Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

 

I

 

Ekainaren azkeneko astea da, uda hasi berria, ia eguerdia da, eguzkiak jada ederki jotzen du eta itsasoa bare eta urdin dago. Abokatuarengana doan bitartean Pedrok hondartzan dautzan emakumeei begiratzen die batere diximulorik gabe. Hondartzako ikuskizunetara ohituta dago, oinez ikasi baino lehenagotik hasi omen zen igerian —hala zioen bere amak— eta bospasei urte zituenetik ezagutu zituen bikiniak. Bikiniak ez, bikini bakarra. Gerraondoko urte haietan emakumeak bainujantzitan ia belaunetarainoko gonatxoa edukitzera behartuak izaten ziren garaietan, Pedro bere lehengusuekin, lauzpabost mukitsu, bere familiako toldo ondoan egoten zen bikinidun emakume eder baten inguruan. Lau hanketan hondarretan zuloak edo trenarena egiten jolasean jardute aitzakiaz baliatuz pelikuletako bailarinak baino ederragoa iruditzen zitzaion gorputz zoragarri hura behetik gora, mirespenez, begira egoten zen. Frantsesa zen. Danielle. Ai! Euren amek jakin izan balute haur inuxente haien soak soin xarmangarri haren «leku ezkutuetara» zuzenduriko maliziaz betetakoak zirela!

      Baina orain lasai xamar dago. Naturaltasun osoz dakuski gorputz polit eta ez hain polit haiek. Egia da sasoi onenak atzean utziak dituela, berrogeita hamar urte egingo ditu irailean, lau seme-alaben gurasoa da eta oraindik, gezurra badirudi ere, maite du emaztea. Antzinako suak eta garrak joan zaizkio, baina asko gustatzen zaizkio eguraldi ilunetan Bizkaiko Itsasoak hartzen duen kolore berdineko emaztearen begi berdeak.

      Hondartzertza utzi eta errepidea gurutzatzera doa. Beste aldetik bereganantz neskagazte bat datorkio. Ile horia, zaldibuztan eran orraztua, begi handi gardenak, sueter mehe hori batek bularrak eutsi ezinik dituela —Federiko Felliniren filmeez gogoratzen da—, frakamotz estu zuriekin izter mardul beltxaranak begien bistan dituela, altuera ederra... Udaberriko odol aldaketa atzeratu bailitzaion, orain datorkiola sentitzen duelako edo neskato eder haren hurbiltasunak gaztetu bide duelako, edo auskalo zergatik, baina, baretasuna galdu du.

      — Oiga, ¿me puede decir la hora por favor?

      — ¿La hora? E... esto... A bai! Hamabiak laurden gutxi.

      — Milesker! —agur irribarretsu batez aldegin du.

      Espaloitik aurrera doalarik, ohartu da abokatuaren ezkaratzeko zenbakia ja igaro duela. Kakazaharra! Hamabietan dauka zita. Eskubiko bigarren txirrina jo orduko emakume ahotsak erantzuten dio:

      — Bai?

      — Pedro Zubiburu.

      — Aurrera.

      Ez du igogailuan sartu nahi. Sasoitsu sentitzen da eta, zer arraio!, gimnasia pixka bat egingo du. Gora doan bitartean zurezko eskailera zaharkitu haiek oso ezagunak egiten zaizkio. Lehen hemendik ibilia? Beste eskailera batzuen antza? Berdin dio. Hots egin gabe barrura sartu orduko, idazkariak, neskagazte polit bat, gela batera sar dadin diotso.

      — Itxoin ezazu pixka batean hemen mesedez. Berehala etorriko zaizu abokatua. Baina, ez dakit zurekin lasai egoterik izango duen, azken orduko arazo larri bat sortu zaio eta langile talde batekin bilduta dago. Gero arte. Erre dezakezu nahi baduzu.

      Erre? Ez, ez. Sasoi batean bai, baina orain aldian behin purotxo bat aski du. Bi edo hiru detaile nabarmen ez balitu —landare bana leiho ondoetan, bi pintura zoragarri paretetatik zintzilik eta txukundade eta garbi usain berezia—, beste edozein profesionalen itxarongela arrunta zatekeen. Eguzkia indarrez sartzen da ekialdera ematen duen leihotik. Oraindik gela osoa ondo begiztatzeke duelarik atzetik abokatua sartu dela sumatu du.

      — Eguerdion.

      — Berdin.

      Beste ezer esan gabe emakumea leihora doa zuzenean eta pertsiana jaisten hasi da. Atetik leihorako ibilbidea egiterakoan Pedrok gibel aldera so egin dio emakumeari. Gona mehe luzea, pantorrila erdirainokoa. Bexa. Alkandora urdinxka eta ibilera sentsual dotorea... Nor ibiltzen zen horrela?

      Ene! Barkatu —diotso abokatu gazteak abegikor—, baina ez zaizu axola izango pertsiana jaisten badut, ezta?

      Ez, ez. Lasai emakumea. Horrela hobe, bestela bero gehiegi sartzen da-eta.

      Izan ere lehen ahantzi egin zait jaistea. Presaka nabil eta...

      Abokatu gaztea eseri egin da. Aurrean duen aurpegi hura ikustean bapatean flash bat piztu zaio burmuinean Pedrori: Aurpegi hura! Ez du beste ezer ikusten, ez hormarik, ez mahairik, ez leihorik... Tontolo bat baino zutzunduago dago. Sabelean korapilo antzeko zerbait nabaritzen hasi da.

      — Barka nazazu, baina ezuste nahiko larri eta presakoa sortu zait-eta. —andere gazteak gizonaren begirada bere aurpegian josirik duela ikusirik:— Zer... zerbait al daukat aurpegian?

      — E? Ez, ez. Jarraitu, jarraitu —aho txikiaz dio gizonezkoak burua beste garai batean duela.

      — Ba, hori... Esaten ari nintzaizun premiazko arazo baten aurrean...

      — Bai, badakit. Zure idazkariak esan dit.

      Beno, ba, orduan, orain ezin dizudanez kasu egin, ondo baderitzozu bazkalondoan egon gaitezke elkarrekin. Lauretan irekitzen dut despatxoa, baina zuretzat, huts egitea nirea izan denez, hiruretatik lauretara egongo nintzateke. Ongi iruditzen al zaizu? Edo bestela bihar...

      — Bihar ez. Oso ondo iruditzen zait bazkalondoan.

      — Gero arte orduan.

      Pedrok, ireki duen bulegoko atetik buelta eman eta jada zutitua dagoen abokatu gazteari bota dio:

      — Zure... zure izena A... Axun da, ezta?

      — Ba... Bai, noski.

      — Harrigarria... Harrigarria benetan! —botaz desagertu da pasilotik barrena.

      Abokatu gaztea durduzatu antzera geratu da. Zergatik harrigarria bere izena?

      Automata bat bezala, ia pentsatu ere egin gabe, Zuniola hondartzarantz doa Pedro. Ipar-haizearen freskotasunak bere onera ekani du. Itsas hegi aldera beha gelditu da. Uda hura... Izozki bat erosi eta han ingumko sonbrila baten itzalpean eseri da. Aldian behin, ustekabean, Axun abokatuaren aurpegia etortzen zaio burura. «Baina nola daiteke horrelako antza edukitzea?; antza ez, berdin-berdina duk-eta!». Denborapasa joan-etorrian dabiltzan emakumezkoei begira hasi da: luzeak, motzak, gizen xamarrak, anorexikoak, pototoak, argalak, itsusiak, politak, ederrak, zoragarriak... Narratsa, dotorea, pinpilinpauxa, kristorena hi!, baldarra, txoroa, jatorra, haize hutsa, ogipuska, feminista nabarmena, beroa, gajoa, goxoa, lotsagabea, maitekorra, berritsua, lotsatia, komandoburu izateko modukoa, herabetia... Jaiki egin da. Egani da. Izozki txepel hauek!

      Taberna txiki batean sartu eta garagardo bat eskatu du. Mostradore aurreko aulkian jesarrita, ingurua miatzen hasi da. Atzealdean eserita neska-mutil bikotea elkarri kontu txikiak esaten. Ondoan emakumezko buruzuri bat beltzez jantzita, serio, kafesnea hartzen. Eta Pedroren ezkerretara, tabernariarekin berriketan, neskagazte ile harro bat. Txatarrez beteta dago. Alde batean lau belarritako txiki eta bestean luze handia. Koilare edo iduneko antzeko hiru zintzilikario lepo inguruan, hiai edo lau eraztun esku bakoitzean, erloju handi bat eta zazpi edo zortzi eskuturreko besoetan. «Ez dadila uretara erori!». Taberna osoa zineko artisten argazkiz josita dago. Nahiko antzinakoak gainera: Clark Gable, James Dean, Kim Novak, Ava Gardner, Robert Mitchum, Rita Hayworth, Burt Lancaster, Marilyn Monroe... «Hau ere zinezale porrokatua duk!». Eta Marilyni beha... «Axun!». Con faldas y a lo loco filmearen berrestreinaldira joan zirenekoaz gogoratu da. Zenbat gozatu zuen hura ikusten! Ez filmeagatik bakarrik. Ilunbetan eserita, bi eskuak elkarren bila. Axunen eskuak bereari fermu, sendo heldu eta bere sabelerantz, habia bero eta goxo parera eraman eta filme osoan txundituta, sututa eta hodei artean baileuden iragan zuten biek. Filmea, Axun eta hirurak. Jendea? Ba al zegoen jenderik?

      Txester bat erretzeko gogoa sortu zaio bapatean. Tabernariari galdetu dio ea badaukan eta honek ezetz erantzun dio.

      — Tori.

      Eskuin aldean duen emakume ederrak txesterra atera du paketetik. Pedro ez da konturatu ere egin noiz sartu den.

      — Eskerrik asko —dio gizonak ezpainetan daukan zigarroa emakumea pizten ari zaion bitartean—. Zerbait hartu nahi al duzu?

      — Ez, milesker. Ur bila sartu naiz.

      Pedro orduantxe ohartu da andere eder hura ez dagoela bakarrik. Erosi berria duen ur botila bere bi haurren egarria asetzeko da. Urte t’erdi inguruko neskatoari biberoi antzeko bat eman dio. Urez betea. Eta ondoan duen lauzpabost urteko mutikoari basoka bat. Gizona oso haurzalea da eta ia pentsatu gabe makurtu eta gurpildun haurraulkian eserita dagoen neskatoari kontuak egiten hasi zaio. Behetik gora dakusan emakumezkoak irri egin duela ohartu da.

      — Niri baino jaramon gehiago egiten dizu zuri. Agur.

      — Axola ez bazaizu pixka batean bada ere lagundu egingo dizut —bota dio Pedrok. Izan ere, haurraren irribarreagatik edo ez daki zergatik, baina oso ondo sentitzen da, eta hain zuzen hori da behar duena, orekatuta sentitzea.

      — Beno, ni hondartzara noa haurrekin. Bide berbera badaramazu...

      — Ba... ez. Baina izkina hartaraino lagunduko dizut.

      Tabernatik irten bezain laster ihes egin dio mutilkoskorrak.

      Ekaitz! Hator hona! Etortzeko esan diat! —eskutik heldu eta ia arrastaka dakar—. Ez al duk ikusten hor errepidea dagoela eta kotxe asko dabilela? Ekartzak eskua eta heldu ondo hire anebaren aulkiari. Eta txintxo e?!

      Ekaitz delako hau ez da nolanahikoa izango. Bekoki erdian daukan trongoiloak bihurri ezaugarri nabarmena ematen dio. Pedro erabat poztu da emakumeak haurrekiko duen hizkeraz. Ez da milindri horietakoa. Gatza eta piperra nabariak ditu.

      — Gogoratzen naiz nire herriko haur berri izandako ezkontide bikote bat haurren hizkuntzan hasi zitzaiola mintzatzen alabatxoari, hasieran betiko hitzak: apapa, apatxo, pitxitxi, apo... baina geroko atata, otaba etoli, eto, didi, tirrin-tirrin, ttitti, toto, mama, uau-uau, totolo, kikili, ma, tutu eta abar luze hark gehiegizkoa zirudien. Honela, haurrak hiru urte egin eta ikastolan hasi zenean, bikoteak euren ttittirri eta ttutturrurekin zerraizkion haurrari. Honek, nahiko kostata eta andereñoaren hamaika burukominen ondoren euskaraz ikasi zuen, baina gurasoak hainbeste ohitu ziren elkarren arteko hizkera hartara, non helduen hizkuntzara itzultzeko AEKko kurtso batean hasi behar izan baitzuten, sikologoaren eskuetatik pasa eta gero, noski.

      — Ja, ja, ja... —algara gozoa.

      — Tira, iritsi gara. Oso atsegina izan zait zu ezagutzea. Agur —eskua ematen hasiz—. Aizu... Barkatu baina, nolatan eskaini diozu zigarro bat ezezagun bati?

      — Mirari naiz, eta zu?

      — Pedro. Ea hurrengo batean elkar ikusten dugun. Aio.

      — Hurrengoan ez zara ezezaguna izango!

      Biak banandu dira. Pedrok bospasei urrats eman bezain fite gelditu eta jiratu du burua. Baretasuna eta oreka sortarazteko dohain aparta duen anderea hondartzarantz doala dakusa. «Pertsona bakoitza zer mundu ezberdina garen!» dio berekiko.

      Ordu biak! Arraioa! Denbora uste baino azkarrago joan zaio. Han inguruko bodega batera joatea erabaki du. Lekak patatekin eta atuna tomatetan eskatu du. Janari arrunta baina goxoa. Bodegako nagusiak, bi neskazahar jator, oso lagun ditu. Nuarbetarrak. Azkoitiko Ilarra dantzalekuan ezagutu zituen gaztaroan. Bazkalostean kafetxoa hartzen ari den bitartean hasi zaizkio bi neskak berriketan. Baina kontu tristeak eta ilunak gogorarazi dizkiote. Nuarbe. Ilunabarra. Otaegi goizean goiz afusilatua izan zenaren gorpuaren zain. Jende multzo handia. Isilik. Franco eta bere inguruko guztienganako gorroto isila. Amorrua. Negarrik gabeko mina. Iragan egunetan antolaturiko huelga orokorrak, manifestazioak, barrikadak, borrokak... alferrikakoak izan ziren! Ia egun osoan itxaroten egon eta gero, txapelokerrak ilunbean, egunargiz herritarren artera azaltzeko beldur bailiren, jende askok jadanik nekaturik aldegin zuenean, eskuan metrailetak zituztela azaldu ziren, higuinez beteriko begiradapean «jAtras! iQue no se acerque nadie!» ziotela. Familiakoek bakarrik hurbildu ahal izan zuten Otaegiren zerraldora.... Ezintasunak ematen duen egonezin, berotasun eta amorrazioz beterik itzuli zen etxera. Biharamunean jakin zuen Anjel Otaegiri balakada guztiak burura eta aurpegira jaurti zizkiotela. Anjelito deitzen zioten bi neskazaharrek...

      Mahaitik jaiki egin da Pedro. Ez du nahi egun luze eta hits hartaz gogoratu. Chesterfield paketea hartu du makinatik. Gaia aldatu egin du. Zer moduz zuek? Ez al dago Nuarben zuentzako moduko mutilzaharrik? Edo gazterik? Bi emakumeek: gelditzeko, kafe konpletora gonbidatuko dutela eta elkarrekin parrandak egiten zituzteneko garai alaiez mintzatuko direla. Pedrok: ezetz, barkatzeko baina joan beharra duela. Zita bat. Hurrengo batean solastatuko direla. Ai ene! Etxera ere deitu behar du. Emazteari telefonoz esan dio abokatua kateatuta zegoela eta arratsalderako geratu dela.

      — Bai, iluntzerako hor izango nauzu... Zer... Bai, bai, bazkaldu dut. Nuarbeko lagunen tabernan nago. Bai, gero arte.

      Ezpainetan zeukan zigarrokina lurrera bota eta abarketaz zapaldu du. Denboraren laino artean galtzen den irri bakartia atera zaio ezpainetan.

      — Axun?

      — Bai, igo.

      Lantegiko arazoa kontatu eta konponbidean jarri eta gero, nondik eta nola hasi? Ez da hasiko ezezagun bati bizitza kontatzen. Baina... ezezaguna al da? Ez. Axun da. Beno, galdetu egingo dio ea nola den posible halako aurpegi berdina izatea. Bai. Eskailerak eta igogailu artean dago. Eskailera haiek... Axun eta biek elkar maite zutela konturatu ziren gau hura... Zinera joateko asmoz atetik irten orduko dirua ahaztu zitzaiola ohartu, gelatik hartu eta berriro eskaileretara irten zenean, hantxe zeukan Axun mailartean bere zain, begietatik suzko so xeratsua zeriola, irribarretsu. Elkarri muxu leun laburra eman eta airean bailihoazen jaitsi ziren kalera...

      Igogailu parean arnasa sakon hartu, pixka batean eutsi eta bota egin du. Hirutan. Lasaitzeko ona dela diote. Sartu da igogailura. Gerraurreko zahar horietakoa da eta ispilu txiki biribil bat dauka. Narrastuta dauka ilea. Eskuak txistuaz busti eta ahalegindu da ile tenteak zapaltzen. «Kaka! Lehen baino okerrago nagok!». Ate irekian abokatu gaztea itxaroten dauka.

      — Itxi atea eta jarrai nazazu, mesedez.

      Aurretik doakion emakumearen ibilerak... Langelako bi leihoak irekita dauzka. Aurrez aurre eseri dira.

      — Zuk esango duzu.

      — Hogeita hamar eguneko lana eta soldata kendu didate. Enkargatuak gaizki agindutako lana nire gain egotziz. Enkargatu pelotillero alua! Ezertarako balio ez duen ezgauza arraioa! Nagusiaren lehengusua delako da enkargatua eta ez ofizioa dakielako. Nagusi karka horrek ere hobe izango luke tajuzko enkargatua jartzea eta ez Mika ipurtoker hori! Gorriak omen garenok kontrolatzeko jarri bide du. Ja! Gorriak bai ikusiko ditu Mika horrek kalekantoi batean gauez harrapatzen baldin badut! —Pedrori, amorrazioak eraginda edo, hitzak etengabe atera zaizkio.

      — Lasai gizona. Kontaidazu zehazki, mesedez.

      — Badakite enkargatuaren errua izan dela, baina gerente tripaundi zuri hark hots egin zidanean hirugarren aldia omen nuen enkargatuari aurre egiten niona, lantegi batean diziplina pixka bat ere behar dela eta nire jarrera enkargatuarekiko ezin zuela enpresak onartu eta... Baboso alaena! Eta Mika hari begira pozez lerdea zeriola! Espainiako armadara bidaliko nuke, horrela jakingo luke zer den diziplina! Zokormazoa! Baina orain azken arrazoia nork duen ikusiko dugu, ezta? Ze, enkargatuak esandakoaren arabera lan egin nuela deklaratuko duten lekukoak badauzkat.

      — Lekukoak ba al dauzkazu?

      — Bai, bai. Haiek badakite Mikak eman zizkidan planoen arabera egin nituela pieza guztiak. Hiru eguneko lana hondatu zen. Eta orain... zigorra niretzat. Eta gainetik ez naiz... ez nago sindikatuta.

      Aurrean duen emakumeari oso era zakar eta desegokian hitz egin diola ohartu eta lotsa sentitu du Pedrok. Emandako datuak Axun abokatua idazten ari den bitartean, gizonak ez dio begirada kendu aurpegitik. Garbi dakusa emakumezkoa horretaz konturatu dela. Begiratua sentitzeak sortzen duen urduritasun apurra duela igerri dio.

      Dena amaitu dutenean elkarri begira geratu dira. Ezer esan gabe. Une bat besterik ez da izan, baina aski izan du Pedrok ustez ahaztuta zeukan zirrara berezi hura berriro sentitzeko. Urduritzen hasi da. Zerbait esango ote dio? Bai. Ez du gaizki hartuko galdera soil bat. Oraindik ahoa irekitzeke duelarik pauso hotsak eta berriketa marmarrak aditu ditu ate ondoan. Uste baino lehenago iritsi zaio aldegiteko ordua! Zotz! So larri bat islatu zaio Pedrori begietan. Emakumea zutitu egin da.

      — Uste dut honekin nahikoa izango dugula, ezta? Axun abokatuak ere ez du nahi gizon hark bapatean aldegin diezaion. Ziur da zerbait berezia, ezkutua edo garrantzitsua gorderik duela eta jakinminaren harra sortu zaio. Irrikitan dagoela ere esango luke. Gizonezkoari bidea erraztu nahirik erantsi du:

      — Presa handiko zerbait-edo sortuko balitzaizu, gogoratzen ez zaren daturen bat, gertakizun berriren bat... ez dakit, edozer gauza, hots egin iezadazu beldurrik gabe. Tori nire tarjeta, konturatuko zarenez boligrafoz beste zenbaki bat dago. Nire etxe... beno, gure etxekoa da. Hau ez diot edonori egiten —eta irribarrez begiratu du gizona.

      — Eskerrik asko. Orduan, ikusi arte... Axun.

      — Bai, ikusi arte, Pedro —esku irekia eskainiz. Pedro zerbait aztoraturik irten da. Abokatu gaztea berriro eseri egin da siloian, harrituta, kartoizko fitxa batez aurpegia haizeztatuz.