Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

Aurkezpeneko testua

 

Nerea Ibarzabal Salegi

2022-09-13

 

         Bizimodu aldaketa erradikal batera presaka egokitu behar izan dutenen istorio bat da Bar Gloria. Etxearen esanahia aldatu, lur berrira errotu, eta lehenbailehen hazi nahi izan dutenena.

         Ana, Rakel eta Migel mahai berean esertzen dira gauero, taberna itxi eta garbiketa lanak amaitutakoan.

         Sarrerako atearen gainean disekatutako idi buru bat dago esekita, eta bere begietatik erreka bazterreko taberna handi bat ikusten da, herriaren erdigunean kokatua, tren geltokitik gertu.

         Taberna fabriketako langilez betetzen da goizean goizetik, eta berandura arte egoten da zabalik. Mostradore altu bat eta beiratedun jantoki argitsu bat dauzka. Jendea sukalderaino sartzen da, eta zaraten eta usainen anabasa horretan pertsonaiei oharkabean igaroko zaie denbora; haurtzaroa eta helduaroa, bizitza eta lana bereizezin bilakatzeraino.

         Bi paisaia nagusi elkartzen dira Bar Gloriako baldosa gorrien gainean. Paisaia urbanoa, batetik: hazten ari den herri baten borborra eta ugaritasuna; lantegietako txanda aldaketetako jende oldeak, goizerdiko banatzaileak, sukurtsaletako langileak, garraiolariak… Eta, bestetik, nekazal tradizioa. Lopetegi familiaren baserritar jatorriak erabat baldintzatzen ditu haien oroitzapenak, ohiturak eta tabernaren beraren irudia eta izaera, inguruko herrietako landa eremuko jendea erakartzen duena.

         Goiko pisua ere errentan hartu dute, eta hantxe egiten dute lo; etxe txikia da lehengo baserriaren aldean. Ahizpek gela konpartitzen dute. Hango leihotik begiratzen diote herriari, bertatik sumatzen dituzte errekaren eta tabernako frijituen lurrinak, eta elkarren loa zaintzen dakite alboz albo jarritako ohe banatatik; geroz eta arinagoa da loa, eta geroz eta urrunago daude oheak.

         Migel lankidea ere etxekotuta daukate. Espainiatik etorritako familia bateko semea da bera, gaztetxotatik Bar Glorian enplegatua. Lanak elkartu ditu, beharrak; beharrak batu edo urrundu egin baititzake pertsonak.

         Lanak harrapatutako jendea kontatu nahi nuen liburu honetan, hara eta hona dabiltzan bitartean filmatu. Nola, esku bustien eta hanka minberatuen gainetik, haiek direna izateko indarrari eusten dioten, nola amesten duten, noiz eta zergatik hautatzen duten amiltzea edo altxatzea, eta zenbateraino dagoen hori beraien esku.

         Gizonezkoek menderatutako eremuak dira gehienak: kalea, taberna, proba-tokia. Haien begiradapean hazi dira Bar Gloriako zerbitzariak, haien eskura, haien elkarrizketak entzunez, eta haiek esandakoei erantzun edo ez erabaki ezinda. Gizonek abereak bezatzen dituzten moduan bezatu nahi izango dituzte emakumeak ere, lanaren eta indarraren bitartez. Baina badira sen errebeldeak, neurriko uztarririk egin ezin zaienak. 

         Idi proben iruditeria ekarri dut liburura, ez hainbeste tradizio hau modu zehatzean kontatzeko, ez bada pertsonen eta gainerako animalien arteko harremanak esanguraz betetakoak iruditzen zaizkidalako. Uste dut pertsona deskribatu daitekeela animaliak berarekiko duen jarrerari erreparatuz. Idien txabolaren eta proba-tokiaren arteko amildegi hori ere erakutsi nahi izan dut, niretzat ulertzen zaila dena: kortako zaintza tentuzkoa, neurtua, non gizonen abereekiko samurtasunezko keinuak eta konplizitatea ohikoak diren, eta bat-batean, plazako hoztasuna eta biolentzia. Gizonak idiak traizionatzen; baina berez ez: zerbitzu baten truke maite dituzte abereak, ez dago baldintzarik gabeko maitasunik.

         Liburuko beste espazio batzuk dira Paradise diskoteka, PBA, eta hiriko anbienteko klubak, askatasunaren promesa iraunkor eta harrapaezinak. Taberna bakar baten izenburupean datorren liburu hau beste hainbat tabernak osatutako mosaikoa ere bada, nolabait.

         Anak, Rakelek eta Migelek ihes egin nahi dute, bakoitzak bere modura. Iraganeko eta etorkizuneko irla hobeak dauzkate buruan, baina mostradorea hesi bat da, edo beti haien zain egongo den babesleku ezagun bat.

         Istorio honen ernamuina duela bi urte hazi zen nigan, oso forma lausoan hasieran. Eszenak zerrendatzen hasi nintzen. Pertsonaia, leku eta garai dezente sartzera nindoanez, bakoitzaren usaina lehenengora suma zedin nahi nuen. Taberna bakoitzak bere bereizgarriak, bere sinboloak izan behar zituen, eta pertsonaiek beraien aldaerak, espazio bakoitzaren araberakoak. Kontatzen bezainbeste, erakusten saiatu naiz.

         Erronka bat izan da lehen aipatutako lanaren abiadura hori orrialdeetan harrapatzea, eta aldi berean pertsonaien egonezinak modu lasaiago batean deskribatzen asmatzea. Horretarako bestelako hizkuntza bat garatu beharra ikusi nuen. Tabernak pertsonaien hitz egiteko era baldintzatzen du, etxearen eta herriaren arteko muga lausoegia delako. Saiatu naiz garbi hitz egiten ez duen jendearen hizkera hori aletzen: begirada bidezkoa, errezelen ostekoa eta isiluneetakoa. Oro har, familia askotan ohikoa den komunikazio mota hori interesatzen zitzaidan. Korapiloak askatu gabe, isildu eta aurrera jarraitzea erabakitzen duen jendea.

         Liburu bat ez du pertsona bakarrak idazten, eta idazten ari den pertsona bat ez du edozeinek jasaten. Eskerrak eman nahi dizkiet:

         Lurrarengatik: amari eta osaba-izebei. Dena zor dizuet.

         Urarengatik: Uxueri, Mireni, Aneri, Maleni, Mariρeri, Andoniri eta Oierri.

         Kimaketagatik: Maialeni, Iρigori, Ituri, eta batez ere Leireri, azken orduko izualdietan agertutako konfiantzagatik.

         Azalarengatik Arrigurikoei eta Bergarako txabolako ume zoragarriei.

         Nire txakur Pamuki, blokeo kreatiboetan paseatzera ateratzen ninduelako.

         Eta beste hainbat modutan babestu eta maitatu nauzuen inguruko kide guztiei.

         Orain zuekin egoteko askoz denbora gehiago izango dut.

         Eskerrik asko.