Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

14

 

Akabo, bukatzen ari duk, ez zagok segitzerik, aditzen al didak, Mikel, aditzerik ba al daukak, inportantea duk, hirekin bildu behar diat-eta segituan, bazakiat, zerbaitek esaten zidak, kito, honaino ailegatu gaituk, nahikoa duk, hi al haiz hori iragartzen didana, nahi nikek, hire beso sendoak nahi nitizkek, besarkatzen hain ondo dakiten horiek, denborak nire memorian suntsitu ezin izan dituen horiek, ni altxatzeko lurretik, hire besarkada gozoan berpizteko, esnatzeko halako batean, inoiz, nahi baino gutxiagotan, esnatu ginen moduan, ez zagok astirik, egin beharrekoa presaka egin beharra zagok, ezin atzeratu, ezin biharko laga, beti egin dudan moduan, kontuak orain garbitu behar ditiat, hirekikoak batik bat, oraindik aipatu ez ditudanak, aipatzen ausartu ez eta baztertzen ahalegindu naizenak, mingarrienak, lotsagarrienak niretzat, horregatik luzatu nauk hainbeste honaino ailegatzeko, seguru asko, hiri entendiarazteko nire bidea, traizio ankerrera eraman ninduen bide zoritxarreko hau, hiri entendiarazteko eta neure buruari ere bai, misterio iluna da-eta niretzat ere, makina bat buelta eman arren urteetan, azpitik eta goitik begiratu arren, dena alferrikakoa izan duk, hitz eta pitz zentzugabea, berriketa nahasi eta aldrebes hau, ze, egia biluzik azaldu beharra zagok, bere gordinean, jira-bira eta apaindurarik gabe, traizioa, egin daitekeen traiziorik beltzena, egin nian nik, eta, gainera, hori gutxi balitz bezala, horixe berritu diat hogeita hamarka urte geroago, bizitza oso bat geroago, hik ia ezagutu ez huen hire alabarena, hain justu, nahiz eta azken traizio horretarako, lehendabizikorako ez bezala, aitzakiarik izan, ez-jakintasunaren aitzakia, ez nekielako hire alabarekin ari nintzenik, ez zakiat nola ez nintzen konturatu, baina hala gertatu zitzaidaan, agerian zegoena oharkabean pasatu zitzaidaan, itsua izan behar da nabarmena dena ez ikusteko, ez konturatzeko haren musuak eta hireak oso antzekoak zirela, haren besarkada eta hirea, haren beroa eta hirea, baina, drogekin edo drogarik gabe, itsututa nagok, itsututa egon nauk akordatu ahal naizenetik, gaztetatik, lehenagotik ere akaso, amak esaten zidaan, Ezpeleta zaharrak ere bai, habil kontuz, begiak ondo zabalik, eta nik kasurik ez, kontua ez ikustea zuan, inguratzen ninduen kaka piloa ez ikustea, lantegia, herria, eta gauza bera Bitorixan ere, hango sobietaren ahuldadea, langileen hainbat buruzagirena, inork uste baino askoz azkarrago izoztutako amets sukartsu haren berezko makaltasuna, ez aipatzearren heroinak eskainitako paradisuaren goibeltasun hiltzailea, geroago garai diferenteak izan dituk, bolada onak eta txarrak, baina guztietan eutsi zioat ez ikusteko borondate absurdo berberari, heriotzak begiak bortitz ireki zizkidan arte, begira ezak, alu horrek, begira egiok ondo hire bide ziztrinari, hire mundualdi hutsalari, begira, begira, eta horixe egin behar, burua bueltatu eta bide ertzean pilatutako gorpuei kirik egin, horixe baino ez, unetxo bateko kontua, nahikoa hala ere izututa geratzeko, izerdi hotzetan, dardarka hasteko, ez damutzeko, ordea, horretarako ez, zertarako damutu, ez dik ezertarako balio, noizbait balio zezakean, Lete-eta damutu ziren urteetan akaso, baina orain ez, orain demokrazia sendotuta zagok, presoak dituk gaur egun damutzeari etekin zerbait atera diezaioketenak, eta hori ere ez duk batere segurua, espainolak ez direlako inoiz barkaberak izan, ostera, inkisizioa asmatu zitean, juduak kanporatu zitiztean, milaka lagun hil, ahal izan zuten bitartean, mundu osoan, horiengandik ezer gutxi espero litekek, beraz, ezer onik ez, behintzat, horixe erakutsi zigutek mendeetan, hil, torturatu, umildu, mespretxatu egin gaitiztek, ahal izan duten guztia egin ditek gu desagerrarazteko, geure burua gorrotarazteko, eta lana ondo egin dutela aitortu behar, guk aitortu behar gure trakeskeria, gure miopia, gure ezintasuna eta, batez ere, gure zurikeria, gure abilezia harrigarria bizi ez garen munduan bizi garela sinesteko, ipuintxo politak geure buruari kontatzeko, gezur gozoak, artistak gaituk horretan, The New York Timesen agertzen gaituk, nazioarteko gida-liburuetan, onenak gaituk sukaldaritzan, gutxi baina finak, jatorrak, atseginak, maite gaitiztek, gezurra bazirudik ere, hala duk, orain bai, Donostia gustatzen zaiek, hondartzak eta Alde Zaharra, ez huke orain ezagutuko, turistek betetzen dituzten jatetxe eta taberna gastronomikoen erresuma duk gaur egun, gure Joxeren eta haren tankerako beste nagusi batzuen pozerako, aberats berriak dituk, Tokolo berriak, baina drogak mugitu eta saldu ordez pintxoak saltzen ditiztek, eta sariak jasotzen ditiztek, Joxe, esate baterako, urrezko danborrerako izendatu ditek, hiriaren alde egin omen duena eskertzeko, negozio-gizon eredugarria duk, argia, ausarta, nik al dakit, denetarik, hemengo egunkariek eskaini dizkioten artikuluak irakurri behar hituzke, batez ere haren biografia, gurekin ibili zen urteak desagertu, lurrindu egin dituk, Zugarramurdin jaio eta Iruρean ikasi zuela ziotek, ondoren Parisera joan zuan eta han aberastu, baina sorterrira itzuli nahi omen zian, eta, sorterrian, non hobeto Donostian baino, horra, bi hitzetan, egunkariek diotena, Bitorixa, garai bateko Donostia, horiek ez dituk inon ageri, eta gu ere ez, nahiz gu bioi bost axola izan, edozein modutan bitxia duk ikustea zein erraz ahaztu zaion nik burutik kendu ezin dudana, gezurretan ari ote da, bere interes komertzialak zaintzearren edo gurekin egindakoaz lotsatuta, ez zioat inoiz galdetu, eta hark ere ez zidak ezer esan, diskrezioa gustatzen zaiok Joxeri, beti gustatu izan zaiok, troskoekin ikasiko zian akaso, edo Iruρeko seminarioan bestela, negozioetan inportantea duk diskrezioa, gureetan ere hala zuan, baina, noski, lapurreta txikiak egitea eta jatetxe kate oso bat zuzentzea ez duk gauza bera, guri ez zigutek inoiz urrezko danborra emango, zerbait ematekotan, jipoi ederrak emango zizkigutek, muturra apurtuko zigutek, hanka hautsiko, jonki zikin batzuek merezi zutena, azken finean, ez gehiago ez gutxiago, eta hori gintuan, hori izango gaituk beti, heriotzak baino ezin garbitu duen zikinkeria, kaletik atera beharreko zaborra, Gloriak eta Joxek denetarik ditek, inoiz xahutu ahalko dutena baino askoz diru gehiago, eta, hala ere, ezin errenditu, ezin, nire antzera, kimikarik gabe behar bezalako atsedenik hartu, marka ederra droga kontuetan xanpainetik harago sekula joaten ez diren kirolzale horientzat, gimnasiora joaten dituk, korrika egiten ditek, baina ezin lo ondo egiteko beste nekatu, mamuek eragotziko zietek loa, haiekin jardungo dituk, ni hirekin bezala, Joxerenak ez ditiat ezagutzen, baina Gloriaren batzuk, bai, berak kontatuta zakizkiat, senarrak, maitaleak eta halakoak, damutzeko ugari beraz, Joxek ere izango duen antzera, nahiz horrenak nik ezagutu ez, gure Joxe gizon diskretua duk, esan diat, ezkutatzeko asko duelako, seguruena, gorpu asko ohepean, edozein negozio errentagarri bihurtzeko pilatu beharrekoak, horien hitzotsa isilarazte aldera pilulak behar izateko, gorpu horiek ez dira-eta inoiz mutu geratzen, hizketan jarduten ditek etengabe, zor zaharrak behin betiko kitatu nahi ditiztek, dirutan ordaindu ahal direnak eta, batez ere, dirutan ordaindu ezin direnak, denak nahi ditiztek, berehala, azkar, deiadarka eskatzen ditek, eta kimikak baino ezin ditik uxatu, hurrengo gauera arte, mamuak, gorputzik ez duzuenez, ez zaretelako hilgarriak, neu ere laster izango ez naizen moduan, eta hor egoten zarete beti berriketarako gogoz, denboran atzera egiteko prest, ez dakizue-eta zer den beldurra, gorputza galtzearekin batera galdu zenuten, eta edozein haitzulo edo osin ilunetan sartu ahal zarete, zuen sukaldean sartuko bazinete bezala, patxada berberaz, Joxe Iturriko sukaldean sartzen den bezain trankil, denok bere esanetara gaudela seguru, bertako guztia berea delakoan, zartaginak, lapikoak, platerak, kikarak, labanak, den-dena bere diruak erosita, langileok bezalaxe, baina ez pentsa Joxeren kontra ari naizenik, ez horixe, esker ona besterik ez zioat, lana eskaini zidan-eta, jendeak ihes egiten zidanean, eta hori ezin ahaztu, duintasun pixka bat eman zidaan, borrokan segitzeko halako indar pixar bat, behin ere ez zidaan kontu zaharrik aipatu, nire egoeraz baino ez zian galdetu, nire osasunaz, eta hori ere, iragana ez aipatzea alegia, eskertu nioan, neuk ere Joxeren antzera betiko ahaztu nahi nituzkeelako nire bizitzako hogeita hamar urte, gutxienez, zaborretara botako nitizkek, ahal banu, sutara, horien arrastorik txikiena ere ke bihurtu arte, batez ere harritzar bat baino astunagoa den nire damu eramanezin honetatik libratzeko, hil ondoren ere lagunduko didan traizioaren kirats honetatik, hiri, nire lagun-min maiteari egindako traizio bikoitzak eragindakotik nola libratu, ordea, hil-hurren bere arima salbatu eta infernuari iskin egin nahi dion bekatari izutu baten tankeran nabilek, baina hala zaudek gauzak, traizioak nahi gabe, oharkabean kasik gertatu zirela esan nezakek nire alde, baina ez diat esango, alferrik lukek, orain bai, dena itzaltzen ari den honetan bai, joanak joan esan nezakek, birus maltzur baten modukoa duk, hor zagok beti, hesteetan, urdailaren baztertxo ilun batean zelatan, eta, halako batean, atzera azaltzen duk, gu ederki izorratzeko, hutsaren hurrengo garela gogorarazteko, aditzen al didak Mikel, aditzerik ba al daukak, birus horrek hire alabaren itxura hartu zian, ez nian ezagutzen, ez nekian hire alaba zenik ere, kasu egiten zidan neska gazte bat zuan, hori baino ez, atsegina, bizkorra, ausarta, hi, gu gaztetan izan ginen modukoa, Egiako tabernetan ikusten nian, hik eta Joxek hain gustukoa zenuten Bukowski idazlearen omenez bataiatutako taberna batean batez ere, zahar bati adeitasunez, karitatez akaso, kasu egiten zion gazte bihotz oneko bat, jakina, sekula ez nian pentsatuko gure artean ezer gertatuko zenik, burutik ere ez zitzaidaan pasatu, gertatu zuan ordea, gauez ikusten nian beti, Iturri itxi eta gero, eta normala zuan, beraz, biok hala suertatzea, gau hura berezia zuan, San Joanekoa, edozer gertatu ahal den gau bat, eta horixe gertatu, drogak gorabehera, gogoz hartu nitian Oihaneren besarkadak eta musuak, gosez eta egarriz, urteak zirelako baten batek halakorik ematen zidala, txoratu egin ninduan, sinesgaitza zitzaidaan gertatzen ari zena, baina gertatzen ari zuan, eta harrotu egin ninduan, taberna itxi zutenean, auzoan irekita geratzen zen pub bakarrera segitu beharrean gainerakoekin batera, nire etxera joan gintuan, hara eraman nian, gaua elkarrekin bukatzeko asmotan, eta hala izango zuan, baldin eta ohera baino lehenago azken lerroak ipintzera nindoala, koka xehatzeko laga zidan plastikozko txartelean haren izena irakurri izan ez banu, Oihane Salazar Urbieta, hire eta Koro Urbietaren alaba, eta izutu egin ninduan, egitera nindoanaren garrantziaz jabetu ninduan bat-batean, berriz ari ninduan hiri traizioa egiten, bigarrenez, nazka sentitu nian, baina hitz trakets batzuk baino ez zitzaizkidaan bururatu, harentzat baino gehiago hiretzat ziren hitz nahasi ilun batzuk, barkamena eskatu nizuen, mila aldiz, nire errua onartu nizuen, edozein disimulu baztertu, edozein mozorro kendu eta hil-hurren nintzela, ibili zebilen hildako bat nintzela aitortu nizuen, neure burua pixka bat zuritu nahian, egia osoa azaldu nizuen, besterik ezin egin nuelakoan, modu nahasian, baldar, hitzekin batere abila ez izaki, ez behintzat hi edo Joxe bera bezain trebea, seguru asko horregatik jardun nauk atzealdean beti, intendentzia lanetan, horniduran, agerian ez diren kontuetan, aurreneko lerroa ez zuan niretzat, zuentzat baizik, gauzak aztertzen, zehazten, behar bezala azaltzen zenekitenentzat alegia, barkatu esan nezakean soilik, barkatu eta mila aldiz barkatu, esaten ari nintzenak ezertarako balio ez zuela ondo banekien ere, nire erreguak ezin zuelako Oihaneren begietan antzeman nitzakeen malkoak eragotzi, ezin hinduelako berpiztu, erregu patetikoa zuan, mamu patetiko batek eginda, horren jakitun ninduan, baina ezin besterik egin, beranduegi zuan, beranduegi duk beste edozertarako, kaiku baten azken egunak dituk nire oraingo hauek, txotxolo penagarri batenak, egiten ari naizen hau baino ezin diat egin, ez nauk beste ezer egiteko gauza, kalaka honekin jarraitzea duk egin dezakedan guztia, berriketa absurdo honekin tematzea, oraindik zerbait egiterik balego bezala, bizirik banintz bezala, hilda nagok, ordea, hire alabari esan nioan, nigandik urruntzeko, bere adineko baten bat bilatzeko, baina ez diat uste ulertu duenik, Iturrira etortzen jarraitu dik, barra bukatzen den zokoan bakarrik egoten, nitaz mendeku hartzeko akaso, nahi gabe izan arren, eragin diodan mina akordarazteko, zein petrala naizen, horregatik batzuetan, harengana hurbildu eta nahikoa dela, ni zigortu nahi izan badu, lortu duela, mina bueltatu didala, hil hindutenetik egunero sentitu dudana, ez zirelako hire bila joango hire izena eman ez banu, ergela ez beste ni, tximinoa bizkarrera igo eta pentsatzea eragotzi zidaan, behar bezala pentsatzea, egitera nindoanaz benetan jabetzea, baina itotzen ari ninduan eta arnasa hartu nahi nian, kosta lain kosta infernu hartatik irten nahi nian, erraza zuan, nonbait, nire esku zegoan, hartu ezak esaten zidatean, hartu ezak lasai, ona da-eta, onenetarikoa, eta nik begiak ezin urrundu hauts zuri-zuri hartatik, oso gaizki nengoan, gero eta okerrago, izerdi hotzetan, dardarka, neure burua botatzea pentsatu nian, eta barne heze ilun hartan ez zegoen leihoa bilatu nian alferrik, paretaren kontra buruz jotzea ere bai, pare bat saio ere egin nian, baina eskuak lotuta neuzkaan, eta erraz heldu zidatean, pareta jo aurretik, aitzakiak noski, zuritu ezin dena zuritzeko nire beste ahalegin barregarri bat, jonki baten aitzakiak, ze, azkenean, hire izena aipatu nian, nahikoa izan zuan, Mikel Salazar esan eta gutxira infernutik irten eta, bat-batean, zeruan nengoan, ezerk inporta ez zuen toki lasai eta argi gozoko batean, han ez zegoan guardia zibilik, ez zegoan ostiko, muturreko, oihu edo irainik, bakarrik nengoan, baina ez nian aldamenean lagunik behar, ezer ez nian behar, nire betetasuna osoa zuan, ezerk ez zidaan trabarik egiten, ez zakiat zenbat denbora pasatu nuen hala, dakidana duk heroinaren esku amatiarrek abandonatu nindutenean, leku berean jarraitzen nuela, bakarrik, pareko mahaian, nire odolaren arrastoa zuen xiringa ikusi nian, heroinatik geratzen zen apurra, hura hartu nahi izan nuenean, kaka zaharra, eskuak lotuta neuzkala konturatu ninduan, gehiagoz ere konturatzen hasi ninduan, nire traizioaren larriaz batik bat, bakarrik eta eskuburdinak jarrita banengoen, bahitu nindutenak hire bila joan zirelako zuan, argi eta garbi, hik gordetako zaldiaren bila, hire zatiaren bila eta, hala izanez gero, luze gabe egongo zituan bueltan, hi ekarrita gainera, baina, atzera azaldu zirenean, heroina gordetzen zuen hire larruzko zorro handia zekartean, hori baino ez, eta niri kendutakoaren ondoan ipini zitean, Goietxerena baino ez duk falta, baina horrena ere hemen egongo duk laster, harrotu zituan, eta nik orduan, hitaz hain arduratuta egon izan ez banintz, beharbada oker zeudela eta Joxerena betiko galduta zuela pentsatuko nian, hura ez zutela hi eta biok bezain erraz harrapatuko, handik oso urrun egongo zela ordurako, Hego Amerikan edo, horregatik hire izena aipatu, hi traizionatu baino lehen, Joxerena aipatu niean, harekin jai zutelakoan, eta hala ematen zian, harena zen-eta faltan zuten herena, beste biak, gureak alegia, han zitiztean, bistan, lapurtu genuen gehiena, hi, aldiz, ez hengoen, eta hori kezkagarria zuan, non hengoen, non hinduten galdetzekotan egon ninduan, baina ezer galdetu ahal izan baino lehen, preso nindutenek erantzun zidatean, buruan nerabilena jakingo balute bezala, hire lagunak baino zorte hobea izan duk, esan zidatean, baina ahoa itxita eduki behar duk, haren atzetik joan nahi ez baduk, hik ez dakik ezer, ez duk ezer ikusi, nik baietz eta baietz, noski, nahi zuten guztia egingo nuela, ez niola inori gertatutakoaren berri emango, seguru egon zitezkeela, hala gaudek, badakigu-eta hi non topatu, hala zuan, dena zekitean, bazekitean gu jonki alproja batzuk baino ez ginela, ero galantak, bazekitean ikaratuta nindutela, seguru zeudean, bai, horregatik eskuburdinak kendu eta mahaia garbitzera gonbidatu nindutenean, ez zidatean bitan esan beharrik izan, xiringa hartu nian eta akorduan dudan hurrengo gauza zera duk, pinudi batean nagok, lurrean luze-luze eginda, eta euri zirin bat ari duk, traba egin ordez gozo zaidana, hor nagok ba, batere kexurik gabe, gustura, pixkanaka bizkarrean min sor bat nabaritzen hasi naizen arte, eta, horrekin batera, entenditu diat zer gertatu zaidan, zer dela-eta nagoen egoera penagarri horretan, altxatzen saiatu nauk, eta minak ez naik laga, eztena sartu zidak, bizkarretan ez ezik saihetsetan ere bai, zorrotz, arnasa hartu diat, ahal izan dudan sakonen, berriro saiatu baino lehen, tarteka ilargia nabaritu ahal diat pinuen adaburuen artetik, ilargi biribil bat, ia betea, bat, bi eta eup, pinu bati heldu zioat, arbolaren izerdiak eta eskuan neuzkan urratuen odolak isuri likatsu bat osatu ditek, ahal izan dudanean, fraketan garbitu dudana, ulu bat aditu diat, hontzaren batena akaso, edozein modutan erne nagok, hanka mugitzea eta urrats bat aurrera egitea eragozten didan beldur berak ernatuta, eta hor nonbait, pinuditik kanpo edo, nire zain egongo balira, hau dena nire bahitzaileen amarru bat besterik ez balitz, orduan zer, orduan haien eskuetan egongo nindukek, edozein modutan hala nengoan, haien menpe erabat, bazekitean non ibiltzen nintzen, aurrera egin diat, beraz, eta ahal moduan pinuditik irten diat, gau betea duk oraindik, baina laster argituko duela iruditu zaidak, mendi bide batetik noak, beherantz, hala ailegatu nauk noizbait errepide batera, eta han, zuhaitz baten kontra, atseden hartu diat, han ere ez duk ezer aditzen, ez duk autorik pasatzen, ez duk inguruan argirik antzematen, sortaldean hazten ari den gorritasuna duk esperantza zerbait ematen didana, beste egun bat zetorrek, laster dena mugitzen hasiko duk, txoriak kantari eta gizon-emakumeak lanean, kanpaiak adituko dituk, egunerokotasunaren hots ezagunek munduak biraka jarraitzen duela adieraziko zidatek, lasaitu egingo naitek, hori pentsatu diat, baina, motor bat benetan aditutakoan, urduritu egin nauk, lasaitu beharrean, eta zuhaitz handi baten atzean ezkutatzera egin diat, handik lastoz gainezka datorren kamioi koxkor bat ikusi dudan arte, ezkutalekua laga eta errepidera azaldu nauk, nire beso minduak astindu ditiat, kamioiak bere martxa moteldu eta guztiz geratu duk, baserritar itxurako gizon mehar batek gidatzen dik, goitik behera begiratu zidak, mesfidantza begirasunean, nor ote naizen eta zer egiten dudan han, leku urrun bakarti hartan, galdezka ari duk bere artean, nire arropa zikina, aurpegian dauzkadan urratu eta ubelduak ikusita, argi dik nire egoera ezin dela parte onekoa izan, euskaraz agurtu dudanean pixka bat lasaitu dela iruditu zaidak, non ote gauden galdetu zioat aurrena, Gaztelun, hurrengo galdera egin baino lehen nire piura negargarriaz zerbait esan behar diodala pentsatu diat, lapurtu eta lapurrek bertan laga nautela kontatu zioat, ez duk, seguru asko, istorio sinesgarria, baina sinistu ez badu, sinistu duelako itxura egin dik behintzat, Tolosara zoak eta, bai, eramango naik nahi izanez gero, kamioian pentsamenduek hiregana naramatek ezinbestean, hi ere pinudiren batean egongo hintzen akaso, horixe pentsatu nahi nian, sinistu, hala ez bazen, askoz okerrago izan zitekeelako dena, okerrena, pentsaezinena, eta guardia zibiltzat hartu nituen haien hitzak aditzen nitian, hire lagunak baino zorte hobea izan duk, esaldiak mailu baten moduan jotzen nindian, nire egoera baino txarragoa: heriotza, ez zitzaidaan besterik bururatzen, halako batean negarrez hasi ninduan, nire laguntzaileak ez zekian zer egin, beharbada ni hartu izanaz damututa zegoan, Tolosan sartu aurretik, kamioia gelditu zian taberna baten parean, kafe bat edatera gonbidatu nindian, zorionez zotinari eustea lortu nian, eta nire laguntzaileak lasaitu ederra hartu zian, bekokian nabaritu nioan, eskuen mugimenduan, hala ere mutu edan genian kafea, azkar samar, goizeko albisteak irakurtzen ari zen aurkezle baten ahotsa zuan bertan aditu ahal zen bakarra, ETAk egindako azken atentatuaz ari zuan, telebistatik ailegatzen zitzaigun ahotsa baino ozenago aditu ahal izan nian ingurukoek gogoan zerabiltena, ETAkoa ote nintzen, edo ETAk bahitutako baten bat bestela, batera ala bestera, arazo potoloak, horixe erabakiko zitean, begiak gugandik baztertu ezinik, eskerrak hangoak bukatu eta kamioira bueltatu gintuan, eskerrak jada Tolosan, akordu gazi-gozoak zekarzkidan hiri horretan geundean, baserritarrak tren geltokiaren parean laga nindian, Donostiarako trenean, baten batek abandonatutako egunkari bat hartu nian urduri, lehen orrialdean, ez nian ezer topatu, ezta arretaz miatu nituen gainerakoetan ere, poztu ninduan, bazitekean hi ere beste tren batean egotea, etxerako bidean, edo ni izan ninduten barne heze ilunaren antzeko beste batean bestela, libratu aurretik, nirekin berriro bildu aurretik, elkarri traizioa eginda egongo gintuzkek, berdinduta biok, eta azken egunetakoa amesgaizto bat baino ez lukek izango, itsusia baina urruna, oso urruna, edo, hobeto, bazitekean amesgaizto hark biok gehiago elkartzea, gure harremana estutzea, bazitekean amets gozo batek hura ordezkatzea, dena zuan posible goiz hartan, trenak kulunkatuta, etxerantz, ustez hiregana nindoala, hutsetik hasiko gaituk, zerotik, baina moldatuko gaituk, elkarrekin bai, ederki moldatuko gaituk, horixe agintzen nian, herriak pasatzen ikusten nituen bitartean, Anoeta, Villabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Martutene, Loiola eta etxea, baina gure etxea hotz eta hutsik zegoan, hire arrastorik gabe, eta Joxeren arrastorik gabe, hala hobeto, libre ibiliko zuan auskalo non, auskalo zein lurralde oparo urrunetan, hori Joxe, baina hi, non ote hengoen hi, eta nik, zer egin behar ote nuen, dutxan sartu ninduan, arropak aldatu nitian, eta laster kalean ninduan berriz ere, Konstira joan, inor ez han, autobusa hartu eta Amarara ondoren, Tanit itxita zegoan, goizegi ari ninduan, kalez kale ibili ninduan, denbora pasatze aldera, Tangerren kafe bat edan nian, Paseo Berrian ibili ninduan, indarrean zetozen olatuei begira, eta, azkenean, Konstira bueltatu ninduan, ordurako Trumoia irekita zegoan, harritu zuan Rafa ni ikustean, goiztiar habil gaur motel, goiztiar eta bakarrik, hori ez zian esan, baina argi adierazi zidaan haren galderak, non utzi duk adixkidea, denboratxo bat hartu nian erantzun aurretik, isildu behar nuena argi nian, nire kezkaren berri ez emateko arrazoirik ez zegoan, hortaz, horixe eman nioan aditzera, lagun maitearen faltak eragindako atsekabea, herstura, haren albiste zehatzik ez izateak eragindakoa, non zegoen eta nola zegoen ezjakite puta hura, espero zitekeena jaso nian Rafarengandik, animo asko eta arratsalderako zer edo zer lortuko zidalako promesa ere bai, garagardo bat eskaini, eta nire kontu tristeak aditu zitian, gainera, beste bezero batzuk sartu ziren arte, gehienak ezagutzen nitian, eguerdiro agertzen zituan, tragoa hartu eta kanpora, arkupeetara irteten zituan, haxix erretzera, segituan gintuan biok bakarrik, beraz, jarraitu zezakean nire lantuak, jarraitu nezakean Rafari lata puta ematen, baina lotsagarria iruditu zitzaidaan, halako batean, inoren errukia bilatzea, arratsaldean bueltatuko ninduan, iluntzean, eskua patrikan sartu eta nuen dirua zenbatu nian, ezer gutxi, gutxiegi edozein modutan, Rafak inguratu behar zidana ordaintzeko, etxera joan beharko nian, nire ohearen behealdeko zirrikitu batean gordeta nuenak bertan jarraitzen ote zuen begiratzera, baina ez nian batere gogorik, goizean bertan topatu nuen nahaste-borrastea zetorkidaan akordura, dena hankaz gora, arropak, liburuak, paperak, kaseteak edonon eta edonola, etxe osoan barreiatuta, profesionalen lana, nabarmena zuan, hara hurbiltzeko gogorik gabe ere, hara joan ninduan, beste inon baino seguruago egongo nintzelakoan, bazeukatean nahi zutena, zatirik handiena gutxienez, bazekitean nork lapurtu zien, eta, horrenbestez, ez zituan atzera etorriko, ohe azpian zirrikitua bilatu nian eskuineko eskuarekin, papera sentitu nian atzamarren puntan, bost mila pezetako billete more batena, hain justu, dirua topatu izanak dezente hobetu zidaan aldartea, zamarra baten patrikan agertu zitzaidan haxix puskatxoa ahaztu gabe, txirri bat egin eta The Clashen musika adituz erre nian, aurreko egunetan bizitutakoen hausnarrean, hire lagunak baino zorte hobea izan duk, esaldi horrekin talka egiten zian nire edozein pentsamenduk, iraindu, mehatxatu, jipoitu, torturatu egin ninditean, tximinoaren atzaparretan laga ninditean, eta, hala ere, bertan Bilbo, zorionekoa guztiz, nor izango ote zen martirizatu nindutenentzat zoritxarreko, hi, nor bestela, hamaika buelta emanda ere, ez zegoan beste erantzunik, ezin zitekean egon, hobe nian lehenbailehen onartzea, atzera bueltarik ez zuen-eta, hori entenditu, hori neureganatu nuenean, auskalo zergatik, musikaz aldatu behar izan nian, London Calling atera eta, Troskoz akordatuta, Lou Reed bilatzen hasi ninduan, nire inguruko kaosean, kostatu zitzaidaan, baina Coney Island Baby topatu nian noizbait, eta Louren ahotsa aditu nuela, begiak busti zitzaizkidaan bigarrenez egun hartan, requiem bat zuan hura, hire modukoa, Troskoren modukoa, merezi zenutena, hire, gure tragediari zegokiona, nire malkoek derrigortzen zutena, hain zuan triste ahots hura, hain zian munduaren errotiko goibeltasuna agerian uzten, batez ere glory of love kantatzen zuenean, kasetearen azken kantan, malenkoniaren gailurra zuan hura, glory of love, glory of love, maitasunaren loria, horra entenditzen nuen zera bakarra, nahikoa oilo-ipurdia jartzeko, nahikoa hire ondoan egon nahi izateko, glory of love, nahikoa nire galeraren handiaz konturatzeko, hire izena ahoskatu nuenean, aurpegia tapatuta zeramaten haien aurrean, aukeratu behar izan nian, eta, maitasunaren loria aukeratu ordez xiringarena aukeratu nian, edozein jonkik egingo zuena egin nian, azken batean, edo ez, akaso ez, hik ere egingo al huen, zenbat aldiz ez ote diot galdera horri heldu behar izan harrezkero, hik zer egingo ote huen, aditzen al didak, Mikel, aditzerik ba al daukak, nik egin nuena egingo huke edo eutsi egingo hioke, seguru asko eutsi, nik eutsi nion moduan, ahal izan nuen arte, tximino aluak lepora salto egin zidan arte, hiri ere egingo zian, auskalo, beharbada tiroa sindromea sentitu baino lehen jo ziaten, sarritan saiatu nauk hire heriotza imajinatzen, nork jarri zian pistola buruan, sarjentuak jarriko ziala egingo nikek, bere menpekoetako batek hala deitutakoan, izenak debekatuta zeudela haserre akordarazi zionak, aurpegirik gabeko ahots ahaztezin hark, oraindik ere amesgaiztoetan jarduten zaidana, ahots neutro bat, albisteak leitzen dituzten kazetari horietako baten modukoa, galdera bera milioi bat aldiz errepikatzeko gauza den ahots beti bera, hik eta nork gehiago, izenak, eta nik ez zegoela beste inor, ez nuela zaldia beste inorekin banatu nahi, nik antolatu eta egin nuela dena, hik bakarrik, hik eraman hituen pakete guztiak kobazulotik furgonetara, bai zera, tabakoa pisutsua duk, kutxa handiak, eta ezingo huke bakarrik hain azkar egin, eta nik baietz, nekez, baina ahal izan nuela, eta orduan berriz muturrekoak, berriz plastikozko poltsa buruan, berriz itomena eta hiltzeko gogoa, hura behin betiko amaitzeko nahi bizia, eta oihuak, mehatxuak, irainak, Joxe aipatu nuen arte, atsedenaldi bat orduan, eten bat, bakarrik laga ninditean, joan zituan, Joxeren bila noski, baina haserre bueltatu zituan, esku-hutsik, txoriak hegan egin zian nonbait, beraiek ailegatu baino lehenago, zorte txarra, okerrena orduan hasi zuan, tximinoaren lehen haginkadak sentitu nitian, konortea galduko nuela pentsatu nian, besteak, esadak nor gehiago egon zen han, nork lagundu zian, esan dizut, bion artean moldatu ginen, sarjentua mesfidatia zuan ordea, eta profesionala, bazekian bere lana egiten eta ez zidaan konortea galtzen laga, bazekian soka laxatzen, ondoren berriz tenk egiteko, ez zuan nekatzen, denbora kontua zuan, jakitun zuan, niri agortzen ari zitzaidan denbora, hozka ari zitzaidan primate asegaitza presatuta zegoan, hark ez zian atsedenaldirik ametitzen, sarjentua konturatuko zuan noski, udako eguzkitan izozki bat urtzen den moduan ari nintzen-eta haren parean urtzen, nire eskuen dardarak eskuburdinetan eragindako hots metalezko gero eta ozenagoa adituko zian, puntuan zagok, pentsatuko zian, luze gabe beste izen batzuk akaso eroriko zituan, zeridan lerdearen antzera, nire aho puztutik, laxatu eta tenk egin, amuari hozka egindako arrain bati egiten zaion moduan, xiringak mahaiaren gainean segitzen bazuen ere, amu zorrotza jada ari zitzaidaan barrena urratzen, hire izena aurki aipatuko zuan infernu hartan, Mikel Salazar, eta hori izango zuan guztiaren bukaera, edo guztiaren hasiera, nondik begiratzen den, hire izena ez zuan artean agertzen, baina hi hintzen, biharamuneko egunkariaren azalean argazkia ikusi nuenean, berehala ezagutu hindudan, nahiz eta argazkia iluna, kaskarra izan eta hi buruz behera egon, etxe azpiko tabernan ikusi nian, gosaldu bitartean, eta goitik behera leitu nian albistea, hil hinduen tiroa bertatik bertara egin omen ziaten, buruan, eta ziplo erori hintzen, ezer sentitu gabe, non hintzen ez zuan seguru, baina besoetan hituen markek adierazten zutenez, jonki bat hintzen, drogazale bat, zaborra, Tolosaldeko mendi bateko xendra batean botatakoa eta inguruko baserritar batek topatua, nork hil eta utzi zuen han, berriak ez zian hori argitzen, baina drogaren aurka ETAk zeraman kanpaina aipatzen zian, gertakizun ilun bat zirudian, bai, ez ordea, sasoi hartan egunero gertatzen ziren beste asko baino ilunagoa, kontu garbiketa bat izan zitekean, mendeku bat, zor baten kitatzea, hipotesiak ugariak izan zitezkean, hiltzeko moduak eta arrazoiak bezain ugariak, gehiegizko dosi bat sartu, esaterako, eta edozein egunetan hil nintekean neu ere, jonki bat hamaika eratara hil zitekean, batez ere jonki pobre bat, ia eskale bat, Tokolori lapurtutakoa bueltarazi zidatenetik, ahal nuena egiten nian zaldia inguratzeko, eta horretan xahutzen nian lortzen ahal nuen dirua, gutxi beti, sekulan ez beste ezer ordaintzeko lain, hori zela-eta etxetik alde egin behar izan nian hilabete gutxiren ondoren, kale gorrian nengoan eta zoritxarraren estigma neraman larruan tatuatuta, hil zutenaren lagun-mina ninduan, bizirik jarraitzen zuena, horrek susmagarri bihurtzen nindian, hura hil zuena izan nintekean, hura hil ez baina traizioa egin ziona, saldu zuena, edozein izugarrikeria leporatu ahal zidatean, eta horixe egin zitean, hasieran ez adituarena, ez ikusiarena egiten nian, irribarre egin eta aurrera segitzen nian, gor eta itsu ibiliko banintz bezala, bost axola zer zioten, nik neurea eta kito, nire eguneroko dosia eta hor konpon gainerako guztia, hi gabe, berdin zidaan, hi gabe, ezerk ez zian zentzurik, edo, hobeto esanda, hi gabe heroinak baino ez zian zentzurik, hark eskaintzen zizkidan lasaitasuna eta bakea, baina edonon eskuratu ahal zuan, edozein hiri edo herritan, inork ezagutzen ninduenetan ere bai, Bitorixara bueltatu nintekean, edo urrunago, Bartzelonara, esate baterako, Tokolo eta haren lagunengandik ahalik eta urrunen, haren esku luzea iritsiko ez zen nonbaitera, komeni zitzaidaan haiek nitaz ahanztea, erabat, nire izena, nire aurpegia, haientzat mamu bat bihurtzea, itzal baten itzala, horretarako hemendik alde egin behar nian lehenbailehen, mamu batek bezala lekutu behar nian, horregatik Bartzelonarako trena edo autobusa Donostian hartu beharrean, Altsasun hartu nian, herrian ibili eta atzetik inor ez neramala ziurtatu eta gero, banindoaan eta betiko nindoala iruditu zitzaidaan, nolabait nire buruaz beste egitera nindoaan Bartzelonara, hiltzera eta berpiztera, beste bat bihurtzera, nintzen jonkia akabatu nahi nian, hartatik libratu, zaila zuan ordea, aurki konturatu nintzenez, Franηa geltokian bertan, hain justu, hara ailegatu eta segituan nabaritu nuen-eta bertako mugimendua, begirasunak, imintzioak, irribarreak, hitz erdiak, bostekoak, agurrak, horiek denak seinale argiak zituan jonkien hizkuntza ezagutzen zituen edonorentzat, azoka handi bat deskubritu nian han, baina, kantak dioen moduan, hegan egiten dik denborak, egunak pasatzen dituk, gauak niretzat, asteak, hilabeteak, urteak, dena pasatzen duk, uste baino azkarrago, eskuetako atzamarren artetik joaten zaiguk denbora, niri ere hala joan zitzaidaan Bartzelonan, hiriak irentsi egin nindian, haren oparotasunak, orduan behar nuen guztia ematen zidaan, sexua, drogak eta rock&rolla, Troskori hainbeste gustatzen zitzaion Ian Duryren leloak dioen bezala, sarritan kantatzen zian, eta guk barre egiten genioan, akordatuko haiz, hura ere herrena zelako gustatzen zitzaiola esanez, eta hark kantu hura bai, gustukoa zuela, baina beste batzuk ez, inolaz ere, Lou Reeden edozein kantu bezainbeste, eta horretan hirurok ados, Lou bezalakorik inor ez, idolo guztiak txikitu ondoren, geratzen zitzaigun idolo bakarra zuan, horregatik Bartzelonan joko zuela jakindakoan, ezin nuela galdu erabaki nian, Bikinin lan egiten nian orduan, eta nagusiarekin nahiz lankideekin negoziatu nian, kontzertuaren gauean lanera berandu ailegatzeko, estreinako notatik Trosko izan nian akorduan, gizajoa, bizitza justua ez delako froga iruditu zitzaidaan hura han nire aldamenean ez egotea, hura han eta ni haren tokian, Arabako lurraren pean, baita hi ere ez egotea, nahiz eta hire falta nabaritzeko inongo kontzertutara joan beharrik ez izan, oinaze zahar baten modukoa izan haiz-eta niretzat beti, egunero sentitu diat, gero eta zorrotzago, berriz elkartuko garen eguna hurbildu ahala, nire mamutasuna guztiz osatuko den eguna, xelebrea izan nauk bizitza osoan, gaua eta eguna batera, argia eta iluna, txukuntasuna eta zikinkeria, horien guztien nahasketa arraro bat, itxuraz behintzat kontrarioak direnen halako batuketa bitxia, sekula betetzen ez nituen promesak egiten nizkioan neure buruari, nire mundua beste bat zuan, gauekoena, gauez lan egiten nian, gauez bizi ninduan, gau guztiek gau bakar bat osatzen zitean, bertan goxo nindukan gaua, edozein aldaketa etengabe atzerarazten zidana, txukun samar moldatzen ninduan, banian dirua, Borne aldean alokatutako etxebizitza txikitxo bat, eroso mugitzen ninduan gero eta hobeto ezagutzen nuen hirian, gustura nengoan Bartzelonan, eta bertan jarraituko nian, heriotzagatik izan ez balitz, barre egingo duk, ordurako heriotza ederki ezagutzeko makina bat arrazoi banuela pentsatuko duk, eta hala duk, banian, Trosko eta hi, besteak beste, hala ere, urte haietan Bartzelonan, nire inguruan gertatzen ari zena beste zerbait zuan, jendea, banan-banan hiltzetik, samaldaka hiltzera pasatu zuan, ezker-eskuin erortzen zituan nire inguruan, gerra batean egongo banintz bezala, gauez jokatzen zen gerra batean, eta, noski, gauekoak zituan hildako soldadu gehienak, lagunak batzuk, ezagunak asko, heriotza gose zuan eta aseezina, gehiago nahi zian beti, edozein jonkiren antzera, bere aho handi itsusia zabaldu eta ahal zituen guztiak irensten zitian, pazientziarik gabeko Gargantua bat zuan, ehiztari anker bat, eta denok izutu gintuan, zer ote zen hura, zein motatako izurritea, letra handietan baino idatzi ezin zitekeen HERIOTZA hark edozein esperantza eragozten zian, handik trote egin behar nuela hasi ninduan pentsatzen, handik alde egin, nora ote, Donostia zuan niretzat erantzun bakarra, nonbait hiltzekotan, hemen nahiago, lagunengandik gertu, higandik ahalik eta hurbilen, hori pentsatu nian, susmatu ere egin gabe erabaki horrek ekarriko zizkidan buruhausteak, gerora eragingo zidan damu astuna, baina artean ez nian iraganaren indarra ezagutzen, ez nekian horren mamuen berri, ez nekian berriz egin ahal niala traizioa, aditzen al didak, Mikel, aditzerik ba al daukak, ez nekian, dena zekielakoan bizi zen ezjakin galanta ninduan, horixe, eskarmentua banian, eta horrekin nahikoa zela uste nian, mundua ezagutu ondoren etxera bueltatutako seme galdutzat hartzen nian neure burua, azken portura ailegatutako marineltzat, babestoki bat bilatzen nian, Bartzelonako gerratik urrundu eta bakea nahi nian, gelditzen zitzaidana bizitzeko sosegua, nekatuta nengoan, aldatu nahi nian, gaueko lanak ahaztu eta eguneko bihurtu, horretan ahalegindu nauk harrezkero, batez ere Joxerekin topo egin nuenez gero, asko zor zioat, beste aldera pasatu zaiguk, baina nagusi ona duk, nirekin behintzat, lana eskaini zidaan gehien behar nuenean, medikuengana joanarazi nindian, eta ez duk haserretzen ospitalean egoten naizenetan, eutsi egin behar diok, hala esaten dik besoak zabalduz eta ukabilak estutuz, Anoetan egongo bagina bezala, nire partida honek ez dik inongo interesik, ordea, ez dik emoziorik, azken emaitza jakina duk aldez aurretik, heriotzak irabaziko dik ezinbestean, esan egiten zioat, baina hark berean jarraitzen dik, eutsi egin behar diok, bere filosofia duk, luzeen eusten duenak irabazten dik, hala irabazi omen dik berak, asko irabazi dik, lapurtzeko hobeki gorbata, pistola bat baino, hori ere haren filosofiaren beste ale bat duk, abila duk alua, zomorro-zomorro, eutsi eta eutsi, nahi duena lortzen dik, Gloriaren kasuan ere hala izan duk, kostatu zaiok baina eskuratu dik, Gloria bezalako emakume bat eskuratu ahal den heinean, behintzat, ze Gloria praktikoa duk, bazakik zer nahi duen eta nola inguratu, Joxek ere bai, noski, kalamidade hutsa dela eman arren batzuetan, Gloriari mozolo baten moduan begira geratzen zaionetan batik bat, halakoetan ume garaiko Joxe ikusi zezakeat, Iruρeko gozotegi baten parean, amaren eskutik, kristalaz beste aldeko opil eta gozokietan begiak josita, irrikaz gainezka, nik bezalaxe, Gloriak berak ere nik ikusitakoa ikusi zezakek, bere botereaz jabetuta zagok, edozer eskatzea zaukak, Joxek emango diola seguru, bitxi bat, soineko bat, bidaia bat, burutik pasatzen zaion edozer, aitortu egin zidak, gogaikarri samarra da, baina eskuzabala, hala esan zidaan, oso eskuzabala, gehituko nikek nik, nirekin hala izan duk, eta Gloriarekin are eta gehiago, hire alaba agertu arte Joxe izan duk kasu gehien egin didana, nire osasunaz arduratzen duk, pilulak hartu ditudan jakin nahi izaten dik, aspergarria izatera ere ailegatzen duk batzuetan, ondo nagoela erantzuten zioat, noski, medikuak agindutako guztia zintzo betetzen dudala, dena gezurra, alkohola, tabakoa eta drogak debekatu zizkidak, normala denez, baina, boladetan erre eta edan eta esnifatu egiten diat, debekatuta dudan guztia egiteko gogo eutsiezin batek hartu eta horixe egiten diat, drogak gibela ederki izorratuko didala jakitun, edo horrexegatik akaso, berdin ziok, honezkero bai, aste gutxi batzuk gorabehera, akabera hurbil diat, azken portura ari nauk ailegatzen, hiregana ailegatzen, horregatik nire ardaila, hitz eta pitz nahasi eta aldrebes hau, hildakoak ere aspertzeko moduko berriketa zentzugabe hau, gauzak argitu nahi eta dena gehiago zikintzeko baino balio ez duen hitzontzikeria penagarri hau, kaka esplikatzeko ahalegin absurdo hau, zuritu ezin dena zuritzeko, gertatu zena gertatu zuan, kito, ez zagok besterik, traizioa egin nian, bitan, jakinaren gainean aurrena, okerrena, atzera egiterik ez zuena, bigarrena, ordea, oharkabean egin nian, eta jakin behar duk, zer, non, noiz, nola, zeinek, dena, zehaztasun guztiak ezagutu behar dituk, ez zioat kokainari errua botako, ez zuan dotorea izango, baina badakik zer eragina izaten duen, nola harrotzen garen hura odol jarioan dugula, nola edozerk erraza ematen duen, benetan den baino errazago, samurrago, ederrago, hala agertuko ninduan hire alabaren begietarako, irinak ikusarazi ziona ez nintzen-eta ni, beste norbait baizik, berak ikusi nahi zuena, hain justu, eta nik, zer ikusi nahi ote nian neuk, ikusi ezer ez, sentitu egin nahi nian, aspalditik sentitzen ez nuena sentitu, beste gorputz baten beroa, ezpain batzuen laztana, esku arrotz batzuek eragindako kilika, beste batengan desagertzeko irrika, berdin zitzaidaan, patuari, destinoari axola zitzaioan, ordea, eta mundu ziztrin honetako milioika lagunen artetik, hire alaba aukeratu zian, gaiztoz, mina egiteko, bazterrak nahasteko, patuak heriotza dik salgai, ordea, beste ezer ez, horixe pentsatu izan diat hire alabari begira, zeharka begira, barraren muturreko zoko horretan nabaritzen diat, haren begirasuna sentitzen diat bizkarrean, zigor ederra patu txatxu horrek jarri didana, ia egin ez nuen zerbaitengatik, gainera, ez zakiat kokaren eragina izan ote zen, baina izen hura, Oihane Salazar Urbieta, ikusi eta hor laga nian bertan behera dena, hor bukatu zuan, momentu horrexetan, ipuin batean bezala, Gloriak, kontatu nionean esan zidan bezala, gauerdia ailegatu eta akabo sorginkeria, akabo xarma, barkamena eskatu nioan, eta horrekin dena konponduta zegoela sinisteko bezain inozoa izan ninduan, kokak berriz ere, horrek eragindako optimismo neurriz kanpokoa, ze, gau zoritxarreko haren ondoren, nitaz ahaztu beharrean, obsesio bihurtu nintzaioan, eta harrezkero kasik egunero azaldu izan duk Iturrira, berak hainbeste gorrotatzen dituen burges txikien paradisu zarpail honetara, pintxoen Mekara, horri esker aberasten ari zaiguk Joxe, horiei esker, baita bakeari edo dena delako horri esker, ETAk burdinak utzi zituenetik, Alde Zahar hau, gurea izan zena, haien eskuetan zagok, eta Ezker Abertzalekoak, garai bateko jaun eta jabeak, Ikatz kaleko beren ghettoan zokoratuta zaudek, terroristak desagertu dituk, beldurra desagertu, eremu arriskutsu debekatuak desagertu, eta horren atzetik turistak azaldu dituk, bertako batzuk eta espainol asko aurrena, kamerak lepotik zintzilika, terrorismoaren errai goibelak barrutik ezagutzeko irrikatan denak, jonkiak ere aspaldi joanarazi zitiztean, inork ez zitian nahi, itsusi egiten zitean, eta beste nonbaitera joan behar izan zitean, argazkietan, gida-liburuetan agertzen ez diren auzoetara, turisten lasaigarri, terrorismoaren ibilbidea egiten duten espainolentzat, esaterako, Gregorio Ordoρez hemen hil zuten leitzen dutenentzat, pipak jateari laga gabe, Tokoloren akorduan eta omenez ere egongo al da baten bat, hil zuten lekuan, seguru asko, lotsagarria miliek etorri behar izana, hire hiltzaileari mendekua hartzeko, Bartzelonan nengoan hori gertatu zenerako, La Vanguardia zahar bat leituz jakin nian, poztu egin ninduan, hil hinduten modu berean hil zuten-eta hura ere, pistola buruan ipini, tiro egin eta haren burmuinak alde guztietara zabaldu, ez diat uste izugarri poztu nintzenik, dena den, hura eta hari lotutako edozer ahazten urteetan ahalegindu ondoren, aspaldiko mamu bat zuan ordurako niretzat, oso atzean lagatako bizitza baten azken txingarretako bat, inozo ez bestea ni, halako kontuak atzean laga daitezkeela pentsatzea ere, bueltatu egiten dituk beti, bueltatu gure bila, kontu eske, zorretan gaituztela akordaraztera, ez gaituk hitaz ahaztu, adiskidea, ordaindu ezak lehenbailehen, heriotzaren mezulariak dituk, hark bidalitakoak, haren iragarleak, batzuetan horixe iruditzen zaidak hire alaba ere, kontu eske etorri zaidan norbait, hitaz mendekatzera azaldu zaidana, hik bidalita akaso, aditzen al didak, Mikel, aditzerik ba al daukak?