Editoreari omenaldia
Philip K. Dick idazleari
eta Gorka Arrese editoreari,
eman didaten laguntza oparoa eskertuz
Hasieratik genekien ez zela erraza izango Dolores Lopezen ordezko egoki bat aurkitzea, baina berehala ekin genion bilaketari. Gure mundutxo literarioan ezagutzen genuen jende askorengana jo genuen, jakiteko zer irizten zioten. Batzuei zuzenean galdetu genien ea nahiko zuten lanpostua bereganatu, beste batzuei ea nor ikusten zuten horretarako egokiena. Baina, jende askorekin bildu ondoren, ez genuen erantzun gogobetegarririk jaso. Batzuek esan ziguten ez zutela beren burua lan horretarako prestatuta ikusten; beste batzuek eskaintza interesgarria zela, eta eskertzen zutela, baina oso gustura zeudela une hartan zuten lana egiten; eta izan zen gure eskaintza entzunda algara betean barre egin zuenik, burutik gaizki ote zegoen uste al genuen galdetu aurretik. Ez baita, izan ere, nornahirentzako moduko lanbidea editorearena, are gutxiago, gure kasuan bezala, baliabide ekonomiko urriko argitaletxe apal batean lan egin behar denean.
Saio antzu haiekin guztiekin etsita, beste erremediorik ez genuela konbentzituta, jo genuen androide profesionalen zerbitzu klandestino batera. 2067an geunden, eta androideak AGK Agintaritza Global Konputarizatuak ofizialki baimendutako zereginetarako baino ezin ziren erabili, legearen arabera, baina androide klandestinoen ezkutuko merkatua ikaragarri handituta zegoen ordurako, gorenean. Denok genekien giza itxura erabatekoa zuten androide oso aurreratuak salerosten zirela zeregin batzuetarako, baina AGK-k, beste arlo batzuetan bezala, oso zorroztasun gutxiko jazarpena ezarri zuen haien legez kanpoko ekoizpenaren, salmentaren zein erabileraren aurka, bere kalkulu prospektiboek hartaratuta, ez arrazoirik gabe, gerora egiaztatu denez, argi baitago era guztietako androideen zabalkundeari mugak jartzen saiatzea alferrikako lana dela azkenean.
Doloresek lana utziko zuela eta ordezkorik ezin aurkituta genbiltzala jakin orduko, berak kasualitatez ezagutzen zuen androide klandestinoen saltzaile baten berri eman zigun Alvaro Garmendiak, argitaletxeko bazkide eta adiskideen urteroko bilerara eta ondorengo bazkarira joateko —eta osteko parrandara geratzeko— ohitura zuen irakurle fin batek.
— Zuek aurrez erabaki androidearen ezaugarriak, eta zeuek nahi duzuen bezalakoa egingo dizuete, bai gorputzez eta bai izaeraz, eta zeuek esandako lanetarako bikain prestatuta eta trebatuta izango duzue. Garestiak dira androideak, hori ezin da ukatu, baina epeka ordaindu ahal izango duzue zuena, are hogeita bost urtetan ere. Luzera begira, pertsona bati soldata ordaintzearen neurrikoa izango da gastua azken finean, edo are txikiagoa ere agian.
Koldo Torralba zuen izena Alvaro Garmendiak aurkeztu zigun androide saltzaile klandestinoak. Vanesa Landa idazkariak eta biok —nik, Teresa Elortzak, argitaletxeko buru eta komunikazio arduradun gisa—, luze hitz egin genuen Koldorekin, nolako androidea nahi genuen azaltzeko bildu ginenean.
— Beraz, laburbilduz —esan zuen gure azalpenak entzun ondoren, bere mahai aurretik jaiki eta bulegoan zehar pauso batzuk ematen zituen bitartean, tarteka guri begira—, idazleen jatorrizko lanak irakurri, ebaluatu eta hobekuntzak egiteko proposamenak egiteko gauza izan behar du; eta idazleari horien berri egoki eta adeitasun osoz emateko, jakina. Literaturari buruzko jakintza handia ere behar du oro har, eta erdarazko literaturaren ezagutza bereziki sakona. Jendearekin tratuan atsegina izan behar du, baina lausengu faltsuetarako joerarik gabekoa; eta, batez ere, hala egokitzen zaionean, ezezko ondo arrazoituak lotsarik eta beldurrik gabe emateko gauza. Ez dira ezinezko eskakizunak, ezta hurrik eman ere.
— Horiek dira, bai, ezaugarri nagusiak —erantzun nion nik—. Gure kezka nagusietako bat da idazleekiko tratuan ez ote den igarriko androidea dela, ez gizakia. Idazleren batek jakiten baldin badu gure editorea androidea dela, robot bat, makina bat azken finean, bi arazo izango ditugu, batez ere idazle horren testua androidearen gustukoa ez baldin bada: batetik, idazleak esango du editorearen arima-gabeziaren ondorio dela argitaletxeak emandako ezetza, bere lanaren bikaintasuna berretsi baino ez duela egiten haren epaiak; bestetik, idazlea androidearen iritzien ondorioz gogor suminduz gero, salaketa jaso eta epaiketa bati aurre egin behar izateko arrisku larria izango dugu.
— Ez kezkatu horretaz. Beharbada duela zazpi bat urte ez nizuen halako ziurtasunez esan ahal izango hau, baina gaur egungo teknologiarekin ez dago inolako arazorik. Denek usteko dute pertsona bat dela. Hori bai: biografia bat asmatu beharko diogu eta bizitzeko leku bat egokitu, ahalik eta diskretuena. Kasu batzuetan, disimulua erraztu eta susmoak uxatzeko, familia osoak egiten eta saltzen ditugu, ume eta guzti hala eskatuz gero, baina horrek, jakina, garestitu egiten du produktua.
— Gure aurrekontua murritzegia da horretarako —komentatu zuen Vanesak.
— Pentsatzen nuen, bai. Erdarazko argitaletxe bat gaur egungo Euskal Herrian... Barkatuko didazue, baina negozioa egiteko behintzat ez da ideiarik onena.
— Ez, jakina —esan nion nik, ahalik eta tenplerik onenean—. Baina literatura maite dugu eta baita gure hizkuntza ere. Nahita ere ezingo genioke horri uko egin. Txikitan ikasi genuen, beti maite izan dugu eta barruan daramagu hizkuntza hori eta haren aldeko borroka.
— Nire lau aitona-amonek erdara izan omen zuten etxeko hizkuntza —desenkusatu zen androide saltzailea—, eta gurasoek ere bai, gaztaroan ondo sartu arte, AGK-k Euskal Herria Espainiarekiko eta Frantziarekiko independente izatea dekretatu aurreko urteetan. Nik ez dut hitz egiten, baina ulertu egiten dut, eta ez daukat ezer erdararen kontra, jakina. Hala ere, ez dakit ba nik, hemen Euskal Herrian gaude, eta...
— Et, et, et... Ez sinplifikatu gauzak, mesedez —berotzen hasi zen Vanesa—. Eztabaida sakona dago esaten ari zarenaren atzean. Espainiera ere hemengo hizkuntza da, historikoki zein sozialki euskara bezain errotua ofizialki Euskal Herria deritzon entelekiaren zati handi batean, euskara bezain geurea eta hemengoa, edo are geureagoa eta hemengoagoa estutzen baldin banauzu, tradizio literario askoz aberatsagoa izateaz gain. Baina gaur egun guztiz zapalduta dago AGKren aginduen ondorioz, eta euskal herritar askok nahiago genuke berriro ere Espainiako parte izan, espainierak dagokion lekua izateko gure artean. AGKren erabaki askorekin ados nago ni, beharrezkoak dira, baina gure hizkuntzarekin ez da zuzen jokatzen ari. Zorionez, indarra hartzen ari gara, eta lortuko dugu AGK Euskal Herria Espainian sartu ala ez erabakitzeko erreferendum lotesle bat antolatzera behartzea. Ez dudarik izan horretaz.
— Ondo da, ondo da —esan zuen Koldo Torralbak, burua makurtu eta eskuak astinduz, adieraziz eztabaida hura alde batera utzi nahi zuela—. Ni ere ez nago denean ados AGKrekin...
— Ezin zara kexatu —komentatu nion nik, Koldoren espainierafobia gaizki disimulatuak amorrarazita baina neure onetik ez irteten saiatuz—. Oso eskuzabal jokatzen du androideen legez kanpoko merkatuarekin.
— Tira, utz ditzagun berriketak, mesedez. Hemen negozio kontuek bildu gaituzte. Emakumea ala gizona nahi duzue?
— Gizonezkoa —erantzun zion Vanesak—. Emakumez osatuta gaude lehendik ere. Askotan egozten digute hori. Aukeran, beraz, gizonezkoa hobe, dudarik gabe.
— Eta, horrek ez badu garestiago bihurtzen —gehitu nuen nik—, bistarako atsegina bada, hobe.
— Saiatuko gara, baina ezin da esajeratu. Kontuan hartu behar da haren biografiarekin bat etorri behar duela itxurak, eta bakarrik bizi dadin komeni baldin bada, gainera, eta gizakiekin gehiegi endredatu gabe...
Ez zait sekula ahaztuko Koldo Torralbak Jorge Areces androide klandestinoa aurkeztu zigun eguna. Itxura oneko gizon gaztea, diskretu baina txukun jantzia, eta hizketan oso egokia, espainiera batu dotore, zehatz eta efikaz baten jabe. Eman behar bere lagun bat aurkeztu zigula Koldok, eta ez androide bat. Baina ezinezkoa zen, jakina, gure argitaletxerako hain egokia zen pertsona bat guretzat ordura arte ezezaguna izatea. Gure mundutxoa txikiegia da horretarako.
Berehala erakutsi zigun Jorgek androidea zela, gizakiarentzat ezinezkoak diren ahalmen harrigarrien jabe. Berarekin hitz batzuk egin orduko jabetu ginen sekulako erudizioa zuela, bereziki Euskal Herrian espainieraz idatzitako literaturari buruzko kontuetan.
Gero, lanean hasi zelarik, ez zuen inoiz hutsik egin. Ez zituen idazle guztiak gustura uzten, jakina, ezinezkoa baita hori bere lana gutxieneko profesionaltasunez egiten duen editore batentzat, baina bai benetan interesgarriak zirenak, idazten zutenaren kalitatearengatik eta interesarengatik argitaletxetik gertu nahi eta behar genituenak. Jatorrizko kaxkarrak ekartzen zituztenak ere oso adeitasun handiz tratatzen zituen, eta haiei ere laguntzeko prest zegoen beti, baina jakina da zaila dela idazle bat ez mintzea bere obrari buruzko kritika gogorrak entzundakoan, kritika horiek guztiz zentzuzkoak eta ondo arrazoituak izanagatik ere. Batzuek onez eraman zituzten, hala ere, Jorgeren irakurketa zorrotzak; baina beste batzuk madarikatze bizian zapuztu zitzaizkion gozakaizkeria zakarrean.
Bere biografia faltsuaren eta bizilekuaren kontua konpontzen ere lagundu zigun Jorgek berak. Zilegi bazait esatea, nire konplizitatearekin. Bikotekideak ginela itxuratu genuen urte askoan, eta neure etxean jarri zen bizitzen. Etxe barruko gure bizikidetzaz ez dut hemen ezer askorik esango; soilik ez zitzaidala burutik pasatu ere egin Jorge trastelekuan baztertuta uzteko ideia, androidea zenez hala egin nezakeen arren inolako arazorik gabe.
Androideak legeztatu eta androide klandestinoen garaia amaitu zenean, 2069an, argira atera ziren haietako asko, ia denak, AGK-k arlo hartan egindako delitu guztiak zigorrik gabe barkatzea erabaki baitzuen. Guk, ordea, nahiago izan genuen Jorge hezur eta haragizko gizon hilkorra balitz bezala jokatzen jarraitu, batez ere Jorge gurekin lanean hasi zenetik argitaratutako liburuen egileak engainatuta sentituko ziren beldurrez.
Dakizuen bezala, ordea, ezustean, egia esateko tenorea iritsi zaigu. Amaitu da gezurra. Atzo iluntzean, argitaletxeko egoitzatik irten eta etxera zihoala, gu bion etxera, hirian gutxitan ikusten den ikuskizun bat egokitu zitzaion Jorgeri, XX. mendearen amaierako eta XXI.aren hasierako Amerikako Estatu Batuetako pelikula kaxkarretan hainbestetan ikusten ziren horietakoa: polizien auto bat lapurren autoaren atzetik, ziztu bizian biak, eta txoferraren ondoko polizia, leihatila irekitik burua eta pistola aterata, lapurrei tiroka. Baina tiroetako batek —a zer zorte txarra!, ganorarik gabe idatzitako ipuin txoro bateko pasadizoa dirudi kontatzen ari naizenak!—, publizitate panel batean errebotatu eta Jorgeren ezkerreko saihetsa harrapatu zuen bete-betean. Pistola eszifoneiko batekin egindako tiroa zenez, hark jaurtitako izpi hotzak ez zuen Jorge hilko gizona balitz, konortea galaraziko zion minutu batzuetan, besterik gabe; baina tiroak Jorgeren barne-sistemako funtsezko errele bat erre zuen eta sistema osoari eragin zion.
Poliziak gertatutakoaz abisatu zigunean, Jorge ahal bezain azkar eraman genuen Koldo Torralba zenaren alaba Leire Sawadogorengana, inguruko jakitunik handiena baita hura androideen kontuetan, baina esan zigun androidearen barne-sistema zaharkitua zegoela tiroa jaso aurretik ere —gure utzikeriaren erruz, aitortu egin behar dugu hori, ez baikenuen sekula eraman azterketa teknikoa egitera— eta, errelearen erreketak zirkuitu askotan eragindako bat-bateko kolapsoaren ondoren, ez zegoela zer eginik, ezinezkoa izango zela Jorge Areces lehengoratzea.
Hogeita bost urtez lan akatsik gabea egin du Jorgek, finezia, erudizio, talentu, efikazia, adeitasun eta jendetasun paregabez, eta gaur antolatu dugun prentsaurreko hau, gezurra esan eta hainbeste urtez gezurrari eusteagatik barkamena eskatzeko ez ezik, Jorgeri eskerrak emateko eta haren izena goratzeko ere baliatu nahi dugu. Eskerrik asko, Jorge. Gora Jorge!