Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

IV

 

«Gure etxea oso handia zen, baina lau seme-alaba, senar-emazte eta amama mantentzeko jornalak oso txikiak. Eta hori nire aita ofizial-primera zela; nik neuk behintzat neuretzako lain ozta-ozta irabazten nuen. Beraz, etxeko ekonomia saneatzeko urtero bi edo hiru hilabetetan udatiarrak edukitzen genituen. Eibartarrak, bilbotarrak, frantsesak ere bai... Uda hartarako bagenekien zein familia zetorkigun etxera. Gaztetatik herritik urrun Bizkai aldera joan omen zen Txistu Txikineko Gabrielena. Zumaiarra beraz. Etxea udatiarrekin banatua edukitzen ohituak geunden, ze erremedio!, baina familia hura nahiko jatorra suertatu zitzaigun. Ama behintzat langilea zuten. Hori bai, erdarazale porrokatua! Bilbora bizitzera joan eta diru pixka bat egin zuten horrekin aski harrotuta zeuden. Ezjakintasuna. Edo zerbait okerrago. Dena den, euren artean erdi euskara erdi erdara erabili arren, gurekin beti euskaraz mintzatzen ziren.

      Axun ezagutu nuen lehenbiziko uda hura beste edozein uda bezain normala izan zitzaidan. Bilbotik etorritako familia hartako neu baino urtebete gazteago zen neskatxa nahiko txoroa iruditzen zitzaidan, batez ere erabat buruarin zen neska koadrila baten lagun egin zelako. Herriko haixienak eta tuntunenak! Eta hori gutxi bazen, gainetik frankista familiakoak! Uda hura amaitu zenean hain pozik geratu ziren senar-emazte udatiarrak, non gure amari eskatu baitzioten ea hurrengo urtean ere gordeko genien etxea. Gure amak, aitarekin kontsultatu ondoren, baiezkoa eman zien. Bai pozik eman ere! Agindutako hileroko dirutik aparte eskupeko zabala eman baitzioten!

      Hurrengo bi udetan neure bizimodu arruntean jarraitu nuen: Lantegitik irten eta eguraldi onetan hondartzara joan, egun ilunetan etxean irakurtzen geratu, aldian behin arratsaldean edo gauean zinera, ostegunetan koadrilarekin tabernara karta jokoan gizon itxurak egitera, kafea, kopak, purua... Ia larunbatero kristoren parrandak botatzen genituen, etxera beti moxkortuta ailegatuz; igandetan musika plazara dantzan egitera, edo arrimatzera edo pote hartzera, ezezkoak jasotzera... Eta gure istorioari dagokionez, zenbait ezberdintasunez ohartu ez banintz, lehenbiziko uda bezain arrunta izango litzaidakeen.

      Ezberdintasuna? Axunengan ikusi nuena. Konturatu nintzen, adibidez, euskal kanta zahar asko zekizkiela eta oso ondo kantatzen zuela. Aste osoan Bilbon lanean jardun eta asteburuetan gure etxera etortzen zen Txistu Txikineko Gabrielek, Axunen aitak, gure aitarekin hitz egin ondoren erabaki zuten astean behin bada ere elkarrekin bazkalduko genuela, denontzat hobe zela-eta. Astegunetan, jakina, desberdinak ziren udatiarren janorduak eta gureak. Beraz, igandeetan elkarrekin bazkaltze hark bi familien arteko loturaren bat sortu zuen, batez ere bat edo baten urtebetetzea ospatzen genuenean. Egun haietako bazkalondoetan kantuari ekiten genion postreak, kafeak eta kopak edan ostean. Bi zaharrak, gurea eta Axunena, kantari amorratuak ziren, beno, bi familiak ginen kantariak, beraz, nahikoa gozatzen genuen egun haietan. Eta Axunek zuen kantatzeko era hark harritu ninduen bereziki. Euskal kanta zaharrak hain ondo eta halako setimendu handiz kantatzen zuen neska hura ezin zitekeen izan txoroa! Beste era batera hasi nintzaion begira. Jakinminak bultzata, egun batean logelako mesanotxea arakatu nion».

      — Jadanik jeloskor zeunden Pedro —begi dantzariekin Axun gazteak.

      — Ez, ez. Oraindik txoroa zela iruditzen zitzaidan eta...

      — Zeuk jakin gabe, inkontzienteki, jeloskor zeunden.

      — Beno, beharbada bai. Baina oraindik garrantzirik gabeko zerbait zen.

      «Senargaia ingeniari ikaslea zen. Axun baino hiruzpalau urte nagusiagoa, eta urtero, nonbait, familiarekin Santander aldeko herri txiki batera joaten zen uda pasatzera. Mutil hura ingeniaritzarako bidean egongo zen, baina gutun haiek ez zuten heldutasun handirik erakusten: «No puedo vivir sin ti», «Me aburro hasta en los guateques que organizan mis amigos», «Te quiero demasiado para estar tan lejos de ti» eta abar. Hitz batean esanda: Plasta bat. Pixkanaka Axunek herriko mutilekiko zuen jarrera ulertzen hasi nintzen. Senargairik izan ez bailuen mutil guztiekin dantzan ibiltzen baitzen. Normala hala jokatzea, zer arraio gero! Eta... mutil hartaz maiteminduta ez bazegoen? Ez zen, ba, familia arteko konponketaren bat izango? Neure buruari honelako galderak egiten hasi nintzen.

      Baina beta izan nuen senargai hura ezagutzeko. Uda hartan eta hurrengoan, abuztuan, astebeterako andregaiarengana etorri eta elkarrekin aldian behin ikusten nituen, eta bazirudien ondo konpontzen zirela. Mutilak «señorito» tankerakoa ematen zuen eta gizagajo xamarra, itxuraz behintzat. Jose Antonio Larrauri zuen izena. Bilbotar familiakoa. Bi uda haietan, irailaren erdi aldean, Axun eta familia Bilbora aldegitekotan zirenean ere, mutila andregaiaren bila etorri eta biak elkarrekin, bakarrik, aldegin zuten... Honela, ba, iritsi gara laugarren udara... Nire maitasun istorioa hasi bakarrik egin zenekora».

      — Hori esan beharrik ez zenuen Pedro —Axun gazteak eztiki—. Zure maitasun istorioa onik amaitu izan balitz, zu ez zinateke hemen egongo emaztearen eta zure istorioa niri kontatzen, ezta? Gainera, badirudi ondo amaitzen ez direnak erromantikoago direla...

      — Amaiera ona ala txarra izan alde batera utzirik, ni ez nintzateke hemen zure aurrean egongo hain, hain... nola esango nuke? Hain irekia edo hunkitua edo... ez dakit nola esan, hain ukitua sentituko ez banintz eta zure aurpegiak, irribarreak eta, agian, izakerak ez balidate amodio zaharra berpiztu.

      Hau esatearekin batera isilik geratu da Pedro, aurrean daukan emakumearen begi eder haietan murgildu nahi izan bailuen. Lipar batean Axun gaztea ere indar bero eta amultsu batek heldu du.

 

 

«Uda hura oso berezia izan zitzaidan. Lantegian ere lehenbiziko aldiz hiru hilabeteko jornada intentsiboan hasi ginen lanean. Goizeko zazpietatik eguerdiko ordu bi t’erdiak arte. Arratsaldero libre nintzen, beraz. Baina uda haren berezitasuna nabarmenago nekusan Axunengan. Emakumeago, eginago, langileago etxean, txoro haizeak betirako bazterturik eta kezkatiago iruditzen zitzaidan. Lehenbiziko egunetan bakoitzak geronen bizimoduari jarraitu genion. Desberdintasun nabarmen batez: Axun jada ez zela irteten ohizko lagun taldearekin eta etxean geratzen zen irakurtzen ia arratsaldero.

      Honela, ba, hondartzara nindoan egun batean galdetu nion ea haserre zegoen lagunekin. Erantzunak harrituta utzi ninduen: txoroegiak aurkitzen zituela eta eurekin ibiltzeak aspertu egiten zuela. Arrazoia eman nion. Herriko haixiaren bulda baino txoroagoak ziren. Baina Axun erantzun hura ematen ari zitzaidan bitartean, niganako bere begiratuan eskari antzeko bat igerri nion, laguntza eske ari balitzait bezala.

      Biharamunean ere eguraldi ona egiten zuenez, lau t’erdiak arte irakurtzen jardun eta gero, hondartzarako prestatzen hasi nintzen. Igeriko galtzak azpitik jantzi, toaja sorbaldan hartu, betaurrekoen funda fraken ezkerreko patrikan sartu eta irakurtzen ari nintzen liburua mahai gainetik jasotzerakoan, hantxe eserita zegoen Axunen aurpegiarekin topo egin nuen aurrez aurre. Hondartzara?, galdetu zidan. Bai, erantzun nion. Bezperako soa begitandu nion, baina are larriagoa.

      — Bakarrik nago —bota zidan.

      — Zer?

      — Oso bakarrik sentitzen naiz.

      Isilik, durduzatuta, haurtzaroan legez gaiztakeriaren bat egiten harrapatu baininduen erantzuna asmatu ezinik geratu nintzen. Luze egin zitzaidan une labur baten ondoren, eta oraindik zer erantzun jakiteke, hasi nintzaion:

      — Nahi al duzu...?

      — Bai! Eraman nazazu hondartzara.

      Deblauki neure burua neskagazte eder harekin ikusi nuen. Gezurra iruditzen zitzaidan! Ahal nuenik irribarre goxoena asmatu ezinik.

      Ados, goazen ba» erantzundakoan arraitu egin zen Axunen aurpegia. Une hartantxe konturatu nintzen zein aurpegi eder eta zoragarria zuen! Barre ireki bat oparituz, «Segituan naiz zurekin, itxoin pixka bat» esanez aldatzera joan zen logelara.

      Egongelan zutik itxaroten nengoen bitartean balkoi irekitik kanpoko hotsak zetozkidan: haurrak kalean jolasean «dron dron belandron, Belandroko eleizan zazpi gizon dantzan...», moilako grua kargako barkuak zamatzen, urrutian galdu zen txakur baten zaunka, teilatupeko habiako txorrotxioa... Halako batean Axun keinu zentzukor eta era berean irrigarria eginez, agerkundea bailitzan azaldu zitzaidan gelako atean. Oraindik aurrean dakusat irudi hura: Belaunetarainoko gona lasai berdea niki gorri batekin. Ezkerreko eskua aldakan jarria, zine beltzeko «vamp» estilora, eskuineko eskuaz buru gainetik «Hello my darling!» ingelesez agurtzen zidan bitartean. Barre egin nuen. «Goazen my darling Clementine!» erantzun nion, ikusi berria nuen John Ford-en filme zaharra gomutatuz.

      Hondartzarako bidean sentimendu nahasiak korapilatu eta zurrunbilatzen zitzaizkidan barruan. Alde batetik ahalgea, zerbait bakarrik, inoiz neskagazte bakar batekin irten ez denarena, eta bestetik harrotasuna, nire lagun arrantzalea Dionixiok esango lidakeen bezala, «kristoren neska katxarroa» neramalako alboan. Bai. Haizeak hanpatutako bela bat baino harroago sentitu nintzen. Gauza oso berezia gertatu zitzaigun gainera. Bioi bapatean ikaragarrizko berriketarako gogoa sortuta, elkarri txanda eman ezinik ibili ginen bai bidean eta bai hondartzan elkarren ondoan toaja gainean etzan ginenean.

      Bion arteko komunikazio irekitze hark asko poztu ninduen, eta banekien Axuni ere gauza bera gertatzen ari zitzaiola. Lehenbiziko egun hura ezin ederrago joan zitzaigun. Honela, ba, nire lagun taldeaz erabat ahazturik, egunero irteten hasi ginen. Arratsaldeetan hondartzara, gauetan zinera, edo musika plazara. Aldian behin Donostiara filme ospetsuren bat ikustera... Geunden lekuan geundela, eta edozer jardute mota izanda ere, alaitasuna eta poza zen gure arteko ezaugarririk nabarmenena.

      Hondartzan adibidez, «geurea» egin genuen lekua geneukan eta han, haitz handi eta gorri baten ondoan, norbera bere toaja gainean etzanda, erabat hurbil, soina soinaren kontra edo burua sorbalda gainean jarriz, patxadatsu egoten ginen bekaizkeriaz beteriko inguruko berriketa eta iruzkinei jaramonik egin gabe. Izan ere, herri oso txiki hartan denok ezagutzen genuen elkar, urtero etortzen zitzaizkigun udatiarrak barne, eta gure inguruan ia egunero izaten genituen atsoei gure jarrerarekiko euren desadostasuna ahapeko txutxumutxu isiletan eta so iheskorretan nabarmentzen zitzaien. Senargaidun neska bat beste batekin ibiltzea ez bide zitzaien zilegi iruditzen. Areago, esango nuke haientzat gu bekatu larriaren zulo beltzean amilduak geundela, guztiz galduta eta betirako su kiskalgarrira kondenaturik. Guri bost axola. Haiek betertzez begiratzen gintuzten bakoitzean orduan eta gehiago arrimatzen ginen gu. Joan zitezela antzarrak perratzera! Zer gero! Baina, bestalde, egia esan, nahiz eta zenbait unetan Axun eder haren usain, hurbiltasun eta ukipenak nire haragia errebelatu eta asaldatu, zer arraio egin nezakeen?».

      — Koparen bat nahi duzu...?

      — Ez, freskagarri bat mesedez.

      Andere kulunkariak hozkailutik laranja zukoa dakarkio. Mahai txiki gainean jarri eta hankak irekita eseri da, baina oraingoan gona lasaia bi izter artean jarriz. Begi jostagarri haietan dakusan galderaren zain dago Pedro.

      — Harreman horiek beti platonikoak...

      Telefonoaren txirrina joka hasi da. Axun gazteak jarri duen aurpegian garbi ikus daiteke ez zuela inoren deirik espero. Jaiki eta leiho ondoan mahai txiki biribil baten gainean dagoen telefonorantz doa. Pedro higikera dotorean doan soin xarmanta miresten ari da. Axunek telefonoa belarrian jarri, burua jiratu eta Pedrori keinu egin dio desenkusatzen ari balitzaio bezala. Baina berehala zurrumurruan hitz egiten hasi da gizonari bizkarra emanez. Honi ez zaio elkarrizketa hura inolaz ere axola, eta emakumeari hala dela frogatu nahirik txistua jotzeari ekin dio. Amaitu du abokatuak. Melena atzera eraman, eseri eta lepoa zerbait okertuz:

      — Bezero bat... Beti lagun on bezala ibili zineten... ala maitasunaren aurkikuntza egin ondoren maitale jarrera hartu zenuten?

      — Sexua! Hitz debekatua garai haietan. Tabua. Sasoi onenean nengoen, eta ez nintzen zurezkoa, noski. Lehenbiziko egunetan hondartzan eguzkiak azala erre ez zekion Axunek krema ematen zuen, gorputz osoan bizkarrean ezik. Zati hori nire kontu uzten zuen. Bainujantzia pieza batekoa zeukan, bizkarraldea oso irekia zuela, aurrealdean jaiotako bi tira mehe bizkarrean gurutzatuz ipurgainean lotzen zituela... ala atzetik aurrera lotzen zituen? Berdin zaio. Kontua da tira haiek askatu eta sorbaldatik hasiz bi esku ahurrez emeki eta xamur igurztean, ipurgainera iristean edo galtzarbetik bularren zuritasuna ikustean...

      Sexua! Dantzan egiterakoan bere bular beroak nirearen kontra zituela eta izterrak izter artean... Dantza ondo egin nahirik lasai xamar jarduten ahalegindu arren...

      Sexua bekatua zen. Egia esan, unea iritsitakoan eta aukera bat edo beste izan bagenuen ere, gauza guztiz harrigarria garai haietan, guk, mutilok, gehiengo handi batek, ez genuen inoiz probetxatzen jakin. Oso motz eta lotsati ginen eta, bekatuaz ez pentsatu arren, burmuina ia irenduta genuen. Beraz, kasu konkretu honetan sexua baztertzeko hiru arrazoi nagusi neuzkan: bat, zerbait debekatua zen; bi, aurrera egitea Axunen senargai gizagajo hari traizio egitea zela iruditzen zitzaidan; eta hiru, garrantzitsuena, halako polita eta jatorra zen gure arteko harremana, non, sexuaren zurrunbiloan murgilduz gero, lagun izate eta elkarren arteko konfiantza edukitze hura balazta ezinezko pasio bero eta gogor batek ezaba zezan beldur nintzen. Pentsatzen dut Axunek borroka berdina zeramala barnean, biotako inor ez baitzen ausartu gero damutuko zekigukeen aurrerapausoa ematen.

      Pedro pentsakor geratu da. Badirudi iraganean ausardia ez izatearen damu dela. Bestalde, gero eta egiazaleago iruditzen zaion gizon haren intimitatez beteriko isilune labur hura urratzerik ez du Axunek inolaz ere nahi.

      «Gure arteko harremana sakontzen zihoan heinean orduan eta poz handiagoarekin ibiltzen ginen. Marea biziak heldu zirenean, gora oso gora etorri eta behera oso behera joaten denean ura, haitzetara eraman nuen zenbait egunetan, Itsaspe izena duen lekura, eta haitz arteko arrantza egiten irakatsi nion: salabardoarekin ixkirak, kainabera luzearekin olagarroak, kakoarekin txoazkinak, hauek hagin handidun amar txiki bizardunak dira. —Axunen ezulertu aurpegia ikusiz:— Amarra hitza ez zenuen inoiz aditu, ezta? Ba, zuek lehorrekoek karramarro edo kangrejo hitzaz deitzen diezuenak dira. Irakatsi nizkion baita ere lanpernak non egoten diren eta bi hortzdun burdinazko sarde berezia erabiliz zenbat arriskatu behar den haiek harrapatu ahal izateko. Lapa mota desberdinak, ilargilapak, beltzak eta abar bereizten ere ikasi zuen denborapasan, hala nola itsasizar motak, maulixoak, oztarrenak non kokatzen diren... Oztarrena, bai, zuek itsasoko triku deitzen diezuena. Karburokandilaren argiaz gabarrantzara ere eraman nuen behin. Andaikak harrapatzeko harrankazixa erabiltzen irakatsi... Ahizpatxoaren arrainontzia hornitzeko putzuzuloetako muztuak ere harrapatzen genituen.

      Axunentzat inoiz ezagutu ez zuen beste mundu txundigarri bat zen hura. Barren-barrenetik sorturiko zoriona bere aurpegi, begitarte, irribarre eta algara eta so maitekorretan islatzen zitzaion. Eta ni, maiz, tontoloa bezala liluraturik geratzen nintzaion begi beltz ederretan galduta... Arrantzan jardute hura jolas dibertigarria bihurtu genuen eta han ibiltzen ginen altxorra aurkitu berria duten haurrak baikinan, bozkarioz kabitu ezinik.

      Egunak guk nahi baino azkarrago zihoazkigun. Lantegian umore onez jarduten nuen, banekien-eta arratsalde eta gau ona izango nituela. Gauetan, ilargirik gabeko izarratua zegoenean, itsaso txarretan olatuek bortizki jotzen zutelako, konpontzea alferrikako eginez, beti argirik gabe egoten zen uhinurrategi muturrera joaten ginen. Petrilean gora begira etzan eta ortzearen miragarritasun eta handitasunaz jabe zedin, Bermeoko marinel batek irakatsi zizkidan ikasgaiak ematen nizkion Axuni. Izarrak eta planetak non kokatzen ziren, Hartz Handia, Hartz Txikia, Kasiopea, Pleiadeak, Martitz, Orion, Artizarra... Hartz Handiko bi izarretatik abiatuz nola aurki zezakeen Iparrizarra... Abuztuko gauetan meteoritoak zenbatzen ere jarduten genuen. Asetuta sentitzen ginen milaka eta milaka argi txikiz inguraturiko ilunbe zoragarrian. Gorputz maitekor hura ondoan nuelarik, gainean jarri, edo bularrak ferekatu, edo muxu luze bat emateko gogoak hartuta egon nintzen hamaika aldiz! Baina barneko dei batek geldirik egoteko ziostan, une magiko hura zapuz ez nezan.

      Axun nire bizitzatik aldegin ondoren, bere aldamenean sentitzen nuen oreka, naretasuna eta gozotasun berezia desagertzearekin, betikotasunetik etorritako zulobeltz zurrupatzaile batek irentsi bailidan, hutsune ilun batean malkortuta utzi ninduen. Bizigogoa ebatsita, soseguak ihes eginda, laberinto bihurrian dabilen haur baten antzo, edo gau beltz ekaiztsuan iparrorratzik gabe eta lema apurtu zaion itsasuntziko kapitainaren eran, noraezean galduta geratu nintzen. Hondartzara... bakarrik joaten nintzen... geure egin genuen haitzera, eta han iragandako une liluragarriak berriro ezagutuko ez nituela pentsatzen nuen bakoitzean halako mindura sumatzen nuen...».

      Pedrok ezin du jarraitu. Hunkituta dago. Ondo oroitzen da udazken hartan jitoan dabilen batela bailitzan, Axunen amodioa berreskuratuko ote zuen esperantzaren argia lanbro artean urrutiratzen eta ezkutatzen aurrikusiz, etsipenaren itsasoan jirabiran hondoratzear sentituz nola ibili zen...

      Basoa eskuan hartu eta geratzen zaion zuku apurra irentsi egin du. Aurrean dakusa Axun. Bere Axunen irudi berbera. Axun gazteari, aldiz, gero eta liluragarriago egiten ari zaio kontakizuna. Bere aita izan zitekeen gizon aparteko hura erakargarria egiten hasi zaio, eta diotso:

      — Txunditurik nauka zure istorioak, baina uste dut bapatean urrutiegi joan zarela. Zure benetako maitasun istorioa ez baitidazu oraindik kontatu. Bestalde, tira... barka nazazu eskaera honekin kontakizuna eteten badizut, baina, zera... Iruditzen zait zuen harremanetan elkar irekitzea orain baino errazago izango zitzaizuela. Badakizu, diotenez hirurogeietako hamarkada oso ona izan omen zen eta...

      — Beno... denetik hitz egiten genuen. Gau askotan, adibidez, ortzeari begira aritzen ginenean, hainbeste milioi izar, hainbeste galaxia egonik, pertsonaduna geure mundua bakarrik zela pentsatzea ezin zitekeela iruditzen zitzaidan, eta halaxe azaltzen nion Axuni. Zenbat aldiz egon ote ginen plater hegalari bat noiz azalduko!

      «Euskararen inguruan ere jarduten genuen. Ikusirik Axunen gurasoen erdarazaletasuna, batez ere amarena, esaten nion ea zergatik erakuts dezakeen euskaldun batek joera hori. Zergatik gutxietsi geurea den hizkuntza? Garbi azaldu nion gure adinekook, gehiengo batek, bi heziketa mota izan genituela. Bata eskolakoa: España, una, grande y libre; arriba España; Gibraltar español; la bandera roja y gualda; los rojo-separatistas traidores a España; en el Imperio Español no se ponía el sol, eta abar eta abar indarrez, bortxaz eta zigorrez sartuz euskararenganako gorrotoarekin batera, «el chapurreo ese que no entendéis ni vosotros mismos» esaten ziguten. Eta beste heziketa mota, etxekoa: euskaldunok ondo ikusiak ginela munduan; gerra galdu egin genuela, bestela beste egoera batean biziko ginela; euskara gure hizkuntza zela eta ez zeukala zer ikusirik espainolarekin, eta ez zela honen dialektoa eskolan esaten ziguten bezala, eta abar.

      Gerraondoko egoeraz behin baino gehiagoetan mintzatu izan ginen. Haurtzaroko oroitzak eta gurasoek kontatzen zigutena. Gerra irabazi zutenek, herriko karlista-espanolistek egoera nola probetxatu zuten mendeku pertsonalak egiteko; lapurretak eta rekisatzeak; abertzale familienganako zapalketak... Eta gauza hauetaz hitz egiteko nola itxi behar izaten genuen sukaldeko leihoa aurrean bizi ziren karlistek ez ziezaguten entzun. Salaketaren beldurra... Axunek ere zerbait kontatu zidan, baina zirudienez urte haiek ez ziren izan hain ilunak beretzat.

      Gai honen inguruan bitan edo hirutan hitz egin genuen. Axun neureganatu nuen arte. Nire gurasoek eta aittattak haurtzaroan esaten zidatena kontuan hartuz, gu espainol izatera derrigortutako euskaldunak ginela ikusarazi nion Axuni. Iparraldearen berririk ez genuen. Euskaldunak zirela bai. Baina punto. Euskal-frantsesak deitzen zieten gurasoek. Eta besterik ezer ez.

      Erlijioa ere ukitu genuen. Axun ni baino iaioagoa zen honetan. Ez zuen gehiegi sinesten Eliza Katolikoaren dogmetan, ezta Aita Santuaren hutsezintasunean ere. Katolikoarena bezain jainko Ala, Manitu eta abar zirela zioen, katolikotasuna eta kristautasuna kontrajarriak zeudela ikusaraziz. Oso argia zen Axun, bai. Baina ez ziren elkarrizketa haiek garrantzizkoenak, elkarren ondoan hain gustora egoteak zeukan benetako garrantzia, eta geronen buruei aitortzera ausartzen ez ginen gero eta indar handiagoaz sortzen ari zitzaigun elkarrenganako maitasunak, jakina.

      Eta halaxe, beti herriko festetan bageunde bezala, oharkabean, treneko leihotik argindar zutoinak abiaduran desagertzen diren eran joan zitzaizkigun zazpi aste. Eta orain bai. Orain hasiko natzaizu istorioaren muina kontatzen. Prest?».

      Axun eta Pedro biak jarrera erosoagoan higitu dira. Axun zerbait garrantzitsua esan behar baliote bezala dago. Bai baitaki gizonezkoek, batez ere Euskal Herrian, ez dutela ohiturarik euren sentimendu eta barrukotasunak kanporatzeko eta ezin hobea deritzo une honetan duen parada eta egokierari. Bai. Pedrori bere barneak ireki ditzan lagunduko dio.