16
Larunbat epel bateko gaua zen. Jendez mukuru zen Alde Zaharra. Ostatu bateko atean topo egin genuen, hura handik ateratzen ari zelarik, eta Ann eta biok sartzen. Elkarri beha gelditu ginen, ezagun zitzaigun arrotz hura nor ote zen arranguraturik.
Joxe?
Biteri?
Besarkada batean bildu ginen. Biteri arras zaharturik zen, baina bizirik, eta hori bazen zerbait, hila uste bainuen aspalditik. Parisen oroitu nuen bakoitzean, Keparen eta Salazarren saihetsean idurikatu nuen. Trosko komandoa: noizbehinka ametsak ozpintzen zizkidan mamu taldea.
Iturri hartu aitzineko garaia zen, eta arratsalde-gau atsegin bat iragateaz bat, han ireki nahi genuen ostatua eramaki genuen gogoan, Hendaiatik abiatu ginelarik. Ostatu bat Donostian, Alde Zaharrean. Sosak banituen, Annen oniritzia ere bai; leku egokia falta. Horren bila ari ginen, nolabait, Biterirekin topo egin genuenean.
Ormazabalera joan ginen. Hango mahai bakanetarik bat harrapatzeko zoriona izan genuenez, bertan eman genion elkarri gure ordura arteko bizitzaren berri, bakailao-tortilla afaldu bitartean. Biteri Bartzelonan ibili zen, ostatuetan lanean beti, eta harritu egin zen, ni ere gisako zereginetan aritua nintzela jakindakoan. Paris aldeko nire ibiliak laburbildu nizkion, hortaz, zehaztasun handirik eskaini gabe.
Niri baino dezente hobeto joan zaik, Joxe, argi zagok.
Iduriz bederen hala zen, etxera bidean Annek baieztatu zidanez. Drogak aipatu nizkion. Oraino horretan al da, jakin nahi izan zuen. Ez nekiela, erran nion, galdera noizbait Biteriri berritu behar niola pentsatuz. Jakin-min morboso batek baino gehiago, interes profesional batek bulkatzen ninduen hori jakin nahi izatera. Ideia bat izan nuen: Biteri izan zitekeen Donostian behar nuen gizona. Edo gizonetarik bat gutienik.
Eta drogak?
Annek berean segitzen zuen. Hura argitu gabe, ezin deus deliberatu.
Gaiari zuzenki lotu beharrean, itzuli-mitzuli ibili nintzen Biterirekin, zer gerta ere. Dudak neuzkan. Gaitzituko ote zitzaidan? Laidoztatuko ote nuen? Biterik berak argitu zizkidan zalantzak, nik fitsik galde egin gabe.
Oraindik gustatzen zaizkidak, aitortu zidan. Koka, batez ere. Baina zaldia aspaldi laga nian. Gaitz erdi.
Aski zen. Nire asmoa agertu nion. Osasunaz makal zebilela kontatu zidan berak, horren kausaz zela lanik gabe. Pentsakor gelditu nintzen. Barraren bi aldeetatik ostatu bat zer zen hark baino hobeki jakinen zuenik, guti. Alde Zaharra ederki ezagutzen zuen. Aspaldiko adiskideak ginen.
Hi trankil, Bite, erran nion. Inportanteena osasuna duk. Ongi zaindu. Gainerakoan aise konponduko gaituk, eta jakaren barne sakelatik dirua atera eta hirurehun euro paratu nizkion eskuan, serioski ari nintzaiola konpreni zezan.
Eskertu egin zidan. Ahaleginduko zela agindu zidan. Apustu egin nuen haren alde, eta asmatu nuela erraten ahal dut egun, zinez lagundu izan bainau, duela guti arte. Lehen-lehenik, Iturri zaharra salgai zegoela jakinarazi zidan. Horri esker erosi nuen, espero baino arrunt merkeago. Zerbitzariak, sukaldariak, denetarik ekarri zidan, nonahi zituen lagun eta ezagunak baliaturik. Beharrezko genuen zernahi inguratzeko abilezia zuen, dudarik gabe karriketan bereganatua. Gloria berak aurkeztu zidala, ahantzi gabe, jakina. Horrek merezi ditu ospitalera eraman behar izan dudan aldiak, hartu izan dudan kolpeko ikaraldi bakoitza.
Emateko bakea galdatu dit halakoetan, eta nik ezetz, oraino bertze anitzetan eraman beharko nuela Anoetatik goiti. Ezetz, Gloriak ere erraten omen zion bezala. Borrokan segitu behar zuen.
Borrokan? Ni esplotatzen jarraitu nahi duk, alu horrek.
Ustezko txantxak zinez uste direnen mozorroak direla aditu izan diot Anni, eta baliteke Biterik hori uste izatea nitaz, erran nahi baita, bera esplotatzen aritu naizela. Nolanahi ere, leialki jokatu du nirekin, lagun batek bezala. Kalte larria egiten ahal zidan, nahi izanez gero. Gloriarena Anni kontatzen ahal zion. Gure affaire-a, hark izendatzen zuen gisa, dugun harremana ziztrina izan ordean, glamour-ez betetako zerbait balitz bezala. Baina hori, nehon izatekotan, eramaten dudan hoteletan litzateke.
Gloriarekiko zorraz gain, bertze bat izan dut betidanik Biterirekin. Hein handi batez berari esker eskuraturiko kapitala izan bainuen oinarri nire lehendabiziko ostatua irekitzeko.
Tokolorendako lanean hasia zela kontatu zigun egun batez. Gaueko lana: gure aitak urte luzeetan egindako bera, nolabait. Fite egin eta xarmanki ordaintzen omen zioten. Kartoizko kutxak ziren garraiatu beharrekoak, kanpoaldean Lucky Strike idatzirik zutenak. Kutxak Hondarribiko hondartza ttipi batera ailegatzen ziren, mukuruz betetako txalupa batean. Ilargirik gabeko gauetan lan egiten zuten. Errandako orenean seinale bat egiten zuten argi baten bitartez, kutxak ekarritako arrainontzitik, eta gisa berean egoten zitzaien arrapostu lehorretik, txalupa igortzen ahal zutela adierazteko. Hura hustutakoan, kutxak hondartza ttipian uzten zituzten, labarretan ongi gordetako kobazulo hertsi batean, biharamunean handik eramateko.
Aise konprenitu genuen Biteriren plana. Furgoneta batean joanen ginen, eta hartan sartuko genituen kobazuloan gordetako kutxak. Ondotik, leku seguru batean, irekiko genituen banan-banan, tabakoaz gain heroinaz jabetzeko. Lapurreta perfektua omen zen, zalu eta garbia, pistolarik gabea.
Biteri eta Salazar kontent ziren. Niri, ordea, sobera erraza iduritu zitzaidan. Begiraleak utziko dituzte, erran nien. Ezetz, Biterik. Baietz, nik. Hondarrean Salazar mintzatu zen, eta erdibide bat iduri zuena eskaini zigun: Hurrengoan guk zainduko diagu. Ikusiko diagu zein den zuzen eta zein oker.
Akort hirurok.
Biharamunean hondartzara eraman gintuen Biterik. Operazioa nondik behatuko genuen hautatu genuen, Biterik kontaturikoaren arabera. Handik hondartza osoa ikusten ahal zen, baita harako bidexka eta sastrakek gordetako kobazuloa ere.
Argirik gabe ezinen diagu deus ikusi, oroitarazi nien.
Ostia, Joxe, hi bai festa-zaputz, arranguratu zitzaidan Biteri. Linternen argia ikusiko duzue. Gure mugimendu guztiak.
Hala izan zen, Biterik erran bezalaxe. Hark kontatu guztia berritu zen gure parean: itsasotik egindako seinalea ikusi dugu, luze gabe kutxez betetako txalupa hondartzara arribatzen, eta, berehala, hari zuzendu zaizkion itzal batzuk, ilunpetik ateratzen. Lehenik txalupa hustu zuten. Ondoren kate bat osatu zuten, kutxak sastraka arteko zulora igotzeko.
Ikusi baino gehiago, hori dena hauteman egin genuen gure talaiatik. Txalupa hustu bezala burutu zuten afera osoa: fite eta isilik. Haien autoak urruntzen aditzearekin batean mugitu ginen Salazar eta biok. Sasien gibelean okerturik izan ginen, eta giharrak oinazeturik geneuzkan. Hotz ere baginen, baina han segitu behar genuen, begiak kobazulotik milimetro bakar bat ere urrundu gabe, zer pasatuko. Termo batean eraman genuen kafe beroa edan eta hobeki sentitu ginen, Salazarrek gure zaintza zorrotza deitu zuenera itzultzeko indarberriturik.
Goiztiria ederra izan zen. Nekatuak ginen, mindurik, hotzak akabaturik, baina kontent: nehor ez zen kutxen bila agertu gau osoan. Biteri zuzen zen, hortaz, egiten ahal zen.
Erraza izan edo zaila izan, Biterik eta Salazarrek mesfidati ninduten. Hori zen, funtsean, zalantza egitera bulkatu ninduena. Tolosako hondamendia nuen oroimenean iltzaturik, nola egin nion neure buruari zin, hura hondarrekoa izanen zela. Sobera arriskutsua. Bi haiekin zernahi bilakatzen ahal zen arrisku. Gero eta okerrago ziren, gainera, iduriz heriotzara zuzenki eta fite eramaki zuten zaldi zuri banatan ongi jarriak. Alde horretatik behatuz gero, ezezkoa izan behar zuen nire arrapostuak. Bizirik segitu nahi nuen. Ordurako itotzen ninduen karrikako girotik urrundu nahi nuen, nola edo hala. Euskal Herritik alde egin nahi nuen, Amerikara edo. Eta bazekiten.
Inora ospa egiteko dirua beharko duk, ohartarazi zidaten. Sosak Hondarribiko labarretan ziren, jakina, gure esperoan.
Ederra. Zeinahi jonkiren ametsa. Aise lokamuts bilakatzen ahal zena, alegia, ordurako ongi nekienez. Horregatik, amore eman ordean, bertze galdera bat egin nien lagunei: Susmagarrienak zuek izanen zarete, horretan lanean aritu zaretenak. Zer erran behar diok Tokolori?
Askotxo gaituk, eta denok gauza bera esango diagu: ez dakigula ezer.
Ez dizue gozo-gozo galde eginen, gero. Sos anitz zagok tartean.
Ni lasaitzera entseatu zen Salazar, denak ezin zituztela torturatu argudiaturik, eta, gainera, hala balitz, Biterik onik ateratzen asmatuko zuela segurtatuz, bertze ataka larri batzuetatik ateratzen asmatu izan zuen gisan. Hunkigarria, Biterirekiko zuen konfiantza. Argigarria ere bai, begi-bistan uzten baitzuen zein kamusturik zen Salazarren behialako adimen zorrotza. Eta beldurgarria, hondarrean, haien eskaintza onartuz gero, zoro pare haren patuari lotuko bainuen nirea.
Esku batean hori neukan. Bertzean, aldiz, hutsetik hasteko parada ezin tentagarriagoa. Tentaldian erori nintzen, bistan da, susmoak susmo eta aiherrak aiher. Loriatu ziren lagunak, baiezkoa eman nielarik. Komandoa berrosaturik zen. Gora komandoa!
Hondarrekoa, ohartarazi nituen.
Irri egin zuten, espero nuen gisara: Ikusiko diagu.
Nire zatia hartu bezain fite, aire!
Berriz irri egin zuten.
Baina dena ongi pentsatua nuen. Behar bezala loturik nituen planaren hari guztiak. Gero eta gehiago joaten nintzen Zugarramurdira, eta banekizkien jakin beharrekoak, solastaturik nintzen solastatu beharrekoekin.
Lehorreratzearen eguna azken unean jakiten omen zen, ahalik eta berantena. Hori zela eta, ernerik ibiltzen ginen ilargirik gabeko egunen bezperetan. Salazar eta biok Biteriren zain egoten ginen, hura noiz agertuko. Noizbait, ailegatu zen egun berantetsia.
Arratsaldean erran zigun Biterik, seiak aldera. Berehala abiatu ginen Hondarribira. Aitzineko aldian hartutako eskarmentuari esker, ongi prestatuak joaki ginen. Zer jan, zer edan, eta non jarri eramaki genituen, zer gerta. Baita pistola bana ere.
Uko egin nion Salazarrek eskainitako armari. Hastapenean. Ordura arte ongi moldatu nintzela armarik gabe, eta berdin segitzeko asmoa nuela agertu nion. Gaurko hau beste zerbait duk, Joxe, erran zidan, hau ez duk gasolindegi bat edo herri koxkor bateko aurrezki kutxa.
Pisua iduritu zitzaidan Parabellum zahar hura, Salazarrek esku-ahurrean paratutakoan. Berriz protestatzera ahalegindu nintzen, eta berriz isilarazi ninduen: Eraman ezak!
Hondartza ttipia hutsik zen. Inguruak ere bai. Ibilki zen bakarra itsasotik helduriko haizea zen. Muturik jarri ginen gure talaian eta hala izan ginen itsasotik keinuka ari zen argia ikusi arte.
Lehendabiziko aldian bezalaxe joan zen dena: txalupa agertu zen, hustu zuten, kutxak kobazuloraino eraman eta han gorde zituzten... Eta joan egin ziren. Sasi artetik atera baino lehen, adi egon ginen aski luzaz. Haizeak segitzen zuen, baina itsasoaren orroa ekarki zigun, bertze deus ez. Gordelekua utzi genuelarik, mantso ibili ginen, urrats bakoitzari begiratuz, ahalik eta zaratarik ttipiena ateratze aldera. Hala heldu ginen furgoneta genuen tokiraino, deus susmagarririk aditu edo susmatu gabe. Eztiki-eztiki eraman genuen, argia piztu gabe. Bortzehun bat metro izan ziren, baina arrunt gehiago iduritu zitzaizkigun.
Zuloraino ni jaitsi nintzen. Salazar goian gelditu zen. Lana guk uste baino zailagoa izan zen. Kutxak ez ziren sobera pisuak, baina eginahala egin beharra zen ni nengoen tokitik igotzeko. Biterik erran zigunez, gehienez oren laurden baten kontua izanen zen gurea. Oren erdi bat behar izan genuen, ordea.
Donostian Biteri genuen esperoan, ordurako aski arranguraturik, baina trankildu egin zen furgonetaren barnea ikusitakoan. Astirik galdu gabe, Igara aldera joan ginen, mendian goiti ezagutzen genuen zoko batera. Kutxak han ireki genituen.
Paketeak plastiko beltzean bilduak ziren, kutxa bakoitzean bina. Berrogei kutxa ziren, laurogei pakete bete heroina genituen, hortaz. Biterik paketeetarik bat ireki zuen. Zuri-zuria zen, oso ona, haren ustetan. Nekez sinesten ahal genuen gure zoriona. Baina nire planari segitu behar nion eta, niri zegozkidanak harturik, lagunak agurtu, eta han utzi nituen, Lucky Strike paketez inguratuak.
Tratua egina nuen ordurako. Heroina Urdazubira pasatu eta afera burutuko nuen. Gaueko lana. Aitarena. Hark ibilitako bideak ibiliko nituen, haren aitak eta aitatxiak ibilitakoak. Mendian goiti abiatu nintzen zalu, hurbil sumatzen nuen goiztiriaren beldur.
Agudo egin nahi nuen bidea, baina iluntasunak galarazten zidan. Hondarribian oren batzuk lehenago bezala joaki nintzen, ia itsumustuan, nekeak erasana. Etsi gabe, hala eta guztiz: xedea hurbil nuen, eta horrek aitzina segitzeko trenpuan paratzen ninduen.
Urdazubiri buruz jaisten hasi nintzelarik, zeruaz jabetua zen eguzkia. Gelditu egin nintzen, eta egoera etsaminatu nuen. Pare bat gauza berehala egin behar nuen. Lehendabizikoa, baitezpadakoena, pistolatik libratzea. Ondotik paketeetarik erdia lurperatuko nuen, badaezpada ere.
Bide nagusietatik bazter ibili nintzen, gordeka, zuhaitzen geriza bilatuz. Beldurraren kausaz, gizon bozak aditzen nituen, txorien kantuak aditu ordean. Baina aitzina segitu behar.
Erreka batera heldu nintzelarik, han bota nuen Salazarrek emandako pistola. Nire ordura arteko bizitza eraman zuen urak Parabellum zaharrarekin batean. Hori nahi nuen. Ondotik, zulo bat egiteko zoko egoki baten bila hasi nintzen.
Urdazubiko elizaren dorrea ikusten ahal nuen. Zuloa finitu nuelarik, lohi neuzkan eskuak, eta izerditan nintzen.
Zuhurtziak behartutako kontua izan zen paketeetarik erdia gordetzea. Erosle izanen nituenak fidatzekoak zirela segurtatu zidaten arren, kasuz ibiltzea hobetsi nuen. Ongi joan zen dena, ordea. Erosleak, akordatu bezala, esperoan nituen, eta fite eta ustekaberik gabe burutu genuen trukea. Telefono zenbaki bat eman zidaten hondarrean. Dei eginen nien, zuloan gordetakoa handik ateratakoan. Gau hartan Bordelen lo egin nuen, eta biharamunean Parisera eraman ninduen trena hartu nuen.
Berehala maite izan nuen Paris. Denetarik zen: mundu osoko jendea, molde anitzeko denda, jatetxe eta aferak. Iruρean ikasi frantsesak irakurtzeko balio bazidan ere, deus gutxi zen solastatzeko momentuan. Jendea sobera agudo mintzo zen, gisa konprenigaitzez. Hori zela eta, Boulevard Raspaileko Alliance Franηaise delakoan ikasten hasi nintzen. Han ezagutu nuen Ann.
Ikasten hasi baino lehen Urdazubira itzuli nintzen. Hara abiatzekotan nintzelarik, Zugarramurdira deitu, eta anaiarekin solastatu nintzen. Nigana etorriko zen.
Harekin elkartu nintzenerako guztiz buruturik nuen Euskal Herrira gibelera ekarri ninduen afera. Mendi aldeko gordelekutik aberats bilakaraziko ninduten paketeak atera eta erosleen eskutan utziak nituen. Harrezkero hobeki hats egin nuen. Bertze aro baten hastapenean nintzen, hala adierazi nion anaiari. Bereizi ginelarik, bisita eginen zidala agintarazi nion.
Parisera arribatu nintzen arte, ireki gabe izan nuen anaiak Urdazubin emandako zorroa. Trikota lodi bat eta amak paratutako hainbat janari eta gauzez gain, hondar asteetako Egin egunkariaren ale batzuk ere atzeman nituen haren barnean. Horietarik bati esker jakin nuen Salazarri gertatutakoa.
Berriak zioenez, Tolosako auzo batean agertutako gorpua Miguel Angel Salazar Osarena zen, donostiarra eta drogazale ezaguna. Bala garunaren gibeletik sartu zitzaion, hura istantean porrokatuz. ETAren hondar krimena omen zen, ezaguna baitzen talde terrorista droga eta, bereziki, heroinaren kontrako borrokan ari zela aspalditik. Mendeku bat ere izaten ahal zen, nola ez, jonkien arteko borroka baten ondorio zorigaiztokoa, baina herexa guztiek terrorismoarekin lotutako hilketa bat zela ematen omen zuten aditzera. Horraino albiste-agentziek adierazitakoa. Egunkariari, ordea, arras susmagarria iduritzen zitzaion gertakizun ilun hura. ETAk erabili ohi zuen munizio bera erabili zuen Salazarren asasinoak, egia, baina munizio hori salgai zen, nornahik erosten ahal zuen. Gainera, hil aitzin torturatu egin zuten. Oin zolak erreak zeuzkan, hatz muturrak ere bai, eta zauri eta odoluriak nonahi. Odolaz tindatutako estatuaren eskua iradokitzen zuen, zuzenki aipatu gabe, Eginek.
Sekula agertu ote zen Salazar ETAren agirietan? Ezetz erranen nuke. Nolanahi ere, Tokolorena zen nik ikusitako eskua. Zinez luzea haren besoa, urrun heltzen ahal zen. Jonki gizajo batzuk, marmalo zikin batzuk, gordetzen ziren zuloraino ailegatzeko bezain luzea, bederen. Arrangura izateko arrazoiak nituen. Dudek azkarki jotzen ninduten: Non ote da Biteri? Hila ote zen hura ere, edo ihes egiterik izan ote zuen, nik bezala?
Hala ere, bertze kontu batzuk ziren gogoan gainezka egiten zidatenak. Annen gaineko kontuak, hain justuki. Solastatzen hasiak ginen, eta Alliancetik ateratakoan, Boulevard Saint-Germain goiti joaten ginen Auzo Latinora, edo Alliancetik aski hurbil zen Le Gladiateur ostatura, bertzenaz. Frantsesez egiten genuen, baldarki, baina luzaz aritzen ginen solas eta solas.
Ann harrigarria zen. Berdin zion zertaz ari ginen, zernahiz zuen iritzi zuhurrik. Unibertsitatetik atera berria, frantsesa ikasi nahi zuen, eta horren kausaz zen Parisen. Emazteki bizkor, argi, alai eta ederra zen, baina praktikoa, batez ere, bakarrik amerikanoek izaten dakiten gisara. Gauzen funtsera jotzen zuen berehala, eta zernahi egiten zuelarik, ongi egitera entseatzen zen. Moral protestantearen emaitza zela erraten nion, burlaka.
Maitemindu egin ginen. Elkarrekin egon behar genuen egun osoz eta, hortaz, elkarrekin bizitzen hasi ginen laster. Place d’Italie inguruetan alokatutako apartamentu batean bizi ginen, zoriontsu. Lan baten bila hasiko zela jakinarazi zidan egun batez, eta hori galarazi nahian, biok kudeatuko genuen negozio bat sortzea bururatu zitzaidan.
Zein gisatakoa?
Egiten nekienaz pentsatzeari lotu nintzaion orduan. Gibelera behatu eta aitzineko urteetan ezagututako lantegietara itzuli nintzen aldi batez. Peoi aritu nintzen guztietan, eta deus guti ikasi nuen.
Etsituta aitortu nion Anni nire ezina. Dena O.K. zegoela eta zerbait bururatuko zitzaigula erran zidan, berezko duen baikortasunaz. Kasu egin nion, eta handik aitzina bera axolatu zen gerorako planaz. Zuzen zela agerian utzi zuen denborak. Gare du Nord aldean ibilki ginen arratsalde batez, jatetxe amerikar baten parean suertatu eta han afaldu genuen. Haragia jan genuen. Txarra. Bertze hainbat gauza ere bai. Dena berdin txarra. Haserretu egin zen Ann, bere aberriari egindako laido bat iduritu zitzaion.
Haserrealdi hari esker bururatu zitzaion gerora aberastuko gintuena: egiazko, kalitatezko janari amerikarra eskainiko zuen jatetxe bat irekiko genuen. Hala sortu zen Prairie Cooking, Bellevillen, bertze Prairie Cooking anitzen lehendabizikoa.
Jatetxearen arrakasta sinesgaitzak bertze batzuk irekitzera bulkatu gintuen, Parisko bertze hainbat auzotan. Fast food famatuaren kontra ari ginen, plastikozko janariaren kontra. Harro ginen.
Hiriburutik Frantziako bertze hiri handietara joatea izan genuen hurrengo erronka. Hala jatetxeak ireki genituen Lyonen, Bordelen eta Tolosan, hurrenez hurren. Lan azkarra zen, kontu anitz ziren kasu egin beharrekoak, baina gurea, eta hori handia zen. Horretan ari ginelarik joan zitzaizkigun urteak, hoberenak. Ohartu ginenerako, berant zen. Zahartzen hasiak ginen. Horregatik jatetxe-katea saltzea eta, horren truke eskuratutako milioiei esker, ordurako erosia genuen Hendaiako etxe ederrean bizitzera etortzea deliberatu genuen. Nik, aldiz, amets bat izan nuen urte haietan guztietan: jatetxe bat, ostatu bat —euskalduna, ez amerikarra— Donostian irekitzea noizbait, ahal izanez gero, Alde Zaharrean. Ibilbide oso baten gaina iruditzen zitzaidan, horren bururatze biribila. ETAk armak behin betiko utzi ondorengo giroa egokia zen horretarako.
Ordurako Tokolo hilik zen, eta Intxaurrondoko haren lagunak aspalditik bizi ziren bertze nonbait. Mikel Salazarren heriotza eta sasoi hartako hainbat gertakizun dorpe ahaztuak ziren. Hala hobeki guztiendako. Lasai itzultzen ahal nintzen.
Tokoloren heriotzaren berria gertatu bezain fite heldu zitzaidan. Frantziako egunkari nagusietan agertu zen. ETAk beregain hartu omen zuen haren hilketa, agiri baten bitartez. Hura sinestera, Tokolo heroinaren trafikatzaile nagusietarik bat zen, Intxaurrondoko zibilekin harreman ezin hobeak zituena. Egunkariak —Le Monde-k— hildakoaren hurkoek hori dena gezurtatu zutela gaineratzen zuen, baita hilaren izena hainbat prentsa txostenetan azaldua zela ere, drogarekin loturik beti.
Albisteak durduzaturik utzi ninduen. Ahantzirik nahi eta uste nuena sekulako trenpuz berragertu zen, kolpean, nire bizitzan.
Autonomoetan ibilitako laguna ETAk mendekatu izanak bazuen, nire aburuz, paradoxatik anitz, mundu honetako gauza gehienen iduriz. Paradoxa batean bizi nintzen neu ere: kapitalista bilakatu kapitalismoaren aurkako norbait nintzen. Bai, paradoxa erraten nion aspalditik gaztaroan kontraesan gorria erranen niokeenari.
Oraino ere maite ez dudan munduaren kontra borrokatu ordean, harekin batean joatea hobetsitako norbait nintzen ordurako. Hura aldatzera ahalegindu nintzen gaztetan, nehongo arrakastarik gabe. Nire puska egin nuen, zegokidana zegokidalarik: aski. Ondotik neure buruaz axolatu behar izan nuen. Batez ere lehendabiziko Prairie Cooking-a irekitakoan.
Sukaldariekin, zerbitzariekin, hornitzaileekin mintzatu behar izaten nuen, haiekin negoziatu. Horretan joaten zitzaizkidan egunak. Beharrik Ann nuen lagun. Negozioa berak zuzentzen zuen, hein handi batez. Hautu estrategikoak berak egiten zituen. Inbestimenduak non, noiz eta nola egin zehazten zuen. Bankuekiko harremanak kudeatzen zituen. Nik beti falta izan dudan zorroztasunaren jabea da, zorionez, eta horri esker atera gara onik orain arteko herstura makur guztietatik. Ezetz erraten jakin izan du, nire ameskeriak irrigarri uzten. Hori dena maitasunez. Ann izan baita —eta oraino da— gehien maite izan nauen emaztekia.
Txanponaren bertze aldea Gloria izanen litzateke. Eta, hala ere, harekin egon nahi izaten dut, seguruenik bere baitan erdeinu egiten zidan emazteki berekoi horrekin. Horregatik Annek Amerikara itzuli behar duela erraten didalarik, tristatu ordean, alegeratu egiten naiz. Neure burua gorrotatzen dut halakoetan, baina hala dela ezin ukatu.
Guraso zaharrak ditu Annek, eri handi. Iowako herri batean bizi dira bakarrik, eta horrek hara gero eta gehiagotan joatera eta gero eta aldi luzeagotan bertan gelditzera du behartzen. Gurasoak laguntzen eta begiratzen ari den bitartean, Gloriaren gibeletik ibiltzen naiz ni, nerabe ergel baten gisara. Ahalkegarria da. Eta ahalke izaten naiz.
Nire damua sobera ahula da, haatik, Gloriak nigan sortutakoaren aldean, eta behin eta berriz erortzen naiz harekin egoteko tentaldian. Zera masokista bat da, neure burua behin eta berriz kakaztera behartzen nauen halako joera itsu suntsigarria. Zerk sortua? Nik dakita. Dena delako sortzailea indartsua da. Neure burua baino arrunt indartsuagoa.
Emazteki arriskutsua da, errepikatzen dut nire baitan, halako mantra bat. Zernahi droga bezain arriskutsua. Horrexegatik erakartzen ote nau hainbertze? Baliteke. Menturaz adrenalinaren menekoa naiz. Zorabioa sentitu behar dut, hutsune gaitz bat urdailean, banku batera lapurtzera sartzekotan banintz bezala. Gloria makurrarekin sentitzen dut, Ann maitagarriarekin ez. Harekin ere sentitu nuen luzaz, baina dena porrokatzen du denborak, egunerokokeriak. Arriskuak, aldiz, dena biziberritzen.
Konparazione baterako, larrua jo gabe hilabeteak eramaki genituelarik Annek eta biok, gaztetan bezain sutsuki aritu ginen gau batez, oren batzuk lehenago Gloriarekin egin eta gero. Harritu ez ezik, alegeratu ere egin zen Ann, nire ustekabeko desira zela eta. Eta nik, ahalke berriz ere, Gloriak baino arrunt hobeki egiten zuela deliberatu nuen.
Bai, pentsatu nuen, mesedegarria da Gloria gure harremanerako. Hori pentsatu nahi izan nuen, nire traizioa zuritze aldera. Hotel bateko gela batean hartutako zaputza lagungarri zitzaidan Ann maitatzeko tenorean. Nehor maitatzekotan, hura bainuen nik. Horregatik Gloriak, goazen amodioa egitera, gonbita egiten didalarik, antzarak ferratzera igortzeko gogoa ematen dit.
Amodioa egin? Halakorik. Bertze zerbait nahi dut nik. Zer? Gloriak zakila jan diezadan, hain justuki. Zimurrek oraino hondatu ez dizkioten ongi marraztutako ezpain horien artean sartu eta jan diezadan. Behin eta berriz.
Ametsak, jakina, Gloria berehala nekatuko bailitzateke, edo aspertuko, edo biak batera. Niri dagokit lan egitea, niri ordaintzea, gizon sortu nintzenez gero. Idatzi gabeko lege bat da hori, neskato eta sehiez inguraturik hazi zuten emazteki horrendako. Manupekoei agintzen ohitua da, eta horixe egiten du, oharkabean ere. Hala jokatzen du nirekin, bere zerbitzarietarik bat izanen banintz bezala. Izan ere, horixe naiz, finean: hark nahierara mugitzen duen txotxongilo irrigarri bat. Lotzen nauten soketatik tira egin eta horra joaki naiz ni, ezker-eskuin, hark nahi duen aldera. Bere Coco nardagarri horri sekula eginaraziko ez liokeena eginarazten dit niri: Hona, Jose, zatoz hona!
Larruazalean baino gehiago, bozean hautematen zaizkio Gloriari urteak. Hori erraten didalarik, atso batena iduritzen zait berea. Beharrik asteroko pilates saioek perfektu mantendu dituzten bere zangoei behatzen diedan laster, sabel berdin akasgabe horri, ttipi-ttipiak eta tente harroak dauzkan bularrei. Beharrik genetika eta elikadura onen mirakulua agertzen zaidan begi-bistara, bertze zernahi ahantzarazteko. Oroimenik gabe uzten nau, ohatze gainean, linjeria ezin ederragoan bildurik, eskaintzen zaidan gorputz oraino zoragarri horrek. Zentzu guztiak ezeztatzen dizkit. Larrua jotzeko ere eranzten ez dituen oinetako lirain dotoreetan hasi, eta zangoetan goiti, tangak zedarritutako triangeluaren misterioraino igotzen da nire behako gosetia. Sabelpeko horretan luzatzen da, batere presatu gabe. Miaztu, zurrupatu, murtxikatu egiten du, eroturik. Ni naiz zangartea jaten ari zaiona, ez bera niri, baina berdin dio. Neure burua umiliaturik ikustea gozo zait halakoetan. Jainkosa ahalguztidun baten eskuetan naiz, haren meneko. Dagokidana ari naiz egiten, hortaz. Gurtu behar dut, jauretsi. Gorrotatu behar nuke, baina maite egiten dut. Zigortu behar nuke, baina ferekatu egiten dut. Akabatuko haut puta zikin hori, erranen nioke, ahal izanez gero. Gloria laztana, bihotza, kutuna, erraten diot, haatik. Egin nahi nukeenaren kontrakoa egitera beharturik naiz. Paradoxen zirrika eroan harrapatua, itzuli-mitzuli ari naiz etenik gabe. Zorabio batek harturik nauka eta hona eta hara eramaki nau, goiti eta beheiti. Gloria deritzan nire zorabioak, nire mindurak.
Gloria!
Herioaren ezizena ez ote den pentsatu izan dut zenbaitetan. Mingaina tangaren azpitik sartzen ari natzaiolarik, hori bururatu eta hotzikara batek zeharkatzen nau. Beldurrak ez, desirak sortutako hotzikara batek. Mingaina zaluago mugitzen dut orduan, ongi busti daitezen hortz tartetan gelditzen zaizkidan ile urdinak. Guztiak janen nizkioke. Banan-banan. Ahal banu, plazerez hilko nuke. Gisa berera, kontent utziko nuke ni plazerez hiltzen. Besarka nazazu trinkoago, erranen nioke. Besarka nazazu azkarrago. Otoi. Tinka nazazu ito arte.
Mugak, hesiak, bere burua begiratzeko behaztopak paratzen ditu Gloriak inguruan. Berak izan behar du nagusia. Errabiagarria da, baina hala da. Behin ere aipatu ez dizkidan haren arauak argiak dira. Zer egiten ahal den eta zer ez den egiten ahal, biok dakigu. Solasa soberan da gure artean. Gloriaren behako bat aski. Maiz larderiatsua den behako fier hori, ez nauela deusetarako behar argiki adierazten didana. Armarik makurrena du hori, ni izutzeko molderik eraginkorrena. Bera gabe, asperturik, ilusiorik eta bizigarririk gabe nintzatekeela baitaki.
Zein drogak sortuko lidake Gloriaren gorputz zerutiarraren ikuskizunak sortzen didan estasia? Ohatzearen gainean luze etzanda nire esperoan, tentagarri bere gelditasunean, ezin dotoreago bere biluztasunean. Hor dut pare-parean, gero eta hurbilago eta gero eta urrutiago, aldi berean. Menderakaitza. Mirail dut edertasun itsugarri hori, gainera. Neure burua erakusten dit, bertze zernahik baino hobeki: zahartzen hasia den gizajo irrigarri bat. Hain justuki, Gloriak ikusiko duen gizajo bera. Berarekin egiteko hartu ohi dudan Viagra mirakulutsu horrengatik ez balitz, irrigarri utziko ninduke zakilak, nire pentsamenduen ilunak hartaratua. Haren behakoan axolagabekeria dago, ordea. Areago kilikatzen nauen axolagabekeria.
Konprenitzen dut. Gizakion eguneroko huskeriak ikusezinak dira jainkosa batendako. Eta Gloria hori da, jainkosa bihurri bat. Nirekin bederen, hala jokatzen du. Bere zerutik behatzen dit. Handik mintzatzen zait.
Halakoak adituta, oker naizela erran dit Biterik, Gloria ez dela nik uste dudan munstroa, penatzen ere dakien emazteki sentibera bat baizik. Hala izanen da, menturaz. Biterik aipatutako alde sentibera hori arras ezezaguna da niretako, baina baliteke hala izatea, bera ni baino gehiago mintzatu baita Gloriarekin, eta, batez ere, sakonago. Gure solasak azalekoak izan dira. Sosez, sukaldaritzaz, modaz, autoez eta bertze hamaika kontu txepelez mintzatu baikara.
Bekaizkeriak joa naiz. Nirekin noizbehinka ohatzera joaten bada ere, deus guti kontatu izan dit bere egiazko sentimenduez edo bizitzaz. Badakit alaba bat duela Madrilen. Badakit alarguna dela, bi senar lurperatu ondotik. Horra funtsean dakidan guztia. Deus guti, bistan da, batez ere Biteriri kontatu dionarekin alderatuz gero.
Behin baino gehiagotan ahalegindu naiz Gloriak kontatu diona niri konta diezadan. Alferrikako eginahalak izan dira nireak. Nire galderak saihestu izan ditu Biterik. Bertze zerbait aipatu izan dit berehala, mintzagaia aldatze aldera. Gloriaz zerbait atera diodan aldi bakanetan, halabeharrez atera diot, ia oharkabean. Hala jakin izan dut, konparazione baterako, Alde Zaharrari dion atxikimendu niretako harrigarriaren zergatia. Gure artean iraganaz aritu garen aldi bakanetarik batean kontatu zidan.
Zergatik itzuli zen Donostiara egin nion galde, zergatik Alde Zaharrera. Salazar aipatu zidan Biterik, harekin zuen zorra. Zein zor ote zen hura galde egin niezaiokeen, baina adi jarraitu nuen, halako batean Gloriaz ari zela oharturik. Hark ere leialtasunagatik segitu omen zuen Alde Zaharrean barna ibiltzen, bere klasekoak hona sartzera atrebitzen ez ziren garai makurrenetan ere. Avenidaz bertze aldeko ostatuetan gerizatu ordez, bere ohiturari atxiki eta ordura arte bezala segitu zuen, ETAren aldeko afixa eta pankartei behatu ere egin gabe, han egonen ez balira bezala. Etsai izan zuen giro batean moldatu zen, nehoiz amore eman gabe. Noizbait maitatu izan zuenari zion leialtasunagatik dena. Biterik Salazarri zionaren antzekoa, nonbait.
Bere buruaz ari zen Biteri funtsean, Gloriaz ari zelarik. Bi arima bizki ziren. Seguru naiz biek hori sentitzen zutela, elkarrenganako hurbiltasun bera. Biteriri konprenitu nionez, gehien maite zutena kendu egin zieten biei. Biei bortizki. Salazarren heriotzaz ari zitzaidan, aspaldiko lagunaren izena behin ere ahoskatu ez bazuen ere. Gloria, aldiz, nortaz ari zen?
Biterik ez zekien, edo, baldin eta bazekien, ez zidan argitu nahi izan. Hastapenean. Jakin nahi banuen, Gloriari berari galdetzerik banuela pentsatuko zuen. Finean, ni nintzen harekin ohatzera joaten zena, ez bera. Ez nion nehoiz galde egin. Ez nintzen ausartu. Berdin zitzaidala erran nion neure buruari. Nehola ere egin nahi ez nuen bidaia zen iraganerakoa. Gibelean utzirikoa ongi zen han, hilak kanposantuetan nola. Guztionak. Hobe genuen haiei bakea ematea. Hobe genuen haietaz ahantzi eta bizitzen segitzea, sekula ezagutu izan ez bagenitu bezala. Neke da, badakit, baina hori dugu aterabide bakar, bizitzen segitu nahi izanez gero, bederen. Bizitzeko hil egin behar da, naturak egunero irakasten digunez. Paradoxa da, gero, baina hala da. Hilak hil behar ditugu.
Oroitarazi nion. Hildako batzuk hilezinak dira, bota zidan orduan. Hil eta hiru egun geroago berpiztu zen Jesukristoz ari ote zen, Che Guevaraz edo John Lennonez menturaz? Bion lagunez ari zen, erran gabe doa. Haiek zituen gogoan, hil eta urte andana baten ondotik. Gloriak ere halako hil hilezin bat zuen. Segur.
Arturo, amore egin zuen Biterik noizbait.
Arturo zer?
Arturo, hori zen nonbait, hartaz zekien guztia. Izena. Jakin-minez utzi ninduen Biterik. Gloriari berari galde egiten ahal diot, lagunak iradoki bezala, baina badakit ez dudala egundo eginen. Pikutara zuzenki igorri ez arren, sarkinak gorrotatzen dituela oroitaraziko zidan, behako baten bitartez. Aski ni isilarazteko.
Behako horrek zernahi poliziak baino areago izuarazten nau, zernahi mafiak baino areago. Noiznahi galtzen ahal dudala adierazten dit. Eta nik amen erraten diot emazteki anker horren gutiziamendu bakoitzari. Erotzeko gisakoa da. Hainbertze, non, nire argialdi bakanetan, neure buruari egiten baitiot galde: Zer egiten duk hik faxista horrekin?
Arrapostu logiko bat izan nahi nuke, arrazoiren bat. Bururatzen zaizkidanak ezdeusak dira, ordea. Zozokeriak. Pitokeriak. Jolas masokista gisako bat da nolabait. Nagusi dut Gloria, manuko nauka berak. Sadismoa ote da harena? Ezezkoan nago. Hori izatekotan, gainera, klase sadismoa izanen zen Gloriarena, sehaskan bertan txertatu ziotena. Erran nahi baita, berezkoa duela, betidanik hala izan dela.
Eta nire baitan galdera bera berriz ere: Zer egiten dut nik faxista horrekin?
Faxista hori Herioa da menturaz. Ohatzean lagun dituenak hiltzen dituen alargun beltza da. Dama zuria. Italiar futuristen ametsa.
Udaletxetik edo elizatik iragan gabe ere, senarra nauka, heriotzak bereizi arte. Berak alargundu nahi duen arte. Horregatik kontent ukan behar dut. Horregatik afariak, bidaiak, harribitxiak, jantziak, oinetakoak... Horregatik opari guztiak. Denbora irabaztearren. Ez segitzeko hilik edo doi bizirik direnen orpotik. Biteriren orpotik, konparazione baterako.
Biteriz pentsatzen dudalarik, Gloriarekin txutxu-mutxuka harrapatu nuenetan ez ote zitzaion denbora gehiagoren galde ari bururatzen baitzait. Bai, horretan ari zen menturaz, besoak barran bermaturik eta burua ia emaztekiaren buruaren kontra. Baten kopeta bertzearen kopetaren kontra, Iturrin biak baizik ez zirela. Bi mamu.
mila esker
Edorta Mataukori
Juan Mari Mendizabali
Beρardo Goietxeri