Apustua
Apustu hark ez zuen zentzurik. Edonor jabetuko litzateke horretaz. Baina edonorrik ez zen haien arteko hartuemanean. Euren arteko jolasa zen. Ez zuten inorekin konpartitu. Beraz inork ez zien esan: nori bururatu zaio halako burugabekeria?
Bederatzi urtetan bietako batek “Ez zaitut galdu nahi” esaten zuenean, besteak “Baietz zu aspertu nitaz lehenago” erantzuten zion. Ez dute gogoan bietako nor ausartu zen apustu egiten. Batek bera ezetz esango luke, apustuetarako zera berezirik ez duelako; kontrakoa, izatekotan. Besteak ere ez du ikusten bere burua apustu egiten. Baina adostu zuten apustua galtzen zuenak, alegia, lehendabizi aspertzen zenak ordainduta astebete egingo zutela biek Toscanan. Harrezkero, “Toscana dago jokoan” konplize batez agurtzen ziren, irabazlerik eta galtzailerik ez zela sekula izango sinistuta. Aldentzen zirenetan waxapak, beti Toscana gogoan.
Bietako bat aspertu zen arte. Bakarra. Bere buruari onartzen baino dezentez denbora gehiago behar izan zuen nola esan erabakitzen. Ez zuen bestea mindu nahi, nolanahi esanda ere mina eragingo ziola jakitun. Bestea jabetuta zegoen ez ziola jada “Ez zaitut galdu nahi” esaten, baina ez zion zergatia sekula galdetu, beldur zelako desio ez zuen erantzuna entzun beharko ote zuen. Azkenean, aspertuta ez ezik aspertzeaz ere zeharo aspertuta zegoenak topatu zuen aspertu hitza aipatu gabe aspertuta zegoela adierazteko modua.
— Noiz joan nahi duzu Toscanara? Bidaia nire kontu.
Galtzailea, hegaldi txartelak eskuetan, garaiz iritsi zen aireportura. Gauerdian bidalia zion mezua gogorarazteko: “Hegazkina bihar lauretan. Aireportuan espero zaitut”.
Irabazlea ez zela agertuko ulertu zuenerako Pisan lur hartzen behar zuen hegazkinak.
Minduta etxeratu zen. Hainbeste urte eta gero halakorik bai ez zuela espero. Hitzez hitz bete zuen berak adostutakoa. Galduta ere konplitu egin zuen. Galtzaile ona zen seinale. Halakoetan erakusten du pertsonak ze giza mailatakoa den. Erraza da irabazlearen tokia.