6
Sabaiari begira esnatu da Migel, gau osoa halaxe igaro izanaren irudipenarekin. Goizeko eguzkia egurrezko pertsianaren galbahetik pasatuta sartu da bere logelara, eta horitu egin du ingurua. Panpina-etxe bateko logela txiki batean dagoela iruditu zaio. Armairua ezkerrean, egurrezko ama birjina hormara josita, eta azpian aulki bat, arropekin. Praka bakeroak arropa multzoaren gainaldean, barren denak belztuta, eta galtzerdiak lurrean zabalduak, norbaiten arrastoa jarraitzen hasi eta bidean galdu diren bi umeren tankeran.
Elizako kanpaiak entzun ditu urrunean hamarrak ematen. Izarapetik atera ditu hanka meheak, biak aldi berean, eta praka bakeroen atzeko poltsikoak aztertzen hasi da, ileak harrotuta. Poltsikoetako batetik Bizentak emandako gutun-azal berrerabili bat atera du, logelako atea zaindu bitartean zabaltzen hasi dena, tentuz, soinurik ez egiteko. Hamarnaka billete bistaratu dira, mihi berdeak; eguzkiak esnatutako sugekumeen habia bat. Billete batzuk hartu, eta armairuko azken kaxoian gorde ditu kiribilduta, galtzerdi beltz baten barruan, beste billete batzuen epelera. Gero komunera joan da hanka puntetan.
Dutxako kanilatik ahul eta epel erori zaio ura buru gainera, baldosa berdeetako ehunka lore sorta zenbatu bitartean, plastikozko gortinari leporik lasai eman ezinda. Ilean xaboia zabaltzerakoan ere, betazalei zabalik eusten saiatu da begietako zuriak gorritu arte.
“Migel, ez xahutu alferrik!”, amak ate kolpeka eman dizkio egun onak.
Kanila itxi du, baina hortxe geratu da, adats bustian pilatutako ur tantak gorputzean behera nola labaintzen zaizkion ikusten. Zilborrean putzu txiki bat sortu zaio, gainez laster egin diona. Errekasto batek bere bidea aurkitu du sabelpeko bilo ilunxeagoetan barrena. Begirada sabaira jaso behar izan du.
Etengabe agertzen zaio gizon haren esku motz lodia brageta barrura labaintzeko borrokan. Horregatik ez du ukitzen, ez lehen ukitzen zuen eran, ajedun biharamunetan, Tonirekin Paradiseko komunean egindakoak oroitzeak ematen zion lotsaz eta zirraraz.
Gogo hari higuina hartu dio. Gogo hori ukitu duten guztiei. Gaua gezur bat da, eta gezurra da Paradisen gertatzen dena, berdin pban, material merkez eginda daude bere moduko gizon guztiak, Damian, Fermin Txiletarra, Toni bera, balkoiko eguzkitan desegin eta txatalka papurtzen den toldo zahar bat baino ez dira.
Sudur punta eta giltzurrun aldea hozten hasi zaizkionean, bainuontzitik atera du hanka. Toalla horixka batekin lehortu du ilea, eta toalla berberarekin garbitu du ispiluko lanbro apurra. Bere irudiari begira geratu da. Gustukoago zuen lehen, umetan; orain gehiegi nabarmentzen zaio aitaren sudur zuzena, goitik beherakoa, eta haren ezpainak, lodiak baino, zabalak direnak. Begiak amarenak ditu, eroriak, ertzetatik urtzen hasi izan balitzaizkio bezala, baina gero hortxe gogortu, kandela negarra nola. Bizarra egiteko kutxilla eta xaboia atera ditu armairu txikitik, eta ur epelez bete du konketa.
Amak berriro jo du atea.
“Ez al zoaz berandu?”.
Migelek ispiluko begiei begira erantzun dio, bere buruari oihuka ariko balitz bezala.
“Gaur ez dut joan beharrik”.
Bizentak domekak jai eman dizkio, domeketan denen eskuak beharrezkoak izanagatik ere, eta mostradoretik sukaldera ezkutatu du Migel denboraldi baterako. Errazagoa da hori, Elias tabernatik botatzen ibiltzea baino, haren emaztearen aurrean gainera, eta lopetegitarren bizilagunak izanda; badaki hori Migelek. Eraikineko bi pisuren jabe omen da gizona, hori esaten dute. Rakeli eta Anari baino ez die kontatu Migelek Eliasena, eta nesken esku utzi ditu hortik aurrerako guztiak. Rakelek esandakoen arabera, Elias ez da azken bi domeketan agertu, ezta emaztea ere.
“Nik ez diot aurpegira begiratuko, benetan, Migel”.
Kutxilla kokots azpitik pasatu du, matrail hezurraren hegitik, eta sudurpetik, ezpainen azpian airea gordez. Ur epelaren gainazalean geratu dira bere ile muturrak, aparretan igeri, pozoitsu tankerako putzu baten erdian. Eskertuko luke Elias hilda ikustea, gorpu puztu eta urdin bat errekan behera, begiak izuz goraino.
Sukaldeko leiho guztiak zabalik dauzka amak, eta freskuraren eta amoniako usainaren erdian ari da kafesnea hartzen, ogi mutur luzanga batekin zopak egin bitartean. Migelek diruz betetako gutun-azala utzi dio kafesnearen parean, eta gosaria prestatzen hasi da, amari lepoa emanda. Amak, atzamar puntak ezpain ertzean bustita, ahapeka ekin dio billeteak zenbatzeari. Hiru segundoz egon da isilik. Migelek armairutik atera ditu galleten potea eta azukre ontzia.
“Hilabetekoa da hau?”.
“Bai, izango da. Ez dut zenbatu”.
“Ez al zizuten soldata igo behar?”.
Amak berriro errepasatu ditu billete denak.
“Hainbeste urtean, ez kontraturik, ez ezer… honetarako”.
“Domeketakoa kenduta...”.
Esne beroa lapikotik edalontzira isuri du Migelek. Trapua pasatu du eroritako tantak garbitzeko.
“Iristen zaren orduetan iritsita, domekako orduok ere berdintzen dituzu zuk han”.
Amak bere edalontzia garbitu du harraskan, eta amantaleko poltsikoan gorde du dirua. “Badakizu etxe honetan ez gaudela denborarik galtzeko”, esanda irten da sukaldetik. “Eta zu, oraindik hemen!”, entzun du gero, sofako anaiari builaka. Ez du erantzunik jaso.
Migelen amak “etxe honetan” esaten du, baina ezer ez esatea beste da hori. Noizbait galdetu nahiko lioke Migelek ea norengatik ari den diruak bildu eta sailkatu nahian. Ea ez ote duen amore eman nahi behingoz, hiru gizonek ekartzen dizkioten diru apurrek kumeak noiz egingo zain bizi beharrean. “Batzuen diruak emeak dira, gureak beti arrak”, esaten du Bizentak, eta horixe esango lioke amari, ez dela miraririk etorriko, barru-barruan badakiela berak ere hainbeste, banketxe-lanak egiten dituen arren senarrari eta semeei kutxillatarako edo zapatatarako diru justukoa emanda. Kontuek ez diote ematen senarraren ardo usaina edo semerik zaharrenaren begirada zeiharra azaltzeko. Migelek behintzat ez ditu bere aurrean janzten alkandora eta praka erosi berriak, eta etorkizunaz ere ez dio hitzik egiten, etorkizunaz hitz egitea orainaz hitz egitea litzatekeelako, eta amak ez duelako merezi alferrikako min gehiagorik. Aitak isil-isilik ixten du etxeko atea eta alde egiten du, amak sabaiari oihuka galdetzen dion bitartean ea ez ote dagoen behar den moduko gizonezkorik etxe honetan.
Migelek launaka busti ditu galletak kafesnetan, ezti koloreko duralexezko edalontziak eman ahala. Leihotik zerua ikusten da, urdin, eta laino apartsu handiak dabiltza hara-hona, teilatuei itzal egiten. Kaleak bustita daude. Beti galtzen du pisua gauak, azkenean. Lurruntzen dira arriskuak mendian gora altxatzen den behe-lainoa bezala. Baso bete ur edan du kafesnearen atzetik, mantsoxeago, ileak atzamarrekin txukunduz kristal garbitu berriek itzultzen dioten islari begira.
Anaia eztulka hasi da besaulki gorritik. Edalontzia berriro urez beteta, haren aldamenera joan da. Erdi lo dago Juan, batu-batu eginda, pozoia jandako katua bezala. Besaulkian igaroko zuen gaua, telebistaren parean, auskalo zein ordutan iritsita. Moketako lore arrosak hanka markaz zikinduta daude. Gainetik botatako manta fin higatua ez zaio aski, ezta goizeko eguzki makala ere, etxea zeharkatzen duen aire zurrunbilo hotzari aurre egiteko. Gelatik beste manta bat ekarri dio Migelek, samur bota diona lehengoaren gainera. Anaiari aurpegiko keinua baretzen zaiola ikusi du apurka-apurka. Lo sakonago batean murgildu da. Haren arnasari begira geratu da tarte batez, egongelako bigarren besaulki gorrian etzanda.