Sinbiosia Marten
Gauza bat nuen, eta dut, Igeldon maiteenik: udaberrian bakarti zeuden atzealdeko pinudia eta pinuen arteko bidezidorrak, behin eta berriz bisitatuak. Hantxe entzun ditut nik isiltasun oso hartan Lizardiren “bizion oiņok”; eta hantxe ere, halako batez, Debussyren La Mer bikaina... Bakardade momentu haiexek izan dira agian neure bizian ezagutuko ditudan osoenak.
Txillardegi
Kanpo-barruak ezeztatzeak nonahikotasun zabal batean jartzen ote gaitu? Ez: etengabeko ezleku ito batean kokatzen gaitu. (Sentibizitzen ari garena da.) Nazioarteko sagarrak edo tomateak uzten diguten ahogozo eskas berberarekin uzten gaitu. (Sagar-tomate horiek ez dira garaikoak, eta bai beti-garaikide).
Iņaki Segurola
Ez da ezer bi aldiz gertatzen
eta ez da gertatuko; horregatik,
esperientziarik gabe jaio gara,
errutinarik gabe hilko gara.
Ez da egun bera den egunik,
bata bestearen antzeko den gaurik,
begirada berdinik begietan,
errepikatutako musurik.
Wislawa Szymborska
Izan gaitezen bi erraldoi zorrotz
(elkartu arren bakarti izateari utzi gabe).
Leonard Cohen
Idazketarako arrobi kaxkarra dago emen. Ezer ikasi bear dan garaian ondeo-atxurrean besteren mendean jardunda ez da pianoa jotzen ikasten.
Inaziomari Atxukarro
1
Etorri baino hilabete lehenago jakin nuen Marterako ihesaldi handiaren berri. Mariorekin hizketan entzun nuen ama ohetik, eta berehala igarri nuen kontu serio bati buruz ari zirela. Irakurtzen ari nintzen liburua gau-mahaian utzi eta komunera joan nintzen isilka. Handik ere ez nuen oso ondo aditzen esaten zuten guztia, baina, Donostia utzita, beste norabait joan behar genuela ulertu nuen behintzat.
— Martera joango gara bizitzera —esan zidan amak goizean, gosariko zerealak jaten ari nintzela, gauean Mario eta biak zertaz aritu ziren galdetu nionean.
— Martera? Nola joango gara ba Martera?
— Ezin diozu inori ezer esan honetaz, garrantzitsua da sekretua ondo gordetzea. Ez dakigu zenbat iraun dezakeen Lur planetak baina gero eta argiago dago ez dagoela luzerako, 25 urte gehiago akaso, edo 50, 100… Baina suntsipenera bidean doa erremediorik gabe eta, gainera, suntsitu aurretik katastrofe handiak izango dira leku askotan. Non eta noiz gertatuko diren aurreikusterik ez da izango kasurik gehienetan, baina izango direla ez dago dudarik.
— Klima aldaketarengatik?
— Bai. Eta atmosferaren narriadurarengatik, baliabideen xahuketarengatik, plastikoak kate trofikoan eragindako kutsadurarengatik, zoonosi eta askotariko birusengatik, sektarismoa eta jokabide zentzugabeak bultzatzen dituzten gezur arriskutsuen zabalkunde etengabearengatik, gizakiak sortutako armen indarrarengatik eta sofistikazioarengatik eta, horrenbestez, gerra gero eta masibo eta lazgarriagoen arriskuagatik…
— Eta ezin dira konpondu arazo horiek Martera joan beharrik gabe?
— Ez. Txinak eguraldiaren kontrolean egindako aurrerapenekin batera baieztatu zen horrela jarraitzerik ez dagoela, zuzen-zuzen goazela erabateko kolapso suntsitzailera. Sekulako lorpenak eskuratu zituzten txinatarrek, baina baita hondamendi ikaragarriak eragin ere, hedabideek erakutsi zutena baino askoz larriagoak. Xake mate moduko bat izan zen.
— Baina Marte… Lekutan dago!
— Ilargira joateko aukera ere aztertu zen baina gertuegi dago. Lurreko katastrofeek eragina izan lezakete han ere.
Egoera oso larria zela azaldu zidan. Ezinezkoa zen mundu osoko herrialdeak ados jartzea katastrofea saihesteko borroka horretan erabaki bateratuak hartu eta lankidetzan aritzeko. Horregatik, munduko herrialde indartsuenetako agintariek erabakia eta planifikatua zuten Marten bizi ahal izateko plataforma handi batzuk prestatzea, isilean.
— Isolatutako hiri txiki modukoak izango dira, eta bizimodu autonomoa egin ahal izango da han, Lurretik eramandako baliabideekin. Zazpi izango dira guztira, eta bost mila lagun inguru joango gara, hasieran, horietan bizitzera. Gero, ezeren okerrik ez dela, jende gehiagorentzat lekua izatea dago aurreikusita.
— Agintariak diozunean, nori buruz ari zara?
— Neuk ere ez dakit oso ondo. Batetik, agintari ezagunak daude: politikariak; bestetik, ezkutukoak: korporazio handietako presidenteak, CEOak, zuzendariak eta beste. Azken horiek dira boteretsuenak, baina gehienak mediatikoki ezezagunak dira.
— Eta zu Marten lan egiteko aukeratu zaituzte, ezta?
— Bai, eta zu nirekin eramateko baimena dut, jakina. Eta Mario ere bai.
Nahiz eta Martera etorri beren burua salbu jartzera, munduko agintari nagusiek, pribilegiatuon kastako buruzagiek, Lur planeta onbideratzeko eta salbatzeko azken plan bat ere prestaturik omen zuten, amak azaldu zidanez. Agintaritza bateratu baten premia zegoela adostu zuten, eta hori bideratu eta gauzatzeko modu bakarra adimen artifizialari lidergoa ematea izango zela. AGK Agintaritza Global Konputarizatuak erabakiko zuen zein ziren lege egokienak Lur planetak ahalik eta luzaroen bizileku egokia izaten jarraitu zezan, eta bertan geratuko ziren bizilagunak ahalik eta ondoen bizi zitezen, horretarako batzuetan neurri gogorrak hartu beharko baziren ere, bidegabeak ere bai kasu askotan, interes komunen alde betiere.
AGK arduratuko zen berak ezarritako legeak betearazteaz eta haiek urratzen zituztenak zigortzeaz ere, horretarako bere mendeko gizakiak, azpi-konputagailuak, robotak eta androideak erabiliz. Erabateko agintea izango zuen mundu osoan, asmo onekoa eta bidezkoa, hura lanean jarri zutenek ziotenez behintzat.
Baina, haiek hala deitzen ez zioten arren, diktadorea zen, eta da, AGK. Batzuek algoritmoaren diktadura deitzen diote hura agintari ezarri zutenetik dugun erregimenari, beste batzuen ustez kapitalismo konputarizatuan bizi gara, faxismo kapitalista humanista deitzen dionik ere bada, edo komunismo kapitalista, kapitalismo komunista, anarkismo kontrolatua… Aipatu ditudan horiek guztiak zentzuzkoak iruditzen zaizkit, azkenekoek oximoron erabatekoak badirudite ere. Nondik begiratzen zaion.
Argi zegoen demokrazia ez zela behintzat. Baina nork nahiko zukeen demokraziarik, demokraziaren onuradun nagusiek ere, agintariek eta merkatuaren ugazaba handiek, egiaztatuta zutelarik XXI. mendeko demokrazietan etengabe hazten ari zirela merkatu librearen indar zapaltzaile mugagabea, txikizio ekologikoa, ustelkeria, zarrastelkeria, nepotismoa, plutokrazia, gezur ofiziala eta gezur konspirazionista, gezurkrazia eta izukrazia, indibidualismo suntsitzaile eta autosuntsitzailea…? Aje onargarriak ziren horiek guztiak munduko boteretsuenentzat horien gaineko kontrola zuten bitartean, baina gero eta argiago zegoen planetako giza bizitza arriskuan jarriko zutela berandu baino lehen. Demokrazia sistema egokia izan daiteke komunitate txiki eta kontrolagarrietan, baina mundu global hiperteknifikatu eta konputarizatuan suizidioa da.
Zabalpen handiko beste topiko bat ere ehortzi zuen, behin eta betiko, munduaren martxa eroak: pentsamendu bakarraren arbuioarena. Pluraltasun ideologikoa jo zen urte askoan, demokraziarekin batera, gizakiaren askatasunaren eta, horrekin lotuta, ongizatearen eta are zorionaren oinarri ezinbestekotzat, baina aurrerapen teknologikoek, gezurren zabalkundearen hazkunde esponentzialak eta gizakiaren berezko egoismoak, itsukeriak eta oldarkortasunak arrisku larri bihurtu zuten pluraltasuna: guztiz premiazko, aitzitik, ezinbesteko, hil ala biziko, pentsamendu bakarra.
— Baina zer izango da zehazki AGK delako hori? —galdetu nion amari—. Ordenagailu handi bat?
— Antzeko zerbait. Sekulako potentzia izango duen ordenagailu kuantikoa, teknologiaren azken aurrerapenekin osatua. Berez, fisikoki, bi konputagailu izango dira, bata Marten eta bestea Lurrean, baina funtsean bakarra balira bezala funtzionatuko dute. Bakarra da. Muntatua dago eta haren programazioa lantzen ari gara orain, giza bizitzaren aldeko oinarrizko printzipioetan oinarrituta. Behin programatu eta gero, modu autonomoan emango ditu aginduak AGK-k, eta agindu horiek itsu-itsuan betearaziko dira mundu osoan, baita gogorregiak eta bidegabeak diruditenak ere, bidegabekeria batzuk beharrezkoak izaten baitira beti bidegabekeria handiagoak eragozteko. Jende askok dena galduko du, ikaragarri sufrituko du, hilko da, helburu handiago batek hala eskatuta: gizateriaren biziraupena eta ongizatea.
— Beldurra ematen du.
— Baina azken batean beti izan da horrela, beti egin izan du horrela aurrera gizateriak. Iritsi garen puntura iritsita, tamalez, aukerarik onena da, irtenbide bakarra. Etsi-etsian eta, neurri handi batean, gogoz kontra hartu dute erabakia herrialde indartsuenetako agintariek. Eta ikusteko dago, hala ere, balio izango duen egoera konpontzeko, planeta onbideratzeko. Aurreikuspenak ez dira oso onak. Dena den, gu, zorionez, salbu izango gara Marten. Hura gure eguneroko bizitza ahalbidetu eta errazteko prestatuta egongo da gu joaten garenerako, eta han askoz ere urriagoak izango dira era guztietako arriskuak.
Lagunengana joan zitzaidan gogoa, baina haietaz asko arduratu gabe, ez bainien atxikimendu handirik, ezta haiek niri ere. Salbatuko ote zen haietako inor, nik adinako zoria izateari esker? Akaso denek ez, baina ia denek Lurrean geratu beharko zuten, auskalo zertara behartuta, gero eta egoera okerragoan zegoen eta suntsipen ia-ia saihetsezin baterantz amiltzen ari zen planeta zartatu eta zauritu batean.
2
Lurretik Martera etortzeko bidaiak iraun zituen sei hilabeteak gatibu eman genituen, ezinbestean, espazio-ontziko bidaiari-bizilagun guztiok, mila inguru baikinen hamar mila metro karratu inguruko azalera batetik ezertarako irten ezinik. Gatibutza arazo praktikorik gabe iragateko erosotasun material guztiak geneuzkan arren —janari-edariak, lo egiteko tokia, arropak, ONO Osasun Neurgailu Orokorreko tunela eta osasun arloko zerbitzu guztiak, BKS Banakako Konexio Sistema, askotariko entretenimendu erreal nahiz birtualak, espazio-ontzi barruko elkarretaratze sozialak eta festak...—, oso gogorra izan zen askorentzat. Han hasi zen pitzatzen Marioren eta amaren arteko harremana —lehendik ere ez erabat pitzadurarik gabea—, Mariok ezin baitzuen itxialdi hura eraman.
Neu hainbestean moldatu nintzen, nire bi zaletasun nagusietako bati esker. Hasieran irakurketa espazio-ontziaren hegaletako leihatiletako ikusmirarekin konbinatzen nuen, baina bigarren edo hirugarren egunerako aspertu egin ninduen ikusmira ustez liluragarri horren monotoniak, eta amak eta biok espazio-ontziaren barruan geneukan gelatxora aldatu nituen irakurketa saioak. Ez nintzen bakarra izan. Lehen egunetan beteak egon ohi ziren leihatila ondoko aulkiak, baina bidaiak aurrera egin ahala bakan batzuen siestarako gune bihurtu ziren. Aise aspertzekoak gara, izan ere, gizakiok.
Nire beste zaletasun nagusia, mendian paseoan ibiltzearena, alde batera utzi behar izan nuen urte erdi hartan. Pantaila eta holograma bidezko paseoen eskaintza oso zabala da gaur egun, eta oso aberatsa eta sofistikatua errealitatea itxuratzeari dagokionez; era guztietako ibilbide birtualak egin daitezke, bai, orografia errealak imitatzen dituzten ibilaldiak zein fikziozko orografia txundigarrietan barneratzen zaituztenak, badakigu, baina niri erabat deserosoak egiten zaizkit denak. Neure burua engainatzen, gaixotzen eta ahultzen ari naizelako irudipena izan dut, beti, horrelakoak erabili izan ditudan aldi bakanetan.
Lurrean bizi nintzenean etxetik gertu neuzkan parajeak eta mendiak ezagutzera joanez egin nintzen, oharkabean eta neure erara, mendizale. Ni naizenari mendizale esaterik baldin badago. Gehiegi izango da seguru asko. Mendigoizale ez bainaiz behintzat, are gutxiago alpinista, Donostialdetik irten gabe eta gehienez ere Mendizorrotza mendiaren 392 metroko altuerara iritsita egiten bainituen nire ibilaldi pausatu eta kirol maila oso eskasekoak.
Ibilian, paisaia ederrek baino gehiago hunkitzen ninduen jendea bere egunerokotasunean ikusteak, kaletik bertatik hasi eta, azken espaloiaren ondoren, lehendabiziko etxe baratzedunen eta kale-baserrien paretik igarota, ibilitako kalea, apurka, landa bihurtzen den eremutik gora eginda gero, baserri bakanduagoen artean mendian sartu arte, mendian baina hirigunetik inoiz asko urrundu gabe. Batzuetan jendea ikusten nuen; beste batzuetan, jendeak utzitako askotariko arrasto txikiak, xumeak, espanturik gabekoak, ibiltari batek utzitako oinatzak bezain gizatiarrak.
Pirinioetako edo urrutiagoko goi-mendietan ere izana naiz, bi aldiz, amarekin, baina ez ninduten batere erakarri. Urrutiko mendialde handi horietan ez zen ia jenderik ikusten, eta ikusten zen apurra ez zegoen egunerokotasunean, hartatik ihesean baino; aterpetxeetako langileak salbu, jakina. Izadiaren ikuspegitik begiratuta naturalagoak izanagatik ere, mendi handi haiek geure etxeetatik gertu genituen mendi txikiak baino artifizialagoak iruditu zitzaizkidan, emozio eta interes gutxikoak.
Amaren aholku tematiei are tematiago muzin eginez, mendira ez nuen inoiz BKSa eramaten, ezta inolako maparik ere, ez birtualik eta ez paperezkorik. Arrisku gutxiko txangoak zirenez ez zitzaidan beharrezkoa iruditzen eta plazeraren parte handi bat munduaren atzaparretatik aske sentitzea zen, ezerekiko konexio elektronikorik gabeko arnasa espirituala. Jateko pixka bat, urez betetako kantinplora eta libururen bat edo beste baino ez nuen sartzen bizkar-zorroan, zerbitzu anitzeko suitzar labana zahar batekin batera, kirtentzat oskol moduko gorri bat dutenetakoa, ogitartekoak prestatzeko eta fruta zatitzeko; baita egur zatiak zuritu eta zizelkatzeko ere. Horrek lasaitu egiten nau, materia fisikoarekin kontaktuan sentiarazten nauelako, taillagin batere abila ez naizen arren.
Erraldoi txikia sentitu ohi nintzen, edo ipotx ikaragarri handia, gizatasunak, aldez edo moldez, modu nabarmenean batzuetan, zeharka eta sotilki baino ez beste batzuetan, bereganaturiko izadiaren erdian neure mokadutxo apal eta organikoa prestatzen eta jaten nuen bitartean.
Hainbat txoko ezkutu ezagutu nituen ibilaldi haietan, eta maiteena Igeldon aurkitu nuen: udaberrian bakarti zeuden atzealdeko pinudia eta pinuen arteko bidezidorrak, behin eta berriz bisitatuak. Orduak ematen nituen han batzuetan, inor ikusi gabe eta inork ikusi gabe, ezer egin gabe, egonean, edo libururen bat irakurtzen edo egur zatiren bat taillatzen bestela. Bakardade momentu haiexek izan dira agian neure bizian ezagutuko ditudan osoenak.
Hutsarte izendatu nuen neure arterako txoko hura, Jorge Oteiza eskultoreak haurra zela Orioko hondartzako harean bere burua ezkutatzeko egiten omen zuen zuloa gogoan.
Horren guztiaren falta sentitu nuen batez ere Marterako bidaia luzean. Kontsolatzeko, amak iragarria zidan basoa izango omen nuen nire ibilaldietarako. Banekien, ordea, ez zela aski izango nire premia eta irrika asetzeko.
3
Marten bizitzarako —edo giza bizitzarako bederen— egokiena den lekua denez, Valles Marineris deritzon gunean daude ezarrita hemengo gizakion zazpi hiriak, Valles Marineris Town izendatuak, bakoitza bere zenbakiarekin: VM1T, VM2T, VM3T, VM4T, VM5T, VM6T, VM7T. Gurea VM5T da, Valles Marineris 5th Town, osorik idatzita.
Ez dakit zergatik gauden zazpi hiritan banatuta eta ez denok bakarrean batuta; edo bitan, hirutan edo dozena batean bestela. Batzuetan pentsatzen dut AGK-k nahiago izan duela arrautza guztiak saski bakarrean ez sartu, badaezpada ere, Marteko hirietakoren batean kontuak okertzen eta larritzen hasiz gero gainerakoak salbatzeko aukera handiagoak izan ditzakeelakoan. Esanahi sinbolikoa ere izan dezake, Bibliarekin edo beste erreferentziaren batekin lotua. Auskalo! Nire adimenari guztiz urrun geratzen zaion beste edozein arrazoi ere izan zezakeen AGK-k Marteko hiriak zazpi izango zirela erabakitzeko, baita arrazoi horren berri ez emateko ere. Amak ere ez omen daki zergatik diren zazpi, hala dio behintzat, baina akaso sekretu profesionala gorde beharrak isilarazten du. Horrela dira kontuak gure planeta oraindik ere berri samar honetan.
Orotara 7.500 hektarea omen dauzka Valles Marineris 5th Townek, Marteko gure bizitoki abegikor samar baina aukeran estu honek, ia-ia guztiz lauak denak ere, muino izatetik urrun dauden koxka txiki batzuk gorabehera, handiena 15 metrokoa. Bizitzeko behar dugun egurats oxigenatua, grabitate egokitua eta tenperaturaren kontrola —azken hori zientzialari txinatarrek garatutako sistema konplexu baten bitartez lortua— 20 metroko altuerara baino ez dira iristen.
Gaur egun ama da gure bizigune mugatu honetako eguratsaren oxigenazioaz, garbitasunaz, tenperatura-erregulazioaz eta ur-horniduraz arduratzen diren zientzialarietako bat. Dozena bat dira, gutxi gorabehera, eta Lurreko beste zientzialari batzuekin koordinatuta egiten dute lan, AGKren begiradapean eta agindupean beti. Lan delikatua da, erantzukizun handikoa. Ez dit berak halakorik esaten, baina nire susmoa da ez duela hemendik alde egingo hemen gizakirik geratzen den artean, alde egitekotan ez lukeelako lasai bizitzerik izango Lurrean, Marteko eguratsean istripu bat gertatuko ote den beldurrez.
Aurrerago arau hori aldatzeko asmoa badago ere, oraingoz ezin gara nahieran aldatu Marteko hiri batetik bestera, laneko betebeharrek hartara behartuta ez bada. VM5T barruan ere ezin gara bertako eraikin altuenaren —udaletxea— teilatua baino gorago igo. Ez dugu ez itsasorik eta ez mendirik. Ezin gara ez marinel eta ez mendizale izan, edo ez behintzat alpinista, hain gutxi surflari edo eskiatzaile. Hala ere, amak hona etorri aurretik esan zidan moduan, 1.500 hektareako baso misto oparo samarra daukagu, bere fauna propioarekin, atsedenerako gune eder eta patxadatsua, egokia aisialdian paseatu edo kirol pixka bat egiteko, oinez, lasterka edo bizikletan. Hori bai: ezin gara basoan, besterik gabe, nahi dugunean sartu, AGK-k ezarritako txanden arabera baizik, jende pilaketak lekuari xarma kenduko bailioke bestela.
AGK-k baimendutako tarteetako batzuk, ez denak, basoan paseatzeko baliatu ohi ditut. Neu bakarrik eta BKSrik gabe joaten naiz gehienetan, baina amarekin ere bai inoiz edo behin, hark horretarako astia gutxitan izaten badu ere. Lurrean ez zuen halako ohiturarik, baina hemen betebehar bat dela iruditzen zaio. Ez da bakarra. Gauza bera gertatzen zaie VM5Tko beste bizilagun askori ere. Nahiz eta beste inora joateko premiarik edo aparteko gogorik ez izan, nahiz eta pantailen bidez edonongo —Lurreko, Ilargiko, Marteko, Artizarreko...— edozer gauza ikusi eta entzuteko aukera izan, nahiz eta simulazioen bidez pantailan ikusi eta entzundakoa gorputzaren mugimenduekin lotu ahal izan, psikologikoki gogorra da 7.500 hektareako azalera batetik ezin irten zarela jakitea, eta basoak itxitasun eta gatibutza sentsazio hori murrizten laguntzen du.
Basora joaten hasi nintzenean ia beti ikusten nuen han amona gazte itxurako emakume bat, ile zuria motots batean bildua zuena, aurpegia zimurtzen hasia eta arropa zarpail samarrez jantzia —lan-jantzi tirantedun urdin iluna— baina segail eta pertxenta hala ere, bere xumean berezko dotoretasun batez dohatua, zurezko pintatze-asto arin baten gainean paratutako mihisean aurrean zuen paisaia akuarelaz margotzen. Beti leku berean aurkitzen nuen, baso mistoaren barruko harizti zabal baten erdigunean, basoa alderik alde zeharkatzen duen errekako urak han egiten duen jauziari begira.
— Baimen berezia dauka, AGK-k emana —azaldu zidan amak biok batera basora joan eta emakumea han ikusi genuen lehen aldietako batean—, hemen nahi duenean eta nahi bezain luzaz egoteko. Ez dio inori kalte egiten, eta bera hementxe egoten da beste inon baino gusturago.
Halakoxea da, izan ere, AGK, bikain arrazoitutako erabakiei are hobeto arrazoitutako salbuespenak ezartzeko kapaza. Gure datu guztiak ditu, berrituta, eguneratuta eta ia-ia orduratuta; behar izanez gero, elkarrizketatu ere egiten gaitu —edo, kasu batzuetan, galdekatu—, gure adierazpenetatik are datu gehiago eskuratzeko; eta datu guztiak segundo gutxitan prozesatzen ditu GBKT Gutxieneko Balio Komunen Txostenaren irizpideekin bat datorren erabaki zuzen eta apelaezina hartzeko. Margolari kaskazuria ere elkarrizketaturik izango zuen AGK-k, gizakion solasak eta solas egiteko moduak interpretatzeko baliabide guztiak martxan jarrita, poligraforik sofistikatuenak barne, andreari basoan noiznahi sartzeko baimen berezia eman aurretik.
Martera iritsi ginenetik lauzpabost edo sei hilabetera izan nuen, erabat ezustean, margolari hura basotik —eta hariztiko bere txokotik— kanpo aurreneko aldiz ikusteko aukera. Non eta bere etxean! Thierry izeneko ikaskide frantziarraren urtebetetze festara gonbidatuta nengoen, baina ez nekien Thierry margolariaren biloba zenik.
Michelle Delion du izena, Normandiako Etretat hirian jaioa eta han bizi izana beti, harik eta hona etorri behar izan zuen arte, alaba, Claire Tournier, Martera etortzeko aukeratutako artista plastiko profesional bakanetako bat delako, teknologiaren erabilera artistiko sofistikatuen arloan ospe eta arrakasta handikoa. Hori eta Michelleri buruz hasieran nekien guztia ez nuen jakin Michellek berak esanda. Ez nuen berarekin hitz egin Thierryren urtebetetze festan, ikusi baino ez bainuen egin, une batez, margotzeko bere trasteak aldean zituela etxeratu eta festa ospatzen ari ginen neska-mutilak geunden gelan kuku txiki bat egin zuenean, biloba agurtzeko. Thierryk ere ez zidan amonaz ezer kontatu. Wikipedia eta Interneteko beste iturri batzuek eman zidaten Michelleri buruz, piztu zidan jakin-minak bultzatuta, bildu nuen informazio guztia.
Kontraste nabarmena dago Michelle eta Claire ama-alaba artisten artean. Akuarela beste teknikarik ez darabil Michellek, eta ez du maite pintatzen duen motiboa aldatzea ere, pintatu besterik ez eta beti gauza bera pintatu, egunean eguneko eta unean uneko aldaketa txikiei erreparatuta. Claire, aitzitik, etengabeko esperimentazio teknologiko eta artistikoaren sumendi geldiezina da, zorabio zentrifugo eta zentripeto etengabe bat, ikusle soilentzat ezin jarraituzkoa nire iritziz, baina dinamismo eta freskotasun ukaezinekoa. Bien artean dago Thierry, Claireren seme eta Michelleren biloba, nire ikaskidea, artearen era guztietako gorabeherez futitzen den nerabe futbolzalea, edo futitzen dela aditzera ematea maite duena bederen.
Etretaten bizi zelarik Avaleko labarra egunero edo ia egunero margotzen ematen zituen bolada luzeak Michellek, Claude Monetek margotu zituen ikuspuntu beretik, leku berean kokatuta beti begiak eta pintzelak, koloreen aldaketa txikiei adi. Margotzean, ez omen zuen inolako edertasunik bilatzen, ez estetikoa, ez artistikoa, pintatzea besterik ez omen zuen nahi, paisaia, argia, akuarela, mihisea eta pintzelak bete-betean bizitzea, sentitzea, dastatzea, zukutzea, bereganatzea… edo antzeko zerbait. Ez zuen erakusketarik egin, eta beti leku berean eta zeregin berean ikusten zutenen harridurak egin zuen ezagun, ez inongo arte kritikarik edo ikusle adituk bere lanari egindako laudorioek edo emandako balioak.
Marten bizitzera derrigortuta, besterik ezin eta, VM5Tko basoan aurkitu zuen bere pintatzeko moldearentzako lekua, beti leku berean hemen ere, errekaren ur-jauziari begiratzeko aukeratutako txokoan. Ondo justifikatuta dago AGK-k basoan nahi duenean sartu eta bertan nahi duen denbora guztian geratzeko eman zion baimena.
4
AGKren sorreran, konfigurazioan eta programazioan lan egin zuen amak, Martera etorri aurretik. Programazioaren oinarria osatzeko aurreneko input moduan, Kangabako (Mali) Kurukan Fuga —Mandengo Gutuna ere deitua—, Parisko (Frantzia) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta Banjulgo (Gambia) Gizakien eta Herrien Eskubideen Afrikako Gutuna hartu ziren aintzat lehenik, XIII. mendekoa lehena, 1948koa bigarrena, 1981ekoa hirugarrena. Horiek osatu eta eguneratzeko, azken hamarkadetan herrialde aurreratu askotan —Europan batez ere, baina ez Europan soilik— hainbat eta hainbat GKE Gobernuz Kanpoko Erakundek —beti ere gobernuren baten, edo Europako Batasunaren dirulaguntzekin— eta hainbat eta hainbat erakunde instituzionalek landutako txostenak eta liburuak erabili ziren.
Bakoitza bere moduan, gobernu indartsu guztiak —Txina, Amerikako Estatu Batuak, India, Japonia, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Indonesia, Errusia, Alemania, Brasil, Ingalaterra, Frantzia...— aldez edo moldez kapitalistak ziren ordurako, baina haietako askok —Europakoek batez ere— kapitalismoaren aje gero eta larri eta arriskutsuagoei aurre egiteko moduei buruzko ikerketak enkargatu zituzten, teorian mundu ekologiko, solidarioago eta inklusibo baterako bideak bilatzeko asmoz, baina pentsatuz, praktikan, herritarren aurrean irudi hobea izateko baino ez zutela balioko, kapitalismoa gelditzerik ez zegoen gurpila zelako, gurpil gero eta zoroagoa —eta baita krudelagoa ere sarritan—, bere izaerak berak hala eskatuta.
Baina herrialde indartsuenetako zientzialariek eta askotariko adituek kolapso suntsitzailea eta, harekin batera, gizateriaren amaiera, gero eta saihetsezinagoa zela ohartarazi zutenean, herrialde nagusietako agintariek, azken erremedio moduan, etsi-etsian, giza eskubideen aldarrikapen unibertsal historikoek eta GKEek egindako txosten idiliko eta ordura artean erabat antzu haiek ziotenean oinarrituta, OGI Ongizate Globalerako Irizpideak adostu zituzten, AGKri txertatzeko, konputagailu erraldoiak irizpide haiei jarraituz goberna zezan bere diktadore postu ahalguztidunetik, aporofobia, xenofobia, matxismoa, LGBT+fobia, genero-arrakala, glotofobia, suntsiketa ekologikoaren sustapena eta gisako joera eta jokabide bidegabe eta arriskutsuen arrasto txikienik gabe.
Badaezpada ere, dena den, espazioaren ikerketak horretarako zabaldu berri zituen aukerak baliatuta, beraiek, munduko agintari nagusiek, Martera ospa egitea erabaki zuten, pribilegiatu kasta batekin batera, tartean, lehen ere esana dudan moduan, horretarako meriturik egin gabe, neu nintzela, Mariorekin batera, biak nire amaren hegalpean babestuta.
Txosten haien arteko gehienak, amak zioenez, onkeriazko adierazpen hutsal hanpatuak baino ez ziren, baina ba omen zituzten proposamen zehatz eta egingarri bakan batzuk ere tartean, eta AGK-k, hitzontzikeria erraldoi hartan zorrotz arakatuta, garia eta lastoa bereizten asmatu zuen, horri esker munduarentzat bide berri eta jasangarria planteatu eta martxan jartzeko; eta jasangarria esatean, benetan eta errealki jasangarria esan nahi da kasu honetan. Aurreko hamarkadetan, hamarretik bederatzitan oso bestelako moduan erabili zen hitz hori, iraingarri izaterainoko azalkeriaz eta hutsaltasunez.
Horrela osatu zuen AGK-k berak, gizakiek emandako datuetan eta txostenetan oinarrituta eta OGIen garapen gisa, GBKT Gutxieneko Balio Komunen Txostena, konputagailu handiaren aginte-irizpideen oinarri nagusi eta eztabaidaezina.
AGKren erabaki eta zigor batzuek protestak eragin zituzten hasieran Lurrean, eta haren aurkako mugimendu global zabala sortu eta eratu zen. Diktadura global hura faxista zela salatu zuten, makina baten mende bizitzeak suntsipena baino ezin zuela ekarri arrazoituz. Atentatu gogor eta odoltsuak ere izan ziren. Baina urtebete inguruan protesta gogorrak izan ondoren, pixkanaka, hobekuntzak mundu osoan nabariak eta ezin ukatuzkoak bihurtu ahala —eta AGK-k erantzun biolentoenen erantzuleak identifikatu, atzeman eta neutralizatu ondoren—, mugimendu haiek urritu eta ahuldu egin ziren, sarritan elkarren aurka aritzen ziren sekta minoritario multzo sakabanatu eta indarrik gabea izatera iritsi arte. AGKren onarpena ia-ia haren agintea bezain globala eta erabatekoa bihurtu zen azkenean.
Martera ihes egindako adituek eta agintariek ez zuten Lurrarekiko kontaktu oro suntsitu, eta AGKren bidez beren jatorrizko planetan gertatutako ia guztiaren berri jasotzen zuten. Harrituta utzi zituen AGKren funtzionamendu zorrotz, efikaz eta, ahal zuen neurrian, berdinzale eta solidarioak. Kapitalismoaren eta komunismoaren arteko ekonomia hibrido neurtua ezarri zuen mundu osoan, hasieran aurkakotasun handiak eragin zituzten debeku zorrotzetan funtsatua: auto partikularren eta hegazkinen justifikatu gabeko erabilera guztiak; baita luxu handiko ibilgailuak, tresnak eta etxe partikularrak ere; neurriz kanpoko aurrekontuak behar zituzten kirol eta kultura ekitaldiak… Sinplea baitzen ekuazioa: desazkundea ala hil.
Esan liteke, zorrotz izateari utzi gabe, agintari askok baino jokabide gizatiarragoa izan zuela auzi askotan AGK-k, enpatiarako eta errukirako hasieratik erakutsi zuen joerarengatik. Berak sentimendurik izan ez arren, giza sentimenduen balorazio zuzenak egiteko eta haien neurriko erabakirik egokienak hartzeko programatuta baitzegoen, eta bikaintasun handiz programatua gainera, behin eta berriz erakutsi zuenez.
Marten ere AGK-k izan zuen erabateko agintea hasieratik, GBKT Gutxieneko Balio Komunen Txostenean oinarrituta, jakina, Lurrean agintari izandakoek ez baitzuten nahi beren arteko gatazkek elkarbizitza eragozterik Marten.
Bospasei urteren buruan, ordea, Lurrean berriro ere ondo eta segurtasunez bizitzeko aukera zegoela ikusirik, Martera joandako agintari asko hara itzultzeko planak egiten eta AGKri horretarako baimenak eskatzen hasi ziren. AGK-k arriskutsutzat jo zuen pribilegiatuon —martetar berrion— itzulera masiboa, Lurreko bizilagunen artean aurkako erreakzioak sor zitzakeelako, batetik, eta, bestetik, Marteko bizitzak berak ere bere premiak zituelako, ihesaldi desordenatu batek kaosa eragin zezakeelako hemengo bizimodu berrian. Horregatik, itzuli nahi zutenek pixkanaka itzuli beharko zutela erabaki zuen, eta batzuek urteak eman beharko zituztela baimenaren zain.
Amari itzultzeko baimena eman zion AGK-k, baina amak ez zuen nahi. Mariok bai, ordea, eta eztabaida gogorrak izan zituzten biek egun batzuetan, harik eta Mariok betiko alde egin zuen arte.
— Ez naiz eroso sentitzen hemen —argudiatu zion Mariok amari eztabaida haietako batean—. Planeta madarikatu honetan dena ikaraz egiten da, dena da zuhurtzia eta beldurra.
— Berriak gara hemen, ikasten ari gara eta kontuz ibili behar dugu.
— Nik ezin dut hau eraman. Gizakirik adimentsuenak izango zarete aukeratuok, eta bejondeizuela!, baina hemen ergelok, hona zuen eskuzabaltasun miresgarriari esker etorri garenok, bigarren mailako herritar txatxuak gara, hutsaren hurrengoa.
— Denok gara beharrezkoak, Mario, ez dago inor soberan. Marten, Lurrean bezala, denetik dago, denetik behar delako. AGK-k ez du inor baztertzen.
— Jakina! Ergelak behar dituzue ondoan, zuen adimenaz harro sentitzeko.
— Zer esaten ari zara? Berdintasunean dago oinarrituta hemengo bizimodua: bakoitzak ahal duena, bakoitzari behar dena. Ez ote dira matxismoaren azken hondarrak horrela sentitzera eramaten zaituztenak? Mundu berrira egokitu gabe bazaude, ez ahaztu Lurrean ere AGK-k agintzen duela, hemengo irizpide berberekin.
— Han behintzat ni bezalako jende gehiago aurkituko dudala uste dut, libreago sentituko naizela gogoak emandakoa esateko eta egiteko.
Gure gaurko munduan —Marte ere gure horren partetzat hartuta— ez dago klase sozialik, hitzaren adiera hertsian bederen, baina ez gara denok guztiz berdinak, ezta hurrik eman ere. Continuum bat dago, koska handirik gabeko aldapa leun bat, jende boteretsuenarengandik behe-beheko mailakoenganaino, eta Mario ondo ohartuta zegoen horretaz, batez ere amaren arrimuan aldaparen goialdekoen ondoan bizitzea egokitu zitzaionetik: hau da, amarekin bizitzen hasi zenetik.
Denon gutxieneko premiak, oinarrizkoenak, aseta daude. Horri eta kudeaketarako duen gaitasun makula gabeari esker, ia zeharo desagertu arte murriztu ditu gatazkak AGK-k bere agintearekin. Gizakia, ordea, beti izango da gatazka iturri. Berezkoa eta beharrezkoa du. AGKren agintera ondoen egokitutakoek marmarti zeritzen Marioren ezpalekoei, gizateria gidatzen eta babesten zuen erregimen berriaren abantailak onartu nahi ez eta dena aitzakia eta purrusta zutenei. Ez zuten onartzen makina baten diktadurapean bizitzea, ingurukoek, hedabideek eta —zergatik ez esan, nire iritzia da— errealitateak berak, egunero pixka bat gehiago, arrazoia kentzen zieten arren. Ulertzekoa da, gizatiarra oso.
Marmartiek Gizakiaren Dimisio Globala, Gizakiaren Erabateko Dimisioa edo, besterik gabe, Dimisioa zeritzotena salatu zuten goraki. Bertsio ofizialaren aldekoek, kontraerasoan, Misio Handia edo, besterik gabe, Misioa, deitu zioten agintearen konputarizazioari.
Errebelde batzuek zabaldutako teorien arabera, OME Osasun Mundu Erakundeak hainbat birus berriri aurre egiteko antolatutako txertaketa masiboak erabili zituen AGK-k egoera berriaren onarpen otzana erraztuko zuten aldaketa genetikoak eragiteko gizakiongan. Amak beti esan izan dit salaketa horiek ez dutela funtsik, gezur hutsa direla, konspiranoiak. Ez dakit sinesten diodan. Badakit, ordea, nik sinesteak edo ez sinesteak ez duela batere axolarik.
Nolanahi dela ere, ezin zaio ukatu Mariori kontu batean gutxienez zuzen zebilela. Hona ekarri gintuen ihesaldiak bitan banatu zuen gizateria: lurtarrak alde batean, martetarrok bestean; eta hona etorri ziren helduak ere, halaber, bitan banatuta daude, ez legez eta eskubidez, baina bai beren arteko harremanetan: beren merituz etorritakoak alde batean, bestean haiek izendatuta etorritakoak. Haur eta adingabeon artean ez dago halako bereizketarik, denok baikara guraso edo bestelako ahaideei esker etorriak, gutariko inor ez meritu propioz.
Horretarako baimena eman ziotenean, amak ez zidan galdetu ere egin Lurrera itzuli nahi nuen. Akaso beldur zen baietz esango ote nion. Edo akaso bazekien berdin samar zitzaidala, han edo hemen bizi. Azken batean, ezin nintzen kexatu. Ordurako ohituta nengoen pantailetan irakurtzen, eta paperezko liburuak ere gero eta ugariagoak ziren Marten, oraindik hemen inprentarik ez bazegoen ere Lurraren eta Marteren arteko komunikazioak eta garraio zerbitzuak oso ondo funtzionatu baitu hasieratik. Lurrean egiten nituen bakarkako paseo eta mendi buelten aldean, askoz ere mugatuagoak eta ezuste gutxiagokoak dira hemen egin daitezkeenak, baina badu bere xarma hemen bizitzeak sentiarazten duen arroztasunak ere.
Gainerakoan, ez zen hemengo bizimodua oso diferentea Lurrean geratu banintz han izango nukeenaren aldean. Hemen ere banituen adiskideak, baina, han gertatzen zitzaidan bezala, gusturago egoten nintzen neure kasa entretenituta, irakurtzen edo paseatzen, haiekin jolasten edo solasean baino. Amak lagunengana bidaltzen ninduen beti, eta nik gutxieneko batzuk betetzen nituen, protokolo baten moduan, ama ez ezik neure burua ere lasaitzeko, baina niri hortik aurrerakorik eskatzea alferrikako lana izan da beti.
5
Ama esatean beste zer esanik ez dela kantatu zuen Uztapide bertsolariak, duela mende bat, gutxi gorabehera, bere bertsorik gogoratuenetako baten amaieran. Ez zuen gezurrik esan, garai hartan eta Uztapideren gizartean ama esatean dena esanda baitzegoen: maitasuna, babesa, laguntza, errukia, miresmena, bultzada, ganora, kemena, adorea, kuraia, borroka, enpatia, kezka, sukaldea, arropa, komuna, plantxa, ohea, medikua, botika, sendabelarra, aholkua, haserrea, errieta... bizitza… Zer ez? Dena, den-dena.
Paradoxikoki, ordea, ama den-dena izate horrek ezerezean uzten zuen askotan, ia beti, ama bera, ama huts, ama besterik ez, betiereko ume-zulo.
Gezurra izan gabe ere, ez zen erabateko egia, beraz, Uztapidek esandakoa. Ņabardura asko zeuden, askotan ezkutuan, orduko amatasunean ere. Ņabardura horiek ugaritu, azaleratu eta lehertu egin ziren hurrengo hamarkadetan, eta harrezkero izan da, eta bada, zer esanik franko esatean ama. Amatasuna ulertzeko, sentitzeko eta bizitzeko bestelako moduak ikaragarri ugaritu dira, bizimolde berriek bultzatuak eta feminismoak aldarrikatuak, justuagoak eta bidezkoagoak, dudarik gabe, emakumeentzat oro har, amentzat bereziki.
Hasteko eta behin, nire ama horixe da: “nire ama”. Ezin dut “gure ama” izendatu, garai bateko euskaldunek, gero eta galduago dagoen tradizio bati jarraituz, beren amak izendatu ohi zituzten moduan. Amaren seme bakarra bainaiz, eta, dena esateko, hala eta guztiz ere nahikoa eta are gehiegi ere nire amarentzat.
Maite nau eta ondoan nahi nau, laguntzen diot lanetik aparteko bizitza bat duela sentitzen, badut neure zeregina biok osatzen dugun familia koxkorrean. Baina amarengan eta bion arteko harremanean pentsatzeak artegatu egiten nau, ezinegonera eraman. Askotan irudikatzen dut neka-neka eta nazka-nazka eginda lana uzten duela bizitzaz gehiago gozatzeko eta nirekin beste era batera egoteko, baina nire irudimena ez da istorio horri bilakaera pozgarria emateko gauza.
Diferenteegiak gara. Oraingo gure elkartze-neurrietan biontzako aberasgarri izan daitezke gure arteko diferentzia horiek, baina beldur naiz elkarrekin orain baino denbora gehiago pasatzea, eta orain baino plan gehiago egitea, katastrofeari bidea zabaltzea ez ote litzatekeen izango.
AGK-k hamalau urtetik gorako herritar guztiak BKSa izatera behartu zituenean aurkako mugimendu aski indartsua zabaldu zen mundu osoan. Ama, ordea, BKSaren eta haren derrigortasunaren aldezle sutsuenetakoa izan zen. Neurekin ere haserretu zen behin baino gehiagotan, derrigortasunaren aurka han-hemenka entzunak edo irakurriak nituen argudio batzuk azaldu nizkionean.
Ni bat nator digitalizaziotik konputarizaziora arinegi eta errazegi igaro garela diotenekin. Onuragarria da era guztietako informazioa ematen eta ordenatzen digun gailu deskriptibo bat izatea gure besoan edo patrikan, horrez gainera, hala nahi dugunean, edonorekin hitz egiteko eta, larrialdian gertatuz gero, AGKri laguntza eskatzeko aukera ematen diguna. Baina horrek ere baditu bere alderdi kaltegarriak ere, jakin-minaren eta memoriaren erkintzea, besteak beste. Gaur egungo konputarizazio masibo eta erabatekoan, gailuak, errealitatea ordenatu eta deskribatzetik harago, orotariko aholkulari lana egiten digu aspaldidanik, eta, eguneroko praktikan, berak agintzen digu zer egin kasu askotan, gero eta gehiagotan.
— Eta eskerrak horri! —egin zidan oihu amak, asaldatuta, nire iritzia azaldu nionean—. BKSaren aurka daudenak bizi garen munduaren konplexutasuna ukatzen duten ameslari ezjakinak baino ez dira, AGKren agintea gaitzesten duten guztiak bezala. Uste dutena uste izateko eta adierazteko eskubidea dute, ezin diet ukatu hori. Baina ideia horien zabalkundea oso arriskutsua da gizaki guztiontzat. Askatasunaren aldarrikapen teorikoak egitea erraza da, baina une honetan, etorkizuna jokoan dagoenean, elkartasunik gabeko askatasuna galbidea da denontzat, elkartasuna da benetako askatasunaren lehen premisa, hil ala bizikoa, eta elkartasunak konputarizazio globala onartzea eta hari men egitea eskatzen du, oilarkeria iraultzaile testosteronikoak alde batera utzita.
“Hil ala bizi”. Askotan erabiltzen zuen orduan esamolde hori, eta gaur egun ere ez du inondik ere baztertua. Hil ala biziko egoeran omen dago planeta, hil ala bizikoa omen da AGKren agintea, hil ala bizikoa AGK-k erakutsitako bidetik joatea, hil ala bizikoa AGK-k agindutako lana egitea, eta bereziki hil ala bizikoak, amaren ustez, AGK-k Marten duen lantaldearen lana eta, lan horren barruan, berea.
AGKren indarrak eta hari hasieratik izan dion fedeak lasaitzen du gizateriaren hil ala biziko egoerari buruzko kezka etengabe horretan. Eta ezin da ukatu zuzen zebilela esaten zuenean AGK-k asmatuko zuela aurkako joera eta jokabideak neutralizatzen, gaur egun AGKren aurkako iritziak oso urriak baitira, eta haien artikulazioa eta aldarrikapena hutsaren hurrengoa ia-ia. Zorionez, esan beharko, dena arrazionalki ikusita.
Ni, ordea, ama ez bezala, BKSaren erabilera AGK-k onartutako gutxienetakora murrizten dutenetakoa izan naiz hasieratik, eta derrigorrezkoa ez denean hura gabe irteten naiz etxetik, basora noanean, adibidez.
— Zer traba egiten dizu ba? —galdetzen zidan lehen amak, erabat etsi baino lehen—. Edozer gertatuta ere lagungarri izango duzu.
Soinean aparatu elektroniko bakar bat ez dudala jakite hutsak lasaitu egiten nau. Hain konputarizatua dago gure bizimodua, non deskonputarizazio sentsazio txiki soil batek aske sentiarazten nauen. Gero askatasun horrek, nahitaez, konputarizazioarekin topo egiten badu ere: hartatik aldendu zaitezke neurri batean, baina, bizi garen munduan, askatasun hori baliatuz edozer gauza egin nahi izanez gero, edozein jarduerari ekiteko, konputarizaziora jo behar duzu berriro. Lurrean eta Ilargian bezala hemen, Marten.
6
Pedro Mari Otaņo bertsolariak, XIX. mendean, Argentinako Panpan bizitzera beharturik, onbu bat izan zuen, han ohikoa den espezie bateko arbola, “lagunik maitatuena”, Zizurkilgo jaiotetxe urruneko “atariko intxaurpera” eramaten ziolako gogoa. Otaņorentzat, Argentinan, onbu hura izan zenaren parekoa da, niretzat, Marten daukagun haritz bat. VM5Tko basoko nire txoko kutunenean dago, Igeldoko nire ezkutaleku oteizarra izandako pinudi koxkorra eta haren inguruko bidezidorrak gogora ekartzen dizkidan sakonune txiki eta abegikor batean.
Igeldoko txoko hari Hutsarte deitzen nion bezala, hemen aurkitu dudanari Hutsarte Berri deitzen diot. Hutsarte Berrin jaten dut sarritan, neure egina dudan haritzaren ondoko harri potorrean eserita, basora bakarrik noanean bizkar zorroan eraman ohi dudan ogitartekoa. Lurrean banengo bezala.
Txanden ordutegiak basoan jende asko ibiltzea eragozten duenez, bakarrik egoten naiz beti Hutsarte Berrin, ez naiz inork nire intimitatea urratuko duen beldur izaten, hori gertatzeko arrisku pittin bat beti badago ere. Badakit AGK-k etxe barruak izan ezik hiri osoko bazterrak zelatatzen dituzten kamerak dituela ezarriak, baita basoan ere. Baina AGK-k bermatzen du kamerak hartutako irudi horiek ez dituela inork ikusiko —ez dituela pertsona bakar batek ere ikusiko, alegia— horietan zigortu beharreko delitu baten frogarik edo, gutxienez, zantzu nabarmenik izan ezean.
Ohitu egiten zara horretara ere, eta nik inoren aurrean inola ere egingo ez nituzkeenak egin ohi ditut neure ezkutalekuan. Niretzat behintzat, zeregin fisiologiko intimo batzuk gogobetegarriagoak dira izadiaren erdian etxeko pareten artean baino. Bakarkako sexua ere indartsuagoa da, sutsuagoa, izadiaren erdian praktikatzen denean gela baten barruan piztutako pantaila bateko pornografiak kitzikatzen duenean baino. Telurikoagoa da, Lurrean bezala Marten ere.
Malkoak ere han isuri ditut, Hutsarte Berrin, Marten nagoenez geroztik negar egin dudan aldi bakanetan. Bereziki gogoan daukat amarekin haserretu eta gero etorri nintzen egun bateko negarraldia. Ez dakit zein izan zen haserrearen azaleko motiboa, baina sakonean maitale egin berri zuen lankide bat etxera ekarri zuelako nengoen suminduta.
Begiak beteta, Lazkao Txiki bertsolariak Txindokiri begira jarritako bertsoak kantatu nituen isilean, neure artean, haren ahots samurra gogoan.
Urre antzeko argi polit bat
erdi zurizko urdiņa,
gure Jainkuak mirari antzo
zeru goitikan egiņa.
Bear genduke sendotasun bat
eta sinistapen fiņa,
zer mirari dan egunsentiaz
konturatuko bagiņa.
Duela hilabete inguru, alabaina, bisita izan nuen Hutsarte Berrin. Michelle agertu zitzaidan, pintatze-astoa eta margotzeko trepetak bizkarretik zintzilik zituela. Zorionez, ez nintzen inoren aurrean lotsatzeko moduko ezer egiten ari une hartan. Suitzar labanarekin ogia mozten, txorizo ogitarteko bat prestatzeko.
— Egun on eta on dagizula —diosal egin zidan, ingelesez—. Barkatu molestatzen badizut.
Hitzik gabe geratu nintzen, edo akaso “kaixo” isil bat murmurikatu nuen, besterik ez.
— Gaurkoz nahikoa margotu dut eta pixka bat egurastu nahian nabil, etxera itzuli aurretik —desenkusatu zen.
Ez nekien zer esan, eta berak jarraitu zuen hizketan.
— Badakizu, noski, nor naizen…
— Bai... —ausartu nintzen azkenean—. Askotan ikusi zaitut basoan margotzen. Zure biloba ere ezagutzen dut, Thierry. Gela berean gaude eskolan.
— Hara! Ez nekien.
Isilik geratu zen une batez, nik zerbait esatea espero balu bezala, eta hitz egitera behartuta ikusi nuen neure burua.
— Ba ni ogitartekoa prestatzen ari naiz. Nahi duzu zati ba?
— Ez, eskerrik asko. Jan zeuk dena, oraindik ere hazteko adinean zaude eta.
Lotsa ematen zidan, ordea, haren aurrean ogitartekoa jaten hasteak.
— Ederra labana! —esan zidan—. Garai batean askoz gehiago ikusten ziren horrelakoak. Orain jende gutxik erabiltzen du labana etxeko sukaldetik kanpo. Utziko al didazu une batez?
Labana eman nion eta lehen mokadua kendu nion ogitartekoari. Deseroso nengoen, urduri eta beldur lauso batek hartua, baina aldi berean pozik, zerk eragiten zuen ulertzen ez nuen ilusio arrotz batek hunkitua.
Bat-batean, mugimendu azkar batez labana irekia airean bota eta, nire buru gainetik pasarazita, atzean neukan haritzean sartuta utzi zuen. Metro laurdenetik beherako tartea zegoen buruaren eta labanaren artean.
— Ez beldurtu! —esan zuen barrez, nire izuari burla eginez—. Eskarmentu handia daukat labana-jaurtiketan! Ez dut inoiz huts egiten!
Buelta erdi eman eta alde egiten hasi zen.
— Hurrengora arte —esan zuen, irribarre samurrez, une batez burua niregana biratuta.
7
Orain arte idatzi dudana berrirakurri dut, hasi eta buka, eta gustura geratu naiz, neurri batean, uste dudalako ezin dudala hobetu, baina triste ere utzi nau aldi berean berrirakurketak, baieztatu didalako ez dakidala ondo idazten, ez dakidala hitzei benetako bizitza ematen. Beharbada ezintasun hori ez da nire ahulezia edo gabezia, zerbait sakonagoa baizik, bizi garen munduaren nolakotasunari lotua.
Marten bizi garenetik ama dut euskaraz aritzeko solaskide ia-ia bakarra. Mariorekin ere euskaraz aritzen nintzen, egia da, baina azken batean hura ez dago jada hemen eta lehen ere ez genuen elkarrekin askorik hitz egiten.
Biziraupenarekin lotuagoak dauden bestelako premia batzuei lehentasuna emanik, lehentasun guztiz logikoa, AGK ez da arduratu eremu urriko hizkuntzez Marten horietaz Lurrean arduratzen den neurri berean, eta munduko alde guztietako herritarrak nahastu gaitu hemen, ingelesari emanik nagusitasuna, azken batean hona etorritakoen artetik bakanak baitira ingelesa ondo antzean jakin gabe etorriak.
Berez, Txina da gaur egun, azkeneko urteetan, Lurreko herrialderik indartsuena, baina Txina Amerikako Estatu Batuei eta Europari gailentzen hasi zitzaionerako ingelesa guztiz zabalduta zegoen mundu osoan; esperantoaren sortzaileek, hainbat hamarkada lehenago, beren sorkariari eman nahi zioten indarraren eta espazioaren jabe egina zen. Horregatik, AGK-k hasieratik lehenetsi du ingelesa Lurreko eta Marteko hizkuntza nagusi eta unibertsal gisa.
Hizkuntza minorizatuen babesaren ardura Lurrerako utzia du gure konputagailu arrazionalak, oraingoz behintzat. Lurrean ondo zaindua dago gaur egun euskara, garapen betean literaturan eta arlo artistiko eta kultural guztietan, AGK-k bere algoritmoaren bidez bizitarako hautatutako hizkuntza guztiak bezala. Baina han ere banituen nik neure kezkak eta arrangurak euskararen inguruan. Euskara batuaren aurreko gure arbaso elebakar edo ia-ia elebakarren euskararen zale porrokatua naiz, mendekotasun patologikorainoko zalea, Antonio Zavala biltzaile, idazle eta idatzarazle erraldoiaren Auspoa sail osoaren irakurle eta miresle etengabea, eta gero eta argiago ari naiz egiaztatzen, penaz eta minez, betiko galdutako altxorra dela hori guztia.
Ez da, berez, ezer larria nire kezka hau, aje edo ondoez txiki bat, neurosi obsesibo koxkor bat, ezin sendatuzkoa baina eragin fisiko eskasekoa, eta —hala espero dut— nire bizi-itxaropenean eragin kaltegarririk gabekoa. Ez dut uste, horrenbestez, AGKren esku-hartzea behar duenik, batzuetan, neurosiak gogorren erasotzen didanean, horri buruzko zalantzak izaten baditut ere. Aurrerabidean, dena ezin da irabazia izan, ez dago erabateko justiziarik eta zoriontasunik, kontuan hartu beharrekoa da hori AGKren zeregina eta haren oreka beti zaila ulertzeko. Beharrezkoak ditugu gaur egungo gizakiok AGK-k ezin konpondu dituen honelako arazo txikiak ere.
Auspoako paperezko liburu batzuk dauzkat hemen, Martera ekarriak, eta horrez gain, nahi izanez gero, bilduma osoa pantaila bidez irakurgai. Birramona, amaren amona, omen zen bilduma horren zale porrokatua —eta bertsozale ez ezik bertsolari ere bai, amak oroitzen duenez, ez plazan baina bai etxean eta auzo giroan—, eta harengandik oinordetzan jasotako liburuekin hasi nintzen zaletzen. Liburu batzuetan behin eta berriro murgiltzen naiz, plazer handiz. Aurretik Xalbador, Uztapide, Mikaela Elizegi, Manuel Lasarte, Lazkao Txiki, Ataņo eta beste hainbatekin bezala, Inaziomari Atxukarrorekin gozatzen ari naiz azken egunotan, ikaragarri gozatzen ere. Aparteko espanturik gabe aritu arren, ez zen harengandik intentziorik gabeko hitz ahul gezarik ateratzen, ez zekien esaldi bakoitzari gutxienez txinpartatxo xume bat atera gabe hitz egiten edo idazten.
XX. mendearen amaierako eta XXI. mendeko bertsolariak —Xabier Amuriza, Andoni Egaņa, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Juliette Etxebizkar, Tabirat Kushmir, Itsaso Aranguren, Ane Mei Chen...— ez ditut neurri berean ezagutzen. Ez naute inoiz askorik kitzikatu. Beste molde batekoak direlako, neure mundukoegiak beharbada. Gertukoegiak ditudalako.
Gaur egun denok gara elebidunak gutxienez, edonon gaudela ere eskura ditugu bitarteko guztiak hizkuntzak ikasteko, edozein hizkuntzatan esaldi zuzen eta zehatzak idazteko, ustez behintzat adierazkortasuna eta esan-indarra dutenak ere bai batzuetan, nahiko fosilduak hala ere, ezinbestean. Itzuli ere, edozein esaldi edo testu itzultzen dugu, horretarako tresnek lagunduta, edozein hizkuntzatatik edozein hizkuntzatara, aitaren batean. Baina Atxukarroren hizketa-modua, dagokion mundu-ikuskerarekin batera, galdua da betiko, hori ez da itzuliko. Beste era bateko bizimodua eskatzen baitu: hizkuntza bakarra jakin, entzun, irakurri, mintzatu eta idatzi —edo akaso, aukeran, hobe jakin, entzun eta mintzatu soilik, irakurri eta idatzi gabe—, hizkuntzaren berezko eremu geografiko eta sozialean, eta hartan murgilduta bizi hartaz oso kontziente izan gabe, arraina uretan bezala. Globalizazioaren antipodak.
Galera horretan euskara ez dago bakarrik. Hizkuntza guztiei eragiten die antzeko moduan globalizazioak, baita ingelesari berari ere, nahiz eta ikaragarri zabaldu den. Ez zait iruditzen hedaduran irabazi duen neurri berean irabazi duenik aberastasunean, ezta hurrik eman ere, alderantziz baizik, pobretu egin da nabarmen, praktikotasunean eta efikazian irabazitakoa bizi-indar eta zirrara-pilpiretan galdu duelako.
Elebidun edo poliglota gara denok. Hitzezko komunikazioaren zati gero eta handiagoa, jatorrizkoa zein itzulitakoa, konputagailu indartsuen esku dago. Literatura, hori ere neuri handi batean konputagailuen esku utzia, entretenimendurako eta denbora-pasarako industria oparo eta erraldoi bihurtu da. Hizkuntzak beren lurrezko sustrai geografikoetatik eta giza harremanen berezko sareetatik erauzi eta bereizita daude, eta hizkuntza guztien egiturak oro gero eta elkarren antzekoago dira eta gero eta homologatuago daude, itzulpenetan ia ezer ez galtzeko moduan mintzatuak eta idatziak izateraino. Horren guztiaren ondorioz, ahazten ari zaigu hizketari komunikaziotik haragoko edertasuna bilatzea zer den ere, erremediorik gabeko moteltasun temati batek ahultzen ditu gure zirto eta ateraldirik ezustekoenak ere, gure ezintasuna agerian eta lotsagarri utzita.
8
— Hizkuntza minorizatu bateko liburu zaharrak irakurtzen dituzu, beraz —esan zidan egun batzuk geroago Michellek—. Eta idazten ez zekien jendeari jasotako lekukotasunak. Berehala igarri nuen zu gure planetakoa zarela.
— Zuen planetakoa?
— Bai, zoroen planetakoa!
— Bakoitza bere zoroak bizi duela dio euskarazko esaldi batek.
— Txantxetan esan dizut zoroen planetarena. Baina ez oinarririk gabe. Ez zara nire planetakoa, baina, neurri batean, nire antzekoa zara, gizaki gehienak baino nire antzekoagoa behintzat.
Ez nekien zer esan. Hutsarte Berrin elkartuta solas labur bat genuen hirugarren aldia edo izango zen ordukoa. Aldez aurretik jarria genuen hitzordua. Bera margotzen aritzen zen paretik pasatzen ari nintzela, ohartarazi zidan bukatutakoan bisitan joango zitzaidala.
— Orain inori kontatu behar ez diozun sekretu bat kontatu behar dizut —hartu zuen berriro hitza Michellek—. Ni, zu bezala, ez naiz Martekoa. Baina Lurrekoa ere ez.
— Ilargikoa akaso, hortaz —ironikoa izateko asmotan nik.
— Ez. Askoz urrunago dagoen leku batekoa. Tira, berez, zehatz esanda, ez da ez leku bat, ez planeta, ez izar, ez satelite ez antzeko ezer, beste dimentsio bat baizik. Zaila da zuen hizkuntzetako batean azaltzea, eta ondo azaltzen asmatuz gero ere ez zenidake sinetsiko.
— Eta nolakoak zarete ba beste dimentsio horretako biztanleak? —galdetu nion, esaten ari zitzaidana sinetsiko banu bezala baina ezin sinetsita—. Zertan bereizten zarete gizakiongandik?
— Ugariak eta handiak dira diferentziak, baina ulertzen errazenetako bat, nabarmenetako bat, da denboraren beste pertzepzio bat daukagula, eta baita errealitate fisikoarena ere. Ez gaitu ia ezerk larritzen.
— Horregatik ematen duzu hainbeste denbora leku bera margotzen?
— Ez da leku bera. Aldatu egiten da. Margotzen ari naizen bitartean ere aldatzen ari da.
— Baina oso-oso gutxi, igarri ere ezin den moduan.
— Bai zera! Ikaragarri aldatzen da, ondo erreparatzen bazaio. Egonarria behar da, eta horretatik ez duzue sobera handirik gizakiok.
— Eta zure familia? Thierry ere… ez da gizakia?
— Bai, baina ez da nire biloba biologikoa, haren ama, Claire, nire alaba biologikoa ez den bezala. Nire estralurtartasuna disimulatzen laguntzen dit familiak, guztiz ama eta amona arrunt, diskretu eta ortodoxoa izatea ezinezkoa bazait ere. Clairek badaki ez naizela bere ama; are gehiago: badaki ez naizela gizakia. Baina hala banintz bezala onartzen nau bere ondoan, ohikotik kanpo dagoen guztiaren zale amorratua delako. Hori da hura bizi duen zoroa. Thierryri ez diogu ezer esan, eta asmorik ere ez dugu. Zertarako? Jakiteak nahastu baino ez luke egingo gizagaixoa.
— Eta niri zergatik esan didazu?
— Claireren kasuan bezala, senak ekarri nau zuregana. Ikusi zintudan lehen aldian erabaki nuen zure adiskide egin eta dena kontatuko nizula.
Berarentzat gure bizialdi bat denbora tarte laburra dela azaldu zidan, milaka urteko bizi-itxaropena dutelako, eta Michelleren bizialdia —Michelleren itxura eta izena hartuta bizitzen ari dena— gizakioi buruzko informazioa biltzeko baliatzen ari zela.
— Hori da nire misioa. Berez, lana egina daukat, aspalditik, baina orain gustura nago hemen, Michelle Delionen larruan, hari hiltzeko adina eta unea iristen zaion bitartean. Beste hogei edo hogeita bost urte kalkulatzen ditut. Ez dago presarik.
Ez zion inoiz utzi beti leku berean eta beti paisaia bera —bere unean uneko aldaketekin, berak zioen bezala— margotzeari.
— Eta margolanekin zer egiten duzu ondoren —galdetu nion behin, bere betiko margotze-lekura hurreratuta—. Gordeta dauzkazu? Saldu egiten dituzu?
— Bai zera! Zertarako? Bata bestearen gainean margotzen ditut, harik eta mihisea, erabiliaren erabiliz, zaborretara bota behar izaten dudan arte.
— Ez dizu pena ematen?
— Presa eta larritasuna bezala, pena ere ez dugu ia-ia sentitu ere egiten. Ulertu egiten dugu, eta halako zimiko txiki bat eragin diezaguke, baina berehala gainditzen dugu. Zuek pelikula bateko dramarekin sentitzen duzuenaren parekoa izan daiteke, gehienez ere, gure pena; urruna, leuna eta are goxoa ere.
Kontu askori buruz mintzatu ginen lehen elkarraldi haietan.
— Zuek oso jakintsuak zaretenez, gu baino askoz ere jakintsuagoak, galdera bat egin nahi dizut —esan nion beste batean.
— Esan.
— Zuek, gu bezala, hilkorrak zarete, ezta? Hala ulertu dizut.
— Bai, gure bizialdia luzeago da, baina hil egiten gara denok.
— Eta hil eta gero, zer? Ezer ez? Ala bada zerbait, beste bizitza modu bat, beste errealitate batean, beste dimentsio batean?
— Ez dakigu. Baina badakigu, edo hala uste dugu behintzat, ia ziur gaude, hobe dela ez jakitea, eta horrexegatik ez dakigula, zuek ere ez dakizuen modu berean.
Ez nuen ezer esan. Ez nekien nola jarraitu aurrera solasaldi hartan.
Berez, ikuspegi arrazional batetik begiratuta, ez nuen sinesten Michelle gizakia ez zenik, baina une batzuetan zalantza pizten zidaten haren kontaketaren zehaztasunak, koherentziak, trebeziak eta adierazkortasunak, eta ez nion neure buruari erabateko ziurtasunez ukatzen hark esaten zidan guztia egia izan zitekeenik.
Ez genuen elkarrekin denbora asko igarotzen, ordu gehiago ematen baikenituen bakoitzak bere ohiko bakar-lekuan: Michelle basoko bere txokoa margotzen; ni neurean, egonean gehienetan, irakurtzen bestela… Baina, pixkanaka, elkarrekiko konfiantza hartu genuen eta begien bistako gertatu zen gure arteko adiskidetasuna. Zenbaiti harrigarri ez ezik kezkagarri ere iruditzen hasi zitzaion sinbiosi hura, baina nork bere etxean ez genuen arazo handirik izan horren ondorioz, ez Michellek eta ez nik.
— Nahiago nuke zeure adineko lagunekin ibiliko bazina, baina nik ezin dizut agindu noren lagun izan —esan zidan behin amak, kontuari garrantzi handirik eman gabe. Ez zidan askorik kontatu horretaz, baina Marteko hirietako batean istripu larri bat eragozteko lanetan buru-belarri murgilduta egon zen egun haietan.
Claire, berriz, erabat ohituta zegoen bere amaren askotariko jokabide ohikotik kanpokoetara.
Esaten zidana sinetsi edo ez —azken batean berdin zitzaion— gustatzen hasi zitzaidan Michelleri bere dimentsioaz galdetzea. Hutsik egin gabe, beti zeukan erantzun zuzen eta koherente samar bat nire galderentzat.
— Ez daukat nire dimentsioko beste izakiekin egon beharrik —azaldu zidan, gure artera etorrita, gizakiz inguratuta, bakarrik ez ote zen sentitzen galdetu nionean, ez ote zuen, alegia, bera bezalakoekin, bere senide, ahaide, kide edo dena delakoekin, egoteko premiarik sentitzen. Hutsarte Berrira bisitan etorria zitzaidan eta elkarren ondoan eserita geunden, berriketan. Ni egur zati bat zizelkatzen ari nintzen labanarekin.
— Ez daukagu premia afektiborik —jarraitu zuen—, edo, izatekotan, pena bezala, premia horiek distantzia batetik sentitzen ditugu, ez gaituzte ez mintzen, ez asaldatzen, ez kezkatzen, ez larritzen.
— Baina informazio bila etorri zara gure artera, hori da zure misioa, diozunez. Zertarako behar duzue, zuen dimentsioko izakiek, informazio hori?
— Misioa dela esan nizun, baina ez du aparteko garrantzirik. Entretenimendu hutsa da. Ez kezkatu, ez dago gure asmoen artean zuek suntsitzea edo inbaditzea. Ezta zuei laguntzea ere.
— Denbora-pasa hutsa? Beti paisaia bera margotzea bezala?
— Antzera. Baina ez ahaztu ez dela beti paisaia bera. Eta hala balitz ere, ez ginateke aspertuko. Berez, ez dugu ezer behar gustura egoteko, ezeren premiarik gabe gaude pozik.
— Kosta egiten zait horrela bizi daitekeenik irudikatzea, baina inbidia pittin bat ere ematen dit.
— Esan nizun: gure antzekoa zara. Ezagutzen ditudan gizakien artean antzekoena.
— Baina nik eskolara joan beharra daukat, laster lanean hasi beharko dut, ez dakit zertan, gaixotu ere egin naiteke noiznahi, aurretik gaitzen edo istripuren batek hiltzen ez banau zahartu egingo naiz… Horrez gain, bere burua suntsitzetik gertu dagoen espezie bateko izakia naiz. Batzuetan larritu egiten naiz etorkizunaz pentsatuta.
— Alferrikako lana da. Are gehiago zuen oraingo bizimoduan, zuen bizitza inoiz baino gidatuago dagoenean, AGKren erabakien mende.
— Hori da mintzen nauen beste kontu bat. Hain lotuta bizitzearena. Batzuetan AGK suntsitzeko gogoa izaten dut, baina gutxi irauten dit sumindura antzu horrek. Hari edo haren itzalari ihes egitea da geratzen zaidan poz bakarra, BKSa etxean utzi eta hona etorrita. Ez da lorpen ikaragarria, baina besterik ez daukat eskura.
Bat-bateko mugimendu batez eskuan neukan labana kendu eta, ezkerreko besoarekin atzetik heltzen zidalarik, eskuineko eskuarekin zintzurraren parean jarri zidan.
— Lasai, ez dizut minik egingo —esan zidan, askatu eta labana eskura itzultzen zidan bitartean—. Pentsa ezazu oreka batean bizi zarela —jarraitu zuen—. Oraintxe ikusi duzu zein erraz hautsi daitekeen oreka hori. Hausten ez den bitartean, gozatu horretaz. Unibertsoaren handitasunaz jabetu eta horretan integratuta sentitzeko aukera daukazu. Horretarako behar diren dohainen jabe zara. Ez ahaztu ezer ez dela betiko. Ez dago onurarik gabeko kalterik, kalte bakarra irabazitakoa galtzeko beldurra bada ere; ezta kalterik gabeko onurarik ere, onura bakarra irabazia galtzeko beldurrik eza bada ere.
— Lurreko gizakia bazina, ekialdekoa zinateke —esan nion, ironiaz—. Horrelako kontuak ekialdekoek esaten dituzte, eskolan azaldu digutenez.
— Ekialdea? Zer ekialde? Zeren ekialdea? —erantzun zidan, serio—. Ez dago ekialderik. AGK ez al da jabetu horretaz? Eskema zaharkitu horrekin bizi baitzarete oraindik. Nik uste dut AGK-k ondo dakiela hori, baina ez dizuela azaldu nahi, batzuek ez dutelako ulertuko, beste batzuek ez dutelako onartuko eta beste batzuek liskarra sortzeko erabiliko dutelako. Baina Lurrari hemendik, Martetik, begiratzea aski duzu ekialderik ez dagoela jabetzeko.
— Egia da. Ez dago ekialderik —erantzun nion, pentsakor—. Unibertsoa dago.
— Eta Unibertsoan, zu.
Ez nion esan, baina euskarazko hitz bat ekarri zidan gogora Michelle estralurtarraren arrazoibideak, lehengo zaharrek oso erabilia baina gaur egun betiko galdutzat eman beharrekoa: konformidadea.
Egun batean, Hutsarte Berrin berriketan ari ginela, isilune bat baliatuz, ile zuria biltzen zion mototsa askatu zuen Michellek, niri begira.
— Orraztuko nauzu? —galdetu zidan, serio eta samur, lan-jantziaren poltsikotik atera zuen eskuila eskaintzen zidala zeregin horretarako.
Atzealdean eseri eta eskuilarekin ilea orrazten hasi nintzaion, harik eta buelta eman eta musu bero eta hezea ematen hasi zitzaidan arte. Inoren ezpainak musukatuz eta inoren gorputza ukituz sexu irrika sentitzen nuen lehen aldia zen.
— Astiro —esaten zidan behin eta berriz Michellek, sexu grinaren kitzikadura zoroak mugimendu zakar eta bortitzegietara eramaten ninduen bakoitzean.
Hitzik esan gabe alde egin zuen gero. Belar gainean etzanda Marteko zeruari begira, neu ere ez nintzen ezer esateko gauza sentitu.
9
Informazioa etengabe eta kantitate ikaragarrietan, zinez sinesgaitzetan, giza adimen arruntarentzat ezin irudikatuzkoetan, jaso, atxiki eta prozesatzeko gaitasuna da AGKren dohain miresgarrienetako bat.
Iturri asko du informazio hori guztia jasotzeko, Lurrean, Ilargian zein Marten: gizakiak, azpi-konputagailuak, robotak eta androideak, zaintzako kamerak, mikrofonoak eta askotariko sentsoreak nonahi…
Hala jakin zuen AGK-k beste ezein gizakik ez zekiena, Michelle eta biok sexu harremanak izaten ari ginela, eta informazio horrek alarma txiki bat piztu zuen haren barruko zirkuituetan.
Handik eta hemendik jasotako informazioa osatu beharra dagoela irizten dionean, galdeketa indibidual sekretuak egiten dizkigu AGK-k herritarroi, harekin badaezpada ere ia une oro konektatuta gauzkan BKSaren bidez. Niri gaur egin dit, bizitzan lehen aldiz, galdeketa horietako bat.
— Ba al dakizu pertsona heldu batek adingabe batekin sexu harremanak izatea delitutzat jotzen dela? —galdetu dit.
— Ez nekien —erantzun diot. Amak beharbada esango zidan zerbait horri buruz, baina ez dut gogoan. Ez nuen uste inolako sexu harremanik izango nuenik inorekin gutxienez 20 bat urte izan arte, eta ez nuen horretaz askorik pentsatzen.
— Zer moduz sentitzen zara Michelle Delion andrearekin sexu harremanak izan eta gero? Deserosotasunik sentitzen duzu? Kezkarik izaten duzu? Ezinegonik? Damurik? Beldurrik?
— Ez. Alderantziz. Seguru eta lasai sentiarazten nau beti.
— Jakin ezazu, dena den, orain hala sentitzen bazara ere, era horretako harremanek oroitzapen traumatikoak eragin ditzaketela gerora. Prest zaude arrisku horri aurre egiteko?
— Bai.
— Seguru eta lasai sentitu zinen labana buru gainetik jaurti zizunean ere? Edo labanaren ahoarekin zintzurra ferekatu zizunean?
— Sustoa eman zidan bi aldi horietan, ezin dut ukatu, baina asmo onez emandako sustoak izan ziren. Berehala jabetu nintzen.
— Asmo onez?
— Niri astindu txiki bat emateko balio izan zuten susto horiek, beharrezkoak nituen astinduak. Daukadanaz jabetu eta biziago senti nendin… Eta, bide batez, bion arteko konfiantza handitzeko ere bai.
— Ez dela gizakia esan dizu, beste dimentsio bateko izakia dela… Ez dizute ezinegonik eragiten adierazpen horiek?
— Horiek ere lasaitu egiten naute.
— Baina sinesten dituzu?
— Ez. Edo bai. Ez dakit. Berdin zait.
— Gezur hutsak dira, neuk esaten dizut.
— Ados.
Gezur hutsa izango da, beraz, akaso, Michellek niri kontatutako guztia. Ez diot AGKri esan, baina uste dut, gezur izan zein ez, ederra izango dela Michelle eta biok egia balitz bezala bizitzea. Horixe da gure asmoa, AGK-k eragozten ez digun bitartean behintzat.
Plazer handia izan da AGKrekin zuzenean hitz egitea. Lehen ez zuten herritarrek hain erraza izaten beren agintari gorenekin aurrez aurre elkartzea, are gutxiago fededunek nork bere jainko edo jainkosarekin.
Ez zebilen oker Lazkao Txiki: zer mirari dan egunsentiaz konturatuko bagiņa.