Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Pena

 

Robertok pena eman dizula esateko deitu didazu.

      Onak dira. Merezi izan du haraino joateak. Gustura entzun dituzu. Aurreneko kantutik azkenekora, gainera. Bikotearen emanaldien loturak jaso ditut sakelakoan kontzertuak iraun duen bitartean. Biok aldi berean entzuteko gonbita. Zuk, zuzenean. Bulegotik, nik.

      Zuzenekoa amaitutakoan etorri da deia. Diskoak erosi ondoren. Robertori berari. Hantxe, Patriciarekin grabatuak dituen diskoz betetako kaxez inguratuta. Metro gutxitara behar du Patriciak. Bista inguru hartatik erretiratu gabe eman dizkizu eskerrak diskoak erosteagatik. Automata bat bezala. Zeuk ere Patriciak behar duen aldera begiratuz ona dela esan diozu. “Nire neska da”, esan dizu. Eta zuk ahots partikularra duela, kantaera pertsonala erantsi duzu. “Ikusi besterik ez dago ze isiltasun aretoan hura kantuan hasi denean”. Neska horrek zerbait ukitzen duela eta astintzen, eta jendaurrean nola husten den ikustea hunkigarria dela. “Nire neska da”, errepikatu dizu.

      Ea zergatik ez diren saiatzen diskoetxeren batekin disko-zamaketan ibili beharrean. Bizimodu errazagoa izango lukete. Seguru zaude batek baino gehiagok hartuko lituzkeela euren babespean. Baietz erantzun dizu. “Batek baino gehiagok”. Baina nahiago horrela. Euren kasa. Beti egin izan dute horrela. Diskoak batetik bestera eramatea ez da hainbesteko lana. “Askatasuna garrantzitsua da guretzat”.

      Patricia ez da ikusten Roberto eta biok zaudeten tokitik. Inguratuta jarraitzen du. Minutu batzuk lehenago areto txikian zabaldu duen liluraren oihartzunak biltzen ari da. Lurrean orain. Miresmena ukitzen. Aurrez aurre ditu kantuan konkistatu dituenak. Robertok diskoak saltzen dituen bitartean.

      Saiatu dira, pentsatu duzu. Ez dizu Robertok hitzez hitz halakorik esan, baina ondo dakizu diskoetxe handiek nola jokatzen duten. Honezkero begiz jo dute Patricia. Eta hura nahiko dute. Eta hura nahikoa dute. Patricia bakarrik. Atzera-kargarik gabe. Haren talentua erosteko prest azalduko ziren. Roberto asko dago munduan. Patriciak ere bai, jakina. Baina ez hainbeste. Erraz topatuko diote neurriko Robertoren bat haien eskaintza onartzen duenean. Eta orduan egingo du hegan haren ahotsak. Mundu osora.

      “Nire neska da. Patricia. Elkarrekin gaude. Bion artean egiten ditugu kantuak. Bestela ez du zentzurik”.

      Bakarrik utzi duzu. Elkarrekin egiten dituzten diskoz inguratuta. Bakardadean aske.

      Eta deitu egin didazu. Robertok pena eman dizula esateko. Eta kantuak entzun ote ditudan galdetzeko. Eta ea ze irudipen.

      Behar duzu oraindik nire iritzia, “Bai, oso onak dira, hala iruditu zaizkit, neska aparta, aspaldian entzun dudan ahotsik distiratsuena, kantaera zoragarria eta jendaurreko jarrera zer esanik ez”. Eta ez duzula entzun nahi jakin arren esan egin dizut: bikote orekatua osatzen dute, elkarri nola begiratzen dioten ikusi besterik ez dago. Elkarren beharra dute magia sortzeko.

      Behar nauzu oraindik, Patriciari ukatu ezingo duen eskaintza egiten diozun unean zure jokaera ez dela besteena bezalakoa sinisteko. Zuri Robertok pena eman dizu. Bozgoraz errepikatzeak penari beste estatus bat ematen dio. Benetakoagoa bihurtzen duela uste duzu. Eta oraindik geratzen zaizun kontzientzia apurra lasaitzen laguntzen dizu. Zuk ez dakizu zer etorkizun izango duen Patriciak. Nork daki. Baina Robertori lapurtu egingo diozu izan dezakeena. Momentuz biek elkarrekin izan dezaketena behintzat, nabarmen, eta jakinaren gainean. Eta badakizu, onartuko ez didazun arren.

      Horregatik deitzen didazu oraindik. Gu bion artean eraikitako proiektua utzi eta zeure etorkizuna hobetzeko eskaintza onartu zenuen momentuan —bolada baterako izango da—, mesedez, ez gehiago deitzeko eskatu nizun arren.