Taxiak ez dira inoiz gelditzen
Taxiak ez dira inoiz gelditzen
2021, narrazioak
168 orrialde
978-84-17051-67-9
Azala: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Taxiak ez dira inoiz gelditzen
2021, narrazioak
168 orrialde
978-84-17051-67-9
aurkibidea
 

 

Tea ilobarekin

 

 

Ilobaren ahotsa aditu eta badakit: larri dabil. Ostera hots egingo didala baino ez dio, baina kezka antzeman diot hitz gutxi horietan. Haren zenbakia osatu dut. Ilobaren ahotsa aditu dut berriz ere, lasaia eta argia oraingoan, mezu bat lagatzeko gonbit eginez. Laga egin diot, eta sukaldera joan naiz garagardo baten bila. Han nagoela, telefonoak jo. Dutxan nintzen, azaldu dit ilobak. Etxean zaude? Baietz nik. Bakarrik? Baietz. Ordu erdi barru hor. Gauza batzuk ezin omen dira telefonoz aipatu.

      Dakartzan gurinezko opilak babesten dituen papera kentzen duen bitartean, begira geratu natzaio. Ile kizkur luzea dauka eta betiko irribarrea. Hain gazte, pentsatu dut, bisitaldiaren zioa asmatu nahian ari naizela, hain kaltegabea. Zaila da harengan kezkarako arrazoirik asmatzea.

      Mutilen bat?

      Baietz ilobak, bere burua zuzendu baino lehen: ezetz, baduela zerikusirik mutil batekin, baina hura ez dela benetan arduratzen duena.

      Galdera gehiago egingo nizkioke, ezagutuko ez banu. Kafea edo tea nahi duen baino ez diot galdetu. Opilak jan ditugun arte itxaron du ilobak, kontatu nahi didanari lotzeko.

      Haurdun naiz, esan du xalo-xalo, oporretara doala edo azken etsaminak ondo pasatu dituela adierazi izan balu bezala. Hori esanda, isildu egin da, nire erreakzioaren zain edo.

      Neguko igande arratsalde luze aspergarri batzuetan, argazkiak gordetzen dituen kartoizko kutxa ohe azpitik atera eta, haiei begira denbora-pasan, gazte zurbil eta ile motzeko batekin topo egiten dut. Irribarretsu ageri da argazkietan, galtzerdi luzez eta gona eskoziarraz jantzita sarri. Gonaren gorria marroi bilakatu da denboraren poderioz. Neska itxuraz trakets samar hori arrotz zait, ezaguna izanagatik.

      Unibertsitatean hasita nengoen. Bost anaia-ahizpetarik neu nintzen ikasten segitu ahal izan zuen bakarra, gazteena. Harro zeuden nitaz. Mediku bat izango dugu familian, pozten ziren itxaropentsu. Hala nintzen neu ere. Institutua atzean lagata, asmo handiak nituen, neurririk gabeko esperantzak. Beste mundu bat neukan zain, ordura arte ezagutu nuenarekin zerikusirik ez omen zuena. Mundu interesgarria, jakin-minak jotako ni bezalako norbaitentzat. Askatasuna. Maitasuna ere bai, akaso. Auskalo zer gehiago.

      Eta nolabaiteko askatasuna lortu nuen etxean, gehienetan ikasketak aitzakia. Eta ez bakarrik askatasuna. Etsaminak prestatzeko egindako gaupasa batean oheratu nintzen estreinaz norbaitekin. Ikaskide nuen Alberto, gehienok baino bizpahiru urte zaharragoa. Batxilerra bukatu eta unibertsitatera segitu beharrean, munduan barrena ibili zen, medikua izan nahi zuela erabaki zuen arte.

      Sasoi hartan nintzen gazte inozoa zeharo aztoratu zuen haren arretak. Aztoramen gozagarria, hala ere. Halako kilika arin bat.

      Amets egiten nuen: biok ospitale berean lan egiten genuen, klinika berezi bat zabaltzen genuen, elkarrekin artikuluak argitaratzen genituen medikuntza aldizkaririk ospetsuenetan eta gainerako kaka guztia.

      Gurearen hasiera zen, iraun zuen hiru urteetatik lehendabizikoa, grinatsuena. Larrutan egiten genuen, noski, baina ikasi ere elkarrekin egiten genuen eta, ikasturtearen bukaeran, nota txukun samarrak izan genituen biok. On bidean ginen, itxuraz.

      Non, zein unetan okertu ote zen dena? Zaila da zehazten. Errazena, haurdundu ninduenean izan zela erantzutea litzateke, baina susmoa dut kontua lehenagotik zetorrela, bigarren ikasturtearen oporretatik edo.

      Erizain laguntzaile hartu ninduten klinika pribatu batean. Txandaka lan egiten nuen, batzuetan gauez. Nire egutegi aldrebesa gorabehera, gustura joaten nintzen lanera. Lankideak ni baino zaharragoak ziren eta jator jokatzen zuten nirekin, gehienak ni babesten saiatzen ziren. Gurasoekin zorretan nengoen. Sekula ez zidaten ezer aurpegiratu edo eskatu, baina jakitun nintzen beraiek eta anaia-ahizpek ere nire mesedetan egiten zuten sakrifizioaz.

      Uda eta harekin batera klinikako lana amaitu eta ikasketetara bueltatu ginenerako, aldatuta nabaritu nuen, urrun, nigandik milaka kilometrora zenbaitetan. Elkarrekin egoten ginen, beti bezala. Elkar maite genuela esaten genion elkarri, beti bezala. Baina, gero eta sarriago, zakar samar jokatzen zuen nirekin. Itxuraz txikikeriak ziren, urduritasunak-edo eragindakoak, inolaz ere ez aintzat hartzeko modukoak. Horixe esaten nion neure buruari.

      Liburuen artean zorabiatuko balitz bezala, ikasketetan apur bat katramilatuta zegoen azken aldian. Laguntzen ahalegintzen nintzen. Ez etsitzeko errepikatzen nion.

      Batere esker onik ez zakil halakoak. Ostera, gaizki hartu zidan ahalegina. Gutxietsi egin nahi omen nuen. Bere huts egite eta porroten erruduntzat hartzen ninduen. Konturatu nintzenerako, ordea, haurdun nintzen.

      Hilekoa atzeratu eta hala egon nintekeela esan nionean, adar joka ote nenbilkion bota zidan. Besterik ez genuen behar, haserretu zitzaidan, nik azaldutakoa sinesteari uko eginez. Ezinezkoa. Guztiz ezinezkoa. Gero eta gutxiago egin, aurpegiratu zidan, eta justu oraintxe haurdun geratu behar, boladarik txarrenean.

      Mindu egin ninduten ergel haren hitzek. Gero eta gutxiagotan egiten genuen, bai, baina ez nire kausaz, hura izaten zelako nekatuegi edo mozkorregi edo biak batera egoten omen zena. Ez adituarena egitea erabaki nuen, esan zezala nahi zuena, edozein astakeria. Pasatuko zitzaion goiz edo berandu. Baina oker nintzen. Gero eta amorratuago zegoen nirekin, batez ere, botikan erosi nuen probak nire susmoa baieztatu zuenetik. Nik gezurra esan nezakeen, Predictorrek ez.

      Eta aitak, zer dio? Galdetu diot ilobari.

      Aitak? Irribarre egin du, nire ironia oharkabean pasatu ez zaiola. Ezer ez. Baina badakit nik abortatzea nahi duela.

      Eta zuk?

      Nik ere bai.

      Arazorik ez, hortaz. Edo bai?

      Galderak pentsakor laga du iloba. Biok ados gaude, baina, beharbada, nik beste zerbait espero nuen, aitortu dit azkenean.

      Beste zerbait?

      Ez umea izateko eskatzea, noski, baina apur batean pentsatzeko esatea behintzat.

      Harritu egin nau ilobak. Neska gazte bat eta oraindik halako ideiekin. Haren aitorpen jarioa eteteko beldurrez, isildu naiz ordea. Ulertu egin dut, gainera, nola ez nuen, ba, ulertuko. Neu ere gaztetxo berde eta sinesbera izana nintzen inoiz, eta gauza batzuk ez dira aldatzen, edo espero baino gutxiago, edozein modutan.

 

 

Dirua biltzea izan zen zailena. Hala ere, hasieran uste baino samurragoa gertatu zen, batez ere Albertori esker. Haurdun nengoela nik baieztatu eta bereizi ginela, betiko bereizten ari ginela uste izan nuen arren, telefonoz hots egin zidan pare bat egun geroago, zinemara joateko gonbita eginez. Pikutara bidali ahal nuen, mundu honetara ekarri zutenak amorruz ahotan hartu, betiko madarikatu edo berriz niri deitzea debekatu, baina, hori egin ordez, berehala onartu nion eskaintza. Damututa egongo zela pentsatu nuen, beharbada iritziz aldatu zela, beharbada umea gorde nahi zuela. Eta nik, gorde nahi ote nuen? Baiezkotik ezezkora joaten nintzen, ezezkotik baiezkora, aldartearen arabera. Ametsak amets, zailtasunak nabarmenegiak ziren ezikusiarena egiteko, ni bezalako memelo batentzat ere.

      Bila etorri zitzaidan etxera, gurasoek oparitutako Volkswagen zurian. Autoan sartu orduko zapuztu zizkidan esperantza guztiak: besarkada estu luze bat espero nuen, musu grinatsu batzuk, malkoren bat... Begiratu ere ez zidan egin. Haren amorrua giroan zegoen, perfume merke baten moduan. Istantean nabaritu nuen. Ikaratu egin nintzen. Zinemara heldu eta autotik irten ginenean, haren eskua hartzen saiatu nintzen.

      Ez ni ukitu gero, bihurritu zitzaidan, bere onetik irtenda jarraitzeko: Ez dut zurekin nabilela inork jakitea nahi.

      Duela egun gutxi batzuk arte ez zitzaizun axola esan niezaiokeen, baina berriz isildu nintzen. Ez nintzen fio, edozein astakeria egiteko gauza iruditu zitzaidan. Negargurari eutsiz, etxera itzuli nahi nuela esan nion. Bide osoan jasan behar izan nituen urde haren irainak. Gero eta itsusiagoa nengoen, gero eta potoloagoa. Munstro bat bilakatzen ari nintzen.

      Kito, esan nion zotinka, gureak egin du. Ez duzu nitaz arduratu behar. Konponduko naiz bakarrik.

      Hori ere ez zuen nahi, ordea, handik gutxira argi laga zidanez. Fakultateko tabernan bere lagunek ikusi gabe hurbildu eta gutun-azal marroi bat sartu zuen liburuak eta koadernoak neramatzan poltsan. Etxean, nire gelako atea itxi arte ez nuen zabaldu: dirua, garai hartako pezetak, asko.

      Nahastuta, ez nekien zer egin. Sos haiek ezin hobeto zetozkidan, jakina, baina barru-barruraino zikintzen nindutelako sentipena ezin gogotik uxatu. Opari hura zer zen Albertorentzat bistan zegoen: bere burua zuritzeko biderik azkarrena. Gentleman baten eran ziharduelako ziurtasuna bermatzen zion. Eta horixe bermatuko nion neuk ere, gutun-azalaren edukia onartuz gero. Ordura arteko gezur eta irainak onartuko nizkion, itxurakeria. Denborak, aldiz, ez zuen luzapenik onartzen. Udan lan egin eta Alberto eta bion arteko istilu ugarien kausa nuen klinikan jakinarazi zidatenez: bost asteko nengoen. Zegokion tokira bidali nuen, beraz, zakurrari ipurdian muin egitera. Diru hura neurea zen, azken batean, inoiz kitatu ezingo zidan zorraren apurra baino ez. Edozein modutan, merezi nuena baino askoz gutxiago.

      Nahi baduzu, lagunduko dizut, eskaini diot ilobari.

      Mila esker, izeba, baina ez dago beharrik. Aita etorriko da nirekin.

      Zuen aita?

      Barre egin du ilobak, nire lehenagoko ironia zein azkar ahaztu zaidan harrituta. Barre egin dut nik ere: ez, ezin dut koinatua bere bihotzeko alaba abortatzera laguntzen imajinatu. Ezta ahizpa ere.

      Gurasoei kontatu diezu?

      Berriz egin du ilobak barre, aurreko aldian baino ozenago egin ere: Izeba!

      Bai, txorakeria galanta. Bururatzea ere. Nik ere ez nien ezer esan. Ez gurasoei, ezta beste inori ere. Bakarrik eta aho itxian egin nuen egin beharrekoa. Albertok, aldiz, bai. Kuadrillako beste neskek kontatu zidatenez, ni haurdun lagatzeaz harro omen zegoen. Horrek ere izugarri mindu ninduen.

      Iloba zoragarria daukat. Gure harremana beti berezia izan da, ni haren etxean oso maitatua ez izanagatik. Beharbada, horrexegatik izan da halakoa, bere gurasoen gaitzespena izan duelako hasieratik. Izeba mari-mutil eroa. Horixe adituko zuen behin baino gehiagotan etxean. Komenigarria ez izateaz gain, arriskutsua ere banintzela kontatuko zioten. Ezagutzen ditut haren gurasoak, badakit zein jende mota diren.

      Hirugarren ikasturtea bukatu baino lehen ikasketak utzi izana, horra inoiz barkatuko ez didatena. Gurasoek bezala, anaia-ahizpek ere dezente sufritu zuten, nire erabakiagatik. Zergatik, zer zela-eta laga nahi nituen ikasketak jakin nahi zuten. Ikasle bikaina haiz, nota onak izaten ditun...

      Eta nik ezin azaldu, ezin Alberto aipatu, haren mehatxu isil bezain egiazkoa, ezin harekin gertatutakoa kontatu. Ez ninduten ulertuko. Neska txolin baten portaera irudituko zitzaien nirea, gurikerian hazitako baten laineza. Eskerrak luze gabe lanean ari nintzen, horrek arindu zien apur bat nahigabea. Apur bat baino ez, kontua hor egon da-eta harrezkero gure artean. Ondorengo beste kontu batzuk ere egon diren eta dauden modu berean.

      Dena ondo aterako da, esan diot ilobari. Irribarre lasai bat agertu da haren ezpain-begietan, baietz. Irribarre egiten saiatu naiz ni ere, harena bezain garbia ez dela izango jakinda. Ezin urteetako zinismotik nahieran, goizetik gauera libratu.