Bihar biharkoak
Gure bizitzaren ikus-entzule gara, ez egile.
Iņaki Uriarte
Gaur goizean, amets nahasi batetik esnatu ondoren, neure borondatearen baimenik gabe, ilunpean erdi lotan goxo-goxo geratzeko nuen gogoari kontra eginda, ohe ondoko argi-etengailua sakatzen ari nintzela jabetu naiz. Ohean gelditu nahi nuen arren, agondu egin naiz ohetik altxatzeko, eta orduan ikusi dut Olatz falta zela. Ezagutzen ez nuen liburua ikusi dut, gainera, gau-mahaian: Joseba Sarrionandiaren Ez gara geure baitakoak, bezperan Franz Kafkaren Metamorfosia utzitako lekuan.
Neuk neure buruari halakorik agindu gabe joan naiz komunera pixa egitera. Gorputza bere kasa zebilen, automatikoki funtzionatzen ari zen, nire gogoarengandik guztiz independente. Horrelaxe egin dut bizarra, horrelaxe dutxatu eta jantzi naiz. Neure gorputzak bahiturik baninduka bezala. Eta Olatzen arrastorik ez zen etxe osoan. Ezin nuen asmatu nora joana izan zitekeen.
Sukaldeko egutegiak harritu nau ondoren, 2063koa baitzen, 2057koa izan beharrean. Baina barruan gorde behar izan ditut ezustea eta beldurra, gorputzak bere kasa funtzionatzen jarraitzen baitzuen. Itxurazko normaltasun osoz prestatu dut gosaria eta halaxe gosaldu dut, BKS Banakako Konexio Sistemaren oharrei eta albisteei begira, patxada ederrean banengo bezala, kanpotik begiratuz gero, barrutik izuak janda nengoen arren.
Gosariko ontziak eta mahai-tresnak jaso, eta gonbidatuen gelara joan naizenean ikusi ditut lehen aldiz bikiak, eta neure ahotik entzunda ikasi ditut haien izenak:
— Esnatu, Lorea. Altxa hortik, Mattin. Gosaldu eta eskolara joateko ordua.
Lau urteko bi umeren habia bihurtuta ikusi dut bezperan gonbidatuen gela zena. Literaren goiko ohean zetzan Lorea, behekoan Mattin.
Gureak ote ziren? Eskolara eramango ote nituen, esan berri nien bezala? Zer egingo nuen gero? Non arraio zegoen Olatz?
Niregandik inondik inora ere ezin espero nezakeen efizientziaz eta patxadaz eman diet gosaria Loreari eta Mattini, eta txukun prestatu ditut eskolara eramateko, hiruron gosariko ontziak eta mahai-tresnak garbitu eta sukaldea jaso ondoren. Ez nago ohituta harrikoa eskuz egiten, Olatzek egiten du normalean lan hori, etxeko ia denak bezala, eta beste erremediorik ez dagoenean ontzi-garbigailua erabiltzen dut, Olatzek ontzi-garbigailua martxan jarri behar izateko ontzi eta mahai-tresna gutxiegi direla esaten didan arren. Ez dut maite espartzua erabiltzea. Baina gaur goizean nire gorputzak, nik ahal banu gogoz emango niokeen aginduaren aurka, eskuz garbitu ditu guztiak, kexurik gabe eta di-da batean.
Etxetik irten aurretik, errafiazko poltsa bat sartu dut zamarraren poltsikoan. Bebarrutik irteten ari ginela kontaktatu du nirekin Olatzek BKSaren bidez. Zer moduz genbiltzan jakin nahi zuen. Gure arteko solasaldi lasaiak jakinarazi dit Frankfurten dagoela, nazioarteko liburu azokan, agente batekin, berak idatzitako nobela arrakastatsu baten itzulpenerako eskubideak negoziatzen.
— Ikaragarri ondo doaz negoziazioak —esan dit, pozik.
Hamabi hizkuntzatara itzuliko omen dute, gutxienez, nobela: ingelesera, frantsesera, alemanera, arabierara, txinerara, errusierara, ukrainerara…
Pixkanaka neure beste niaren egoeraz jabetzen ari nintzen: bi seme-alaba genituen, eta Olatz, aspaldi baztertua zuen ametsa gauzatuz, idazten hasita zegoen, arrakasta handiz gainera. Beste nia, kanpokoa, egoera berrira ondo egokituta zegoen, ni beti mundura seme-alabak ekartzearen aurkakoa izan naizen arren.
Lorea eta Mattin eskolan utzita —egunerokotasun eta normaltasun bete-betean—, ez naiz joan laborategira lanera. Etxera bidean, erosketak egin ditut supermerkatuko harategian, arrandegian, frutategian eta osagarri sintetikoen dendan. Nik ezagutzen ez nituen arren, saltzaileek ni ezagutzen nindutela jabetu naiz, eta beste niak haiek ezagutzen zituela, lagun giroan mintzatu baikara. Haien galderei erantzunez, Olatzek kontatu berri zidana jakinarazi diet. Harro daude, antza denez, nire emaztearen arrakastaz.
— Izan ere, nobela bikaina da Olatzena —komentatu dit arrain-saltzaileak, itsas oilarra xerratzen zuen bitartean—. Hunkituta egiten duzu negar pasarte batzuetan, eta beste batzuetan barrez lehertzen zara.
Etenik gabe aritu naiz etxeko lanetan gero. Komuna eta gelak garbitu ditut, oheetako izara guztiak aldatuta —aspaldian egin gabeko lanak denak ere, nire oroitzapenen arabera—, garbigailua martxan jarri dut, bikientzako eta neuretzako bazkaria prestatu dut —horretara ohituta banengo bezala atondu ditut barazki purea eta itsas oilarra xerratan patata frijituekin—, garbigailua gelditutakoan arropa eta izarak zabaldu balkoian, armairu bateko atea konpondu… Ez nukeen inoiz sinetsiko hain ondo molda nintekeenik halako zereginetan.
Bikiak eskolatik jaso eta haiekin bazkaldu dut, ez errieta eta istilurik gabe, Loreak lurrera bota baitu platera irribarre bihurriz, nire pazientzia proban jarri nahi balu bezala. Mattinek, gutxiago izan nahi ez eta, gauza bera egin du. Barrutik sutan banengoen ere, neure onetik irten gabe egin diet errieta, eta botatako platerak mahaira jasoarazi dizkiet, ez baitira hautsi, zorionez. Pedagogorik zorrotzena ere txaloka izango nukeen, ni une horretan ikusterik izanez gero. Neuk ere txalotuko nukeen neure burua une horretan, ahal izan banu.
Siesta egin dute bikiek, nik harrikoa egin —eskuz berriro ere, espartzuarekin— eta sukaldea jasotzen nuen bitartean. Askari gisa mokadu bat jan ondoren, arratsaldean paseatzera irten gara, eta etxe ondoko parkean eman ditugu pare bat ordu. Hor ere ez da izan bakerik, Mattin beste ume batekin borrokan hasi baita, ez diolako bere espazio-ontzi hologramatuarekin jolasten utzi, baina nire barruko amorruarekin inondik ere bat ez zetorren tenplea erakutsiz konpondu dut gatazka hori ere.
Afaldu eta bikiak lotaratu ondoren —derrigorrezko ipuin kontaketan ere ondo ordeztu dut Olatz—, harraska aurrean berriro, espartzuarekin plater zikin xaboituak igurzten ari nintzela, barealdi atsegin moduko batek hartu nau, isurbidean behera zihoan ur zikinari begira. Bizimodu honetara ohitu naitekeela pentsatu dut, ederki bizi ahal izango naizela egoera berrian, laborategira itzuli gabe. Hainbeste urteko lanak, bizipenak eta ilusioak betiko uzteko prest sentitu naiz, bikien eta Olatzen mesedetan.
Halaxe sartu naiz ohean, barruko bake horretara iritsita, dena biharko prest utzi eta gero, bihar zer izango den oso ondo ez dakidan arren. Sarrionandiaren liburuko bospasei orrialde irakurri ditut, argia itzali eta izara azpian murgildu aurretik. Orain, antza denez, lo nago, lo dago kanpoko nia, haren zurrungak —nireak— entzuten —eta sentitzen— ari bainaiz.
Zinez esan dezaket gaur ez dudala neure burua ezagutu. Gaurkoa aintzat hartuz eta kontuak aterata, laborategiko lana utzia dut eta orain haurrez eta etxeaz arduratzea da nire eguneroko zeregina. Harrigarria bada ere, egunaren amaierarako ez zait plan txarra iruditu. Benetan larritzen nauena egiten dudanaren jabe eta agintari ez izatea da, baina, egia esan, hori ere eramangarriagoa zait orain egunaren hasieran baino.
Entzuna nuen AGK Agintaritza Global Konputarizatuak gisa honetako egoerak eragiten dituen esperimentuak egiten dituela pertsona batzuekin, baina teoria konspiranoikoak zirelakoan nengoen. Niri gertatzen ari zaidan hau AGKren esperimentua bada, zer arraiotarako egina da? Neure buruarekiko arrotz esnatuko ote naiz bihar ere? Noiz arte?
Gero eta zurrunga handiagoak egiten ari da nire gorputza, nire borondateaz besteko ni arrotza. Neuk ere lo egitea litzateke onena, eta gustura egingo dut, egunaren aztoramenak eta etorkizunari —eta nire benetako nortasunari— buruzko kezkak uzten badidate.
Bihar biharkoak.