Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

11

 

 

Bide bazterrak sanjose lorez bete dira. Txortaka hazi dira han eta hemen, hori-hori, beraien tronpeta buruekin zerbait iragartzen. Kanposantuko aldapan gora dator Anaren auto zuria. Belarrari koloretako pinportak hazi zaizkio ilea bezala, katuen biboteak bezain luze eta fin bistaratu dira kuku-prakak, mitxoletak, urrebotoiak, goia libre dutelako hazi dira sustraiek esan arte “geldi hor, bestela hegan aterako gara”. Rakelek oraindik ez dio egun onik eman.

      “Nik ez dut nahi irudi zatar batekin geratzerik”.

      “Ikusteko moduan dagoela esan badigute, Rakel, hala izango da”.

      “Baina beraiek ez dakite nolakoa zen”.

      “Ez”.

      “Zer jakingo du udaleko funtzionario batek ikusteko moduan dagoen ala ez”.

      “Gertatzen dela esan zidan. Denak ez omen dira usteltzen”.

      “Ohikoa balitz, ezagutuko genuke kasuren bat. Telebistatik bada ere”.

      Gustuko ez dituenean, ondoen jositako argudioak ere mozten daki Rakelek.

      “Honelakoak ez al dituzte santu egiten?”, galdetu du gero.

      “Orain ez dut uste”.

      Erantzun horrek ere ez dio balio. Kotxeko leihorantz biratu du burua, atzeko eserlekuan eserita, bere eguzkitako betaurreko handien ostean, saman zapi hori eta laranja tantotu bat, eta esku biak marfil koloreko poltsaren gainean gurutzatuta, errehabilitazio zentrora gogoz kontra daramaten Hollywoodeko izarraren jarrerarekin. Txakur makilkatua baina ez damutua. Hau ere Anaren errua izango da, ba.

      Rakel eta aita berandu jaitsi dira etxepeko bus geltokira, eta han eduki dute Ana zain, kotxea sigi-saga horiaren gainean lau argiak emanda. Baina Rakelentzat ezer ez da nahikoa, edo dena da alferrik. Etxetik irten aurretik aukeratu du bere umorea, zapia aukeratu duen moduan, gaur horia eta laranja, gaur munduaren amaiera eta negarra. Ama santu egingo balute ere, izango zen zerbait, izango zen “a ze lana”, “a ze lotsa”, “Ana, nola egin didazu hau”. Eta ama usteldu izan balitz gainerako gorpu guztiak bezala eta isilpean desegin, deitu izan balu udalekoak esanez hezur multzo batera botako dutela aspaldiko herritarrekin nahastean, tibiak eta kaskezurrak baino ez diren herritarrekin nahastean, orduan ere, konforme ez, nola ba, gure ama hezur tontor baten parte, su eman diezaioten eta usain hori zabal dadin herrian, inork susmatu ere egin gabe zer den. Berez gustatu egin behar litzaizkioke gaurkoa bezalako egunak, Rakel den modukoa izanda. Nabarmenkeria zalea da, berez-berez urtzen zaio rimmela masailean behera.

      “Ea aitak nola hartzen duen. Bere adinean ez zaio honelakorik komeni”.

      Patxi isilik dator kopilotuaren eserlekuan, sabaiko heldulekuari eutsita, lursailei begira. Azken urteetan areagotutako gorreriak ingurukoengandik urrundu du. Rakel gizona parean ez balego bezala hitz egiten hasi zen egun batetik bestera. Azkenengoan, “loditu egin da”, “nazkatuta nauka”, “begira ze ilaje daukan, moztera eraman beharko dut”, esan zituen bata bestearen atzetik, aitarengandik metro erdira. Anak baxuago hitz egiteko keinua egin orduko, “zera entzungo du honek!”. Aitak ez du sonotonerik nahi, ezta errebisiorik ere. Bera baino ez da bere gorreria mailaren jakitun, eta horrek boterea ematen dio. Aita-alaben arteko tratu bat izan zitekeen hau, goizen batean ebatz zezaketen antzerki honekin hastea, aitak lasai alde egin ahal izateko aspergarri zaizkion egoeretatik, eta Rakelek aitari nahieran garrasi egiteko, edo elkarrizketetatik desagerrarazteko. Bientzat litzateke erosoa.

      Neba-arrebak kanposantuko aparkalekuan elkartzekoak dira, baina oraindik ez da beste inor heldu. Anak zipres ilararen parean utzi du autoa, gerizpe bila. Txorien kantuek bete dute paisaia motorra itzaltzerakoan. Bi zipresen arteko hutsunean egurrezko eserleku zahar bat dago herrirantz begira, pintura urdina zeharo higatua duena, eta urteak aurretik emandako pintura zurizko geruza bistaratu zaiona atzera ere, denboraren lezio bat bezalaxe.

      Rakel autotik irten da Patxiri laguntzeko. Bastoia eskaini, eta txapela behar bezala jarri dio zutitu denean. Elkarren ondoan ekin diote pasiera leun bati, Anak autoaren aldamenetik begiratzen dien bitartean, zigarro piztu berria ahoan. Panpina bat bezala zaintzen du Rakelek aita, gurasoetara jolasten dabilen umearen seriotasun antzeztu horrekin, andrazko arropa nasaiegiak soinean. Ana bera ere dotoreegi jantzi da gaurko. Zaila da kalerako jantziak zehaztasunez aukeratzea egun osoa amantala soinean daramanarentzat, eta amantalaren azpian txandala, eta oinak zueko zurietan sartuta. Gaur jantzi dituen zapata beti-berriek min egiten diote.

      Egurrezko jarlekuan eseri da orpoak zapatetatik atera ahal izateko. Eskua egurrean ipini orduko, pintura urdinaren ezkata solteak itsatsi zaizkio azalean. Telefonoan ez dauka Vitaren dei galdurik oraingoz. Luze egingo zaio eguna, baina nori ez. Herria inguratzen duen errepidean amaigabea da autoen eta kamioien joan-etorria. Erremolkeetako errotuluak irakurtzen saiatu da urrutitik, bere senarrarena non aurkituko, Azpiroz, Salvensen, Echemar, Insalus, baina gaur Joseba ez dabil hemen zehar, Errioxara joan beharra zeukan. Errepidean hilko zaiola sinetsita dago, restop eta restop arteko kilometro sikuren batean. Etxetresna zuriak erremolketik eroriko dira kamioia irauli ahala.

      Filmazioko argiak zeramatzan kamioia mendiko portu batean matxuratu zitzaien egunean kontratatu zuen Joseba. Beste kamioi bat behar zuten lehenbailehen, hurrengo lokalizaziora iritsi eta egunsentia grabatu ahal izateko. Errepide bazter hartan ezagutu zuten elkar, paperak sinatu eta fokuak deskargatu eta kargatu bitartean. Biek dute nekatuta egonda ere itzarrik jarraitzeko indar berezko bat, heldu eta batera ikusi zuten hori batak bestearengan, gaua gutxiesten duten horietakoak direla, ilunpearen geruza guztiei begiratu dietela parez pare, beltzetik urdinera bitarteko zeruaren kolore bakoitzari.

      Josebak tabernako eta pentsioko zereginetan laguntzen dio asteburuetan, mostradorean eta albaran eta faktura kontuekin, batez ere. Hamar urtean ez da askorik aldatu harremana, muina ez behintzat. Ezin diote elkarri ezer aurpegiratu. Tratua hasieratik izan da oraintxe den hauxe, egunean eguneko betebeharrei aurre egitea, gehiegikeria apurrak abuzturako utzita. Cambrilsen aste bat, edo Ezkarain, iaz bezala, apartamentuan, janaria norberak erosi eta kozinatzeko aukerarekin, bufetak eta jatetxeak ahaztuta, senarraren eta alaba txikiaren mizkinkeriak ez duelako askorako tarterik uzten makarroiez edo arrautza frijituez haratago. Telebistari begira afaltzen dute oporretan ere, terrazako atetik eltxoak eta haize epela sartzen diren bitartean, bere amari hainbeste on egiten zion Castaρaresko haize siku huraxe bera itzultzen da firin-faran, nahiz eta gutxiegitan eraman izan zuten hara. Lur gorri eta lauak epairik gabe onartzen zuen emakumea, hustutako itsaso batek bezain zabal. Amari begitartea lasaitzen zitzaion bertaratu orduko. Loaren bakea berreskuratzen zuen, inora iritsi beharrik ezaren nasaitasuna gorputzean, haurrek alde egin ostean isilik geratzen diren igerilekuena. Zoriontsu izan zen han, Rakel eta Ana harritzeko besteko aldarte bat bereganatzen zuen, kurbadura berriak ezpainetan eta bekainetan, alabentzat ezezagunak eta nahasgarriak. Pertsona lekuz aldatzea hainbesterako izan zitekeenik ere. Ama mendi arteko zulo hartatik atera eta hareharrizko paisaia batera eramatea, ez zuten besterik egin behar, haize beroaren besoetan utzi, haren gorputz barruko umeltasunak ihartu eta senda zitezen, mendiko haizeak eragindako goroldio eta lirdingak hil zitezen, mendiko haizea ia irentsi egin behar baita eztarritik pasa dadin, usaintsua da landareen izerdia, eta biriketatik arimaraino iristen da, eta hortik datoz tristurak eta katarroak.

      Baina erosoa da, arbolak bezala, edo txiskeroak edo guraizeak bezala, pertsonak ere beti leku berean aurkitzea. Seme-alabak “ama” esan orduko entzun nahi du etxeko txokoren batetik “zer”.

      “Ana!”, hots egin dio Rakelek aparkalekuaren beste puntatik. “Ba al daukazu musuzapirik?”.

      Eserlekutik jaiki, eta paper-zapi umelen paketea eskuan duela hurreratu da haiengana. Pausoa bota ahala sumatu ditu ostera ere bere zapaten neurrira egindako zauriak orpoen gainean.

      “Prostata. Prakak busti ditu txiza egiterakoan”. Rakelek besoa luzatu du paper-zapia hartzeko, baina Anak Patxiri eman dio eskura zuzenean.

      “Garbitu honekin, aita”.