Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

4

 

Zorionekoa naiz. Beti izan naiz. Behin baino gehiagotan erran dit Biterik. Hark errandakoak bortz axola, baina nire bizitzari behatu bat eman, eta hala dela uste dut nik ere. Herrian gelditzen ahal nintzen, Zugarramurdin, anai-arrebak bezala, Iruñera joan ordean ttipitan. Etxeko gazteena nintzen eta horregatik utzi ninduen aitak joatera. Baserriaren segida segurtaturik zegoen, eta, hortaz, ni apaiz bilakatzea egokia iduritu zitzaion. Herriko apaizak hartu zuen lan guztia. Eskola ttipia finitu nuen urte berean, udazkenaren hastapenean, hark eraman ninduen Iruñeko apaiztegira. Zortzi urte geroago handik atera nintzelarik, berriz ere zorionekoa izan nintzen: ateo ateratzeaz gain, ia komunista ere atera nintzen. Baita, handik gutira, Potasaseko greba zela-eta, polizia gibelean nuela, Iruñetik alde egin ahal izan nuelarik ere. Gasteizera igorri ninduten, eta han, orduan nintzen iraultzailearen ametsa gauzatu ahal izan nuen, gutik bezala. Eta zer erran politikarekiko xarma galdu eta, drogen munduan ibili ondotik, hemen, bizirik eta osasuntsu nagoela, nire hainbat lagun ez bezala, ikustean. Suerte ezin hobea nirea, nehondik ere. Bizirik segitu nuen eta, gainera, libre, kartzelatik pasatu gabe. Horra hor berriz nire suerte ona, Frantzian errefuxiatu paperak, berez errefuxiatu izan gabe, eskuratu nituenean bezala. Eta antzeko zerbait erraten ahal dut negozioetan lehenbizitik izan dudan aldeko haizeaz. Arrunt harrigarria. Amodio kontuetan ere, ezin kexa, Gloria agertu arte, bederen.

      Udako arratsalde batez, hondartzan bainatu eta gero etxe aldera joaki nintzelarik, ikusi nuen lehendabizikoz. Alaba besotik atxikita heldu zen: doi-doia iduri koloretsu bat hastapenean, begiak bahitu zizkidan zerbait aldakorra, hurbildu ahala. Kolpean matelak bero sumatu nituen, eta izerditan gorputz osoa. Zozoturik nintzen, emazteki izugarri hari beha, zentzumen guztiak erne. Harrigarriki erne, kontuan izanda bera baino gutienik hogeita hamar urte gazteago eta emazteki gordina zen alaba saihetsean eramaki zuela. Minigona eta sandaletekin joaki ziren biak, biak deigarri. Ondotik pasatu zitzaizkidalarik, niri behatu ere egin gabe pasatu ziren, nire gibeleko zeruaren gorritasunean behakoa, iduriz. Bien zangoak luzeak ziren. Oi, zein bikote ederra, pentsatu nuen. Ama izan zen oroimenean gelditu zitzaidana, haatik.

      Maiz oroitu nintzen hurrengo egunetan ezezagun hartaz. Nor ote zen? Nor haren zorioneko senarra? Bistan zen aberatsa zela, haren beztimendak eta ibilerak hala erakusten zuten.

      Klasea zeukan. Frantzian emazteki ederrak ezagutu eta haietako batzuekin ibiltzera ere ailegatua nintzen, baina hura, ezezagun gogoangarri hura, beste zerbait zen, berezia, neurriz gaindikoa. Uda osoan hura heldu zitzaidan gogora, ezagutu nuen etorbidetik pasatu nintzen bakoitzean. Behin ere ez nuen berriz ikusi. Turistak zirela pentsatu nuen, Biarritzetik egun-pasa etorri turista aberats batzuk, eta pitaka-pitaka ahanzten joan zitzaidan, nire barnerako irri apal bat eginarazten zidan oroitzapen gazi-gozo bat bilakatu arte. Urte batzuk geroago, ordea, neguko gau batez Iturrin sartu eta ikusi nuelarik, istantean ezagutu nuen.

      Minigona jantzi ordean, galtza eskoziarrak eramaki zituen, eta beso-eskuak alabari eskaini beharrean, ezagutu nuen arratsalde ordurako urrun hartan bezala, Cocori atxikitzeko erabilki zituen. Buruan turbante bat eramaki zuen, bilo kizkurra gordetzen ziona. Adin bertsuko bizpahiru emaztekiekin zegoen, gero jakin nuenez, arratsaldero Alde Zaharreko ostatuen buelta elkarrekin egiten zutenak. Ttipiak ziren, eta haien artean usaian baino nabarmenagoa zen Gloriaren presentzia beti nabarmena. Sukaldeko atearen leiho biribiletik hari behaka gelditu nintzen. Bertzeen begietatik libre, hondarrean lasaiki eta luzaz miretsi ahal izan nuen handik. Zaharra zen, heldua, berak fite aski zuzenduko lukeen gisara, eta zenbait zimur normal ahantzirik, makurrik gabe iduritu zitzaidan nire gordelekutik.

      Joan ziren arte esperatu nuen Biteriri dei egiteko. Hura ere harritu zen ni sukaldean ikusitakoan. Harekin solasean ikusi nuen emaztekiaz egin nion galde, ezagutzen ote zuen. Gloria? Bai, ezagutzen diat. Zer jakin nahi duk, ba? Modu horretan galdetuz gero, zer edo zer nahi duk. Ezagutzen nau eroputzak. Irri gisako zerbait egin dut, arrapostu beharrean. Deus gutxi dakiela segurtatu dit, ia gauero hamarrak aldean agertzen dela, lagunekin batzuetan, zakurttoarekin eta alabarekin tarteka, aste hondarrean beti. Fatxa samarra duk, baina, zer nahi duk? Aberatsa duk, jaiotzez. Andre dotorea duk, ordea. Banekien Biterik jaiotzez harekin zer erakutsi nahi zidan: nitaz ari zen.

      Gu materialistak gaituk, oroitarazi nion, eta materia, ukitzen ahal dena inporta zaiguk, erabiltzen ahal dena, segur aski Gloriari ere inporta zaion berbera. Fitsik erran gabe itzuli zen Biteri lanera, ni han utzita. Gehiago jakin nahi nuen, dena jakin nahi nuen, baina banekien egon beharko nuela, Biterik jada kontatutakoa baino gehiago nekez kontatuko zidala, eta nire baitako galderen arrapostuak nerorrek atzeman beharko nituela. Biharamunetik hasi nintzen lanean.

      Iturri goizez bisitatu partez, ordura arte bezala, gauez joaten hasi nintzen, hamarrak aldean. Biteri agurtu eta porto bat galdegiten nion. Gero, ostatuko jende kopuruaren arabera, zoko bat hautatzen nuen, Gloriaren sarrera ikusi eta momentu guztiz begipean izateko egokia, eta prest.

      Lagunekin edo zakurttoarekin agertzen zen, Biterik kontatu bezala, arropa eta zapata diferentez beti, dotoreak beti. Orrazkera ere maiz aldatzen zuen: harro-harro zenbaitetan; zapal egina, olioztatu eta dirdiratsu bertze zenbaitetan; ahantzi gabe burua biltzen zioten zetazko mokanes kolore bizikoak eta misterioz betetzen zuten kolore bakarreko turbanteak. Molde batez zein bertzez, erotu egiten ninduen. Gonaz edo galtzez beztiturik, takoi estuak edo bota luzeak, berdin sorgintzen ninduen gauero, nerorrek ez bertze nehork giroan sumatzen ahal zuen lurrin gozo baten bitartez. Irrigarria zen. Irrigarria nintzen.

      Hamabortz urte banitu bezala jokatzen ari nintzen, eta banekien. Biterik eta, segur aski, ostatuko bertze langileek ere bazekiten gisa berean. Aire! Uxa hortik horiek guztiak. Nagusia izate hutsagatik gorroto izanen zidaten bertzenaz ere. Klase borroka, klaseen artekoa, su batean dago. Eta betiko gisara, burgesak irabazten ari dira, edo ari gara, horietarik bat bilakatu bainaiz nerorri ere hondarrean. Hala da: gaztetan errabiarik handiena niona bilakatu naiz urteak pasatu ahala. Potasaseko grebaren sasoian, orain naizena izanen nintzela norbaitek iragarri izan balit, alimaleko matelezurrekoa joko niokeen. Tapla! Sudurra hautsiko niokeen.

      Iraultzan sinesten nuen. Klaserik gabeko gizarte batean sinesten nuen, libertatean eta berdintasunean oinarritutako batean. Gaztea nintzen. Lurrean nahi nuen zerua.

      Sotana errefusatzeko erabakia erraza izan zen. Gurasoei, bereziki amari, jakinaraztea frankoz zailagoa, ordea. Ustekabe galanta izan zen haiendako, baina espero baino hobeki hartu zuten, Jainkoaren nahia zelakoan. Haren bideak ezin asmatuzkoak izaki, etsi behar.

      Zer egin behar duk orain?

      Gure aitaren galde horretan laburbiltzen zen gurasoen zinezko arrangura. Lasaiarazi nituen: Lan eginen dut eta ikasi ere bai. Ongi pentsatuta nuen apaiztegia utzi aitzin, eta etxean, Zugarramurdin aste batzuk egin eta gero, Iruñera itzuli nintzelarik, banuen ganbera bat, Arrotxapea auzoko ikasle etxebizitza batean.

      Opusen hasi nintzen ikasten goizez. Lan egiten nuen arratsaldez. Estafeta karrikako ostatu batean, sukaldean laguntzaile. Patatak zuritzen nituen, tipulak eta baratxuriak xehatzen, baxerak egiten. Ongi nengoen, eta hobeki ere egoten ahal nintzen, pixka bat denbora gehiago izan banu. Denbora unibertsitateko kontuak ikasteko, eta leitu nahi nituen liburuak leitzeko. Gehienak marxismoaren gaineko liburuak ziren, nire zenbait ikaskidek utziak. Astean behin biltzen ginen gordeka, eta testuak etsaminatzen genituen. Klasikoak: Partidu komunistaren manifestua, Engelsen Familiaren, jabego pribatuaren eta estatuaren jatorriaz eta abar. Bilerak unibertsitatean bertan egiten genituen, zuzenbide erromatarraren gaineko talde lanen bat aitzakia.

      Taldea irakasle-laguntzaile batek zuzentzen zuen, Luis Arraizak, oraino gaztea zena, baina gu gehienok baino zaharragoa. Franko poliki zekien, eta kontzepturik korapilatsuenak ere aise konprenitzeko gisan esplikatzen zizkigun. Solasturi gaitza. Erne aski aditzen genuen. Klase borroka edota sozialismoaren eta komunismoaren arteko ezberdintasunak zertan ziren ikasi genuen. Negu osoan aritu ginen horretan, eta, maiatzean, etsaminak baino lehenago, kafe bat hartzera gonbidatu ninduen, taldearen bilera finitu orduko. Lanera joan behar nuenez, Alde Zaharrera joatea proposatu nion. Estafeta karrikara bidean mintzatu zitzaidan. Feuerbachen gaineko Marxen tesia aipatu zidan: Orain arte, filosofoek molde diferentetan interpretatu dute mundua, aldatzea da kontua ordea. Berehala konprenitu nion adierazi nahi zidana. Eta akort nintzen harekin. Mintegiak, ikasketa taldeak ongi ziren, baina guti zen. Gehiago behar zen, narda bizia eragiten zigun mundua errotik aldatu nahi izanez gero, bederen. Hori dena, apalki mintzatuz erran genion elkarri, norbait beha ote genuen errezeloz. Ostatu batean ginen gero. Barra gainean unibertsitateko liburu eta kaierak nituen, eta horien artean —fite eta zernahi gerta ingurura behatuz— sartu zituen Arraizak jakaren barne sakelatik atera zituen paperak.

      Gaua arte egon behar izan nuen Arraizak pasatutako paperak leitu ahal izateko. Nire ganberan, ohatzean sarturik leitu nituen. Combate deituriko aldizkari baten bi zenbaki ziren, eta Txileren gaineko testu trinko bat. Mailua eta igitaia ageri ziren guztietan, eta lau zenbakia zuten gibelean. Aski gisa kaskarrean inprimatutako orri guti batzuk ziren, eta, goizeko hiruretan leitzen finitu nuelarik, tintaz belztuak neuzkan hatzak. Kostata lokartu nintzen, hain neukan burua ideiez, dudez eta galderez mukuru. Biharamunean Luis Arraizak berak gogotsu arrapostu zizkidanak. Gauzak iduri baino zailagoak ziren, nehondik ere. Baina Arraizak pazientzia handiz esplikatu zizkidan nik konprenitu ezin nituenak. Baita bezperan esoterikoa iduritu zitzaidan lau zenbaki haren erran-nahia ere. Horretarako, langile mugimenduaren historia laburbildu zidan, internazionalen segida. Marx, Engels, Bakunin, Proudhon, Lenin, Trotski, Stalin hartu zituen ahotan, erotzeko gisako izen andana. Horietarik batzuk orduan aditu nituen lehendabizikoz. Nire nahasmenduaz ohartu zen Arraiza: Ez kezka. Neuri ere kostatu zitzaidan ulertzea. Denbora kontua da.

      Gaztea nintzen, nekagaitza, eta nire jakin-mina mugagabea zen. Orenetan egoten nintzen hatzak zikintzen zizkidaten paper haiek leitzen, ongi inprimatu eta azal gogorreko liburuei behaka egon ordean. Hori argi utzi zuten etsaminek, zorigaitzez. Hautatu beharrean nintzen: zuzenbidea ala iraultza. Luzaz pentsatu gabe egin nuen: iraultza. Pausarik gabeko iraultza.

      Hastapenetik maitatu nuen, Arraizak lehendabizikoz aipatu zidanetik. Pausarik gabeko iraultza. Jakina! Bertze moldetako iraultzarik izaten ahal zen? Pausarik gabeko iraultza: beti biraka ari zen zirrika. Franco tiranoa ez ezik, kapitalismo osoa ere hauts bilakarazi arte zanpatuko zuen zirrika. Behin ere gelditu gabe, jira eta bira. Hura zen nire iraultza, egiazko bakarra. Horregatik baietz erran nion Arraizari, bere partiduaren aldeko sinpatizante talde batean sartzeko gonbita egin zidalarik. Liga Comunista troskizale izateagatik Lenin zale ere bazen, antolamendu aferetan bereziki: baziren sinpatizanteak eta baziren militanteak. Militante izan aitzin, sinpatizante izan behar. Langile klasearen abangoardia ginen, armada bat: diziplina iraultzailea behar zen.

      Ikasturtea finitu zelarik, Zugarramurdira itzuli ordean, Iruñean segitu nuen: San Ferminak prestatu behar genituen. Paretetan eskribitu behar genuen, pankartak dilindan paratu, karriketan hedatu behar genituen eskuorriak inprimatu. Iruñea alde anitzetatik etorritako jendaldeak beteko zuen, eta aise ailegaraziko genien gure mezua. Propaganda ekintza baten ondotik jendalde horretan oharkabean galtzen ahal ginen gisa bertsuan. Laguntza izanen genuen, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorriko baitzen hainbat burkide. Agorrila arte ez nuen Zugarramurdi zanpatu, beraz.

      Aita-amei kopeta ilundu zitzaien, ikasketak utzi behar nituela jakindakoan.

      Zer egin behar duk orain?

      Lan eginen dut.

      Ostatuan?

      Ezetz erran nien, oraino bertze lanik atzeman gabe banintzen ere. Iruñea inguruko lantegiren batean nahi nuen lan egin, egiazko langileekin. Ligan akort ziren: proletalgoarengan errotu behar genuen partidua. Gainera, lantegi bat, zeinahi, ezin Estafeta karrikako ostatua bezain makurra izan.

      Landabenen barna ibili nintzen, lana galdegiten. Orduan ere, zorionekoa izan nintzen: hamar egun geroago Eatonen ari nintzen. Kamioietarako ardatzak, abiadura aldagailuak eta halakoak egiten genituen. Ia bortzehun langile.

      Isilik egon nintzen hasierako sei hilabeteetan. Ingurukoei adi egon nintzen, aginduta neukan gisara. Hondarrean langile finko bilakatu nintzelarik, ordura arte ikasia baliatzeko tenorea zitzaidan ailegatu. Sindikatu ofizialekoak ezagutzen nituen. Banekien nor ari zen isilpeko langile-batzordeetan eta bertze kontu franko. Eatongo nagusiak, bertan antolamendu zerbait zutenak, ORTkoak ziren, ia Nafarroa osoan bezala. Maozale bilakatutako langile katolikoak ziren haietarik anitz. Mao, munduko iraultzaileen eta herri zanpatuen bidea argitzen zuena. Stalinen ondorengo bipila, langile guztien aitattoa. Halako erretolika irrigarria erabilki zuten beren argitalpenetan, ironia bihirik gabe, Txinak gazteleraz argitaratzen zituen aldizkari eta liburuetatik zuzenki hartua. Mintzaira epikoa zen haiena, handitsua, txinatar herriaren idurikoa, etorkizunaren jabea izanen zen proletalgoaren neurrikoa. Loriatsua. Perreka hutsa, finean. Zaborra. Txinako laborari ikasgabeendako pentsatua, handik ekarria. Bertzerik gabe, mekanikoki. Umeendako ipuinak. Estalinismo makurraren segida.

      Nola sinesten ahal dik nehork halako pitokeria?

      Arraiza alienazioaz mintzatzen zitzaidan, klaseak, gureak, alegia, burujabe bilakatzeko egin beharreko eginahal gaitzaz, klase kontzientziaren harrotzaileez. Eta nik zernahi sinetsi. Irrigarriak zitzaizkidan txinatar haien gisara.

      Gazteak ginen. Horixe. Eta Arraiza predikulari ederra zen, bizkorra. Gainera, lankide nituenek pasatzen zidaten En Lucha eta gure Combate alderatzen nituelarik, hanpatu egiten nintzen, hain baitzen bien arteko aldea, nire idurikoz, izugarria. Bazen mintzaira: hanpatua eta aski burrunbatsua bata eta argia bezain eraginkorra bertzea. Haatik, bien arteko alderik handiena azterketa politikoen kalitatean zen. Gu ginen hoberenak, erran gabe doa. Bertzeak, ostiajale porrokatu andana. Gurutzea altxatu ordean, mailua eta igitaia altxatzen zituzten. Aspaldiko otoitzen partez, guretako horiek bezain ezdeusak ziren haien betiko errepikak: Masekin egon beharra dago, haiek baino urrats bat aitzinago, urrats bakar bat soilik.

      Errepika hori gure kontrakoa zen, nolabait. Sobera fite nahi omen genuen aitzina egin, langileekin edo langilerik gabe. Gezurra. Haiek ziren behar baino mantsoago joan nahi zutenak, gure ustetan. Haiendako traidoreak ginen, troskizale guztiak bezala, langileriaren minbizia. Hain justuki, guk haietaz uste genuena. Zernahi gisaz, partidu eta talde anitzetan partituak izanagatik, guti ginen, eta elkarren beharra genuen. Eatonen ere bai.

      Txinatarren nahiz gainerako langileen burua Fran Gartzia zen, nik baino hamar bat urte gehiago izanen zuen Tuterako gizon puska. Fenwick bat gidatzen zuen, lantegi osoan barna ibiltzea ahalbidetzen ziona. Ibilgailu ttipi haren gainetik zuzentzen zuen bere armada koskorra. Zoko guztiak ezagutzen zituen, eta lotura lanak egiten zituen. Denaren berri izaten zuen: nork banatu zituen bezperan bildutako eskuorriak eta nork ez, nor genuen alde eta nor kontra. Jatorra tratabidean eta bizkorra erabakitzeko tenorean, bazuen gure buru izateko behar zena. Hura gureganatuko bagenu, komite osoa gureganatuko genuke harekin batean. Ideia ona iduritu zitzaion Arraizari. Zelulakoei ere bai.

      Eatonen lanean hasi nintzelarik, militante egin ninduten, langile bilakatzeagatik sari. Partiduak bi zelula zeuzkan Iruñean, langileena eta ikasleena, gurea baino handiagoa. Ni langileenekoa nintzen. Bortz lagunek osatzen genuen. Bortzetarik hiru nire gisakoak ziren, langile berriak, alegia. Bertzea, borzgarrena genuen betikoa: Juantxo. Goitizen bat zen, klandestinitatean aritzeko pentsatua. Nirea Aker edo Arraizarena Leo ziren bezala.

      Partidu politiko bat baino gehiago, lagun kuadrilla bat ginen. Iruñea gisako hiri ttipi batean, erabateko klandestinitatea, zaila baino gehiago, ezinezkoa zen, jende gehiena elkarren ezagun izaki. Alde Zaharrean barna ibilki ginelarik, bertze kuadrillak ikusten genituen: abertzaleenak, txinatarrenak, karlistenak, komunistenak... Baita bertze troskizaleena ere.

      Liga Comunista Revolucionariakoak. Haiek, gu bezala, laugarren internazionalekoak ziren, baina erakunde horren zuzendaritzaren gehiengoaren aldekoak, gu gutiengoaren aldekoak ginelarik. Edo aldrebes ote zen? Nolanahi ere, bai haiek bai gu ttipiak ginen, ia mikroskopikoak, dena betetzen zuten txinatarren aldean. Horrek berdintzen gintuen. Bixkiak ginen nolabait, baina osoki ezberdinak ginela iduritzen zitzaigun, ia kontrarioak. Iritzi ederra sektakeriaren kontrakoak omen ginendako. Langileen batasunaren aldekoak arras bereizirik, zatiturik ginen: bai haiek eta bai guk irrigarri uzten genuen geure burua. Txinatarrek nahiz bertze partidukoek hori gure kontra zuten baliatzen, jakina, ilupenak ere baliatuko zukeen gisara. Guti eta elkarrekin kasailan beti, erraten ziguten. Kuadrilla bat baino gehiago, sekta bat osatzen omen genuen, errealitatetik kanpo bizi zena.

      Lantegietan ezberdina zen. Ezkerreko talde guztien langileak guti ginen. Etsigaitzak, ekinak, baina arrunt guti. Eatonen ere hala zen. Guztien beharra zegoen, kapitalaren oldarrari kontzeko. Ama guztien seme-alabak, bereizketa nabarmenik gabe. Denak ongi helduak, txinatar zein lesakar.

      Langileon bizimoldea gero eta makurragoa zen. Prezioek goiti egiten zuten etengabeki. Oren estren kopuruak goiti egiten zuen gisa berean. Esplotazioa gero eta gorriagoa zen, errukigabea. Hori dena begi-bistakoa zen guretako, erran nahi baita, komitekoendako. Afera bertze gisa batean ikusten zuten gainerako langileek, ordea. Gauzak gaizki ziren, nola ez, baina hala egon ohi ziren langileendako. Okerrago ere egoten ahal ziren.

      Zuek gazteak zarete, ezkongabeak, nahi duzuena egiten ahal duzue, erraten zidaten.

      Eta isildu behar, haiek baitziren egiazko langileak, kapitalismoak erabateko etsipenera eramanak. Fran Gartziak erran ohi zuenez, guk aditu behar genituen, haiek zerbitzatzeko baikinen finean. Horixe erraten zuen, eliza katolikoaren doktrina soziala eta Maok erakutsiak nahastuz.

      Harekin etsia nintzen. Eginahalak egin eta egin, eta alferrik. Estalinismoaren makurkeria erakusten nion, mundu osoko langileriari egindako traizioak, hilketak, krimenak, baina hari bortz. Stalinek salbatu omen zuen faxismotik mundua. Hark hartu zuen Berlin. Haraino zabaldu zuen sozialismoaren lurraldea. Zer egin zuen Trotskik? Fitsik ez. Trotskik sortu, montatu eta zuzendutako armada gorriaz mintzatzen nintzaion, hain justuki, naziei nagusitu zitzaienaz. Alferrik.

      Apaizak ez bertze!

      Zapalkuntzaren kontrakoen borroka, borroka bakarra zen, klaseak bezain zaharra. Hori ikusteko historiari behatu bat ematea aski. Gure borroka bertze borroka anitzen segida zen, Espartakorenganaino eta, segurki, lehenago ere hasitako mugimendu baten segida. Kasete batean grabaturik nuen eta, hainbertze aldiz aditua, buruz nekien Mikel Laboaren kantu batek xarmanki adierazten zuen zanpatu guztien funtsezko batasun eta segida horiek: Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen? Liburuetan errege izenik baizik ez da ageri. Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiak?

      Betikoek garraiatu eta eraiki zituzten garraiatu eta eraiki beharreko guztiak. Lurrean kondenatuek, gosetuen jende andanak. Betikoek. Guk. Piramideak, jauregiak, metalezko ardatzak, zernahi izanda ere langaia, gure lepotik norbait bizi beti.

      Hala zen eta hala da. Hautatu beharra da: gainean edo azpian. Nik hautatu nuen: azpian, orduan azpian egotea gain-gainean egotea izanagatik. Gainean egotea, haatik, kaskoan egotea da, salbuespenik gabe. Hori ongi jakiteko, hondoraino erori behar da, menturaz. Hura jo arte, ezin gainean egoteak emandako segurtasun erosoa zinez ezagutu. Orduan ohartzen gara hautua egin behar dela. Gainean edo azpian. Hil edo bizi. Horixe dena. Langileak hautatu nituen nik, hogeitaka urte geroago ez bezala. Argi nuen barrikadaren zein aldetan nintzen. Itsusi mortal ederren aldean, pobre behartsu aberatsenean. Zintzoekin, eskuzabalekin nintzen, nire odolaren hondar tanta isuri arte borrokatzeko prest. Xuhur soszaleen, makurren, petralen kontra. Argiaren ezpata nuen eskutan, ilunpearen inperioaren kontra. Horretan barna joaki nintzen, zaldun ohoretsu, bulartsua. Nire arma, gurea, klase elkartasuna zen. Armarik eraginkorrena, nire ustetan, burgesen polizia eta armada, haien komunikabide ahalguztidunak baino arriskutsuagoa. Langileak, mundu osoko zanpatuak burgesak eta zanpatzaileak baino anitzez gehiago ginen, haiek baino bi mila milioi gehiago, gutienez. Juntatuz gero, ezin nehork gu geldiarazi. Nehoizko armadarik handiena ginen. Errauts bilakaraziko genuen buru eginen zigun zeinahi etsai. Segur nintzen, zenbait urte lehenago arte, maitasunaren eta Kristoren garaitezintasunaz segur nintzen gisara.

      Maitasuna. Hitz hori aditu eta pistola aterako nuke orain, Joseph Goebbelsek erran omen zuen bezala. Jakina, horretarako pistola izan behar nuke, eta duela urte anitz bota nuen nehoiz izan dudan bakarra: Parabellum zahar bat, hamaika eskuk baliatua, Mikel Salazarrek hil aitzin pasatutakoa. Baina maitasunaz ari naiz, iruzur horretaz.

      Gloriarekin ere horretaz aritu izan naiz aski maiz. Maite dudala aitorturik ere, irritto bat atera diot, gehienez. Konprenigarria guztiz, niretako bezala, harendako ere sinesgaitza baita kontu hori. Nobeletan, zineman-eta ongi da; horietatik aparte, irrigarria. Batek daki zenbat lagunek adierazi dioten halakorik. Maite du, hala ere, eskaintzen didan irritto horretan sumatzen ahal diot. Nik errana dudatan paratzen duen irritto horren azpian nire aitorpenak sortzen dion harrotasuna sumatzen dut, bai eta, emazteki heldua izanda ere, bere betiko edertasunaren poxi bat, behintzat, oraino gorde duela jakiteak piztutako alegrantzia nabarmena ere.

      Maite ote dut? Ezetz uste. Areago, inoren maitasunik merezi ez duela erratera ausartuko nintzateke. Sobera berekoia da, bihotz azkarrekoa. Ni naizen bezalaxe. Hala ere, erraten dizkiodanak egiazkoak direla iduritzen zait. Zer dela kausa? Lehendabizikoz maitemindu nintzeneko sintoma berdinak atzematen dizkiot neure buruari. Hura ikusi eta itotzeko gisako beroa sentitzen dut, izerdia esku-ahurretan, besapeetan. Bihotza bizkortu egiten zait eta zainetako odola ere bai. Puik erotu zuen gazteak meneratzen nau berriz ere.

      Pui, izenak berak erakusten duenez, Lizarrakoa da. Iruñean ezagutu nuen, Potasas de Navarran, Esparza zuloan hetsirik ziren langileekiko elkartasunaren antolatzeko egin zen batzar batean. Medikuntza ikasle aitzinatua zen eta gure sinpatizantea. Neska ttipia, liraina, beltzarana. Haren begi ilunak, aldiz, gaitzak ziren, planeta osoa atxikitzeko bertze. Potasaseko langileen borroka, Nafarroan nehoiz izan azkarrenetarik bat gertatzen ari zen, eta horren alde partiduak bere indar guztiak paratu zituen. Ahalik eta batzarrik zabalenak antolatu genituen, grebalariendako sosak bildu genituen eta eskuorriak partitu, haien greba bertze lantegietara hedatzera saiatu ginen, arrunt zaila izanagatik. Jo eta su ari ginen horretan, eta egoerak fabore aski handia egin zion Puiren eta bien arteko harremanari. Mihise zuriz egindako pankartak paratu genituen Alde Zaharrean, baita Landaben eta Sadar aldean ere. Donibane eta Arrotxapea auzoko paretak elkartasun mezuez eta greba orokorrerako deiez estali genituen. Molotov koktelak prestatu genituen. Hainbertze gauza ziren egiteko eta hain ginen guti.

      Negu gorria zen, baina gure harremana berotzen hasi zen, Nafarroan protesta giroa azkartzen joan zen heinean. Lanpeturik ibilki ginen biok —Eatonen greba bultzatzen ni, eta gauza bera egiten unibertsitatean Pui—, sukarturik bezain gastaturik, eta hala ere, elkarrekin suertatzen ginen, halabeharrez, ustez. Elkarrekin ibili ginen Donibaneko dendak hesten eta elkarrekin egin genion postetxeari harrika. Diario de Navarraren egoitzari ere egin genion. Egunkari horren berri ustelek eta iritzi artikulu peste gorrotagarriek arrunt suminduta. Kristalak hautsi genizkion, eta su ematera ere ahalegindu zen baten bat, erreusitu ez bazuen ere. Infernuko sua, betiereko deus guti zen faxista haien krimenak garbitzeko. Horretan denak konforme ginen: txinatarrak, abertzaleak, troskizaleak, are karlistak. Denak akort. Jo eta su. Errukirik gabe. Zirt-zart. Kiskal zaitezte urde gezurti zikin alu horiek. Errauts bilakarazi nahi genituen. Urtetako gezur kriminalen errautsak haizetan, gure gozagarri. Hainbeste errugabe hil zutenen boz harroa, haien bilaukeria beltzen begirale leiala airean goiti leher egiten ikusi nahi genuen, sugarrek lurrundua. Urtarrileko egun haietan, Nafarroa eta bereziki Iruñea erretzen zuen su berak erretzen gintuen gu geu ere.

      Zinez, sutan ginen Pui eta biok, piztuak. Gure ametsetako iraultzarekin batean, gure sentimenduen iraultza gertatzen ari zen. Aise sumatzen ahal genuen. Bien hormonek elkarrekin nahi zuten, elkarrekin behar zuten. Eta elkarrengana bultzatzen gintuzten, grabitatearen indarra baino saihetsezinago. Gogaideak ginen, burkideak, eta ohaideak ere izatea denbora kontua zen. Ohartu baino lehen bikote banaezina osatu genuen. Elkarren itzala ginen. Lehendabizikoz maiteminduak ginen biak. Gure maitasuna, gainera, egiazkoa zen. Gibel asmorik gabea, kalkulurik gabea, botere egarririk gabea. Puik zorarazitako gazte hark, ordea, boterea gorrotatzen zuen. Zernahi botere: estatua, eliza, enpresarien elkargoa, komunikabideak...

      Tokitan da orain hori guztia. Maitasunaren ideia bera ere, erran bezala, irrigarria zait, absurdoa. Edo makurrago: gaiztakeria galanta. Errautsa bezala, haizeak eramaki duen solas hutsalen andana. Bertzea makurrarazteko tresna, hura menperatzeko, hari nagusitzeko erretolika gaiztoa, hitzontzikeria. Hor baitago koska. Bertzearen, zeinahi bertzeren jabea izatea, aldi labur batez bada ere, haren gainetik sentitzea. Egiazki horrek kilikatzen gaitu, bertzea desiratzera eramaten gaitu, pizten gaitu. Baina hori ezin agertu, den bezala. Sobera nahasgarria izanen litzateke, gizalegeak galaraziko luke. Horregatik kalaka hori guztia. Horregatik gorde nahi, mintzo eder baten gibelean. Itxurakeria baizik ez.

      Maite zaitut, erraten diot Gloriari, nahiz eta jakin hark ez duela sinesten eta gainera hainbat inporta zaiola nire ustezko maitasunak. Maite zaitut, erran partez:

      Ken tanga hori, sartu egin nahi dinat eta!

      Zakil hanpatua aluan sartu, ipurtzuloan, ahoan, haren gorputzaren zernahi zirrikitutatik sartu eta pusa. Emazteki harroak amore egin arte, etsi arte, ni aitortu arte bere jaun eta jabe bakar, aitortu arte sortzen diodan plazeraren esklaboa dela, hori gabe ez dela bizitzen ahal, ni gabe xahu dela. Justuki, Gloriak sekula eginen ez lukeena.

      Menekotasun osotik heldu zaio Gloriari gozamena, horri esker ailegatzen da bere libidoa pixka bat epeltzera. Bera baino gazteagoa den gizon bat, sosduna, bera baino are sosdunagoa menturaz, eta nolanahi, bere zakurttoa bezala erabiltzen ahal duena. Zer gehiagoren galde egiten ahal du? Zernahiren galde, Gloria asegaitza baita sortzez. Ezagun du. Keinu bakoitzean, haren gorputz oraino harrigarriki guriaren harroaldi bakoitzean, are zimur bakoitzean. Ez du fitsik debalde ematen. Hori bere burua gutiestea izanen litzateke, bere burua merke-zurrean saltzea, apaltzea, graduz jaistea, galtzea, finean, baina Gloria irabazlea da, hori izan da beti.

      Nerorri ere irabazlea naiz. Nire kontuetan gehiago da sartzen den sosa, ateratzen dena baino. Jadaneko bildu dudanarekin aski nuke hil arte bizi eta bertze bizpahiru bizialdi gehiago egiteko ere. Irabazle petoa. Hala ere, molde diferentekoak gara hura eta ni. Odol kontua izanen da, heziketa kontua. Ni, konparazione baterako, lanaren egitea zer den ongi ikasia naiz gaztetatik, hura ez bezala. Hori garrantzitsua da, nire idurikoz. Biteriri erran nion, Gloriaz ari ginelarik:

      Guk bazekiagu zein den sosaren balioa. Hark ez.

      Beha gelditu zitzaidan, hi haiz ilupa hi, adierazi nahiko balit bezala. Ahoa ireki zuelarik, Gloria laguna diat, erran zuen. Horixe erran zuen, bai, aski nonbait, niri jakinarazi beharreko guztia jakinarazteko. Hitz soilak, baina mehatxu argia, Biteri ezaguturik, nik ezagutzen dudan gisan.

      Laguna? Bai zera. Zernahi izaten ahal ginen, hori izan ezik. Adiskidetasuna bertze zerbait da. Adiskidetasunak elkarrenganako konfiantza behar du, eta Gloria eta bien artean egundaino ez da halakorik egon. Interesak lotzen gaitu gu. Bi lagunen artean egoten ahal den loturarik sendoenetarik bat. Elkarrengana erakartzen gaituen bertzerik ez dugunez, horretan oinarritu dugu gure hala-moduzko harremana. Hari komeni zaio ni bezalako norbait eskura ukaitea eta niri ere bai, iduriz.

      Konfiantza aspaldiko kontua da niretako. Iruñeko egunetara eta, batez ere, Gasteizkoetara eramaki nauena, gaztarora. Horren ondorengo aldia, oraino irauten duena, mesfidantzarena da. Gloriarekikoa nahiz bertze nornahirekikoa. Aferen aldia, bertze molde batez errana. Edo heldutasunarena, nondik behatzen zaion. Nolanahi ere, nire bizitzaren bigarren aldiari dagokiona. Nire irabazle sasoiari.

      Irabazten ikasteko, berriz, galtzen ere ikasi beharra da, bereziki, betiko irabazleen etxe batean, Gloria bezala, sortu ez den nire gisako batek. Galtzen doktoratu nintzen urte haietan. Gasteizen batez ere. Gasteiza joateko, haatik, Iruñetik pasatu behar.

      Greba orokorra deiturik zen. Partidu eta sindikatu gehienak konforme eta, behingoan, atrebitu egin ginen. Ikusgarria zen dei-egileen zerrenda, karriketan, lantegietan, merkatuetan, institutu eta unibertsitatean hedatzen aritu ginen paperetan. Utzi ziguten bide bakarra zen, enpresariek zangopean xehatu nahi gintuzten, irindu, deuseztatu. Dena ordura arte bezala mantendu nahi izateaz gain, egunero oroituko zitzaigun lezio bat nahi ziguten eman. Guk halaber zerbait erakutsi nahi genien, eta, tenk horretan, bakoitzak bere alde egiten zuen, eskura zeukan zernahi baliatuz. Deus guti geneukan, baina anitz ginen eta arrunt haserre. Haiek ere koleran ziren, eta guk baino gehiago zeukaten. Bazeuzkaten sosak. Bazeuzkaten hedabideak: madarikatzen gintuzten irratiak eta egunkariak. Eta polizia zeukaten. Zakur pesteak zinez, hiltzera ere ailegatzen zirenak. Horiek hil zuten Manuel Perez Elexpe gaztea Portugaleten —berrogei urte baino gehiago joan dira—, nafar langileekiko elkartasuna galdegiten zuten eskuorriak ari zelarik partitzen. Guardia zibil batek odol hotzez hildako hura ahantzi ezinik, atxiki egin behar boterearen eraso bortitzari eta, ahal izanez gero, nagusitu. Ordurako pentsaezina zen gibelera egitea. Sobera odol karriketan. Aitzina, hortaz, kosta ahala kosta.

      Garesti ordaintzea gure kalkuluetan zen. Puik eta biak maiz aipatu genuen, eta aski oharturik ginen pasatzen ahal zitzaigunaz. Bagenekien edozein gautan jotzen ahal zutela gure atea. Hori zela-eta, etxe berean gauero ez lo egitera ahalegintzen ginen. Eta edozein soinuk iratzartzen gintuen, nahiz eta nekaturik egon, larrua jo eta gero. Beldurrak iratzartzen gintuen, poliziaren eskuetatik pasatutako burkideek kontatutakoak ikaraturik.

      Beldurra ahalkegarria zitzaigun. Burges ttipia zen guretako, nehola ere ez komunista baten neurrikoa. Leninen biografia leitua genuen, Trotskiren autobiografia, eta nehon ez zen halakorik ageri. Komunista batek gogorra behar zuen izan, balientea, bipila. Tortura jasaten jakin behar zuen, poliziaren galdeei ez adituarena egiten, burkideak ez traditzen. Hondarrean, historiak behartzen zuen lanaren mailan izaten. Eta alimalekoa zen lana. Mendeetako mundu zahar ustela erraustu beharra zen, eta horrek utzitako orubean bertze mundu bat altxatu. Mundu justuago bat, libreago bat, zapalkuntza molderik gabea, berdintasunean oinarritua.

      Paradisua nahi nuen nik ere. Oharkabean izan arren, horixe nahi nuen, orain ederki dakidanez. Artean esperantza nuen, fedea ere banuen, eta jabego pribatuaren sortzezko bekatua ikusten nuen mundu honetako makur guztien iturburu. Gu dena emateko prest ginen, sinesten genuenaren alde etsi gabe borrokatzeko tente. Gu Liga Comunistakoak ginen, troskizaleak, langileen abangoardia. Baginen norbait.

      Lan gogorra zen abangoardia izatea, arriskutsua, kristaua izatea lehenbizian izan omen zen bezala. Haien gisara, gu ere preso eramaten ahal gintuzten, zigortzen, jotzen eta torturatzen. Lehoiei ematea kenduta, zernahi egin ahal ziguten. Kasu egin behar zitzaigun, terrorista gaiztoak ginen. Diario de Navarrak, irratiek, denek errepika bera, orro bera: gobernuak zerbait egin behar du, sobera berant izan baino lehen. Madrilen fite aski aditu zuten: indar handia bildu zuten Iruñera.

      Logroñotik hainbat polizia konpainia ekarri zituzten, Burgostik eta are urrunagotik ere bai. Etorri berriak gazteak ziren, ongi prestatuak, sadiko hutsak.

      Luze gabe ikusi ahal izan genituen lanean. Nonahi eta noiznahi agertzen ziren, gutien espero genuelarik. Sirenak uluka, semaforoei eta debekatu norabideei kasurik ez, espaloira igan eta han zirenei behatu gabe ibili. Talde bat non sortu, jendea non bildu, haiek hara burrunbaka ailegatu. Furgonetatik salto eginez, jo eta su oldartzen zitzaizkigun. Ikaragarriak.

      Gu ere ez izan izutiak eta ikasi genuen, egunak pasatu ahala, geure burua defenditzen: karriketako alde banatako autoak elkarren ondoan bidean paratu eta polizien furgoneten aitzinatzea trabatzera entseatzen ginen. Zaborrak, kautxuzko zirrikak, egur puskak mukurutu eta su ematen genien. Sua eztiki hedatzen ari zen. Lantegiren bat edo batzuk greban zituzten herrien zerrenda bezala: Lesaka, Leitza, Tafalla, Sakana... Herri horien karriketako sua egiazkoa zen, ez sinbolo huts. Su hark dena ahal zuen irentsi, dena ahal zuen kiskali. Nafarroa osoko suhiltzaileak guti izanen ziren laster, gure ustetan.

      Baikorrak ginen. Errepresioa egundaino baino latzagoa zen, baina borroka guretako eredugarriak hazi eder bat utziko zuen lugorri emankor hartan, fruitu jori guriak emanen zituena. Gure azterketaren arabera, bertzalde, lan harremanetan ondorio argia izateaz gain, harreman politikoetan ere izanen zuen ondorio nabarmena, eta Espainiako diktadurarekin finituko ez bazuen ere, zinez lagunduko zuen hura botatzen. Hori gertatuko zen momenturako behar genuen prest izan. Gure urri gorria hurbil zen, libertatea bera. Heldu da, heldu da aldarrikatzera joko genuen karrikara. Bagenekien, ustez guztia genekien, aitzina egin beharreko urrats bakoitza. Bi urrats aitzina eta bat gibelera, Leninek agindu bezala. Iruñeko sobietarekin amets egiten genuen. Geure burua ikusten genuen makina, banku edo auto baten gainean, erne genituen milaka grebalariri mintzo:

      Botere osoa sobietendako, botere osoa zuendako!

      Langileek, ordea, bertze zerbait nahi zuten: jornal hobea, sindikatu legalak gehienez. Hobeki bizi, libertate pixar batekin. Hori nahi zuten Potasas, Super Ser, Imenasa, Laminaciones eta Eatongokoek ere. Esparza zuloan zeudenek, gelditzen ziren hondarrekoek, hoberenek, bertze zerbait nahi zuten, menturaz. ORTkoak ziren gehienak, eta putzu heze hotz, nardagarri zikin hartan egon beharraren martirioa jasaten ari ziren, jendakiengandik, lagunengandik urrun, handik ateratakoan atzemanen zutenaren beldur, eta egun argitsu batekin amets eginez, Maori, lemazain handiari zerion argiaz argitsu. Mundu harmoniatsu, alai, justu batera atera nahi zuten. Hamabortz egunen buruan handik ateratzen lagundu behar izan zituzten, ordea, eri zenbait, eta nekatuak, pott eginak denak. Poliziaren eskuetara zuzenki joateko, preso har zitzaten, fitxa zitzaten, jo eta tortura zitzaten, kartzelara igorri aitzin. Eta, noizbait, handik kanpo, denak esku hutsik, lanik gabe, karrika gorrian, beren bizitzak berregitera bortxatuak.

      Hori Esparza zulokoak, zigortuenak. Bertzeok ere zigortuak izan ginen, bistan da. Nerorri, konparazione baterako, Eatonetik kanporatua izan nintzen, eta poliziarenetik pasatu ez banintzen, gorderik ibili nintzelako izan zen: greba akitu ondorengo asteetan Iruñeko hainbat etxetan izan nintzen, Puirekin eta bertze burkide pare batekin. Denbora pasatzera utzi behar omen genuen, gauzak pixka bat trankildu arte, bederen. Hala erraten zigun partiduak.

      Donibaneko, Arrotxapeako, Txantreako, Etxabakoitzeko, Iturramako etxebizitza ttipietan egon izan ginen, argia piztu gabe, zaratarik atera ezinik. Preso egotearen sentimendua gero eta biziagoa gugan. Egunak finigaitzak zitzaizkigun. Karta jokoan aritzen ginen denbora-pasa, leitzera ahalegintzen ginen, baina erlojuak geldituak ziren. Etsigarria. Beharrik, Pui eta biok elkarrekin ginen. Elkarri kontatzen ahal genizkion gure arrangura eta beldurrak, eta larrua jotzen genuen. Bazen zerbait.

      Bi larruazalen igurtzia osasungarria da beti. Maitasunik gabe ere hala da, Gloriak eta biok ongi dakigunez. Energia sortzen du, hustu egiten gaituen halako indar magnetiko bat, berritu eta, zergatik ez, gaztetu.

      Gaztetasuna garrantzitsua da Gloriarendako. Gaztetasuna eta sosak. Horregatik, bertzeak bertze, haren mesfidantza. Gazteagoa naizenez, fite bertze emazteki batez gutiziatuko naizela uste du. Gizonezko guztiak berdinak zarete, erran dit maiz. Bihar edo etzi bertze zimur bat agertuko zait, eta akabo maitasuna. Nik ezetz, zimurrek edertu egiten dutela, erakargarriago bilakatzen dutela. Hori aditu eta irri iduri hotz bat agertzen zaio eta nirekin haserretzen da.

      Ergeltzat hartzen nauzu!

      Gloriari maite dudala erraten diodan bakoitzean, ardo ozpinduaren gustua paratzen zait ahosabaian, nardagarria zinez, animalia ttipi baten gorpua hortz artean izanen banu bezala. Ahalkegarri sentitzen dut neure burua, zikin. Ergel zozo pilota neure buruarendako, baita Gloriarendako ere. Eta, hauxe harrigarriena, horixe erraten diot behin eta berriz:

      Maite zaitut, maite zaitut.

      Konpultsio bat da, zentzurik gabe errepikatzera behartzen nauen zerbait. Usaia ere izaten ahal da, orain arte balio izan didana, orain ere Gloriarekin balio izanen didala ustekabetan sinetsia, menturaz. Nik dakita? Hala ere, mingaina moztuko nuke halakoetan. Gloriari hala mintzatzea iraingarria ere bada, emazteki aparta baita, eta bertzeekin arrakastatsuak suertatu zitzaizkidan engainamenduek huts eginen didate harekin, segurki logikoa den gisara. Hori errana, ez dut adierazi nahi Gloria iraintzea gaizki iduritzen zaidanik. Kontrakoa, plazer handiz irainduko nuke: Puta, atso ipurtarro alaena, itoko ahal haiz hire sosetan!

      Hura eta bere zakurtto alu zikina ere bai, orain ferekak egiten dizkiodan nardagarri hori bera, Coco, bere jabearen gisa bertsukoa den ile pelota berekoia, Gloriak berarendako bakarrik nahi duen muturrik gabeko izaki ttipi urde hori. Biak irainduko nituzke, biak joko nituzke gogotik, zakurra kasatu arte eta emaztekiari kordea galarazi arte.