26
“Zenbat bota behar diozu? Tipula gehiegi nabarituko da”. Migel zigarro bat erretzen ari da sukaldeko leiho ertzean, Toniri begira. Irratiren bateko pasodoble hotsa dator patio beroan gora.
“Honelako arrozik ez duzu probatu zeure bizitza osoan. Non dago piperrautsa etxe honetan?”. Armairuak arakatzen dabil Toni, tirantedun niki zuria eta galtzontzillo estuak soinean. Hanka gihartsuak ditu, mami askorik gabeko ipurdi txiki bateraino luzatzen direnak. Migelek bere aitaren etxeko zapatilak eskaini dizkion arren, nahiago izan du oinutsik ibili baldosa gainean.
Toni prest agertu da Paradisera sartu aurreko orduetan Gloriakoei laguntzeko festetako asteburuan. Migelek bere etxea eskaini dio egunotarako. Bitxia izan da Toni bere bizitza osoko ohean biluzik sartzen ikustea, eta orain hor aritzea, bere amaren lapikoen eta berakatzen artean azterka. Unekadaka irudikatzen ditu gurasoak atetik sartzen ezustean, dataz nahasita edo ezbeharren batek itzularazi dituelako, sukaldari berriaren piurari mesfidantzaz begira. Berdin izango lioke. Zenbait gauza erraztu ere egingo lizkioke aita-amak berarekin haserretzeak. Uda luze eta metal-ur zaporeko honek eta anaiak ia zapaldu ere egin ez duen etxe hutsak gauzak garbi ikusten lagundu diote, kristaletan Luminia eman, bost minutuz itxaron, eta ondoren trapua pasatuta bezain garden.
“Probatu, eta esan niri ez dagoela ona”, Tonik plater zabalak gordetzen diren armairua aurkitu ez duenez, postreko bi plater txikitan atera du arroza, kea dariola. Mahaian eserita, Migelek janaria noiz ahoratuko zain geratu da, begiak bi zulo sakon. Ahoan pare bat buelta eman ostean irentsi du lehenengo tenedorekada, begirada gorantz botata. “Tira. Nahikoa egin duzu”, esan dio. Migelek hitz garratzak eskaintzen dizkio noizbehinka, ederregi bihurtzen ari den egunargipeko harremanak iraganeko arrastoa gorde dezan. Nora itzuli izan dezan, zauri larriegirik gabe, hau guztia amaituko balitz.
Gauza asko ikusi ditu izarapean Toniren azalak erliebea eta sakontasuna hartu dituen heinean. Orain iruditzen zaio Paradiseko komunetan sartzen zirenetan ez zuela Tonirekin egiten larrutan, berak bakarrik baizik.
“Amaituko al dugu dena?”, Toni lapikoko azken hondarrak plater gainera botatzekotan da egurrezko koilararen laguntzaz.
“Axola ez badizu, apur bat utziko dugu nire anaiarentzat. Laster etorriko da”.
Biak geratu dira hormako erlojuari begira, hizketan hasi beharko balu bezala.
Kalera irten direnean kantoi eta usain guztiek salatzen dute festetan sartzeko ordu gutxira dagoela herria. Balkoietan geranioak gorri eta zuri garbitan, ikurrinak zein zapi koloretsuak sigi-sagan etxe batetik bestera errepidearen gainetik. Jendeak oporrak leku ez-hain-zuloren batean igaro ditu eta handik dakarte azala txokolatezko eta urrezko, marka goriekin sorbaldetan.
Errekako usainak sudurra okerrarazi die Migeli eta Toniri. Beroak eskastu egiten du ur zikinaren hatsa. Gloriara joan orduko, pbako ate berdea zeharkatu dute, zerbait hartu eta lanerako indarrak batzeko aitzakiarekin.
Ispiluen erreinuan, Damianek keinu bat egin dio Fermin Txiletarrari mostradore barrutik, bi mutil gazteak elkarrekin sartu direla ikusita. “Argi dago ez naizela uda ona pasatu duen bakarra”, esan du erdi oihuka, tabernan beste ehun lagun baleude bezala.
“Zer moduz ibili zara Tenerifen?”, galdetu dio Tonik, Damian galdera horrexen zain dagoelako sartu direnetik. Ferminek burua makurtu du, edalontzia bi eskuen artean hartuta, auskalo zenbatgarrenez entzungo duen kontakizunerako prestatzeko. Damianek gordintasun osoz eta xehetasun mingarririk ostendu gabe deskribatuko zizkion honezkero beste batzuekin igarotako ilunabarrak eta egunsentiak ur epeletan edo hotelen bateko suitean etzanda, Fermin udazkeneko Damianen zain zegoen bitartean, zeina harategiko amantal odolduan eta pbako lanerako zapatila erosoetan kabituko zen ostera ere, eta arratsero eskertuko zuen lagun bat mostradorearen beste aldean, mozkortzeko edo noizean behin elkarri prakak jaisteko.
“Tenerifen ezin hobeto. Ondo jan, ondo edan… Horretarako dira oporrak, ezta? Patata ximurrak egingo dizkizuet egunotako batean, mojo berde eta gorri eta kristo guztiekin. Baina, tira, begi-bistakoa da zuek ondo janda zatoztela gaur”.
Irribarre egin beste aukerarik ez dute izan. Damianek asebeteta dirudi haiei begira, txakur amak bedeinkazioa eman dio txakurkumetxoen arteko jolasari, sasoia zen haien aldran sosegu edo poz apur bat suma zedin. Espero baino irletako sexu-jardun gutxiago aipatuta, mojo on bat egiteko errezeta esaten hasi zaie, La Heladerνako lagunek egiten duten moduan, olio onarekin eta kumino garauak norberak almaizean xehatuta, ozpin apur bat eta gatza ere lodia, eta Damian gustura denak berari begira daudelako, eta ispiluetan boteka Ferminen barre nekatu eta beti-berdina, eta Toni Migeli izterra laztantzen taburetetik taburetera, eta Migelek burua handik oso-oso urruti.
Gloriako sarrerako pertsiana erdi jaitsita dago oraindik. Uda osoa eman du horrelaxe azkenean, erdibidean. Ohiko bezeroak sarritan hurbildu dira Rakelengana otordu eske, baina inor ez da ausartu sukaldea irekitzera Bizentarik gabe. Ezta Patxi ere. Edariak eta kafeak, gaur bai, bihar ez. Gutxi gorabeherako ordutegi horrekin, jendeak beste taberna batzuetako aulkiak berotzea erabaki du.
“Begiratu bitsa”, esan du Tonik, Gloriaren ondoko zubiko barandan geratuta. Apar aputz eta horixka bat darama errekak bere gainazalean, ibilguaren bazterreko sasi eta adaxketan kateatzen dena.
Sukaldeko atea jota sartu dira biak. Ana eta Rakel errazioak eta gauerako ogitartekoentzako betegarriak aurreratzen ari dira. Patxi eta German, garrafoietako anisak eta bestelako likoreak botiletara presaka pasatu ostean, idien bila joan dira txabolara, abereak ordubete barru hasiko den karrozen desfilerako prestatzeko. Desfileak irauten duen tarte horretan itxi egiten dute taberna, amaitzean atzera ere zabaldu eta gau osoa lanean emateko.
Toniri freskagarrien makinako bidoiak aldatzeko eskatu dio Anak. Migeli tabernako lurra eta mahaiak txukuntzeko. “Karrozak hasi bitartean, ahal duguna zerbitzatuko dugu mostradoretik”, esan die, katilu handi batera kraskatutako arrautzak irabiatu ahala.
Itxi usaina dario tabernari. Aulkiak mahaien gainetik jaitsi ditu Migelek, haiekin dantza eginez bezala, bakoitza dagokion tokian kokatzeko. Trapua pasatu dio mostradoreari eta komunak haizeztatu ditu. Lur gorria distiratsu dago azkenengoz garbitu zenetik, Glorian alferrikakoa du argitasun hori, ordea. Migelek eskua zakuan sartu eta zerrauts usaintsua zabaldu du han-hemenka, garia ereinez bezala denek hankapean hartzen duten sail antzu batean. Begirada altxatu eta ingurua aztertu du tabernaren hegi batetik. Urteak binan-binan joan zaizkio hemen.
Ahizpei eta Toniri zabaltzera doalako abisua emanda, idi buruaren azpiko atea ireki du, eta gorantz sakatu dio pertsianari. Txapak kiribiltzerakoan egin duen zalapartak kaleko oinezko guztien buruak birarazi ditu tabernarantz.
Behi-esnea eta txorizo lapikokada borborka ari dira su gainean. Ana lanik handiena eginda uzten tematu da iluntzeko estuasunak saihesteko, baita lortu ere. Patata-tortillazko dorre bat eraiki du egutegiaren azpiko mahaian, eta solomo eta txahal xerrak prest daude, eskatu ahala plantxatik pasatzeko. Ahizpari patata gehiago zuritzeko eta mozteko agindu dio, zer gerta ere, baina Rakeli agortu zaizkio horretarako indarrak. Zigarroa piztuta, balkoian atseden hartzea erabaki du, katilutik zupa-zupa edanez.
“Bostak jotzear egongo dira, ezta?”, galdetu du, kaletik datozen zurrumurru eta musika doinuei adi.
Anak sukaldeko errezelen bitartetik aztertu du tabernako giroa, amantala erantzi aurretik Toniri eta Migeli lagundu behar ote zaien jakiteko. Martxa onean ikusi dituenez, zigarroa atzamarren artean hartuta irten da balkoira bera ere.
Herritar saldoak zubia gurutzatzen ari dira karrozak igaroko diren kalera bidean, jauzika eta barrezka. Leihoetako lixibak ere dantzan dabiltza erreka-haizearekin. Balkoi azpiko horma-belarrek kalerantz luzatu dituzte besoak, hainbeste hezetasunek eta ur likinek higuinduta.
“Aita eta German grabatzera irtengo naiz laster”, esan dio Anak ahizpari.
Rakelek nagiro biratu du burua, kea ezpainen artetik sudur barrura dihoakiola. Anaren gorputza miatu du begiekin, behetik gora, betazalak nekez altxatuz.
“Zer egingo dugu honekin?”. Sukaldea seinalatu du.
“Ez dakit”. Saihesten ahalegindu izan den galdera denek harrapatzen dute Ana azkenean. “Zuk zer nahi duzu?”.
“Nik nahi dudana ezin da. Ama joan da eta zu ere bai. Hemen geratu garen apurrokin ez dago modurik”.
“Jaiak amaitutakoan erabakiko dugu”. Musu bat eman dio ahizpari kopeta izerdituan. Rakelek begiak itxi ditu; gero errekarantz biratu du burua. Zigarrokina kafe hondarretan itzali, eta barandaren gainean utzi du katilua.
Anak atzetik begiratu die goma urdinarekin heldutako ile kiribilduei, aurrerantz konkortutako ahizparen bizkarralde sendoan behera datozela. Ez da besarkatzera ausartu azkenean.
“Kameraren bila noa. Zuen kontu ateak ixtea”.
Taberna pareko espaloia gainezka dago, eta jendeak Gloriako atea zeharkatzen du, mendiko harpe ezkutu batera erortzen denaren moduan, zuloak beherantz tira eginda. Gazte talde pare bat disko-jogailura joan-etorrika dabil, bakoitza bere kantu kuttunen aldeko kanpainan, abeslarien azentuak kopiatu nahirik. Migelek eten egin behar izan die harrokeria eta kanporantz bidali ditu edalontziak hustu dituzten heinean.
Tonik azken erronda prestatu die beste hiru laguni. Alkoholaren beroak izotz zatien gainazala zartatzen du. Bostetako kanpaiak entzun eta batera, ate nagusia ixtea erabaki dute. Sukaldetik giltzak hartu ditu Migelek, baina aterantz hurreratu eta kristalaz bestalde koadrodun alkandorak begiztatu dituenean tripak buelta eman dio. Sukaldean ezkutatzear egon da dena hantxe utzita, baina ez dio astirik eman mostradorera iristeko ere.
Atea zabaldu denean, gizon altu aho-handi bat sartu da aurrena, eta bigarrena izan da Elias, eskailera parea erdi saltoka jaitsi duena. Ile urdineko betiko txikiteroa dator haiekin batera, goldea pasatutako bekokia daukana. Migel mahaiak garbitzen hasi da gerrikotik zintzilik zeraman edalontziak sikatzeko trapuarekin, zerbaiten atzean ezkutatzearren.
Mostradoretik, Tonik bere ondoeza igarri du. Bekainekin egin dio galdera, eta berak bekainekin erantzun dio azalduko diola noizbait.
“Hiru beltz”, agindu du lehenengo sartu denak.
“Itxi egin behar dugu, bizkor samar edan beharko duzue”, eskatu die.
“Zure moduko batek ez digu esango nola edan behar dugun”.
Kare-haitzezko isiltasuna egin da tabernan. Migelek atzetik zaintzen ditu, masailak gori. Elias berari lepoa emanez jarri da. Lehenengo txikiteroak bere eta Toniren gorputzak goitik behera aztertu ditu, txandaka, barre burlari bat aho handian. Bat-batean, txistu egin du sukaldera begira.
“Patxi!”.
Baina sukaldeko errezelen ostetik ez dio inork erantzun. Gizonak beste begirasun bat bota die bi mutil gazteei, eta amore emandakoaren bekozkoa jarrita hasi da hizketan.
“Patxiri galdetu behar nion...”, hasi da, ozen, “ea orain marikoien taberna bat ote den hau”. Ukabil bat mastekatzen balebil bezala egiten du barre.
Tonik berehala erantzun dio: “Gustatzen ez bazaizue, badakizue. Segi beste norabait”.
Nondik ateratzen ote du ahots hori? Burdinazko zubi zabal baten gainetik doala dirudiena, eta ez okelazko hari fin baten gainetik beste guztiena bezala.
“Ez, hementxe geratuko gara. Gu ez gaude zuei begira, horregatik ez kezkatu”. Bere bi edankideengana biratu da gizon aho-handia.
Espero gabe, presazko zerbait ahaztu izan balu legez, Eliasek trago bakarrean amaitu du txikitoa, eta aulkitik jaiki da, lagunei ere kanporako deia eginez. “Tira, mutilak, utz diezaiegun hau ixten”. Lagunek ez diote segitu.
“Egon hadi apur batean”, eskatu dio bekoki goldatudunak. “Benidormeko maleta emazteak desegingo dik eta”. Irri egin dute bi gizonek, irri eginaraziz Eliasi ere.
Migel adi-adi dago, minutuak daramatza mahai berbera igurzten, lekuz aldatuz gero elkarrizketa zatiren bat galduko ote duen. Urduri sumatzen du Elias. Aho-handiak botaka egiten jarraitu du.
“Hemen gazte-jendearekin ez al gaude, ba, gustura? Hauek nobioak izango dira, gainera”.
Toni haserretzen hasi dela sumatu du, ardo botila gordetzeko modu zakarrarengatik. Hau Paradise balitz, Tonik honezkero esan zien edozer, putakumetik gorakoa, eta bidali zituen kalera zeozelan. Badaki, ordea, Migelen lanlekua dela Gloria. Berak ezarri behar duela muga, mugarik bada. Baina Migel ez da fio gizon zaharrez.
“Desfilea ikustera noak”. Hau esanda, Eliasek, lagunen erantzunetarako tarterik utzi gabe, buelta erdia eman du aterantz hurbiltzeko.
Migelen aldamenetik igaro da, txistuka eta lurrera begira. Alkandoradun gizonek gutxiespenezko ulu batzuk egin dizkiote mostradoretik.
“Orain presa al daukazu, Elias?”.
Trapua esku barruan korapilo bihurtuta, ahotsa altxatu du Migelek. Gizonari begira dago. Ametsetan hainbeste garrasi mutu egin ondoren, sinetsita zegoen ez zitzaiola eztarritik soinurik aterako, baina irten da zerbait. Eliasek, atearen heldulekua eskuan duela, zeharka biratu du burua, eta inoiz ikusi gabeko gorroto mota bat tirokatu dio. Migelek irmo eutsi dio jarkera tenteari. Bere taupadak entzuten ditu belarrietan eta begietan eta matrail-hezurrean.
Mostradoreko gizonek harrituta begiratu diote elkarri eta Eliasek ikusi egin du kideen keinu hori. Tabernatik irten denean, berehala desagertu da. Ateko kristalari ere ez dio astirik eman haren koloreak harrapatzeko.
Ezkerreko begia itxita, eskuinekoa ipini du kameraren bisorearen gomazko gainalde bigunean. Bideo-zinta biraka hasi da rec botoiari sakatu eta batera.
Objektiboaren zulotxotik ikusi ditu espaloiko jendetzaren buruak, soilak, kardatuak, permanentedunak, banaka aurreratu dituenak, barkamen eske. Jaka griseko agure bat izan ezik, gainerakoak agudo aldendu dira kamera ikuste hutsarekin. Ana kalean gora igo eta kamino ertzera irten da; pareko espaloia ere gainezka dago, herritarrak bide ertzean utzitako kotxe urdin baten gainean erdi eserita daude, gorputzak part botata kapotaren kontra. Atarietako eskaileretan pilatzen dira umeak, garajeko ate zuri-gorriaren aurrean beste hainbat lagun, eta autobuseko txartelak saltzeko jarri duten kabina berriaren teilatura igo dira bi mutil gazte praka bakerodun. Anak zoom egin die oinei: zola eta kordel zuridun zapatila urdinak dilindan. Denak kalearen amaierari adi, buruak tokitik irtetear. Dultzaina eta danbolin-joleak hasi dira hurreratzen, aurretik dakartzaten erraldoi birakariei puzka. Atzetik, lehenengo idi parea dator karroza bati tiraka, buru-larru sendo eta iletsuz apainduta. Baserritar arropa dotorez jantzita datoz itzainak: andre-gizonak eta haien alaba txikiak. Neskek zumitzezko saskitxoak daramatzate harizko zapiekin estalita; txikiena enfokatu du Anak, eskuekin belarriak estali dituena, musika eta festa guztien aurka. Egokitu zaien karroza huntzez eta iraz atondua dago, erdian harri-kartoizko dolmen gris batekin. Desenfokatu samarrik igaro zaio paretik. Koloretako oihalez egindako herensuge txinatar bat sartu da planoan handik gutxira, sei bat lagunen hankak bistaratzen zaizkiola oihalpetik. Dultzaina doinuak urrundu ahala, zanpantzarren berbeta lodiak estali du kalea, artile eta zinta koloretsuak soinean, tapa-tapa datoz; haien gomazko abarka beltzek beste herensuge handi eta ikusezin baten hanka ugariak dirudite. Hurrengo karroza, azpiko erremolkea erdi bistan duela, lehenengoa baino azkarrago igaro da, idiak urduritu egin direlako hainbeste zaratarekin. Antzinako baserri bateko sukaldea eraiki dute: andrezahar talogilea sutondoan eta bildotsa burruntzian. Atzeraxeagotik dakarte arreoa egurrezko gurdi gainean: izara brodatuzko oheak, aulkiak, mahaiak, kutxak eta lapikoak, beste idi pare baten indarrak garraiatuak. Gizon batek ahari adartsu bat darama sokatik. Espaloiko jendearen artean, beste kameradun bat topatu du Anak parez pare, gizon bizardun eta burusoil bat. Elkar agurtu dute, kamera aurpegitik kendu gabe. Dantzariak datoz orain, zapi morez estaliak petunia maskalduen trazan. Anak pauso bat bota du aurrera, dagoeneko ikusten baita hurrengo idi parea iristen. Hortxe datoz aita eta German. Gerturatzen grabatu ditu, hunkituta. Kamerari begira, irribarre egin du Germanek. Ezagun du amaren heriotzak zerbait hautsi duela beragan; bisorearen atzean ezkutatzen denetan ikusten ditu gauzak gardenen Anak, bera hor ez balego bezala begiratzen diotelako pertsonek objektiboari. Aitak, akuilua eskuan, idien pausoa zaintzen du lantzean behin atzerantz begiratuta, eta horrelaxe, sarri-sarri burua biratuz, saihestu du alabaren grabazioan agertzea. Etxeko idiei lotu dieten karroza Matisseren Dantza-n oinarritu du kuadrillaren batek. Gorputz gorri eta gihartsuak marraztu dituzte eskutik helduta, paisaia urdin ilunean, infernua dirudien muino bateko haize beroa isuriz herritarren aurpegietara. Zoomari emanda, xehetasunez grabatu ditu irudiko dantzarien hankak, tripak, bular tenteak, ipurdi guriak eta buru estasiatuak. Ez da ohartu karrozek geldirik daramatela pare bat minutu, ezta ere zurrumurru bat hedatu dela espaloietan zehar, ia musika ere itzali duena. Anak German eta aita enfokatu ditu berriro, inoiz halako patxadaz grabatzeko aukerarik izan ez duela-eta, geldialdia eskertuta. Baina Germanen aurpegi zabala zuritu egin da ustekabean, zerura begira. Aitari sorbalda estutu dio, eta aurrera begiratu dezan eskatu, besoa luzatuta. Anak nebaren besoaren norabidea jarraitu du bisorearekin. Kalea zeharkatzen duten ikurrindun sokei segitu die, gero hiruki formako bandera txikiei, eta azkenik argindarraren kablera kateatu du begirada, Gloriako eraikinera iritsi den arte.
Keak irentsi du etxea. Laino beltz amorratu bat dator lehenengo eta bigarren pisuko leiho guztietatik kanpora, kristalei bultzaka. Bizilagunen txilioak erortzen dira balkoietatik, eskaileran gora baitoakie sua, aire-korronteak lagunduta. Geranioak eta izarak beltz. Unekadaka ez da ezer ikusten, keak eraikina eraman eta ekarri egiten baitu, berarekin zer egin erabaki ezinik. Jendeak, errepide betean, eraikina inguratu du, larrituta. Eskailera bila hasi dira batzuk, ur bila besteak. Idi baten marru luzea zabaldu da kalearen ertz batetik bestera. Gloriako jantokiko leihoetan dena ageri da gorri argitsu, labe baten ahoa dirudiela, suaren erpeek errezel zuriak desegin dituzte eta sabaia zulatu nahirik dabiltza orain, goragoko leihoetatik nahi dute herrira begiratu. Ez dago ekin basati hori sosegatuko duenik, ez dago su honek lurrundu ezingo duen urik, ez erraustu ezineko mantelik, armairurik, Germanen ohe gaineko praka zuri erosi berriak eta Anaren bideo-zintak, denak urtuko ditu zorne ilun bakarrean.
Gauean erabakiko du umiltzea. Herria mutututakoan, ur beltzeko errio bat labainduko da eraikineko eskaileretan behera, portaleko atepetik irteteko.