Arbasko hegaldia
Hizkuntza kanpoko espazioko birusa da.
William S. Burroughs
Batzuek diote arrazoirik gabe madarikatuta gaudela,
beste batzuek kausa zuzen batekin madarikatuta gaudela,
eta beste batzuek hau bedeinkazio bat dela.
Tom Whalen
Abuztuaren hasierako igande batean eta hain paraje ederrean, bakardadeak harritu ninduen lehenik, Casares de Arbastik eta Cubilla de Arbastik pasatu ondoren Aralla de Lunara bidean bizikletan nindoala, Arbas haranetik Luna haranera igarotzeko mendatetxoa igotzen hasita. Oso noizean behin baino ez nuen autoren edo furgonetaren bat gurutzatzen errepidean. Eskuarki leku ederrak hautatzen ditugu oporretarako, jakinda leku horietan gu bezalako turista asko izango dela, baina Leongo paraje haiek axioma hori urratzen zuten.
Oporretan kanpora joaten garenean benetan zer nahi ote dugun pentsatzen hasi nintzen, eta ezinegon bat sentitu nuen lehenik, beldur lauso eta arin bat, egon behar ez nuen lekuan egoteko sentsazioari lotua. Harritzekoa ere ez zen, garai hartan, hori ere esan beharra daukat, ez bainuen askorik behar izaten beldurrak gogoa ilundu ziezadan. Baina bat-batean beldur lauso hura ikara handi bihurtu zen, gehiegizkoa eta guztiz irrazionala. Pedalkaden erritmoa azkartu nuen, paraje zabal hartan bakarrik egoteak muinetaraino larriturik ninduela.
Ondoren, bizikleta errepide gainetik altxatzen hasi zen nik horretarako ezer egin gabe, eta berehala nengoen hamar metroko altueran, hogei, hogeita hamar... pedalei airean eragiten hala ere, arrabol baten gainean banengo bezala, E.T. Estralurtarra filmeko irudi ezaguna berrituz. Baina, paradoxikoa dirudien arren, areago izutu beharrean beldurra galdu nuen gorago jo ahala, hain zen zaila sinesten hura benetan gertatzen ari zitzaidala. Gero eta urrunago zegoen zorua lehenik, Arbas haraneko paraje ikusgarri hura, eta gero Leon osoa, eta Asturias, Espainia, Europa... eta planeta bera, Lurra.
Loak hartu ninduela esan daiteke gero. Baina ez zen loa izan, zehazki, hartu ninduena, antzeko zerbait baizik, izatekotan. Bizikletatik ez nintzen jaitsi, neu horretaz jabetuta behintzat, eta ez naiz inoiz izan bizikleta gainean lo egiteko gauza.
Esnatu, konortea berreskuratu, neure senera etorri edo dena delakoa egin nuenean, behera nindoan berriz, bizikleta gainean pedalei eraginez, eta berehala jaitsi nintzen lehengo errepide berberera, metro batzuk aurrerago, berrehun bat asko jota, aurretik neraman abiada bertsuan, bien bitartean ezer arrarorik gertatu ez balitz bezala.
Bide bazterrean gelditu eta inguruetara begiratu nuen. Ez zen inor ikusten. Soina haztatu nuen, behetik hasita goraino, eta ezer arrarorik ez nuen atzeman. Maillotaren atzealdeko poltsikoak miatu eta lehen bezala zeudela egiaztatu nuen: giltzak, nortasun agiria, eskuko telefonoa, berrogeita hamar euroko billetea, barra energetiko pare bat eta platano erdia neuzkan barruan. Ez ninduen larritzen jada parajearen bakardadeak.
Orduan duda piztu zitzaidan benetan gertatua ote zen nire hegaldi harrigarri hura. Nire irudimen urdurituaren jostailu izana nintzen beharbada, eta psikologoek sugestioa deitzen duten horietako bat nozitu nuen. Oso misteriotsua da gure garuna, eta hari buruz ezer gutxi dakigu, neurologo guztiek halabeharrezko apaltasunez aitortzen dutenez. Amona Irati zenak askotan esaten zidan, XIX. mendeko idazle bat aipatuz —ahaztua dut haren izena—, ez digula batere mesederik egiten denari azalpena bilatzeko dugun tema antzuak. “Ikusi al duk inoiz haizea? Baina ez didak ukatuko haizea, izan, badela, ezta?”.
Bidean aurrera egin, mendatetxoaren gailurrean dagoen tunel estutik igaro —Alceoko Tunela—, beherantz jo, Aralla de Lunaraino, eta garagardo bat hartu nuen errepide ondoan ikusi nuen tabernan, aurretik maillotaren atzeko poltsikotik ateratako platano erdia jan eta gero. Herritar batzuk baino ez zeuden, turistarik ez. Ez nion gertatutakoaz ezer kontatu inori, jakina. Argi zegoen ez zidatela sinetsiko.
Beste bide batetik, Geras eta Caborneratik pasatuta, itzuli nintzen oporraldi haietako gure etxera, La Pola de Gordoneko kanpinera. Dutxa hartzen nuen bitartean zalantzak izan nituen, baina hegaldiarena emazteari aurrerago kontatuko niola erabaki nuen, gauean seguru asko, gertatutakoa neure buruan argitu eta nola kontatu behar nuen ondo pentsatu eta gero.
Baina gauean biharamunerako utzi, biharamun goizean bazkalordurako... Geroko utzi eta geroko utzi, azkenean ez nion emazteari ere ezer kontatu, kontatzeak ekar zitzakeen lanek nagituta seguru asko. Gertatutakoaren berri emanez gero, burutik egiten hasita ez nengoela erakustera behartuta ikusiko bainuen neure burua, besteei lehenik eta neure buruari gero. Eta, esan bezala, neuri ere lanak ematen zizkidan hura benetan gertatua zela sinesteak.
Baliteke —orain, atzera begiratuta, hala iruditzen zait behintzat— isiltasun horrekin zerikusia izatea nire orduko egoera psikologikoak. Nahiko aldarte ilunean nenbilen azkeneko bi urteetatik hara, batez ere nire txikitako bi adiskide hil eta gero, berrogeita bost urtekoak biak, nire adin berekoak, bata biriketako minbiziaren ondorioz, bestea bihotzekoak jota. Erraz tristatzen nintzen, are errazago ateratzen nire onetik, eta oihuka eta zalapartaka hasten, zakar, eguneroko bizitzako edozein kontu txiki okertze hutsarekin, emazteak azken orduko erosketa bat egitera bidaltzen ninduelako, laneko hitzordu bat atzeratzen zidatelako, bizikletan nenbilela gurpila zulatzen zitzaidalako... Ez nintzen ezertaz gozatzeko gauza, beti okerrena gerta zitekeelako susmoak hartzen ninduen eta hipokondria atake absurdo eta mingotsak izaten nituen. Horretaz ohartuta, familia-medikuarenera joateko aukera ere aztertu nuen, emaztearekin horretaz hitz eginda, akaso psikiatrarengana bidaliko ninduelakoan.
Donostiara eta eguneroko bizitzara itzulitakoan, Arbasko hegaldia gero eta urrunagoko kontua bihurtu zen niretzat, inolako eragin zehatzik gabeko oroitzapen lauso bat. Baina, pixkanakako aldaketa batzuk izan ziren nire aldartean oporraldi haren ondotik. Oharkabekoak hasieran, baina gero eta nabarmenagoak. Gero eta lasaiago nenbilen, baikorrago nintzen, ausartago eta erneago edozertarako, eta arretatsuago eta atseginago gertuko jendearekin.
Emaztearekin horretaz hitz egin nuenean, oporretatik itzuli ginenetik pare bat hilabetera edo, esan zidan bera ere jabetuta zegoela onerako egina nuen aldaketaz, eta familia-medikuarenera jotzeko aukera baztertu genuen, “oraingoz behintzat” lasaigarri batez.
Atentzioa eman zidan lehenengo zantzua, bitxia badirudi ere, ilearekin zegoen lotuta. Ilea galtzen hasita nengoen, eta gainera buruan sartuta neukan bizikletan ibiltzeko kaskoa janzteak bizkortu egiten zuela galera. Uda haren amaieran, ordea, Leongo oporralditik itzulita, jabetu nintzen ez nintzela ilea galtzen ari, eta, areago, lehen baino ile gehixeago ez ote nuen ere iruditu zitzaidan egun batean, bizikletan ibili ondoren, dutxatu aurretik, komuneko ispilu aurrean kaskoa erantzi nuenean.
Hurrengo urteko otsailean, 2036koan, eroriko nahiko gogorra izan nuen bizikletan Jaizkibeldik Hondarribira jaisten ari nintzela. Baina eroapen handiz jasan nuen mina, eta baita bolada batez bizikletan ibili ezina ere, urte hartako Quebrantahuesos zikloturismoko probarako egiten ari nintzen prestaketan atzerapauso handia izan arren. Gorputzak eroapen hori eskertu nahiko balit bezala, traumatologoak uste baino askoz lehenago suspertu zitzaidan zangoa. Eta ekainean neure marka pertsonala hobetu nuen Quebrantahuesosen, neure aurreikuspenik baikorrenak ere aise gaindituta.
Kontu horiek guztiak ez nituen lotu, hala ere, Arbasko gertaera esoterikoarekin, eta jarraitu nuen haren berri inori eman gabe. Gertaera hura kutxa bakartu batean itxita zegoen nire oroitzapenen biltegian, ia-ia amets bat izan balitz bezala, berezia eta indar handikoa, baina amets bat besterik ez.
Bizikleta gaineko kirol errendimenduan ez ezik, hobekuntza handia igarri nuen, Arbasko hegaldiaz geroztik, grupetako, hau da, txirrindularitzako entrenamenduetako lagun taldeko, harremanetan ere. Ez nintzen inondik inora ere taldeko animatzaile nagusi bihurtu, bazen rol hori jokatzeko ni baino askoz iaioagorik, baina taldeko kide batzuekin asko sakondu nuen harremana.
Grupetako adiskiderik onenetako bat Pello nuen, Fignon ezizenez, mutil gazte isil eta formal bat, oso ikasle ona izateko fama zeukana, eta itxura ere halakoxea, betaurreko eta guzti. Zilar koloreko armazoi obalatua zuten Pelloren betaurrekoek; Laurent Fignon ziklista paristarrak 1980ko hamarkadan erabiltzen zituenen tankerakoak ziren.
Fignonekin nuen harremana asko estutu zen minbizi larria diagnostikatu ziotenean, linfoma zehazki. Gurekin bizikletan ibiltzeari utzi behar izan zion eta hasieran, erietxe onkologikoan zela, grupetako guztiok bisitatu genuen, baina etxera itzuli zenean asko murriztu zen gure arreta, eta hilabeteren buruan neu nintzen, grupetako lagunen artean, hari bisitak egiten jarraitzen zuen bakarra.
Kimioterapia saioen ondorengo egoerarik beltzenetan ere ondoan izan ninduen Fignonek, Eiderrek hala eskatuta, haren amak.
— Berak ez dizu eskatuko baina nik badakit poz handia ematen diotela zure bisitek.
Bost urte lehenago hila zitzaidan ama, azkeneko hilabeteak nahiko pattal eman ondoren, bai fisikoki eta bai aldarteari zegokionez, eta ez nintzen haren ondoan behar bezala egoteko gauza izan. Hasieran ez nuen onartu nahi izan gaitzaren larritasuna, gehiegizkotzat jo nituen amaren arrangurak; gero, etsia hartutakoan, izuak ezintasuna eragiteraino jota, ez nintzen egoerari aurre egiteko gauza sentitzen eta, aldian aldiko aitzakiak tarteko, emaztearen esku utzi nuen ardura nagusia, hala amaren ondoan egotearena nola egoera kudeatzearena: medikuekin hitz egin, erabakiak hartu…
Amarekin izan nuen jokabide koldarrak ez zuen atzera-bueltarik, baina Fignonekin, neurri batean behintzat, aurretik huts egindako asignatura bat gainditzen ari nintzela sentitu nuen, eta gainera naturaltasun osoz egin nuela hori, ez asignatura aprobatu nahiak edo beste erremediorik ez izateak bultzatuta, berezko senak horretara eramanda baizik.
Hil ala biziko ataka hartatik, kostata izan baldin bazen ere, onik irten zen Fignon, eta are bizikletan buelta bat edo beste egiten ere hasi ginen elkarrekin. Baina gero Amerikako Estatu Batuetara joan zen Medikuntza ikasketak amaitzera, han baino ezin ikas omen zitekeen espezializazio batean, eta arrastoa galdu nion.
Honezkero susmatzen hasita zaudetenez, COVID-37 gaitz birikoaren berri zabaltzen hasi zenean berehala pentsatu nuen ni ere kutsatuta nengoela, sintoma guztiak bainituen bete-betean: sasoi gero eta hobea, aldarte orekatu eta serenoa, enpatiarako eta erruki laguntzailerako joera, inoiz baino adimen argiagoa eta, horrekin batera, hori guztia dotorezia eta probetxuz baliatzeko ezinbestekoa den apaltasuna. Eta, azken froga ukaezin moduan, mediku azterketa batzuek nire susmoak berretsiz baieztatu zutenez, erabateko antzutasuna.
Arbasko hegaldiaz geroztik ari ginen emaztea eta biok guraso izateko ohiko ahaleginak egiten, nire aldartearen hobekuntzak lagungarri izanik, baina pare bat urteren buruan, ikusirik gure oheko izerdiek ez zutela fruiturik emateko biderik urratzen, famili-medikuarenera jotzea erabaki genuen, eta hark, jakina, espezialistarengana bideratu gintuen. Egin beharreko probak egin ondoren, espezialistak esanda jakin genuen nire espermatozoideen geldotze eta maskaltze erabatekoak ondorengo genetikorik izateko aukerarik txikiena ere izatea eragozten zidala. “LSDa hartuta baleude bezala” neuzkan guztiak, medikuak esan zidanez, “musika psikodeliko pausatua entzuten, lanean jartzeko beharko lituzketen ereserki testosteronikoen ordez”. Berehala jakin nuen ez nuela medikuaren komentario bere ustez zorrotz hura ahaztuko bizi nintzen artean. “Ez dakit kontsolamendurako balioko dizun, baina, antzuak izanagatik ere, edo akaso horrexegatik, zoriontsuak dirudite, mikroskopiotik begiratuta”, errematatu zuen, irribarrez, ateraldia.
COVID-37 gaitzaren berri zabaldu zenerako, ni harekin bizitzen ohituta nengoen, birusa zenik eta gaixo nengoenik jakin gabe, Arbasko hegaldiaz geroztik nire gogo-gorputzetan izandako aldaketak zeri egotzi jakin gabe, baina haiek onartuta neuzkan, hala aldekoak nola kontrakoak.
Baina birusaren eta hark eragiten zituen sintomen berri izan ahala, gero eta lotura handiagoa sumatzen nuen nire aldaketen eta haien artean. Azkenik, testa egitea eskatu nuen eta emaitza argia izan zen: ni nintzen mundu osoan lehenik kutsatu zirenetako bat. Ia lau urte zeraman birusak nire gorputzean apopilo. Horrek berretsi egiten zuen, dudarik gabe, ordurako nahiko argi zegoen errealitate beldurgarri bat: COVID-37ak hiru urtetik gora iraun zezakeen pertsona baten barruan gutxien-gutxienez, baina oso litekeena zen betiko gelditzea ere, ez baitzegoen jakiterik zer bilakabide izango zuen gaitzak nire gorputzean; ezta ordurako mendean hartuak zeuzkan gainerakoenetan ere.
Oso bakanak ziren, izan ere, kutsatutakoen artean sendatutakoen kasuak, eta kasu bakan horietan guztietan, gainera, birusarekin lotura zuzenik ez zuen beste gaitz batek menderatu zuen birusa lehenik eta gero, harekin batera, hura barruan zeukan gaixoaren gorputza, kasu askotan heriotza eragin arte. Horrez gain, mundu osoko zientzialariak birusaren aurkako erremedio bat bilatzeko egindako ahaleginak ez ziren inolako fruiturik ematen ari. Alde horretatik, etsipena erabatekoa zen.
Halaxe segitzen dugu gaur egun ere, erremediorik aurkitu gabe, eta, jakina denez, munduko gizonezkoon erdia baino gehiago gaude kutsatuta, eta ez dago, epe laburrean behintzat, pandemia geldiarazteko edo sendabiderik aurkitzeko itxaropenik, hain da kutsakorra eta sendaezina birusa. Hala diote behintzat zientzialariek. Baina ez gaude kexatzeko moduan hala ere, azken batean handiagoak baitira, mediku eta arduradun politiko askok behin eta berriz gogorarazten diguten moduan, birus honek ekartzen dizkigun mesedeak egiten dizkigun kalteak baino. Emakumeak, gainera, ia-ia guztiz libre daude gaitzetik, mundu osoan ez baitira, oraingoz behintzat, dozena pare bat baino gehiago kutsatu, eta horietako gehienak modu asintomatikoan.
Neure larruan bizi izandakoa dut COVID-37aren onberatasunaren froga. Ni askoz hobeto bizi naiz birusa barruratu zitzaidanetik. Aita biologiko izateko aukera eta itxaropena galduta izateak bolada batean min handia eman bazidan ere, ondo gainditua dut dagoeneko beheraldi hura; horretan lagun onak ditut, dudarik gabe, adopzioan hartutako gure seme-alabak.
Medikuak birusak nire gorputzerako atea non eta nola ireki zuen ikertzen hasi zirenean, Leongo gure oporraldia ekarri nuen gogora eta esan nien haren ondoren hasi nintzela, pixkanaka, birusari lotzen zaizkion sintoma guztiak igartzen. Baina orduan ere ez nien ezer esan Arbasko hegaldiaz. Hartaz emazteari ezer ere esan gabe jarraitzen nuen, eta konbentzituta nengoen medikuei haren berri emanez gero ez zidatela ezer sinetsiko eta erotzat hartuko nindutela. Neu ere hegaldi hura sugestio hutsa izan zela pentsatzera iritsita nengoen ia, edo behintzat hala izan balitz bezala jokatzera, besteen aurrean ez ezik baita neure buruarekin ere.
Egun batean, alabaina, orain dela gutxi, inondik inora espero nuen mezu bat jaso nuen, Fignonek bidalia. “Kaixo, aspaldiko! Zer moduz? Hirekin hitz egin behar diat. Hik esan non eta noiz, eta elkartuko gaituk”. Haren berririk aspaldi jaso gabe, ez nekien AEBtik itzulia zenik ere. “Ados, baina gurekin berriro bizikletan ibiltzeko asmoa baldin baduk, ondo prestatu, gurekin ez zegok bromarik eta”, erantzun nion, begi-keinu irribarretsu baten emotikonoa gehituta.
Jaizkibelgo kantinan jarri nuen hitzordua. Behin baino gehiagotan ginen han elkarrekin egonak Fignon eta biok, grupetako beste kide batzuekin batera, bizikleta ibilaldian kafe bat hartuz edo garagardoa edanez atseden hartzeko, eta pentsatu nuen oroitzapen onak ekarriko zizkigula lekuak.
Lehengo betaurreko berberekin agertu zen hitzordura, ezizenari fidel, irribarre samurra ezpainetan. Elkar besarkatu, adeitasunezko hitzak trukatu eta batak besteari elkarren berri gaingiroki eman ondoren hasi zen azalpenak ematen.
— Ez duk lau haizeetara zabaltzeko kontua, baina hiri esan egin behar diat: NASAko zientzialaria nauk. Eta NASAren barruan, AGK Agintaritza Global Konputarizatuarekin zuzenean lotutako sailean egiten diat lan zehazki.
Jakaren barruko poltsikotik aterata, hori egiaztatzen zuen txartel bat erakutsi zidan.
— Esan bezala, honetaz txintik ere ez inori, mesedez —ohartarazi zidan, nik txartelari begiratzen nion bitartean—. Eta hemendik aurrera hitz egingo dugunari buruz ere ez. Bestela, hiretzat kalte, ez baitik inork ere sinetsiko.
Ondoren, azaldu zidan AGK-k sortu eta zabaldu zuela COVID-37 gaitza, AGK ari zela orain pandemia “kontrolatzen eta kudeatzen”, eta birusa berariaz eta luzerako ezarria zela planetako gizonezko ia guztien gorputzetan.
— Aurreko COVID gaitzak ere AGK-k sortu al zituen?
— COVID-28a bai, baina COVID-19a ez. COVID-19a nahi gabe egindako esperimentu gisa baliatu zian AGK-k, hala esaterik baldin badago. AGK sortu gabe zegoan artean, izan ere, sortzeko lehen urrats sekretuak ordurako ematen hasita zeuden arren, isilean.
COVID-19aren aurkako neurrien arrakasta gogoratu eta aintzat hartuta erabaki omen zuen AGK-k COVID-28a sortu eta zabaltzea 2028an, kutsadura global gehiegizkoaren eta klima aldaketaren ondorio kaltegarriei aurre egin eta planetaren behin betiko kolapsoa eragozteko; horretarako, birus berriaren kontrako neurriak aitzakiatzat hartuz, biztanleriaren eta era guztietako ondasunen ekoizpenen mugikortasuna eta zarrastelkeria murriztu zituen. Emaitzak bikainak izan ziren, birusak hildakoen kopurua oso txikia izan baitzen neurri haiei esker salbatu zirenekiko proportzioan.
— Beraz, konspirazioaren teoriak zuzen zeudek.
— Ez. Konspirazioaren teorietako bakan batzuk zeudek zuzen edo zuzen samar, edo ondo bideratuta behintzat. Baina konspirazioaren teoria gehienak guztiz faltsuak eta zentzugabeak dituk, eta horietako asko AGK-k berak sortu eta zabaldu ditik.
— Zuzen dauden teoriei sinesgarritasuna kentzeko, ezta?
— Horixe bera.
Ordura arteko azalpenak, ordea, benetan kontatu nahi zidanaren atarikoa baino ez ziren.
— Hiri eman beharreko informazio konfidentziala aurrez aurre emateko etorrarazi naitek Estatu Batuetatik hona. Bion arteko adiskidetasuna kontuan hartuta, pentsatu ditek ni naizela horretarako agenterik egokiena. Xehetasunik txikienetara ere iristeko ahalmen harrigarria zeukak AGK-k.
Argazki batzuk erakutsi zizkidan ondoren. Lehenengoetan, ni agertzen nintzen, ziklista jantziak soinean, bizikleta gainean pedalei eragiten Arbas haraneko bakardadearen erdian. Airetik egindako argazkiak ziren. Ondorengo argazkietan ez nintzen, ordea, airean pedalei eragiten agertzen, nire oroitzapenei jarraituz agertu beharko nukeen bezala, bide bazterrean etzanda baizik, lo, konortea galduta edo hilda, ondoan drone bat daukadala. Aldamenean bizikleta dago, bi gurpilen gainean, beste drone batek eutsita. Hurrengoetan, ikusten da bi droneek bizikleta gainera igo eta abian jartzen nautela Alceoko Tunelerako bidean gora pedalei eragiten.
— Errepide kontrolak ezarri zitiztean hire aurrean eta hire atzean, paraje hartan beste inor ez egokitzeko. Droneetako batek haluzinogeno bizkor bat zainetaratu zian saman eta, aitaren batean COVID-37 gaitzaren birusa txertatu eta gero, heure senera itzuli hintzen berehala, han ezer gertatu ez balitz bezala.
COVID-37arekin kutsatzen lehenengoetakoa ez, guztiz lehena izan omen nintzen. Hala esan zidan Fignonek: “benetako aitzindari bat” nintzela.
— Zergatik ni?
— Auskalo! Izango zian irizpide zehatz bat hi aukeratzeko, baina AGK-k ez zidak esan zein.
— “Zergatik ez ni?” pentsatu beharko nikek, ezta?
— Horixe bera.
Isilik geratu ginen une batez. Jasotako informazioa asimilatzeko beta eman nahi izan zidan adiskideak.
— Orain, amaitzeko, azken kontu bat —ekin zion gero—: Lehen esan diat honetaz ez dioala inori ezer esan behar. Baina AGK-k erabaki dik COVID-37aren erantzule eta arduradun dela, eta hari buruzko gauza gehiago jakinaraziko dituela laster, ohikoak dituen bideetatik. AGK prest zegok horren ondorioei arazorik gabe aurre egiteko, azken batean birus hau, COVID-28a bezala, behar-beharrezkoa izan baita mundua, berriro ere, behin betiko kolapsotik salbatzeko. Baina hiri dagokik erabakitzea zero pazientea hi izan hintzela jakinaraztea nahi duan edo ez, eta baita, jakinaraztekotan, nola jakinarazi ere. Heuk ematen baldin baduk berria, AGK-k hik esandakoa berretsi eta frogatuko dik; edo, bestela, AGK-k berak jakinaraziko dik. Baina, hala nahiago baduk, inork ez dik izango kontu honetan izan duan parte-hartzearen berri. Heurea duk erabakia.
Isilik geratzea erabaki dut, baina badaezpada ere nire lekukotasuna jasota geratuko da idatzi honetan. Beharbada hemendik urte batzuetara, edo hamarkada batzuetara, ikusiko dugu noiz, heriotza gertu sumatzen dudanean akaso, testamentu gisa, Arbasko nire hegaldi harrigarriaren berri emango dut.
Baina, hala eginez gero, AGKri nire bertsio hau ez egiaztatzeko eta ez gezurtatzeko eskatuko diot, zalantza airean gera dadin. Amona Irati zenari ikasi nion, eta ez dakit hark idazle bati irakurri zion ala bere uztakoa zuen: “Zalantzaren itzalak distira kentzen dio egiari, baina bizitza luzeago, misteriotsuago eta sakonagoa izateko behar duen babesa ere ematen dio askotan”.