Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Separazioa

 

Inbidia pizteko moduko bikote horietakoa osatzen zuten. Hain artetsua bat, hain buruargia bestea. Hain adeitsuak, langileak, arduratsuak, zentzudunak biak. Hain planta onekoak. Hain ederrak eta zintzoak seme-alabak. Hain jatorrak bizilagunekin, hain diskretuak eta, aldi berean, hain jendartekoak. Hain dena.

      Apartatzekoak zirela zabaldu zenean, eskuak burura eraman zituen batek baino gehiagok. Ez ziren hainbeste aztoratuko iturritik uraren ordez esnea zetorrela entzunda. Handiren bat gertatuko zitzaien apartatu ez ezik dibortzioa ere hain azkar adosteko. Langabeziarena iradoki zuen bakarren batek. Krisi garaiotan, ez da erraza, ea bietakoren bat lanik gabe geratu den, eta horrek dena ondo joan izan zaionari beste mundu bat zabaltzen dio bat-batean, tentsioak, eztabaidak, une zailetan badakizu. Zenbat halako. Baina hauek? Ez da sinistekoa. Ze, albistea konfirmatua zegoen. Ez zen zurrumurrua. Dibortzio paperak sinatzerakoan, kasualitateak zer diren, abokatuaren bulegoan idazkari aritzen zen auzotar batek jarri zien dibortzio akordioaren kopia bana parean. “Neronek. Hau zuk sinatu beharrekoa da, hemen, hemen eta hemen, eta beste hau zuk. Ni lekuko”. Irribarretsu sinatu omen zituzten, gainera, zegozkien orrialde guztiak.

      Eta dibortziatuta ere bikote ohi eredugarria izaten jarraitu zuten. Hain artetsua bat, hain buruargia bestea. Hain adeitsuak, langileak, arduratsuak, zentzudunak biak. Eta hain zibilizatuak.

      Umeek etxe berean jarraitu zuten, eta banandu berriak txandaka geratzen ziren bertan. Zaintzaren ardurarik ez zuena alboko auzoan erosi zuten etxebizitzan geratzen zen. Edozein egunetan ikus zitekeen bat ez bazen bestea umeekin etxeratzen, txanda egokitu edo ez. Elkarrekin joaten ziren sarri umeen partiduetara, beti eskolako bileretara edo ikuskizunetara eta baita noizbehinka egun-pasa ere.

      Albistea bere garaian bezain azkar hedatu zen urte batzuetara zurrumurrua. Senar ohiak emazte ohia salatu zuen Ogasunari iruzur egiteagatik. Deklaratzera deitu zituztenean batek bestea jo omen zuen errudun. Apartatuta zeramatzaten hamar urteetan irabazitakoarekin auto berri bana eta bi etxebizitza erosi omen zituzten, hondartzan bat, mendian bestea. Senar ohiak kontzientzia arazoak aitortu zituen salaketa jartzerakoan. Emazte ohiak senarrari leporatu zion iruzurra. Ez zegoela bera konforme, baina hura ez zapuzteagatik onartu omen zuen banandu eta adin txikiko seme-alaben zamagatik zegozkien laguntzak eskatzeko aukera.

      Auzotarrek ezin zuten ulertu. Lanpostu onak zituzten. Zenbat ordainduko du ba administrazioak halako kasu batean? Orain, gu guztion aurrean gezurretan bizitzeko lotsarik izan ez duenak, ze arazo izango du ba paper batzuetan beste gezurren bat edo beste esateko? Jakitera ze tranpa egin dituzten. Bi etxe! Bi etxe oporretarako, hemen bertan dituzten biez gain. Ze nezesidade, ordea? Beste baten ustez horixe zen benetan bikote eredugarria: elkarrekin negozioa egiteko gai dena. Zer da ba bikote eredugarria, gainontzean?

      Auzotarren miresmen galerak ez du inolako eraginik izan bikote ohiaren egunerokoan. Epaiketa iritsi bitartean badute nahikoa lan waxap jaurtiketan. Nork punteria hobea.

      — Kasketa batengatik dena popatik hartzera bidali duzu! Babua halakoa.

      — Hondartzako etxea ez zen bekadunarekin popatik hartzeko, laztana.