Munduaren kontrola
Kasualitatez ezagutu nuen XXX —ezin dut izenik eman—, lehengusu-lehengusinen bazkari batean, nire lehengusina batekin zebilelako garai hartan, gero amodio istorioak gutxi iraun bazuen ere.
Alkoholez alaitutako sabel asebeteek eta bazkariko giro onak horretarako lagun genituela, solasaldi labur baina mamitsua izan genuen XXX-k eta biok kafea hartu bitartean. Geldi egotetik orduko 200 kilometroko abiadurara segundo gutxitan igarotzen den autoaren antzera, tarte laburra behar izan genuen bazkariari buruzko komentario kulinario arruntetatik munduaren gaur egungo martxa kezkagarrira pasatzeko. Inondik inora ere espero ez nuen baieztapena egin zidan orduan: “Ez zenuke hainbeste kezkatu behar, munduaren martxa zuk uste duzuna baino kontrolatuago baitago”.
Hori esatean erakutsi zuen ziurtasunak harrituta utzi ninduela ikusirik, aurrekoa baino are harrigarriagoa zen baieztapena egin zidan: “Ez nazazu zorotzat hartu, badakit zer esaten ari naizen, munduko gizakirik boteretsuenen adiskide eta lankide bainauzu”.
Txantxetan ari zelakoan, Bilderberg Taldeko kide ote zen galdetu nion, irribarrez. “Ez du izen hori zehazki, eta ez da deskribatu ohi den bezalakoa”, esan zidan, serio, “baina bai... funtsean Bilderberg aipatzean irudikatu ohi denaren antzeko foro bat dago, eragin eta botere handikoa, eta kideen artean nago”.
Gustura entzun nizkion ondorengo azalpenak. Ez soilik XXX oso hizlari atsegina delako. Baita esaten zidana entzun ahala munduaren etorkizunari buruzko kezkak arindu egiten zitzaizkidala sentitzen nuelako ere.
“Aberatsak eta boteretsuak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu, ez diegu gure pribilegioei uko egin nahi, eta horrek bidegabekeria handietara eramaten gaitu sarritan”, azaldu zidan. “Baina ez gara herri-iruditeriak deskribatzen gaituen bezain doilor eta bihozgabeak”.
Adi-adi entzuten harrapaturik nindukala jabetuta, ohartarazi zidan gero eta zailagoa dela munduaren martxa kontrolatzea, globalizazioaren, teknologia berrien zabalkunde bizkorraren eta energia kontsumoaren hazkunde ikaragarriaren ondorioz, besteak beste. “Zailtasunak erabaki gogorrak hartzera behartzen gaitu sarritan, ulertzen eta onartzen zailak direnak, baina argi dugu gure iparra: Lurraren eta Lurreko gizakion iraupena, ahalik eta ongizaterik handienarekin”.
Noren ongizateaz ari zen galdetu nion orduan, ironiaz: mundu osoko biztanleenaz, Mendebaldeko herrialdeetako klase ertainarenaz ala soil-soilik beraienaz. Haserretu gabe, irmo erantzun zidan: “Mundua gaur egun dagoen moduan, zuk aipatu dituzun ongizate horiek guztiak estu lotuta daude, eta batzuei kalte edo mesede egiten dienak besteei ere kalte edo mesede egingo die”.
Informazioaren nahasmenaren eta teoria konspirazionisten gorakada ere —Bilderberg Taldearen mitoa bera barne— “zorrotz bideratutako estrategiak” omen dira, “mundu osoko herritarrak paralizatu egiten dituztelako, zalantzara, eztabaidara eta elkarren aurkako talkara eramanda, eta horrek eskuak libreago uzten dizkigu mundua behar den lekura gidatzeko”.
“Ez gaude bakarrik borroka horretan”, gehitu zuen. “Konputagailu erraldoi bat dugu lagun. Laster entzungo duzu haren izena: AGK Agintaritza Global Konputarizatua. Ordutik aurrera dena aldatuko da. Onerako”.
Agurtu aurretik, galdetu nion ea bere bikotekideak —nire lehengusinak— ba ote zekien hori guztia, eta ezetz erantzun zidan, sekretu gorena delako. “Hortaz, debekatu egingo didazu honetaz inori ezer esatea”, komentatu nion, baina ezezko keinua egin zuen buruarekin, irri zabal batez: “Ez, ez! Edonori azaldu diezaiokezu, konfiantza osoz, ez baitizu sinetsiko”.