Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

 

III

 

Urria zen. Haitz muturreraino igo eta hantxe egon zen mendebal-haize hotzak aurpegia ebaki eta ilea narrasten ziola. Hantxe, haitzondoan, toaja gainean zoriontsu egoten ziren Axun eta biak. Igerira joan eta uhinekin jolasean, barrez jardun eta gero, berriro irla gorria zirudien haitzera itzultzen ziren. Lehortu, etzan, txester bana erre... Baina Axun jada Bilbon zen eta elkar berriz ikusi eta dena konponduko zelako itxaropena eduki arren, hori bai zalantzaz beteriko itxaropena, gauza bat garbi zekusan: iragandako uneak, egunak, uda eder hura... ez zuela inoiz sekula ezagutuko! Ezta berrehun urte biziko balitz ere! Une haiek errepika ezinak ziren. Iragana betirako aldeginda zuen.

      Bisuts arteko gesalak blaitu egin zion aurpegia. Itzultzerakoan, haitzera eraman zuten oinurratsak zekuskien. Zergatik joan zen hondartza bakartira? Zertara eraman zuten urratsek haitz gorrira? Adiskide artean aurkitzen ez zuen laguntasunaren bila?

 

 

—Ez nekien abokatua emakumea zenik —-Jexuxa jakingura.

      — A! Bai. Emakumea da. Oso polita gainera. HBko juntero edo parlamentari edo horrelako baten emaztea da.

      — Ezker abertzalea orduan. Eta nola izena duela esan duzu?

      — Ez dizut esan. Axun. Axun du izena.

      — Axun, ezaguna egiten zait...

      — Baina zuk nola dakizu...

      — Berak hots egin du, bihar joan behar duzula, nahitaez... Zertan zabiltza, egin duzu orain ere ez egitekoren bat... Arazoak daudela esan dit.

      Pedro ezin da irakurtzen kontzentratu. Sarrionandiaren ipuin liburu bat dauka eskuetan. Bere emaztea ere irakurtzen ari da. Telebistan fundamentuzko ezer ez dagoenean, sarriegi, ohean irakurtzeko ohitura dute. Bihar hiru t’erdietan Donostian egongo da eta nahiko asti aurrean dutela, lasai, pozik egongo da Axun gaztearekin. Lasai? Ez dago ziur. A emakume liluragarria! Ondo daki iragana ezin dela, ezin daitekeela berreskuratu, baina amets egitea zilegi da eta bihar arratsaldean —ez da berehala etorriko!—, Axun gazteari Axun zaharrarenganako amodioa kontatzerakoan, agian, mirariren bat gerta dakioke. Zergatik ez? Gainera, elkarrenganako erakartasun antzeko zerbait jadanik sortua dago. Axun! Hainbeste maitatu zuen aurpegi eder hura bere aitzinean balego bezain garden dakusa.

 

 

Haitz hura oso maitea zuen. Zirrara goxo, kementsu eta ezti hura berpiztu nahi zuen, baina berak jakin gabeko zerbaiten bila bailebil gabetuta sumatu eta ezereza, hutsunea eta izenik gabeko pirpira ezezagun eta arrotz batekin egin zuen topo... Ilunabarra baino harantzago zebilen... Gelditu eta Bizkaiko mendietara begira galdu zen. Ilunsentia... Matxitxako Lurmuturreko paola keinuka ari zitzaion. Argi izpi haien bestaldean egongo zen Axun. Axun... Sukaldean azken agurreko egunean eskaini zion irri goibel hura zekusan... Txistuka dago trena abestia entzuten hasi zen. Axunek gitarraz lagunduta bitan edo hirutan, udan zehar, etxean egongelan, bakarrik, kantatu ziona. Nolako sentiberatasunez kantatzen zion kanta triste hura! Bi maitale elkarrengandik bostehun milia betirako banandu zituen trenaz ari zen... Hondartza hutseko haizearen ziztua eta haitzen kontra lehertzen ziren olatu apartsuen hots artean egon zen, kanporatu nahi zuten malkoei eutsi ezinean, barnea lehertu beharrean...

      Ohean emaztearen ondoan ilunbetan etzanda guztiau oroitzean, etxerako bidea galdu duen umea bezain bakarrik eta babesgabe sentitu da Pedro.

 

 

— Har ezazu guardasola, euria egingo du-eta.

      — Baina Jexuxa...

      — Bai, egia da.

      Ezkondu zirenetik Pedrok dozen erditik gora aterki galdu ditu eta aspaldian txanodun komandoa edo zira ibiltzen du.

      — Beno, iluntzerako etorriko naiz —nagiak ateraz, egunerokotasun itxura egiten asmatu ezinik.

      — Bai. Ordurako nahiko asti izango ote duzue «zuen» arazoa konpontzeko!

      — Nola «gure» arazoa? Nirea da, ezta?

      — Bai. Oso ondo esan duzu. «Zurea» da.

      — Tira! Tira! Ez zara, ba, jeloskor egongo abokatua emakumezkoa delako? -—nahi baino irribarre aldrebesago ateratzen zaiola.

      — Beno, zoaz. Berandutu egingo zaizu-eta. —Jexuxa serio.

      — Bai, egia da. Gero arte.

      — Gero arte eta... eskumuinak A...xun...i.

      Zergatik esan ote dio emazteak hori? Ez baitu

      Axun ezagutzen! Ez, gaizki ari da. Lehengo Axun hura, urtero hiru hilabete pasatzera Zumaiara etortzen zena, bai. Beno, ezagutu, ezagutu, ez. Aurpegiz bakarrik. Baina... Bai. Jexuxak zerbait igerri du. Jokaeran, begiradetan, portaeran, hitz egiteko eran... ezohizko zerbait antzeman dio eta abokatuarekin lotu du. Bilboko Axunekin? Ez. Ez da posible. Bilbokoa... Zortzi urte zituenetik hamalau urte bitartean urtero-urtero joaten zen Bilbora bi edo hiru aste pasatzera. Bere bi anebak eta anaia txikia gurasoekin edo osaba-izekoekin ibiltzen ziren, baina bera beti Ińaki lehengusuarekin. Zinera, barraketara, parkera, portura... Adin berekoak ziren. Zabalburu Enparantza inguruan bizi ziren. Lehengusua eta laguna.

 

 

Autoa lurpeko aparkalekuan uztea erabaki du. Garestia izan arren, lasaiago egongo da. Uste baino lehenago iritsi da Donostiara. Abokatua bizi den ezkaratzetik hurbil dagoen bar batera sartu da. Ebakitakoa eskatu du, eta patxarana izotzarekin. Txesterra atera du patrikatik. «Erretzen hasi behar ote dut?». Andregazte eder batekin harremanetan jartzeko asmoz hantxe egotea kasualitatearen fruitu ote da? Ez du sinesten kasualitatean. Bere bizitzan gertatu zaion guztiak bere azalpena eta zergatia izan du. Bizitza beste norbaitek jarritako puzzlea dela deritzo. Bakarrik... asmatu egin behar dela eskaintzen zaion pieza hura hartu ala ukitu gabe utzi behar den.

      Atertu du. Bidean euri zaparradapean etorri da. Eguzkia! Mmmm! Naretuago dago. Kale erdian gelditu eta arnasa sakon hartu du. «Dasta ditzadan eguzkiaren berotasuna eta laster izango ditudan uneak!». Pedrok ziurtasun osoa du une oso onak ezagutuko dituela. Uneak... Ustekabean hausnarketetan murgildu da. «Uneak, bai. Azken finean zer duk, ba, gure bizitza? Uneak. Une onak, eskasak, hitsak, pozgarriak, ilunak... Baina memoriak beti indartsuenak gordetzen ditik. Uneak eta memoria. Oroimena. Bai. Oroimen hutsa gaituk. Etorkizuna ezin diagu ezagutu. Oraina beti lipar bat besterik ez duk. Beraz, bizitza, ihes doakigun iragana besterik ez duk, eta iragan hau ez huke izango oroimenik gabe. Alegia, oroimena besterik ez gaituk. Etorkizunari irekita baina... Kaka! Hasi nauk berriro alferrikako pentsamenduetan!». Begiak itxi ditu nola hitz egiten hasi hobeto pentsatzeko. Asmatu ezinik dabil. «Hobe diat aldez aurretik ezer ez pentsatzea, okerrago izaten da-eta».

      Hirurak eta hogeita bost. Hogeita hamahirua, laugarrena, ezkerretara. Txirrina sakatu du.

      — Bai?

      — Pedro.

      — Pasa.

      Ezkaratzean, irtetzear doazen Mirari eta bi haurrekin egin du topo.

      — Ene! Zu? Zu al zara? Hau kasualitatea! —Mirarik.

      — Ni naizela zer?

      — Axunen laguna. Beno, ez. Bezeroa-edo. Axuni zerbait garrantzitsua kontatu behar diona, ezta?

      Biek berriketaldi labur batean eman dute denbora. Mirari Axunen adiskide mina da. Honek zaintzen ditu bi haurrak. Aspaldian lana aurkitu ezinik dabil...

      — Aio orduan. Edo ikusi arte, elkar ikusten dugula bigarren aldia bada-eta.

      Gizonezkoa makurtu eta bi haurrei lehen tabernan ebakitakoari bota gabeko azukrekozkor bana emanez agurtu dira.

      Urduri jarri da igogailu modernoan sartu orduko. Uste zuen lasai zegoela, baina kia! Belaunak ia dardarka dauzka.

      — Sandios! Gaztetxo bat ematen diat!

      Igogailutik irtetzean ezkerretara joan zaio begirada. Axun ate irekian dago. Irribarrez.

      — Sartu —aurrerantz desagertu da Axun.

      Jol karratu dotorea, baserriko kutxa eta guzti. Nora jo?

      — Hemendik —pasilora atera du burua Axunek. Sukaldean dago kafe eginberria kikaretan jartzen.

      Gizonari gibela damakio.

      — Berehala naiz.

      Ama gaztea ez dago dotore jantzita. Etxean patxadan egoteko nikia eta gona mehe lasai informal bat. Ez oso luzea.

      — Neuk eramango dut bandeja —esan dio Pedrok Axun jiratu denean.

      Erretilua hartu eta emakumeari jarraituz egongelan sartu dira. Mahai txiki biribil baten gainean laga du. Besaulkiek ez dute altuera handirik eta aurrez aurre esertzerakoan Pedrori begiradak ihes egin dio emakumearen izter artera. Berehala jaso ditu begiak. Axun gaztearen begi arretadunak dakuski. Andere gaztea gizonaren aztoramenaz oharturik, hankak gurutzatu eta gona ustekabeko dirudien keinuaz belaunetik behera jaitsi du. Irribarrez diotso:

      — Tira, itxoiten naukazu. Kontaidazu... zure maitasun istorio hori.

      Pedro, kikara eskuan duela, erabat mozolotu eta zutzunduta dago. Kikara okertzen hasi zaio oharkabean.

      — Kontuz! Ia bota duzu kafea fraketara!

      — E? Bai... —kafea zurrut batean edan, kikara mahai gainean utzi eta bi besoak izter gainetan jartzean Axun adi-adi daukala igerri du. «Ai anaioa! Bai ederra dagoela!». Axunen pertxentasunak burutapenetan sakoneratu du Pedro. «Gutxi edo gehiago, mundu hau sexuak mugitzen dik. Zer izango zituzkean gizonen maitasun bertsoak emakumeen sexurik gabe? Eta emakumeen erromantizismoa gizonarekiko? Ezer ez! Sexua baita amodio poemen benetako iradokimena. Eta... hainbeste apaiz, moja eta frailek zergatik utzi ditiztek, ba, habito eta sotanak? Maitasunagatik? Ez! Hori lehen ere bazitean. Sexuaren dei indartsuari jarraitzeagatik eta kitto! Sexua naturak emandakoa eta maitasunaren benetazko, egiazko, euskarria baita. Indian bikotea jainkoengandik hurbilen dagoen eta izpiritualtasun handienaren unea orgasmoarena omen duk...Tokitan gaudek gu!».

      — E! Pedro! Adia galdu duzu. Tira, kontaidazu.

      — Ai, bai. Barkatu. Zer zenioen...? A bai. Maitasun istorioa.

      — Bai, nola ezagutu zenuen Axun edo... beno, zeuk ikusiko duzu nondik eta nola hasi.

      — Itxoin. Itxoin piska bat —iraganean sartu baino lehen Pedrok sortu zaion jakingogoa asetu nahi du.

      Gizonak Mirarirekin izandako enkontruak kontatu dizkio. Emakumeak, gizonaren itaunari erantzunez, Mirari emakume oso orekatua eta naretasuna ematen duenetakoa dela adierazi dio. Urtebete besterik ez zuenean ezkonbizitzan, senarra eta biak Iparraldera ihes egin beharrean aurkitu zirela, baina halako zoritxanez, non handik aste gutxitara polizia frantsesaren razzia horietako batean —zirudienez jendarmeak senar-emazteak bizi ziren etxera modu izugarrian goizeko bostetan atea bortxaz botaz sartu ziren— senarra atxilotu eta polizia espainolari emana izan zela. Eta hirurogei ordutan torturapean eduki eta gero Penintsulako beste muturrera eramana. Mirari bakean utzi zutela eta hona, Hegoaldera, etortzeko arazo larririk ez zuenez, Donostiara, ezkondu ziren etxera, etorri zela bizitzera.

      — Izatez lezotarra da Mirari. Hemendik nahiko hurbil bizi da —atseden txiki bat hartuz—. Herenegun emakumeok jakinberak garela esan nizun, baina zeu ere ez zara makala. Beno, eta orain kontatuko al didazu zure istorio hori? Has zaitez hasiera-hasieratik. Noiz eta nola ezagutu zenuen Axun?

      — Eta zuk zer ikusia duzu nire Axunekin? —Pedrok ez du etsitzen.

      — Oraindik ez nago oso ziur. Zure kontakizuna aurrera doan heinean beharbada...

      — Ez dut uste nire istorioak zure memoriaren ateak ireki ditzakeenik —emakumeari egia atera nahirik.

      — Agian ez, edo... agian bai —jostati Axun gaztea.

      Beno, hasi baino lehen lagun diezazukeen daturen bat edo beste emango dizut: Axun lehenbiziko aldiz Zumaiara uda pasatzera etorri zen urte hartantxe hasi omen zen bizitzen Bilbon. Urte hasieran Durangotik Bilbora joan eta gure etxera azaldu zenerako bazuen senargaia —Pedro Axun gazteari so geratu da ea aurpegian zerbait igertzen dion.

      — Ba, egia esan, hori aditzean... lehendik entzundako zerbaiten oihartzunak datozkit burura, baina... ez.

      Pedrok oraingoan ziurtasun osoa du aitzinean duen andere gazteak dioena baino gehiago dakiela. Kontakizunari ekitea erabaki du, istorioarekin aurrera joan ahala zerbait gehiago ateraraziko diolakoan.