17
Migelek sukaldetik entzun du haren barrea, sarkorra eta etena. Harraskatik apur bat aldendu, eta burua luzatu du atzerantz, ea errezelen artetik zerbait ikus dezakeen.
Hortxe dago; oihalaren zirrikituetatik bereizi du Eliasen soslaia, besoa mostradore gainean jarrita, eta basoerdia erpe lodien artean harrapatuta. Berriro agertu da. Bakarrik inoiz ez, isilik ere ez. Algarak beti dira gangarrak, eta txisteak kontatzen dizkie papar betean txikiteoko lagunei. Migelek denak entzun ditu ezkututik, eskuekin letxuga bat triskatu ahala. Atearen soinuari adi ematen ditu goizak, sukaldeko zalapartaren gainetik, sartu-irten denak zenbatzen ia.
Rakel agertu da sukaldera, mostradoretik iheska.
“Hemen dago”.
“Badakit”.
Bizentaren begirada errukiorrak zerbait eskatu dio Rakeli kazolen eta lurrunen atzetik.
“Zer?”.
Hondoa hartzear dauden babarrunei bueltak emateari ekin dio Bizentak. “Tentuz ibil zaitezte” esan, eta su gainetik baztertu du lapikoa.
“Bota egin behar dugu”.
Bekainak jasota begiratu dio amak alabari, eta sukaldeko lanarekin segitu du. Migeli halako larri garratz bat igo zaio urdailean gora. Zigarro bat piztu nahi luke, baina letxugak garbitu behar ditu, eta gero lekak zuritu.
“Enpagu bat ematen dit…”, marmarrean ari da Rakel, “bere barre horrekin”.
Migeli iruditu zaio neskak harraska azpira bota duela begirada, eta estutu egin da arratoientzako botikaren kontua benetan esan zezakeela pentsatuta. Letxuga orriak garbitzen jarraitu du erdiko trukutz zuria zeharo erantzi arte. Har eta barraskilo txikiak uretan itotzen ari dira, geroz eta gardenago eta lodiago, borobilak marrazten harraskako zuloaren inguruan. Arnasa hartu du Migelek, eta bere horretan utzi du dena. Eskuak amantalean lehortu ditu.
“Zuek egon hemen”.
Rakelek Bizentari begiratu dio, eta inork ez du ezer gehiago esan.
Migelek errezel berdeak baztertu ditu eskuarekin, eta jendaurrera azaldu da sukaldeko amantal orbaindua erantzi ere gabe.
Asteazken goizerdi bat zabaldu zaio parean, kafea, atearen kirrinka, eguneko gai garrantzitsuak orain aho batean, gero bestean. Mostradorearen hegal bateko txikitero taldeak ia ez du zirkinik egin bere agerpenarekin, goitik beherako errepasoren bat baino ez du sumatu, eta Eliasek atoan baztertu du begirada, garatzen hasia den kontakizunen batekin jarraitzeko.
Ez da beste ezer gertatu. Patxi baino ez da urduritu. Larritasunez gurutzatu da berarekin kikaren armairuaren aurrean, eskuak bat-batean baldartuta. Baliteke Patxi ere jakinaren gainean egotea, Migelek beragandik iheska sentitu baitu aspaldian. Kontu hau zabalduko balitz, galdetu beharrik gabe ere badaki bere nagusiak zeinen alde egingo lukeen.
“Bi huts, ahal duzunean”.
Igeltsero itxurako bi gizon dauzka zain egurrezko mostradoreaz bestalde, eskuak karez zikinduta. Migelek lur hartu du, eta kafe-makinari eragiten hasi da. Zenbait aste sukaldean gotortuta igaro arren, bere giharrek mostradoreko mugimendu bakoitza oroitu dute, osorik gorputzezkoa balitz bezala, pentsamendurik gabea: bete filtroa kafez, kokatu zuloan, eskuinera biratu eta itxi, kikara bana ipini zulo bakoitzaren azpian. Gorputz bat da, eta beste gorputz bat du atzean. Hori baino ez. Bulkada beltz batek mugiarazten du. Ez du Elias ikusi nahi, baina nahi du Eliasek ikus dezan bera, larritu dadin. Gizonak ez dio jaramonik egin, ordea, eta nolabait damu da haurrarekin zegoela etorri zen egun hartan bertan jipoitu ez izanaz. Ze, orain jipoituta ere, Eliasek ez badio begietara begiratzen, ez du ezertarako balio izango.
Nasaitu zaio eskuetako dardara. Uste baino babestuago dago hor, denen bistan. Bere ohiko lanlekuan, jendea baino eskaileratxo bat gorago. Atera dizkie bi kafeak igeltseroei, eta jo du hurrengo gizonarengana; honek eskatutako patsa prestatzeari ekin dio Migelek, beste langile baten anisari heldu aurretik, eta okinari koñaka atera dio geroago, aldiro eta beti Eliasen lagun taldea zeharka aztertuz.
Sukaldeko amantala erantzi du, azenario eta odol arrastoduna. Gaur ez darama gustuko arroparik, kamiseta more nasai bat eta zapatila zuriak jantzi ditu sukalderako. Amorrua eman dio horrek, jendaurrera ohi baino zatarxeago agertu beharrak.
Kafe-makinan beste hiru kikara jartzen dabilela, txikiteroek Patxiri ordaindu diote erronda, eta kanporantz egin dute. Atea zeharkatzen ikusi ditu Migelek, Elias aurretik, eta atzetik burusoil bekoki-zimur bat, atea itxi duena denak irtendakoan. Ateko kristal lakarraren bestaldean bereizi ditu gizon haien formak, espaloiko azken hizketaldian, begiak eta ahoak lausotuta, kolore multzo dardaratiak elkarren aurrean besoak mugitzen, alkandorak, gerrikoak, jertseak lepotik, denak lanbroak hartuta, eta hor iruditu zaio Eliasek, Eliasen begirik gabeko itzalak, une batez begiratu duela taberna barrurantz, begiratu diola behingoz begietara, kristalaren babesean bada ere, eta izuak hartu du berriro.