Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

 

V

 

«Abuztuaren hirugarren astea izango zen. Eguna nahiko iluna zegoen eta ipar-haize fina zebilen. Axun eta bion familia osoak jada etxetik aldeginda, bakarrik geunden. Balkoi ireki aurrean eserita nengoen, zumezko nire amamaren antzinako siloi handian. Hollywood-eko filmeetan esklabo beltzdun terratenienteek etxeko atarian izaten zituzten horietakoa. Egun goibel hura probetxatuz Axunek sukaldean ziharduen arropak garbitzen, eta ni, aldiz, hari lagun niezaiokeen ideia burutik pasatu ere egin gabe, patxada ederrean irakurtzen. Lana amaitu zuenean egongelara etorri zitzaidan eskuan liburu bat zuela.

      — Irakurtzen?

      — Bai —erantzun nion.

      Bagenuen elkarren berri. Hura Al este del Edén John Steinbeck-enarekin ari zen eta ni Cuerpos y almas orduan oso modan zegoen Maxence Van Der Meersch-enarekin. Erdaraz, noski. Batak bestearen liburua jadanik irakurrita genuen. Axunek besaulki bat hartu eta nire ondora hurbildu zuen. Ez dakit zenbat denboran aritu ginen irakurtzen elkarri ezer esan gabe. Halako batean Axunek besoak eta hankak luzatuz nagiak atera zituen.

      — Aspertu egin naiz irakurtzen —esan zidan.

      Biok balkoira irten ginen eguraldi freskoa dastatzera. Hodei beltzak eta haizea, aldatua, abiadura handian eta indari'ez zetozen iparmendebaletik. Euria tantaka hasi zen eta atzeratu egin ginen busti ez gintzan. Trumoi hotsak oraindik urrutitik entzun arren, gainera zetorkigun ekaitza.

      — Udako ekaitzak oso gustokoak ditut —esan zidan.

      — Nik ere bai —erantzun nion.

      Balkoi sarreran, aterbean, aurrez aurre eseri ginen zoluan ikuskizun ederra gozatzeko asmoz. Iluna unetik unera borroka irabazten ari zitzaion argiari. Euri zaparrada hasi zenean gaua bapatean iritsi zitzaigula zirudien. Uda ondoren negu usainak dakarren malenkonia antzeman nuen barnean. Urrutian entzundako trumoiak gainean genituen eta euren danbarradek isilarazi egiten zituen beste hotsak oro. Ia batera laino arteko mila adarrez osaturiko oinaztargi ikaragarriek ibaia, portua, itsasoa, urrutiko mendiak argitzen zituzten. Begirada beste ikuskizun batera desbideratu nuen: Ekaitza islatzen zitzaien Axunen begi liluratuei. Erraietatik sorturiko grinak deblauki gaina hartu zidan eta neska eder hura besoetan hartu eta berekin bat egiteko gogoa begietan igerri egin zidala uste dut.

      — Zergatik begiratzen didazu horrela? —itaundu zidan.

      Zerbait debekatua egiten harrapatu baininduen sentitu nintzen. Pixka bat zutzunduta eta irribarre goxo bat asmatu ezinik,

      — Ez da ezer, lasai —erantzun nion.

      Soaren norabidea aldatuz, begiak ekaitzetik kendu gabe, jaiki eta bi urrats eman nituen atzerantz. Handik, mugitu gabe, zerbait makurtu, bi besoak luzatu eta «zatoz» esan nion. Axunek, ezer erantzun gabe, begirada niregan josita, ene eskuetan jarri zituen bere bi eskuak. Atzerago higitu eta balkoi aurreko zumezko siloian eseri nintzen, Axuni gerritik heldu, enegana erakarri, jirarazi eta nire izter ireki artean eseriarazten nion bitartean. Ipurdia ene hanka artean eta bizkarra nire bularraren kontra zuelarik, ezkerreko eskua bere sorbalda gainean eta eskuinekoa gerrian, sabel biribil emankor gainean jarri nion. Axunengan urduritasun apurra igerri nuen hasieran, bere buruari «Zer nahi ote du honek?» galdetuko balio bezala.

      Geroxeago, ikusirik ekaitza trankil eta geldi dastatzen ari nintzela, nagitu eta burua nire ezkerreko sorbalda gainean lasaitu zuen atseginez... Halaxe, naturaren aurrean, pozez kabitu ezinik, txintik atera gabe egon ginen denbora luzean. Axunek aurpegia nirearen kontra jarri zuen eta hurbiltasun hark eraginda muxu laburrak ematen hasi nintzaion. Aurrera baina kontuz esan nahi bailidan, Axunek ahots xuxurlari batez:

      — Baina... zer, zer ari zara egiten? —galdetu zidan indarge.

      Hain xamur baina ahul, hain bero baina babes gabe, hain otzan baina beldur, hain eme baina zaurgarri zegoen, ezen ez bainintzen aurrera egiten ausartu. Beharbada, ez dakit, neuregan nuen bekatuaren konplexua ere izango zen, baina une hartan maitasuna egitea bortxatzea zatekeela uste izan nuen. Urratu gabeko bide ezezagunetik abiatzeak ere beldur pixka bat ematen zidala aitortu behar dut.

      Eskuineko eskua sabel gainean eta ezkerrekoa bular gainean jarriz bilatu nituen bere ezpainak. Axun geldi, ahoa erdi irekita, isilik eta begietan harridura izpia islatzen zitzaiola aurkitu nuen. Erantzunik gabeko muxu txiki bat ematerakoan dardar beratz bat nabaritu nion. Beste muxu bat eman eta oraingo honetan erantzuna jaso nuen, baina pasioaren txingarretan amiltzeko ikara bailuen, oso herabetia eta nik nahi baino laburragoa. Jaikitzeko jarrera hartu zuela igerriz, gerritik eskuez helduz jaiki egin nintzen neu ere. Balkoi aurrean zutik, ostots eta tximisten testigantzapean, aurpegi eder hura esku artean hartu eta muxu anitz eman nion sudur muturrean, kopetan, masailetan, begietan, belarrietako kinkiletan, okotzean, ezpain ertzetan, berak geldirik baina begietatik poza zeriola zirauen bitartean. Eta orduantxe, Axunek bi besoak altxa, sorbalda gainean ene lepo inguruan jarri eta begirada sutsu bat bota zidan aurrera egin nezan esaten ari balitzait bezala. Ene ezpainek Axunen lepoa musukatzen zuten bitartean, bi eskuak ipurdi biribil marduletan jarriz niregana bultza nion eta hankarteko berotasunak nabaritu nituenean... baretasuna eta oreka galdu eta... ez dakit... ez dakit zer egingo nukeen aurrera egin nezan nahi ez zuela antzeman izan ez banio. Eskuak berriro bere aurpegira eramatean, Axunen soina zirgitaldiak harrapatuta sumatu nuen.

      — Eser gaitezen —esan zidan».

      Pedrok atseden unea hartu du berriro. Kontaketa aurrera doan heinean, oroitzapen gehiago etortzen ari zaizkio burura eta zenbait une gomutatzean iraganeko zirrara berpizten zaiola ohartu da. Axun gazteari so dagio... Hau, gizonaren begiradari eustearekin batera, jaiki, bien artean dagoen mahai txikia baztertu eta ondoan eseri zaio. Pedro ez da mugimendu honetaz batere harritu, abokatu gazteari bere Axun bailitzan begiratzen dio-eta.

        Begira... —Axun gazteak bigun—. Zure Axunek eta nik badugu zerikusia...

      — Ziur nengoen horretaz.

      — Nire amonak ahizpa bat zeukan, zumaiar batekin Durangora ezkondu zena. Honek dirudienez negozioren bat zuen han. Gerraurreko Bilboko Aberri Egun batean ezagutu omen zuten, ezkondu eta hauen seme-alaben arteko bat Axun zen... Nire amonak eta Axunen amak, ahizpa bakarrak izatean, harreman estuak omen zituzten, eta, ondorioz, baita nire amak eta Axunek ere. Baina hamasei urterekin familiarekin Bilbora bizitzera joan eta han senargaia egin zuenetik elkarren arteko harremanak tartekatzen joan omen ziren... Nire ama eta zure Axun...

      Axun gaztea isildu egin da. Aurkikuntza bat egin bailuen, beste era batera begiratzen dio gizonezkoari. Batez ere begietara. Ezkutuko zerbait igerri dio Pedrok.

      — Mundu hau txikia da benetan. Mila buelta eman eta gero, hamaika amets egin eta gero, ahor, berriro hasieran nagoela esango nuke —hasperena jaurtikiz Pedrok.

      — Ez dakizu ondo zein egia handia esan duzun!

      — Zergatik diozu hori?

      — Zure begiak... —esan duenaz damututa bezala, esaldia eten egin du Axunek.

      — Zer dute nire begiek?

      — Ezer ez, ezer ez...

      Behera begira geratu da Axun. Pedrok eskuaz okotzetik emeki helduz aurpegia altxarazi dio. Maitasunez beteriko begiak dakuski. Bere Axunenak... Aurrera egin-ez-egin zalantzak gainditu eta emakumearen ezpain erdi irekietan muxu apal bat pausatu dio. Abokatu gaztea geldirik, muxua hartu besterik ez du egin.

      — Zerbait daukazu niri esateko —gizonezkoak.

      — Ez, ez da ezer. Baina norbaitek zerbait esatekotan zeuk daukazu, ezta? Maitasun istorioaren hastapenetan besterik ez zaude —ahal duen lasaien.

      — Ez nauzu engainatzen. Esan nahi ez didazun zerbait duzu gordeta. Ezagutzen zaitut. Zuk uste baino hobeto. Ez ahaztu nire Axun eta zu... —Pedro berriro iraganeko Axunen aurpegian galdu da.

      — Oraintxe nator. Itxoin pixka batean —esanez abokatu gaztea zalaparta antzean jaiki eta egongelatik aldegin du.

      Pedro bakarrik geratu da bere pentsamenduekin. Ezin du asmatu zer duen Axunek. Pedro bera baino nahasiago dagoela dirudi. Iraganeko familiako jazoeraren bat piztu ote zaio? Baina zer ikusia ote dute bere begiek gertaera horretan? Edo beste istorioren bat ere ba ote dago? Axun gaztea... Bere ondoan esertzea ere... Barru-barrutik sortutako bulkadaren aginduz hurbildu zaio. Bai, halaxe izan da. Ez du zalantzarik. Emakumeak gizonezkoak baino misteriotsuagoak dira. Misteriotsuagoak edo, sakonagoak edo...

      Egarri da beriro. Axuni dei egin dio ea freskagarriren bat hartuko duen. Emakumeak ez dio erantzun. «Entzun ote dit?». Denbora labur baten ondoren itzuli da emakumea. Bi freskagarri dakartza. Aurpegia garbitu berria bailuen, gorrixka dauka eta begiak erlanztuak.

      — Lagun iezadazu, Pedro.

      Axunen esanei jarraituz, mahai txikia albo batera eraman eta bi besaulki artean dagoen besaulki-ohea atera dute. Axun, lau buruko txiki atzealdean jarriz, eseri egin da. Oinutsik.

      — Begira Pedro, jarrera honetan bi arrazoirengatik ipini naiz —bare, soseguz eta ezti era berean ari da Axun—. Bat: kontakizuna ahalik eta naretasun handienaz entzun nahi dudalako, eta bi: era honetan egotea nire bizitzari, iraganari, lotua dagoelako. Orain urte asko honelaxe entzun nizkion konfidentziak oso... —hunkiturik, Axunek itxi egin ditu begiak—, oso maite izan nuen mutil adoretsu bati...

      Pedro harriturik geratu da. Ez daki zer jarrera hartu. Iruditu zaio gau ilun baten ondoren hodeiak desagertu eta bazter eta zoko guztiak argitzeko asmoz oilarite nabarra jaiotzen den eran dagoela Axun. Lehen ez da oso oker ibili. Axun gazteak ere badu...

      — Zer egiten duzu hor zutik kokolo baten moduan? Tira, zatoz. Ken itzazu oinetakoak eta... jarri, eseri hemen, nire ondoan —lotsagabeegi azaltzeko beldur-edo, azken hitzok nahiko herabeti esan ditu andere gazteak.

      Gizonezkoa ertzean eseri eta makurtu egin da zapaten lokarriak askatzeko. Urduritzen hasi da. Udazkeneko haizeak orbela nahastu, pilatu eta berriro barreiatzen dituen moduan dauzka pentsamenduak. Bere kontakizunak gaurkotu egin ote dio iragana Axuni? Edo bere aurpegiak? Biak? Zer esan nahi ote zuen esan duenean...? Tente jarri eta Axun gazteari irrira ere iristen ez den keinu xumea ikusi dio ezpainetan, baina begietan gonbidapen garbia irakurri dio. Halamoduz, trakets antzean jarri zaio ondoan.

      — Horrela. Zure kontakizunarekin jarrai dezazun nahi nuke —emakumeak goxo.

      — Tira, baina... nik ere nahi nuke zure sekretutxoa kontatuko bazenit.

      — Gauza bakoitzak bere garaia du. Orain zurea da. Maitasun istorioa amaitu arte biok ahal dugun naretuen egon gaitezen ahaleginduko gara, ezta? Gero... hitz egingo dugu.

      Elkarren arteko harremanak sorrarazi duen ustekabeko egoeraren aurrean kasik ahaztu zaio istorio zaharra Pedrori. Bai. Arrazoi du Axunek. Iraganeko amodioetan barruratu eta gero, eta ahaleginduko da aldamenean duen andere gazte ederrak ere bere istorioa konta diezaion, oraina gehiago gozatuko dute. Bai argia dela Axun! Pedro oso ziur da harreman sakonak bilakatuko diren hasieretan daudela.

      — Konforme neska —esanez eta eskubiko sorbaldan sostengatuz, piskatxo bat gehiago hurbildu zaio Axuni. Emakumea, berriz, zerbait jiratu eta gizonari beha kuzkurtu da.

      — Oso ondo gaude orain. Aurrera kontaketarekin.

      Axuni ireki egin zaio ustez zazpi giltzaz gordeta zeukan oroitza berezi hura. Ez da jarrera hartan nahita ipini. Hari ikustezin baten bidez berea ez den beste bizitza batetik letorkiokeen agindupean balebil bezala higitu da. Laino artetik argi izpiak itsaso zatia argitzen duen eran, kanta zahar batek distiratu du bere memoria, «Josetxo ezpainak gorri eta begiak urdin, Santa Barbara bezperan hemeretzi urte egin». Dardara batek astindu du abokatu gaztearen soina. Gizonezkoak, babestu nahirik-edo, eskuineko sorbaldatik heldu dio ezkerreko eskuaz.

      «Laxatzeko arnas sakon bat hartuz biok lehen bezala aurpegia aurpegiaren kontra eseri ginen, baina oraingoan ez genuen denbora luzean egoterik izan, berehalaxe aditu baikenuen kaleko ate hotsa. Salto batean biok jaiki, jadanik ilunduta zegoen gelako argia piztu eta geronen buruak zuritzeko-edo, sukalderantz abiatu ginen pasilotik barrena. Bi amak batera ziren. Berriketaldi arruntean jardun genuen, baina alferrikakoak izan ziren gure ustezko lasai eta naturaltasun egoteak, bi amak zerbait berezia gertatu zitzaigula ohartu baitziren.

      Gau hartan, afalaurretik Axuni ontziak edo aulkiak karriatzen lagundu nion bakoitzean, pasiloan ezkutuko besarkada eta muxu txikiak oparitzen zizkidan. Nik ez nekien zer pentsatu. Lehen atzera egitearen ordaina ote zen?

      Egunero bezala, kaleratu egin ginen afalondoan. Eguraldi txarra zegoenez, eta filme famatua botatzen zutelako ere bai, zinera joatea erabaki genuen. Gau hartatik aurrera egunerokotasunean jarraitu nahi izan arren, bagenekien ezin izango genuela. Jada ez baikinen lagun onak bakarrik, zerbait gehiago baizik. Kalean, Axunek besotik helduta, senar-emaztegai baikinan ibiltzen ginen. Zinean eskutik helduta, dantzan inoiz baino goxoago, hondartzan arrima-arrima eginda... Baina nahiz eta biok jendaurrean inoiz baino maitetsuago azaldu, bakarrik geratzeko beldur ginen. Beharbada ezusteko arazo baten aurrean aurkitzeak... Jadanik filmeetan eta nobeletan hainbeste aldiz ikusi eta irakurritako triangelua osatzen genuela konturatu ginelako. Zer lurralde mota zapaltzen ari ginen ziurtasun ezak ere bazuen bere zama. Batez ere, esperientzia ez izatean, ez genituelako geronen buruak ezagutzen. Biok, bakarka ala elkarrekin, noraino joan gintezkeelako zalantzek, barnetik sorturiko gogo eta irrika gartsuenekin nahastuz, durduzatu egiten gintuztelako. Dena den, garrantzi berezia izan zuen elkarrenganako maitasunaren aurkikuntza egin genuen egun hark.

      Gau hartan zine aretoan udako berrestreinaldi on horietakoa ikusten ari ginela —zein pelikula zen ere oraindik oroitzen naiz: Raoul Walsh-en Kondenatu baten istorioa—, filmeko protagonistak (Rock Hudson) urte luzetako gartzela jasan ondoren bere emaztearekin (Julia Adams) etxeko atarian topo egin eta hunkipenez beteriko besarkada ematen ari ziren eskena ikustean, lehen lotuta zeuden gure bi eskuak elkarri laztanka bezala hasi ziren eta eskuen mezua bihotzetik igaroz bururaino iritsi zitzaigun, filmeko maitale haien elkarrekin betirako egon nahi hura geure eginez. Aretoko argiak piztu zirenean, amets koloredunen erresumatik errealitatearen ubil ilunera erortzear sentitu ginen, labar ertzeko amildegitik itsas zakar ilunari so zintzilik baikeunden, etorkizunari beldur.

      Etxerako bidean biok burutazio berdina izan ondoren —ziur bainengoen bion pentsamenduak ildo beretik zihoazela: orain zer egin gure maitasunarekin?—, etxera iritsi ginenean eta familiako guztiak oheratuta zeudela ikusirik, ez ginen ausartu elkarrekin bakarrik egoten.

      Maitasunez beteriko soa, baina iheskorra, begitandu nion Axuni «ondo lo egin eta bihar arte» esan zidanean, eta uste dut... Ez! Gaizki esan dut. Ziur nago une hura nahiko erabakiorra izan zela gure bizitzetan. Bai, erabakiorra... Egun berezi hartako une eder haiek, gure maiteminean oinarrituriko berotasun gozo hura ez nituen probetxatzen jakin izan. Ez nuen jakin izan! Eskuetatik helduz «Axun» esan nionean, bere begietan eguzkiak beroturiko natura argi eta jorira eramango nindukeen bide oparoa ikustearekin batera, bidea asmatu ezinik zebilela igerri nion. Eta «zer?» ezti eta emeaz erantzun zidanean, neu ere, ezbaiak harrapatuta, ez nintzen ausartu egoerari aurre egiten, eta zine aretotik etxerako bidean isilik Axunen ondoan, guardasolpean, kezkaz beteta prestatu nuen hitz jarioa galdu egin zitzaidan burutik eztarrirako bidean. Eta isilune baten ondoren «ezer ez, bihar edo etzi esango dizut» erantzun nion.

      Axunek bizkarra eman eta bere logelarantz jo zuenean, ondo lo egiteko opatu nion gibeletik, eta orduantxe konturatu nintzen errakuntza handia egin nuela! Ai mozoloa! Inozo alaena! Gelan sartzear zegoelarik hain biziki pentsatu nuen «Axun zatoz maita gaitezen!», ezen, ozentasun gabeko ene hitz haiek entzun bailituen, tupustean, ez barrura ez kanpora, maratila eskuan zuela gelditu baitzen! Baina une labur hartako duda-mudak gaindituz, Axun burua jiratu gabe sartu zen logelara.

      Gau hartan loak ez ninduen hartu kanpandorreko erlojuak bostetako dandanak jo zituen arte. Jira eta birako ordu luzeak izan ziren. Neure buruarekin ernegatuta... Zenbait unetan, lorez beteriko zelai batean bainenbilen, bihar edo etzi dena konponduko diat esanez, barnea baikor sumatzen nuen. Baina gehienetan —badakizu, lorik gabeko gauetan arazoak laztu egiten dira— erabat ezkor, iragan hurbila itzul zekidan desiratzen nuen...».

      Pedro isilik geratu da ohe-besaulkian datzala. Begien noraezeko soan nabarmentzen zaio iraganean barneratuta jarraitzen duela. Axun gazteak, hunkituta eta harritu samar ere bai, gizonari muxu labur bat emanez diotso:

      — Baina Pedro, ez zenuen hain ezkor, larri eta artega egoteko arrazoirik. Oraindik aitzinean hiru edo lau aste zenituzten eta egoera konpontzeko parada bazenuen, edo zenuten. Kemen eta kuraia pixka bat jarri, bularra kanpora atera eta aurrera, ezta? Edo... ezustekoren bat gertatu al zitzaizuen?

      — Ez. Ezusteko ezer ez, oraindik. Eta kontua ez zen kuraia, edo adore handia ala txikia izatea... Ados egongo zara diodanean bizitzan noizbehinka, edo behin edo bitan gutxienez, bidegurutze baten aurrean aurkitzen zarenean, jakin jakiten duzula batera ala bestera eginez gero zure bizimodu osoa alda dezakezula. Batzuetan erabakiaren garrantziak gainditu egingo zaitu, besteetan, erabakia ahal denik eta hoztasun handienaz hartu arren, gero ohartuko zara hankasartzea egin duzula; muga edo amaiera nolakoa izan daitekeen jakin gabe, erabakia itsumustuan hartu beharrean ere aurki zaitezke. Baina bidegurutze hori denbora labur bati lotuta, egun berezi, ordu xarmant edo gau miragarriaren ostean dagoenean, ez duzu pentsatzeko eta hausnartzeko astirik ere izaten. Eta oso laster desagertu zaizulako ziurtasuna duzunean, erabakia are eta larriago egingo zaizu... Kasu honetan, une magiko edo garrantzitsu hori probetxatzen ez baduzu, etorkizuna aldrebestu edo ez zaizu gura zenukeen ildotik joaten, geroko damua antzutasunean alferrik galduz... Izan zitekeena pentsatze hutsak barnea urratzen dizula...

      Pedro mutu geratu da berriro. Irribarre tristea margotu zaio ezpainetan. Aurpegitik soa kendu ezinik dagoen andere ederrak lausotzen ari zaizkion gizonaren begietan beste garai bateko dirdira dakusa. Axun gazteari ondoan datzan gizonaren bihotz taupadak, bereekin batera, zenbatu ditzakeela iruditzen zaio eta, hunkipenez nahasturiko berotasunak helduta, birritan pentsatu gabe gizonaren gainean etzan da:

      — Lasai, lasai —xuxurlatu dio—, hemen naukazu. Axun.

      Pedrok hitzik esan gabe bi besoez estutu du ama gaztea. Benetako Axun izan zitekeen gorputz xarmant, maitati hark osoro laxatu eta orekatu du ukendu onena bailitzan. Baina eguzki printzak oihanean hostro artetik iragazten diren eran, ia ahazturik zeuzkan sentimenduak ere ireki egin dizkio, bihozbera bihurtuz. Itxi egin ditu begiak... Hobeto dago... Ireki dituenean, Axunen begi beltzak ikustearekin batera «Ongi?» itaundu diola dantzu.

      — Bai, ongi.

      Elkarri begira, irribarre egin dute biek.

      Kontu isil ezkutuak esateko prest leudekeen haurrak bailiran, aurrez aurre kuzkurtuta daude, barnebarnetik sortu zaien poz orbaingabearen fereka ikustezinak xamur inguratzen dituela.