behera, hemengo buila, hango agindua, errietak, barreak entzuten nituen handik.

      Biharamun goizerako dena prest eduki nahi zuten eta, familia guztietan gertatzen den bezala, lanerako ohitura zutenek, Axun eta bere amak kasu honetan, hamaika ahalegin egiten ari bide ziren besteak ere euren eginbeharretara jarri ahal izateko.

      Kalean haize hozkirria, udazkenaren auzokide, nagusi izan arren, niretzat gau hura beroa, sargoria, ia kiskalgarria eta luze, oso luzea agitu zitzaidan. Udaberrian zer jazoko ote zitzaigun pentsatzen, nire burua Bilbon nekusan Axuni bixita egiten, egun zoriontsuak berarekin pasatzen... Zine-aretoetan, kafetegietan, Zazpi Kaleetan, Artxandan, gauez Doña Kasilda Parkean biok elkar maitatzen... Baina pentsamendu hauek Axun denbora luzean ez nuela ikusiko gogorarazten zidaten. Udaberrira arte ezin ikusi. Horrek urduri ipini ninduen eta Axun biluziaren irudia zekarkidan. Axun biluzik! Ezin izan nuen irudi hura burutik inolaz ere ezabatu».

      Zati hau kontatu ahala berotzen hasi da Pedro. Gau hartako Axun biluztuaren irudia gero eta gardenago ikusten ari da, barnetik jaiotako indar berritzailea sorraraziz. Axun gaztea hitzik gabe aldamenean sentitzean iragana aitzinean daukala iruditzen zaio, batez ere begitarte sotil hura, amodio zaharraren bedin-berdina, ia konturatu gabe eskuaz losintzen hasi denean.

      — Axun! —diotso ama gazteari ezpainak ferekatuz, iraganeko Axun maiteak malubizko ezpainez berari egin izan zion bezala.

      Axun gaztearen senak garbi ikusarazi dio zer norabide hartu duen uda eder hura zuzpertu nahiko lukeen jada adiskide baino gehiago sentitzen duen Pedroren desirak. Maiteki orbandu nahiko lituzke gizonaren barnean, nahigabe, kontakizunak ireki dizkion zauriak, baina ez daki horretarako gauza izango den. Kontaketak, eta batez ere kontalariaren begiek, barnean oso ezkutuan zituen sakailak ireki dizkio.

      Axunek gizona naretu nahi zuen, baina bera da lasaitasuna behar duena. Begiak hertsi eta daukan indar guztiaz besarkatu du Pedro. Honek Axuni zerbait berezia gertatzen ari zaiola igerri du. Bera bezain babesgabe sentitzen dela sumatu du. Honi ere iraganeko oihartzun hitsen bat berpiztu ote zaio? Bi esku ahurrak ipini dizkio masailetan eta muxu bana damakio begietan.

      — Lasai begibeltx...

      Pedrok hau esan besterik ez du egin, ohartu denean Axunen gorputza, hilotza legez, gogortuta eta arnasik gabe geratu dela. Hitz haiek eragin ikaragarria izan dute Axunengan. Norbaitek begibeltx esaten ote zion? Bigun besarkatu du emakumea naretu nahirik.

      — Lasai, lasai... Axun. Kontatu nahi al didazu orain zure...

      — Ez. Ez. Hobe gerorako uzten badugu.

      — Edan ezazu freskagarria —Axun edaten ari den bitartean emakumearenganako sentiberatasun berezia indartzen ari zaio Pedrori. Ondoan duen Axun zoragarriak ere galdu egin ote zuen bere maitea?

      — Zure jakinmina asetzeko izen bat besterik ez dizut esango: Xabin Legorburu zuen izena —Axunek burumakur.

      Xabin Legorburu? Ezagun egiten zaio. Ez da ondo oroitzen. Gertaera zaharren bat...

      — Pedro. Oraindik... oraindik ez da nire txanda —Axunek ahal duen bigunen—. Zer gertatu zen gero? Horrela... horrela amaitu al zen zure istorioa? Joan al zinen Bilbora?

      Emakumeak eskaini dion txesterra piztu eta iraganari begira jaurti du lehenbiziko trakada. Txesterren usain berezi hura...

      «Azkeneko gau luze hura, Axunen irudi biluzia nekusan hura, ia esna iragan nuen. Bi ordurako bakarrik hartu ninduen loak. Sei t’erdietan jaiki eta sukaldean kafesnea berotzen ari nintzelarik, pauso hotsak aditu nituen korridoretik. «Azkar zabilek ama gaur» pentsatu nuen.

      — Egunon —agurtu zidan Axunek kamisoiaren gainetik bata mehe bat zeukala.

      Ilea narrasturik, begizulo nabariak (loak hartu gabeko gauaren ondorioa seguraski) eta aurpegia garbitzeke eduki arren, zeinen polita zegoen!

      — Komunera jaiki naiz eta bidebatez agurtu egin nahi zintudan.

      Ez zeukan ezer argitu beharrik. Neure aurrean egote hutsarekin pozez sentitzen nintzen. Mahaian ondoan eseri eta, biok sentitzen genuen samina baztertu nahirik, egunerokotasun itxurako berriketaldia hasi genuen. Nik, hurrengo astetik lantegian ordutegi normalean hasiko ginela. Arratsaldeko zazpiak arte. Axunek, Bilbora iritsi bezain laster etxean sukalde berri bat jarri behar zutela eta nahiko lan izango zuela.

      Ez genuen pentsatu ere egin nahi haiek zirela elkar ikusi gabeko denbora luze baten aurretiko une laburrak. Ez dakit zergatik, baina azkenak izan zitezkeen beldurra sartu zitzaidan. Erlojuari begiratu nion. Zazpiak hamar gutxi. Hitzak alferrikakoak ziren jada. Jaiki egin nintzen. Axun aitzinean nuen nirekin batera jaikita. Neska ederra zen. Begiak parez pare genituen... Egunsenti jaioberriaren lehenbiziko txorien txorrotxio bakartiekin batera leiho zirrikitutik haize hozkirriak hotzikaraldi batean astindu gintuen. Eta elkarrengandik banandu behar hark besarkada indartsu batean lotuarazi arren, hotzikaratik izualdi koldar batera pasa ginen. Etsipenez beteriko itxaropena? Banantzearen beldurra? Zerbait okertuko zitzaigulako ziurtasuna aurrez igerri biok? Ez dakit.

      Besarkada hura betirako gorde nahi baikenuen halaxe egon ginen. Indarrez. Isilik. Banandu nahi ezik... Gurasoen gelako iratzargailuak non geunden jabetuarazi zigun arte.

      — Ez iezadazu atera lagundu. Gelditu zaitez hemen.

      Azken so urduria botaz, lapur batek bezala ihes egin nuen. Axunen azken irribarre goibela nekusan... Kalerako atea bizkarrean itxi eta polizia atzetik bailetorkit jaitsi nituen eskailerak zalapartan. Ez zaizkit azken agurrak gustatzen.

      Kaleko haize hotzak geldiarazi ninduen. Txamarraren lepoa altxa, eskuak patriketan sartu eta gero eta handiago nuen burukominez iritsi nintzen lantegira.

      Nire bizitzako tristeena izan zen udazken hura. Lagunekin betiko legez ibiltzen saiatu nintzen, baina txiste kontalaritzan, txantxetan, ez nintzen lehengoa. Nik hala nahi gabe ere burura beti kanta bera etortzen zitzaidan: Quinientas millas erdaraz, Txistuka dago trena bezala ere ezagun zena, Axunek kantatzen zidana.

      — Baina zer arraio egin diate Pedro? Alaitu ezak aurpegi luze hori —esaten zidan Xabier adiskideak.

      Hutsune ikaragarria sumatzen nuen barruan eta, hori gutxi balitz, etorkizun zoriontsuaren ziurtasunik eza. Eskerrak enlaze sindikalen hautaketak zirela-eta galtzak bete lan izan nuen. Ezkutuko bilerak, lantegiak nola uztar genitzakeen denak batera ibili ahal izateko, eskaera-plataforma baterakoi bat aurrera eramateko zer egin genezakeen, eskualdeko beste herrietako langile mugimendu klandestinoarekin harremanetan jarri...».

      Berriro telefono nazkagarria! Nahitaez abokatu oso ona izan behar dik Axunek! Hainbeste bezero edukitzea ere! Edo, despatxotik ari ote zaio idazkaria? Ez. Ezin liteke. Etxera ez hots egiteko esango zioan. Zergatik ez ote du telefonoa desesekitzen? Horixe esango zioat berriz deitzen baldin badute. Zer arraio gero!

      Axunek telefonoa eseki du. Baina eskuetan hartu du berriro.

      — Unetxo bat besterik ez, Pedro —diotso gizonari.

      Norbaiti enkarguren bat eman eta amaitu du. Badatorkio Axun sotila bere ibilera kulunkariaz. Beste zerbait pentsatzen ari bailitzan eseri zaio aldamenean. Beste leku batean dago. Baina bere onera etorri da.

      — Barkatu Pedro. Barkatu, izan ere...

      — Lasai Axun. Trankil. Ala, zatoz honantzago.

      Biak kuzkurturik elkarri so daude. Pedrok eskutik emeki heldu eta Axunek eskuaren laztana onartuz goxo estutu dio.

      «Gabonak iritsi ziren eta egun haiek ondo igaro genitzan opatuz bi tarjeta hartu genituen etxean. Bat Axunen amarena, denen izenean eta gu denontzat. Bestea Axunena. Niretzat. Gutun itxi baten barruan. Euskaraz hitz egin arren, geure hizkuntzan analfabetoak izanik, erdaraz idatzita zegoen. Tarjeta hura orain bizi naizen etxean egongo da ziur aski. Bai. Uste dut ezkonberritan ganbarara altxa nuela beste trepeta zahar batzuekin. Buruz dakit ziostana:

 

      Caisho Pedro:

      Te escribo para felicitarte por estas fiestas y para decirte que este verano pasado ha sido uno de los mejores de mi vida. Recibe un abrazo y un beso muy fuertes de tu amiga que te quiere mucho y te desea en estas Navidades, y en el futuro, todo lo mejor de este mundo.

      Felices Navidades y un próspero Año Nuevo.

      Ashun

 

      Idatzia nahiko arraroa zen. Konpromezuzkoa balitz bezalakoa. Zergatik esan bizitzako uda onenetakoa izan zitzaiola? Ez al zen izan ba onena? Baina gehien kezkatzen ninduena zera zen: Zergatik opatzen zidan etorkizun onena? Ez al genuen, ba, biok batera eraiki behar etorkizun hura?

      Eskuetan tarjeta jira eta bira bueltaka nerabilela, berehala aurkitu nuen idatzi tankera haren zergatia. Adio antzeko zerbait zeukan eta askatasunik gabe eginiko gutuna zen. Amaren aurrean idatzia izan balitz bezala. Baina zergatik? Beno, hala bazen zalantzarik gabe beste gutun bat igorriko zidan, behar adinako luzea, dena argi eta garbi azaltzeko. Baina eguna joan, eguna etorri eta ez zen Axunen gutunik inondik azaltzen. Eguberrietako festak pasa, urtarrila amaitzear, eta ezer ez! Behin baino gehiagotan luma eta paper atzean jarri eta idazten hasi nintzaion, baina lerro gutxi batzuk izkiriatu orduko papera mila puska egin eta ernegaturik jaikitzen nintzen. Pentsamenduak bor-bor etortzen zitzaizkidan eta ez nintzen gauza pentsatzen nuen laurdena idazteko ere.

      Bilbora joatea erabaki nuen.

      Ekainean hartu behar nituen oporren kontura aurrez astebete lantegian eskatu eta Santa Ageda biharamunean —ondo gogoratzen naiz bezperan santaeskean halako lakaina harrapatu nuelako— Bilborako gertu nengoen.

      Nire gelan nenbilen, amaren laguntzaz, maleta txiki bat prestatzen. Barruko mudak, bizarra mozteko aitzurra, xaboia eta brotxa, bi fraka pare, elastikoak, nobela bat.

      — Hau eramazak, hori ahaztu gabe, hau ere eraman —ziostan amak etengabe.

      — Baina ama —esan nion—, ematen du zeu zoazela Bilbora eta ez ni.

      Larritasun antzeko zerbait igerri nion begietan. Egin behar nuenak etxeko guztiontzat ikaragarrizko garrantzia bailuen. Hurbildu zitzaidan eta leun baina irme bota zidan:

      — Hoa eta ekartzak neska hori etxera.

      — Baina zer... zer ari zara ama? —erantzun nion, hura zergatik ziostan ulertu ezinik.

      — Egin ezak zerbait. Orain. Bestela betirako galduko duk-eta —esan zidan.

      Ez nuen amari erantzuteko hitzik aurkitu. Aita lantegian eta anaia-arrebak eskolan, biok bakarrik geunden etxean. Kalerako atean agurtzen hasi nintzaion, baina beheraino lagunduko zidala eta ezkaratzeraino jaitsi ginen. Han, muxu eman zidan aspaldiko partez.

      Trenean, Bilborako bidean behin eta berriro etortzen zitzaizkidan amaren hitzak. Ama baten intuizioa? Ez, seguraski irailean, Bilbora aldegin bezperan, Axunekin bakarka hitz egingo zuela pentsatu nuen.

      Aurrez telefonoz hitz eginda bezala, Iñaki lehengusua Atxurin zain neukan. Bere etxerako bidean Barrenkale-Barrenan bermut bana hartu ondoren, nire bixitaren zergatia azaldu nion. Axunen etxera hurrengo goizean joatea hobe zela-eta, haurtzaroko gure leku maiteenak berrikusi genituen arratsalde osoan. Lehen bezala zegoen ia dena, eta horrek asko poztu ninduen.

      Biharamun goizean dutxatu, bizarra ondo-ondo moztu, neuzkan fraka, jertsei eta txamarra dotoreenak jantzi eta Axunen etxerako bidea hartu nuen. Honen aitari negozioak oso ondo zihoazkiola zirudien, etxez aldatu baitziren udazkenean. Orain Gran Vian bizi ziren. Urduri nengoen. Goian, laugarren eskuineko txirrina jo nuenean, barrutik «Marisol, abre la puerta» entzun nuen. «Hanka sartu ote diat», pentsatu nuen. Baina ez, ezin zitekeen. Patrikan erabat ximurtuta neukan mila bider irakurritako Gabonetako gutunazalak argi eta garbi jartzen zuen helbidea.

      — Zer behar duzu, mutiko? —itaundu zidan neskamez jantzitako emakume argal txiki batek.

      — Axun etxean al dago? —galdetu eta haren ama agertu zitzaidan.

      Kortesia handiz eraman ninduen egongelara. Ea nolatan nengoen Bilbon eta abar hasi zitzaidanean, tailerretik bidalita zenbait lan begiztatzera etorri nintzela bota nion. Bidenabar bixitatxoa egitea otu zitzaidala, otu bakarrik ez, bi familien arteko harremanak hain onak izanik, bai kortesiak eta bai lagun izateak hala agintzen zidala eta...

      — Axun ez al dago ba etxean? —garrantzirik gabeko galdera bat bezala bota nion.

      Josefinak, Axunen amak, hotz begiratu zidan ni han egoteak oztopo egingo bailion.

      — Bai, etxean dago, baina —desenkusatu zen— ez dabil oso ondo. Gau osoa botaka jardun du eta une honetan loak hartuta dago. Bazkal ordura arte ez dut itzartuko...

      Ni zain egon nintzaion ea bazkaltzera gonbidatzen ninduen, baina jada lehorrak iruditzen zitzaizkidan ezpain haietatik halakorik ez irtetean, esan nion arratsaldez berriro agertuko nintzela Axuni bixita egitera. Josefinak berriz ezetz, arratsaldetik Axunek eta biek Durangora joan beharra zutela eta hurrengo egunean ere kateatuta zegoela, alaba medikuarengana eramatekoa zelako.

      Garbi zegoen ez zuela nahi bere alabarekin egon nendin eta ezta ere hitz egin niezaion. Haserretzen hasi nintzen. Hura ez zen merezi nuen tratua! Egoerari aurre egitea erabaki nuen eta, barnetik artegatasunaren dardarak harrapatuta egon arren, zutitu eta ozen azaldu nion Axunekin egotea asko gustatuko litzaidakeela, hainbeste zor zidatela eta esan ziezaiola etzi arratsaldeko lauretan bere bila joango nintzaiola. Gaixorik bazegoen etxean egongo ginela eta bestela parketik-edo bueltatxo bat egingo genuela. Emakume dotore tente hark eskaileretara lagundu eta igogailu ate parean jaurti zidan lehor:

      — Nik ezin dizut ukatu nire alabarekin egon zaitezen, «lagun minak» zarete-eta. Baina zuk ere ez ezazu ahaztu orain diotsudana: hau ez da Zumaia.

      Iñakiri kontatu nionean, atsoak epaitza gogorra bota zidala ziostan.

      — Ez diat esango jai daukaanik, baina badaezpada ere ez ezak ilusio gehiegirik egin.

      Nik ezetz esaten nion, ez zuela ezagutzen nolako indarra zuen gure arteko maitasunak eta dena ondo aterako zela. Baina hau nioen ahala zalantzetan erori nintzen berriro. Eta gurasoak gure maitasunaren kontra balitu? Zumaian ez zirudien, ba, kontra zeudenik. Areago. Gabrielek txantxetan bere alabatxoak Zumaian bizitzen geratu beharko lukeela esaten baitzion sarritan nire aitari. Gabrielek begiko ninduen. Eta Josefinak? Begitan hartu ote ninduen, ba?

 

 

Azkenean iritsi zen eguna. Laurak puntu-puntuan jo nuen txirrina. Axunek berak ireki zidan atea. Begiz-begi geratu ginen. Geldi. Urduritasuna igerri nion. Ni antsiaz beterik. Bakarrik geundela esan zidan. Laztan labur bat eman genion elkarri. Gainditu egiten ninduen besarkatzeko, laztantzeko eta muxukatzeko gogoa eduki arren, Axun nire bizitzatik ihes egiten ari zitzaidalako sentzazioak geldiarazi egin ninduen.

      Egongelan elkarren ondoan eseri ginenean konturatu nintzen Axun ez zela udako neska bera. Pixka bat gizenxeago, emakume heldu itxura handiagoarekin eta begi haiek... Begizulo nabarmenak zituen, gorriak, malko asko isuri balute bezala. Kezkatzen hasi nintzen.

      — Zer duzu? —galdetu eta izua eta oinazea nahastuak ikusi nituen begi haietan.

      Udan Axun senargaiarekin betirako joan zitzaidala uste izan nuen dartada bera nabaritu nuen barruan. Beso artean hartu eta, betirako urrutiratuko zitzaidan beldurrak harrapatuta, masaila masailaren kontra indarrez besarkatu nuenean negarzotin batek ihes egin zion Axuni. Aurpegira begiratu nion. Ahuldu egin ninduen ikusi nuen larritasunak. Zer egin jakin ez eta muxu eman nion begi batetik zintzilik zeukan malko gazi bakar hartan.

      — Esaidazu, arren, zer gertatzen zaizun —eskuetatik helduz galdetutakoan, konponketarik ez duen zerbait egin izan bailuen, lotsaturik, behera begira, ia entzunezinezko ahots estu batez aitortu zidan:

      — Haurdun nago. Orain dela lau bat egun igorri nizun gutun bat...

      Hartu nuen zartada hain handia izan zen, non pentsatzeko ahalmenik gabe geratu nintzen. Arrotz sentitu nuen neure burua, hura beste bati gertatzen ari balitzaio bezala. Pareteko erlojua, margoturiko paisaia zintzilik, dekoratua nekuskien begi aurrean. Ateari so, tresiloaren kolore gorriari beha, tik-tak, tik-tak gero eta ozenago entzuten nuen pareteko erlojua. Baina zer arraio egiten nuen nik gela ezezagun hartan! Ez nintzen ni. Hura ez zitzaidan niri gertatzen ari...! Durduzatuta zegoen mutilgazte hura beste bat zen! Amets txarretan sartuta ote nenbilen itxaropen izpiak une batetik bestera esnatuko nintzela ziostan. Baina ez. Berriro gela hartan nengoen, zer esan asmatu ezinik. Indarge, adoretik urrun, etsipenaz jabetzeko denborarik gabe, erreakzionatzeko ezgauza. Nik ez dakit zer aurpegi mota ipini nuen, baina badakit Axunen aurpegia izu-oinazetik erruki-maitasunera pasa zela.

      Lipar batez so egin zidan, begiratu harekin nire barreneraino sartu nahi bailuen. Negar etsitu, desesperatu batez lehertu eta behin eta berriro errepikatu zidan:

      — Zutaz pentsatzen ari nintzen! Zutaz pentsatzen ari nintzen! Zutaz pentsatzen ari nintzen!».

      Pedro isildu egin da. Beste dzangada bat egin eta zigarro gorria piztu du. Jaurti duen ke artean dakusa Axunen aurpegia. Ezin du geldirik egon eta zutituz hiruzpalau urrats eman ditu balkoi aldera. Xirimiria atertu du.

      Axun gazteak, gizonaren sentikizunetan bateginda, zerbait egin nahi luke. Zutitu eta gizonaren ondoan jarriz diotso:

      — Zatoz, Pedro.

      Emakumeak eskutik helduz besaulki-ohe ertzera eraman du gizona. Biak eseri egin dira hankak alfonbra gainean dauzkatela. Pedrok, erdi makurtuta, burua esku artean hartuta dauka. Badirudi kontakizunarekin jarraitu nahi duela. Axunek, lagundu nahian, gizonak gehiago sufritu ez dezan:

      — Ez jarraitu. Badakit amaiera. Beste garai batzuk ziren haiek. Axun bere senargai ingeniariarekin ezkondu zen. Ahor amaiera. Zatoz, Pedro.

      Ezti besarkatu du gizona.

      «Egun hartan Axunen etxetik irten eta gero galduta ibili nintzen kaleetatik zehar. Uste dut hiru edo lau tabernetan sartu eta pattarra edaten jardun nuela. Edan eta erre. Erre eta edan. Baina hauek moteldu ordez bizitu egin zidaten nire oinazea. Lehengusuaren etxera joatea erabaki nuen. Giltza patrikan eduki arren, ezin izan nuen aurkitu. Etxeko sarrerako atea jo nuen. Ate irekian Iñakik nire aurpegikera ikustean oso kezkatu zen.

      — Baina zer...?

      Ordura arte barnean gorderik eduki nituen maitasun suntsituaren sentimendu puskatuak kanporatu eta Iñakiren sorbaldan orro mindu urragarri batean lehertu nintzen. Lehengusuak nekez eta ia arrastaka eraman ninduen bere logelaraino ohe gainean etzanaraziz:

      — Baina Pedro! Ez jarri horrela! Dena konponduko duk, dena konponduko duk —errepikatzen zidan nola lagundu asmatu ezinik.

      Nik, hil nahi nuela! Hil nahi nuela nioen».

      Salto batean zutik jarri da Pedro. Balkoia ireki eta terraza txikira irten da. Birikak haizerik gabe geratu bailitzaizkion ahoa ireki eta arnasa indarrez hartzen ari da. Axun gaztea ez da ausartu bera ere balkoira irteten. Badirudi Pedrok bakarrik egon nahi duela. Axun kristal atzeko gortinartetik zelatan gelditu da gizonak ikus ez dezan. Pedroren aurpegira so ari da. Eta begi urdin haietatik bi malkok ihes egin eta aurpegitik terrazarako zolura jausten ikustean, halako mindura izan du Axunek, non ezin izan baitu eutsi zirrara indartsu hura negar saminari bidea ireki gabe...

      Berriro kanta zaharraren oihartzunak datozkio burura: «Josetxo ezpainak gorri eta begiak urdin... Zergatik eraman zuten eta ilunean sartu? Herria maite baitzuen, hartan zuen bekatu». Malkoen eraginez terrazako Pedroren irudia, zirriborrotsu, laino artean bailegoen ikusi du. Malkoak eskuez txukatu ditu eta naretzen hasi da. Hobeto dago. Trankildu da. Pedro ere lasaitu dela iruditu zaio. Gizona noiz itzuli itxaroten dago.

      Pedro gelara sartzeko jiratu denean, barnean, aitzinean Axun zain duela dakusa. Altuera berdina dute. Begiz begi geratu dira. Biak elkarrengandik inoiz baino hurbilago sentitu dira. Ezer esan gabe elkarrengana hurreratu eta besarkatu egin dute.

      — Negar egin al duzu? —Pedrok.

      — Bai. Ez da ezer. Kontatuko dizut.

      Hau entzunda ezusteko poza sentitu du Pedrok. Bi eskuez Axunen adatsa aurpegitik atzera daramakio, muxu labur baina eztia jarriz bere ezpainetan. Axun gazteak begiak hertsiz gozo hartu du muxu xarmangarria. Begi urdin haietara bere so zohargia kendu gabe lau urrats atzera eman eta astiro eta patxadan kendu du nikia, bular tente oparoen ikuskizuna eskainiz. Honek aurrera egiten hasi orduko, andregazteak itxaroteko diotso. Geldi. Kremailera askatu eta larrosa petaloa bailitzan jausi zaio gona goitik behera. Gorririk geratu da. Pedro horditzear dago, baina ikuskariaz txundituta ez da mugitu ere egin. Axunek maitasunez beteta nabari du barrena. Bira osoa lasai eta grazia handiz emanez diotso:

      — Zumaiako azken gauean horrela egin al zizun zure Axunek?

      Gizonezkoak «Axun!» marmaratzearekin batera bere egin nahiko luke gorputz maite hura, baina nondik datorkion ez dakien indar ezezagun batek geldituta dauka. Axun, eme, leun eta goxo hurbildu da gizonarengana. Ez du une bakar batean ere bere soa kendu Pedroren begi urdinetatik.

      — Utz iezadazu egiten, Pedro —diotso ahapeka Axunek, gizonaren alkandoraren botoiak askatzen hasiz.

      Axun gazteak maitekiro eta xamur kendu dizkio arropa guztiak. Amaitu duenean hurreratu eta gizonak besoetan har dezan besoak irekiz jarri dio burua sorbalda gainean. Pedrok Axunen titiak bere bularraren kontra sentitzean gerritik heldu eta bereganatu egin du. Presarik gabe. Astiro. Soin gazte haren ukipena gozatuz. Biak bata bestearen begietan amildu nahian bezala, begietara so daude, geldi-geldirik. Loratu gabeko amodioak... Pedrok oso ondo eta orekatua sentitzen du bere burua.

      Betiko maitale bailiren, eskutik heldu eta besaulki-ohera hurbildu dira. Oraindik zutik, maitasunez eta pasioz laztandu diote elkarri. Indarrez. Banantzeko beldurra bailuten. Besarkatzeari utzi gabe etzan dira, astiro, polliki. Lasai jokatu nahi dute, baina maitzatzeko irrika daukate. Benetan maitatzeko! Pedrok abuztuko ortzean baino dirdira gehiago dakusa Axunen begi ñiñartuetan. Axunek begi urdin haietan galdu egin nahi luke. Euskadi askatzera joan zitzaionaren begiak dakuski...

      Axunen soina miazkatzen hasi da Pedro. Intzirika hasteko tenorean, Axunek ere ahal duenik eta gehien luzatu nahi du egoera hura. Gizonak oraingo laztantzeari uzten dionean bera hasiko zaio. Une zoragarriak bizi nahi ditu. Azken gozamena baino lehen, biek gozamen asko izan dezaten ahaleginduko da. Ziur da hala izango dela. Ez da inoiz hain gozo eta hain ziur sentitu.

      Jo eta jo ari da telefonoa.

      — Zer ote du orain!? —dio Axunek bere onetik ateratzear.

      Salto batean iritsi da mahai biribilera. Ozen hasi da:

      — Bai? Zer?... Nola ez dagoela?!... Nahitaez egon behar dik hor! Leku onean al hago...? Bai, ongi. Oraintxe noak, ez hadi mugitu ere egin! Ez mugitu hortik!

      Axun hitz egiteko astirik gabe lasterka batean irten da egongelatik.

      — Baina joño! Hain larria ere ezin liteke izan —dio Pedrok zutzuntasunak helduta.

      Gantzontziloak eta elastikoa janzterako Axun gelako atean kalerako jantzita dago. Traje estiloko soineko ilun bat, boltsa beltza sorbaldatik zintzilik eta giltza mordo bat esku batean.

      — Joan beharra daukat. Arazo larri bat. Aurki egongo gara elkarrekin. Irtetzean atea bultzata itxi eta kito. Hots egidazu bihar goizeko hamarretan. Sin falta, e?

      Kalerako atean elkar laztantzeko astirik gabe:

      — Agur Pedro! Goizeko hamarretan!

      Sudur aurrean danbateko batez itxi zaion ateari «Agur Axun» esanez, gertatzen ari zaionaz jabetu ezinik geratu da Pedro.